34. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

408/2010 FORU AGINDUA, abenduaren 31koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko Nafarroako emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei diru-laguntzak emateko 2011ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xedea da Nafarroan genero berdintasuna lortzea, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak deuseztatzen lagunduz.

Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako I. planaren (2006-2010) 8. arlo berariazkoak, "Emakumeen jabekuntza eta parte-hartze sozial eta politikoa" izenekoak, bere helburuen artean, honako behar hauek finkatzen ditu: "Emakumeek arlo sozialean, politikoan eta sindikalean parte hartzeak egiazko berdintasuna lortzeko duen garrantziaren zabalkundea egin eta Nafarroako gizartea sentsibilizatzea", "Emakumeek Nafarroako Foru Komunitateko erakunde publiko eta sindikaletan duten presentzia eta parte-hartzea sustatzea" eta "Nafarroako elkarteetan duten presentzia eta parte-hartzea sustatzea"; planaren xede eta helburuek indarra izanen dute, arlo horri buruzko bestelako planik onetsi bitartean.

Bestalde, 6. arlo berariazkoan, "Herrietako emakumeak" izenekoan, honako helburu hauek biltzen dira: "Nafarroako herrietako emakumeen egoerari buruzko informazioa zabaldu eta Nafarroako gizartea egoera horretaz sentsibilizatzea", "Emakumeen presentzia eta parte-hartzea sustatzea herrietako erakunde politiko, sindikal, profesional eta sozialetan" eta "Emakumeen laneratzea bultzatzea eta herrietako garapen ekonomikoari egiten dizkioten ekarpenak aitortzea".

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko Nafarroako emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei diru-laguntzak emateko 2011ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea; foru agindu honen eranskinean daude.

3. Berrehun eta hirugeita hamabost mila (275.000) euroko gastua baimentzea, 2010. urteko gastuen aurrekontuko 930001 94000 4819 232200 "Emakumeen elkarteentzako eta beste entitate batzuentzako transferentziak" izeneko kontu-sailaren kargura, edo ekitaldi horretan gaitzen den antzeko kontu-sailaren kargura, betiere horretarako krediturik bada.

4. Foru agindu hau Nafarroako Berdintasunerako Institutura igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko abenduaren 31n.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei Nafarroako Berdintasunerako Institutuak eman beharreko diru-laguntzen araubidea ezartzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bizitzaren edozein arlotan bultzatu eta sustatzeko proiektuak egin ditzaten 2011. urtean.

Gizartean eta herritarren artean emakume eta gizonen arteko genero berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko ematen dira diru-laguntza hauek.

2. oinarria Entitate onuradunak.

Deialdira aurkezten ahalko dira emakumeen elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitate pribatuak.

3. oinarria Betebeharrak.

1. Indarra duen legeriarekin bat eratuak egotea, nortasun juridikoa izatea eta dagokien erregistroan inskribatuak egotea.

2. Nafarroako Foru Komunitatean jardutea.

3. Estatutuetan berariaz agertzea emakumeen egoera hobetzeko konpromisoa, edo emakume eta gizonen arteko egiazko berdintasunerantz jotzekoa, bizitzako arlo guztietan.

4. oinarria Diruz lagun daitezkeen proiektuak eta gastuak, eta horiek gauzatzeko epea.

1. Diru-laguntza 2011ko urtarrilaren 1etik abenduaren 9ra bitarte gauzatzen diren proiektuei emanen zaie.

2. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen proiektuak.

2.1. Emakumeen elkarteen mugimendua dinamizatzeko, akuilatzeko eta bultzatzeko jarduerak.

2.2. Emakumeen elkartegintzan eta emakumeen, oro har, jabekuntza bultzatzen duten jarduerak.

2.3. Emakumeak entitate sozial eta politikoetako kudeaketan eta zuzendaritzan izateko eta horietan parte hartzeko jarduerak, eta joera hori finkatzekoak.

2.4. Emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko ikerketa, sentsibilizazio eta zabalkunde jarduerak, emakumeen eskubideen sustapena eta defentsaren aldekoak eta erreferentzia eta emakumeen genealogiak sortzekoak.

2.5. Prestakuntza jarduerak (prestakuntza ekintzak, lantegiak, gogoetarako eta eztabaidarako taldeak, betiere generoaren ikuspegitik).

2.6. Emakumeen aurkako bortizkeriari aurrea hartzeko eta hori desagertzeko jarduerak.

2.7. Emakumeen eskubideekin lotutako garrantzi bereziko datak, toki zein autonomia mailakoak, aldarrikatzeko jarduerak.

2.8. Nafarroako emakumeen elkarteen arteko truke, lankidetza eta bilera jarduerak.

3. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuen kopurua.

Entitate bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du, eta 8. oinarriaren 3. ataleko irizpideen arabera baloratuko da.

Hala ere, oinarri honen 2.8 atalean aipatzen diren Nafarroako emakumeen elkarteen arteko truke, lankidetza eta topaketa proiektu bat 2011n antolatu eta gauzatzen duten entitateek hura bigarren proiektu gisa aurkezten ahalko dute.

4. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Diru-laguntzak gastu hauek finantzatzeko erabiliko dira soilik:

4.1. Zuzeneko gastuak:

a) Aholkularitza teknikoa (enpresak kontratatzea, hizlarien ordainsariak, joan-etorriak, dietak eta ostatu-hartzea).

Proiektua gauzatzeko enpresa bat kontratatuz gero, horrek ziurtatu beharko du berdintasun politiken arloan prestakuntza eta eskarmentua duten pertsonak dituela eta horiexek direla proiektua gauzatzeko erantzule zuzenak.

b) Diruz laguntzen diren jardueren argitaratze eta publizitate gastuak.

c) Jarduera gauzatzeko ekipamenduak edo material suntsigarria alokatzeko gastuak.

d) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematetik sortutako gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, etab.).

e) Nafarroako emakumeen elkarteen arteko topaketa batean parte hartuz gero, topaketa eginen den herrira bidaiatzeak ekarriko duen gastua.

4.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Emandako diru-laguntzaren edo, hori baino txikiagoa bada, justifikatutako gastu guztiaren %20 erabiltzen ahalko da, gehienez ere, zeharkako gastu hauek ordaintzeko: kudeaketa administratiboa, entitatearen lokalaren alokairua, argia, ura eta telefonoa.

5. Diru-laguntzetatik kanpo geratzen diren proiektu, jarduera eta gastuak.

Proiektu, jarduera edo gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo utziko dira:

a) Diseinuan, abian jartzean eta ebaluazioan genero ikuspegia bere egiten ez duten proiektuak.

Berdintasunerako Institutuak deialdi honetako entitate onuradunen esku paratzen du laguntza eta aholkularitzako doako zerbitzua, diruz lagun daitezkeen proiektuak egiteko edo haiek gauzatzetik hel daitezkeen bestelako gaiak bideratzeko.

b) Aisia edo jolas-josteta jarduerak.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu edo erakundeetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren berariazko programak eta jarduerak: lege kontuei buruzko informazio saioak; elkartze kudeaketarekin lotutako proiektu eta jarduerak; parte-hartzea bultzatzeko eta horretan prestatzeko jarduerak.

e) Informatikako eta teknologia berrietako prestakuntza.

f) Entitate batek beste entitate batzuei eskaintzeko diren zerbitzuak edo bestelako ekintzak finantzatzeko direnak.

5. oinarria Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Eskatutako zenbatekoak eta diruz lagunduko direnak.

a) 1. modalitatea: gehienez ere 3.000 euro eskatzen ahalko dira. Eskatutakoaren %100 emanen zaie, betiere balorazioan gutxienez 50 puntu lortu badituzte.

b) 2. modalitatea: gehienez ere 18.000 euro eskatzen ahalko dira. Diru-laguntza hau emanen da (ehunekoetan):

-91-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %100.

-81-90 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %90.

-71-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %80.

-61-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %70.

-50-60 puntu lortzen dituzten proiektuetarako eskatutako zenbatekoaren %60.

2. Aurrekontuko dirua agortu arte emanen dira diru-laguntzak. Horretarako, entitate onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren ehunekoa emateko, balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da aintzat, eta horixe izanen da lehentasun irizpidea.

Aurrekontuetako kontu-saila amaitzen bada puntuazio bera duten bi eskabide edo gehiagorekin, berdinketa ebazteko proiektuaren puntuazioa soilik hartuko da kontuan, 8. oinarriaren 3.1 atalarekin bat. Berdinketak badirau, 3.1 atal horren a) letrako (Proiektuaren kalitatea) puntuaziorik handienari begiratuko zaio.

6. oinarria Dokumentazioa.

1. Entitateek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera, jatorrizko agirien edo behar bezala konpultsatutako kopien bidez:

a) Eskaera. Diru-laguntza jasotzeko eskabideak espresuki diseinatutako ereduaren arabera aurkeztuko dira. Eredu hori Nafarroako Berdintasunerako Institutuan dago eskuragai edo, bestela, Interneten, helbide honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es.

Diru-laguntzaren aurrerakin bat eskatu nahi duten entitateek funtsak aurretiaz behar dituztela frogatuko dute, aipatutako ereduaren dagokion atalean.

b) Nortasuna egiaztatzen duten agiriak, estatutuak (horietan jasoko da entitateak duen konpromisoa bizitzaren arlo guztietan emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna lortzeko) eta, behar izatera, dagokion erregistroko izen-ematea eta identifikazio fiskaleko txartela.

c) Ziurtagiri eguneratua, deialdia argitaratu ondotik igorritakoa, non jasoko baita entitateak eguneratuak dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

d) Entitatearen ordezkariak sinatutako aitorpena, ordezkaritza organoa osatzen dutenen identitatea ematen duena.

e) Entitatearen ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, entitatea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan diru-laguntzaren onuradun izateko ezarritako debekurik urratzen ez duela azaltzen duena.

2. Betebehar horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da beharrezkoa izanen agiri horiek aurkeztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatu bezala. Azken kasu horretan, agiria zein espedientetan jasotzen den zehaztu beharko da, eta horretarako ere eskatzen ahalko da.

7. oinarria Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

1. Diru-laguntzarako eskaerak Nafarroako Berdintasunerako Institutuan aurkeztuko dira zuzenean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako prozeduraren baten bidez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean.

Eskabideak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, funtzionarioak, igorri baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkien.

2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera ezetsi, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria Balorazioa eta diru-laguntza emateko prozedura.

1. Diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzari dagokio. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

2. Eskaerak baloratzean, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko edo beste departamentu batzuetako teknikariei eska diezaieke parte hartzeko, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

3. Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

3.1. Proiektuarekin lotutako irizpideak (70 puntu bitarte).

a) Aurkeztutako proiektuaren kalitatea (60 puntu bitarte).

-Proposamenaren kalitate teknikoa: xede, neurri, aurreikusitako epe, baliabide ekonomiko eta langileen arteko koherentzia; genero ikuspegia prozesu osoan sartzea; proiektuaren eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen duten entitatearen beste proiektu eta jarduera batzuen arteko lotura.

-Proiektuaren egokitzapena hura gauzatuko deneko lurraldearen edo udalerriaren berariazko errealitatera eta premietara.

-Jarduketek lurraldean edo udalerrian izanen duten eragina edo emaitza.

b) Programatutako jardueraren berrikuntza (5 puntu bitarte).

c) Entitatea beste emakume elkarteekin lankidetzan aritzea, proiektua egin eta garatzeko (5 puntu bitarte).

3.2. Entitate eskatzaileari dagozkion irizpideak (30 puntu bitarte).

a) Emakumeen elkartea izatea (20 puntu).

b) Elkarte edo entitatearen kokaleku geografikoa (10 puntu bitarte).

Puntuazio handiagoa emanen zaie biztanle gutxien duten herrietako entitateek sustatu eta kudeatzen dituzten proiektuei.

c) Entitate eskatzailea emakumeen elkartea ez denean, entitateak, bere lanean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko duen konpromisoa (20 puntu bitarte):

-Entitateak emakumeen eta gizonen arteko berdintasun arloan duen esperientzia (15 puntu bitarte).

-Aukera berdintasuneko agentea plantillan izatea, berdintasunaren arloan prestakuntza eta esperientzia frogaturik dituena. Proiektuaren zuzeneko arduradunak izanen dira agenteok (5 puntu).

4. Gutxienez ere 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ez dira diruz lagunduko.

5. Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Horri txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek diru-laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria Ebazpena.

1. Eskaera aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 2 hilabeteko epean emanen da diru-laguntzarako ebazpena; hura entitate interesdunei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz.

2. Ebazpen honetan honako hauek agertuko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak eta proiektu bakoitzerako emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaion ezetz, arrazoiak zehaztuz, bai eta aurrekontuko diru-izendapen faltagatik ezetsi direnak ere.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak www.igualdaddegenero.navarra.es web orrian jarriko du diru-laguntzen onuradunen zerrenda, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

3. Eskaera lehen aldiz egiten duten entitate onuradunek transferentzia bidez ordaintzeko eskaera aurkeztu beharko dute, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik 10 eguneko epean, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa jaso nahi badute.

4. Deialdiaren ebazpen espresaren edo ustezkoaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo, isiltasun administratiborik bada, hark ondorioak sortu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

10. oinarria Proiektuak gauzatzean gertatzen diren gorabeherak.

1. Salbuespenez, aurkeztutako proiektuan jasotako jardueraren bat ezin egin bada, entitate interesdunak Nafarroako Berdintasunerako Institutuari beste jarduera bat proposatzen ahalko dio, diru-laguntzaren xederako egokien jotakoa.

2. Proposatutako aldaketak behar bezala arrazoitu eta aurkeztu beharko dira, aurreikusitako jarduera baino gutxienez 20 egun lehenago.

3. Balorazioa egiteko, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituko zaie; epeak eta baldintzak zehaztuko dira haietan.

4. Proposatutako jarduera berriak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Ordezten duen jardueraren maila tekniko berbera izatea.

b) Oinarrietan ezarritako baldintza eta forma berak betez aurkeztea.

5. Instrukzio organoak baloratuko du salbuespenezkoak ote diren aldaketak eta horietarako emandako arrazoiak, haiek onartu edo ukatzeko.

6. Balorazioa eginda, aipatutako aldaketa ebazpen espres bidez baimendu edo ukatuko du Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak, eta, behar izatera, egoki diren doikuntza ekonomikoak eginen dira.

11. oinarria Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

1. Oro har, diru-laguntza ordainduko da haren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondotik.

Dena dela, ereduan diru-laguntzaren aurrerakina eskatzeko atala betetzen duten entitateen kasuan, diru-laguntza emateko ebazpenean erabakiko da onetsitako diru-laguntzaren %50 aurretik ordaintzea, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsak behar dituela justifikatzen bada eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen espresa badu. Gainerako 100eko 50 diruz laguntzen den proiektua bukatutakoan ordainduko da, proiektua egin izanaren memoria eta gastuaren frogagiriak aurkeztu eta gero.

2. Diru-laguntzaren xedeko jarduerak egin ondoren, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, 2011ko abenduaren 16a baino lehen:

-Jardueren memoria, prestatutako ereduaren araberakoa ("Memoria eredua"). Eredua Nafarroako Berdintasunerako Institutuan eta/edo Internet bidez jasotzen ahalko da www.igualdaddegenero.navarra.es web orrian.

-Proiektua gauzatzeko enpresa bat kontratatuz gero, horrek ziurtatu beharko du berdintasun politiken arloan prestakuntza eta eskarmentua duten pertsonak dituela eta horiexek direla proiektua gauzatzeko zuzeneko arduradunak.

-Gastuen frogagirien zerrenda ("Gastuak eredua").

Aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoa justifikatu beharko da.

Gastuak justifikatzeko kontu baten bidez justifikatuko dira izandako gastuak eta ordainketak. Kontuak diru-laguntzaren xede diren jardueren eta haien kostuaren aitorpena bildu beharko du, jarduerak egiteko gastu guztiak zehazturik. Jatorrizko fakturen bidez frogatuko dira, eta frogatzeko balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez. Faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte.

-Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, entitateak frogatu beharko du enpresa eragimeneko eta ekonomiako irizpideei jarraikiz hautatu dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

-Agiri bidez frogatzea bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan izandako parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean txertatuz, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau: "Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du".

-Proiektuak bestelako laguntza edo diru-laguntzarik jaso ote duen adierazten duen aitorpen espresa. Hala bada, jasotako zenbatekoen eta nondik jaso dituen zehatz-mehatz adieraziko da. Hori guztia 13. oinarriaren e) letran xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

3. Justifikatu beharreko zenbatekoa baino txikiagoak badira gastuak, hau da, aurkeztutako proiektuaren aurrekontua baino txikiagoak, horri dagokion zatia itzuliko da edo, bestela, zenbateko hori diru-laguntzaren bigarren ordainketatik kenduko da.

4. Salbuespen gisa, frogagiriak aurkezteko epea luzatzen ahalko da, betiere entitateak eskaera idatzia eta arrazoizkoa egiten badu, dagokion epea amaitu baino lehen eta Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzak aldeko txostena eman ondotik.

Edonola ere, epea ezin izanen da 6 egun baliodunetik gorakoa izan.

12. oinarria Bateragarritasuna.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen entitate onuradunek edozein motatako beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte, helburu edo xede berekoak badira, haiek proiektu edo jarduera bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

13. oinarria Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean diru-laguntza jasotzen duten entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua burutzea eta deialdiaren helburua betetzea.

b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari diru-laguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea.

c) Justifikatzea betekizunak eta baldintzak bete direla, bai eta diruz lagundutako proiektua egin eta diru-laguntzaren xedea bete dela ere.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako diru-laguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol teknikorako jarduketak onartzea.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortu dituen bestelako laguntzak, diru-laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

f) Egiaztapenak eta kontrolak egiteko ahalmena egoki erabil dadin, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion arauetan agindutako moduan.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko beharrezkoak izan daitezkeen bitartean.

h) Egiten den idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren parte-hartzearen berri ematea.

14. oinarria Jasotakoa itzuli beharra.

Diru-laguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan aipatzen diren zergatikoez gain, kobratutako dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da, eta diru-laguntza eman zenetik hura itzuli behar dela erabaki bitarteko berandutza korrituak pagatuko, foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan.

15. oinarria Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

16. oinarria Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

17. oinarria Araudi osagarria.

Oinarrietan ezarri gabeko orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoak aginduko du.

Iragarkiaren kodea: F1100374