45. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

111/2011 EBAZPENA, urtarrilaren 19koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ororbiako udal mugapean (Oltza Zendea) grafitozko elektrodoak fabrikatzeko instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatzen duena, eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Titularra Graftech Ibérica, S.L. da.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 11n emandako 428/2007 Ebazpenaren bidez Ingurumen baimen integratua eman zen Ororbiako udal mugapean (Oltza Zendea) grafitozko elektrodoak fabrikatzeko instalaziorako. Titularra Graftech Ibérica, S.L. da.

2010eko martxoaren 17an titularrak aldaketa bat egiteko baimena eskatu zuen, hain zuzen ere konpresoreen sala berri bat eraikitzea.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz, erabaki zuen aldaketa hori ez zela funtsezkoa eta, beraz, ez zela beharrezkoa beste Ingurumen baimen integratu bat ematea.

Hala ere, aldaketa nabarmena da instalazioaren funtzionamenduan aldaketak gertatzen direlako, eta oraingo Ingurumen baimen integratuan agertu behar dira. Horretarako, baimena aldatu behar da.

Horretaz gainera erabaki da SOx emisioen gehieneko balioa kentzea enpresaren 4., 5., 25., 26., 27. eta 42. fokuetan, eta hondakin arriskugarriak ahalik eta gehien gutxitzeko plana eguneratzea 2008-2012 aldirako.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105. eta 106. artikuluek ezartzen dutenez, administrazio publikoek beren egintzak alda ditzakete, betiere aldaketa antolamendu juridikoaren kontrakoa ez bada, kasu honetan gertatzen den bezala, zeinetan, gainera, aldaketa Ingurumen baimen integratuaren titularrak eskatuta egin baita.

Aipatu den agindu juridikoa ikusirik eta ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku utzi dituen urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Graftech Ibérica, S.L.k Ororbiako udal mugapean (Oltza Zendea) grafitozko elektrodoak fabrikatzeko instalaziorako daukan Ingurumen baimen integratua aldatzea, titularrak 2010eko martxoaren 17an eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Baimena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eman zuen, urriaren 11ko 428/2007 Ebazpenaren bidez.

2. Aldaketaren ondorioz, instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 11ko 428/2007 Ebazpenaren eranskinetan aldaketa batzuk sartu behar izan dira; horrenbestez, eranskin haien ordez ebazpen honen eranskinek izanen dute indarra, non ezarri baitira industria jardueraren funtzionamenduan bete beharko diren baldintzak.

3. Aldaketak ez du ukitzen hasiera batean emandako Ingurumen baimen integratuaren indarraldia, eta 2015eko urriaren 11n bukatuko da. Berritu nahi izanez gero, titularrak indarraldia bukatu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, berritzeko eskatu beharko du, erregelamenduz ezarriko den prozedura administratiboari segituz.

4. Aldaketaren ondoren, ez da irekitzeko beste baimen bat eskatu beharrik izanen aldatutako instalazioa abian jartzeko.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

7. Ebazpen hau jakinaraztea Graftech Iberica, S.L.ri, Ororbiako Udalari (Oltza Zendea), Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Ingurumen Zaintzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko urtarrilaren 19an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas, 9-behea), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1101264