59. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

27/2011 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, martxoaren 9ko 24/2011 Ebazpena ezeztatzen duena. Ebazpen horrek maiatzaren 20ko 114/2010 Ebazpenaren 6.3 oinarrian atzemandako akatsa zuzendu zuen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko administrari laguntzaile izateko lanpostuak oposizio bidez betetzeko deialdiaren bigarren ariketako bigarren probaren balorazioari buruzkoa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 20ko 114/2010 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko administrari laguntzaile izateko lanpostuak oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen. Deialdia 2010eko 66. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 31n.

Deialdiaren 6.3 oinarrian akatsa zegoela oharturik (zerbait falta zen eta horrek bigarren ariketako bigarren probaren balorazioari eragiten zion), mekanografia-akats kopuru jakin bat egiten duten izangaien bazterketari buruzkoa, akats hori zuzendu zen Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 9ko 24/2011 Ebazpenaren bidez. Ebazpen hori 2011ko 52. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 16an.

Ebazpen horren bidez, hautapen prozesuan sartu zen mekanografia-proban izangaiak baztertzeko arrazoi bat, deialdiaren oinarrietan hasiera batean aurreikusten ez zena.

2011ko martxoaren 21ean, Nafarroako arartekoak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari jakinarazi zion goian aipatutako 24/2011 Ebazpenari buruzko kexa jasoa zuela eta, horregatik, eskatu zuen dagokion txostena egiteko eta kexan egindako eskaera onartzeko aukera ahalik eta azkarren aztertzeko, horrela proba deialdian onartu eta argitaratutako baldintzetan eta aurreikusitako egunean (2011ko apirilaren 3an) egin dadin, badirelako aintzat hartzeko kontuak: kasuaren inguruabarrak, bigarren ariketa egiteko iragarritako data eta aferak ukitzen dituen hiritar kopuru handia.

Eskaera horren ondorioz, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuak txosten juridikoa eman zuen. Txostenaren arabera, argitaratutako akats zuzenketa egiaz dealdiko oinarrien benetako aldaketa izan zen. Aldaketa hori, berez, izangai guztien kalterako den egintza da. Horregatik, txostenak ondorioztatzen du orain bidezko dela ebazpena eman zuen organo berak ebazpen hori ezeztatzea.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 6ko 30/1992 Legearen 105.1 artikuluak ezartzen du administrazio publikoek noiznahi ezezta ditzaketela kargak ezartzen dituzten egintzak eta bere kontrako egintzak, betiere ezeztapen horrek ez badakar legeak baimentzen ez duen salbuespen edo dispentsarik, edo ez bada berdintasun printzipioaren, interes publikoaren edo ordenamendu juridikoaren kontrakoa.

Horregatik, hautapen prozesuaren segurtasun juridikoaren eta izangaien eskubideen bermearen alde, bidezko da kudeaketako zuzendaritza honen martxoaren 9ko 24/2011 Ebazpena ezeztatzea, eta deialdiko 6.3 oinarriaren jatorrizko testua mantentzea, bigarren ariketako bigarren probaren balorazioari buruzkoa. Testu hori maiatzaren 20ko 114/2010 Ebazpenean dago.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 55.1 artikuluan ezarritakoa aplikatuz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 9ko 24/2011 Ebazpena ezeztatzea. Ebazpen horren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 20ko 114/2010 Ebazpenaren 6.3 oinarrian atzemandako akatsa zuzendu zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko administrari laguntzaile izateko lanpostuak oposizio bidez betetzeko deialdiaren bigarren ariketako bigarren probaren balorazioari buruzkoa.

2. Ebazpen hau epaimahaiko kideei igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta interesdunei ohartaraztea gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Iruñean, 2011ko martxoaren 22an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Eguilaz Gogorza.

Iragarkiaren kodea: F1105268