42. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

DEIALDIA, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak otsailaren 16an emandako 15/2011 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko fisioterapeuta izateko 6 lanpostu oposizio bidez betetzekoa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak otsailaren 16an emandako 15/2011 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko fisioterapeuta izateko sei lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen.

Hautapen prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, hori garatu eta betearazteko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen oinarriak.

1.-Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da fisioterapeuta izateko 6 lanpostu, funtzionario araubidekoak, B mailakoak, oposizio bidez betetzea. Txanda hauetan banatuko dira:

-3 lanpostu, txanda irekian.

-3 lanpostu, igoera txandan.

1.2. Deialdiko lanpostu hutsak hauek dira:

-Bi lanpostu Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Nafarroako Mendekotasun Agentzian:

  • Lanpostu bat "Santo Domingo" zahar-etxean aritzeko, Lizarran. Plantillako zenbakia: 7231.
  • Lanpostu bat "El Vergel" zahar-etxean aritzeko, Iruñean. Plantillako zenbakia: 6562.

-Lau lanpostu, B motako ibilgailuak gidatzeko baimena behar dutenak, Hezkuntza Departamentuaren Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroan (NHBBZ):

  • Hiru lanpostu Nafarroako Eremuan (euskararen 1. jakite-maila behar da). Plantillako zenbakiak: 36119, 36120 eta 37437.
  • Lanpostu bat Tuterako Eremuan. Plantillako zenbakia: 36122.

1.3. Igoera txandako lanpostuak hutsik geldituz gero, izangaiek ez dutelako hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortu, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bestalde, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, deialdiaren 7.2 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean, deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko lerroaldean adierazitako modu berean.

1.4. Lanpostuen ordainsariak hauek izanen dira: uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduan B mailarentzat oro har ezarritakoak eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan kasu bakoitzerako ezartzen direnak.

1.5. Halaber, deialdi honen bidez, hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hauek osatu nahi dira:

-Probak gainditu arren, lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, departamentu eta erakunde autonomo guztietarako.

-Administrazio Erroan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda.

Izangaien zerrenda horiek deialdi honen 10. oinarrian xedatutakoaren arabera onetsi eta kudeatuko dira.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea bukatzen denetik (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko baldintzak.

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Fisioterapeuta titulua, Erizaintzako unibertsitate-diploma (Fisioterapia espezialitatea) edo titulu baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Lanpostu ibiltariak direnez, Hezkuntza Departamentuari atxikitako lanpostuetarako, izangaiek B motako ibilgailuak gidatzeko baimena eduki behar dute.

e) Euskararen 1. jakite-maila behar duten lanpostuetarako, B2 mailako ziurtagiria edo titulu baliokidea izatea. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenaren bidez (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak ezarri dira, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

Izangaiak, ziurtagiri edo titulu hori ez badu, proba bat egiteko aukera izanen du, eta horrela zehaztuko da nahikoa den maila ote duen hizkuntza horretan. Interesdunek, proba hori egin nahi badute, deialdian parte hartzeko eskabidean adierazi beharko dute, dagokion tokian.

f) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

g) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela diziplina zehapenik edo zigor penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dienik.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek bete beharreko baldintzak.

Igoera txandako izangaiek, aurreko atalean adierazitako baldintzez gain, hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateariari transferitutako Justizia Administrazioaren zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez benetan eman dituztela zerbitzuak kidego horietan.

Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txandan parte hartzeko gainerako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

2.2. Izendatua izateko proposatzen den izangaiak betebehar horiek frogatu beharko ditu, deialdiaren 7.2 atalean ezarritako epean eta moduan. Salbuespen izanen dira agiri horiek eskabidearekin batera aurkeztu behar dituzten izangaiak, 3. oinarriarekin bat.

3.-Eskaerak aurkeztea eta tasak ordaintzea.

3.1. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 40 euroko tasa ordaindu beharko da. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, baztertu eginen da izangaia.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonek, hala onartu bazaie.

b) Deialdia argitaratu aurretik hilabetez gutxienez lan eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonek. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskaini zaizkien lan egokiei uko egin ez izatea eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izatea, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetean.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, dagokion enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko du. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diela uko egin handik eskainitako lan egokiei, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

Interesdunaren aitorpenaren bidez frogatuko da ez duela hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Aitorpen eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da edo, bestela, Internet bidez, arestian emandako helbidean.

Sistema hauetakoren bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

-Telematika bidez, 3.2 oinarriko A.1 letran adierazitako moduan.

-Behar den bezala betetako ordainketa-gutunaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko banku entitateetan ordaintzeko. Internet bidezko deialdian, www.navarra.es helbidean, "Enplegu Publikoa" atalean, ordainketa gutunaren eredua dago.

Tramiteak egiteko argibideak eta laguntza jaso ahal izanen dira herritarrendako laguntza bulegoetan. Horren gaineko informazioa dago Interneten, deialdiaren aipuan.

3.2. Eskabideak.

Eskabideak deialdi honen eranskineko ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskabide eredua Interneten bidez lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko Aldizkari Ofizialetik abiatuta, bai "Enplegu publikoa" atalean dagoen deialdiaren aiputik abiatuta.

Deialdian parte hartzeko eskabideak hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

Eskabideak aurkezteko, baliabide hauetako edozein erabil daiteke:

A) Bide telematikoa.

A.1. Internet bidez, deialdi honen fitxan den "Inskripzioa eta ordainketa telematikoa" izeneko estekan sartuta, Nafarroako Atariaren "Enplegu publikoa" atalean, www.navarra.es helbidean.

Aurkezteko eta ordaintzeko modu hau ezin izanen da erabili tasak ordaintzetik salbuesten duen frogagiria aurkeztu behar denean, ezta 3.3 oinarriko Bi eta Hiru zenbakietan aipatzen diren kasuetan ere.

A.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren web atarian eskura baitago.

B) Aurrez aurre.

Deialdian parte hartzeko eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan (bulegoen zerrenda Interneten dago, deialdiaren aipuan, izena emateko tokien atalean) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazi diren bideetakoren bat erabiliz.

Eskaera posta bulegoan aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azalak irekita egon beharko du, postetxeko langileek data eta zigilua jar diezaizkioten ziurtatu eta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrera (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) igorri aurretik.

3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Bat.-Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideengatik tasa ordaindu izanaren frogagiria.

Bi.-Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, lehengoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarrian jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskabideari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak badira.

Hiru.-3.2 oinarriaren (tasak salbuestea) A) atalean eta 8. oinarrian (lanpostuak aukeratzeko lehentasuna) xedaturikoari dagokionez eta, halaber, denboren eta baliabideen egokitzapena eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori agiri hauetako baten kopiaren bidez frogatu beharko dute:

-IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak luzatutako ziurtagiria.

-Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, erabateko ezintasun iraunkorra edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek ariketak egiteko denboren eta baliabideen egokitzapenak eskatzeko, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta aparteko orri batean azaldu beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten. Interesdunen eskura dago egokitzapenak eskatzeko eredu bat www.navarra.es web orrian, deialdiaren aipamenean, "Enplegu Publikoa" atalean.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eskuordetuta (103/2008 Ebazpena, ekainaren 26koa), ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gaineko ebazpena eman ondoren, Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eskuordetuta (103/2008 Ebazpena, ekainaren 26koa), ebazpena emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko, baldin eta beraiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen badira.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Isidra Roldán Arróniz andrea, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) zuzendaria.

-Ordezko mahaiburua: M. José Mendive Lerendegui andrea, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) orientatzailea.

-Mahaikidea: M. Jesús Condón Huerta andrea, Nafarroako Osasun Zerbitzuko Errehabilitazio Zerbitzuko burua.

-Ordezko mahaikidea: Aurelia Mena Mur andrea, Nafarroako Osasun Zerbitzuko Errehabilitazio Zerbitzuko medikua.

-Mahaikidea: Sara Rubio Ibarzo andrea, Nafarroako Mendekotasun Agentziako San José Zentroko fisioterapeuta.

-Ordezko mahaikidea: Jone Miren Noain Insausti andrea, Nafarroako Mendekotasun Agentziako Arreta Goiztiarreko Zentroko fisioterapeuta.

-Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposaturik izendatua.

-Ordezkoa: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposaturik izendatua.

-Mahaikide idazkaria: Margarita Sánchez Fontanas andrea, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) fisioterapeuta.

-Ordezko mahaikide idazkaria: Yolanda Mateo Marzo andrea, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) fisioterapeuta.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretako batean badaude, eta organo dei egileari hala jakinaraziko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren gainean sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2011ko irailean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehenengo ariketa: teorikoa, gai zerrendako (1., 2. eta 3. atalak) gaiei buruzko 80-100 galdera erantzun beharko dira, idatziz. Galdera bakoitzak erantzun batzuk izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira. Epaimahaiak ariketa hori egiteko zenbat denbora dagoen adieraziko du haren hasieran.

Bigarren ariketa: teoriko-praktikoa, erantsitako gai zerrendaren 2. eta 3. ataletako gaiei buruzko kasu bat edo gehiago ebatzi beharko da, idatziz. Epaimahaiak ariketa hori egiteko zenbat denbora dagoen adieraziko du haren hasieran.

Hirugarren ariketa: ingeleseko probak. Borondatezko ariketa da eta ez baztertzailea, eta aurreko bi ariketak gainditzen dituzten izangaiek egiten ahalko dute. Idatzizko eta ahozko proba bana eginen dira, izangaien jakite maila zehazteko. Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko ditu eta haren emaitza loteslea izanen da epaimahaiarentzat. Internet bidezko deialdian, www.navarra.es helbidean, "Enplegu Publikoa" atalean, haien edukiari eta ezaugarriei buruzko informazio orokorra dago.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez, honela banatuak:

Lehenengo ariketa: gehienez ere 50 puntu.

Bigarren ariketa: gehienez ere 40 puntu.

Hirugarren ariketa: gehienez ere 10 puntu.

6.4. Oposizioko lehenengo eta bigarren ariketak baztergarriak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean kalifikaziorik altuena lortzen duen izangaiaren puntuazioaren erdira gutxienez iristen ez diren izangaiak. Hori hala izanik ere, ariketa gainditutzat jotzeko, deialdiaren oinarrietan ariketarako ezarritako gehieneko puntuazioaren 1/3 atera beharko da gutxienez.

6.5. Bigarren ariketa plika sistemaren bidez eginen da.

6.6. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, ariketa egiten den lekuan eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gainera, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zein ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutxienez hura hasi baino 48 ordu lehenago. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, "Enplegu Publikoa" atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.8. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.-Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, probak egin diren tokian eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin. Gero, zerrenda hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio, puntuaziorik altuenak izateagatik deialdiko lanpostuetan sartzen ahal diren izangaiak izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, "Enplegu Publikoa" atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

Berdinketarik gertatuz gero, lehenengo ariketan puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, bigarren ariketan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek berariazko inprimaki batzuk jaso eta honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuan:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiek:

a) Nortasun agiri nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, hala bada, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Atalak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragozten dion eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Proposatutako izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela beren Estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoek edo Nafarroako Foru Komunitateari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoek, gainera, beste ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzeko, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarri buruzko guztiak.

f) Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 mailaren baliokidea den egiaztagiri edo tituluren baten kopia konpultsatua, Euskararen 1. hizkuntza-mailaren betekizuna duen plaza lortu nahi bada.

g) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, betebehar hori duten lanpostuak eskuratu gogo direnean.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak diren izangaiek:

a) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, hala bada, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 mailaren baliokidea den egiaztagiri edo tituluren baten kopia konpultsatua, Euskararen 1. hizkuntza-mailaren betekizuna duen plaza lortu nahi bada.

c) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, betebehar hori duten lanpostuak eskuratu gogo direnean.

7.2.3. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean ezarritakoa gertatuz gero, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

7.5. Nahitaezko betebehar eta baldintzen frogagiriez gain, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak, bere eskudantziak erabiltzeko, beste edozein agiri eska diezaioke izangaiari, eta horrek deialdi honen 7.2 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

8.-Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Aurreko oinarrian xedatu dena betetzen duten izangaiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak (NAPI) hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostuetatik zein hautatzen duten. Aukeratu beharreko lanpostuak hasieran deitutakoak izanen dira, edo beste batzuk, zerbitzuaren beharren arabera horiek aldatzea erabakitzen bada.

8.2. Lanpostu hutsak aukeratzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez parte hartu duten.

Hala izanagatik ere, desgaitasuna duen izangairik bada, eta horrek eragina badu lanpostu bat edo bestea hautatzeko, aukeratzen hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen direnak esleituko zaizkie, horren gainean balorazio eta orientazio talde eskudunek egiten duten txostenaren arabera.

8.3. Hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak betetzeko lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aldean, aurreko atalean adierazitako salbuespena kontuan hartuz.

9.-Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu, fisioterapeuta lanetan aritzeko. Ebazpen horren bidez lanpostuen esleipena ere eginen da.

9.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan indarra duten xedapenetan ezarri diren eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko dira, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, Nafarroako administrazio publikoen edozein montepioren eskubide pasiboetan sarturik daudenek bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidezko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

9.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

9.4. Funtzionarioek bizilekua destinoko herrian ez izateak ez du alde batera uzten lantokira puntual iritsi beharra eta lanaldia eta lanpostuko eginkizunak zuzen bete beharra eta, gainera, ez da inolako konpentsaziorik jasoko lantokirako joan-etorriengatik.

Behar bezala justifikatutako kasu batzuetan, administrazio publikoek zilegi izanen dute funtzionarioei destinoko herrian bizi daitezela eskatzea, lanpostuko eginkizunengatik eta eskatzen den dedikazioagatik bidezkoa denean.

9.5. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta izangai izendatuek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuez, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala gertatzen bada, deialdiaren 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

9.6. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 7.4 atalak agintzen duen moduan beteko da.

9.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aurretik hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan (aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituena) eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin bat, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

a) Gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Administrazio Erroan aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda.

10.2. Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda eta Administrazio Erroan aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuak espedientea bidali ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren bidez, gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda eta probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda onetsiko dira, aplikatzen ahal diren kudeaketa arauen arabera.

Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda honakoek osatuko dute:

a) Sartzeko deialdian aurkeztuta, prozesu osoa ez, baina proba batzuk gainditzen diuzten izangaiak.

b) Deialdiaren oinarrietan lehenengo probarako ezarritako gehieneko puntuazioaren gutxienez %30 lortzen duten izangaiak.

Zerrendak Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2 - ataria, Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webgunean argitaratuko dira.

Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari eta Nafarroako Mendekotasun Agentziari igorriko die probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, aplikatzekoak diren arauei jarraikiz kudea dezaten.

Honako hau izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendetako hurrenkera: probak gainditu arren lanposturik lortu ez dutenen kasuan, sarrerako hautaketa prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera, eta gainerako izangaien kasuan, hurrengo irizpideen eta aplikazio hurrenkeraren arabera:

a) Nork gainditu duen proba gehien.

b) Nork izan duen puntuaziorik altuena probetan.

Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik 2. oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den bezala frogatu beharko dituzte.

Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, Administrazio Erroan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Izangaiei deitzeko, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Aginduaren 9. artikuluan izangaien zerrendetako lehentasun hurrenkera finkatzeko araubide orokorraren salbuespenei buruz ezarritakoa hartuko da kontuan.

Kontratatzeko deitzen diren izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dituzte 2.1. oinarrian tituluei buruz eskatzen zaiena betetzen dutela frogatzeko agiriak; hain zuzen ere kontratua formalizatzen den unean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatutako kopiak aurkeztuz.

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituzten izangaiek, aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

Sarrera prozesuko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira beharkizunak eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

11.-Errekurtsoak.

Epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz. Iruñean, 2011ko otsailaren 16an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Eguilaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Hautaprobetan onartua izateko eskabidea

Deialdiaren datuak:

Lanpostua:

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen: zenbakia ....................., eguna .................

Sartzeko txanda:

Txanda irekia
[ ]

Igoera txanda*
[ ]

Desgaitasunen bat dutenentzako erreserba txanda* [ ]

Datu pertsonalak:

Izen-deiturak:

NANa edo agiri baliokidea:

Jaioteguna:

Jaioterria: ( )

Nazionalitatea:

Helbidea:

Herria:

Probintzia::

Posta kodea:

Sakelako telefonoa:

2. telefonoa:

Posta elektronikoa:

Aurkeztutako agiriak:

Desgaitasunaren frogagiria [ ]

Denboren eta/edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ditu, beste orri batean [ ]

Euskararen gaitasun agiria edo baliokidea*[ ]

Ondoko hauen proba eskatzen du:

Euskara* [ ]

Ingelesa* [ ]

Frantsesa* [ ]

Sinatzaileak ESKAERA egiten du eskabide honetan adierazitako prozesuan onartua izan dadin eta ADIERAZTEN DU, erantzukizuna berea izanik, bertan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla, deialdiaren oinarrian eskatutako betebehar guztiak betetzen dituela eta datu horiek guztiak agirien bidez frogatzeko konpromisoa hartzen duela.

(Sinadura)

...........................(e)n, ...................(e)ko ........................aren ...........(e)an

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA.

LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

(*) Deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraikiz.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

Lehen zatia: Oinarrizko Araudia

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak. Botere Judiziala. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Konstituzio Auzitegia: Osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.-Europar Batasuna. Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europako Batzordea. Kontseilua (ministroena). Justizia Auzitegia. Beste erakunde batzuk.

3. gaia.-Europar Batasuneko antolamendu juridikoaren iturriak: jatorrizko zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.

4. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioaren lehen xedapen gehigarria. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

5. gaia.-Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Nafarroako Comptos Ganbera. Arartekoa.

6. gaia.-Nafarroako Gobernua. Eginkizunak. Osaera, izendapena, eratzea eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Laguntza organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentuaren desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria.

7. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako printzipio orokorrak. Herritarrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanetan dituzten eskubideak. Antolaketa: printzipio nagusiak eta egitura organikoa, kide anitzeko organoak eta administrazio organoen eskumenak.

8. gaia.-Administrazio publikoen araubide juridikoaren printzipio orokorrak. Administrazio publikoen organoak. Administrazio prozeduraren interesdunak.

9. gaia.-Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Egintza administratiboen betebeharrak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deusezgarritasuna.

10. gaia.-Prozedura administratiboen xedapen orokorrak: Prozeduraren abiaraztea, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Bide administratiboko egintzen berrikuspena: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

11. gaia.-Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea: Aplikaziorako arau orokorrak eta eremua. Kontratistak. Administrazio publikoen kontratu guztietarako xedapenak. Esleipenaren aurreko jarduketak.

12. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Administrazio egoerak. Funtzionarioen eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak. Ordainsariak.

13. gaia.-11/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeari buruzkoa.

14. gaia.-21/2005 Foru Legea, abenduaren 29koa, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzkoa.

15. gaia.-15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa.

Bigarren zatia

1. gaia.-39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa.

2. gaia.-15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

3. gaia.-69/2008 Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena: Berez baliatzen ez diren pertsonei eta adinekoei laguntzea.

4. gaia.-6/2009 Foru Dekretua, urtarrilaren 19koa, mendekotasuna baloratu eta aitortzeko eta mendekotasuna duten pertsonendako Banakakoaren Arreta Programa prestatzeko prozedurak arautzen dituena.

5. gaia.-3/2010 Foru Agindua, urtarrilaren 14koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, familia egoera baloratzeko prozedura eta baremoa arautzen dituena, adinekoak, desgaitasuna duten pertsonak, adimen-eritasuna dutenak eta gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan dauden pertsonak artatzera zuzendutako egoitzetako plazak eskuratze aldera.

6. gaia.-Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa: Ikuspegia, egitekoa, printzipioak, xedeak, ildo orokorrak eta ildo estrategikoak.

7. gaia.-Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa. Zuzentasuna Hezkuntzan. Hezkuntzan berariazko laguntza behar duten ikasleak. Desberdintasunen konpentsazioa hezkuntzan.

8. gaia.-Ekainaren 13ko 93/2008 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen duena.

9. gaia.-Otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako Eskola Publikoetako, Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoetako eta Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoetako Erregelamendu Organikoa onesten duena.

10. gaia.-Martxoaren 1eko 76/1993 Foru Dekretua, Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroa sortzen duena, Hezkuntza Departamentuaren menpe.

11. gaia.-5/2010 Foru Legea, apirilaren 6koa, Irisgarritasun Unibertsalari eta Ororentzako Diseinuari buruzkoa.

Hirugarren zatia

1. gaia.-Osasun publikoa. Prebentzioa eta osasunaren sustapena. Diziplina anitzeko taldea. Urritasuna, desgaitasuna eta elbarritasuna Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME). Errehabilitazioaren kontzeptua. Aniztasun funtzionalaren eta hezkuntza premia berezien kontzeptua. Laguntza mailen arteko koordinazioa.

2. gaia.-Giza gorputzaren anatomia eta fisiologia orokorra. Biomekanika. Giltzadurak, muskuluak, nerbioak.

3. gaia.-Haur eta nerabeen garapen ebolutiboa arlo fisikoan eta mugimenduaren arloan. Fisioterapia hezkuntza sisteman. Prebentzio-jarduera eskola ingurunean. Mugimendu garapeneko programak Curriculumaren banakako egokitzapenetan eta ikastetxean sartzeko egokitzapenak. Fisioterapeutaren eginkizuna desgaitasunak dituzten ikasleen familientzako arreta, aholku eta laguntzan.

4. gaia.-Esku-hartze fisioterapeutikoa. Helburuak eta plangintza. Pazientearen ebaluazio analitikoa eta funtzionala. Miaketa egiteko test eta teknikak. Balantze eta balorazio muskularra.

5. gaia.-Zinesiologia. Gorputzaren ardatz eta planoak. Oinarrizko giltzadura-mugimenduak. Goniometria: giltzadura-balantzea, teknika goniometrikoak eta goiko gorputz-adarren, beheko gorputz-adarren eta bizkarrezurraren giltzadura-zabaltasunak.

6. gaia.-Zinesiterapia. Kontzeptua eta modalitateak. Printzipio orokorrak. Indikazioak eta kontraindikazioak.

7. gaia.-Codman, Buerguer, Frankel eta Chandlerren ariketak.

8. gaia.-Muskuluen berreziketa: Helburuak. Zinesiterapiako laguntza, koordinazio eta mobilizazioko funtsezko oinarriak. Muskuluen indarra, erresistentzia, potentzia eta nekea. Tratamenduaren bilakaera. Muskulazio metodo dinamikoak eta estatikoak. Ezaugarriak. Indikazioak eta kontraindikazioak.

9. gaia.-Errazte neuromuskular propiozeptiboa. Kabat metodoa. Kontzeptua eta aplikazioak. Indikazioak eta kontraindikazioak.

10. gaia.-Kontrakturak eta deformazioak: Prebentzioa. Ferulak. Tratamendurako hautazko metodoak.

11. gaia.-Fisioterapia nerbio-sistema zentralaren neurologian. Balorazio fisioterapeutikoa eta helburu fisioterapikoak. Tratamendu fisioterapeutikoen teknika eta metodoak garunetako hodietako istripuetan, sindrome neurologikoetan, muineko lesioetan, garuneko lesioetan, etab.

12. gaia.-Fisioterapeutaren esku-hartzerako printzipio orokorrak garuneko gaitzetan. Jarrera-tratamendua eri neurologikoarentzat. Konplikazioen tratamendua.

13. gaia.-Espastizitatea: Definizioa, ezaugarriak eta balorazio klinikoa. Fisioterapeutaren esku-hartzea: tratamenduaren teknikak eta metodoak.

14. gaia.-Fisioterapia nerbio-sistema periferikoaren neurologian. Balorazio fisioterapeutikoa eta helburu fisioterapikoak. Tratamendu fisioterapeutikoen teknika eta metodoak besoko sareko eta beheko gorputz-adarreko lesioetan, polirradikuloneuritisean eta neuropatia periferikoetan, polineuropatietan, etab.

15. gaia.-Arnas fisioterapia. Balorazio fisioterapeutikoa eta helburu fisioterapikoak. Tratamendu fisioterapeutikoaren teknikak eta metodoak honako hauetan: biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa, asma, birikaren transplantea, bronkiektasiak, toraxeko kirurgia, etab. Indikazioak eta kontraindikazioak.

16. gaia.-Fisioterapia erreumatologian eta algia kronikoetan. Balorazio fisioterapeutikoa eta helburu fisioterapikoak. Tratamendu fisioterapeutikoaren teknikak eta metodoak honako hauetan: artritis erreumatoidea, lupus eritematoso diseminatua, espondilitis ankilopoietikoa, gaztetako artritis konikoa, dermatomiositisa, polimiositisa, etab. Indikazioak eta kontraindikazioak.

17. gaia.-Fisioterapia pediatrian. Balorazio fisioterapeutikoa eta helburu fisioterapikoak. Tratamendu fisioterapeutikoen teknikak eta metodoak. Sortzetiko malformazioak, hezurretako displasiak, alterazio ortopedikoak, etab. Indikazioak eta kontraindikazioak.

18. gaia.-Fisioterapia arreta goiztiarrean. Haurraren garapen psikomotorea. Psikomotrizitateko atzerapenaren kontzeptua. Balorazio fisioterapeutikoa eta helburu fisioterapikoak. Tratamendu fisioterapeutikoen teknikak eta metodoak. Sustapena eta prebentzioa. Indikazioak eta kontraindikazioak.

19. gaia.-Jarreraren kontrola: kontzeptua. Jarreraren kontrola eta orekaren kontrola eskuratzea. Zenbait jarreraren deskribapena ikuspuntu biomekanikotik (zutik, etzanda, saiheska etzanda).

20. gaia.-Mugitzeko desgaitasuna: kontzeptua eta sailkapena. Mugitzeko desgaitasuna duenaren zailtasunak. Fisioterapeutaren esku-hartzea eta laguntza eskola eta gizarte ingurunean, mugitzeko desgaitasuna duten ikasleekin.

21. gaia.-Garun-perlesia: kontzeptua eta etiologia. Motak eta ezaugarriak. Horiei loturiko beste gaitz batzuk. Balorazio fisioterapeutikoa, helburuak eta tratamendu fisioterapikoa. Tratamendu fisioterapeutikoen teknikak eta metodoak.

22. gaia.-Eritasun neuromuskularrak. Kontzeptua, motak, bilakaera eta eritasun horri loturiko beste gaitz batzuk. Balorazio fisioterapeutikoa, helburuak eta tratamendu fisioterapikoa.

23. gaia.-Arantza bifidoa: kontzeptua, etiologia, sailkapena eta eritasun horri loturiko beste gaitz batzuk. Balorazio fisioterapeutikoa, helburuak eta tratamendu fisioterapikoa.

24. gaia.-Garezur-entzefaloetako traumatismoak. Kontzeptua. Horiei loturiko ondorioak. Balorazio fisioterapeutikoa, helburuak eta tratamendu fisioterapikoa.

25. gaia.-Bizkarrezur-muineko lesioak. Definizioa, etiologia eta sailkapena. Horiei loturiko ondorioak. Balorazio fisioterapeutikoa, helburuak eta tratamendu fisioterapikoa.

26. gaia.-Fisioterapeutaren esku-hartzea zerebeloaren alterazioetan eta bizkarrezur eta zerebelo arteko bideen alterazioetan.

27. gaia.-Fisioterapia, Kirola eta Desgaitasuna.

28. gaia.-Fisioterapia geriatrian. Balorazio fisioterapeutikoa eta helburu fisioterapikoak. Tratamendu fisioterapeutikoen teknikak eta metodoak. Arreta fisioterapeutikoa desgaitasuna duen adinekoari. Ohean dauden adineko pertsonen zaintza. Fisioterapeutaren jarduketarako protokoloa gelditasun sindromean.

29. gaia.-Fisioterapia zerbitzuaren antolaketa, programazioa eta funtzionamendua adinekoen egoitza batean.

30. gaia.-Ingurunearen eragina desgaitasun fisikoa eta psikikoa duten adineko pertsonengan. Ergonomia eta oztopo arkitektonikoak.

31. gaia.-Adineko pertsonen mugikortasuna. Ibiltzeko laguntza teknikoak. Laguntza teknikoak modu kronikoan eserita geratu behar duen adineko pertsonarentzat. Eguneroko bizimoduko jarduerak, eta laguntza teknikoak jarduera horiek egiteko.

32. gaia.-Diziplina anitzeko taldea adinekoen egoitzetan. Fisioterapeutaren zeregina diziplina anitzeko taldeko kide gisa. Tratamendu fisioterapikoaren helburuak adineko erientzat.

33. gaia.-Adineko pertsonen ebaluazio fisioterapikoa. Ebaluazioa eta txostenak egitea adinekoen egoitza bateko fisioterapia zerbitzuan.

34. gaia.-Adineko pertsonaren ariketa fisikoa. Berezitasunak. Adineko pertsonentzako ariketa fisikoko programak.

35. gaia.-Adineko pertsonaren murriztapen fisikoak. Motak, legezko ondorioak eta fisioterapiaren ikuspegitik horiei ekiteko modua.

36. gaia.-Adinekoen istripuak: errepikapenezko erorikoak eta beste arrisku batzuk. OMEren galdetegia erorikoei buruz. Fisioterapiaren ikuspegia. Indikazioak eta kontraindikazioak.

37. gaia.-Fisioterapiaren esku-hartzea dementzietan: Alzheimerren eritasuna.

38. gaia.-Fisioterapiaren esku-hartzea Parkinson eritasunean.

39. gaia.-Fisioterapiaren esku-hartzea gonartrosian eta koxartrosian.

40. gaia.-Fisioterapiaren esku-hartzea II motako diabetesean eta polineuropatia diabetikoan eta eri obesoentzat.

41. gaia-Fisioterapia arloko miaketa eta tratamendua adineko erien lunbalgietan.

42. gaia.-Fisioterapiaren esku-hartzea Esklerosi Anizkoitzean eta Alboko Esklerosi Amiotrofikoan.

43. gaia.-Fisioterapiaren esku-hartzea adinekoen gernu-inkontinentzian. Helburuak, kontroleko eta berreziketako teknikak.

44. gaia.-Ariketa terapeutikoa. Balorazio fisioterapeutikoa eta helburu fisioterapikoak. Tratamendu fisioterapeutikoen teknikak eta metodoak. Ariketa aerobikoa eta anaerobikoa, indarraren lana, erresistentzia. Luzapenak. Indikazioak eta kontraindikazioak.

45. gaia.-Bizkarrezurraren desbideratzearen fisioterapia. Balorazio fisioterapeutikoa eta helburu fisioterapikoak. Tratamendu fisioterapeutikoen teknikak eta metodoak. Indikazioak eta kontraindikazioak.

46. gaia.-Hidroterapia. Hidrozinesiterapia. Talasoterapia. Bainuetxeetako terapia. Balorazio fisioterapeutikoa eta helburu fisioterapikoak. Tratamendu fisioterapeutikoen teknikak eta metodoak. Indikazioak eta kontraindikazioak.

47. gaia.-Termoterapia eta krioterapia. Balorazio fisioterapeutikoa eta helburu fisioterapikoak. Tratamendu fisioterapeutikoen teknikak eta metodoak. Indikazioak eta kontraindikazioak.

48. gaia.-Eskuzko medikuntza: manipulazioa, masajea eta trakzioa. Balorazio fisioterapeutikoa eta helburu fisioterapikoak. Tratamendu fisioterapeutikoen teknikak eta metodoak. Indikazioak eta kontraindikazioak.

49. gaia.-Elektroterapia. Behe frekuentziako korronteak. Frekuentzia ertaineko korronteak. Frekuentzia altuko korronteak. Eremu magnetikoak. Ultrasoinuak. Talka-uhinak eta laser-uhinak. Balorazio fisioterapeutikoa eta helburu fisioterapikoak. Tratamendu fisioterapeutikoen teknikak eta metodoak. Indikazioak, arretak eta kontraindikazioak.

50. gaia.-Bendaje funtzionala. Neurotapea. Balorazio fisioterapeutikoa eta helburu fisioterapikoak. Tratamendu fisioterapeutikoen teknikak eta metodoak. Indikazioak eta kontraindikazioak.

51. gaia.-Ohiko ibileraren eta ibilera patologikoaren azterketa eta ebaluazioa. Berriz heztea eta laguntzak. Tinettiren eskala.

52. gaia.-Laguntza teknikoak eguneroko jardueretarako, norberaren mugikortasunerako, aisialdiko eta josteta jardueretarako. Protesiak eta ortesiak: Helburuak. Errehabilitazioan duten garrantzia. Zutik egoteko eta ibiltzeko ortesiak. Ornoen tratamenduan erabilitako ortesiak.

53. gaia.-Eskuzko beste teknika batzuk: Miofasziala, puntu min-sortzaileak, Sohier, osteopatia, neurodinamika, gorputz-jarreraren berreziketa orokorra, fibrolisi diakutaneoa.

54. gaia.-Kudeaketa eta kalitatea fisioterapian.

Oharra: Gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legeriaren arabera jorratu beharko dira.

Iragarkiaren kodea: F1102945