45. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

36/2011 FORU AGINDUA, otsailaren 3koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, ekainaren 27ko 241/2000 Foru Dekretuan 2011rako ezarritako laguntza ekonomikoen zenbatekoak zehazten dituena. Dekretu horretan laguntza ekonomikoak ezartzen dira erditze berean bi haur edo gehiago izan dituzten familientzat.

Ekainaren 27ko 241/2000 Foru Dekretuaren bitartez, laguntza ekonomikoak arautzen dira erditze berean bi haur edo gehiago izan dituzten familientzat.

Foru dekretu horretan laguntzen zenbatekoak, onuradunen betebeharrak eta laguntzarako baldintzak ezartzen dira. Orobat, ahalmena ematen zaio Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariari foru dekretu hori garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Gaur egun, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren martxoaren 2ko 65/2010 Foru Aginduan ezarrita dago laguntzen zenbatekoa. Kontuan hartuta zenbatekoa den laguntza horietarako 2011ko gastuen aurrekontuan ezarrita dagoen kopurua, ekitaldi honetako zenbatekoak onetsi behar dira.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Erditze berean bi haur edo gehiago jaiotzeagatik familientzako laguntza ekonomikoak arautzen dituen ekainaren 27ko 241/2000 Foru Dekretuan ezarritako laguntza ekonomikoen zenbatekoa finkatzea, 2011rako:

A-91,03 euro hilean, haurren lehen urtean familiei ordainduko zaiena, bikiak jaiotzen badira.

B-227,60 euro hilean, haurrek hiru urte egin arte familiei ordainduko zaiena, hirukiak jaiotzen badira.

C-303,47 euro hilean, haurrek hiru urte egin arte familiei ordainduko zaiena, laukiak jaiotzen badira.

D-Boskiak edo gehiago jaiotzen badira, 75,86 euro gehiago hilean haur bakoitzeko. Gora eginen du kopuru horrek haur gehiago jaio ahala, eta hiru urte egin arte ordainduko zaie familiei.

2. 2011ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura bideratzea 2010eko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerak.

3. Espedienteak ebaztea, eskabidea aurkezteko egunaren arabera.

4. Laguntza horiek "Erditze multipleko familientzako laguntza" izeneko 950001 92210 4809 231500 kontu-sailaren kargura emanen dira, 2011ko gastuen aurrekontutik.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu hau igortzea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalera eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Familiaren Sustapenerako Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko otsailaren 3an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F1102327