34. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

54/2011 FORU AGINDUA, urtarrilaren 28koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako administrazio publikoei, sektore publikoari eta Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko azterlan eta ikerlanetarako 2011ko "Martin Azpilkueta" VIII. sarirako dei egiten duena.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak estatutuen bidez eskuratu du, beste eginkizunen artean, Nafarroako administrazio publikoei interesatzen zaizkien alderdiei eta sektore publikoaren jarduerari loturiko gaiei buruzko ikerlan eta argitalpenak sustatzekoa, haiek hobeki ezagutu, administrazioari dagokionez antolatu eta eguneratzeko ezinbesteko lana da eta.

Estatutuen agindua gauzatzeko, Institutuak proposatu zuen sari bat sortzea. Horren deialdi, aitorpen eta diruaren bidez Nafarroako Administrazio Publikoaren jarduerarekin ez ezik (agintaritza lege-betearazlea den aldetik) Foru Komunitateko sektore publikoaren jarduerarekin ere zuzeneko harremana duten arloetako ikerketa eta ekoizpen zientifikoa sustatu nahi da.

Sari honen deialdia urtero egiten da eta Martin Azpilkueta (Barasoain 1492-Erroma 1586) entzute handiko nafar katedradun, legelari eta teologoaren izena dauka. Izan ere, Azpilkuetak bere lanetan, gehienbat ''Manual de Confesores'' deritzon horretan (1552), errege absolutuen aginteari muga etiko batzuk jarri zizkion eta mugapen hori defendatu zuen. Gainera, agintaritzaren aldetik jazarkundea ere sufritu zuen, beste nafar ospetsu bat, Frai Bartolomé de Carranza, Inkisizioaren aurrean aldeztean.

Horregatik guztiagatik, bere estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 117/2007 Foru Dekretuak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari esleitzen dizkion eskumenekin bat, 2011ko "Martín Azpilkueta" VIII. sarirako deia egiten da. Hona hemen haren:

OINARRIAK

Lehena.-Xedea.

1. Nafarroako administrazio publikoei, sektore publikoari eta Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko azterlan eta ikerlanetarako 2011ko "Martin Azpilkueta" VIII. sarirako deialdia egiten da.

2. Sariaren xedea deialdi honetara aurkezten diren orotariko lanik hoberenak nabarmentzea da. Hona hemen sariaren arloak:

a) Nafarroako Foru Komunitateko erakundeak eta antolamendua.

b) Nafarroako Foru Zuzenbide Zibila.

c) Nafarroako administrazio publikoen giza baliabideak kudeatzea, aplikazio soziologikoak, kalitatea eguneratu eta hobetzea eta sektore publikoa arrazionalizatzea.

d) Politika ekonomikoa, ekonomiari, ogasunari, aurrekontuei eta kontabilitate publikoari loturiko gaietan.

e) Lurralderako eta ingurumenerako politikak, lurraldearen antolamenduari, hirigintzari, etxebizitzari, ingurumenari, herrien eta mendialdeen garapenari, mendiei, herrilanei, garraioei edo antzeko sektoreei lotutako gaietan.

Bigarrena.-Hartzaileak.

Banakakoek eta horretarako osatutako lan taldeek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan, Europar Batasuneko estatuetako herritarrak izanez gero, betiere aurreko deialdian saririk jaso ez badute.

Hirugarrena.-Lanak.

1. Lanek deialdi honen lehen oinarriko gaiak ukituko dituzte. Gaiak oro har eta zabal aztertuko dira. Epaimahaiak ez ditu kontuan hartuko Nafarroari nagusiki ez dagozkion lanak edota gai edo kontu oso bereziak edo aplikazio tekniko edo zientifiko sobera zehatzak xede dituztenak.

2. "Martin Azpilkueta" sarian lehiatu nahi duten ikertzaileek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Idazkaritza Nagusira jo eta beren lanak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Idazkaritza Nagusian aurkeztuko dituzte (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo posta ziurtatuaren bidez "2010eko Martin Azpilkueta VIII. saria" epigrafearen pean helbide horretaraxe igorriko. Ez da adierazi behar egilearen izena posta-bidalketan, abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuaren bidez onetsitako posta zerbitzuen prestazioari buruzko Erregelamenduaren 24.3 artikuluan xedatuari jarraikiz. Orobat, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bitartez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aurreikusitako edozein tokitan aurkezten ahal dira.

3. Lanetan ez da datu pertsonalik agertuko; izenburua baizik ez da adieraziko. Lanarekin batera, gutun-azal itxi bat aurkeztuko da "2011ko Martin Azpilkueta VIII. Saria" izenarekin; horren barruan agertuko dira egilearen datuak eta lanaren izenburua.

4. Lanak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzean hasi eta 2011ko abuztuaren 31n bukatuko da.

5. Lanak gaztelaniaz, euskaraz edo Europar Batasuneko hizkuntza ofizial batean aurkeztuko dira (azken bi kasuetan, gaztelaniazko itzulpenarekin batera); jatorrizkoak eta argitaragabeak izanen dira, eta Administrazio edo entitate publiko edo pribatu batek aurretik saritu gabeak.

6. Lanak A4 formatuan aurkeztuko dira, lerro arte bikoitzean idatziak, ''Times New Roman'' letran, 12 tamainan, alde bakar batetik, eta euskarri informatikoan (Word formatuan); 150 orriko luzera izanen dute gutxienez.

Laugarrena.-Saria.

1. Sari bakarra emanen da, 10.000 eurokoa, bidezko zerga-atxikipenak eginda. Saridunari egiaztapen diploma bat ere emanen zaio, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak sinatua.

2. Halaber, epaimahaiaren iritziz merezi duen hautagaiari accesit bat eta 5.000 euro ematen ahalko zaizkio.

3. Saria Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emanen du, foru agindu baten bidez. Foru agindua 2011ko abenduaren 1a baino lehen onetsiko da eta, ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta saritutako pertsonei jakinaraziko zaie. Foru aginduan epaimahaiko kideak nor diren adieraziko da.

4. Saria eta accesita jendaurreko ekitaldi batean emanen dira, aurretik adieraziko diren egunean eta tokian.

5. Sariak bateragarriak izanen dira administrazio publikoek edo bestelako entitate publiko edo pribatuek, Espainiakoek edo atzerrikoek, ikerlanak egiteko emandako diru-laguntzekin.

Bosgarrena.-Epaimahaia.

1. Lanak ebaluatuko dituen epaimahaiak kide hauek izanen ditu: Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, mahaiburu lanetan arituko dena, Administrazio Publikoaren Institutuko idazkari nagusia eta lau mahaikide, administrazio publikoen edo unibertsitateen esparruan entzute handia duten pertsonen artetik izendatuak. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko administrazio publikoko arlo juridikoko teknikari bat arituko da idazkari lanetan. Honek hizpidea izanen du, baina botorik ez.

2. Epaimahaiaren funtzionamenduak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluaren arauei jarraituko die.

3. Epaimahaiko kideren batek aurkezten diren lanen egilea ezagutzen duen susmoa badu, administrazio publikoen kide anitzeko organoei buruz indarreko araudian abstentziorako aurreikusitako arrazoiak aplikatuko dira.

4. Ebaluazio prozesuan, epaimahaiak kontuan hartuko ditu zehaztasun zientifikoa, metodoa, kalitatea, lanaren orotariko esparrua eta ikerlanak Nafarroako erakunde eta administrazio publikoen jarduerarako duen interesa.

5. Epaimahaiak saridunaren gaineko eta, horrelakorik bada, accesitaren gaineko proposamen lotzailea igorriko dio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari. Epaimahaiaren arabera hautagai batek ere aski diren merezimenduak ez baditu, saria eman gabe geldituko da.

6. Behin epaimahaiak saria merezi duen lanaren gaineko epaia eman ondoren, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko idazkari tekniko nagusiak, beste ekitaldi batean, sarituen izen-abizenak gordetzen dituen gutun-azalak irekiko ditu, objektibotasunerako behar diren neurriak hartuta.

Seigarrena.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko konpromisoak.

1. Saria antolatu, baloratu edo emateko prozesuan parte hartzen duten pertsonek isilik egon beharko dute aurkezten diren hautagaiei egiten dizkieten ebaluazioen emaitzei buruz.

2. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak Idazkaritza Nagusian emanen ditu deialdiari buruzko argibideak, secretariageneral@navarra.es posta elektronikoaren bidez eta 848426609 telefonoan.

3. Oinarri hauek eta saria nori eman ebazten duen foru agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

4. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak behar den tramitazioa eginen du hautagai irabazleei sariak eta deialdi honen ondoriozko gastu guztiak pagatzeko.

5. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak saritutako pertsonekin baizik ez ditu izanen harremanak, eta saria eman eta bi hilabetera saritu gabeko lan guztiak suntsituko ditu, salbu eta emaitzaren kontra errekurtsorik paratzen bada. Hala gertatuz gero, errekurtsoaren ondorioetarako bakarrik gordeko dira.

Zazpigarrena.-Lanak argitaratzea.

1. Parte-hartzaileek konpromisoa hartu beharko dute lanak, sarituak izanez gero, eskubide ekonomikoak dohainik lagatzeko lehenbizikoz argitaratzen direnean.

2. Betiere, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak saria irabazten duen lana edo accesit berezia merezi duena argitaratzeko eskubidea beretzat gordetzen du. Saria eman eta bi urtera iraungiko da eskubide hori, epe horretan erabili ezik.

Zortzigarrena.-Deialdiaren onarpena.

Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar oinarriak osorik onartzea eta beren lanak aurkezten dituzten lehiakide guztiak haien mende egotea.

Bederatzigarrena.-Gorabeherak eta ustekabeak.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak konponduko ditu gertatzen diren gorabeherak eta oinarrietan aurreikusirik ez dauden ustekabeak.

Hamargarrena.-Errekurtsoak.

1. Foru agindu honen kontra eta sariaren gainean ebatziko duenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz.

2. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen eta epaimahaiaren egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Hamaikagarrena.-Aurrekontuko kontu-saila.

15.000 euroko gastua baimentzea, foru agindu hau aplikatu eta garatzeko, 2011ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Azterlan eta ikerketarako laguntza eta sariak" izeneko 040000-03000-4809-921300 kontu-sailaren kargura.

Iruñean, 2011ko urtarrilaren 28an.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1101654