45. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

92/2011 FORU AGINDUA, otsailaren 3koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, desgaitasun aitortua duen seme edo alaba bakoitzeko Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioentzako familia-laguntzari buruzkoa.

Martxoaren 30eko Foru Legearen bidez onetsi zenetik, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 50. artikuluak aurreikusten du urritasun fisikoa edo psikikoa duen seme edo alaba bakoitzeko diru kopuru ematea funtzionarioei, familia-laguntzaren arautze barruan. Xedapen hori garatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen Ordainsariei buruzko behin-behineko Erregelamenduaren (uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsia) 39. artikuluak zehazten du zein kasutan betetzen den egitatezko baldintza hori. Azkenik, Lehendakaritzako kontseilariak ekainaren 21ean emandako 22/1993 Foru Aginduaren bidez Minusbaliatuen Diagnostikorako, Baloraziorako eta Orientaziorako Oinarrizko Zentroari esleitzen zaio egoera horietako batean dagoen ala ez dagoen ziurtatzen duen txosten teknikoa emateko eskumena.

Batzuetan, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren arduradunek laguntza hori emateko egin behar duten txosten teknikoaren edukiari buruzko zalantzak planteatu dituzte. Izan ere, Ordainsariei buruzko behin-behineko Erregelamenduaren 39. artikuluaren testua ez dator bat gaur egungo desgaitasunaren definizioarekin, eta txostena ezin omen da egin artikulu horretan adierazitako kasu batzuei dagokienez.

1984ko erregelamendu horretan ezarritako kasuak orduan indarrean zegoen minusbaliatu fisiko edo psikikoen (gaur egun, desgaitasuna dutenen) sailkapen orokorraren araberakoak ziren. Gainera, Gizarte Segurantzak erabiltzen zuen sailkapen hori bere prestazioak aitortzeko eta ordaintzeko.

Ordutik hona, desgaitasunaren gaineko gogoeta asko aldatu da, maila guztietan, baita lege-tratamentuan ere. Alde horretatik, desgaitasuna aitortzeko aplikatu behar diren baremoak etengabe eguneratzen dira, eritasun pronostikoen aldaketei, aurrerapen mediko-funtzionalei eta agertzen diren patologia berriei egokitzeko. Beste aldetik, desgaitasun maila adierazteko ehuneko bat erabiltzen da. Ehuneko hori lortzeko, norberaren jardueran antzemandako mugen mailak eta, kasua bada, gizarteratzeko oztopoak diren faktore sozial osagarriak baloratzen dira.

Hori horrela, gaur egun prestazioak eta laguntzak jasotzeko eskubidea aitortzearen ondorioetarako, desgaitasuna duten pertsonak dira %33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortua dutenak. Desgaitasuna duen pertsonatzat jotzeko ehuneko hori hartzen dute kontuan Aukera berdintasunari, diskriminazio ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legearen 1. artikuluak eta Gizarte Segurantzaren familia prestazioei buruzko araudiak.

Horregatik, arauzko aurreikuspen hori osatu behar da, desgaitasuna aitortua duen seme edo alaba bakoitzeko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzionarioentzat ezarritako familia laguntza desgaitasunari buruzko lege-arauarekin bat datorrela bermatzeko.

Horrenbestez, ikusirik Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak emandako txostena, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Ordainsariei buruzko behin-behineko Erregelamendua onesten duen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Mendekotasun Agentziako organo eskudunak eman behar duen txostena, desgaitasun aitortua duen seme edo alaba bakoitzeko familia laguntzari buruzkoa (Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 50. artikuluan eta Ordainsariei buruzko behin-behineko Erregelamenduaren 39. artikuluan aurreikusita), desgaitasun-mailen deklarazioari eta kalifikazioari buruzko araubide orokorraren arabera eginen da.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko otsailaren 3an.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1102167