34. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

410/2010 FORU AGINDUA, abenduaren 31koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei 2011n aukera berdintasuneko agentearen lanpostua sartu eta finkatzeko diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xedea da Nafarroan genero berdintasuna lortzea, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak deuseztatzen lagunduz.

Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako I. planean (2006-2010), toki administrazioko berdintasunerako politikei buruzko atal bat biltzen da zeharkako 1. arloan; planaren xede eta helburuek indarra izanen dute, arlo horri buruzko bestelako planik onetsi bitartean. Atal horretan jasotzen da beharrezkoa dela "Nafarroako toki entitateen konpromisoa bultzatzea, emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren arloan". Ildo horretan, planeko 1.8.5 ekintzak aurreikusten du aukera berdintasuneko agenteen edo langile teknikoen kontratazioa bultzatu eta babestea.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, uste du berme segurua dela profesional horiek edukitzea, berdintasunerako politikak abian jarri eta garatzeko, baita ezinbesteko neurria ere, emakume eta gizonen bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko eta genero berdintasuna lortzen laguntzeko. Horregatik, toki esparruan aukera berdintasuneko agenteak kontratatzearen eta lanpostu hori finkatzearen aldeko apustua egiten du.

Ekintza positiboko neurri horrek, aukera berdintasuneko agenteak kontratatzea bultzatu eta babesteak, alegia, lanpostu hori tokiko administrazio publikoetan finkatzea eragin beharko luke. Horregatik, deialdia bost urterako finantzaketa prozesu baten zati da, betiere aurrekontuetan horretarako behar adina diru badago.

Aldi horretan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako udal edo toki mailako politika zehaztu eta garatu beharko da; baita lanpostua sartu ere toki entitatearen langileen plantillan. Horregatik, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren "Aukera berdintasuna bultzatzea toki esparruan" programaren esparruan diseinatutako deialdi hau indartu egiten da, aipatutako erakunde autonomoak berdintasuneko langile teknikoentzako bestelako prestakuntza eta aholkularitza jarduketak, horren osagarri direnak, finantzatzearen bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei 2011n diru-laguntzak emateko deialdia onestea, aukera berdintasuneko agente lanpostuak sortu eta finkatze aldera.

2. Deialdiaren oinarriak onestea; foru agindu honen eranskinean jasotzen dira.

3. Ehun eta laurogei mila euroko (180.000 euro) gastua baimentzea, 2010. urteko gastuen aurrekontuko 930001 94000 4609 232200 "Toki entitateentzako transferentziak berdintasun politikak bultzatzeko" izeneko kontu-sailaren kargura, edo ekitaldi horretan gaitzen den antzeko kontu-sailaren kargura, horretarako baldintza izanik bertan kreditua izatea. Deialdia ebatzi ondoren, aurrekontu soberakina beste deialdi honi gehituko zaio: Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzak, udal eta lurralde esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko.

4. Foru agindu hau Nafarroako Berdintasunerako Institutuari igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko abenduaren 31n.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, 2011. urtean aukera berdintasuneko agentearen lanpostua sortu eta finkatze aldera.

2. oinarria Entitate onuradunak.

Deialdira aurkezten ahalko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean izaera hori aitortua duten Nafarroako toki entitateak.

3. oinarria Betebeharrak.

1. Biztanle kopurua:

a) 7.000 biztanletik gorako udalerrietako udalak, edo datozen bost urteotan biztanleen hazkundea kopuru horretara iritsiko dela frogatzen dutenak.

b) 10.000 biztanletik gorako mankomunitateak, salbu eta, biztanleen sakabanatze geografikoa justifikatuta, biztanle kopuru horretara iristen ez direnak.

Hala erabakitzen duten toki entitateek beharrezko erabakiak hartzen ahalko dituzte beste toki entitate batzuekin, behar hori eskuratzearren.

2. Berdintasunaren edo emakumeen zinegotzigoa/batzordea/alorra edukitzea.

Diru-laguntza eskatzen den lehen urtea izatera, eta halakorik ez badu, 2011n horietakoren bat sortzeko konpromisoa adieraztea.

3. Alorrean edo zinegotzigoan helburu hauetarako kontu-sailak edo diru-izendapenak izatea aurrekontuan:

a) Aukera berdintasuneko agente bat kontratatzearen ondoriozko gastuak ordaintzea.

b) Generoaren eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintzak eta proiektuak finantzatzea.

4. Aukera berdintasunerako plana, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako plan estrategikoa, ekintza positiboko plana edo Osoko Bilkuraren, Gobernu Batzordearen zein organo eskudunaren erabakia izatea, kontratuaren lehendabiziko urtean egiten hasteko.

5. Entitate eskatzailearen organo eskudunean berdintasuneko agenteari baimena ematea, administrazio publikoek, bereziki Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, 2011n genero eta aukera berdintasunari buruz antolatzen dituzten prestakuntza jarraituko programetan parte har dezan.

6. Kontratazio berriei dagokienez, toki entitateak adierazi beharko du datozen urteotan (2012. urtea eta hurrengoak) urteko diru-laguntzen xede diren kontratazioek urte natural osoa hartzeko konpromisoa hartu duela, Nafarroako Berdintasunerako Institutuan behar bezala justifikatutako aparteko kasuetan izan ezik.

4. oinarria Diruz lagunduko den kontratazioaren araubidea.

Diru-laguntza emanen da aukera berdintasuneko agente baten kontratazioa finantzatzeko 2011ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte, baldintza hauei jarraikiz:

a) Toki entitateak kontratatzen duen lehenengo aldia bada, lanpostu hori lehenengoz agertzea entitatearen plantilla organikoan edo lanpostu berri bat betetzeko kontratua izatea.

b) B maila.

c) Lanaldi osoa.

5. oinarria Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Zenbatekoa irizpide ekonomiko hauen arabera ezarriko da:

a) Nafarroako administrazio publikoetako langileen hasierako soldata, B mailakoek 2011n dutena, eta enpresak Gizarte Segurantzagatik ordaindu beharreko kuota hartuko dira erreferentziatzat.

b) Diru-laguntzan, aurreko atalean zehaztutako soldataren portzentaje hauek aplikatuko dira, hasierako kontratazioari dagokionez egindako hobekuntzak eta urtea kontuan hartuta:

-Kontratazioko lehen eta bigarren urteak, %75.

-Kontratazioko hirugarren, laugarren eta bosgarren urteak, %60.

Hirugarren eta laugarren urtean, diru-laguntza ehuneko 75 arte handituko da, egindako kontratuan lanpostua finkatzearekin lotutako hobekuntzarik sartzen bada (kontratu mugagabe bilakatzea edo plantilla organikoan sartzea).

c) Diru-laguntzen xede diren kostuetatik kanpo gelditzen dira kontratatutako pertsonak kontratua amaitzeagatik jaso ditzakeen kalte-ordainak.

2. Aurrekontuko dirua agortu arte emanen dira diru-laguntzak. Eskatutako zenbatekoak onetsitako aurrekontua gainditzen badu, 8. oinarriaren 3. atalean zehaztutako lehentasun hurrenkerari jarraikiko zaio.

6. oinarria Dokumentazioa.

1. Diru-laguntza eskatzen duten toki entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskaera. Diru-laguntza jasotzeko eskaerak espresuki diseinatutako eskabide ereduaren arabera aurkeztuko dira. Eredu hori Nafarroako Berdintasunerako Institutuan dago eskuragai edo, bestela, Interneten, helbide honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es.

b) Toki entitatearen Idazkaritzaren ziurtagiria, 3. oinarriko baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duena.

c) Toki entitateak eta berdintasuneko agente izateko kontratatutako pertsonak sinatutako kontratuaren fotokopia konpultsatua, 2011n indarra izanen duena. Eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunerako agiri hori aurkezterik ez badago, toki entitateak formalizatu bezain laster bidaliko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

2. Betebehar horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da beharrezkoa izanen agiri horiek aurkeztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatu bezala. Azken kasu horretan, agiria zein espedientetan jasotzen den zehaztu beharko da, eta horretarako ere eskatzen ahalko da.

7. oinarria Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

1. Diru-laguntzarako eskaerak Nafarroako Berdintasunerako Institutuan aurkeztuko dira zuzenean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako prozeduraren baten bidez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean.

Eskabideak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, funtzionarioak, igorri baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkien.

2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera ezetsi, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria Balorazioa eta diru-laguntza emateko prozedura.

1. Diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzari dagokio. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

2. Eskaerak baloratzean, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko edo beste departamentu batzuetako teknikariei eska diezaieke parte hartzeko, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

3. Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

a) Lehentasun ordena antzinatasun handiena duten kontratazioen diru-laguntzarako eskaerak lehenetsiz ezarriko da, hau da, hurrenkera honetan: kontratazioko bosgarren, laugarren, hirugarren, bigarren eta lehenengo urtea.

b) Kontratazioko lehenengo urteko eskaeren kasuan, lehentasun hurrenkera biztanleria handieneko toki entitateen eskaerak lehenetsiz ezarriko da.

4. Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Horri txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek diru-laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria Ebazpena.

1. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpena eskaera aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 2 hilabeteko epean emanen da. Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz.

2. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpenean adieraziko da entitate eskatzaileen zerrenda eta diru-laguntzaren zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaien ezetz.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak www.igualdaddegenero.navarra.es web orrian jarriko du diru-laguntzen onuradunen zerrenda, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

3. Deialdiaren ebazpen espresaren edo ustezkoaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, jakinarazi edo, hala badagokio, isiltasun administratiboak ondorioak sortu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

10. oinarria Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

1. Emandako diru-laguntza ordainduko da kontrataziorako diruz lagundutako epea bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

2. Entitate onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Hauek aurkeztuko dituzte 2011ko abenduaren 15ean beranduenez:

-Aukera berdintasuneko agenteak 2011n zein funtzio eta jarduketatan parte hartu duen, horiek biltzen dituen memoria; eredua Nafarroako Berdintasunerako Institutuan dago eskuragai edo, bestela, Interneten, helbide honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es.

-Izenpetutako kontratuaren kopia konpultsatua, baldin eta aldez aurretik Nafarroako Berdintasunerako Institutura igorri ez bada.

-Kontratazioaren gastu osoaren eta gaur arte egindako gastuaren justifikazioa, Idazkaritzak luzatutako egiaztagiria, gastua diruz lagundutako jarduerarako erabili dela frogatzen duena, aurkeztuz.

-Agiri bidez frogatzea bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan izandako parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean txertatuz, bai eta diruz lagundutako kontratazioari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau: "Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du".

-Xede bererako laguntza edo diru-laguntzarik jaso ote duen adierazten duen aitorpen espresa. Hala bada, jasotako zenbatekoen eta nondik jaso dituen zehatz-mehatz adieraziko da. Hori guztia 12. oinarriaren e) letran xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

b) Hauek aurkeztuko dituzte 2012ko otsailaren 9an beranduenez:

-Egindako gastu osoaren justifikazioa, Idazkaritzak luzatutako egiaztagiria, gastua diruz lagundutako jarduerarako erabili dela frogatzen duena, aurkeztuz.

3. Diruz lagundutako jardueraren azken kostua diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zena baino txikiagoa bada, edo gastua frogatzeko agirien bidez egiaztatutako zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, minorazio proportzionala ezarriko zaio diru-laguntzaren zenbatekoari.

4. Salbuespen gisa, frogagiriak aurkezteko epea luzatzen ahalko da, betiere entitateak eskaera idatzia eta arrazoizkoa egiten badu, dagokion epea amaitu baino lehen eta Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzak aldeko txostena eman ondotik.

Edonola ere, epea ezin izanen da 6 egun baliodunetik gorakoa izan.

11. oinarria Bateragarritasuna.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen entitate onuradunek edozein motatako beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte, helburu edo xede berekoak badira, haiek kontratazioaren kostuaren %100 gainditzen ez badute.

12. oinarria Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean diru-laguntza jasotzen duten toki entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako kontratazioa egitea eta deialdiaren helburua betetzea.

b) Aukera berdintasuneko agente gisa kontratatzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak egindako hautaketa prozesuan (kontratatzeko garaian indarrean dagoena) oinarritutako zerrendako pertsona bat.

c) Diru-laguntzaren xede den kontratazioan izan daitekeen edozein aldaketaren berri ematea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako diru-laguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol teknikorako jarduketak onartzea.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortu dituen bestelako laguntzak, diru-laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

f) Egiaztapenak eta kontrolak egiteko ahalmena egoki erabil dadin, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion arauetan agindutako moduan.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko beharrezkoak izan daitezkeen bitartean.

h) Egiten den idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako kontratazioari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren parte-hartzearen berri ematea.

13. oinarria Jasotakoa itzuli beharra.

Diru-laguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan aipatzen diren zergatikoez gain, kobratutako dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da, eta diru-laguntza eman zenetik hura itzuli behar dela erabaki bitarteko berandutza korrituak pagatuko, foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan.

14. oinarria Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

15. oinarria Errekurtsoak.

Deialdiaren eta haren oinarrien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

16. oinarria Araudi osagarria.

Oinarrietan ezarri gabeko orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoak aginduko du.

Iragarkiaren kodea: F1100372