42. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5E/2011 FORU AGINDUA, otsailaren 21ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, gizarte bazterketa pairatzen duten pertsonak kontratatzea xede duten gizarte enplegu babestuko proiektuei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen arabera, botere publikoen jarduketek funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste, gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa sustatzea arlo guztietan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa-egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezan bultzatzea, batez ere giza talde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateen bidez.

Eskubide Sozialen Gutun baterako apirilaren 6ko 9/1999 Foru Legeak xedetzat du, Nafarroan bizi direla eta bertan erroldaturik daudela, gutxienez bi urteko antzinatasuna duten herritar guztiei aukerak ematea lana izateko eta oinarrizko errenta bat jasotzeko, herritar gisa dituzten eskubide guztiez osotara baliatu daitezen. Bertan adierazten denez, Nafarroako gizartean birmoldaketa ekonomikoak eta berrikuntza teknologikoak sortu dituzten desegokitzapen sozialetan esku hartzeko tresnak ezarriko dira (egiturazko langabezia, lan prekarietatea, txirotasunaren hazkundea eta bazterketa soziala egoera kroniko bihurtzea gero eta herritar gehiagorentzat).

Apirilaren 26ko 130/1999 Foru Dekretuaren bitartez laguntza ekonomikoak arautu ziren gizarte bazterketa pairatzen duten pertsonei zuzendutako gizarteratze eta laneratze egitarauak garatzeko. Foru dekretu horren 1. kapituluan enplegu sozial babesturako laguntzak aurreikusten dira.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. "Bermatu gabeko prestazioak" izeneko II. eranskinean, D.2 puntuan, enplegu sozial babesturako diru-laguntzak ezartzen ditu, eta xedatzen baliabide horren helburua dela toki entitateek edo irabazi-asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateek bultzatutako proiektuak, interes kolektibokoak eta irabazi-asmorik gabekoak laguntzea, gizarte bazterketa pairatzen duten pertsonak, oinarrizko errenta jasotzen duten unitateetako kideak, aldi baterako kontratatzen badituzte, enplegu normalizatuaren bidez gizarteratzeko dituzten aukera hobeak emanen dizkieten ohitura eta trebetasunak eskuratuz.

Arau horietako aurreikuspenek bat etorri behar dute Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legekoekin. Foru lege horretan, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik emandako diru-laguntzei dagokien araubide juridiko orokorra ezarri da. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xedeko egoeran daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko.

Bestalde, kontuan hartu behar da ekainaren 5eko 7/2009 Legean ezarritakoa, %0,7ko erreserbaren kargura lagundu beharreko taldeen artean prestaziorik gabeko langabetuak daudela baitio, eta GKEek edo gizarte ekimeneko entitateek laguntzak gauzatu behar dituztela. Lege horretan ezarritakoa betetzeko, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak deialdiaren aldeko txostena eman zuen 2010eko abenduaren 17ko bilkuran.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoak ikusita, hurrenez hurren adierazten dute diru-laguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta bere oinarri arautzaileak legezkoak.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Toki entitateei eta gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko 2011. urteko deialdiaren oinarriak onestea, enplegu sozial babestuari laguntzeko xedearekin. Oinarriak foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. Toki entitateek gauzatutako proiektuetarako, 4.000.000,00 eurorako baimena ematea, "Enplegu sozial babestuaren programa" izeneko 900003 91600 4609 231602 kontu-sailaren kargura, eta 2.005.000,00 eurorako baimena "Krisiaren aurkako neurriak 11. Oinarrizko errentaren hartzaileen kontratazioa gizartearentzat interesa duten jarduerak egiteko" izeneko 900003 91600 4609 231603 kontu-sailaren kargura, biak 2011ko ekitaldikoak; eta gizarte ekimeneko entitateek bultzatutako proiektuetarako, 150.000,00 eurorako baimena ematea, "PFEZren %0,7ko funtsa. Prestaziorik gabeko langabetuendako laguntza" izeneko 900003 91600 4819 231502 kontu-sailaren kargura, 2011ko aurrekontukoa; betiere, kreditua badute.

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

4.000.000,00

G/900003/4609/231602: (**) Enplegu sozial babestuko programa

2011

2.005.000,00

G/900003/4609/231603: Krisiaren aurkako neurriak 11. Oinarrizko errentaren hartzaileen kontratazioa gizartearentzat interesa duten jarduerak egiteko

2011

150.000,00

G/900003/4819/231502: PFEZeko %0,7ko funtsa. Prestaziorik gabeko langabetuendako laguntza

2011

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

5. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi izanen dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2011ko otsailaren 21ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

Toki entitateei eta gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak
emateko 2011. urteko deialdiaren oinarriak, enplegu sozial
babestuko proiektuak laguntzeko xedearekin

1. Xedea, jarduketa eremua eta helburua.

Deialdi honen xedea da toki entitateei eta gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, Nafarroako Foru Komunitatean 2011n gauzatuko dituzten enplegu sozial babestuko programak laguntzeko xedearekin.

Diru-laguntza horien bidez irabazi-asmorik gabeko interes kolektiboko proiektuak finantzatuko dira, toki entitateek eta gizarte ekimeneko entitateek bultzaturik, gizarte bazterketa pairatzen duten pertsonak edo arrisku horretan daudenak, oinarrizko errenta jasotzen duten unitateetako kideak, aldi baterako kontratatzen badituzte, lan munduan txertatzeko aukera hobeak emanen dizkieten ohitura eta trebetasunak eskuratuz.

2. Entitate eskatzaileen eta kontratatutako pertsonen betebeharrak.

2.1. Nafarroako toki entitateek eskuratzen ahal dituzte deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak.

Era berean, baldintza hauek betetzen dituzten gizarte ekimeneko entitateek ere eskuratzen ahal dituzte diru-laguntzak:

a) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Zerbitzuen Erregistroan edo erregelamenduz dagokienean inskribatuta egotea.

b) Irabazi asmorik ez izatea.

c) Haien jardueraren xede nagusietariko bat, haien estatutuetan xedaturikoarekin bat, gizarte bazterketa pairatzen duten pertsonak gizarteratzea eta lan munduan sartzea izatea.

d) Sozietatearen helbidea edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroan izatea.

e) Zerga arloko betebeharrak, hau da, Gizarte Segurantzarekikoak eta Nafarroako Zerga Ogasunarekikoak, eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea.

f) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

Aipatutako betebehar horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diruz lagundutako jarduerak irauten duen denbora guztian bete beharko dira.

2.2. Proiektu horiek egiteko kontratatzen diren pertsonek gizarte bazterketa pairatu beharko dute, edo horrela gertatzeko arriskuan, oinarrizko errenta jasotzen duten unitateetako kideak izan beharko dute, lan egiteko adina izanen dute, eta, etorkinak badira, lanerako baimena. Egoera hori Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako gizarte langileek egindako txosten sozialaren bidez frogatuko da, gizarteratu eta laneratzeko itun bat izenpetuta; itun horretan lan ingurunean trebetasun eta ohiturak ikasteko fase bat aurreikusiko da, ibilbideko faseen artean. Gizarteratu eta Laneratzeko Zerbitzua, Gizarteratze eta laneratze lantaldeak (EISOL) izeneko zerbitzuan arreta emandako erabiltzaileen kasuan zerbitzuko arduradunak ere izenpetuko du ituna.

Oinarrizko errenta jasotzen duten unitateetako kide izan gabe, gizarte bazterketa pairatu edo hala egoteko arriskuan diren pertsonak ere kontratatzen ahal dira, gizartean eta lan munduan txertatzeko baliabide bat behar badute ibilbide bat burutzeko. Txosten sozial baten bitartez, behar bezala justifikatu beharko da salbuespen hori, eta Gizarteratze Atalari igorri. Gizarteratze Atalak baimena eman beharko du kontratazioa egin aurretik.

Gizarte ekimeneko entitateen kasuan, gizarte zerbitzu oinarrizkoekin koordinazio egokia bermatuko da, parte-hartzaileak proiektura bideratzeko eta proiektuak irauten duen bitartean eta bukatu ondoren haien jarraipena egin ahal izateko. Orobat, pertsona horiek langabezian egon beharko dute kontratatzeko unean.

3. Proiektuen betebeharrak.

3.1. Kontratazioari buruz:

a) Entitate eskatzaileek ezin izanen dute enplegu sozial babestuko proiektu bat baino gehiago aurkeztu. Proiekturen bat bakarka aurkeztu duten toki entitateek ezin izanen dute beste toki entitateekin batera beste proiekturik aurkeztu.

b) Proiektuek iraupen jakin bat izanen dute, 6 eta 12 hilabete artekoa, eta 2011ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarte gauzatu beharko dira. Langileak hainbat datatan sartzen ahal dira proiektuetan, bakoitzak gizartean eta lan munduan txertatzeko duen ibilbidearen arabera enplegua eskuratuz.

c) Lanerako kontratuak aldi batekoak izanen dira, gehienez ere hamabi hilabetekoak, indarra duten legeetan baimendutako aldi bateko edozein kontratatazio mota erabiliz. Langile bakoitzarentzat izanen duen iraupena zehazteko garaian, kontuan hartuko da kontratuak bide ematea aurrerago lana lortzeko behar diren ohiturak eta kualifikazioa bereganatzeko.

d) Lanaldiaren iraupena aldakorra izan daiteke, langileen behar desberdinetara egokitzeko: hiru ordukoa gutxienez eta lanaldi osokoa gehienez. Laneko denboran sartuta dago proiektuan aurreikusitako jarduera guztiak betetzeko erabilitakoa ere.

3.2. Egin beharreko lanei buruzkoak:

a) Bete beharreko lanek errentagarritasuna izanen dute helburu, hau da, langileen lana lortzeko aukerak hobetzea, eta beraz jardueren bitartez kualifikazioa emanen zaie langileei kasuan kasuko jarduketa-eremuan atzemandako enplegu sorburuei begira.

b) Garrantzi berezia emanen zaio emakumeek lana aurkitzeko aukerak hobetuko dituzten ekintzen diseinuari.

3.3. Prestakuntza jarduerei buruzkoak:

a) Hauek izanen dira prestakuntza jardueren xedeak:

-Kontratuaren xedeko lanak egiteko ezagupenak eta trebetasunak ikastea.

-Prestakuntza maila edo lanbide gaitasunak lan merkatuko eskakizunetara egokitzea.

-Norberaren egonkortasuna, bizikidetzako oreka, gizarteratzea eta gizartean parte hartzea bultzatzeko behar diren elementuak eskuratzea.

b) Prestakuntza jarduerek kontratuko denbora osoaren %15 eginen dute gehienez.

3.4. Toki entitateek, eduki eta ezaugarrien aldetik, beren gain hartu ezin dituzten proiektuak aurkeztu beharko dituzte gizarte ekimeneko entitateek.

4. Eskaerak aurkeztea.

4.1. Aurkezteko epea eta tokia.

Entitate sustatzaileek aurkeztu beharko dituzte eskabideak, entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatutak, 30 egun naturaleko epean deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Eskaerak aurkeztuko dira Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Erregistroan (González Tablas kalea, 7, 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietako edozeinetan. Gainera, eskaera ez bada Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren erregistro batean aurkezten, entitate interesdunak egun berean jakinarazi beharko dio Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratzen Zerbitzuari, telefaxaren bidez (948240108), eskabidea igorri izana.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, telefax baten bidez jakinarazi beharko dio Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari eskaera igorri duela.

4.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak, entitatearen ordezkariak behar bezala sinatuta, honako agiri hauek erantsirik aurkeztu beharko dira:

a) Entitate sustatzaileak egin gogo duen proiektua, horretarako prestatutako ereduarekin bat. Eredua Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko bulego nagusietan (González Tablas kalea, 7) eta erakunde beraren web gunean (www.cfnavarra.es/Ayudas y Becas) eskuratzen ahalko da.

b) Enplegu sozial babestuko proiektuan aurretik parte hartu gabeko entitate sustatzaileak direnean, transferentzia bidez ordaintzeko eskaera ere erantsi beharko dute.

c) Entitate eskatzailea gizarte ekimeneko entitate bat denean, honako agiriak ere erantsi beharko ditu:

-Entitatearen estatutuak.

-Helbidea Nafarroan duela edo, bestela, ordezkaritza iraunkorra Foru Komunitatean duela frogatzen duen agiria.

-Entitatea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren Gizarte Zerbitzuen Erregistroan edo erregelamenduz dagokion beste erregistro batean inskribaturik dagoela frogatzen duen ziurtagiria edo bestelako frogagiria.

-Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Lege Orokorreko 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

-Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitateak Gizarte Segurantzarekiko eta Nafarroako Zerga Ogasunarekiko zerga arloko betebeharrak eguneratuta eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak dituela dioena.

-Identifikazio fiskaleko txartela.

-Diru-laguntzaren eskabidea sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

Aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo, bestela, notario batek edo administrazioak berak kautoturiko fotokopiak.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, c) letran eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago (erantzukizuneko aitorpenak izan ezik), baldin eta horien ziurtagiria Foru Komunitateko Administrazioko organoek eman behar badute edo Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat egin daiteke, inguruabar hori azaltzeko.

Eredu normalizatuaren arabera aurkeztutako proiektua sendotzeko, entitate interesdunak bere eskaerari laguntzeko interesgarritzat jotzen dituen agiriak aurkez ditzake.

4.3. Eskabideko akatsak zuzentzea.

Instrukzio organoak, eskaerarekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezik, entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.

5. Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratze Atalari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaileotan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, atal horretaz ari da.

Organo instruktoreak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri hauetan ezarritako irizpide, modu eta lehentasunak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Laguntzak emateko prozeduraz ebazteko eskumena Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak izanen du.

6. Balorazioa.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidean tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

6.1. Diru-laguntzaren eskaerak honako bi modalitate hauetan banatuko dira, baloratzeko:

a) Toki entitateen eskaerak, enplegu sozial babestuko proiektuetarako.

b) Gizarte ekimeneko entitateen eskaerak, enplegu sozial babestuko proiektuetarako.

Instrukzio organoak eskaera hobeki baloratzeko edozein argibide eskatzen ahalko die entitateei.

6.2. Toki entitateendako enplegu sozial babestuko proiektuetarako diru-laguntzak balorazio irizpide hauen arabera emanen dira:

6.2.1. Proiektuaren bideragarritasuna (30 puntu).

A) Aurreko urteko antzeko proiektu amaituaren edo amaituen eraginkortasuna baloratuko da. Proiektuan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta aurreikusitakoaren arteko aldea neurtuko (15 puntu).

B) Aurten proposaturiko helburuak eta aurreko urtean bukatutako proiektuetan lorturiko emaitzak bat ote datozen aztertuko da (15 puntu).

A) eta B) ataletan 15na puntu emanen zaizkie, guztira, deialdi honen xedeko urtearen aurrekoan diru-laguntzarik jaso ez zuten entitateei.

6.2.2. Errentagarritasun soziala: enplegu sozial babestuko proiektuak komunitateari eta erabiltzaileari dakarkien onura (60 puntu).

A) Parte hartzaileak inguruko enplegu sorburuetarako kualifikatzeko jarduerak. (Parte hartzaileak aiseago enplegatu ahal izateko obra-lekuak eta jarduerak, inguruan lan eskaera dutenak, bideratuko dira) (5 puntu).

Jarduerak inguruko aukeren arabera dibertsifikatzea baloratuko da.

B) Enplegu sozial babestuan parte hartzen duten emakumeen kopurua. (10 puntu).

-Emakumezko parte-hartzaileak %50 edo gehiago (10 puntu).

-Emakumezko partehartzaileak %50 baino gutxiago, proportzioan murriztuko da puntuazioa.

C) Ezagupen eta trebetasunak eskuratzea, enplegu sozial babestuko proiektuan kontratatzeko. Proiektuaren egokitasuna inguruko errealitate ekonomiko eta sozialarekin (15 puntu).

C.1) Prestakuntza motak (8 puntu gehienez).

4 mota hauetako bat baizik ez da puntuatuko:

-Obra-lekuko monitoreak emandako prestakuntza: 8 puntu.

-Lanerako prestakuntzako eta egonkortasun pertsonaleko ikastaroak: 6 puntu.

-Lanerako prestakuntzako ikastaroak: 4 puntu.

-Egonkortasun pertsonaleko ikastaroak: 2 puntu.

-Zehaztu gabe: 0 puntu.

Proiektuan prestakuntzari buruzko daturik ematen ez bada, "Zehaztu gabe" ulertuko da, 0 punturekin.

C.2) Prestakuntzan emandako denbora (2 puntu gehienez).

Atal honi dagozkion datuak proiektuan zehazten ez badira, ez da punturik emanen.

C.3) Parte hartzaileen enplegurako etengabeko hobekuntza, baita gizartean eta lan munduan txertatzeko eskuratzen dituzten trebetasunak ere, neurtzeko erabili beharreko ebaluazio sistemaren deskripzioa (5 puntu gehienez).

Erabilitako tresna eta euskarriak baloratuko dira, helburu hauek dituztela:

-Erabiltzaileak bere gaitasunak eta mugak ezagutzea.

-Langile den aldetik dituen eskubideen eta betebeharren berri eman eta horiek bere gain hartzea.

-Pertsonen arteko komunikazioarekin lotutako gaitasunak lan harremanetan.

-Betetzen diren lan jardueretan edo beste batzuetan gaitasunak eta trebetasunak noraino lortu diren.

D) Proiektuak eragina izatea behar sozial handiena duten populazioguneetan (18 puntu).

D.1) Langabetuen portzentajea baloratuko da, kontuan hartuta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak inguruko populazio osoarekiko emandako azken datu ofizialak. Mankomunitateen kasuan, bai langabetuei buruzko datua bai populazio osoarena, mankomunitatea osatzen duten udalerrietako kopuruen batura eginen da (7 puntu gehienez ere).

D.2) Oinarrizko errenta jasotzen dutenen portzentajea baloratuko da (2010eko azaroaren 30ean), inguruko populazio osoarekiko (8 puntu gehienez).

D.3) Adimen osasuneko zentroetatik bideratutako pertsonak, hango jarraipenarekin (3 puntu).

-Plaza guztien %11tik 25era bitarte, 3 puntu.

-Plaza guztien %1etik 10era bitarte, 2 puntu.

-Bat ere ez edo plaza guztien %25 baino gehiago, 0 puntu.

5 plazako edo gutxiagoko proiektuetan portzentajea ez da kontuan hartuko. Gutxienez adimen osasuneko parte-hartzaile bat dagoenean 3 puntu emanen dira.

E) Udalen partaidetza (5 puntos).

Mankomunitateen kasuan, puntu bana emanen zaio lan jarduera proposatzen duen udal bakoitzari. Gehienez ere 5 puntu emanen dira, mankomunitatea osatzen duten udal guztien proportzioan kalkulatuta.

Populaziogune sakabanatuak dituen udalaren kasuan, haietako %25ean edo gehiagotan obra-lekuak egitea baloratuko da, 2,5 puntu.

Proiektua udal bakar batek aurkezten badu (0 puntu).

F) Koordinazioa eta laguntza, lan munduan txertatzeari buruzko baliabide publiko eta pribatuekin, 2 puntu:

Gizarteratze eta Laneratze lantaldeekin (EISOL), puntu bat.

Garapeneko agentziekin edo beste baliabide batzuekin (sindikatuak, enpresak etab.), puntu bat.

Baliabide horien koordinazioa eta laguntza baloratuko dira proiektua prestatzen, obra-lekuak zehazten, prestakuntza diseinatzen, parte hartzaileak hautatzeko irizpideetan, planteatutako helburuak lortu ote diren etab.

Maiztasuna ere baloratuko da, baita erabili beharreko prozedurak, tresnak eta euskarriak ere.

G) Berezitasuna eta berrikuntzak (5 puntu).

Enplegu sozial babestuko proiektuetan jardunbide egokiak sortzen dituzten jarduketa berezi eta berritzaileak. Alderdi hauetan, adibidez: lanean, metodologian, prestakuntza partekatuan, esperientzien hedapenean, sentsibilizazioan eta beste alderdi berritzaile batzuetan.

6.2.3. Toki entitateek enplegu sozialerako proiektuan eginiko gastua (10 puntu).

A) 5.000 bizilagun baino gutxiagoko oinarrizko eskualdea (5 puntu).

B) Parte hartzaileei lanbide arteko gutxieneko lansaria baino gehiago ordaintzen dieten entitateak (5 puntu).

6.3. Ekimen sozialeko entitateei enplegu sozial babestuko proiektuetarako diru-laguntzak emateko, balorazioak irizpide hauei jarraituko die:

6.3.1. Proiektuaren bideragarritasuna (35 puntu).

A) Proiektua entitatearen gaitasun teknikoekin, koherentzia ekonomikoarekin eta azpiegiturekin bat etortzea (5 puntu).

B) Aurreko urteko antzeko proiektu amaituaren edo amaituen eraginkortasuna baloratuko da. Proiektuan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta aurreikusitakoaren arteko aldea neurtuko (15 puntu).

C) Aurten proposaturiko helburuak eta aurreko urtean bukatutako proiektuetan lorturiko emaitzak bat ote datozen aztertuko da. (15 puntu).

B) eta C) ataletan 15na puntu emanen zaizkie, guztira, deialdi honen xedeko urtearen aurrekoan diru-laguntzarik jaso ez zuten entitateei.

6.3.2. Errentagarritasun soziala: enplegu sozial babestuko proiektuak komunitateari eta erabiltzaileari dakarkien onura (57 puntu).

A) Parte-hartzaileei berariazko enplegu sorburuetarako kualifikazioa emateko jarduerak (parte-hartzaileei lana aurkitzeko aukerak handitzeko obra-leku eta jarduerak eginen dira) (5 puntu).

Jardueren aniztasuna baloratuko da deialdiaren 3.4 baldintzari jarraikiz eta parte-hartzaileek enplegua lortzeko dituzten aukerekin bat.

B) Enplegu sozial babestuan parte hartzen duten emakumeen proportzioa (10 puntu).

-Emakumezko parte-hartzaileek %50 edo gehiago (10 puntu).

-Emakumezko parte-hartzaileek %50 baino gutxiago, proportzioan murriztuko da puntuazioa.

C) Ezagupen eta trebetasunak eskuratzea, enplegu sozial babestuko lanetan kontratatzeko. Proiektuaren egokitasuna inguruko errealitate ekonomiko eta sozialarekin (15 puntu).

C.1) Prestakuntza motak (8 puntu gehienez).

4 mota hauetako bat baizik ez da puntuatuko:

-Obra-lekuko monitoreak emandako prestakuntza: 8 puntu.

-Lanerako prestakuntzako eta egonkortasun pertsonaleko ikastaroak: 6 puntu.

-Lanerako prestakuntza ikastaroak: 4 puntu.

-Egonkortasun pertsonaleko ikastaroak: 2 puntu.

-Zehaztu gabe: 0 puntu.

Proiektuan prestakuntzari buruzko daturik ematen ez bada, "Zehaztu gabe" ulertuko da, 0 punturekin.

C.2) Prestakuntzan emandako denbora (7 puntu gehienez).

Atal honi dagozkion datuak proiektuan zehazten ez badira, ez da punturik emanen.

C.3) Parte hartzaileen enplegurako hobekuntza etengabea neurtzeko erabili beharreko ebaluazio sistemaren deskripzioa, baita gizartean eta lan munduan txertatzeko eskuratzen dituzten trebetasunak ere. (7 puntu bitarte).

Erabilitako tresna eta euskarriak baloratuko dira, helburu hauek dituztela:

-Erabiltzaileak bere gaitasunak eta mugak ezagutzea.

-Langile den aldetik dituen eskubideen eta betebeharren berri eman eta horiek bere gain hartzea.

-Pertsonen arteko komunikazioarekin lotutako gaitasunak lan harremanetan.

-Betetzen diren lan jardueretan edo beste batzuetan gaitasunak eta trebetasunak noraino lortu diren.

D) Entitateak gizarte zerbitzu oinarrizkoekin/auzoko unitateekin aurreikusitako koordinazioa, baita lan munduan txertatzeko baliabide publiko eta pribatuekin ere (5 puntu).

Maiztasuna baloratuko da, baita erabili beharreko prozedurak, tresnak eta euskarriak ere.

E) Berezitasuna eta berrikuntzak (15 puntu).

Enplegu sozial babestuko proiektuetan jardunbide egokiak sortzen dituzten jarduketa berezi eta berritzaileak. Alderdi hauetan, adibidez: lanean, metodologian, prestakuntza partekatuan, esperientzien hedapenean, sentsibilizazioan eta beste alderdi berritzaile batzuetan.

6.3.3. Gizarte ekimeneko entitateek beraiek antolatutako antzeko jardueretan hartutako esperientzia (8 puntu).

A) Entitateak gizarteratu eta laneratzeko dituen beste baliabide batzuk, esate baterako: Gizarteratze eta laneratze zentroa, laneratze enpresak, kooperatibak, autoenpleguko proiektuak, enpresetako praktikak etab. (4 puntu).

B) Entitateak baztertutako pertsonentzako Europako laneratze programetan parte hartu izana azken 5 urtean (2 puntu gehienez).

C) Entitateak tokiko, autonomia erkidegoko, erregioko, nazioko, Europako nahiz naziorteko egituretan parte hartzea (2 puntu gehienez).

Diru-laguntza hartu ahal izateko, gizarte ekimeneko entitateen proiektuek gutxienez ere 50 puntu lortu beharko dituzte.

7. Diru-laguntzaren zenbatekoaren esleipena.

7.1. Diruz lagundu daitekeen zenbatekoaren kalkulua.

Gizarte enplegu babestuko proiektuak egiteko diru-laguntzetan gehienez ere kontzeptu eta zenbateko hauek sartuko dira:

a) Lanpostuengatiko diru-laguntza: Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren %140 gehienez (hilabeteko eta lanaldi osoko plazako 1.047,62 euro gehienez). Entitate eskatzaileek aurrekontuaren zenbateko horren gainetikoa hartuko dute bere gain, betiere diruz laguntzen diren plazen kopuruaren arabera. Plazak honela ulertzen dira: lanaldi osoko bihurtu diren lanpostuak, proiektuaren aurreikusitako aldirako, zein parte-hartzailek hartuko duten eta parte-hartzaile bakoitzak zenbat kontratu izango dituen kontuan hartu gabe.

b) Jarduera osagarrietarako, sustapenekoak, eta laguntzako langileak kontratatzeko diru-laguntza: lanpostuengatik emandako diru-laguntzaren % 30 gehienez.

c) Prestakuntza jarduerengatiko diru-laguntza: lanpostuengatik emandako diru-laguntzaren zenbateko osoaren %15 gehienez.

Eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da proiektuaren kostu osoaren arabera. Kostu hori lortuko da kontzeptu hauek batuz:

-Eskatutako plazen kopuruaren eta plazako gehienez diruz laguntzen ahal den zenbatekoaren (edo, txikiagoa bada, eskatutako zenbatekoaren) arteko biderketaren emaitza.

-Laguntzako langileak kontratatzeko eta prestakuntza jarduerengatiko eskatutako zenbatekoa, betiere diruz laguntzeko ezarritako mugak kontuan hartuta.

Baterako finantzaketa: horrelakotzat hartuko dira entitateak ematen dituen zenbatekoak, lehentxeago esandako diruz lagundu daitezkeen kontzeptuetarako.

7.2. Toki entitateak.

Diru-laguntzaren zenbatekoa lorturiko puntuen arabera esleituko da, eta eskatutako zenbatekoaren portzentaje tarte hauek ezarrita.

TARTEAK

PORTZENTAJEA
%

80 puntutik 100 puntura

100

75 puntutik 79 puntura

97

70 puntutik 74 puntura

94

65 puntutik 69 puntura

91

60 puntutik 64 puntura

88

55 puntutik 59 puntura

85

50 puntutik 54 puntura

82

45 puntutik 49 puntura

79

40 puntutik 44 puntura

76

25 puntutik 39 puntura

60

Gehienez ere 24 puntu

50

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatu eginen dira.

Hainbanatu ondoren, entitateei diru-laguntza ematea proposatuko zaie, zenbateko osoa sailez sail xehakatuta, baita datu hauek ere:

-Diruz lagundu daitezkeen plazen kopurua.

-Laguntzako langileentzako eta prestakuntzarako emandako portzentajea.

-Entitateak baterako finantzaketarako eman behar duen zenbatekoa, eskabidean adierazitako baterako finantzaketaren portzentajearen arabera.

-Diru-laguntza ematearen parametroak zehatz-mehatz betetzeko eta justifikatzeko beharra.

7.3. Gizarte ekimeneko entitateak.

Diru-laguntzaren zenbatekoa lorturiko puntuen arabera esleituko da, gutxienez 60 puntu lortuta eta eskatutako zenbatekoaren portzentaje tarte hauek ezarrita.

TARTEAK

PORTZENTAJE
%

80 puntutik 100 puntura

100

75 puntutik 79 puntura

97

70 puntutik 74 puntura

94

65 puntutik 69 puntura

91

60 puntutik 64 puntura

88

55 puntutik 59 puntura

85

50 puntutik 54 puntura

82

45 puntutik 49 puntura

79

40 puntutik 44 puntura

76

25 puntutik 39 puntura

60

Gehienez ere 24 puntu

50

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatu eginen dira.

Hainbanatu ondoren, entitateei diru-laguntza ematea proposatuko zaie, zenbateko osoa sailez sail xehakatuta, baita datu hauek ere:

-Diruz lagundu daitezkeen plazen kopurua.

-Laguntzako langileentzako eta prestakuntzarako emandako portzentajea.

-Entitateak baterako finantzaketarako eman behar duen zenbatekoa, eskabidean adierazitako baterako finantzaketaren portzentajearen arabera.

-Emandako diru-laguntzaren parametroak zehatz-mehatz betetzeko eta justifikatzeko beharra.

8. Prozeduraren gaineko ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak baloratu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du diru-laguntzen gainean.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta hura emateko arrazoiak, diru-laguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Emanez gero, diru-laguntzaren helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Jakinarazpen hori deusetan galarazi gabe, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko iragarki oholean (González Tablas kalea, 7, 31005 Iruña) argitaratuko da. Argitalpen horretan deialdia, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua eta programa, onuradunak, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute gizarte ekimeneko entitateek, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, jakinarazpena egin edo, hala denean, eskaeraren ustezko ezespena izan eta hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedaturikoarekin bat.

Nafarroako toki entitateek zilegi izanen dute berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazpena egin edo, hala denean, eskaeraren ustezko ezespena izan eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

9. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, Estatukoek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

Hala ere, zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

10. Proiektuak betetzea.

3.1.b puntuan jasotakoari jarraikiz, proiektua hasiko da entitate sustatzailearen iritziz beharrezkoa denean eta egin daitekeenean, hartzaileak sartzeko ibilbidea kontuan hartuta. Hartzaileak banaka sartuko dira proiektuan eta bertatik alde eginen, bertan aurreikusitako faseak betez eta gizarteratu eta laneratzeko itunean adierazitakoarekin bat.

Proiektuak amaitzeko muga-eguna 2011ko abenduaren 31 izanen da.

11. Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazio ekonomikoa.

11.1. Diru-laguntzaren ordainketa.

Honela ordainduko da diru-laguntza: %25a, aurrerakin gisa, kontzesioaren ebazpena sinatzen denean; gainerakoa, gastu onargarri gisa aurkezten den justifikazioaren arabera. Entitateak aurrerakin gisa izan dezakeen diru kopurua ez da inoiz %25etik gorakoa izanen.

Azken ordainketarako justifikazioa 2011ko abenduaren 7a baino lehen aurkeztuko da.

Aurreko atalean aurreikusitako aurrerakinak emateko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren berariazko baimena, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

11.2. Justifikazioa.

Tarteko ordainketak sortzeko, diruz lagundutako gastuak frogatzeko honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Langileen gastuak:

Toki entitatearen idazkariak edo gizarte entitatearen ordezkariak emandako ziurtagiria erantsi beharko da, ereduaren araberakoa, baita EINeko bulegoan erregistratutako lan kontratuak ere. Gizarte ekimeneko entitateen kasuan, ziurtagiria erantsi beharko da, baita honakoak ere: Gizarte Segurantzako kotizazioko buletin ofizialak (TC1 eta TC2), justifikatu beharreko aldikoak, eta langileak izenpetutako nominen hartu-agiriak, ordainketa agiriak gehituta. Esandako guztia laguntzako langileak, prestakuntzako jardueren irakasleak eta proiektuaren hartzaile diren langileak kontratatzeko gastuak justifikatzeko.

b) Diru-laguntzaren xedeko proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, agiri zenbakia, kontzeptua, emailea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta egiazki noiz pagatu zen adieraziz. Zerrenda horrekin batera, gastuaren eta ordainketaren frogagiriak aurkeztuko dira (jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak). Frogagiri gisa, banku laburpenak, gordekinak eta fakturak onartuko dira bakar-bakarrik. Horietan, jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, fakturazio betebeharrak arautzeko erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Jatorrizko fakturak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztu izan balira bezala zigilatuko dira, hartutako diru-laguntza justifikatzearren.

Diruz lagundu ahal diren gastutzat hartuko dira, bakar-bakarrik, diruz lagundutako proiektuetan aurreikusitako jarduerak egiteko instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen dituenak.

Ordainketarako eskubidea sortzen duten zatikako justifizioetan, bakarrik zenbatuko dira diruz lagundu diren kontezptuen zenbatekoak.

Proiektua bukatu eta bi hilabeteko epean entitateak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari agiri hauek aurkeztu behar dizkio:

-Amaierako memoria teknikoa, horretarako prestatutako ereduarekin bat. Eredua Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko bulego nagusietan (González Tablas kalea, 7, 31005 Iruña) eta erakunde beraren web gunean (www.cfnavarra.es/Ayudas y Becas) eskuratzen ahalko dute entitate interesdunek.

-Ordaindutako diru kopuru guztien justifikazio ekonomikoa, hurrengo ordainketetarako baldintzetan, eta 11.1 atalean adierazitakoa bete ondoren.

-Jarduerak, diru-laguntzaz gain, funts berekiekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, zatikako justifikazioak egin bezala frogatuko beharko da, eta adierazi justifikazioan diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

-Proiekturako hartutako finantzazioak proiektuaren guztirako gastuaren %100a ez duela gainditzen ziurtatzen duen agiria.

12. Diru-laguntzen kontrola.

Diru-laguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko noizean behin, proiektuak gauzatzen direla ziurtatzeko, baita diru-laguntzak jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzeko ere.

Entitate onuradunak behartuak daude organo emaileari dagozkion kontrolak eta Espainiako eta Europar Batasuneko kontrol organo eskudunei dagozkien egiaztapen eta kontrol finantzario guztiak erraztera.

13. Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Diru-laguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak deialdi honetako oinarri arautzaileen, baldintzen eta betebehar formal eta materialen arabera gauzatzea eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea. Gauzatze horrek, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatu eta gidatzea hartzen du bere baitan, baita beharrezkoak diren baliabideak jartzea ere.

b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Diruz lagundutako entitateek proiektuen zabalkundean eta publizitatean diru-laguntza nork eman duen adierazi beharko dute, uztailaren 2an Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emandako 211/2010 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat. Izan ere, foru agindu horren 2. artikuluaren baldintza orrokorrak eta 4.1 b) artikuluaren berariazko baldintzak bete beharko dituzte.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen ordenamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

e) Jasotako funtsen erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

g) Entitatearen izaera dela-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

h) Proiektuak kontratatutako langileei dagokienez berarekin dakartzan lan arloko betebeharrak betetzea.

i) Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusira igortzea partaideen txosten sozialak eta gizarteratu eta laneratzeko ituna, lan kontratuekin batera, kontratatu eta hilabeteko epean gehienez ere.

j) Deialdi honetan eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

k) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak betetzea.

14. Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

14.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa, alegia, beste batzuekin diru-laguntzaren xede den jardueraren hein bateko gauzatzea hitzartzea. Onuradunak berez diru-laguntzaren xede den jarduera egiteko pagatu behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

Onuradunak gehienez ere diru-laguntzaren xede den jardueraren zenbatekoaren %50a erabiltzen ahalko du azpikontratazioetarako. Hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20a gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa kontratua idatziz sinatu beharraren mende egonen da.

14.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obra egiteko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipamendu ondasunen hornidurak edo zerbitzu emateak egiten dituztenean, onuradunak frogatu beharko du emailearen aurrean hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Kasu horietan, gizarte ekimeneko entitateek gutxienez ere helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin kontsultatu eta negoziatu beharko dituzte kontratuaren baldintzak eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko dute. Entitate onuradunak kontsulta tramitearen inguruko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Enpresa batzuei kontsultatu beharra ez da gauzatuko, diru-laguntzaren xede diren ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

Toki entitate onuradunek, berriz, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeak arlo horretan ezartzen dizkieten betebeharrak betetzen dituztela frogatu beharko dute.

15. Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako proiektuaren edo proiektuen edukia aldatzeko eskatzea, baita hura egiteko modua eta epeak ere, programa gauzatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero.

Proiektua aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira; betiere, diru-laguntzaren xedeko programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, administrazioak onarturik egon ala ez, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

16. Laguntza itzultzea.

Proiektua burutu ezik edo diru-laguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak bete ezik, harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza interesak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak goian aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik hamabi hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

17. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

18. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren administrazio errekurtsoak.

Gizarte ekimeneko entitateek deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Nafarroako toki entitateek zilegi izanen dute deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

19. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarritakoaz gainera, aplikatzekoak dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea, Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duen 69/2008 Foru Dekretua, eta apirilaren 26ko 130/1999 Foru Dekretua, gizarte bazterketa pairatzen duten pertsonei zuzendutako gizarteratze eta laneratze programak garatzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituena, aurrekoei kontra egiten ez dieten heinean.

Iragarkiaren kodea: F1103255