54. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

365/2011 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, unibertsitateko zortzi tituludun praktikaldiko lan-kontratuaren bidez kontratatzeko deialdia onesten duena, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan aritzeko.

OINARRIAK

Lehena.-Xedea.

1.1. Deialdia egiten da unibertsitateko zortzi tituludun praktikaldiko lan-kontratuaren bidez kontratatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan aritzeko.

Praktikaldiko zortzi kontratuak unibertsitateko titulazio-taldeen arabera antolatuko dira, honela:

UNIBERTSITATEKO TITULAZIO-TALDEA

PRAKTIKALDIKO KONTRATUEN KOPURUA

1. taldea: Zuzenbideko lizentziadunak

1

2. taldea: Filologia bateko, Hizkuntzalaritzako edo Itzulpengintza eta Interpretaritzako lizentziadunak; ingelesaren C1 jakite maila dutenak, Ingeles Filologiako lizentzia duten izangaiak izan ezik.

1

3. taldea: Psikologiako lizentziadunak

1

4. taldea: Pedagogiako lizentziadunak

2

5. taldea: lizentziadunak, ingeniariak edo arkitektoak.

2

6. taldea: lizentziadunak, ingeniariak edo arkitektoak.

1

Praktikaldiko kontratu horiek egiteko, aldi baterako kontratatuak izateko izangaien sei zerrenda prestatuko dira, praktikaldiko kontratazioaren xedeko unibertsitateko titulazio-talde bakoitzerako bat, deialdi honetako zehaztapenei jarraikiz.

1.2.-Lan-araubidea.

Hautatzen diren izangaiei praktikaldiko kontratua egiten ahalko zaie, ondoko hauetan xedatutakoari jarraikiz: martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluko 1. idatz-zatia (dekretu horren bidez onetsi zen Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina), martxoaren 27ko 488/1998 Errege Dekretua (horren bidez, Langileen Estatutuaren 11. artikulua garatu zen, prestakuntzarako kontratuen arloan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren mendeko erakunde autonomoen zerbitzuko lan-kontratatuen Enpresaz gaindiko Hitzarmen Kolektiboan adierazitako baldintza ekonomikoak eta lanekoak, eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko praktiketako programa sortu zuen azaroaren 17ko 679/2003 Foru Dekretuan ezarritakoa.

Ordainsariei dagokienez, hitzarmen horretan ezartzen dena baino %25 gutxiago jasoko dute.

Kontratatzen direnei alta emanen zaie Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean eta hartan afiliatuko dira; beraz, haien kontura izanen dira dagozkien kuotak, baita PFEZren atxikipena ere.

Gainerako lan-baldintzak formalizatzen diren kontratuetan zehaztuko dira, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lan-kontratatuentzat lehen aipaturiko hitzarmen kolektiboan erabakitakoari jarraikiz.

1.3. Praktiketako programaren iraupena.

Praktiketako programa teoriko-praktikoa izanen da eta bi urteko iraupena izanen du, nahiz eta beharrezkoa izanen den urtero eginen den ebaluazioa gainditzea prestakuntzako bigarren urtea egin ahal izateko, ebaluazio horrek bermatuko baitu ezagutzak eskuratu direla eta programa aprobetxatu dela, azaroaren 17ko 679/2003 Foru Dekretuaren 5. artikuluan ageri den moduan.

Bigarrena.-Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Betebehar orokorrak.

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko estatu kide batekoa edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

e) Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko, eta orobat deialdi honetan eskatzen den tituluaren homologazioa edo balioespen agiria.

2.1.2. Praktikaldiko kontraturako berariazko betebeharrak.

a) Titulazio-talde bakoitzerako eskatzen den unibertsitateko titulua izatea, hots:

1. taldea: Zuzenbideko lizentziadunak.

2. taldea: Filologia bateko, Hizkuntzalaritzako edo Itzulpengintza eta Interpretaritzako lizentziadunak; ingelesaren C1 jakite maila dutenak, Ingeles Filologiako lizentzia duten izangaiak izan ezik.

3. taldea: Psikologiako lizentziadunak.

4. taldea: Pedagogiako lizentziadunak.

5. taldea: lizentziadunak, ingeniariak edo arkitektoak.

6. taldea: lizentziadunak, ingeniariak edo arkitektoak.

b) Kasuan kasuko titulua lortzeko ikasketak praktikaldiko kontratua sinatu aurreko bost urteko epearen barrenean bukatuak izatea, alde batera utzita soldadutzan edo ordezko zerbitzu sozialean emandako denbora.

Desgaitasuna duten izangaien kasuan, aurreko lerroaldean aurreikusitako epea zazpi urtekoa izanen da.

c) Titulazio berari esker Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo beste entitate publiko edo pribatu batekin bi urtetik gorako praktikaldiko kontraturik sinatu ez izana.

2.2. Deialdi honetako 2.1 oinarrian adierazitako baldintza guztiak, 2.1.2 idatz-zatiko c) letrakoa izan ezik, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta izangaiek hautapen prozesuak iraun bitarte bete beharko dituzte, kontratua sinatu arte.

Oinarri honetako 2.1.2 idatz-zatiko a) eta b) letretan ageri diren baldintzen egiaztagiriak eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira. 2.1.1 oinarriko betebeharren egiaztagiriak hautatzen diren izangaiek aurkeztu beharko dituzte, adierazten zaien egunean, kontratua sinatu baino lehen betiere.

Oinarri honetako 2.1.2 idatz-zatiko c) letran adierazitako baldintza frogatzearren, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak, kontratu bakoitza egin aurretik, haren gaineko ziurtagiria eskatuko dio Nafarroako Enplegu Zerbitzuari.

Hirugarrena.-Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna balioduna ez bada, hurrengo egun baliodunean amaituko da epea.

Laugarrena.-Eskabideak.

4.1. Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña), edo Nafarroako Gobernuko Erregistroko beste edozein bulegotan (zerrenda 2011ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 9an) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

4.2. Eskabideak I. eranskineko ereduarekin bat etorriko dira. Eredu hori Nafarroako Gobernuko Erregistroko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko Aldizkari Ofizialetik abiatuta, bai Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi behar dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Izangaiek titulazio-talde bakar baterako eskabidea aurkez dezakete. Hortaz, deialdi honetako bigarren oinarrian azaltzen diren taldeetatik zein aukeratzen duten adierazi beharko dute. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Deialdi honetako bigarren oinarriko 2.1.2 idatz-zatiko a) letran eskatzen den tituluaren fotokopia, hautatzen den titulazio-taldeari dagokiona, edo bestela, titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Aipatu tituluari dagozkion ikasketak noiz bukatu ziren adierazten duen ziurtagiri edo ikasketa agiria (jatorrizko agiria edo kopia).

c) Izangaiaren nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo, bestela, izangaiaren nortasuna eta nazionalitatea eta, kasua bada, deialdiko 2.1.1 oinarriko a) letran eskatzen diren nazionalitate eta ahaidetasun baldintzak egiaztatzen dituen agiriaren fotokopia.

4.3. Desgaitasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, hala direla frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4.4. Izangai bat titulazio-talde batean onartzeak ez du bermatuko eskatutako titulazio-taldeetan aurkeztu ahal izatea, horretarako ezarriko den hautapen prozesuaren antolaketa dela eta.

Bosgarrena.-Izangaiak onartzea.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak jendaurrean jarriko du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, titulazio-taldeka antolatua, Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian (www.navarra.es, "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa") eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña), eta, zerrendekin batera, deialdi honetan aurreikusitako lehenbiziko hautaprobaren bi ariketak egiteko ordua, eguna eta tokia. Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko da izangai onartuen behin betiko zerrenda.

Egun horretatik aurrera, eta hurrengo bost egun balioduneko epearen barnean, izangaiek aukera izanen dute erreklamazioak aurkeztu eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Erreklamazioak aurkezteko epea igarota, eta horiek ebatzita, jendaurrean jarriko dira, kasua bada, onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendak, titulazio-taldeka antolatuak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian (www.navarra.es, "Zerbitzuak", "Enplegu publikoa") eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña).

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek, kontratatuak izateko deia jasotzen dutenean, aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan, eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.3. Onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Seigarrena.-Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Izangaiak ondoko kide hauek osatuko duten epaimahai batek hautatuko ditu:

Mahaiburua: Tomás Rodríguez Garraza, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko idazkari nagusi eta Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko mahaiburua: Alvaro Martínez Fernández, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Garapen eta Hobekuntza Ataleko burua.

Mahaikidea: Carmen Moneo Vilda, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Politika eta Zerbitzu Publikoen Kalitatearen Zerbitzuko Giza Baliabideen Ebaluazio eta Garapenerako Ataleko burua.

Ordezko mahaikidea: Margarita Leoz Munilla, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuko goi mailako teknikaria.

Mahaikidea: Jesús Barcia Lareu, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Nafarroako Segurtasun Eskolako zuzendaria.

Ordezko mahaikidea: Estrella Lamadrid Morón, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Kudeaketa eta Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Langileen Batzordean ordezkaturik dauden sindikatuek izendatu beharrekoa.

Ordezko mahaikidea: langileen ordezkari bat, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Langileen Batzordean ordezkaturik dauden sindikatuek izendatu beharrekoa.

Mahaikide idazkaria: César Valencia Guembe, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari atxikitako administrazio publikoko teknikaria, arlo juridikokoa.

Ordezko mahaikide idazkaria: Virginia Marín Fernández, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Lan Publikoaren Eskaintza Kudeatzeko Ataleko burua.

6.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

Zazpigarrena.-Hautapen prozesua nola eginen den eta balorazioa.

7.1. Hautapen prozesua 2011ko ekainean hasiko da. Onartu eta baztertutako izangaien zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko dira lehen ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua.

7.2. Hautapen prozesuak ondoko ariketa hauek izanen ditu:

Lehen ariketa. Deialdi honetako II. eranskinaren I. atalean titulazio-talde guztietarako azaltzen diren 5 gaiei buruzko 20 galdera erantzun beharko dira. Galderak aukera anitzekoak izanen dira, erantzun zuzena bakarra izanik.

Lehen ariketa hau 0tik 10 puntura bitarte baloratuko da. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira. Ariketa hau ez da baztergarria izanen.

Bigarren ariketa. Erantzun laburreko galderei erantzunen zaie. Horiek deialdi honetako II. eranskinaren 2. atalean titulazio-talde bakoitzerako jasotako 15 gaien edukiari buruzkoak izanen dira.

Bigarren ariketa hau 0tik 60 puntura bitarte baloratuko da.

Bazterturik geldituko dira kalifikaziorik altuena lortzen duen izangaiaren puntuazioaren erdira gutxienez iristen ez diren izangaiak. Hori hala izanik ere, ariketa gainditutzat jotzeko, deialdiaren oinarrietan ariketarako ezarritako gehieneko puntuazioaren 1/3 atera beharko da gutxienez.

Hirugarren ariketa. Proba psikoteknikoa. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Atalak eginen du eta haren emaitzak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Hirugarren ariketa hau 0tik 30 puntura bitarte baloratuko da. Bazterturik geldituko dira ariketari esleitutako gehieneko puntuazioaren erdira, hau da, 15 puntura, iristen ez diren izangaiak.

Bigarren ariketa plika sistemaren bidez eginen da.

Ariketa bakoitzaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko du hori hasi aurretik.

7.3. Probarako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek nortasun agiri nazionala edo, bestela, izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren bat aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

Probaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, hura gainditzen duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin.

7.4. Hautaprobetan, denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak ezarriko dira, desgaitasuna izanik beren eskabidean halaxe eskatzen dutenentzat.

Zortzigarrena.-Gainditzen dutenen zerrenda.

Hautapena amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian (www.navarra.es, "Zerbitzuak", "Enplegu publikoa") eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, izangai gaindituen zerrendak -titulazio-taldeka eta guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatuak-, egon daitezkeen berdinketak ebatzi ondoren, eta Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dizkio onets ditzan, bai eta hautapen prozesuko espediente osoa ere.

Titulazio-talde bakoitzari dagokion zerrendan berdinketarik gertatuz gero, probak zein ordenatan egin diren, ordena horretan ateratako lehenengo puntuazio altuena lehenetsiko da. Berdinketak jarraituz gero, zozketa bidez erabakiko da. Zozketa epaimahaiak eginen du eta ukitutako izangaiei bertan agertzeko deia eginen zaie.

Bederatzigarrena.-Praktikaldiko kontratuetarako izangaien zerrendak.

9.1. Epaimahaiaren espedientea jaso ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, aldi baterako kontratatuak izateko izangaien sei zerrenda prestatuko dira, praktikaldiko kontratazioaren xedeko unibertsitateko titulazio-talde bakoitzerako bat, deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz.

9.2. Izangaiei deitzea eta, kasua bada, praktikaldiko kontratazioa, deialdi honetan titulazio-talde bakoitzerako iragarritako gehieneko kontratu kopurua errespetatuz eginen da, ondokoei jarraikiz: deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua eta aplikatu beharreko gainerako arauak.

Kontraturen bat aurreikusitako eguna baino lehen bukatzen bada, titulazio-talde bereko zerrendan dagoen hurrengo izangaia kontratatzen ahalko da programa bukatu arte, betiere kontratu berria sei hilabetekoa edo luzeagoa baldin bada. Nolanahi ere, sinatzen diren kontratuen iraupena ez da programa bukatu arte falta den denbora baino luzeagoa izanen.

9.3. Praktikaldiko aldi baterako kontrataziorako dei egiteko, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, 3. atalean, ezarritakoa. Horren bidez Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen dira.

Hamargarrena.-Jarraipenerako Batzorde Teknikoa.

Azaroaren 17ko 679/2003 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Jarraipenerako Batzorde Teknikoa eratuko da, aipatu artikuluan emandako eginkizunez arduratzeko. Ondorio horretarako, Jarraipenerako Batzorde Teknikoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Praktiketako Programan jardun nahi duten eskatzaileak hautatzeko prozeduran parte hartzea.

b) Programen jarraipena eta ebaluazioa egitea.

c) Ikerketa proiektuak ebaluatzea.

d) Programak betetzen direla ziurtatzea.

Halaber, Jarraipenerako Batzorde Teknikoak, aipatu foru dekretuaren 6. artikuluari jarraikiz, praktikaldian dauden unibertsitateko tituludunen lana gainbegiratuko duten hezitzaile-tutoreak izendatuko ditu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile finkoen artetik hautatuta. Hezitzaile-tutore horiek berrogei ordu emanen dituzte urtean prestakuntza lanetan.

Hamaikagarrena.-Gaitasun diploma.

Azaroaren 17ko 679/2003 Foru Dekretuaren 7. artikuluari jarraikiz, praktikaldian dauden unibertsitateko tituludunek, urteko ebaluazio guztiak gainditzen badituzte, gaitasun diploma jasoko dute, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren eskutik.

Hamabigarrena.-Errekurtsoak.

Epaimahaiaren egintza eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdien, oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, salbu epaimahaiak emanak badira, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Iruñean, 2011ko otsailaren 14an.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Eskabidea, ..................................................................... lanpostuan aldi baterako kontratatua izateko deialdian parte hartzeko. Deialdia .............(e)ko .......... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ........................aren .................(e)an.

1) Datu pertsonalak

Izen-deiturak:

NAN zenbakia:

Nazionalitatea:

Jaioteguna:

Helbidea:

Herria:

Probintzia:

Posta-kodea:

Telefonoak (3 gehienez):

2) Desgaitasuna frogatzea. (bidezko denean bakarrik).

[ ] Desgaitasuna dut eta eskabidearekin batera horren frogagiria aurkezten dut.

[ ] Desgaitasuna dut eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (Beste orri batean, minusbalioaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

3) Euskarazko lanpostuak. (deialdian hala adierazten denean soilik).

Euskaraz jakin beharra duten lanpostuetarako aukera ere baliatu nahi dut, eta horretarako zera adierazten dut:

[ ] Badudala Euskarazko Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulua (2. eta 3. jakite maila).

[ ] Hizkuntza eskola ofizial batean euskarazko laugarren kurtsoa edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan bederatzi "urrats" gainditu ditudala (1. jakite maila).

[ ] Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen dudala.

4) Halaber, honako hau adierazten dut:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eta indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez naizela izan desgaitua, ez eta gabetua ere, eginkizun publikoak betetzeko.

Baditudala deialdian eskatzen diren tituluak eta bertako baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Iruñean, .................(e)ko ..........aren ..........(e)an.
(Sinadura)

II. ERANSKINA

Gai zerrendak

Lehenengo atala: Titulazio-talde guztietarako gaiak

1.-Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa.

2.-Foru erakundeak: Kontzeptua eta eginkizunak: Nafarroako Parlamentua edo Gorteak, Comptos Ganbera, Nafarroako Kontseilua eta Nafarroako Arartekoa.

3.-14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa.

4.-15/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzkoa.

5.-Nafarroako toki entitateak: motak. Antolaketa eta funtzionamendua.

Bigarren atala: titulazio-talde bakoitzerako berariazko gai zerrendak

1. taldea: Zuzenbideko lizentziadunak.

1.-Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak. Botere Judiziala. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2.-Europar Batasuna: Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europako Batzordea. Kontseilua (ministroena). Justizia Auzitegia. Beste erakunde batzuk.

3.-Europar Batasuneko ordenamendu juridikoaren iturriak: sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.

4.-Zuzenbide Publikoaren iturriak: legeak eta lege motak. Lege-dekretuak. Legegintzako foru dekretua. Nazioarteko itunak.

5.-Administrazio Zuzenbidearen iturriak: erregelamendua eta erregelamendu-ahalmena. Erregelamendu motak. Erregelamendu-ahalmenaren mugak eta haren kontrola.

6.-Administrazio-egintza: kontzeptua, motak eta elementuak. Administrazio-egintzen baldintzak, eraginkortasuna, deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

7.-Administrazio prozedura erkidea: kontzeptua eta izaera. Hasiera, antolamendua, instrukzioa eta bukaera. Administrazio-errekurtsoak: printzipio orokorrak eta motak.

8.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (I): langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea.

9.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (II): administrazio-karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak.

10.-Nafarroako Ogasun Publikoa: Nafarroako Ogasun Publikoaren eskubide eta betebeharrak. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; gastuen sailkapen ekonomikoa; gauzatzea eta likidazioa.

11.-Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea. Aplikazio eremua. Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuei buruzko orotariko eta guztiendako arauak. Kontratazio organoak. Kontratuak esleitu, betearazi eta berrikusteko arau orokorrak. Kontratu motak eta haien definizioak.

12.-11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Diru-laguntzei buruzkoa: xedapen orokorrak eta laguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak.

13.-11/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzekoa.

14.-21/2005 Foru Legea, abenduaren 29koa, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzkoa.

15.-Datu pertsonalak babesteko Lege Organikoa: datuak babesteko printzipioak, pertsonen eskubideak.

2. taldea: Filologia bateko, Hizkuntzalaritzako edo Itzulpengintza eta Interpretaritzako lizentziadunak; ingelesaren C1 jakite maila dutenak, Ingeles Filologiako lizentzia duten izangaiak izan ezik.

1.-Hizkuntza eta komunikazioa. Hizkuntzaren funtzioak. Komunikazio-gaitasuna eta haren osagaiak.

2.-Hizkuntzalaritza orokorra eta haren xedea. Giza hizkuntzaren ezaugarriak.

3.-Soziolinguistika: bilakaera eta kontzeptu nagusiak. Bariazioa, erregistroa, eremua eta aniztasuna. Hizkuntzaren eta kulturaren arteko erlazioa.

4.-Komunikazio egoeraren elementuak. Esanahiaren negoziazioa.

5.-Ahozko hizkuntza. Ahozko komunikazioaren egoerak, elementuak, arauak eta berezko estrategiak.

6.-Hizkuntza idatzia. Testu idatziak prestatzeko egoerak, egitura, elementuak eta arauak.

7.-Diskurtsoaren azterketa. Kohesioa eta koherentzia: lokailuak eta testua antolatzeko markak. Anafora eta katafora. Deixia. Erreferenteak.

8.-Lexikoa. Hitzen egitura eta hitzak osatzeko bideak. Maileguak. Frekuentzia eta erabilgarritasuna.

9.-Hitza, hizkuntza-zeinu gisa. Homonimia. Sinonimia. Antonimia. Polisemia. Sasiadiskideak. Lexiko sorkuntza.

10.-Hizkuntza-komunitateak: ingeles hiztunak, frantses hiztunak, aleman hiztunak, euskal hiztunak.

11.-Hizkuntzen didaktikaren bilakaera. Atzerriko hizkuntzen didaktikari buruz gaur egun dauden joerak. Ikuspegi komunikatiboak.

12.-Atzerriko hizkuntza baten ikaskuntzari eta jabetzeari buruzko teoria orokorrak. Tarteko hizkuntzaren kontzeptua. Akatsaren tratamendua.

13.-Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratua. Erreferentzia mailak eta gaitasun motak.

14.-Hizkuntzen ikaskuntzarako eta erabilerarako estrategiak. Zereginen bidezko ikaskuntza.

15.-Ebaluazioa eta egiaztapena. Kontzeptua eta tipologia.

3. taldea: Psikologiako lizentziadunak.

1.-Teoria eta eredu psikologikoak: Estrukturalismoa. Funtzionalismoa. Psikoanalisia. Konduktismoa. Kognistibismoa. Psikologia humanista. Konstruktibismoa.

2.-Oinarrizko prozesu psikologikoak: pentsamendua. Arreta. Emozioak. Hizkuntza. Memoria. Hautematea. Baldintzapena. Motibazioa.

3.-Ikerketa prozesua eta metodoak psikologian: ikerketa prozesuaren faseak. Ikerketaren baliagarritasuna, barnekoa, kanpokoa, konstruktuarena. Aldagaiak. Kontrol esperimentala. Metodo esperimentala. Kontrol esperimentala. Behaketa bidezko metodologia. Inkesta bidezko metodologia. Metodologia kuasi-esperimentala.

4.-Item-analisiak eta zentrorako joeraren neurriak: zailtasuna. Diskriminazioa. Distraigarrien analisia. Itemen funtzionamendu diferentziala. Batez bestekoa. Mediana. Moda. Zentrorako joeraren neurrien erabilera.

5.-Aldakortasunaren neurriak: bariantza. Desbiderapen tipikoa. Aldakortasunaren beste neurri batzuk. Aldakortasunaren adierazpen grafikoa.

6.-Erakundeen psikologiaren jarduketa eremuak: psikologoaren eginkizunak erakundean, langileriaren arloan, antolaketaren arloan, marketinaren arloan eta ergonomian.

7.-Testak: testen fidagarritasuna. Testen baliagarritasuna. Item-analisiak. Banakako puntuazioak.

8.-Giza baliabideak: enpresa-kultura; erakunde-kultura. Erabakiak hartzea. Antolaketaren aldaketa eta garapena. Komunikazioa. Lidergoa. Giza baliabideen plangintza. Kontratazioa; giza baliabideen hautapena. Giza baliabideen eginkizuna. Prestakuntzaren arloko politika.

9.-Taldeak erakundean: taldeen jokabidea. Lantaldeak. Gatazkak taldeetan. Komunikazioa taldeetan. Talde informalak: egitura. Batzordeak. Kalitate zirkuluak. Taldeen garapena.

10.-Talde dinamika: kontzeptua. Abian jartzea. Elkarreragina taldean. Datuak biltzeko teknikak. Ebaluazioa eta analisia.

11.-Kalitatea erakundean: erakundeen kalitatea eta etengabeko hobekuntza. Kalitate integrala. Kalitatearen ebaluazioa.

12.-Laneko osasuna: ergonomía. Psikosoziologia. Lan-baldintzak. Arriskuen ebaluazioa.

13.-Langileak hautatzeko prozesua: lanpostuen analisia. Pertsona bat lanpostuari nola egokitzen zaion aztertzea. Langileak biltzea. Test psikologikoak hautapen prozesuan. Hautespen-elkarrizketa. Curriculuma. Txostena.

14.-Elkarrizketa: elkarrizketa erdiegituratua. Hautespen-elkarrizketa. Elkarrizketaren faseak. Elkarrizketaren fidagarritasuna. Elkarrizketa klinikoa. Ebaluatzeko elkarrizketa. Elkarrizketariaren ezaugarriak.

15.-Errendimenduaren ebaluazioa: ebaluazioa egiteko sistema formal bat sortzea. Ebaluazioaren helburuak. Ebaluazioaren egileak. Ebaluatzeko tresnak.

4. taldea: Pedagogiako lizentziadunak.

1.-Ikaskuntzaren kontzeptua eta irakaskuntza-ikaskuntza erlazioa. Ikaskuntzaren gaineko teoria nagusiak. Ikaskuntza prozesuetan parte hartzen duten faktoreak: pertzepzioa, arreta, memoria, motibazioa, faktore afektiboak. Ikaskuntza esanguratsua: kontzeptua eta oinarri teorikoak. Aurreko gaitasunen eta ezagutzen eginkizuna.

2.-Bitarteko eta baliabide didaktikoak: kontzeptua, sailkapena, diseinua, produkzioa, hautapena, eginkizunak eta ebaluazioa. Berariazko arlo eta eremuetan aplikatzea.

3.-Baliabide eta joera berriak prestakuntzaren arloan: informazioaren eta komunikazioaren teknika berriak. Prestakuntza arloko korporazioa. Prestakuntzarako ingurune globalak. Kontzeptuak: ''Outdoor training''. "Coaching". "Mentoring". ''Blended Learning'' (prestakuntza malgua). Teleprestakuntza. Eredu didaktikoak: kontzeptuak, ezaugarriak eta motak. Teleprestakuntzaren plataforma teknologikoak. Komunikazio sinkroniko eta asinkronikorako tresnak. Sare bidezko talde-lana. Prestakuntza ekintzak diseinatu eta inplementatzea.

4.-Irakaskuntzaren programazioa. Programazioaren ibilbideak. Irakaskuntzaren helburuak eta ebaluazio irizpideen definizioa. Edukiak denboraren arabera egokitzea. Edukien antolamendua. Programazio prozeduren ezaugarriak.

5.-Curriculumaren kontzeptua eta esanahia. Curriculumaren gaineko teoriak. Curriculum-ikerketa. Curriculumaren diseinua eta garapena.

6.-Ikerkuntza-ekintzaren kontzeptua. Modalitateak. Ikerketa kualitatiboa, ikerketa kuantitatiboa. Ikerketen diseinuak. Baliabideak eta teknikak. Prozesuaren faseak. Hobekuntzaren helburua hezkuntzan. Ikerketa-ekintzaren azterketa eta arazoak: datuak aztertzea, sareak, barreiadura eta etika.

7.-Neurketa hezkuntzan: kontzeptua, osagaiak. Informazioa biltzeko prozedura. Ikaskuntzaren ebaluazioa eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuen ebaluazioa. Ebaluazio motak eta horien eginkizunak. Zer ebaluatu. Nork ebaluatu. Nola ebaluatu. Noiz ebaluatu. Zertarako ebaluatu. Ebualuazio prozesuaren faseak.

8.-Hezkuntza eta gaitasunak. Lan arloko gaitasunak hezkuntza gaitasun bilakatzen dira. Gaitasunak eta curriculuma. Ebaluazioa, emaitza eta eginkizunak betetzea.

9.-Prestakuntza plan bat diseinatu eta prestatzea. Fase nagusiak. Edukien garapena, prestakuntza arloko helburuak gaitasun moduan finkatzea, entzuleria aztertzeko faktoreak, prestakuntzarako metodologiak, garatzeko estrategiak, teknikak eta materialak hautatzea.

10.-Prestakuntza planaren komunikazioa. Prestakuntza plana gauzatzea: prestatzaileak, ikasleak, teknologiak, kudeaketarako datu-baseak, programazioa. Ekonomiaren, jardueraren eta kudeaketaren adierazleak prestakuntzan.

11.-Etengabeko prestakuntza planifikatu eta kudeatzeko ereduak. Giza baliabideen prestakuntza eta garapenerako eredua (P+G). Prestakuntzaren zikloa. Fase bakoitzaren azalpena. Osoko eta etengabeko prestakuntzaren eredua.

12.-Etengabeko prestakuntzarako zentroen antolaketa. Antolaketa eta zuzendaritza ereduak. Antolatzeko eginkizunak etengabeko prestakuntzarako zentroetan. Giza baliabideak, erakundearen kapital gisara. Antolakuntzaren diseinua: diseinurako irizpideak, organigramen diseinua eta eginkizunen azalpena. Helburuak eta eginkizunak artikulatzeko plana. PERT sistema, helduen hezkuntzaren antolaketari aplikatua. Prestakuntza programen diseinua, pertsonen eta antolakuntzaren beharrei erantzuteko.

13.-Etengabeko prestakuntzaren ebaluazioa. Kirkpatrick-Phillips-en ebaluatzeko bost mailak: ebaluazio erreaktiboa edo gogobetetasunaren ebaluazioa, ikaskuntzaren edo ezagutzaren eta trebetasunen ebaluazioa, lanpostuan nola aplikatzen den ebaluatzea, prestakuntzak antolakuntzan izanen duen eragina ebaluatzea eta errentagarritasuna ebaluatzea.

14.-Prestatzaileen prestakuntza: prestatzaileen profilak eta motak. Estrategiak eta metodologiak.

15.-Tutore-lanaren ezaugarriak, eginkizunak, esparruak eta mailak. Tutorea: eginkizunak, rolak eta eskumenak. Tutoretza planak. Tutoretza erantzukizun partekatuaren testuinguru batean. Bitartekaritza taldeetan sortzen diren gatazkak konpontzeko estrategia gisa. Elkarrizketa tutore-laguntzarako teknika gisa. Talde-teknikak tutore-lanerako estrategia gisa. Helduen ikaskuntza akademikoa hobetzeko teknikak.

5. taldea: lizentziadunak, ingeniariak eta arkitektoak.

1.-Ebaluazioaren eta Kalitatearen Agentzia (AEVAL). Eginkizuna. Printzipioak eta helburuak. Araudia.

2.-Ebaluazioaren eta kalitatearen esparrua Nafarroako Administrazio Publikoetan: 21/2005 Foru Legea, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzkoa. Legearen xedea eta aplikazio eremua. Oinarritzat dituen printzipio orokorrak. Legeak proposatutako programak eta neurriak. Legeak jasotzen dituen nahitaezko neurriak.

3.-Politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeko Foru Batzordea. Osaera. Funtzionamendua. Memoriak. Haren erabakiak.

4.-Politiken eta zerbitzu publikoen kalitatearen ebaluazioaren Erregistroa.

5.-Prozesuaren kontzeptua. Prozesuen diseinua. Prozesu motak (giltzarri diren prozesuak, euskarri prozesuak, kudeaketa prozesuak). Prozesu bidezko kudeaketa. Prozesuen mapa. Etengabeko hobekuntza.

6.-Prozesuen azterketa eta hobekuntza administrazioan. Antolakuntzan giltzarri diren prozesuen deskripzioa, adierazleak, aginte-taula eta haren aplikazioa.

7.-Herritarren beharrak, espektatibak eta gogobetzea, administrazio publikoek emandako zerbitzuari dagokionez. Herritarren nahiak nola ezagutu. Herritarren pertzepzioaren azterketak. Kexak eta iradokizunak. Nafarroan aplikatzekoak diren arauak.

8.-Kalitatearen definizioa eta neurria zerbitzuen esparruan. Hautemandako kalitatearen dimentsioak edo ezaugarri nagusiak. SERVQUAL eredua.

9.-Zerbitzuen Gutunak. Definizioa, helburua, edukia eta egitura. Ezartzeko eta jarraipena egiteko metodologia. Ziurtapena. Nafarroan gutunei aplikatzekoak zaizkien arauak.

10.-Bikaintasunaren printzipioak. Kalitatean oinarritutako eredu baten onurak eta hori ezartzeko giltzarri diren faktoreak. Kalitatea kudeatzeko sistema nagusiak; ezaugarriak, eskakizunak eta abantailak.

11.-Bikaintasunaren ereduak. EFQM eredua. CAF eredua. EVAM eredua.

12.-Politika publikoen ebaluazioa. Ebaluazioaren eginkizunak. Ebaluazioaren tipologia. Metodologia. Ebaluatzeko aukera. Ebaluazioa kudeatzeko prozesua. Ebaluazioaren kudeatzailea.

13.-Ebaluazio zikloa: ebaluazio estrategiaren diseinua; ebaluatzeko irizpideak eta galderak; informazioa biltzeko eta aztertzeko tresnak, teknikak; azterketa berariazkoak eta interpretazioa; iritziak eta gomendioak; emaitzen komunikazioa eta hedapena.

14.-Administrazioaren jardunbide egokiak: jokabide publikoak. Nafarroako administrazioaren jardunbide egokiaren kodea.

15.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kalitatearen esparru plana.

6. taldea: lizentziadunak, ingeniariak eta arkitektoak.

1.-Sistemen kontrolerako eta auditoriarako estatistika teknikak.

2.-Dokumentazio teknikak ikerkuntzari aplikatuak.

3.-Informaziorako gaitasunak eta estrategiak.

4.-Informazio eta dokumentazio sistemen planifikazioa eta ebaluazioa.

5.-Lan-harremanen teoria.

6.-Politika soziolaboralen gaineko araudia eta lan merkatua.

7.-Lan arloko politiken ebaluazio ekonomikoa.

8.-Giza baliabideak garatzea gaitasunen eta lanbideen arabera.

9.-Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina.

10.-Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua.

11.-Internet, Intranet eta Extranet. Interneten oinarrituriko zerbitzuak: posta, artxiboen transferentzia, hipertestu formatuko argitalpenak, informazio antolatua bilatu eta eskuratzea.

12.-Testu-prozesadoreak. Microsoft Word 2003.

13.-Kalkulu orriak: Microsoft Excel 2003.

14.-Datu-baseak. Microsoft Access 2003.

15.-Dokumentuen datu-baseak.

Iragarkiaren kodea: F1103972