34. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

409/2010 FORU AGINDUA, abenduaren 31koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako planak egin eta garatzeko Nafarroako enpresa eta entitate publiko edo pribatuei 2011n diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xedea da Nafarroan genero berdintasuna lortzea, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak deuseztatzen lagunduz.

Nafarroako Foru Komunitateko Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako I. Planean (2006-2010), "Sustapen ekonomikoa, enplegua eta prestakuntza" izeneko 1. arlo berariazkoan, 1.3 helburu gisa ageri da "Nafarroako emakumeek lanpostu egonkorrak berdintasunez eskura ditzaten sustatzea"; planaren xede eta helburuek indarra izanen dute, arlo horri buruzko bestelako planik onetsi bitartean. Bestalde, 1.4 helburua da "Emakumeek lan merkatuan berdintasunez iraun eta aurreratzea" eta, azkenik, 1.5 helburua da "Negoziazio kolektiboari generoko ikuspuntua eranstea".

Helburu horiek betetzeko, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, egoki deritzo enpresa eta entitate pribatu eta publikoei laguntza eta baliabide ekonomikoak ematea, horiek berdintasunerako planak egin eta garatzeko, euren garapen estrategikoarekin eta kalitate eta kudeaketa sistemekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako planak egin eta garatzeko Nafarroako enpresa eta entitate publiko edo pribatuei 2011n diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea; foru agindu honen eranskinean daude.

3. Ehun eta berrogei mila (140.000) euroko gastua baimentzea, 2010eko gastuen aurrekontuko "Erakundeetan berdintasunerako planak egiteko transferentziak" izeneko 930001 94000 4709 232200 kontu-sailaren kargura, edo ekitaldi horretan gaitzen den antzeko kontu-sailaren kargura, betiere horretarako krediturik bada.

4. Foru agindu hau Nafarroako Berdintasunerako Institutuari igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko abenduaren 31n.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak enpresa eta entitate publiko edo pribatuentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea. Diru-laguntzak erakundeetan, 2011n, emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak sustatzeko eta bultzatzeko dira eta honako helburu hauek dituzte:

1. Enpresek eta erakundeek egindako genero berdintasunerako planak abian jarri, garatu eta burutu daitezela bultzatzea.

2. Enpresetan genero berdintasunerako planak egin daitezen, bai barne antolakuntzari bai zerbitzu edo produktuak egiteari dagokienez.

2. oinarria Entitate onuradunak.

Deialdiko diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte Nafarroako enpresa edo entitate publiko edo pribatu guztiek, edozein izanik ere haien araubide juridikoa.

3. oinarria Betebeharrak.

1. Berdintasunerako plana egiteko diru-laguntza eskatzen bada, legez beharturik ez egotea, Emakumeen eta Gizonen arteko Egiazko Berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren III. kapituluko 45. artikuluari jarraikiz.

2. Helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

3. Entitateko pertsona bat izendatzea, genero berdintasunerako planaren proiektuaren edo prozesuaren arduradun.

4. Diagnostikoa eta berdintasunerako plana egiteko, erakundeetan generoan eta aukera berdintasunean gutxienez ere 2 urteko eskarmentua duela froga dezakeen laguntza teknikoa kontratatzea -edo gutxienez ere 100 orduko prestakuntza, erakundeetan genero berdintasunaren kudeaketan, edota prestakuntza, enpresetan genero berdintasuna txertatzeko prozeduran-.

5. Enpresako zuzendaritzak konpromisoa hartzea berdintasunerako lan taldeko edo batzordeko kide guztiek parte hartuko dutela Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatuko duen 4 orduko prestakuntza ekintza batean.

4. oinarria Diruz lagun daitezkeen proiektuak eta horiek gauzatzeko epea.

1. 2011ko urtarrilaren 1etik abenduaren 9ra bitarte egin eta gauzatuko diren genero berdintasunerako planetarako emanen dira diru-laguntzak.

2. Diruz lagun daitezkeen proiektuak:

2.1. Entitatearen Genero Berdintasunerako Planean aurreikusitako neurriak abian jarri, garatu eta burutzeko proiektuak:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko azterlanak, entitatearen barne antolakuntzari zein egiten dituen produktu edo zerbitzuei dagokienez.

b) Lan munduko genero berdintasunari buruzko sentsibilizazioa eta/edo prestakuntza. Gutxienez ere 6 ordu iraunen du eta, bertan, plantillako zati adierazgarri batek (alor, departamentu, lanpostu eta/edo mailen araberakoa) parte hartuko du, gutxienez.

c) Onetsitako genero berdintasunerako plana ezartzean plantillaren parte-hartzea errazten duten neurriak.

d) Gizonen eta emakumeen bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko eta enpresan ematen den berdintasun ezari eta laneko sexu jazarpenari aurre egiteko beste neurri batzuk.

Onetsitako planean sartu ez diren baina proiektuan proposatu ziren neurriak planean sartzeko arrazoiak ematea.

2.2. Entitateak genero berdintasunerako plan bat egiteko proiektuak, nahitaez hauexek barnean hartuko dituenak:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoa, bai barne antolakuntzari bai egiten dituen zerbitzu edo produktuei dagokienez.

b) Lan munduko genero desberdintasunari buruzko prestakuntza, eta hori islatzea diagnostikoaren emaitza nagusietan, errazago ulertzeko eta berdintasunerako plana egiteko abiapuntutzat erabiltzeko. Gutxienez ere 6 ordu iraunen du eta, bertan, plantillako zati adierazgarri batek (alor, departamentu, lanpostu eta/edo mailen araberakoa) parte hartuko du.

c) Genero berdintasunerako plan bat diseinatzea, bai barne antolakuntzari bai zerbitzuak edo produktuak egiteari dagokienez.

3. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuen kopurua:

Entitate bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du, eta 8. oinarriaren 3. ataleko irizpideen arabera baloratuko da.

4. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

Diru-laguntzak gastu hauek finantzatzeko erabiliko dira soilik:

a) Laguntza teknikoa.

b) Ekintzak aurrera eramateko gastua (joan-etorriak, publizitatea, materialak argitaratu eta/edo inprimatzea eta abar).

5. Diru-laguntzetatik kanpo geratzen diren proiektuak eta gastuak:

Proiektu edo gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo utziko dira:

a) Entitate onuradunen kontratupeko edo plantillako langile teknikoen nominak.

b) Oro har, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumenekotzat jotzen diren jarduketak.

c) Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa kenduko da, hura berreskuratu edo konpentsa badaiteke.

5. oinarria Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diru-laguntzak irizpide ekonomiko hauei jarraikiz emanen dira:

1.1. Gehienez ere zenbateko hauek eskatzen ahalko dira:

a) 6.000 euro, jadanik onetsitako berdintasunerako planetan aurreikusitako neurriak gauzatzeko.

b) 12.000 euro, diagnostikoa eta genero berdintasunerako plana egiteko.

1.2. 8. oinarriaren 3. atalean zehaztutako irizpideei jarraikiz, diru-laguntza hau emanen da (ehunekoetan):

-91-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %100.

-81-90 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %90.

-71-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %80.

-61-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %70.

-50-60 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %60.

2. Aurrekontuko dirua agortu arte emanen dira diru-laguntzak. Horretarako, entitate onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren ehunekoa emateko, balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da aintzat, eta horixe izanen da lehentasun irizpidea.

Aurrekontuko kontu-saila puntuazio bereko eskaera birekin edo gehiagorekin agortuz gero, berdinketa hausteko, 4. oinarriko 2.1 modalitateko ("Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako planean aurreikusitako neurriak gauzatzea") eskaerek izanen dute lehentasuna, 2.2 modalitatekoen ("Genero berdintasunerako plan bat egitea") aurretik. Berdinketak badirau, 8. oinarriaren 3.3 atala ("Proiektuaren eragina") baloratzean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, erabakitzeko.

6. oinarria Dokumentazioa.

1. Diru-laguntza eskatzen duten entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskaera. Diru-laguntza jasotzeko eskaerak espresuki diseinatutako eskabide ereduaren arabera aurkeztuko dira. Eredu hori Nafarroako Berdintasunerako Institutuan dago eskuragai edo, bestela, Interneten, helbide honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es.

b) Enpresaren edo entitatearen IFKren kopia konpultsatua.

c) Entitate interesdunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak dituela adierazten duen agiria.

d) Entitatearen ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, entitatea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan diru-laguntzaren onuradun izateko ezarritako debekurik urratzen ez duela azaltzen duena.

e) Hala badagokio, laguntza teknikoaz arduratzen den entitate aholku-emailearen izena, eta entitate horren zein proiektua egiteko aukeratutako pertsonen esperientzia eta gaitasun tekniko eta profesionala erakundeen barneko genero eta aukera berdintasunean.

f) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskabidea, aldez aurretik aurkeztu ez bada.

g) Sozietatea osatzeko eskritura publikoaren eta horren aldaketen kopia konpultsatuak, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak, merkataritzako pertsona juridikoak badira. Beste sozietate edo entitateetarako, eraketa frogatzen duen agiriaren kopia konpultsatua, kasuan kasuko erregistroan inskribatua, hala bada.

2. Betebehar horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da beharrezkoa izanen agiri horiek aurkeztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatu bezala. Azken kasu horretan, agiria zein espedientetan jasotzen den zehaztu beharko da, eta horretarako ere eskatzen ahalko da.

7. oinarria Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

1. Diru-laguntzarako eskaerak Nafarroako Berdintasunerako Institutuan aurkeztuko dira zuzenean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako prozeduraren baten bidez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean.

Eskabideak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta funtzionarioak, igorri baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkien.

2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera ezetsi, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria Balorazioa eta diru-laguntza emateko prozedura.

1. Diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzari dagokio. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

2. Eskaerak baloratzean, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko edo beste departamentu batzuetako teknikariei eska diezaieke parte hartzeko, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

3. Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira, eta eskabidearekin bat aurkeztutako agiriak baizik ez dira kontuan hartuko:

3.1. Proposamenaren kalitatea (50 puntu bitarte).

-Kalitatea eta bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa, gauzatze egutegiari, metodologiari eta aurrekontuari dagokienez (20 puntu bitarte).

-Proposamena enpresaren kudeaketa planetan eta/edo kalitatea kudeatzeko sistemetan sartzea (15 puntu bitarte).

Onetsitako planetan sartuta dauden neurriak garatzeko jarduketetan, 4. oinarriaren 2.1 atalean, honako hauek ere baloratuko dira:

-Proiektuaren edo proposatutako ekintzen eta entitatearen Berdintasunerako Planaren arteko barne koherentzia eta proposamena berariaz egokitzea erakunde motara eta gizarte eta lan ingurunera (5 puntu bitarte).

-Entitateak plana garatzeko duen urteko aurrekontua (5 puntu bitarte).

-Egindako diagnostikoaren aldian behingo eguneratzea bermatzen duten neurriak eta planean ezarritako ekintzen garapen maila zehaztea (5 puntu bitarte).

Plana egiteko proiektuetan, 4. oinarriaren 2.2 atalean, honako hauek ere baloratuko dira:

-Proposamena antolaketa motara eta gizarte eta lan ingurunera berariaz egokitzea (10 puntu bitarte).

-Kontratatutako erakundearen gaitasun teknikoa eta esperientzia (5 puntu).

3.2. Enpresa edo entitatearen zuzendaritzaren parte-hartzea (25 puntu bitarte).

-Entitate eskatzailearen ibilbidea arlo horretan (10 puntu bitarte).

-Onetsitako planetako neurriak gauzatzeko proiektuetan (4. oinarriaren 2.1 atala): planeko lan eta jarraipen taldeak eratzeko irizpideen eta horien eginkizunen deskribapena (15 puntu bitarte).

-Plana egiteko proiektuetan (4. oinarriaren 2.2 atala): diagnostikoa eta genero berdintasunerako plana egiteko lan taldea eratzeko irizpideen eta horren eginkizunen deskribapena (15 puntu bitarte).

3.3. Proiektuaren eragina (10 puntu bitarte).

-Prozesuaren adierazleak (2 puntu bitarte).

-Emaitzaren adierazleak (4 puntu bitarte).

-Eraginaren adierazleak (4 puntu bitarte).

3.4. Hizkuntza ez sexista erabiltzea (10 puntu bitarte).

3.5. Genero, etnia, arraza, desgaitasuna, etab. direla-eta bereizkeria anizkoitza pairatzen duten emakumeen premia berariazkoak kontuan hartzea (5 puntu bitarte).

4. Gutxienez ere 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ez dira diruz lagunduko.

5. Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Horri txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek diru-laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria Ebazpena.

1. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpena eskaera aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 2 hilabeteko epean emanen da. Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz.

2. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpenean hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz laguntzen diren proiektuak eta proiektu bakoitzerako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaion ezetz.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak www.igualdaddegenero.navarra.es web orrian jarriko du diru-laguntzen onuradunen zerrenda, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

10. oinarria Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

1. Diru-laguntza ordainduko da diru-laguntzaren xede diren jarduerak bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

2. Diru-laguntzaren xede diren jarduerak egin ondoren, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, 2011ko abenduaren 16a baino lehen:

-Diru-laguntzaren xede den jardueraren memoria, horretarako diseinatutako ereduaren araberakoa. Eredu hori Nafarroako Berdintasunerako Institutuan dago eskuragai edo, bestela, Interneten, helbide honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es. Gainera, berdintasunerako plana egiteari dagokionez, diagnostikoaren eta jarduketa planaren ale bana, paperean zein euskarri elektronikoan.

-Diruz lagundutako proiektuaren gastu osoaren justifikazioa, jardueraka xehakatua. Horretarako, jatorrizko fakturak eta ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.

-Agiri bidez frogatzea bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan izandako parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean txertatuz, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau: "Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du".

-Enpresak aurkeztutako proiekturako bestelako laguntza edo diru-laguntzarik eskatu eta/edo jaso ote duen adierazten duen aitorpen espresa. Hala bada, jasotako zenbatekoen eta nondik jaso dituen zehatz-mehatz adieraziko da. Hori guztia 12. oinarriaren e) letran xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

3. Diruz lagundutako jardueraren azken kostua diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zena baino txikiagoa bada, edo gastua frogatzeko agirien bidez egiaztatutako zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, minorazio proportzionala ezarriko zaio diru-laguntzaren zenbatekoari.

4. Salbuespen gisa, frogagiriak aurkezteko epea luzatzen ahalko da, betiere entitateak eskaera idatzia eta arrazoizkoa egiten badu, dagokion epea amaitu baino lehen eta Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzak aldeko txostena eman ondotik.

Edonola ere, epea ezin izanen da 6 egun baliodunetik gorakoa izan.

11. oinarria Bateragarritasuna.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen entitate onuradunek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte, helburu edo xede berekoak badira, haiek proiektu edo jarduera bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

12. oinarria Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean diru-laguntza jasotzen duten entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua burutzea eta deialdiaren helburua betetzea.

b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari diru-laguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako diru-laguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol teknikorako jarduketak onartzea.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortu dituen bestelako laguntzak, diru-laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Egiaztapenak eta kontrolak egiteko ahalmena egoki erabil dadin, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion arauetan agindutako moduan.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko beharrezkoak izan daitezkeen bitartean.

g) Egiten den idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren parte-hartzearen berri ematea.

h) Hizkuntzaren erabilera ez sexista frogatu beharko da, proiektuan zehar sortutako dokumentazio guztian, bai eta azken memoria eta txostenetan ere.

i) Langileei plana egiteko lan proposamena jakinaraztea, diagnostikoaren emaitza nagusiak, egindako berdintasunerako plana, bai eta entitatearen berdintasunerako plana garatzeko urteko proiektuak eta ekintzak ere. Azken memoria aurkeztean, horretarako erabilitako euskarrien kopia gehituko da.

13. oinarria Jasotakoa itzuli beharra.

Diru-laguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan aipatzen diren zergatikoez gain, kobratutako dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da, eta diru-laguntza eman zenetik hura itzuli behar dela erabaki bitarteko berandutza korrituak pagatuko, foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan.

14. oinarria Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

15. oinarria Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka, entitate interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Halaber, aldez aurretik, Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epean.

Deialdi honen aplikazio egintzen aurka Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute administrazio publikoak ez diren entitateek, eta, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazio publiko direnek. Hori guztia aurretik adierazitako epeetan.

16. oinarria Araudi osagarria.

Oinarrietan ezarri gabeko orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoak aginduko du.

Iragarkiaren kodea: F1100373