34. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

412/2010 FORU AGINDUA, abenduaren 31koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei 2011n "Lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak" izeneko programa garatzeko diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xedea da Nafarroan genero berdintasuna lortzea, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak deuseztatzen lagunduz.

Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako I. planean (2006-2010), toki administrazioko berdintasunerako politikei buruzko atal bat biltzen da zeharkako 1. arloan; planaren xede eta helburuek indarra izanen dute, arlo horri buruzko bestelako planik onetsi bitartean. Atal horrek honako helburu hau jasotzen du: "Nafarroako toki entitateen konpromisoa bultzatzea, emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren arloan".

Halaber, "Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzea; erantzukizun partekatua" izeneko 7. arlo berariazkoan, 7.3.6 ekintza biltzen da: "Udalek, garrantzia duten gizarte eragileekin adosturik, bateratzearen aldeko neurriak har ditzaten lagundu eta sustatzea."

Ildo horretan, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 13ko 218/2010 Ebazpenaren bidez, "Emakumeek eta gizonek bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak, norberaren giroan" izeneko programan parte-hartzea arautu zuen.

Programaren helburua da toki entitateei eta tokiko gainerako eragileei laguntzea irtenbide partekatuak bilatzen, bai bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko arloari lotutako erronkei eta premiei aurre egiteko, bai pertsona guztien erantzukizun komuneko kontzientzia pizteko bizitza pribatu zein familiarretik eratorritako zereginen gainean.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak oso interesgarri deritzo toki entitateekiko lankidetzari, lurralde bakoitzean hasitako prozesuak sendotzeko eta sinaturiko itun bakoitzean aipatzen diren neurriak hartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. "Emakume eta gizonen bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak" izeneko programa 2011n gauzatzeko Nafarroako toki entitateei Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Oinarriak foru agindu honen eranskinean daude.

3. Berrehun eta hiru mila (203.000) euroko gastua baimentzea, 2010. urteko gastuen aurrekontuko 930001 94000 4609 232200 "Toki entitateentzako transferentziak berdintasun politikak bultzatzeko" izeneko kontu-sailaren kargura, edo ekitaldi horretan gaitzen den antzeko kontu-sailaren kargura, horretarako baldintza izanik bertan kreditua izatea. Zenbateko hori handituko da, hala badagokio, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei 2011n udal esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko diru-laguntzetarako deialdiko aurrekontu soberakinaren bidez.

4. Foru agindu hau Nafarroako Berdintasunerako Institutuari igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko abenduaren 31n.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2011n Nafarroako toki entitateei "Lana eta familiako bizitza bateratzeko tokian tokiko itunak" izeneko programa gauzatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea.

2. oinarria Entitate onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitatean "Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak" sinatu eta koordinatzen dituzten toki entitateek eskatzen ahalko dituzte deialdi honetako laguntzak, betiere Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2011rako antolatutako lan programan parte hartzeko ituna sinatu badute.

3. oinarria Burutzeko epea eta esparrua.

1. Zainketaren etikatik eta erantzukizun partekatutik abiatuta lana eta familiako bizitza bateratzea bultzatzen duten eta 2011ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte gauzatzen diren proiektuei emanen zaie diru-laguntza.

2. Lana eta familiako bizitza bateratzeko tokian tokiko ituna sinatu zuten herriak dira jarduerak egiteko esparrua. Salbuespen gisa, esparru horretatik kanpo egiten diren jarduerak aintzakotzat hartzen ahalko dira, baldin eta itunak sinatu eta koordinatzen dituzten beste toki entitateekin egindako trukaketa edo lankidetza badira.

4. oinarria Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen proiektuak.

1. Proiektu guztiek emakume eta gizonen bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzen zuzenean edo zeharka lagundu behar dute herrian, eta bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunean sartuta eta/edo entitate sinatzaileek onetsita egon behar dute.

a) Sentsibilizazio eta prestakuntza ekintzak, balioak erantzukizun partekaturantz aldatzeko.

b) Emakume eta gizonen arteko itunak, erantzukizun partekaturako.

c) Denbora kudeatzeko modu berriak sortu eta ezartzea.

d) Norberaren bizitza lanarekin eta familiarekin bateratzen laguntzeko udalen baliabide eta zerbitzuak sortzea eta sostengatzea.

2. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuen kopurua.

a) Herri bakar baterako itunak sinatu dituzten toki entitateek proiektu bakar baterako eskatzen ahalko dute diru-laguntza.

b) Itun mankomunatuak sinatu dituzten toki entitateek bi proiektutarako diru-laguntza eskatzen ahalko dute, baldin eta horien proposamenak garatzen direneko herrien ezaugarri bereizietan oinarritzen badira.

3. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Diru-laguntzak gastu hauek finantzatzeko erabiliko dira soilik:

a) Laguntza teknikoa. Atal honetan, diru-laguntza emanen da, soilik, proiektuaz arduratzen diren taldeko kideek berdintasunerako politiketan prestakuntza eta esperientzia dutela frogatzen duten enpresak kontratatzeko. Pertsona horiek izanen dira, gainera, politika horiek aurrera eramateko zuzeneko arduradunak.

b) Proiektua garatzeko, norberaren bizitza lanarekin eta familiarekin bateratzen laguntzeko udalen baliabide eta zerbitzuak kudeatzen dituzten profesionalen ordainsariak.

c) Jarduerak aurrera eramateko ekipamenduak edo material suntsigarria alokatzeko gastua.

d) Diruz laguntzen diren jardueren argitaratze eta publizitate gastuak.

e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean edo "Lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak" programaren elaborazio eta jarraipen saioak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematetik sortutako gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, etab.).

4. Diru-laguntzetatik kanpo geratzen diren proiektuak eta gastuak:

Proiektu edo gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo utziko dira:

a) Ludoteka, gizarte-etxe, adinekoentzako zentro, egoitza eta bestelakoetako udal langileen nominak, toki entitateek proiektua aurrera eraman baino lehen kontratatuak badira.

b) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen Nafarroako Berdintasunerako Institutuko programak eta jarduerak.

c) Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko Nafarroako edo Estatuko beste deialdi edo programa batzuetan agertzen diren azpiegiturak, baliabideak edo laguntzak sortu edo mantentzea.

d) Lege-egoerari buruzko hitzaldiak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuan dohainik eskatzen ahal badira.

e) Oro har, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumenekotzat jotzen diren jarduketak.

5. oinarria Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diru-laguntzak irizpide ekonomiko hauei jarraikiz emanen dira:

1.1. Gehienez ere 9.000 euro eskatzen ahalko dira.

1.2. 8. oinarriaren 3. atalean zehaztutako irizpideei jarraikiz, diru-laguntza hau emanen da (ehunekoetan):

-91-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %100.

-81-90 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %90.

-71-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %80.

-61-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %70.

-50-60 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %60.

2. Aurrekontuko dirua agortu arte emanen dira diru-laguntzak. Horretarako, entitate onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren ehunekoa emateko, balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da aintzat, eta horixe izanen da lehentasun irizpidea.

Aurrekontuetako kontu-saila amaitzen bada puntuazio bera duten bi eskabide edo gehiagorekin, berdinketa ebazteko proiektuaren puntuazioa soilik hartuko da kontuan, 8. oinarriaren 3.2 atalarekin bat.

6. oinarria Dokumentazioa.

1. Diru-laguntza eskatzen duten entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskaera. Diru-laguntza jasotzeko eskaerak espresuki diseinatutako eskabide ereduaren arabera aurkeztuko dira. Eredu hori Nafarroako Berdintasunerako Institutuan dago eskuragai edo, bestela, Interneten, helbide honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es.

b) Toki entitatearen Idazkaritzaren ziurtagiria, 2. oinarriko baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duena.

2. Betebehar horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da beharrezkoa izanen agiri horiek aurkeztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatu bezala. Azken kasu horretan, agiria zein espedientetan jasotzen den zehaztu beharko da, eta horretarako ere eskatzen ahalko da.

7. oinarria Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

1. Diru-laguntzarako eskaerak Nafarroako Berdintasunerako Institutuan aurkeztuko dira zuzenean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako prozeduraren baten bidez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 60 egun naturaleko epean.

Eskabideak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, funtzionarioak, igorri baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkien.

2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera ezetsi, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria Balorazioa eta diru-laguntza emateko prozedura.

1. Diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzari dagokio. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

2. Eskabideak baloratzean, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko edo beste departamentu batzuetako teknikariei eska diezaieke parte hartzeko, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

3. Eskabideak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira, eta eskabidearekin bat aurkeztutako agiriak baizik ez dira kontuan hartuko.

3.1. Lana eta Familiako Bizitza Bateratzeko Tokian Tokiko Ituna sinatu zuten toki entitateen konpromisoei buruzko irizpideak (30 puntu bitarte):

a) Entitate bakoitzak aurkeztutako aurrekontua.

b) Ituna aurrera eramateko jarritako giza baliabideak.

c) Entitate bakoitzak jartzen dituen baliabide tekniko eta materialak.

3.2. Proiektuarekin berarekin lotutako irizpideak (70 puntu bitarte):

a) Proposamenaren kalitate teknikoa (30 puntu bitarte): lan programaren justifikazioa eta bideragarritasuna, prozesu osoan genero ikuspegia erabiltzea, proiektua prestatu eta garatzean, hizkuntzaren erabilera ez-sexista, proiektuaren eta bestelako programa eta jarduketen arteko loturak.

b) Proiektua jardunbide egokitzat jotzea (30 puntu bitarte): aurkeztutako proiektu edo zerbitzuak izandako berrikuntza, aplikagarri den udalerrian edo lurraldean; proiektu edo zerbitzuak udalerrian edo lurraldean izaniko eragina; proiektua edo zerbitzua beste udalerri edo lurralde batzuetara eramateko gaitasuna.

c) Programatutako jarduerak zabaldu eta aditzera emateko ekintzak, 12. oinarriaren g) letran xedatutakoa kontuan hartuta (10 puntu bitarte).

4. Gutxienez ere 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ez dira diruz lagunduko.

5. Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Horri txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek diru-laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria Ebazpena.

1. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpena eskabideak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 2 hilabeteko epean emanen da. Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz.

2. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpenean hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz laguntzen diren proiektuak eta proiektu bakoitzerako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaion ezetz.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak www.igualdaddegenero.navarra.es web orrian jarriko du diru-laguntzen onuradunen zerrenda, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

3. Deialdiaren ebazpen espresaren edo ustezkoaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, jakinarazi edo, hala badagokio, isiltasun administratiboak ondorioak sortu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

10. oinarria Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

1. Diru-laguntza ordainduko da diru-laguntzaren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

2. Diru-laguntzaren xede diren jarduerak egin ondoren, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, 2012ko urtarrilaren 12a baino lehen:

-Jardueren memoria, prestatutako ereduaren araberakoa ("Memoria eredua"). Eredua Nafarroako Berdintasunerako Institutuan eta/edo Internet bidez jasotzen ahalko da www.igualdaddegenero.navarra.es web orrian.

-Diruz lagundutako proiektuaren gastu osoaren justifikazioa, Idazkaritzak luzatutako egiaztagiria aurkeztuz; bertan adierazi beharko da ordainketa egin dela eta gastua diruz lagundutako jarduerarako erabili dela.

-Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, toki entitateak frogatu beharko du enpresa eragimeneko eta ekonomiako irizpideei jarraikiz hautatu dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

-Agiri bidez frogatzea bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan izandako parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean txertatuz, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau: "Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du".

-Proiektuak bestelako laguntza edo diru-laguntzarik jaso ote duen adierazten duen aitorpen espresa. Hala bada, jasotako zenbatekoen eta nondik jaso dituen zehatz-mehatz adieraziko da. Hori guztia 12. oinarriaren d) letran xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

3. Diruz lagundutako jardueraren azken kostua diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostua baino txikiagoa bada, edo gastua frogatzeko agirien bidez egiaztatutako zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, minorazio proportzionala ezarriko zaio diru-laguntzaren zenbatekoari.

4. Salbuespen gisa, frogagiriak aurkezteko epea luzatzen ahalko da, betiere entitateak eskaera idatzia eta arrazoizkoa egiten badu, dagokion epea amaitu baino lehen eta Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzak aldeko txostena eman ondotik.

Edonola ere, epea ezin izanen da 6 egun baliodunetik gorakoa izan.

11. oinarria Bateragarritasuna.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen entitate onuradunek edozein motatako beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte, helburu edo xede berekoak badira, haiek proiektu edo jarduera bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

12. oinarria Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean diru-laguntza jasotzen duten toki entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua burutzea eta deialdiaren helburua betetzea.

b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari diru-laguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz gauzatzea aldatzeko baimena eskatzea.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako diru-laguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol teknikorako jarduketak onartzea.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortu dituen bestelako laguntzak, diru-laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Egiaztapenak eta kontrolak egiteko ahalmena egoki erabil dadin, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion arauetan agindutako moduan.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko beharrezkoak izan daitezkeen bitartean.

g) Egiten den idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren parte-hartzearen berri ematea.

13. oinarria Jasotakoa itzuli beharra.

Diru-laguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan aipatzen diren zergatikoez gain, kobratutako dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da, eta diru-laguntza eman zenetik hura itzuli behar dela erabaki bitarteko berandutza korrituak pagatuko, foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan.

14. oinarria Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

15. oinarria Errekurtsoak.

Deialdiaren eta haren oinarrien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

16. oinarria Araudi osagarria.

Oinarrietan ezarri gabeko orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoak aginduko du.

Iragarkiaren kodea: F1100370