57. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

727/2011 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, enplegua sustatzeko kontrataziorako diru-laguntzak emateko oinarriak ezartzen dituena, Nafarroako Gobernuaren 2011ko ekitaldirako krisiaren aurkako neurrien barnean.

Lan merkatuaren ahultzea, enpleguaren suntsipena eta enpresek lanpostuak sortzeko orduan atzera egitea azkenaldiko krisi ekonomikoaren ondorio kezkagarrienetakoak dira. Nafarroako Gobernuak krisiaren aurkako neurri sorta zabala jarri du abian, Foru Komunitateko ekonomia berpizteko asmoz. Nafarroako Gobernuaren ardura nagusienetako bat, gaurko egoera ikusirik, enpleguari eutsi eta lanpostu berrien sorrera sustatzea da.

Komenigarria da, lan merkatua nola ari den doitzen kontuan izanik, Nafarroako Gobernuak zenbait neurri antolatzea, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bitartez, lanik gabe dauden pertsonen kopurua gehiago hazi ez dadin. Neurri horiek berehalako erantzun gisa antolatu dira, eta behin behinekoak dira.

Deialdi honetan ezarri diren jarduketa ildo nagusiek kontrataziorako eta enpleguaren egonkortasunerako pizgarriak ematea dute helburu, lanpostuen sorkuntza sustatze aldera. Horrez gain, lan merkatuan sartzea zailago duten langabe talde batzuen laneratzea erraztu nahi da.

2009an eta 2010ean, maiatzaren 14ko 1811/2009 Ebazpenaren eta maiatzaren 6ko 1272/2010 Ebazpenaren bidez, hurrenez hurren, enplegua sustatzeko kontrataziorako diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri ziren, krisiaren aurkako Nafarroako Gobernuaren neurrien barnean, eta emaitzak onak izan ziren.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, besteak beste, deialdia eta haren oinarriak ezarri behar dira. Bidezkoa da, beraz, diru-laguntza hauen deialdia onestea 2011rako.

Foru lege horrek xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak 2011ko otsailaren 21eko bilkuran erabaki zuen Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimentzea enplegua sustatzeko kontrataziorako diru-laguntzak ematea, banakako ebaluazioaren araubidea erabilita, Nafarroako Gobernuak krisiaren aurka erabakitako neurrien barnean.

Azaldutakoarekin bat, eta irailaren 13ko 59/2010 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.-Ebazpen honen eranskinean dauden oinarriak onestea, baita deialdia ere, enplegua sustatzeko kontrataziorako diru-laguntzak emateko, 2011ko ekitaldirako Nafarroako Gobernuak krisiaren aurka erabakitako neurrien barnean.

2.-Diru-laguntzak 2011ko gastuen aurrekontuko "Krisiaren aurkako neurriak. Enplegua, enplegagarritasuna eta gizarte-enplegua sustatzeko neurriak" izeneko 881001 84100 4709 241102 kontu-sailaren kargura ordainduko dira (RCSA: 3000). Zenbatekoa 320.000 euro izanen da, aurrekontu-aplikazio horretan dagoen kreditu erabilgarriaren mugara bitarte.

3.-2011rako, aurreko puntuan aipatu kontu-sailean 320.000 euroko kreditu erreserbarako baimena ematea.

4.-Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke haren kontra, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2011ko martxoaren 1ean.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Luis Ruiz Ciruelos.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

1. Oinarri arautzaile hauen xedea da enpleguaren egonkortasuna eta kontratazioa sustatzeko pizgarriak ezartzea, lanik gabe eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietan inskribaturik daudenen lan kontrataziorako diru-laguntzen bidez.

2. Laguntza hauek aplikatuko zaizkie diruz lagundu daitezkeen ekintzei, betiere deialdi hau argitaratzen den egunetik 2011ko azaroaren 30era bitartean egiten badira, edo dagoen kreditu erabilgarria agortu arte.

2. oinarria. Onuradunak.

Enpresak izan daitezke oinarri hauetan ezarritako laguntzen onuradun, era juridikoa edozein dela, betiere Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzietan inskribaturik dauden eta oinarri hauetan ezarritako beharkizun eta baldintzak betetzen dituzten langabeak kontratatzen badituzte.

3. oinarria. Betebeharrak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izateko, enpresek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

b) Arau-hauste oso larrien ondorioz enplegu programen aplikazioaren onuretatik baztertuak ez izatea, Lan Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoari jarraikiz (abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debekuetako batean ere ez egotea.

d) Aldi baterako edo iraupen jakineko kontratuaren bitartez kontratatuko dituzten langileak eskaintza generiko baten bitartez eskatzea, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko kasuan kasuko enplegu agentzian.

4. oinarria. Baztertzeko arrazoiak.

1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak ez zaizkie aplikatuko hauei:

a) Gizarteratzeko eta laneratzeko zentroei.

b) Estatuko Administrazio Orokorrari, Estatuko Administrazioaren antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen III. tituluan eta hamargarren xedapen gehigarrian araututako erakundeei, administrazio autonomikoei eta toki entitateei eta haien erakunde publikoei.

2. Honako hauek ez dira diru-laguntzen xede izanen:

a) Langileen Estatutuari buruzko Legeak (martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako testu bategina) 2. artikuluan aurreikusten dituen lan harreman bereziak eta beste legezko xedapen batzuetan aurreikusitakoak.

b) Sozietate era juridikoa duten entitate edo enpresetako enpresaburuen edo enpresa kontrolatu, zuzendaritzako karguak bete edo administrazio organoetako kide direnen ezkontideei, aurrekoei, ondorengoei eta ezkontza edo odol bidezko bigarren mailara bitarteko beste ahaideei eragiten dieten kontratazioak, eta haiekin egiten direnak.

Baztertze hori ez da aplikatuko enplegatzailea langile autonomoa izan eta besteren konturako langile gisa kontratatzen baditu hogeita hamar urtetik beherako seme-alabak, berarekin bizi direnak zein ez, edo soldatako langilerik ez duen langile autonomoa izan eta berrogeita bost urtetik beherako ahaide bakar bat kontratatzen duenean, beraren etxean eta beraren kargura bizi ez dena.

c) Kontratazioaren aurreko hogeita lau hilabeteetan enpresa, enpresa-talde edo entitate berean kontratu mugagabe baten bidez zerbitzuak eman dituzten langileekin egiten diren kontratazioak, eta langileak aurretik lan-harremanak izan baditu onuren eskatzaileak oinordetzen dituen enpresekin, Langileen Estatutuari buruzko Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) Kontratua egin aurreko hiru hilabeteko epean beste enpresa batean lan-harreman mugagabea amaitu zaien langileen kontratazioak, salbu eta kontratua amaitu izanaren arrazoia bidegabekotzat aitortu edo deklaratutako kaleratze bat denean, edo kaleratze kolektibo bat, edo Langileen Estatutuari buruzko Legearen 52. artikuluko c) letrako kasuan azaltzen diren arrazoi objektiboak.

Baztertze hori ez zaie aplikatuko desgaitasuna izan eta enplegu zentro berezietatik datozen langileei.

3. Diruz lagundu daitekeen kontratua hasi aurreko hamabi hilabeteetan, Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako enpresaren lantokietan, kontratu mugagaberen bat ondotik azaltzen diren arrazoienetako batengatik amaitu duten enpresek ezin izanen dute deialdi honetako diru-laguntzarik jaso: bidegabekotzat aitortu edo deklaratutako kaleratzeagatik, edo kaleratze kolektiboagatik, edo Langileen Estatutuaren 52. artikuluaren c) letrako kasuan azaltzen diren arrazoi objektiboengatik. Zenbat kontratu amaitu diren, hainbat kontratu geratuko dira diru-laguntzarik gabe.

5. oinarria. Laguntzen metaketa, gehieneko zenbatekoa eta bateraezintasuna.

1. Diru-laguntzak, bakarrik zein beste diru-laguntza batzuk gehituta, ez du inoiz gaindituko lansarien kostu osoaren %100.

Hori dela eta, diru-laguntzarako eskabidearekin batera konpromiso hau aurkeztu behar da: diruz laguntzen den kontratuaren indarraldian muga hori inoiz gainditzen bada horren berri emanen dela.

2. Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak izanen dira Hazkundea eta enplegua hobetzeko abenduaren 29ko 43/2006 Legean aurreikusitakoekin, Enplegua mantendu eta sustatzeko eta langabeak babesteko presako neurriei buruzko abenduaren 30eko 27/2009 Legearekin, lan merkatua berritzeko presako neurriei buruzko irailaren 17ko 35/2010 Legearekin, Enplegu egonkorrerako igarobidea eta langabeen lanbide-berprestakuntza sustatzeko presako neurriei buruzko otsailaren 11ko 1/2001 Errege Lege Dekretuarekin eta helburu bereko beste edozeinekin, desgaitasuna duten eta enplegua sustatzeko aldi baterako kontratua egiten zaien pertsonen kasuan izan ezik.

3. Aurreko paragrafoetan esandakoa gorabehera, hemen ezarritako laguntzak bateraezinak dira diruz lagundu daitekeen ekintza bererako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio publiko batzuek ematen dituzten beste edozeinekin.

6. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen kontratuak.

Honako hauek izanen dira diru-laguntzaren xede:

a) Kontratu mugagabeak, aldizkako kontratu finkoak barne.

b) Langileen Estatutuari buruzko Legeak (martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako testu bategina) 15.1 artikuluko a) eta b) letretan ezarritako kontratuak, gutxienez 12 hilabeteko iraupena dutenak (salbuespenez, b) letrako kontratuetan, sektoreko hitzarmen kolektiboak iraupen hori ahalbidetzen ez duenean gutxieneko iraupena hitzarmen horretan ezarritakoa izanen da, eta, betiere, 6 hilabetekoa gutxienez), baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako enpresaren lantokietako plantilla osoa handitzen bada, deialdi hau argitaratu aurreko hilaren azken egunean izandakoaren aldean, eta kontratuak kotizaziopeko langabezia-prestaziorik jasotzen ez duten langabeei egiten bazaizkie.

Plantilla osoa kontatzean ez dira kontuan hartuko bitarte baterako kontratua duten langileak.

c) Desgaitasuna duten pertsonentzako enplegua sustatzeko aldi baterako kontratuak, Hazkundea eta enplegua hobetzeko abenduaren 29ko 43/2006 Legearen lehen xedapen gehigarrian arautzen diren horiek.

7. oinarria. Laguntzak.

1. Honako diru-laguntza hauek emanen dira, betiere lanaldia osoa bada:

-1.800 euro, 6. oinarriko a) letran aurreikusitako kontratu bakoitzeko. Enpresak, langile beragatik, diru-laguntza jaso izan balu maiatzaren 14ko 1811/2009 Ebazpenaren edo maiatzaren 6ko 1272/2010 Ebapenaren babesean, zenbatekoa 1.100 eurokoa izanen da.

-700 euro, 6. oinarriko b) letran aurreikusitako kontratu bakoitzeko.

-1.100 euro, oinarri arautzaile hauen indarraldian kontratuak mugagabe bihurtzen diren kasuetan, betiere dealdi honen ondorioz edo maiatzaren 14ko 1811/2009 Ebazpenaren edo maiatzaren 6ko 1272/2010 Ebazpenaren bidez diruz lagundutako kontratuak badira.

-1.100 euro, 6. oinarriko b) letran aurreikusitako kontratu bakoitzeko.

2. Oinarri honetako goiko idatz-zatiko zenbatekoei (kontratua mugagabe bihurtzen denean izan ezik) 500 euro gehituko zaizkie kontratuko, baldin eta kontratatzen den langabea oinarrizko errentaren hartzailea bada, kotizaziopeko langabezia-prestazioa edo langabeziako sorospena agortu eta gero, edo, bestela, langabezia-sorospenaren eta oinarrizko errenta osagarriaren hartzailea bada. Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren bitartez jaso behar da oinarrizko errenta.

3. Lanaldi partzialeko kontratuetan, betiere lanaldi osoko langile konparagarri baten lanaldiaren %50 irauten badute gutxienez, eta aldizkako kontratu finkoetan, pizgarriak proportzionalki kalkulatuko dira benetako lan denboraren arabera.

8. oinarria. Epea, instrukzioa, tramitazioa eta ebazpena.

1. Eskaerak Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta entitate horren erregistroan aurkeztuko dira, baita Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren edozein bulegotan ere (horien zerrenda ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan jaso zen), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako erregistro eta bulegoetan.

Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Laguntzen Atalak eginen ditu.

2. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, lan-kontratua hasi edo kontratua mugagabe bihurtu eta biharamunetik hasita. Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

3. Deialdi honetako eskabideak eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren atarian eskuratzen ahal dira: www.navarra.es.

4. Eskabideak eredu normalizatuetan aurkeztu behar dira, honako agiri hauekin batera (jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak):

-Entitate eskatzaileak deialdi honetako baldintzak betetzen dituela frogatzeko agiriak.

-Diru-laguntza kobratu aurretik zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatearen egiaztagiria.

-Kasuan kasuko udalak emandako ziurtagiria, enpresa Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda eta horren ordainketan eguneratua dagoela frogatzeko.

-Desgaitasunaren eta oinarrizko errentaren hartzaile izatearen frogagiriak, hala behar denean.

-Aurreko bi zergaldietan eta kontratazioko urteko zergaldian "de minimis" araubidearen babesean eskatutako edo lortutako diru-laguntzak edo laguntzak jasotzen dituen aitorpena.

-Langile bat kontratatzeko diru-laguntzen zenbatekoak lansarien kostu osoa gainditzen baldin badu, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari horren berri emateko konpromisoa.

-Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

5. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurkezten den eskaera behar bezala baloratu eta ebazteko behar dituen argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.

6. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko du diru-laguntza eman edo ukatzea. Ebazpen hori gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaera tramitatzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen denetik hasita. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi egin dela ulertuko da.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntza eskatzeko funtsa den jarduketa egin dela egiaztatu ondoren, diru-laguntza eman eta ordainduko du.

Ebazpenak ez dio administrazio bideari amaiera emanen. Horregatik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

9. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak tramitatzeko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura, berriz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

10. oinarria. Diru-laguntza emateko ebazpenaren aldaketa.

Diru-laguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, edo nazioko edo atzerriko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten diru-laguntzak edo laguntzak batera lortzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

11. oinarria. Onuradunaren betebeharrak.

1. Enpresa onuradunak beharturik egonen dira diruz lagundutako lan kontratuen gutxieneko iraunaldia betetzera. Kontratu mugagabeen kasuan (kontratu mugagabe berriak nahiz mugagabe bilakatuak), gutxieneko iraunaldi hori bi urtekoa izanen da, kontratu mugagabea egin edo hasierako kontratua egiten den egunetik hasita.

2. Diruz lagundutako kontratua duen langileren batek enpresa uzten badu, enpresak haren lekuan beste langile bat jarri beharko du hilabeteko epean, deialdi honetako baldintzak betez, eta horren berri eman beharko dio Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, kontratu berria egiten duenetik hilabete iragan baino lehen. Enpresak ordezkorik jarri ez edo deialdi honetako baldintzak bete gabe ordezkatzen badu, diru-laguntzaren zati bat itzuli beharko du, diruz lagundutako kontratuen iraunaldia betetzeko geratzen zaion denboraren proportzioan.

Langileak enpresa uztearen arrazoia bidegabekotzat aitortu edo deklaratutako kaleratzea bada, eta enpresak diruz lagundutako langile hori ordezkatu ez edo deialdi honetako baldintzak bete gabe ordezkatzen badu, enpresak diru-laguntza osoa itzuli beharko du.

12. oinarria. Diru-laguntzak itzultzea.

1. Diru-laguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoek) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, itzuli behar izatea ekarriko dute, baita berandutza interesak pagatzeko eskatzea ere, diru-laguntza eman zenetik hori itzuli behar dela erabaki bitarte.

2. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VI. tituluan aipatzen diren prozedura administratiboen orotariko xedapenen arabera eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat gauzatuko da.

13. oinarria. Zehapen prozedura.

Itzultzeko espedientea tramitatzearen ondorioz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan sailkatutako arau-hausteren bat atzemanez gero, foru lege horretan ezarriritako prozedurari jarraituko zaio.

14. oinarria. "De minimis" araubidea.

Diru-laguntza hauek "de minimis" araubidearen mende daude, hala ezarrita baitago Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean emandako 1998/2006 EE Erregelamenduan, zeinak zehazten baitu nola aplikatu behar zaizkion Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei.

15. oinarria. Publizitatea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzak argitara emanen ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat eta Europako Batzordearen abenduaren 8ko 1828/2006 EE Erregelamenduaren 7. artikulua eta Nafarroako Foru Komunitateko 2007-2013rako EGEF eta EGIF Programa Eragileen Komunikazio Plana betez.

Onuradunek jarduketak sustatu eta zabaltzeko jarduera guztietan agerrarazi beharko dute Nafarroako Gobernuko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela.

16. oinarria. Araudi osagarria.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusita ez dauden gaietan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko da.

17. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F1104304