34. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAKAIKU

Ordenantza Fiskala, Pasabideak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Udalak, 2010eko urriaren 22an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Pasabideen tasak arautzen dituen ordenantza.

2010eko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 10ean, eta Udalaren iragarki oholean argitaratu ondoren, bukatu da jendaurrean eman beharreko epea, inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe.

Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen da haren testu osoa.

Bakaikun, 2011ko urtarrilaren 24an.-Alkatea, Eduardo Urrestarazu Fernández.

ORDENANTZA, PASABIDEAK ARAUTZEN DITUENA

Ordenantza honen xedea da pasabideak arautzea.

1. artikulua. Definizioak.

Pasabidea da eremu publikoko espaloi eta ertzaren egituran egiten den edozein aldaketa, helburu bakarra duena ibilgailuak aurreko higiezinetatik edo beraietara pasatzea duena.

Nolanahi ere, ordenantza honetan ezartzen diren seinaleak izan beharko ditu; horien xedea izanen da ibilgailuak aparkatzea galaraztea horretarako seinalatutako aldean.

2. artikulua. Eraikinen ezaugarriak.

2.1. Forma. Pasabidea egitean ez da aldatuko sestra ofiziala, fatxadak eta espaloiak bat egiten duten tokiak markatutako lerroan.

2.2. Obrak. Titularrak izendatzen dituen pertsona eskudunek eginen dituzte pasabideak edo ibilgailuen sarbideak eraiki, aldatu edo kentzeko obrak, betiere udal zerbitzuek ikuskaturik.

2.3. Materialak. Eraikuntzako materialak eta ezaugarriak udal arkitektoak zehaztuko ditu, obra lizentzia ematean jakinaraziko baitira.

2.4. Pasabideen edo ibilgailuendako sarreren luzera. Pasabide eta ibilgailuendako sarbide bakoitzaren luzera, gehienez ere, zintarriaren gainean neurtua, lokalerako sarbidea gehi %25 izanen da, eta betiere Udalak baimentzen duena.

3. artikulua. Kontzesio administratiboa.

3.1. Pasabideak.

3.1.1. Pasabideak gau eta egunekoak baizik ez dira izanen.

Ibilgailuak eguneko 24 orduetan iragaten ahalko dira, hortaz, bertzerik gabe debeku izanen da haren aitzinean aparkatzea, baita pasabidearen titularrarenak diren ibilgailuendako ere.

3.1.2. Gau eta eguneko pasabideen ezaugarriak Udalak zehazturiko erakusgarri batean agertuko dira; erakusgarri hori pasabidearen atean jarri beharko da. Bertan zigilua eta zenbaki bat agertuko dira, identifikazio gisa.

3.1.3. Pasabideko zintarriak horiz pintatu beharko dira, eta udal zerbitzu eskudunek finkatzen dituzten arauei jarraikiz, jabearen kontu betiere.

3.1.4. Finken jabeek eta negozioetarako lokaletako maizterrek soilik eskatzen ahalko dute pasabiderako lizentzia eta haren titular izan, pasabidea noren zerbitzurako eskatzen den.

Titularra da beti pasabiderako kontzesioak sortutako betebehar guztien erantzule.

4. artikulua. Lizentziak.

4.1. Ordenantza honetan arautzen diren lizentzia guztien kontzesioa nahi badakoa izanen da beti, prekarioan eta hirugarrenei kalte egin gabe izan ere. Hortaz, ez du titularrarendako eskubide subjetiborik sortzen eta horrek kendu eta espaloia eta zintarria lehengoratu beharko ditu, bere kontura, Udalak horren errekerimendua egiten badio, edo, betiere, edozein arrazoirengatik baja ematen badiote.

4.2. Pasabiderako edo ibilgailuen sarbiderako lizentzia eskuratzeko, eskatzaileek ondokoa egiaztatu behar dute:

4.2.1. Etxebizitzak badira:

Garajeak edo aparkalekuak, baita eraikinak ere, Bakaikuko Udal Planeamenduaren xedapenak betetzea.

4.2.2. Merkataritza, industria eta negozioko establezimenduak badira:

a) Haien ezaugarriengatik ibilgailuak sartu eta ateratzen ibili behar izatea.

4.3. Pasabidea edo ibilgailuendako sarbidearen eskariarekin batean agiri hauek aurkeztuko dira.

4.3.1. Eskatzaileak lokala bertzelako jardueratarako erabiliko ez duela adierazten duen aitorpena.

4.3.2. Lokalak zenbat ibilgailu eduki ditzakeen adierazten duen aitorpena.

4.3.3. Ibilgailuendako gordeko den azalera adierazten duen aitorpena.

4.3.4. Sarbidearen zabalera librea.

4.4. Pasabidearen lizentziaren titularrek Toki Administrazioari baimena eskatu beharko diote bertan edozein aldaketa egiteko. Handitzeko eta lekuz aldatzeko, lizentzia berria eman beharko da eta, hortaz, ordenantza honetan aurreikusitako tramite eta baldintzak bete beharko dira.

Lekuz aldatzen denean, utzitako pasabidea kentzeagatik sortutako gastuak ere ordainduko ditu titularrak.

4.5. Pasabiderako lizentziak baliorik gabe geratuko dira bertzerik gabe ordenantza honetan ezarritako edozein obligazio bete gabe utziz gero.

5. artikulua. Titularraren betebeharrak.

Pasabidearen titularra nahitaez dago behartua:

5.1. Pasabidea eta seinalizazio diskoak behar bezala zaintzera, horretarako beharra bada.

5.2. Zintarria eta gainerako seinale edo adierazgarriak pintatzera udal administrazioak eskatzen duen aldiro.

5.3. Zoladura berritzera Udalak hala agintzen duenean.

5.4. Udalak agintzen dizkion obra arrunt nahiz bereziak egitera pasabidean, bere kontura.

5.5. Lizentziaren titularrak aprobetxamendua bukatu eta gero baja ematera beharturik daude eta, behar izanez gero, Udalak utzitako diskoak itzultzera eta espaloia eta zintarria lehengoratzera. Horrela egiten ez bada, aprobetxamenduak segida duela ulertuko da harik eta espaloiak eta zintarria zeuden bezala utzi eta diskoak itzuli arte.

5.6. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura ekar dezaketenean, onuraduna aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere, dagokion prezio publikoa ordaindu beharra kendu gabe.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan entitateari.

6. artikulua. Zehapenak.

Gau eta eguneko pasabidearen erakusgarria paratzen bada eta horretarako Udalaren baimenik ez badu, Udalak etxe hartako titularrari edo bertako maizterrari eskatuko dio hiru eguneko epearen barrenean aipatu erakusgarria kentzeko.

Aipatu epea iraganik, eta baimena eskatu ez edota erakusgarria kentzen ez badu, Udalak isuna ezarriko dio arau-hausleari, hain zuzen ere, 10 euro araua hausten den egun bakoitzeko.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, pasabideak ordenantzan ezarritako baldintzak betetzen baditu, arau-hausleak pasabiderako lizentzia eskatzen ahalko du, urtebeteko tasak halako bi ordainduta.

7. artikulua. Tasak.

Indarra duen arautegiak eman ahalmenak erabiliz, ezarri egiten dira tasak ibilgailuak eta gurdiak lokal partikularretara nahiz publikoetara sartzeko, hori espaloiaren gainean eta pasabideetan barna egiten denean.

7.1. Zergapeko egintza. Zergapeko egintza da eremu publikoan toki bat erreserbatzea, honako aprobetxamendu hauetako edozein egin ahal izateko:

a) Erabilera pribatuko eraikin eta orubeetan 2 gurpil edo gehiagoko ibilgailuek sarbidea edo pasabidea izatea, sestra aldaketa eginez nahiz egin gabe.

7.2. Ordaintzera behartuak daudenak. Ordaintzera beharturik daudenak:

a) Udal lizentzien titular diren pertsona fisiko edo juridikoak.

b) Ibilgailuendako sarbideak eta pasabideak zer eraikinetan ezarri diren, haien jabeak.

7.3. Prezio publikoa zehaztea. Ordenantza honetako prezio publikoaren zenbatekoa finkatzeko, aprobetxamenduaren iraupena eta ordenantza honetako xede diren aprobetxamendu bereziek okupatutako eremu publikoaren edo espaloien azalera hartuko dira kontuan, honen eranskinean xedatzen denari jarraikiz.

7.4. Salbuespenak. Prezio publikorik ez zaie ordainaraziko pertsona edo entitate publikoei zein pribatuei, Udalbatzak, osoko bilkuran, erabakitzen badu komunitatearentzat zerbitzu mesedegarriak egiten dituztela.

7.5. Ordainketa. "Aprobetxamendua ematen den unetik beretik sortzen da prezio publikoa ordaindu beharra.

Hala ere, toki entitateak aprobetxamenduari dagokion zenbateko osoa edo horren zati bat eskatzen ahalko du aurretik.

7.6. Likidazioa. Prezio publikoaren likidazioa urtero eginen da, dagokion ekitaldi ekonomikoko urtarrilaren 1etik 31 arte, deusetan ukatu gabe prezioa hiruhilekoan behin hainbanatzea, gertatu ahal izan diren altetarako.

Bajarik izanez gero, ordea, ez da hiruhilekoko hainbanaketa inondik ere itzuliko.

Gainerako arau-hausteetan eta zehapenei dagokienez, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, edo, bestela, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta bat heldu diren arauetan agindutakoari.

7.9. Aplikazio ordeztailea. Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

PASABIDEAK ARAUTZEN
DITUZTEN ORDENANTZAREN TASEN ERANSKINA

Ordenantza honetako 2010. urteko zenbatekoak, gau eta eguneko pasabideetarakoak, hauexek izanen dira:

3,50 metro linealeko zabalera: 100 euro/urtea.

Erakusgarria daramaten plakak: 40 euro, ego gehiagoa, kostua garestiagoa bada.

Iragarkiaren kodea: L1101962