34. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

411/2010 FORU AGINDUA, abenduaren 31koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, toki esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei 2011n diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xedea da Nafarroan genero berdintasuna lortzea, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak deuseztatzen lagunduz.

Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako I. planean (2006-2010), toki administrazioko berdintasunerako politikei buruzko atal bat biltzen da zeharkako 1. arloan; planaren xede eta helburuek indarra izanen dute, arlo horri buruzko bestelako planik onetsi bitartean. Atal horretan adierazten denez, beharrezkoa da "Udalek foru planaren proposamenak zehaztuko dituzten berdintasun planak egin eta onets ditzaten bultzatzea, laguntza eta lankidetza bideak ezarriz", eta "Toki garapena lehentasuntzat hartu behar da eta, beraz, planaren ekintza guztiek hari erantzun beharko diote".

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du toki administrazioan genero berdintasunerako politikak sustatzea. Horretarako, modu egituratuan, koordinatuan, sistematikoan lan egin beharra dago, generoaren ikuspegitik eta lurraldeko errealitate ezberdinen premiei eta berezitasunei erantzunez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Toki esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei 2011n diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Oinarri horiek foru agindu honen eranskinean daude.

3. Ehun eta hirurogei mila euroko (160.000 euro) gastua baimentzea, 2010. urteko gastuen aurrekontuko 930001 94000 4609 232200 "Toki entitateentzako transferentziak berdintasun politikak bultzatzeko" izeneko kontu-sailaren kargura, edo ekitaldi horretan gaitzen den antzeko kontu-sailaren kargura, horretarako baldintza izanik bertan kreditua izatea. Zenbateko hori handituko da, hala badagokio, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei 2011n aukera berdintasuneko agente lanpostuak sortu eta finkatzeko diru-laguntzak emateko deialdiko aurrekontu soberakinaren bidez.

Behin deialdia ebatzita, aurrekontu soberakina Nafarroako toki entitateei 2011n "Lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak" izeneko programa garatzeko diru-laguntzak emateko deialdiari gehituko zaio.

4. Foru agindu hau Nafarroako Berdintasunerako Institutuari igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko abenduaren 31n.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2011n Nafarroako toki entitateei emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko proiektuentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea. Proiektuok honako helburu orokorretakoren bat izan beharko dute:

1. Toki esparruan emakumeen eta gizonen arteko aukera eta tratu berdintasuna sustatzea.

2. Toki esparruan genero ikuspegia aplikatzeko baldintzak sortzea.

3. Toki esparrutik, emakumeen jabekuntzari laguntzea.

4. Toki esparrutik, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazten laguntzea.

2. oinarria Entitate onuradunak.

Deialdira aurkezten ahalko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean baldintza hori aitortua duten Nafarroako toki entitateak.

3. oinarria Betebeharrak.

1. Berdintasunaren edo emakumeen zinegotzigoa/batzordea/alorra edukitzea edo 2011n eratzeko konpromisoa agertzea.

2. 2011rako kontu-saila edo aurrekontu esleipena edukitzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuetara bideratua, Berdintasunaren Alor edo Zinegotzigoan.

4. oinarria Diruz lagun daitezkeen proiektuak eta gastuak, eta horiek gauzatzeko epea.

1. Diru-laguntza 2011ko urtarrilaren 1etik abenduaren 9ra bitarte eginen diren proiektuei emanen zaie.

2. Diruz lagun daitezkeen proiektuak:

2.1. Prestakuntza proiektuak (prestakuntza ekintzak, lantegiak, gogoetarako eta eztabaidarako taldeak, betiere generoaren ikuspegitik).

2.2. Sentsibilizazio proiektuak (kanpainak, jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, materialak egin eta zabaltzea, betiere generoaren ikuspegitik).

2.3. Azterketa, ikerketa, plangintza eta ebaluazio proiektuak, betiere generoaren ikuspegitik.

2.4. Toki esparruan generoko ikuspegi integratua txertatzeko proiektuak.

Aurkeztutako proiektuek deialdiaren 1. oinarrian eta toki entitatearen genero berdintasunerako planean, halakorik bada, adierazitako helburuen esparruan diseinatuta egon beharko dute.

3. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuen kopurua.

Toki entitate bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du; 8. oinarriaren 3. ataleko irizpideen arabera baloratuko da.

Proiektuak bakarka aurkeztu dituzten toki entitateek ezin izanen dute beste toki entitateekin batera egindako proiekturik aurkeztu.

4. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Diru-laguntzak gastu hauek finantzatzeko erabiliko dira soilik:

a) Laguntza teknikoa. Atal honetan, diru-laguntza emanen da, soilik, proiektuaz arduratzen den taldeak berdintasunerako politiketan prestakuntza eta esperientzia duten pertsonak dituela frogatzen duten enpresak kontratatzeko. Pertsona horiek izanen dira, gainera, politika horiek aurrera eramateko zuzeneko arduradunak.

b) Diruz laguntzen diren jardueren argitaratze eta publizitate gastuak.

c) Jarduerak aurrera eramateko ekipamenduak edo material suntsigarria alokatzeko gastua.

d) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematetik sortutako gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, etab.).

5. Diru-laguntzetatik kanpo geratzen diren proiektuak eta gastuak.

Proiektu edo gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo utziko dira:

a) Toki entitateek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta emateko aldian behin kontratatzen direnena, aurreko ataleko d) letran ezarritakoarekin bat.

b) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren berariazko programak eta jarduerak.

d) Lege-egoerari buruzko hitzaldiak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuan dohainik eskatzen ahal badira.

e) Oro har, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumenekotzat jotzen diren jarduketak.

5. oinarria Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diru-laguntzak irizpide ekonomiko hauei jarraikiz emanen dira:

1.1. Gehienez ere zenbateko hauek eskatzen ahalko dira:

a) Gehienez ere 24.000 euro, aukera berdintasuneko agentea kontratatu duten toki entitateen proiektuetarako, horretarako diru-laguntzarik jasotzen ez badute.

b) Gehienez ere 9.000 euro, gainerako toki entitateen proiektuetarako.

1.2. 8. oinarriaren 3. atalean zehaztutako irizpideei jarraikiz, diru-laguntza hau emanen da (ehunekoetan):

-91-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %100.

-81-90 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %90.

-71-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %80.

-61-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %70.

-50-60 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %60.

2. Aurrekontuko dirua agortu arte emanen dira diru-laguntzak. Horretarako, entitate onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren ehunekoa emateko, balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da aintzat, eta horixe izanen da lehentasun irizpidea.

Aurrekontuetako kontu-saila amaitzen bada puntuazio bera duten bi eskabide edo gehiagorekin, berdinketa ebazteko proiektuaren puntuazioa soilik hartuko da kontuan, 8. oinarriaren 3.2 atalarekin bat.

6. oinarria Dokumentazioa.

1. Diru-laguntza eskatzen duten toki entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskaera. Diru-laguntza jasotzeko eskaerak espresuki diseinatutako eskabide ereduaren arabera aurkeztuko dira. Eredu hori Nafarroako Berdintasunerako Institutuan dago eskuragai edo, bestela, Interneten, helbide honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es.

b) Toki entitatearen Idazkaritzaren ziurtagiria, 3. oinarriko baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duena.

c) Toki entitatearen eta berdintasuneko agente lanetan aritzeko kontratatutako pertsonaren arteko 2011ko kontratuaren kopia konpultsatua.

d) Toki entitateko Idazkaritzaren ziurtagiria; bertan adieraziko da, hala badagokio, 8. oinarriaren 3.1 atalean aurreikusitako balorazio irizpideak bete direla.

2. Betebehar horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da beharrezkoa izanen agiri horiek aurkeztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatu bezala. Azken kasu horretan, agiria zein espedientetan jasotzen den zehaztu beharko da, eta horretarako ere eskatzen ahalko da.

7. oinarria Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

1. Diru-laguntzarako eskaerak Nafarroako Berdintasunerako Institutuan aurkeztuko dira zuzenean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako prozeduraren baten bidez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean.

Eskabideak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, funtzionarioak, igorri baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkien.

2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera ezetsi, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria Balorazioa eta diru-laguntza emateko prozedura.

1. Diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzari dagokio. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

2. Eskaerak baloratzean, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko edo beste departamentu batzuetako teknikariei eska diezaieke parte hartzeko, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

3. Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

3.1. Toki entitateak aukera berdintasunarekin duen konpromisoarekin lotutako irizpideak (40 puntu bitarte).

a) Plantillan aukera berdintasunerako agente bat izatea, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei aplikatzen ahal zaien araudian B mailako langileentzat xedatutakoa betez, eta lanaldi osoan.

b) Aukera berdintasuneko plana, ekintza positiboko plana edo genero berdintasunerako plan estrategikoa.

c) Bateratzeko toki ituna egitea.

d) Berdintasunaren edo emakumearen kontseilua edo batzorde parte-hartzailea.

3.2. Proiektuarekin lotutako irizpideak (60 puntu bitarte):

a) Deialdiaren helburuekiko egokitze maila.

b) Proiektuaren egokitzapena toki entitatearen edo haren eskumeneko lurraldearen berariazko premietara eta errealitatera.

c) Proiektuaren kalitate teknikoa (helburuen, neurrien, aurreikusitako denboraren, baliabide ekonomikoen eta giza baliabideen arteko koherentzia; genero ikuspegia prozesu osoan zehar sartzea; proiektuaren lotura toki entitatearen bestelako programa eta jarduketekiko).

d) Proiektuak toki entitatean edo haren eskumeneko lurraldean duen eragina neurtzen duten adierazleak definitzea.

4. Gutxienez ere 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ez dira diruz lagunduko.

5. Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Horri txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek diru-laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria Ebazpena.

1. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpena eskaera aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 2 hilabeteko epean emanen da. Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz.

2. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpenean hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz laguntzen diren proiektuak eta proiektu bakoitzerako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaion ezetz.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak www.igualdaddegenero.navarra.es web orrian jarriko du diru-laguntzen onuradunen zerrenda, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

3. Deialdiaren ebazpen espresaren edo ustezkoaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, jakinarazi edo, hala badagokio, isiltasun administratiboak ondorioak sortu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

10. oinarria Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

1. Diru-laguntza ordainduko da diru-laguntzaren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

2. Diru-laguntzaren xedeko jarduerak egin ondoren, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu behar dute 2011ko abenduaren 16a baino lehen:

-Jardueren memoria, prestatutako ereduaren araberakoa ("Memoria eredua"). Eredua Nafarroako Berdintasunerako Institutuan eta/edo Internet bidez jasotzen ahalko da www.igualdaddegenero.navarra.es web orrian.

-Diruz lagundutako proiektuaren gastu osoaren justifikazioa, Idazkaritzak luzatutako egiaztagiria aurkeztuz; bertan adierazi beharko da ordainketa egin dela eta gastua diruz lagundutako jarduerarako erabili dela.

-Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, toki entitateak frogatu beharko du enpresa eragimeneko eta ekonomiako irizpideei jarraikiz hautatu dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

-Agiri bidez frogatzea bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan izandako parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean txertatuz, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau: "Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du".

-Proiektuak bestelako laguntza edo diru-laguntzarik jaso ote duen adierazten duen aitorpen espresa. Hala bada, jasotako zenbatekoen eta nondik jaso dituen zehatz-mehatz adieraziko da. Hori guztia 12. oinarriaren d) letran xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

3. Diruz lagundutako jardueraren azken kostua diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostua baino txikiagoa bada, edo gastua frogatzeko agirien bidez egiaztatutako zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, minorazio proportzionala ezarriko zaio diru-laguntzaren zenbatekoari.

4. Salbuespen gisa, frogagiriak aurkezteko epea luzatzen ahalko da, betiere entitateak eskaera idatzia eta arrazoizkoa egiten badu, dagokion epea amaitu baino lehen eta Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzak aldeko txostena eman ondotik.

Edonola ere, epea ezin izanen da 6 egun baliodunetik gorakoa izan.

11. oinarria Bateragarritasuna.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen entitate onuradunek edozein motatako beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte, helburu edo xede berekoak badira, haiek proiektu edo jarduera bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

12. oinarria Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean diru-laguntza jasotzen duten toki entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua burutzea eta deialdiaren helburua betetzea.

b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari diru-laguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako diru-laguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol teknikorako jarduketak onartzea.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortu dituen bestelako laguntzak, diru-laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Egiaztapenak eta kontrolak egiteko ahalmena egoki erabil dadin, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion arauetan agindutako moduan.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko beharrezkoak izan daitezkeen bitartean.

g) Egiten den idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren parte-hartzearen berri ematea.

13. oinarria Jasotakoa itzuli beharra.

Diru-laguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan aipatzen diren zergatikoez gain, kobratutako dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da, eta diru-laguntza eman zenetik hura itzuli behar dela erabaki bitarteko berandutza korrituak pagatuko, foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan.

14. oinarria Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

15. oinarria Errekurtsoak.

Deialdiaren eta haren oinarrien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

16. oinarria Araudi osagarria.

Oinarri hauetan ezarri gabeko orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoak aginduko du.

Iragarkiaren kodea: F1100371