59. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2E/2011 FORU AGINDUA, otsailaren 21ekoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariak emana, "Irabazi asmorik gabeko erakundeei antzerkiko eta dantzako muntaketa eszenikoak" egiteko emanen zaizkien laguntzen deialdiko oinarri arautzaileak onesten dituena.

Ikusirik Kultur Ekintza Zerbitzuak egindako txostena, non proposatzen baita "Irabazi asmorik gabeko erakundeei antzerkiko eta dantzako muntaketa eszenikoak" egiteko emanen zaizkien diru-laguntzen deialdiko oinarri arautzaileak onestea, 15.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta kontuan harturik hala helburua nola baldintzak betetzen direla, bai eta gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak ere, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "Irabazi asmorik gabeko erakundeei antzerkiko eta dantzako muntaketa eszenikoak" egiteko emanen zaizkien laguntzen deialdia onestea.

2. "Irabazi asmorik gabeko erakundeei antzerkiko eta dantzako muntaketa eszenikoak" egiteko emanen zaizkien laguntzen oinarri arautzaileak onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

15.000,00

G/A20002/4816/334103: Irabazi asmorik gabeko erakundeei muntaketa eszenikoak egiteko emanen zaizkien laguntzak

2011

4. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2011ko otsailaren 21ean.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

IRABAZI ASMORIK GABEKO ERAKUNDEEI ANTZERKIKO ETA DANTZAKO MUNTAKETA ESZENIKOAK EGITEKO EMANEN ZAIZKIEN DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIKO OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Diru-laguntzen xedea eta helburua.

1.1. Diru-laguntzen helburua da 2011. urtean antzerkiko eta dantzako muntaketa eszenikoak egiteko diru-laguntzak ematea.

1.2. Diru-laguntzaren xede diren proiektuak 2011ko azaroaren 28a baino lehen estreinatu behar dira.

2. Aurrekontuko kontu-saila eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

2.1. Diru-laguntza hauek, gehienez ere 15.000 euro, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2011ko gastuen aurrekontuko "Muntaketa eszenikoak egiteko laguntzak irabazi asmorik gabeko erakundeentzat" izeneko kontu-sailaren kargura finantzatuko dira.

2.2. Laguntzaren zenbatekoa proiektuak lortzen duen puntuazioaren araberakoa izanen da, onartzen den aurrekontuaren %70ekoa gehienez ere.

3. Diruz lagun daitekeen gastua.

Diruz laguntzekoa izanen da zuzendaritza eszenikoari, luminotekniaren eta soinuaren diseinuari eta musika konposizioari dagokien gastua soilik.

4. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

4.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako betebehar orokorrak.

4.2. Ondoko hauek lor ditzakete laguntzak:

2010eko urtarrilaren 1erako legez eratuta dauden irabazi asmorik gabeko erakundeak, helbide sozial eta fiskala Nafarroan badute, horretatik kanpo dauden arren menpekoak diren erakunde autonomoak eta Nafarroako 2011ko aurrekontu orokorretan kultur ekintzen esparruko jarduerak egiteko euren izenean kontu-sail bat duten entitateak.

5. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

5.1. Laguntza eskaerak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat eta aipatzen diren agiriak erantsita, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedu Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

5.2. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak identifikazio datuak biltzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko agiriak aurkezten ez badira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio okerra zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkeztu ditzala hamar eguneko epean, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 42. artikuluan ezarritako moduan.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Deialdi eta Laguntza Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.2. Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:

a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria eta, bera izan ezean, Liburutegien Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordekideak: Programa Artistikoen Ataleko goi mailako teknikari bat, Nafarroako Kulturaren Kontseiluko bi kide eta arte eszenikoen arloko aditu bat.

c) Idazkaria: Deialdi eta Laguntza Ataleko burua eta, bera izan ezean, Programa Artistikoen Ataleko burua, hitza eta botoa izanik.

Batzorde horrek eskaerak ebaluatuko ditu, eta haren irizpena lotzailea izanen da. Deialdi eta Laguntza Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

Kultur Ekintza Zerbitzuak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7. Norgehiagokako prozeduraren balorazio irizpideak.

7.1. Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta laguntzaren zenbatekoa zehazteko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

a) Proiektuaren kalitatea, ahalegin berritzailea eta aparteko tekniken edo giza baliabideen aplikazioa (%60).

b) Taldearen ibilbidea eta proiekzioa, bere historian zehar frogatua, eta taldeko kideen prestakuntza eta curriculuma (%20).

c) Aurrekontuen egokitasuna eta errealismoa eta proiektuaren bideragarritasuna (%20).

7.2. Batzordeak, erabakiak hobeki hartu ahal izateko, argibide gehiago eska ditzake, baita eskatzailea bera agertzeko ere.

7.3. Ez dute inolako laguntzarik jasoko puntuazio osoaren %50 lortzen ez dutenek.

8. Laguntza emateko ebazpena.

8.1. Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita sei hilabeteko epean, laguntzak emateko.

Epe horretan ebazpen espresik izaten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

8.2. Diru-laguntza emateko prozeduran ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez (http://www.navarra.es/home_es/servicios/buscador avanzado/) eginen dira. Horretaz gainera, eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eskabidean jartzen duen helbide elektronikoaren bidez.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39, Iruña).

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

Deialdi honi buruzko edozein jakinarazpen Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko da (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.

9. Onuradunen betebeharrak.

9.1. Deialdi honen barnean diruz laguntzen den proiekturako soilik erabiliko da laguntza eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak beteko dira.

9.2. Diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu izan den Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Deialdi eta Laguntza Atalean frogatu beharko da.

9.3. Deialdi eta Laguntza Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

9.4. Programan, kartelean, iragarkietan nahiz edozein motatako publizitatean agerrarazi behar da jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela. Aipamen hori Nafarroako Gobernuko Argitalpen Zerbitzuaren jarraibideen arabera egin beharko da (publicaciones@navarra.es posta elektronikoaren bidez edo http://www.navarra.es/home_es/servicios/ficha/1900/Simbolo oficial del Gobierno de Navarra webgunearen bidez), kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduera bukatu bitartean izanen da agerian.

9.5. Noiznahi ere onartzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Deialdi eta Laguntza Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

9.6. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Deialdi eta Laguntza Atalari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

9.7. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietako oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

9.8. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

10. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

10.1. Deialdian azaldutako laguntzak jaso ditzaketenen eta jardueraren izaera kontuan hartuta, bidezkoa da ordainketak aurrerakin gisa egitea.

10.2. Laguntzak bi epetan ordainduko dira: %25 kontzesioa egiten denean, aurrerakin gisa, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baimena emandakoan, eta beste %75a muntaketaren estreinaldia egin eta Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena emandakoan.

10.3. Bigarren zatia ordaintzeko ezinbestekoa izanen da ondoko frogagiriak aurkeztea 2011ko azaroaren 28a baino lehen:

a) Egindako muntaketa frogatzen duen memoria eta estreinaldiaren DVDa.

b) Erabilitako inprimakien eta publizitatearen kopiak.

c) Zuzendaritza eszenikoari, luminotekniaren eta soinuaren diseinuari eta musika konposizioari dagozkien fakturak, 2010eko azaroaren 1aren ondoren eginak.

d) Onartutako proiektua gauzatzeko izan den gastuaren frogagiriak (jatorrizkoak edo, halakorik ez bada, fotokopia konpultsatuak). Faktura horiek Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 2005/2004 Foru Dekretuari jarraikiz egin beharko dira. Ez da onartuko ez ordainagiririk, ez aurrekonturik eta ez albaranik.

e) Egindako ordainketen bankuko frogagiriak.

10.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu behar da. Halaber, emandako diru-laguntzaren zenbatekora iritsi beharko dute, gutxienez, ordainagiriek.

10.5. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei.

11. Diru-laguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

11.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

11.2. Beste entitate batzuek emandako diru-laguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, onartutako laguntza aldatzen ahalko da, laguntza guztien zenbatekoak diru-laguntzaren xede den jardueraren kostua gainditzen badu.

12. Laguntza itzultzea.

Onuradunak proiektua gauzatu duela behar bezala justifikatzen ez badu, pagatutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik itzultze egunera arte sortutako berandutza interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

13. Arau-hausteak eta zehapenak.

13.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

13.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

14. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

15. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua
(bikoizturik aurkeztu)

Izen-deiturak:

NAN/IFZ:

Helbidea (herria):

Kalea:

P.K.:

Telefonoa:

Helbide elektronikoa:

Bere izenean edo ............. ordezkatuz (behar ez dena ezabatu)

Izen-deiturak:

NAN/IFZ:

Helbidea (herria):

Kalea:

PK:

Telefonoa:

Helbide elektronikoa:

Aurkezten du:

Irabazi asmorik gabeko entitateei 2011n antzerkiko eta dantzako muntaketa eszenikoak egiteko emanen zaizkien laguntzetarako eskabidea, ............... (e)k ............ (e)ko ........ aren ......(e)ko ..../2011 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarriei jarraikiz (2011ko ..... Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ..............aren ....(e)koa).

Norako: Deialdi eta Laguntza Atala.

Eta, oinarri arau-emaileetan ezarritakoarekin bat:

1. Haietan agindu bezala, agiri hauek aurkezten ditu:

a) Legezko eratzearen dokumentazioa.

b) Entitateak aurreko urtean egindako jarduerei buruzko memoria, eta haien lan eta errepertorioaren irizpide orokorrak. Deialdian azaldutako alderdiak egiaztatzeko beharrezkoak diren gutxieneko agiriak aurkeztuko dira.

c) Entitateak 2010ean izandako diru-sarreren eta gastuen zerrenda.

d) Laguntzaren xede den muntaketari buruzko proiektu zehatza, honako hauek barnean direla:

-Obraren testua edo gidoia.

-Izenburua, egilea, eta itzulpen, egokitzapen edo bertsioaren arduraduna, horrelakorik baldin badago, eszenako zuzendaria eta errealizazio artistiko eta teknikoaren taldeko kideak, bakoitzaren historial labur batekin.

-Proiektuaren aurrekontu zehaztua.

-Finantziazio plana.

-Muntaketa estreinatzeko aurreikusi den data, azaroaren 28a baino lehen izan behar duena.

-Saio bakoitzerako aurreikusitako gastua.

-Nafarroan eta Nafarroatik kanpo emanen diren saioetarako ezarriko den ordainsaria.

-Muntaketaren fitxa teknikoa, teknika, espazio, argi eta soinuaren inguruko beharrak zehazten dituena.

2. Aditzera ematen du ez dagoela sarturik Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan.

3. Datuak eguneratzeari dagokionez, aditzera ematen du Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari idatziz jakinaraziko diola, 15 eguneko epean gehienez, adierazpen honetan zehaztutako diru-laguntzetan izaten den edozein aldaketa.

4. Diru-laguntzarako eskaeran azaltzen den ikuskizunari dagokionez adierazten du:

-Ez duela eskuratu edo eskatu beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren, Estatukoen edo nazioartekoen, inolako diru-laguntzarik.

-Beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren, Estatukoen edo nazioartekoen, diru-laguntza hauek eskuratu/eskatu dituela:

ZEIN ENTITATERI ESKATU ZION LAGUNTZA

ESKATUTAKO

DIRU-KOPURUA

DIRU-LAGUNTZAREN EGOERA

(eskatua/emana/ordaindua)

5. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarriko 3. idatz-zatian xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berarekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea Zerga Administrazioko Estatu Agentziak, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak luzatu beharreko ziurtagiriak eskatzeko.

6. Eskabide honekin batera emandako datuen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan gauzatuko dira, aipatutako legeriari jarraikiz betiere.

............................(e)n, 2011ko ........................aren ...........(e)an. (Sinadura)

Izen-deiturak.

NAFARROAKO GOBERNUA. VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEA-KULTURA ETA TURISMO DEPARTAMENTUA.

Iragarkiaren kodea: F1103708