34. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZASO

Hilerriaren erabileraren gaineko ordenantza. Behin betiko onespena

Lizasoko Kontzejuak, 2010eko otsailaren 5ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Lizasoko Kontzejuko hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta bertako zerbitzuak hartzeko eskubide eta tasak arautzen dituen udal ordenantza. 2010eko 45. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 12an. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik egin gabe, behin betiko onetsi da delako ordenantza. Haren testua osorik argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lizason, 2010eko abenduaren 30ean.-Kontzejuko burua, Txema Marturet Armendáriz.

Lizasoko Kontzejuko hilerriaren erabilera
eta hura erabiltzeko eta bertako zerbitzuak hartzeko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza

I. KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4, 25 eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29.etan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Lizasoko Kontzejuaren esku egon behar dute, deusetan ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean esleiturik izan ditzaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duena.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Kontzejuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira kopuru egokian, Kontzejuko biztanleen erroldaren arabera.

5. artikulua. Ehorzteko ekartzen diren hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira zerbitzu horiengatik.

6. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren zerbitzuen tasak ordaindu eta gero, lagun bakarreko 10 urterako hilobiak egiteko erabiliko dira hilerriko lur guztiak. Dena den, leku eskasiak behartuta, legeak agintzen duen gutxienekoa beteta ateratzen ahal dira hilotzak.

7. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraituz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

8. artikulua. Hilotzak ateratzea, beste ehorzketa batzuk egiteko.

Hilerriko zein aldetan dauden hilobi zaharrenak, handik hasiko da. Kasu horretan, zein den Kontzejuko biztanleen zentsua, haren araberako hilobi kopurua adinako lurra utziko da libre.

Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie hartan interesa dutenei, lan hori ikusi ahal izan dezaten, nahi badute.

Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.

Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura kontratatzen ahal ditu. Udalari jakinarazi beharko dio aitzinetik, horrek baimena eman eta lanak ikuskatu beharko baititu.

9. artikulua. Beste hilerri batetik ekartzen diren hilotzak ehorzteko ez da lur gehiagorik okupatuko. Gutxienez ere 8 urteko antzinatasuna duen hilobian ezarriko dira edo, bestela, hezurtegira eramanen dira.

10. artikulua. Hiltzeko arrazoiak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere bost urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa baldin badira.

b) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein mementotan atera eta lekuz aldatzen ahal da; betiere, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik aterako epaileak agindu ezean.

Hala ere, hilabete horietan ere, hildako lagun baten ezkontide edo 2. mailako ahaide izandakoaren gorpuzkiak ateratzen ahal dira, hildakoarekin batean eta haren ondoan ehortzi ahal izateko.

Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko artikulu honetako a) edo b) baldintzak bete beharko dira.

11. artikulua. Horma-hilobietan ehortzitako hilotzak ateratzeko, 25 urteko epea izanen da lur eman zitzaienetik. Luzapen bat bakarra eskatzen ahal da, 10 urterako, urtean 12 euroko tasa ordainduta + KPIa (urtero eguneratuko dena).

12. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

13. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

14. artikulua. Hilerriko lurra ehorzteko eta hilobiko elementuak jartzeko baino ez da erabiliko, Kontzejuak baimena eman duen tokian.

15. artikulua. Hilobien kokalekua, lur-erauzketaren gastuak zein hilobiak ireki eta ixtekoak eskatzailearen kontura izanen dira.

16. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

Hilobiaren kontserbazioa behar bezalakoa ez denean, Kontzejuak 30 egun naturaleko epea emanen die interesdunei behar diren obrei ekiteko, eta gehienez ere 2 hilabeteko epean bukatu beharko dira.

Aipatu epea bukatuta, Kontzejuak obren ordezko betearazpena eginen du eta horren gainean ordenantza fiskalak dioena aplikatuko du; kostua, interesdunak ordaindu beharko du.

17. artikulua. Kontzejuak eremu bat finkatzen ahalko du hilerriaren barrenean hilotz erraustuen ontziak ehorzteko (errauts kutxatilak, ontziak etab.).

Errauts horiek ehorzteko nahiz hobitik ateratzeko, ordenantza honetako arauak aplikatuko dira.

18. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungi daitezke:

a) Hilerria kentzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.

II. KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzu egiteagatik

19. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak ematea da:

1.-Ehorzketak.

2.-Hobitik ateratzea.

3.-Hilerriko beste lan batzuk.

20. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare bereizia eratzen duten entitateak izan.

21. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

22. artikulua. Ematen ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura.

23. artikulua. Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta beste batean ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

24. artikulua. Eranskinean aurreikusitako 1, 2 eta 3. puntuetako zerbitzuen tasak haiek eman baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan, langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainaraz dezaten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza honek indarra hartu baino lehenago lurpean sartutako hilotzak ateratzeko, 10 urteko epeak iraungi beharko du.

ERANSKINA

1.-Ehorzketak.

-Lizason erroldatutakoak: salbuetsirik. Era berean, erroldatuak bailiran hartuko dira eta tasa hau ordaintzetik salbuetsirik egonen dira hiltzeko unean erroldaturik ez daudenak baldin eta frogatzerik bada lehenagotik Lizason erroldaturik egon direla. Betiere, udal erroldan baja hartu zutenetik bost urte baino gutxiago igaro badira.

-Erroldatu gabeak eta aurreko baldintza egiaztatzerik ez dutenak: 600 euro + KPIa (urtero eguneratuko dena) gehi zerbitzuaren kostua.

2.-Hilotz erraustuen ontziak ehorztea.

Gainerako ehorzketak bezala, hilerrian toki berria hartzen badute.

Lehendik dauden hilobietan ehortziz gero: salbuetsirik.

3.-Hobitik ateratzea.

Hilerriko hilobi guztietarako tarifa: zerbitzuaren kostua, haien kontura.

Prezio horiek urtero eguneratuko dira, Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako ezarritako KPIren arabera.

Iragarkiaren kodea: L1102007