49. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

10/2011 FORU DEKRETUA, otsailaren 14koa, Turismo arloko hainbat erregelamendu aldatzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legeak, zenbait foru lege aldatzen dituenak Barne Merkatuko Zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentarauari egokitzeko, hainbat aldaketa eragin ditu Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legean.

Nafarroako antolamendu juridikora Zerbitzuen zuzentarauaren transposizioa egiteko prozesuak behartu egiten du, behin foru legearen mailako arauak aldatuta direla, erregelamendu mailako arauak egokitzera, bai zuzentarau horren printzipioetara, bai apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legeak foru legeetan egindako aldaketetara.

Turismo arloko arauen esparruari dagokionez, apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legeak Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legean eragindako aldaketak haren III. tituluko edukia du xede nagusi, hau da, jarduera turistikoaren antolamendua.

Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legearen 13. eta 14. artikuluen testu berriaren bidez, jarduera turistikoan sartzeko araubidea ordeztu da; lehen, baldintzak bete zitezen aurretik administrazio kontrola zegoen; orain, aldiz, jardueraren titularrak erantzukizuneko aitorpena aurkeztu behar du baldintza horiek betetzen dituela dioena, eta horren arabera eginen da aginduzko inskripzioa Nafarroako Turismo Erregistroan. Jakina, administrazioaren kontrolerako ahala eta badaezpadako neurriak edo zehapenak baztertu gabe, horrelakorik hartu edo ezarri beharrik balitz.

Horrenbestez, bidezko da foru dekretu hauek aldatzea: abuztuaren 25eko 502/2003 Foru Dekretua, Nafarroako Turismo Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena; abenduaren 26ko 146/2005 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko ostalaritza establezimenduen antolamenduari buruzko erregelamendua onesten duena; abenduaren 5eko 140/2005 Foru Dekretua, Nafarroako turismoko aterpetxeen antolamenduari buruzko erregelamendua onesten duena; ekainaren 28ko 243/1999 Foru Dekretua, landa-etxeetan ostatatzea arautzen duena; martxoaren 30eko 24/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko turismoko kanpalekuen antolamenduari buruzko erregelamendua onesten duena; abuztuaren 23ko 288/2004 Foru Dekretua, turismo aktibo eta kulturaleko zerbitzuak ematen dituzten enpresen jarduerak arautzen dituen erregelamendua onesten duena, eta maiatzaren 4ko 141/1988 Foru Dekretua, bidaia agentzien erregelamendua onesten duena.

Bestetik, bidaia agentzien jardueraren gaineko araubide juridikoari dagokionez, zerbitzuen zuzentarauari egokitzeak batez ere betiko eskakizunak kenduko ditu: alegia, pertsona juridikoak bakarrik aritu ahal izatea, kapital sozial jakin bat izan beharra eta bidaia agentzien berezko jarduerak, ez besterik, izan behar izatea helburu soziala.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko otsailaren 14an egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Lehen artikulua.-Nafarroako Turismo Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen abuztuaren 25eko 502/2003 Foru Dekretuko aldaketa.

Nafarroako Turismo Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen abuztuaren 25eko 502/2003 Foru Dekretuaren 2. artikulua aldatzen da, testu hau izanen baitu:

"2. artikulua. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea.

1. Jarduera hasi aurretik, nahitaezkoa da Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea turismo arloko enpresentzat eta haien establezimenduentzat, baita araututa dauden jarduera turistikoentzat ere. Gainontzeko kasuetan, inskripzioa aukerakoa da.

2. Edozein modutan, ezinbestekoa da Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea turismo arloko laguntza eta diru-laguntzak eskuratzeko, establezimendu berriak sortzeko direnak izan ezik.

3. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko, interesdunek erantzukizuneko aitorpena egin beharko dute, eta bertan adierazi, zerbitzuari edo establezimenduari eta bere sailkapenari buruzko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituztela, eta haiei eusteko konpromisoa hartzen dutela jarduerak iraun bitartean; gainera, behar diren frogagirien jabe direla.

4. Aurreko atalean aipatu erantzukizuneko aitorpena aurkeztea nahikoa izanen da Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatu beharra betetzeko eta dagokion jarduera turistikoan hasteko.

5. Turismo arloko departamentu eskudunak eginen du inskripzioa Nafarroako Turismo Erregistroan erantzukizuneko aitorpenaren edukia eta dokumentazio osagarria, halakorik bada, kontuan hartuta; gainera, jarduera sailkatu eginen du, hala aurreikusita dagoenean, eta kontrolerako ahal administratiboa erabiltzen ahalko du, baita dagozkiokeen badaezpadako neurriak hartu edo zehapenak ezarri ere.

6. Erregistroan inskribatzeko eta sailkatzeko kontuan hartutako baldintza eta beharkizunetan funtsezko edozein aldaketa gertatuz gero, erregistroan jaso egin beharko da aurreko ataletan aurreikusitako prozedurari jarraituz. Betiere, funtsezkotzat joko da turismo establezimenduetako plaza kopurua aldatzea, baita ematen diren zerbitzuak handitzea edo turismo erabilera eta titulartasuna aldatzea ere.

7. Inskripzioaren xedeko jarduera bi urte jarraian baino luzeago utziz gero, inskripzioa ofizioz ezereztuko da".

Bigarren artikulua.-Nafarroako Foru Komunitateko ostalaritza establezimenduen antolamenduari buruzko erregelamendua onesten duen abenduaren 26ko 146/2005 Foru Dekretuko aldaketa.

Nafarroako Foru Komunitateko ostalaritza establezimenduen antolamenduari buruzko erregelamenduaren (abenduaren 26ko 146/2005 Foru Dekretuak onetsia) 12. artikulua aldatzen da, testu hau izanen baitu:

"12. artikulua. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea.

1. Jarduera hasi aurretik, eta establezimendua Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Titularraren erantzukizuneko aitorpena, haren datuak biltzen dituena, honako hauen jabe dela adierazita:

-Legezko dokumentazioa, higiezinaren jabe edo errentari dela dioena, edo beste edozein titulu, turismoko ostatu izateko prest dagoela frogatzen duena, baita establezimenduaren gaineko datuak ere, kokalekuari, edukierari eta modalitateari dagokienez. Aitorpen horretan logela edo apartamentuen zerrenda sartuko da, haien zenbakia edo adierazgarria, azalera, dituen zerbitzuak eta plaza kopurua adierazita.

-Irekitzeko lizentzia edo horren ordezko dokumentua.

-Erantzukizun zibileko aseguruaren kontratua, 3.000 euroko estaldura duena ostatu plaza bakoitzeko, eta 150.000 eurokoa, gutxienez ere.

b) Obra bukaerako planoak.

2. Establezimenduetako aldaketak, titulartasun aldaketak, jarduera uztea eta, oro har, inskribatu edo jasotako datuetan edozein aldaketa gertatuz gero, aurreko atalean ezarritako prozeduraren arabera tramitatuko dira".

Hirugarren artikulua.-Nafarroako turismoko aterpetxeen antolamenduari buruzko erregelamendua onesten duen abenduaren 5eko 140/2005 Foru Dekretuko aldaketa.

Nafarroako turismoko aterpetxeen antolamenduari buruzko erregelamenduaren (abenduaren 5eko 140/2005 Foru Dekretuak onetsia) 6. eta 10. artikuluak aldatzen dira, testu hau izanen baitute:

Bat.-6. artikuluaren erredakzio berria.

"6. artikulua. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea.

1. Jarduera hasi aurretik, eta establezimendua Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Titularraren erantzukizuneko aitorpena, haren datuak biltzen dituena, honako hauen jabe dela adierazita:

-Legezko dokumentazioa, higiezinaren jabe edo errentari dela dioena, edo beste edozein titulu, turismoko ostatu izateko prest dagoela frogatzen duena, baita establezimenduaren gaineko datuak ere, kokalekuari, edukierari eta modalitateari dagokienez.

-Irekitzeko lizentzia edo horren ordezko dokumentua.

-Erantzukizun zibileko aseguruaren kontratua, 3.000 euroko estaldura duena ostatu plaza bakoitzeko. 60 eurotik beherako frankiziak onartuko dira.

b) Obra bukaerako planoak edo, horiek gabe, 1:100 eskalako planoak, gela bakoitzeko azalera adierazita.

2. Establezimenduetako aldaketak, titulartasun aldaketak, jarduera uztea eta, oro har, inskribatu edo jasotako datuetan edozein aldaketa gertatuz gero, aurreko atalean ezarritako prozeduraren arabera tramitatuko dira".

Bat.-10. artikuluaren erredakzio berria.

"10. artikulua. Prezioen publizitatea.

1. Zerbitzu guztien prezioek ahalik eta publizitate handiena izanen dute, eta haietan ostatuari eta eskaintzen diren gainontzeko zerbitzu osagarriei buruzkoak adieraziko dira.

2. Prezioak agerian egonen dira, aise ikusteko eta irakurtzeko moduan; betiere, bezeroen harreralekuan eta establezimenduko solairu guztietan egon beharko dute".

Laugarren artikulua.-Landa-etxeetan ostatatzea arautzen duen ekainaren 28ko 243/1999 Foru Dekretuko aldaketa.

Landa-etxeetan ostatatzea arautzen duen ekainaren 28ko 243/1999 Foru Dekretuaren 17. artikulua, 25. artikuluko 1. idatz-zatia eta 32. eta 40. artikuluak aldatzen dira, testu hau izanen baitute:

Bat.-17. artikuluaren erredakzio berria.

"17. artikulua. Etxe osoko landa-etxeen zerbitzu osagarriak.

Establezimenduek zerbitzu osagarriak eskaintzen ahalko dizkiete bezeroei, eta establezimenduko titularren erantzukizuna izanen da haiek behar bezala ematea".

Bi.-25. artikuluko 1. idatz-zatiaren erredakzio berria.

"1. Establezimenduek zerbitzu osagarriak eskaintzen ahalko dizkiete bezeroei, sukaldea erabiltzeko eskubidea edo jateko zerbitzua besteak beste, eta establezimenduko titularren erantzukizuna izanen da haiek behar bezala ematea".

Hiru.-32. artikuluaren erredakzio berria.

"32. artikulua. Prezioen publizitatea.

1. Zerbitzu guztien prezioek ahalik eta publizitate handiena izanen dute, eta haietan ostatuari eta eskaintzen diren gainontzeko zerbitzu osagarriei buruzkoak adieraziko dira.

2. Prezioak agerian egonen dira, aise ikusi eta irakurtzeko moduan".

Lau.-40. artikuluaren erredakzio berria.

"40. artikulua. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea.

1. Jarduera hasi aurretik, eta establezimendua Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Titularraren erantzukizuneko aitorpena, haren datuak biltzen dituena, honako hauen jabe dela adierazita:

-Legezko dokumentazioa, higiezinaren jabe edo errentari dela dioena, edo beste edozein titulu, turismoko ostatu izateko prest dagoela frogatzen duena, baita establezimenduaren gaineko datuak ere, kokalekuari, edukierari eta modalitateari dagokienez.

-Lehen okupazioko udal lizentzia, edo bizigarritasun zedula, edo horien ordezko dokumentua.

-Erantzukizun zibileko aseguruaren kontratua, 150.000 euroko estaldura duena gutxienez. 60 eurotik beherako frankiziak onartuko dira.

b) Obra bukaerako planoak edo, horiek gabe, 1:100 eskalako planoak, gela bakoitzeko azalera adierazita.

c) Nekazaritza-turismoko jardueren txostena, halakorik bada.

2. Establezimenduetako aldaketak, titulartasun aldaketak, jarduera uztea eta, oro har, inskribatu edo jasotako datuetan edozein aldaketa gertatuz gero, aurreko atalean ezarritako prozeduraren arabera tramitatuko dira".

Bosgarren artikulua.-Nafarroako Foru Komunitateko turismoko kanpalekuen antolamenduari buruzko erregelamendua onesten duen martxoaren 30eko 24/2009 Foru Dekretuko aldaketa.

Nafarroako Foru Komunitateko turismoko kanpalekuen antolamenduari buruzko erregelamenduaren (martxoaren 30eko 24/2009 Foru Dekretuak onetsia) 19. artikulua aldatzen da, testu hau izanen baitu:

"19. artikulua. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea.

1. Jarduera hasi aurretik, eta establezimendua Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Titularraren erantzukizuneko aitorpena, haren datuak biltzen dituena, honako hauen jabe dela adierazita:

-Legezko dokumentazioa, higiezinaren jabe edo errentari dela dioena, edo beste edozein titulu, turismoko ostatu izateko prest dagoela frogatzen duena, baita establezimenduaren gaineko datuak ere, kokalekuari, edukierari eta modalitateari dagokienez.

-Irekitzeko lizentzia edo horren ordezko dokumentua.

-Erantzukizun zibileko aseguruaren kontratua, 600.000 euroko estaldura duena gutxienez ere.

b) Obra bukaerako planoak.

2. Establezimenduetako aldaketak, titulartasun aldaketak, jarduera uztea eta, oro har, inskribatu edo jasotako datuetan edozein aldaketa gertatuz gero, aurreko atalean ezarritako prozeduraren arabera tramitatuko dira".

Seigarren artikulua.-Turismo aktibo eta kulturaleko zerbitzuak ematen dituzten enpresen jarduerak arautzen dituen erregelamendua onesten duen abuztuaren 23ko 288/2004 Foru Dekretuko aldaketa.

Turismo aktibo eta kulturaleko zerbitzuak ematen dituzten enpresen jarduerak arautzen dituen erregelamenduaren (abuztuaren 23ko 288/2004 Foru Dekretuak onetsia) 5. artikulua aldatzen da, testu hau izanen baitu:

"5. artikulua. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea.

1. Jarduera hasi aurretik, eta establezimendua Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Titularraren erantzukizuneko aitorpena, haren datuak biltzen dituena, honako hauen jabe dela adierazita:

-Legezko dokumentazioa, hura zer den egiaztatzen duena, baita enpresaren kokalekuari buruzko datuak ere.

-Udalaren lizentzia.

-Erantzukizun zibileko aseguruaren kontratua eta prima ordaindu izana frogatzen duen agiria, turismo aktibo eta/edo kulturaleko zerbitzuak emateagatik enpresari egozten ahal zaion arriskua estaltzeko adinakoa. Gutxieneko estaldura 600.000 eurokoa izanen da ezbehar bakoitzeko, eta 600 euroko frankizia gehienez ere. Kontratu horrek indarra izaten jarraitu beharko du jarduerak egiten diren bitartean eta, urtero, prima ordaindu izanaren kopia aurkeztu beharko da.

-Turismo aktiboko enpresen kasuan, laguntza aseguruaren kontratua (erreskate gastuak sartuko dira arriskuen artean) eta prima ordaindu izanaren gordekina, edozein frankizia kanpo dela. Urtero, prima ordaindu izanaren kopia aurkeztu beharko da.

b) Jarduerak deskribatzen dituen txostena.

2. Inskripzioko baldintza edo ezaugarrietako aldaketak, titulartasun aldaketak, jarduera uztea eta, oro har, inskribatu edo jasotako datuetan edozein aldaketa gertatuz gero, aurreko atalean ezarritako prozeduraren arabera tramitatuko dira".

Zazpigarren artikulua. Bidaia agentzien erregelamendua onesten duen maiatzaren 4ko 141/1988 Foru Dekretuko aldaketa.

Bidaia agentzien erregelamendua onesten duen maiatzaren 4ko 141/1988 Errege Dekretuaren 1., 5., 6., 8, eta 10. artikuluak, III. kapitulua eta 15. artikulua aldatzen dira, testu hau izanen baitute:

Bat.-1. artikuluaren erredakzio berria.

"1. artikulua.

1. Beren baliabideak erabiltzeko aukera dutela, modu profesional eta komertzialean zerbitzu turistikoen bitartekari edo antolaketa lanetan aritzen diren enpresak hartzen dira bidaia agentziatzat.

2. Aurreko idatz-zatian aipatu enpresak bakarrik dira legez bidaia agentzia eta izen hori dute. Erregelamendu honen araberako legezko bidaia agentzia direnek bakarrik erabiltzen ahalko dituzte "bidaia" edo "bidaiak" terminoa haien jardueren errotuluko tituluan edo azpitituluan.

Bi.-5. artikuluaren erredakzio berria.

"5. artikulua.

Jarduera hasi aurretik, eta bidaia agentzia Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Titularraren erantzukizuneko aitorpena, haren datuak biltzen dituena, honako hauen jabe dela adierazita:

-Hura zer den egiaztatzen duen legezko dokumentazioa, haren jabea edo errentaria dela dioen dokumentazioa edo lokalaren erabilera duela dioen beste edozein titulu, zerbitzua jendeari irekitako establezimendu batean ematen bada; orobat, establezimenduaren izen komertzialaren erregistroa eta errotulua erakunde eskudunari eskatu dizkiola.

-Irekitzeko lizentzia edo horren ordezko dokumentua.

b) Fidantza erregelamendu honetan ezarritako moduan eta bertan adierazitakoa adinakoa eratu izana frogatzen duen dokumentua.

c) Bere jardueraren garapen normala sendotuko duen aseguru poliza, erantzukizunaren arriskuak bermatzeko. Hura zuzenekoa izanen da bere baliabideak erabiltzen baditu zerbitzua emateko; bestela, subsidiarioa.

Aseguru polizak hiru erantzukizun bloke hauek estali beharko ditu:

1) Negozioa ustiatzeko erantzukizun zibila.

2) Zeharkako erantzukizun zibila edo subsidiarioa.

3) Ondareko kalte primarioengatiko erantzukizuna.

Estaldura horietan ezbehar mota guztiak sartzen dira: kaltea gorputzean, kalte materialak eta galera ekonomikoak.

Erantzukizun bloke bakoitzeko polizak 150.000 euroko estaldura izanen du, gutxienez ere. Agentzia behartua dago poliza hori beti indarrean izatera".

Hiru.-6. artikuluaren erredakzio berria.

"6. artikulua.

1. 5. artikuluan aipatu dokumentazioa aurkeztutakoan, Nafarroako Turismo Erregistroan eginen da inskripzioa, agentziaren multzoa eta identifikazio kodea adierazita.

2. Jarduera jendeari irekitako establezimenduetan egiten denean, kanpoan, agerian eta aise ikusteko moduan, errotulua jarriko da, agentziaren izen komertziala, taldea eta identifikazio kodea adierazita".

Lau.-8. artikuluaren erredakzio berria.

"8. artikulua.

Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzioan edozein datu edo inguruabar aldatuz gero, turismo arloko departamentuari jakinarazi beharko zaio behar den dokumentazioa baliatuta".

Bost.-10. artikuluaren erredakzio berria.

"10. artikulua.

1. Agentzia batek sukurtsalak ireki nahi izatera, 5. artikuluko a) eta b) idatz-zatietan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko du, izen komertzialaren erregistroari eta errotuluari buruz aipatutakoa izan ezik.

2. Agentziak zenbat establezimendu dituen, horren arabera frogatu beharko du zenbat igo duen erregelamendu honetan aurreikusitako fidantzaren zenbatekoa.

3. Bidaia agentziek salmenta guneak ezartzen ahalko dituzte enpresetan, helburua zerbitzu turistikoen kontratazioa bere langileei bakarrik erraztea baita.

Salmenta guneen instalazioa turismo arloko departamentu eskudunari jakinarazi beharko zaio, behar den dokumentazioa aurkeztuta."

Sei.-III. kapituluaren erredakzio berria.

"III. KAPITULUA

Beste administrazio batzuek gaitutako bidaia agentziak

13. artikulua.

1. Autonomia erkidegoetan eta Europar Batasuneko estatu kideetan egoitza duten eta gaituta dauden bidaia agentziek sukurtsalak irekitzen ahalko dituzte Nafarroan beren jardueran aritzeko. Ireki aurretik, jatorrizko administrazioan gaituta daudela frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute turismo arloko departamentu eskudunean, baita erregelamendu honetan Nafarroako bidaia agentzia guztiei eskatzen zaizkien baldintzak betetzen dituztela frogatzen duen dokumentazioa ere.

2. Orobat, Espainiak bere gain hartutako nazioarteko obligazioen ondoriozko araudiaren aplikazioa baztertu gabe, aurreko idatz-zatian aipatu bidaia agentziek ondoko hau egiten ahalko dute:

a) Haien ordezkaritza Nafarroan ezarritako bidaia agentzia baten edo gehiagoren esku uztea, betiko edo egintza jakin batzuetarako. Ordezkaritza hori betiko denean, agentzia behartua egonen da turismo arloko departamentu eskudunari frogatzera.

b) Ostatu plazak eta gainontzeko zerbitzu turistikoak zuzenean kontratatzea".

Zazpi.-15. artikuluaren erredakzio berria.

"15. artikulua.

1. Bidaia agentziak behartuta daude fidantza eratu eta hura uneoro indarrean izatera, turismo arloko departamentu eskudunaren eskura. Fidantza hori ondoko hauei atxikiko zaie:

a) Bide judizialeko ebazpen irmoa, bidaia agentzien erantzukizun ekonomikoak deklaratzen dituena, azken erabiltzaile edo kontsumitzaileak baliatutako egintzaren ondorioz bakarrik.

b) Kontsumoko arbitraje prozedura batean emandako laudoa.

2. Fidantza modu hauetako edozeinetan eratu ahalko da:

a) Eskudirutan.

b) Abalaren bidez. Espainian eragiketak egiteko baimena duen banku, aurrezki kutxa, kreditu kooperatiba edo elkarrekiko bermerako sozietate batek emandako abala izanen da, lehenbiziko errekerimenduan kobratu ahal dena.

c) Kauzioaren arloan aritzeko baimena duen aseguru entitate batekin sinatutako kauzio aseguruaren kontratua aurkeztuz.

3. Fidantzek kopuru hauek estaliko dituzte, zein den agentziari dagokion multzoa:

a) handizkariak: 120.000 euro.

b) txikizkariak: 60.000 euro.

c) handizkariak-txikizkariak: 180.000 euro.

4. Kopuru horiek sei establezimenduren irekiera estaliko dute. Kopuru hori gainditzen duen establezimendu bakoitzeko, 12.000 euro gehiago igo beharko da fidantza.

5. Fidantza betearaziz gero, bidaia agentziak hamabost egunean berritu beharko du, hasierako kopurua berriro estali arte.

6. Fidantza ezin izanen da ezereztu bidaia agentziak Nafarroako Turismo Erregistroan duen inskripzioa ezeztatu, hari uko egin edo ezerezteko espedientea tramitatzen den bitartean, ezta prozeduraren ebazpena irmo bihurtu eta urtebete iragan arte".

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzen diren xedapenak.

1. Xedapen hauek indarrik gabe geratzen dira:

a) Landa-etxeetan ostatatzea arautzen duen ekainaren 28ko 243/1999 Foru Dekretuaren 2., 7. eta 41. artikuluak.

b) Turismo aktibo eta kulturaleko zerbitzuak ematen dituzten enpresen jarduerak arautzen dituen erregelamenduaren (abuztuaren 23ko 288/2004 Foru Dekretuak onetsia) 6. artikulua.

c) Bidaia agentzien erregelamendua onesten duen maiatzaren 4ko 141/1988 Foru Dekretuaren 2. artikuluko 3. eta 4. idaz-zatiak, 4, 7, 11, 12, 14, 16, 17, 18, 19, 20 eta 21. artikuluak.

2. Indarrik gabe uzten dira, orobat, foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.-Garapena eta betearazpena.

Ahalmena ematen zaio Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariari foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak agindu ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko otsailaren 14an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

Iragarkiaren kodea: F1102843