42. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2011ko urtarrilaren 21ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Iruñeko "La Protectora, S.A." enpresaren hitzarmen kolektiboaren testua erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Iruñeko ''La Protectora, S.A.'' enpresaren hitzarmen kolektiboaren testua (kode zk.: 31004502011982) aztertu da, Erregistro honetan 2010eko abenduaren 30ean sartu zena eta enpresaren legezko ordezkariek eta eta ordezkaritza sindikalaren zati batek abenduaren 14an izenpetu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau negoziazio batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2011ko urtarrilaren 21ean.-Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

IRUÑEKO LA PROTECTORA, S.A.REN
2010/2011 HITZARMEN KOLEKTIBOA

1. artikulua. Eremua. Hitzarmen kolektibo honek La Protectora, S.A. enpresan du eragina, eta, lan harreman komunari loturik, Iruñeko lantokian (Orkoiengo errepidea, zk.g.) diharduten langile guztiengan.

2. artikulua. Indarraldia. Lan hitzarmen honetan xedatutakoak 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera hartuko du indarra, Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein egunetan argitaratzen den kontuan hartu gabe. 2011ko abenduaren 31ra arte iraunen du eta urtez urte luzatuko da besterik gabe, alderdietako batek haren amaiera iragartzen ez badu, behintzat, indarraldia bukatu baino lehen.

3. artikulua. Ordainsariak. 2010eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte, lanbide kategoria bakoitzean hitzarmenaren 1. eranskinean adierazitako ordainsariak pagatuko dira; beraz, 2009. urtekoekin alderatuta %0,8ko soldata igoera ezarri da.

2011ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 2010eko ordainsariekin alderatuta, Espainiako 2010eko KPIa adinako soldata igoera ezartzen da 2011. urterako.

4. artikulua. Hitzarmeneko plusa. Enpresak ordaindu beharreko hitzarmenaren plusaren bidez, tauletan ageri den bezala, langilearen puntualtasuna, asistentzia eta errendimendua saritzen dira. Plus hori egun naturalen arabera ordainduko da, honako arau hauek kontuan hartuz:

a) Lanera berandu iristeak hilabetez hilabete kontatuko dira, hil batekoak bestekoekin batu gabe; beraz, kontaketa hori egitean ez dira multzo berean sartuko hilabete desberdinetan egindakoak.

b) Lanera lehenengo aldiz berandu iritsiz gero, sartzeko ordua baino bi ordutik behera, atzeratutako denborari dagokion hitzarmenaren plusa halako bi galduko da.

c) Lanera bigarren aldiz berandu iritsiz gero, sartzeko ordua baino bi ordutik behera, atzeratutako denborari dagokion hitzarmenaren plusa halako lau galduko da.

d) Lanera hirugarren aldiz eta gehiagotan berandu iritsiz gero, atzerapen denbora edozein dela ere, berandu iritsitako egunari dagokion hitzarmenaren plusa osorik galduko da.

e) Lanera berandu zenbat aldiz iritsi den kontuan hartu gabe, bi orduko edo gehiagoko atzerapena izanez gero, berandu iritsitako egunari dagokion hitzarmenaren plusa osorik galduko da.

f) Ezinbesteko kasuetan edo enpresak emandako baimenagatik lanean hasi ondoren lantokitik lekutzen den langileak egun horri dagokion hitzarmenaren plusa osorik kobratuko du.

g) Ohiko errendimendua baino txikiagoko kasuetan, langileari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik ez bada, hitzarmenarenaren plusa osorik kobratzeko eskubidea izanen du.

h) Langileak plus hori eritasunak eragindako baja kasuetan kobratuko du, Gizarte Segurantzaren kalte-ordain ekonomikoa eskuratzen duen bitartean. Gainera, istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun bajan ere kobratuko da, eta orobat, hitzarmen honen 15. artikuluan aipatzen diren lizentzia ordainduen kasuetan.

i) Hitzarmenaren plusa ez da kobratuko utzikeriagatik edo garbitasun ezagatik matxurarik izanez gero.

5. artikulua. Jarduera plusa. Jardueraren plusaren bidez, produktibitatea hobetzeko langileak jartzen duen ahalegina konpentsatzen da.

Hitzarmen honen eranskineko tauletan plus hori hilabeteka kontatzen bada ere, kopuru hori teknikarien eta administrarien kategoriei dagokiela ulertuko da. Gainerako kategoriei jardueraren plusa benetan lan egindako egun bakoitzeko aplikatuko zaie eta igande ez diren urteko jaiegun ofizialetan; beraz, plus hori ez da izanen igandeetan, aldi baterako ezintasuneko egoeretan, justifikatu gabeko absentzietan, baimen ordainduetan eta abarretan.

Enpresan sartu berriak plus hori kobratzen hasiko dira zerbitzuak ematen dituzteneko saileko produkzioko erritmo normalaren errendimendua eta hartara egokitzea lortzen duten mementutik aurrera.

6. artikulua. Aparteko eskersariak. Eskersari bat ekainaren 30ean ordainduko da eta beste bat abenduaren 22an. Horietako bakoitza 30 eguni dagokien ordainsaria izanen da, honako kontzeptu hauek bilduz: oinarrizko soldata, plus pertsonala, hitzarmenaren plusa eta, tokatzen denean, jardueraren plusa.

7. artikulua. Antzinatasuna - Plus pertsonala. 1998ko urtarrilaren 1etik hasita, antzinatasuna, soldata osagarri gisa, kendu egin zutenez, egun horren ondoren enpresan sartu ziren langileek edo etorkizunean sartuko direnek ez dute kontzeptu horrengatik soldata igoerak izateko eskubiderik izanen.

1998ko hitzarmen kolektiboan ezarritakoaren arabera, enpresan 1997ko abenduaren 31n kontratua indarrean zuten langileei, eskuratutako eskubide gisa eta "ad personam" berme gisa, antzinatasunagatik kobratu izan duten osagarri ekonomikoa errespetatuko zaie, bai eta, aurreko hitzarmenetan itundutakoarekin bat, eskuratzekoak dituzten igoerak ere, hots: biurteko bi, %5ekoak, eta lau bosturteko %10ekoak, oinarrizko soldataren gainean kalkulatuak.

Hemen ezarritakoari jarraikiz, langileek kobratu beharreko zenbatekoak hitzarmen hau sinatu eta hurrengo hilabeteari dagokion nominatik aurrera ordainduko zaizkie, "plus pertsonala" izenpean.

Langileren batek, enpresan 1997ko abenduaren 31 baino lehen sartu arren, une hartan indarrean zegoen hitzarmen kolektiboan ezarritako urteko diru kopurua baino ordainsari handiagoa, antzinatasuna barne, itundu baldin bazuen enpresarekin, ez du "plus pertsonala" izeneko osagarri hori kobratuko.

8. artikulua. Irabazietan parte izatea. Hitzarmen honen eraginpeko langile bakoitzak, irabazietan parte izateagatik, urteko ordainsari osoaren hamabirena kobratuko du, kontzeptu hauek hartuta: oinarrizko soldata, plus pertsonala, hitzarmenaren plusa, jardueraren plusa eta aparteko eskersariak. Diru hori ekitaldi bakoitzaren ondorengo urteko lehenbiziko hiruhilekoan kobratuko da, langilea eritasunak edo istripuak eragindako aldi baterako ezintasun egoeran izan bada ere.

9. artikulua. Aparteko orduak.

1. Langileen Estatutuaren 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, lan hitzarmen honen eraginpeko langileek urtean aparteko 80 ordu gehienez egin ditzakete, horietatik 40 ordu derrigorrez lan egin beharrekoak izanen dira, artikulu honen 3. idatz-zatian arautu bezala.

2. Programatu gabeko aparteko orduen kasuan, ezusteko kasuetan lan egin beharrekoak, alegia, enpresak aurrez behar den denboraz abisatuko die ordu horiek egin behar dituzten langileei, eta orduko 11 euro ordainduko dira kategoria guztietan, kateko lanetan izan ezik, horietan orduko 17 euro ordainduko baitira.

3. Enpresak "programatutako" orduak, urtean 40 gehienez ere, orduko 17 euro ordainduko dira, kategoria guztietan, eta lanaldi berean aparteko 3 ordu gutxienez eginez gero, horrelakoetan enpresaren kontura izanen da hiltegiko kantinan bazkaltzea. Programatutako orduak izanen dira Aste Santuaren, sanferminen, Eguberrien eta Urte Zahar egunaren aurretik lan egin beharrekoak. Enpresak aparteko ordu horiek eginen direneko eguna baino 48 ordu lehenago abisatu beharko du. Jakinarazpena iragarki oholean oharra jarriz eginen da, honako hauek adierazita: zein langilek lan egin behar duten, zein egunetan eta zenbat ordu. Lanaldi bakoitzean gutxienez ere aparteko 3 ordu izanen dira egin beharrekoak.

Programatutako aparteko ordu horiek nahitaez egin beharrekoak badira ere, enpresak egun bakoitzeko bost langile, gehienez, salbuesten ahal ditu betebehar horretatik, zerrendak jendaurrean jarri aurretik abisatzen badute bidezko arrazoiak dituztela ordu horiek ez egiteko. Zerrendatik aparte gelditzeko eskaera bost langilek baino gehiagok eginez gero, enpresak horietako bakoitzak egindako alegazioak banan-banan aztertu ondoren, aparteko orduak eginen dituztenen zerrendatik gehienez ere bost langile salbuetsiko ditu, eta bere erabakiaren berri emanen die langile horiei eta enpresa batzordeari.

4. Aurreko 3. idatz-zatiaren arabera, enpresak ezarritako aparteko ordu horiek lan egin beharrari uko egitea hutsegite larritzat joko da, edo oso larritzat, behin baino gehiagotan gertatuz gero, eta hitzarmen honen 23. artikuluari jarraikiz zehatuko da.

10. artikulua. Lanaldia, ordutegia, lan egutegia eta oporrak 2010. urtean.

1. 2010. urteko lanaldiak 1.770 lanordu izanen ditu. Lanaldia etengabea izanen da.

2. Laneko ordutegia (ordu erdiko atsedena barne) honakoa izanen da:

2010eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte.

-Lantegia:

  • Astelehena: 6:00-14:50.
  • Asteartea: 6:00-14:30.
  • Asteazkena: 6:00-14:30.
  • Osteguna: 6:00-13:00.
  • Ostirala: 6:00-13:55.

-Administrazioa:

  • Astelehenetik ostiralera, 6:30etik 14:39ra.

Mantentze-lanetako langileek instalazioen eta lanerako makineriaren ekoizpen eta mantentze-lanetako beharren arabera egokituko dituzte beren ordutegiak.

Albaitaritza Zerbitzu Ofizialak animaliei hil aurreko ikuskapena egiteko asmoz, dokumentazioa kontrolatzeaz eta eskura egoteaz arduratzen diren langileek AZOren premietara egokituko dute lanean hasteko ordutegia, eta, hortaz, irtetekoa ere.

Gainerako langileak abiarazten dituen jarduna duten langileek beren sarrera eta irteera ordutegiak aurreratuko dituzte, lankideak 6:00etan has daitezen lanean.

Produkzioaren eta zerbitzuaren beharrei egokitzeko eta baliabideen antolaketa egokiari doitzeko asmoz, ordutegian eta lan denboraren banaketan doikuntzaren bat egin behar baldin bada, enpresak ordutegia aldatzen ahalko du, hitzarmen honen Batzorde Mistoari entzun ondoren, baita urteko lanaldia zehatz-mehatz betetzeko ere. Aldaketa horiek ezin dira beti aurreikusi eta ez dira urte osoan berdinak, izan ere, aziendaren prezioek, esportazioak eta bezeroarentzako zerbitzuak produkzioa nabarmen baldintzatzen dute.

Adierazitako ordutegietan sartzen dira ogitarterako hogeita hamar minutuak, benetako lanalditzat hartzen ez direnak.

3. Laneko egutegia enpresak prestatzen du, Langileen Estatutuaren 34.4 artikuluari jarraikiz. 2010. urterako arau hauek ezarri dira:

-Lanegunak izanen dira astelehenetik ostiralera artekoak, biak barne.

-Aurrekoan adierazitakoaz gainera, honako egun hauetan ordutegi hauekin lan eginen da:

  • Lantegia:
  • Urtarrilak 2: 6:00-13:00.
  • Martxoak 20: 6:00-13:00 (plantilla erdia).
  • Apirilak 5: 6:00-15:00.
  • Urriak 30: 6:00-13:00 (plantilla erdia).
  • Abenduak 6: 6:00-13:45.
  • Abenduak 18: 6:00-13:50.
  • Administrazioa:
  • Urtarrilak 2: 6:00-13:00.
  • Martxoak 20: 6:00-13:00 (plantilla erdia).
  • Apirilak 5: 6:00-15:00.
  • Urriak 30: 6:00-13:00 (plantilla erdia).
  • Abenduak 6: 6:00-13:45.
  • Abenduak 18: 6:00-13:50.

4. Urteko oporrek 30 egun natural iraunen dute, hau da, 22 lanegun. Egun baliogabetzat hartuko dira, ondorio guztietarako, urteko larunbat guztiak, salbu eta artikulu honen 3. atalean aipatutakoak.

Oporrak hartzeko datari dagokionez, honi jarraituko zaio:

-Enpresak hamaika lanegun aukeratuko ditu, libreki, eta langileei garaiz jakinarazi beharko dizkie.

-Gainerako hamaika lanegunak langileak aukeratuko ditu, libreki, betiere sail bakoitzean bi langile baino gehiago lekutzen ez badira (oporrak, eritasunak, etab.) edozein dela kausa.

Sail bakoitzeko bi langilek edo gehiagok data bererako oporrak eskatuz gero, eta aurrekoari jarraikiz haien nahien arabera hartu ezin izanez gero, txandakako lehentasun ordena ezarriko da, antzinatasunik handiena dutenetatik hasiz.

Langileak gutxienez hilabete lehenago eskatu beharko ditu oporrak hartzeko aukeratutako egunak, enpresak ekoizpena behar bezala antolatu ahal izateko, artikulu honetan xedatutakoari jarraikiz.

10. bis artikulua. Lanaldia, ordutegia, lan egutegia eta oporrak 2011. urtean.

2011. urteko lanaldiak 1.770 lanordu izanen ditu. Lanaldia etengabea izanen da.

Enpresak 2011ko ordutegia eta egutegia prestatuko ditu, Enpresa Batzordeari entzun ondoren. Urteko egutegian astelehenetik ostiralera bitarteko lanegunetatik aparte lan egin beharreko egunak eta ordutegiak finkatuko dira, astez aste.

11. artikulua. Gizarte laguntzako borondatezko funtsa. Gizarte laguntzako borondatezko funtsa eratu da enpresako langileei laguntza emateko. Lehenbiziko helburua eritasun edo istripuaren ondoriozko bajan dauden langileentzako jardueraren plusaren ordainketari erantzutea izanen da, hitzarmen honen 5. artikuluan adierazi bezala. Funtsa eratzeko eta jarraipena emateko, hilero 2,40 euro jarriko ditu langileak. Enpresak hilean beste 4,80 euro jarriko ditu funts horretan sartzen den langile bakoitzeko. Funtsa kudeatzeaz horretarako propio eratzen den batzordea arduratuko da.

12. artikulua. Eritasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasuna. Eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko ezintasun iragankorreko egoerak dirauen arte, enpresak ordainduko du ordaindu beharreko osagarria, halatan non langileak bajako lehenbiziko egunetik hasita, bere soldataren %100 kobratuko baitu, Gizarte Segurantzaren prestazio ekonomikoekin bere kategoriari dagozkion oinarrizko soldata, plus pertsonala eta hitzarmenaren plusa batuz, betiere hitzarmen honen 11. artikuluan aipatutako batzordeak aldeko txostena ematen badu eta langileak onartzen badu bere osasun egoera eta sendatze prozesua nola dauden jakiteko enpresako medikuak bisita egin diezaiola.

13. artikulua. Laneko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasuna. Lan istripuaren ondoriozko ezintasun iragankorreko baja kasuetan, enpresak ordainduko du langilearen aseguruak ordaintzen dituen kalte-ordainen eta oinarrizko soldataren, plus pertsonalaren eta hitzarmenaren plusaren %100era arteko diferentzia, lehenbiziko baja egunetik.

14. artikulua. Osasuna zaintzea. Osasunaren etengabeko ebaluazioa enpresan eginen dute Enpresatik kanpoko Prebentzio Zerbitzuko osasun zerbitzuek.

15. artikulua. Lizentzia ordainduak. Langileak, aurretik abisatu eta justifikatuta, baimena du lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio eta honenbesteko denboraz:

a) Ezkontza: hamabost egun natural, ezkontzako egunetik hasita. Langileak, gainera, egun horien ondoren bere opor egunen erdiak hartzen ahalko ditu.

b) Bi egun natural, bigarren gradu arteko odol edo ezkontza ahaideen seme-alaben jaiotzagatik, istripu edo eritasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo ospitaleratu beharra izan gabe etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntzagatik. Arrazoi horiengatik langilea bidaia egin beharrean bada, lizentzia lau egunekoa izanen da.

Semearen edo alabaren jaiotza larunbatez, igandez edo jaiegunez gertatzen bada, baimenari egun bat gehituko zaio.

c) Aita-amaginarreben, suhi-errainen, anai-arreben eta koinata-koinatuen, aiton-amonen eta biloben heriotza: bi egun natural. Arrazoi horiengatik langilea bidaia egin beharrean bada, lizentzia lau egunekoa izanen da.

d) Gurasoen, ezkontidearen edo seme-alaben heriotza: 4 egun natural, heriotza gertatzen den egunetik kontatzen hasita. Arrazoi horregatik langileak Iruñetik 300 kilometrotik gorako bidaia egin beharra izanez gero, egun bat gehiago emanen zaio.

e) Bederatzi hilabetetik beheitiko semeari edo alabari esnea ematen dioten emakumezko langileek eskubidea dute lanetik ordubetez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete. Erditze multipleen kasuan dagokion kopuruan gehituko da baimen denbora.

Emakumezko langileak eskubide hori ohiko lanaldiaren ordu erdiko murrizketarekin ordezka dezake, hala nahi badu, helburu berbererako.

Baimena amak nahiz aitak hartzen ahalko dute, beren nahierara, biak lanean ari badira.

f) Bizilekuz aldatzeko: egun bat.

g) Publikoa eta pribatua den eginbehar saihestezina betetzeko, behar den denbora.

h) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko: hitzarmen honetan ezarritakoa beteko da.

i) Seme-alaben, anai-arreben eta gurasoen ezkontza: egun bat.

Lizentziako egunak egun naturalak eta etenik gabeak izanen dira beti.

16. artikulua. Lizentzia ordaindugabeak. Langileak hiru laneguneko lizentzia ordaindugabea izanen du urtean, gehienez ere, aurreko ataletan aurreikusi ez diren afera pertsonal edo familiakoetarako; muga bakarra da sail bakoitzean enplegatu bat baino gehiago batera ez izatea.

Familiako afera berezietan enpresak 4 egun naturaletik 30era bitarteko baimen ordaindugabea ematen ahalko dio langileari, behin bakarrik eskatu badu; epe horretan ezin izanen dio beste langile bati eman. Arrazoi horiengatik eskatutako baimena ematen ez badu enpresak, erabaki hori lan beharrak kontuan edukita hartu duela frogatu beharko du.

17. artikulua. Laneko jantziak eta arropa garbiketa. Enpresak urtean laneko hiruna jantzi-ekipamendu banatuko dizkie produkzioko langileei, eta arropa horren garbiketa ere enpresaren kontura izanen da.

18. artikulua. Lanbide kategoriak.

A) Kategorien definizioak.

Arduraduna: behar den gaitasuna, lanerako gogoa, moralitatea eta agintzeko ahalmena izanik, sail baten edo batzuen ardura duen langilea da; bere mende ditu langile profesionalak, eta horiei agintzen zaien lana betearazi behar die, eta ateratzen den produktuaren errendimenduaz eta lortutako kalitatearen kontrolaz arduratzen da halaber.

Arduradunak, besteak beste, eginkizun hauek izanen ditu: bere saileko makinak eta tresneria zaintzea eta horiei etekina ateratzea; bere mendeko langileen zuzendaritza, errendimenduaren kontrola eta diziplina, eta haiei agindutako prozesuen edo lanen zainketa; berari agintzen zaizkion lan programak gauzatzea; bere nagusiek eskatzen dizkioten parteak, egoera-orriak edo txostenak prestatzea; produktuen kalitateari eta akaberari edo erabiltzen dituen lehengaiei buruzko onarpen mailaz arduratzea eta, gainera, bere saileko langileei sariak emateko edo zehapenak jartzeko proposamenak egitea bere nagusiei.

Abere-hiltzailea: behar den ikaskuntza egin ondoren, abereak hiltzea behar den zehaztasunaz eta errendimenduaz egiten duen langilea da, hots, ardi azienda sastakatzea, zintzurra moztea eta barrena hustea; zerri aziendari zintzurra moztea, ile gabe uztea eta erraiak ateratzea; eta behi nahiz zaldi aziendari zintzurra moztu eta kanalean irekitzea.

Abere-hiltzailea lehenengo nahiz bigarren mailakoa izan daiteke, langileak lortutako espezializazioaren arabera eta egin behar duen lanaren konplexutasuna eta garrantzia kontuan hartuta. Hortaz:

1. Lehenengo mailako abere hiltzaile dira espezializazio eta errendimendu egokiarekin beren lanbideko eginkizun guztiak ezagutzen eta praktikatzen dituztenak, lana bakarka nahiz taldean eginez, beren mailako edo beheragoko beste langileekin batera. Beren gain egonen da egindako lanaren kalitatearen erantzukizuna.

2. Bigarren mailako abere hiltzaile dira beren lanbideko eginkizun guztiak ezagutzen eta praktikatzen dituztenak, ohiko errendimendu eta lan kalitatearekin, baina lehen mailako abere hiltzaileen errendimendu eta prestakuntza handira iritsi gabe; horiek ere lana bakarka nahiz taldean egin dezakete.

Abere-hiltzailearen laguntzailea: lehenengo edo bigarren mailako abere-hiltzaileek agindutako lanak eginez, bai eta lanbidearekin lotutako beste zeregin errazak ere, haien perfekziora eta errendimendura iristen ez diren langileak dira.

Bilgor lanetako ofiziala: arduradunaren agindura bilgorra eta bestelako produktuak urtu edo fusionatzen dituen langilea da; bere lana abere-hiltegian egiten du, bilgorra biltegian pisatu eta egokitzen du eta zerbitzua ematen duen enpresako lokalera garraiatzeko agindua emateaz arduratzen da.

Langileak bere eginkizunetan lortutako espezializazio eta errendimendua kontuan hartuta 1. eta 2. mailako gaitasuneko ofizialak bereiziko dira:

1. Lehenengo mailako ofizialak dira, arduradunaren agindura egonik eta espezializazio eta errendimendu egokiarekin, beren lanbideko eginkizun guztiak ezagutzen eta praktikatzen dituztenak, lana bakarka nahiz taldean eginez, beren mailako edo beheragoko beste langileekin batera. Beren gain egonen da egindako lanaren kalitatearen erantzukizuna.

2. Bigarren mailako ofizialak dira beren lanbideko eginkizun guztiak ezagutzen eta praktikatzen dituztenak, ohiko errendimendu eta lan kalitatearekin; horiek ere lana bakarka nahiz taldean egin dezakete.

Bilgor lanetako ofizialaren laguntzaileak: bilgor lanetako 1. edo 2. mailako ofizialaren agindura eginkizun hauek dituen langilea: hautatze lanak, garbiketa eta agintzen zaizkion bestelako lan errazak.

Tripaki lanetako ofiziala: era guztietako abereen tripakiak, freskoak zein gazituak prestatzeko behar diren tratamendu lanak txukun eta errendimendu egokiz egiten dituen langilea.

1. Lehenengo mailako ofizialak dira, arduradunaren agindura egonik eta espezializazio eta errendimendu egokiarekin, beren lanbideko eginkizun guztiak ezagutzen eta praktikatzen dituztenak, lana bakarka nahiz taldean eginez, beren mailako edo beheragoko beste langileekin batera. Beren gain egonen da egindako lanaren kalitatearen erantzukizuna.

2. Bigarren mailako ofizialak dira beren lanbideko eginkizun guztiak ezagutzen eta praktikatzen dituztenak, ohiko errendimendu eta lan kalitatearekin; horiek ere lana bakarka nahiz taldean egin dezakete.

Tripaki lanetako ofizialaren laguntzailea: 1. edo 2. mailako tripaki lanetako ofizialak agintzen dizkion lan osagarriak egiten dituen langilea.

Atezaina: bere nagusiek emandako jarraibideak betez, enpresako sarrera zaintzen duen langilea; bere lana, beraz, hartaz kontu izatea eta zaintzea da.

Hemen zehazten ez diren kategoriei dagokienez, Haragi Industrien Oinarrizko Hitzarmenaren 15. artikuluan eta hurrengoetan araututakoari jarraituko zaio. Hitzarmen hura Lan Zuzendaritza Nagusiak 2005eko otsailaren 9an emandako Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta 2005eko 50. Estatuko Aldizkari Ofizialean, otsailaren 28koan, argitaratu.

B) Goragoko mailako lanak: aitortu zaion lanbide kategoria baino goragoko eginkizunetan diharduen langileak eskubidea izanen du esleitutako kategoriaren eta egiazki egiten duen eginkizunaren artean dagoen diferentzia kobratzeko.

C) Beheragoko mailako lanak: produkzio beharrak direla-eta enpresak langile bat bere kategoria baino beheragoko zereginetan jartzen badu, beharrezkoa den denboran baizik ez ditu eginen, eta mantendu eginen zaizkio bere lanbide kategoriari dagozkion ordainsaria eta hortik heldu diren bestelako eskubideak.

D) Igoerak: maila igoeretan kontuan hartuko dira langilearen prestakuntza, merezimenduak eta antzinatasuna, bai eta enpresaburuaren antolaketarako ahalmenak ere.

Langile bat, zortzi hilabete baino gehiago jarraian, goragoko mailako lan batean aritu baldin bada, lanpostu hori hutsik dagoela ulertuko da, eta enpresak lanpostua betetzen saiatuko da, hautapen prozesu baten bidez, zeinean parte hartzeko aukera izanen baitute maila beheragoko langileek, betiere eskaera egiten badute.

Deialdi bakoitzean enpresak argi eta garbi agerraraziko ditu kategoria bakoitzean dauden lanpostu hutsak, bai eta hautapen prozesuan parte hartzeko eskaera egiteko epeak ere.

Enpresak izendatutako bi teknikariren eta enpresa batzordeak izendatutako kide baten iritziz gaitasun handiena duen langilea hautatuko da lanpostu hori betetzeko.

Konfiantzako langileen izendapena eta maila igoerak egiteko erabakia enpresen baitan dago beti.

19. artikulua. Probaldiak. Langile sartu berri orok probaldi bat pasatu beharko du, jarraian adierazten diren epeetan. Probaldian hala enpresak nola kontratatutako langileak kontratua etetea dute kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik edo obligaziorik gabe.

a) Teknikariak (erdi mailako tituludunak eta titulurik gabeak), arduradunak, kontabilitateburuak eta, oro har, departamentu edo saileko buruak: 6 hilabete.

b) Administrazioko langileak: 3 hilabete.

c) Beharginak eta mendekoak: hilabete.

20. artikulua. Kontratazio-araubidea.

Prestakuntzarako kontratuak.-Praktikaldiko lan kontratuei eta prestakuntzako kontratuei dagokienez, Haragi Industrien Oinarrizko Hitzarmenaren 29. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

Iraunaldi jakineko kontratuak. Obra edo zerbitzu jakin bat egiteko lan kontratuaren kasuan, eta, orobat, merkatuaren egoerari, lan metaketari edo gehiegizko eskaerari aurre egiteko behin-behineko kontratuaren kasuan edo bi kontratu mota horiek mugagabeko kontratu bihurtzean, Haragi Industrien Oinarrizko Hitzarmenaren 30. artikuluan xedatutakoari lotuko zaio.

21. artikulua. Baldintzarik hoberenak. Hitzarmen kolektibo honetan biltzen diren baldintza ekonomikoak eta bestelako guztiak, orokorrean hartuta, gutxienekotzat hartuko dira; beraz, baldintza hobeak aitortuak zituzten langileak hemendik aurrera ere horietaz baliatzen ahalko dira.

22. artikulua. Segurtasuna eta higienea. Enpresak babeseko baliabideak banatuko dizkie, behar dituzten langileei (kaskoak, altzairuzko eskularruak, segurtasuneko botak, neguko botak), eta beraien ardura izanen da horietaz kontu izatea eta zaintzea.

23. artikulua. Arau osagarriak. Hitzarmen honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Langileen Estatutuan, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Zehapen araubideari dagokionez, hitzarmen honen 9.4 artikuluan ezarritakoaz gainera, Haragi Industrien Oinarrizko Hitzarmenaren XI. kapituluan (64. art. eta hurrengoak) xedatutakoa aplikatuko da, zehaztapen hauek eginez:

a) Hutsegite arinengatik ondorengo zehapenetako bat jar daiteke: hitzezko edo idatzizko kargu-hartzea, edo egun bateko enplegu-soldaten etenaldia.

b) Hutsegite larriengatiko zehapena bi egunetik hogeira arteko enplegu-soldaten etenaldia izan daiteke.

c) Hutsegite oso larriengatiko zehapena hogeita bat egunetik hirurogeira arteko enplegu-soldaten etenaldia izan daiteke, edo enpresatik kaleratzea.

24. artikulua. Batzorde Mistoa. Testu honen interpretazioan sor daitezkeen zalantzak argitzeko, eta lan arloko jurisdikzioaren eskumena galarazi gabe, Interpretazio Batzorde Mistoa eratu da, enpresaren legezko ordezkariek eta langileen ordezkariek osatua.

2010eko hitzarmen kolektiboaren eranskina

Ordainsarien taulak, 2010eko urtarrilaren 1etik 2010eko
abenduaren 31ra (eurotan)

KATEGORIAK

OINARRIZKO SOLDATA

HITZARMENAREN PLUSA

JARDUERAREN PLUSA

LANSARIA GUZTIRA

Goi mailako tituludunak

1.231,31

183,18

411,12

1.825,61

Erdi mailako tituludunak

1.066,19

264,08

411,12

1.741,39

Titulu gabeak

851,70

408,94

305,91

1.566,55

Administrazioko langileak

Kontabilitateko burua

944,19

298,28

273,34

1.515,81

1. mailako ofiziala

807,61

390,67

273,44

1.471,72

2. mailako ofiziala

807,61

358,71

249,44

1.415,76

Laguntzailea

807,61

321,56

217,65

1.346,82

Saltzaile bidaiaria

807,61

390,67

273,44

1.471,72

Mendeko langileak

Pisatzailea-Baskularia

806,72

295,92

227,51

1.330,15

Telefonozaina

735,84

357,20

268,47

1.361,51

Atezaina

798,88

101,32

-

900,20

Garbitzailea (ordua)

5,29

3,88

5,09

14,26

Beharginak

Arduraduna

26,62

13,98

13,63

54,23

1. mailako abere-hiltzailea

26,62

12,50

11,11

50,23

2. mailako abere-hiltzailea

26,62

11,96

10,49

49,07

Abere-hiltzailearen laguntzailea

26,62

11,63

10,17

48,42

Prestatzailea

26,62

8,66

8,36

43,64

Bilgor lanetako 1. mailako ofiziala

26,62

12,50

11,11

50,23

Bilgor lanetako 2. mailako ofiziala

26,62

11,96

10,49

49,07

Tripaki lanetako ofizialaren laguntzailea

26,62

11,63

10,17

48,42

Zenbait lanbidetako langileak (zurgina, igeltseroa, pintorea, etab.)

26,62

12,50

11,11

50,23

Peoi espezialista

26,62

9,39

8,66

44,67

Ikastuna, 1. urtekoa

18,66

6,58

6,05

31,29

Ikastuna, 2. urtekoa

21,31

7,52

6,91

35,74

Iragarkiaren kodea: F1101339