29. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Zerbitzu jardueretarako sarbide librea eta haietan aritzea
arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2010eko urriaren 29an egin osoko bilkuran, legeak eskatutako gehiengoa zuela erabaki zuen hasiera batean onestea "Tuterako (Nafarroa) hirian zerbitzu jardueretarako sarbide librea eta haietan aritzea arautzen duen udal ordenantza".

Delako ordenantzaren hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2010eko 144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 26an, eta Udalaren iragarki oholean. Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik gabe iraganik, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan ezarriari jarraikiz.

Dena dela, ordenantza horrek bidezko ondorio juridikoak izan ditzan, argitara ematen da haren testu osoa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Tuteran, 2011ko urtarrilaren 12an.-Alkatea, Luis Casado Oliver.

ZERBITZU JARDUERETARAKO SARBIDE LIBREA ETA HAIETAN ARITZEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Lisboako Estrategiaren esparruan, Europako Batzordeak, Europako Kontseiluaren eskaerari erantzunez, hark eskatu baitzion zerbitzuen zirkulazio askea eta zerbitzu egileen kokatzeko askatasuna eragozten dituzten trabak kentzeko politika antola zezala, "Barne merkatuko zerbitzuen gaineko zuzentarauaren proposamena" aurkeztu zuen 2004ko urtarrilaren 13an, "Zerbitzuen Zuzentaraua" ere deitua. Hainbat zuzenketaren ondoren, Europako Kontseiluak 2006ko abenduaren 12an onetsi zuen 2006/123/EE Zuzentaraua, urte bereko abenduaren 27an Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eta hurrengo egunean hartu zuen indarra.

Zuzentarauak berak hau gogorarazten du bere azalpenaren hasieran: "Europar Batasunaren Itunaren 14. artikuluko 2. idatz-zatiaren arabera, barne merkatua barneko mugarik gabeko eremu batean gauzatzen da eta esparru horretan zerbitzuen zirkulazio askea bermaturik dago". Itunaren 43. artikuluak kokatzeko askatasuna bermatzen du eta 49. artikuluak zerbitzu egite askea ezartzen du Europar Batasunean, eta hau gehitzen du: "estatu kideen artean zerbitzu jardueren garapena galarazten duten oztopoak kentzea funtsezko bidea da Europako herrien arteko batasuna indartzeko eta aurrerapen ekonomiko eta sozial orekatu eta iraunkorra sustatzeko". Jarraian azpimarratu egiten du, halaber, zerbitzuak direla "hazkunde ekonomikoaren eragileak, BPGaren eta lanpostuen %70 zor baitzaie estatu kide gehienetan. Enpleguaren gakoa dira, batez ere emakumeentzat, eta horiek neurri handian baliatzen ahal dituzte zerbitzuen barne merkatua erabat gauzatzeak eskainiko dituen aukera berriak".

Zerbitzuei buruzko Zuzentarauak, beraz, hauxe du xedea: "zerbitzugileak estatu kideetan kokatzeko askatasunaren kontrako oztopoak eta estatu kideen artean zerbitzuen zirkulazio askea galarazten dutenak kentzea, eta behar adinako segurtasun juridikoa bermatzea bai zerbitzuen hartzaileei bai egileei, Ituneko bi askatasun oinarrizko horiek eraginkortasunez erabili ahal izan daitezen".

Aipatu zuzentarauaren aplikazioak gure ekonomian izanen duen eraginaren garrantzia kontuan hartzekoa da. Izan ere, zenbakitan zerbitzuen sektorea da garrantzitsuena BPGan duen pisua dela eta, nazio mailan %66,7 hain zuzen, eta berari zor zaio enplegu nazionalaren %66,2. Sektore horren mende daude hein handian gainerako sektore ekonomikoen hazkundea eta lehiakortasuna. Zuzentarauaren aplikazioak, beraz, zerbitzu jardueretarako sarbiderako traba administratiboak gutxituko ditu eta pizgarri izanen da enpresa eta ekonomia jarduerarako. Espainian, hain zuzen ere, Gobernu Zentralak aurreikusten du haren eraginez 200.000 lanpostu sortuko direla, BPGa %1,2 haziko dela, kontsumoak %1,2 eginen duela gora eta ekoizpenak, berriz, %1.

Europar Batasuneko zuzentaraua denez, gure antolamendu juridikora ekarri behar da aplikatu ahal izateko. Zuzentarauaren eraginpeko zerbitzuen kokapenerako prozedura eta tramitazioa gaur egun arautzen dituzten xedapen guztiak egokitu eta aldatu behar dira. Eginbehar hori Estatuko Administrazioari ez ezik administrazio publiko guztiei dagokie. Arauen transposizioak zerbitzu ekonomikoen arau-esparrua hobetuko du eta zerbitzuen eraginkortasuna, produktibitatea, lehiakortasuna, aukera eta kalitatea hobetuko dira, enpresen eta, batez ere, herritar guztien onerako.

Ildo horretatik, Espainiako Parlamentuak lege hauek onetsi ditu: azaroaren 23ko 17/2009 Legea, Zerbitzu Jardueretarako Sarbide Libreari eta Haietan Aritzeari buruzkoa, eta abenduaren 22ko 25/2009 Legea, zenbait lege aldatzen dituena, Zerbitzu Jardueretarako Sarbide Libreari eta Haietan Aritzeari buruzko legearen arabera egokitzeko. Nafarroako Parlamentuak, berriz, honako hauek onetsi ditu: 15/2009 Foru Legea, abenduaren 9koa, enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzkoa; 6/2010 Foru Legea, apirilaren 6koa, barne merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko xedez zenbait foru lege aldatzen dituena; eta 7/2010 Foru Legea, apirilaren 6koa, barne merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko xedez Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea aldatzen duena.

Tuterako Udalari dagokionez, ordenantza honek, Zerbitzu jardueretarako sarbide libreari eta haietan aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen argitan eginak, ezarri du Zuzentarauaren eraginpeko zerbitzuetarako Udalak ezarrita edo ezartzeko dituen prozedura eta tramite guztien esparrua.

Beraz, gure estatuak hautatu duen ereduari jarraikiz, ordenantza honek 2006/123/EE Zuzentarauaren transposizio zuzena eta horizontala egiten du. Tuterako udalerrian zerbitzu jardueretarako sarbide askea eta haietan ari ahal izatea bermatzeko oinarrizko printzipioak biltzen ditu, eta oztopo administratiboak ezabatu edo gutxitzen ditu, prozedurak erraztuz eta prozedura telematikoak ezarriz.

Ordenantza hau onetsi ondoan, ukitutako udal ordenantza eta erregelamenduen aldaketak onetsiko dira, administrazio prozedura eta tramite guztiak egokituko dira, bide telematikoa ezarriko da eta Estatuak berariaz garatuko duen Leihatila Bakarrari batuko zaio.

Aurreko lerroaldean deskribatu diren udal ekintzez gainera, ordenantza honen xedapen indargabetzaileak eta xedapen iragankorrak uneoro babestu eta bermatuko dituzte Zuzentarauaren aplikazioa eta transposizioa: batetik ordenantza hau orokorra izanen da, Zuzentarauaren eraginpeko zerbitzuak kokatzearekin zerikusia duten Udaleko prozedura administratibo guztietan aplikatu beharrekoa; bertzetik, Zuzentarauaren aurkakoak izan daitezkeen udal arauak edo prozedurak indargabeturik edo aldaturik geldituko dira bertzerik gabe.

Ordenantzak 5 kapitulu eta 25 artikulu ditu, xedapen indargabetzaile bat, xedapen iragankor bat eta azken xedapen bat.

I. kapituluan ("Xedapen orokorrak") ordenantzaren xedea eta aplikazio eremua zehaztu, eta aplikazio orokorreko kontzeptuak definitzen dira.

II. kapituluak ("Jardueren eta zerbitzuen araubidea") aurretiazko komunikazio prozedurak eta baimentzeko prozedurak garatzen ditu, muga eta baldintza batzuk onartzen ditu eta beste batzuk debekatu egiten ditu. Kapitulu honen edukia da zerbitzuak askatasunez kokatzeko oztopo administratibo bidegabeak eta gehiegizkoak kenduko direla ziurtatzen duena.

III. kapituluak ("Isiltasun administratiboaren araubidea") baiezko isiltasun administratiboaren printzipio orokorra dakar eta ezezkoaren kasu bereziak garatzen ditu.

IV. kapituluak ("Administrazioaren sinplifikazioa") administrazio publiko ororen gaur egungo xedea du izenburuan. Testu honetan berariaz ekiten zaie hemen arautzen diren prozedurei, gardentasun, bizkortasun, eraginkortasun eta eragimen handiagoak bermatzeko, bidegabeko atzerapen eta kostuak kenduz eta tramiteak bide telematikotik egin ahal izatea bermatuz.

Gainera, kapitulu horretan zehazten da nola txertatuko diren aipatu udal prozedurak Estatuko Administrazioaren Leihatila Bakarrean. Estatuak ezarriko duen tresna horren bitartez Europako edozein zerbitzugilek behar adina informazio lortu eta tramiteak telematikoki egiten ahalko ditu munduko edozein zokotatik.

V. kapituluan ("Administrazioen arteko lankidetza, zerbitzugileak eraginkortasunez kontrolatzeko") udal honen eta Europako gainerako administrazio eta erakunde publikoen arteko lankidetzarako sistema arautzen da. Zuzentarauak dioenez, lankidetza hori funtsezkoa izanen da zerbitzuen barne merkatuaren funtzionamendu egokia bermatzeko Europar Batasun osoan.

Ordenantza hau eman da, goian esan bezala, 2006/123/EE Zuzentarauaren transposizioa egin behar delako, hura Udalaren arau-esparruan sartzeko. Beraz, Zuzentarauaren testua eta zerbitzu jardueretarako sarbide libreari eta haietan aritzeari buruzko Estatuko legearena ahalik eta zehatzen jaso dira ordenantza honetan.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Tuterako udalerrian zerbitzugileak kokatzeko eta zerbitzuak egiteko askatasuna izan dadin beharrezkoak diren xedapenak ematea, prozedurak erraztuz eta, aldi berean, zerbitzuen kalitate maila handia sustatuz, eta, bertzetik, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera bidegabekoak edo gehiegizkoak diren murrizketak kentzea zerbitzuen merkatuaren funtzionamenduari.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Diru truke ematen diren zerbitzuak Tuterako udalerrian kokatzeko beharrezkoak diren prozedurak eta tramiteak egitean, Udalak ordenantza hau aplikatuko du, zerbitzu egilea Espainiakoa nahiz Europar Batasuneko beste herrialde batekoa izan.

2. Hauek aplikazio eremutik kanpo geldituko dira:

a) Interes orokorreko zerbitzu ez ekonomikoak.

b) Jabari publikoaren erabilera edo okupazioa dakarten jarduerak, bai erabilera pribatibo batengatik, bai aprobetxamendu berezia egiteagatik; nolanahi ere, horietarako baldintza izanen da behar den baimena lortzea alor honetan indarra duen legeriaren baldintzetan.

c) Finantza zerbitzuak.

d) Komunikazio elektronikoetako zerbitzu eta sareak eta haiei lotutako baliabide eta zerbitzuak, komunikazio elektronikoen arloko legeriak arautzen dituen gaiei dagokienez.

e) Itsasoko eta aireko nabigazioaren eta garraioaren arloko zerbitzuak, garraio jarduera egiteko beharrezkoak diren portu eta aireportuetako zerbitzuak barne.

f) Aldi baterako laneko enpresen zerbitzuak.

g) Osasun arloko profesionalek osasun egoera ebaluatzeko, osasuna zaintzeko edo sendatzeko ematen dituzten zerbitzuak, farmaziakoak barne, baldin eta osasun arloko lanbide arautuetan bakarrik egin daitezkeen jarduerak badira.

h) Ikus-entzunezko zerbitzuak, zinema zerbitzuak barne, edozein delarik ekoizpen, banaketa eta transmisio modua; eta irratia.

i) Dirua jokatzen den jarduerak, loteriak barne.

j) Aginte publikoa erabiliz egiten diren jarduerak, batez ere notarioenak, jabetza erregistratzaileenak eta merkataritzako erregistratzaileenak.

k) Etxebizitza sozialen, haurrendako arretaren eta behar iraunkorra edo behin-behinekoa duten familia eta pertsonendako laguntzaren arloko gizarte zerbitzuak, administrazio publikoek zuzenean egiten badituzte edo zerbitzugile pribatuek administrazio publikoekiko akordio, itun eta hitzarmenen bidez egiten badituzte.

l) Segurtasun pribatuko zerbitzuak.

3. Ordenantza hau ez zaie tributuei aplikatuko, baina ordenantza honen eraginpeko zerbitzuetarako baimen edo lizentziak emateko eta kontrolak egiteko ordainarazpenak arautzen dituzten oraingo eta geroko ordenantza fiskaletan egokitzapenak egiten ahalko dira, behar izanez gero. Hala ere, ordenantza hau aplikatuko da ordenantza fiskalak jardueren ezarpena tramitatzeko prozedura arautzen duenean.

4. Ordenantza honetako xedapenen eta Europar Batasuneko araudia aplikatuz zerbitzu jarduera jakinak edo horietarako sarbideak arautzen dituzten beste xedapen batzuen arteko desadostasunik izanez gero, azken horiek izanen dute indarra Europar Batasuneko araudiak berariaz hala aurreikusten duen alderdietan.

3. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, hona zer diren:

1. «Zerbitzua»: norbaitek bere kontura eta normalean ordainsari baten truke egiten duen jarduera ekonomikoa, Europako Erkidegoaren Itunaren 50. artikuluan jasoa.

2. «Interes orokorreko zerbitzu ez ekonomikoa»: toki mailako zerbitzua, nagusiki udal aurrekontuen kargura finantzatua; hartan herritarrak ordaintzen dituen tributu eta ordainak ez diura aurreikusirik egon behar haren gastuak osoki berdintzeko.

3. «Zerbitzugilea»: zerbitzuren bat eskaintzen edo egiten duena. Pertsona fisikoa izan daiteke, Europar Batasuneko estatu bateko nazionalitatea duena edo Espainiako legezko egoiliarra dena; edo pertsona juridikoa nahiz entitatea, estatu kide bateko legeriaren arabera eratua eta egoitza soziala edo jarduera-zentro nagusia Europar Batasunean duena.

4. «Hartzailea»: zerbitzu bat erabiltzen duen edo erabili nahi duen pertsona fisiko edo juridikoa.

5. «Kokapeneko estatu kidea»: zerbitzugilea kokaturik dagoen estatu kidea.

6. «Kokatzea»: soldatarik gabeko jarduera baterako sarbidea izan eta hartan aritzea, eta halaber enpresak eta bereziki sozietateak eratu eta kudeatzea, legeriak finkatutako baldintzetan, denbora mugarik gabe eta, batez ere, azpiegitura egonkorra erabiliz.

7. «Establezimendua»: zerbitzuak emateko erabiltzen den azpiegitura egonkorra.

8. «Baimena»: norbaitek zerbitzu jarduera baterako sarbidea izan dezan edo hartan aritu ahal izan dadin agintaritza eskudunak aldez aurretik eman behar diona, berariaz edo isilbidez.

9. «Baldintza»: zerbitzu jarduera baterako sarbidea izateko edo hartan ari ahal izateko edozein eginbehar, debeku, betekizun edo muga, antolamendu juridikoan aurreikusia, edo jurisprudentziaren nahiz praktika administratiboen ondoriozkoa, edo profesionalen elkarteen eta lanbide elkargoen arauetan ezarritakoa.

10. «Erantzukizuneko aitorpena»: enpresa edo lanbide jarduera baten titularrak sinatutako agiria, non bere erantzukizunaren pean adierazten baitu indarra duen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela, hori frogatzeko dokumentazioa baduela eta konpromisoa hartzen duela jarduerak dirauen artean baldintzak betetzen jarraitzeko.

11. «Aurretiazko komunikazioa»: dokumentu honen bidez interesdunek aditzera ematen dizkiote Udalari beren identifikazio datuak eta eskubide bat erabiltzeko edo jarduera batean hasteko eskatzen ahal diren gainerako baldintzak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71 bis artikuluan ezarritakoarekin bat.

12. «Baimenen araubidea»: antolamendu juridikoan edo lanbide elkargoen arauetan aurreikusitako sistema, zerbitzu jarduera baterako sarbidea izateko edo hartan aritzeko behar diren prozedura, baldintzak eta baimenak biltzen dituena.

13. «Interes orokorreko eta premiazko arrazoia»: Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiaren jurisprudentzian halakotzat hartutako edozein arrazoi, hauek barne: ordena publikoa, segurtasun publikoa, babes zibila, osasun publikoa, gizarte segurantzako araubidearen finantza-orekaren babesa, kontsumitzaileen, zerbitzu-hartzaileen eta langileen babesa, merkataritzako transakzioetako fede ona, iruzurraren aurkako borroka, ingurumenaren eta hiri inguruaren babesa, abere osasuna, jabetza intelektuala eta industriala, historia eta arte ondare nazionalaren kontserbazioa, eta gizarte eta kultur politikaren helburuak.

14. «Agintaritza eskuduna»: zerbitzu jarduerak arautu, antolatu edo kontrolatzen dituen edozein erakunde edo entitate, bereziki agintari administratiboak eta lanbide elkargoak.

15. «Harremanetarako gunea»: autonomia erkidegoko Administrazioan udal honen eta Europar Batasunaren arteko komunikazioetarako ezartzen den organoa.

16. «Lanbide arautua»: lanbide jarduera bati edo lanbide jardueren multzo bati horrela deitzen zaio beharrezkoa baldin bada, zuzenean edo zeharka, lanbide prestakuntza jakin bat edukitzea sarbide izateko, jardueran aritzeko edo modalitateren batean aritzeko, legezko edo erregelamenduzko xedapenen ondorioz.

17. «Komunikazio komertziala»: merkataritza, industria edo eskulangintzako jarduera batean edo lanbide arautu batean ari den enpresa, erakunde edo pertsona batek eskaintzen dituen ondasun eta zerbitzuak edo haren irudia zuzenean edo zeharka sustatzeko egiten den komunikazioa.

Ondorio horietarako ez dira komunikazio komertzialtzat joko:

a) Enpresa, erakunde edo pertsona baten jarduerarako sarbide zuzena ematen duten datuak, zehazki, domeinu-izena edo posta elektronikoko helbidea.

b) Enpresa, erakunde edo pertsona batek eskaintzen dituen ondasun eta zerbitzuez edo haren irudiaz ematen den informazioa, modu independentean egina, batez ere dohainik ematen denean.

II. KAPITULUA

Jarduera eta zerbitzuetarako baimenen araubidea

4. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Udalak herritarren jardueretan esku hartzen ahalko du bitarteko hauek erabiliz:

a) Ordenantzak eta bandoak.

b) Aurretiazko lizentziaren eta prebentziozko kontrolerako beste egintza batzuen beharra. Nolanahi ere, azaroaren 23ko 17/2009 Legearen aplikazio eremuaren barneko zerbitzu jardueretarako sarbideari eta haietan aritzeari dagokienez, ordenantza honetan xedatua eta, betiere, lege horretan ezarria beteko da.

c) Aurretiazko komunikazioaren edo erantzukizuneko aitorpenaren mendean gelditzea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71 bis artikuluan ezarritakoarekin bat.

d) Jarduera hasitakoan kontrolak egitea araudia betetzen duela egiaztatzeko.

e) Banakako aginduak, egintza bat betearazteko edo zerbait debekatzeko.

2. Udalaren esku hartzea, betiere, printzipio hauei lotuko zaie: berdintasuna tratamenduan, beharra eta lortu nahi den helburuaren araberako proportzionaltasuna.

3. Bertze administrazio publiko batzuek emandako lizentzia eta baimenak goiti-beheiti, titularrek udal honen lizentziak ere lortu beharko dituzte, bidezkoak eta aginduzkoak badira. Beti begiratuko da lege sektorialetan xedatua.

4. Udalak, eman zaizkion eskumenak erabiliz, gizabanakoen edo taldeen eskubideen erabilera mugatzen duten neurriak edo jarduera bat egiteko baldintzak ezartzen dituenean, eskubideak gutxien murrizten dituen neurria hautatu beharko du, interes publikoa babesteko zergatik den beharrezkoa azaldu, eta lortu nahi diren helburuetarako egokia dela frogatu beharko du. Inoiz ez da bereizkeriazko tratu desberdintasunik izanen.

5. Ordenantza honek aipatzen dituen baimen, erantzukizuneko aitorpen eta komunikazioek izaera eragilea dute eta jarduera indarra duen arauari etengabe egokitzeko betebeharra dakarte berekin.

5. artikulua. Baimen araubidea.

1. Zerbitzu jarduera baterako sarbidea edo hartan aritzea arautzen duen udal araudiak ezin izanen die baimen araubiderik ezarri zerbitzugileei, salbu eta aparteko kasuetan eta honen ondotik azaltzen diren baldintzak betetzen direnean. Araubide hori ezartzen duen ordenantzan behar adinako arrazoiak eman beharko dira.

a) Bereizkeriarik eza: baimen araubideak ez du bereizkeriarik eraginen, ez zuzenean ez zeharka, nazionalitatea, jaioterria, bizilekua edo erroldatze lekua direla eta, edo, sozietateei dagokienez, egoitza sozialaren lekua dela eta.

b) Beharra: interes orokorreko eta premiazko arrazoiren batek justifikatu behar du baimen araubidea, ordenantza honen 3.13 artikuluan dagoen definizioarekin bat.

c) Proportzionaltasuna: araubide horrek tresnarik egokiena izan behar du lortu nahi den helburua lortuko dela bermatzeko, hain murriztaileak ez diren neurriekin emaitza bera lortzerik ez dagoelako. Hala, zerbitzu jarduera baterako sarbidea edo hartan aritzea ez dira inola ere loturik egonen baimen araubide bati, aski baldin bada zerbitzugilearen komunikazioa edo erantzukizuneko aitorpena, zeinean adieraziko baitu, hala behar denean, baldintzak betetzen dituela, eta jarduera kontrolatzeko behar den informazioa emanen baitio agintaritza eskudunari.

2. Aitzinekoarekin bat etorriz, jabari publikoaren aprobetxamendu berezietarako eta okupazioetarako baimen, lizentzia eta kontzesioetan baldintza horiek betetzat joko dira legez bertzerik xedatu ezean.

3. Udalak kasuan kasuko legeriaren arabera aplikatu beharreko betekizunak betetzen direnez egiaztatuko du; horretarako gertaerak, egintzak, elementuak, jarduerak, zenbatespenak eta gainerako inguruabar guztiak aztertu eta ikertzen ahalko ditu.

6. artikulua. Erantzukizuneko aitorpenaren edo aurretiazko komunikazioaren araubidea.

1. Erantzukizuneko aitorpenek eta aurretiazko komunikazioek kasuan kasuko arautegian zehazten diren ondorioak sortuko dituzte. Haiei esker, oro har, aurkezten diren egunetik beretik eskubidea onartu edo erabiliko da edo jarduera batean hasiko. Horrek ez ditu ezeztatzen Udalak egiaztapenak egiteko dituen ahalmenak.

Aitzineko paragrafoan xedatua goiti-beheiti, komunikazioa jardueran hasi ondoan aurkezten ahalko da, dagokion araudian aukera hori berariaz ezarriz gero.

2. Eskubide baten erabilerari edo jarduera baten hastapenari dagokionez erantzukizuneko aitorpenaren eta komunikazioaren araubidea berariaz arautu beharko da, 17/2009 Legean eta ordenantza honetan ezartzen denarekin bat.

3. Ordenantza honi dagokionez, hona zer den erantzukizuneko aitorpena: idazki bat, interesdun batek sinatua; hartan, hark, erantzukizuna beretzat hartuta, adierazten du eskubide edo ahalmen bat aitortzeko edo hura erabiltzeko arauz ezarritako betekizunak betetzen dituela, badaukala hori frogatzen duen dokumentazioa eta konpromisoa hartzen duela eskubidea aitortzen zaion edo erabiltzen duen aldi osoan betetzeko.

4. Aitzineko paragrafoan aipatutako betekizunak berariaz edo argiro adierazi behar dira erantzukizuneko aitorpenean.

5. Hona zer den aurretiazko komunikazioa: eskubide bat erabili edo jarduera batean hasi nahi dutenek Udalari haren inguruko gertaeren edo elementuen berri emateko bidaltzen dioten agiria. Agiri horretan eskubidean edo jardueran eragina izan lezaketen alderdiak azaltzen dira eta berarekin batera bidezko legerian ezarritako betekizunak betetzeko behar diren agiri guztiak aurkeztu behar dira.

6. Aurkezten den erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa osorik ez badago edo horretarako ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, juridikoki ez du eraginik izanen, eta jarduera geldiarazi beharko da, deusetan ukatu gabe egon daitezkeen erantzukizunak. Betiere, geldiarazteko aginduaren aitzinetik zuzentzeko tramite bat izanen da omisioak ez badio funtsezko baldintza bati eragiten.

7. Erantzukizuneko aitorpen edo aurretiazko komunikazio bateko funtsezko datu, adierazpen edo agiriren bat okerrekoa edo faltsua izanez gero, jarduketak baliogabetuta geratuko dira eta ondorioz horren berri jakiten denetik ezin izanen da eskubidea erabili edo jardueran aritu, eta baliteke erantzukizunak sortzea ere, zibilak, penalak zein administratiboak.

8. Halaber, aurrekoa adierazten duen ebazpenean agintzen ahalko da interesdunak eskubidea erabili edo jardueran hasi aitzineko egoera juridikoaren berrezarpena, baita aldi jakin batean ezin abiarazia bertze prozedurarik xede berarekin; hori guztia aplikatu beharreko arau sektorialetan ezarritakoarekin bat etorriz.

9. Erantzukizuneko aitorpenaren eta aurretiazko komunikazioaren ereduak ikusgai egonen dira beti Udalaren web orrian eta ordenantza honen 18. eta 19. artikuluetan arautzen den leihatila bakarrean. Ereduak bide elektronikoz aurkezten ahalko dira, betiere.

7. artikulua. Denbora eta lurralde mugak.

1. Oro har, aurretiazko komunikazioa edo erantzukizuneko aitorpena egin edo baimena jasoz gero, zerbitzu jarduera mugaegunik gabe egiten ahalko da.

2. Kasu hauetan baizik ez da mugatzen ahalko jardueren iraupena:

a) Erantzukizuneko aitorpena edo baimena berez berritzen denean edo berritzeko aski denean betekizunak etengabe betetzea.

b) Hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera baliagarri dauden baimenen kopurua mugatua dagoenean.

c) Baimenaren iraupena edo komunikazioaren edo erantzukizuneko aitorpenaren ondorioak mugatzea bidezkoa denean interes orokorreko eta premiazko arrazoi batengatik.

3. Atal honetan ezarritakoari dagokionez, ez da hartuko denbora mugatzat jarduera hasteko zerbitzugileari ezar dakiokeen gehieneko epea, baimena ematen denetik edo komunikazioa edo erantzukizuneko aitorpena egiten denetik kontatu beharrekoa.

4. Aitzineko atalean xedatuagatik ere, baimena baliorik gabe uzten ahalko da, batez ere emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

5. Udalari aurretiazko komunikazioa edo erantzukizuneko aitorpena aurkezteak edo haren baimena jasotzeak aukera emanen dio zerbitzugileari zerbitzu jardueran aritzeko udal mugapean.

6. Halaber, kasu jakin batzuetan establezimendu bakoitzak bere baimena, komunikazioa edo erantzukizuneko aitorpena beharko du, hain zuzen ere interes orokorreko eta premiazko arrazoiren batengatik bidezkoa denean, baldin eta neurria zentzuzkoa bada eta ez badu inorekin bereizkeriarik eragiten.

8. artikulua. Baimenen kopurua mugatzea.

1. Baimenen kopurua kasu batean soilik mugatzen ahalko da, alegia, natur baliabideen edo baliabide fisikoen urritasunak edo jardueran erabili beharreko gaitasun teknikoen murrizpenak hartara behartzen duenean.

2. Zerbitzu batean aritzeko baimenen kopurua mugatzen bada:

a) Baimenak emateko prozedurak bermatu behar du printzipio hauek betetzen direla: publizitatea, objektibotasuna, inpartzialtasuna, gardentasuna eta lehia.

b) Baimenek zerbitzuaren ezaugarrien araberako iraupena izan behar dute, eta gainera ez dira berez berritu behar eta iraungitakoan zerbitzua egitetik gelditzen denak eta berari lotutako pertsonek ez dute eduki behar inolako onurarik.

9. artikulua. Eskatzen diren betekizunei aplikatu beharreko printzipioak.

1. Zerbitzugileari ezin izanen zaio ezarri funtsean Espainian edo Batasuneko bertze estatu batean dagoeneko ezarrita dituenen baliokide edo antzekoa den betekizunik, kontrolik ez bermerik.

2. Zerbitzu jardueretan sarbidea izateko edo haietan aritzeko ezartzen diren betekizunetan irizpide hauek aplikatu behar dira:

a) Ezin dute inor bereiztu.

b) Interes orokorreko eta premiazko arrazoi batengatik justifikaturik egotea.

c) Interes orokorreko eta premiazko arrazoi horren heinekoak izan behar dira.

d) Argiak eta zehatzak izan behar dira.

e) Objektiboak izan behar dira.

f) Aurretiaz argitaratu behar dira.

g) Gardenak eta eskuragarriak izan behar dira.

3. Jarduera baterako sarbideak tratu berdintasunaren eta bereizkeria ezaren printzipioak izanen ditu arau.

10. artikulua. Debekatutako betekizunak.

Udalerri honetan inolaz ere ez dira ezarriko ondoko betekizunak zerbitzuak jasotzeko edo egiteko:

a) Zuzenean zein zeharka nazionalitatean oinarritutako bereizkeria ezartzen duten betekizunak, are establezimendua edo sozietatearen egoitza agintaritza eskudunaren lurraldean egotea kontuan hartzea, eta ondokoa bereziki: zerbitzugileak, bere langileek, sozietatearen kapitalaren partaide direnek edo kudeaketa eta ikuskapen organoetako kideek nazionalitate jakin bat edo egoitza lurralde jakin batean eduki beharra.

b) Hainbat udalerritan edo Batasuneko hainbat estatutan egoitza ezin eduki izatea eta hainbat udalerritako edo Batasuneko hainbat estatutako lanbide erregistro edo elkargoetan inskribatuta ezin egon izatea.

c) Zerbitzugileei establezimendu nagusien eta bigarren mailakoen artean hautatzeko aukera murrizten dieten betekizunak, batez ere establezimendu nagusian udalerrian edo Espainiako lurraldean eduki beharra, eta zerbitzua egiteko establezimendua ezartzean sukurtsalaren eta mendeko sozietatearen artean hautatzeko aukera murrizten duten betekizunak.

d) Betekizun ekonomikoak, batik bat baimena jasotzeko merkatuan beharrizan ekonomikoa edo eskaria dagoela frogatu behar izatea, jarduerak izanen dituen edo izan ditzakeen ondorio ekonomikoak ebaluatu behar izatea eta jarduera agintaritza eskudunak bere programazio ekonomikoan ezarritako helburuekin bat heldu den aztertu behar izatea.

e) Eratu beharreko finantza bermeak edo eduki beharreko aseguruak udalerriko edo Espainiako lurraldeko erakunde edo zerbitzugile batekin egin behar izatea.

f) Udalerriko zerbitzugileen erregistroan edo Espainiako lurraldeko bertze batean aldi jakin batean inskribatuta egon behar izana edo lurralde horretan aurretik aldi jakin batez ari behar izana.

11. artikulua. Debeku diren baldintzak eta mugak.

1. Zerbitzu bat jasotzeko edo egiteko udal araudian ezin da ezarri honelako baldintzarik:

a) Kopuru edo lurralde murrizpenak, batez ere biztanleriaren edo zerbitzugileen gutxieneko distantzia geografikoaren araberakoak.

b) Zerbitzugileek forma juridiko jakina eduki beharra, eta irabazteko asmorik gabeko erakunde gisa eratuta egon behar izatea.

c) Sozietatearen kapitalaren partaidetzaren inguruko betekizunak, hain zuzen ere jarduera jakin batzuetarako gutxieneko kapitala eduki behar izatea edo sozietatearen kapitala edukitzeko edo sozietate jakin batzuk kudeatzeko kualifikazio jakina eduki behar izatea.

d) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2005eko irailaren 7an lanbide kualifikazioak onartzeari buruz emandako 2005/36/EE Zuzentarauak araututako lanbideetan aritzeko eskatzen direnak ez bertzelako betekizunak, jarduera batean aritzeko aukera, haren berezitasuna dela eta, zerbitzugile jakin batzuei soilik onartzen dietenak.

e) Udalerrian edo Espainiako lurraldean establezimendu bat baino gehiago ezin eduki izatea.

f) Ez dira zerbitzugileak behartzen ahalko zerbitzu bat bakarrik egitera, modu esklusiboan.

g) Plantillaren osaerari buruzko betekizunak, esaterako gutxienez langile kopuru jakin bat eduki behar izatea (guztira zein kategoria jakin batzuetan).

h) Prezioen askatasuna murrizten dutenak (gutxieneko edo gehieneko tarifak, adibidez) eta deskontuak aplikatzeko murrizpenak ezartzen dituztenak.

i) Zerbitzuarekin batera bertze zerbitzu berezi batzuk egin edo produktu jakin batzuk eskaini behar izatea.

2. Hala ere, aparteko kasuetan, aitzineko atalean aipatutako betekizunetako bat ezartzen ahalko da zerbitzu bat jasotzeko edo egiteko, baldin eta ordenantza honetako 5.1 artikuluaren arabera bereizkeriarik aplikatzen ez bada, interes orokorreko eta premiazko arrazoiren batengatik bidezkoa bada eta zentzuzkoa bada.

Nolanahi ere, honelako baldintzetako bat ezartzen bada, horren berri eman behar zaio Europako Batzordearen harremanetarako guneari. Gainera, baldintza ezartzeko arrazoiak azaltzeko halakoei buruzko udal araudira jo behar da (salbuespena: baldintza legearen mailako arau batek ezartzea).

12. artikulua. Zerbitzugintza askea.

1. Egoitza Batasuneko bertze estatu batean duten zerbitzugileak zerbitzugintza askean aritzen ahalko dira udalerrian, muga bakarrak jarduerak eta zerbitzuak jasotzeari eta egiteari buruzko legean xedatutakoaren arabera ezarritakoak direla.

2. Halako zerbitzugileei inolaz ere ezin izanen zaizkie honelako murriztapenak ezarri udalerrian aritzeko:

a) Egoitza udalerrian edo Espainiako lurraldean eduki behar izatea.

b) Espainiako agintarien baimena eduki edo Espainiako erregistro edo elkargo batean inskribatuta behar izatea.

c) Udalerrian edo Espainiako lurraldean ezin erabili izatea zerbitzua egiteko behar den azpiegitura.

d) Langile autonomo gisa zerbitzugintzan aritzea eragozten duten eskakizunak.

e) Espainiako agintariek emandako identifikazio agiri berezia eduki behar izatea.

f) Zerbitzugintzarako ezinbertzekoak diren ekipoen eta materialen erabileraren inguruko betekizunak, laneko osasunerako eta segurtasunerako denean izan ezik.

3. Aparteko kasuetan zerbitzugile hauei sektoreko legerian ezarritako betekizunak aplikatzen ahalko zaizkie zerbitzu bat Espainiako lurraldean aldi batez jasotzeko edo egiteko, hain zuzen ere ordena publikoa, segurtasun publikoa, osasun publikoa edo ingurumenaren babesa dela-eta bidezkoa denean. Kontuan izan behar da betekizunak, 5.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, zentzuzkoak izan behar direla, ez dutela bereizkeriarik ezarri behar eta legearen mailako arau baten bitartez ezarrita egon behar direla.

III. KAPITULUA

Administrazioaren isiltasunaren araubidea

13. artikulua. Administrazioaren isiltasuna interesdunek eskatuta hasitako prozeduretan.

1. Interesdunek eskatuta hasitako prozeduretan, deusetan ukatu gabe Udalak artikulu honetako 3. atalean ezarri den bezala ebazpena eman behar izatea, gehieneko epean berariazko ebazpenik jakinarazi gabe iragaten bada, eskabidea aurkeztu dutenek baietsitzat jotzen ahalko dute administrazioaren isiltasunagatik, non ez duen bertzerik ezartzen legearen mailako arau batek, herritar guztien onura aintzat hartuta, edo Europar Batasuneko Zuzenbideko arau batek.

Gainera, administrazioaren isiltasunak ezespena ekarriko du ondoko prozedura hauetan: Konstituzioko 29. artikuluan aipatzen den eskaera eskubideari dagozkion prozedurak, baiespenak eskatzaileari edo hirugarren bati jabari edo zerbitzu publikoaren inguruko ahalmenak eskualdatzea dakarren prozedurak, eta egintzak eta xedapenen aurka egiteko prozedurak.

Hala ere, eskaera bat administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi izanaren aurka gorako errekurtsoa jartzen bada epea amaitu delako, hura baietsitzat joko da baldin eta ebazpena emateko epean Udalaren organo eskudunak berariazko ebazpenik ematen ez badu.

2. Administrazioaren isiltasunaren bidezko baiespena prozedura bururatzen duen administrazio egintza da ondorio guztietarako. Administrazioaren isiltasunaren bidezko ezespenak ez du bertze ondoriorik ekarriko interesdunari administrazio-errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko aukera ematea baizik.

3. Berariazko ebazpena eman beharra, artikulu honetako lehenbiziko atalean aipatu dena, araubide honi lotuko zaio:

a) Eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez baietsiz gero, egintzaren ondotik, hura berresteko baizik ez daiteke eman berariazko ebazpena.

b) Eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsiz gero, epea bukatu ondoko ebazpen berariazkoa ematean Udalak ez du kontuan izanen isiltasunaren zentzua.

4. Administrazioaren isiltasunaren ondoriozko egintza administratiboak baliozkoak izanen dira bai Udalarendako, bai pertsona fisiko zein juridiko guztiendako, publikoak nahiz pribatuak izan. Egintza horiek ondorioak sortuko dituzte berariazko ebazpena eman eta jakinarazi behar izateko gehieneko epea bukatzen denetik, hura eman ez bada ere, eta ebazpena izan badela Zuzenbidean onartutako frogabideetako edozeinen bitartez froga daiteke, are ebazpena eskumena duen organoari izandako isiltasunaz eskatzen ahal zaion ziurtagiriaren bitartez ere. Ziurtagiria eskatuz gero, hamabortz egun iragan baino lehen eman behar da.

IV. KAPITULUA

Sinplifikazio administratiboa

14. artikulua. Prozeduren sinplifikazioa.

1. Udalerri honetan zerbitzuak ezartzeko eta egiteko udal prozedura eta tramite guztiak kapitulu honetan ezarritakoaren arabera sinplifikatu behar dira.

2. Udalerri honetan zerbitzuak jasotzeko eta egiteko egin behar diren prozedura eta tramiteak baliabide elektronikoen bitartez eta urrutitik egiten ahalko dira, zerbitzua egiten den tokian edo hartarako erabiltzen den ekipoan ikuskapena egiteko ez bada.

3. Tuterako Udalak zerbitzuak ezartzeko eta egiteko egin beharreko prozedurak eta tramiteak sinplifikatzeko manera aztertuko du.

4. Ordenantza honetan arautzen diren zerbitzuak ezarri eta egiteko udal prozedurek izaera arautua dute, argi eta nahastezinak izan behar dira, objektiboak, gardenak, eskuragarriak, berezko duten xedearen heinekoak eta aitzinetik aditzera emanak.

5. Ez daiteke tramiterik ezar iluna edo bikoztua bada, edo eskatzailea kostu neurriz kanpokora behartzen badu, eta atzerapen neurriz kanpokoa edo arrazoirik gabea ekartzen badu.

15. artikulua. Eskatu ezin diren agiriak.

1. Udalerrian zerbitzuak jasotzeko eta egiteko egin beharreko tramiteetan beharrezko agiriak edo datuak baizik ez dira eskatzen ahal.

2. Ez dira eskatzen ahal Espainiako bertze administrazio publikoek edo Batasuneko bertze estatuetako erakunde publikoek dituzten datuak eta agiriak.

3. Aurreko puntuan xedatuagatik ere, zerbitzuak jasotzeko eta egiteko eskatzen diren betekizunak betetzen direla frogatzeko Espainiako bertze administrazio publikoek edo Batasuneko bertzte estatuetako erakunde publikoek emandako agiriak onartuko dira, hain zuzen ere betekizunak betetzen direla argitzen dutenak.

4. Frogagiri gisa agintaritza eskudun batek emandako agiri bat aurkeztuz gero, ez da aurkeztu beharko jatorrizkorik, ez kopia konpultsaturik, ez zinpeko itzulpenik, salbu eta indarra duen araudian ezarritako kasuetan eta beharrezkoa bada ordena publikoa eta segurtasun publikoa dela-eta.

5. Aitzineko 2. eta 4. ataletan ezarriari dagokionez, zerbitzugileak zehaztu beharko du zein administrazio edo erakunde publikok daukan datua edo jatorrizko agiria. Gainera, Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoko 11. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Udalari berariazko baimen argia eman beharko dio informazio hori eskatzeko eta eskuratzeko.

6. Legearen aurreikuspenak betetze aldera, Udalak, tramitazioa egin bitartean, orobat eskatzen ahalko du dokumentazio osagarria aurkezteko edo jardueraren ezaugarriak ikusirik beharrezko iruditzen zaizkion baldintzak betetzeko. Halakoetan, tramitatzeko epea eten eginen da eta eskatu zaionaren araberako denbora emanen zaio eskatzaileari.

18. artikulua. Leihatila Bakarra.

1. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak zerbitzuak askatasunez jasotzeari eta egiteari buruz 2006ko abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Zuzentarauan ezarritako aplikazio-eremuko zerbitzu bat jasotzeko eta egiteko prozedurak eta tramiteak Leihatila Bakarraren bidez egiten ahalko dira, baliabide elektronikoez baliatuta eta urrunetik, zerbitzua egiten den tokian edo hartarako erabiltzen den ekipoan ikuskapena egiteko ez bada.

2. Zerbitzugileek Estatuko Administrazioak berariaz ezartzen duen leihatila bakarraren bidez, baliabide elektronikoez baliatuta, urrutitik eskuratzen ahalko dituzte udalerrian zerbitzuak jasotzeko eta zerbitzugintzan aritzeko beharreko prozedurei eta aginduzko tramiteei buruzko informazioa, bertzeak bertze, udal baimena lortzeko behar diren aitorpenak, jakinarazpenak eta eskabideak telematikoki bidaltzeko aukera.

3. Tuterako Udalak bideak ezarriko ditu zerbitzugileek Leihatila Bakarraren bidez eskuratu ahal izan ditzaten zerbitzurako behar den informazio guztiak eta munta duten inprimaki guztiak, eta beren eskabideen inguruan ematen diren ebazpenen eta egiten diren komunikazioen berri eduki dezaten.

4. Baimenak edo lizentziak emateko prozedura edo aurretiazko komunikazioaren edo erantzukizuneko aitorpenaren prozedura kudeatzen duten udal alor eta unitateen ardura izanen da leihatila bakarra hornitzea eta edukia etengabe eguneratua mantentzea, aitzineko atalean ezarritakoaren ondorioetarako.

19. artikulua. Leihatila bakarraren bidezko informazioaren inguruko bermeak.

Zerbitzugileek eta zerbitzuren bat jasotzen dutenek ondotik ematen den informazioa eskuratu ahal izanen dute leihatila bakarraren bidez baliabide elektronikoez baliatuta. Hura argia eta zehatza izan behar da. Hona hemen:

a) Udalerrian kokaturiko zerbitzugileei aplikatuko zaizkien betekizunak, bereziki zerbitzugintzan aritzeko eta zerbitzuak eskuratzeko egin beharreko tramiteei dagozkienak, eta eskumena duen udal alor edo unitatearen datuak, harekin zuzenean harremanetan jarri ahal izateko.

b) Udalerriko zerbitzuen eta zerbitzugileen erregistroak eta datu base publikoak erabiltzeko manerak eta baldintzak.

c) Erreklamazioak eta errekurtsoak aurkezteko bideak.

d) Datuak, udalerriko zerbitzugileen elkarte sektorialenak eta zerbitzuak jasotzen dituztenei eta zerbitzugileei laguntza ematen dieten kontsumitzaile erakundeenak.

V. KAPITULUA

Administrazioen arteko lankidetza
zerbitzugileak behar bezala kontrolatzeko

20. artikulua. Lankidetzaren inguruko betebehar orokorrak.

1. Zerbitzugileak eta beraien zerbitzuen gainbegiratzea bermatu beharrez, Udala, bere eskumenen esparruan, lankidetzan ariko da Espainiako eta Batasuneko bertze estatu batzuetako gainerako agintaritza eskudunekin eta Europako Batzordearekin informazioaren, kontrolaren, ikuskapenaren eta ikerketaren inguruan.

2. Espainiako eta Batasuneko bertze estatu batzuetako agintari eskudunek kontsulta egiten ahalko dute zerbitzugileak inskribatuta dauden udal erregistroetan, betiere datu pertsonalen babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoa begiratuta. Gainera, Udalak bertze agintaritza eskudun batzuen erregistroetan kontsulta egiten ahalko du, baldintza beretan.

3. Bertze agintari eskudun batek egindako eskaera bati berehala erantzun ezin bazaio, horren berri emanen zaio; Batasuneko bertze estatu batekoa bada, komunikazioa beraren harremanetarako gunearen bidez helaraziko zaio.

4. Udalak Espainiako bertze lurralde bateko edo Batasuneko bertze estatu bateko zerbitzugileen inguruko informazioa eskatzen badu, edo haiek kontrolatzeko, ikuskatzeko eta ikertzeko eskaera aurkezten badu, arrazoiak behar bezala azaldu behar ditu. Horrela lortzen duen informazioa eskaeran adierazitako xederako baizik ez du erabiliko.

5. Agintari eskudun batek ez badu betetzen lankidetzarako duen betebeharra, horren berri emanen da berariaz ezarritako harremanetarako gunearen bitartez.

21. artikulua. Zerbitzugileen betebeharrak informazioaren inguruan.

Eskatzen zaien guztietan informazioa emateko duten betebeharraz gainera, zerbitzugileek udal baimena ematea eragin zuten inguruabarretan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko dute leihatila bakarraren bitartez.

22. artikulua. Espainiako lurraldean ari diren zerbitzugileak gainbegiratzea.

1. Tuterako Udalak udalerrian kokaturiko zerbitzugileez eskatzen dioten informazio guztia emanen die gainerako agintaritza eskudunei, eta haien inguruan eskatzen dizkioten egiaztapenak, ikuskapenak eta ikerketak ere eginen ditu. Halaber, beharrezkoa izanez gero, Tuterako Udalak ere horiek guztiak eskatu ahal izanen ditu.

2. Udalerrian egoitza duten zerbitzugileei ezarritako betekizunak betearazi behar dira, nahiz eta zerbitzua Espainiako edo Europar Batasuneko bertze toki batean egin, edo han egin kalteak.

3. Agintari eskudun batek Udalari eskatzen badio har ditzala aparteko segurtasun neurriak udalerrian egoitza duen zerbitzugile jakin baten inguruan, ahalik eta azkarren egiaztatu beharko da hura legez ari den, eta eskaera eragin duten gertaerak argitu beharko dira. Halakoetan, Udalak harremanetarako gune egokiaren bitartez berehala emanen du hartutako edo hartzeko diren neurrien berri, edo bertzenaz neurririk ez hartzeko arrazoiak azalduko ditu.

23. artikulua. Alerta mekanismoa.

Udala ohartzen bada zerbitzu edo zerbitzugile baten inguruko gertaera edo inguruabar batek kalte larriak egiten ahal dizkiola pertsonen osasunari edo segurtasunari edo ingurumenari Espainiako lurraldean, horren berri emanen dio berehala Espainiako administrazio publiko eskudunari. Berriz, Europar Batasuneko lurraldean gertatuz gero, Europako Batzordearen harremanetarako gunera joko du gertatuaren berri emateko.

24. artikulua. Zerbitzugileen ohoragarritasunaren inguruko informazioa.

1. Agintari eskudun batek eskaera arrazoitua aurkeztuz gero, Udalak delako zerbitzugilearen merkataritzako edo lan jarduerari dagokionez hartu dituen diziplina neurrien eta zehapen administratibo irmoen berri emanen dio, betiere indarra duen legeria begiratuz. Berri emate horretan zehapena ezartzeko oinarritzat hartutako udal xedapen administratiboak azaldu behar dira.

Aitzinekoa aplikatzean aintzat hartu behar da Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa.

2. Aitzineko kasuan, Udalak jakinaren gainean jarri beharko du zerbitzugilea, agintari eskudunari eskatutako informazioa eman zaiola adieraziz.

25. artikulua. Informazio truke elektronikoa.

Udalak informazioa trukatzeko sistema elektronikoa sustatuko du Espainiako gainerako administrazio publikoekin eta, behar izanez gero, baita Europar Batasunekoekin ere; sistema horren bitartez administrazio horiek guztiek trukatu ahal izanen dute ordenantza honetan eta indarreko araudian ezarritako informazioa.

26. artikulua. Europako Batzordeari jakinaraztea.

Udalak 11.1 artikuluan debekatutako betekizunetako bat jasotzen duen arau baten proiektua prestatzen badu, hura onetsi aitzin, eta arauz ezarriko den prozedurari jarraituz, Europako Batzordearen harremanetarako guneari jakinaraziko dio. Jakinarazpenari justifikazio memoria atxiki behar zaio eta bertan azaldu behar da zergatik aplikatzen ahal diren 11.2 artikuluko apartekotasun irizpideak. Halaber, 12.2 artikuluan debekatutako betekizunetako bat jasoz gero, justifikazio memorian azaldu beharko da zergatik den bateragarria 12.3 artikuluko aparteko irizpideekin.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Arauen indargabetzea.

1. Ordenantza hau indarrean jarritakoan indargabetuta geldituko dira bertan ezarritakoaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko mailako xedapen guztiak eta testu honetan ezartzen dena aplikatuko da.

2. Ordenantza hau indarrean jartzen denetik aitzina bertan ezarritakoa bete beharko da Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2006ko abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Zuzentarauan ezarritako zerbitzuen inguruko prozedura eta tramite guztietan, berariaz ez aldaturik ere zerbitzua arautzen duen udal xedapen edo araua.

3. Ordenantza honetako 13.1 artikuluan ezarritakoari dagokionez, ondoko kasuetan prozedura interes orokorrekotzat hartuko da: ordenantza hau indarrean jarri aitzin legearen mailako arau batek edo Europar Batasuneko Zuzenbideko arau batek araututa egonik, ezarritako epean berariazko jakinarazpenaren faltaz eskaera ezetsiko dela uste denean.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Prozedurei hasiera ematea.

Zerbitzuen Zuzentarauak indarra hartu aitzin baimenetarako hasitako prozedurak eskaera aurkeztean indarrean zegoen araudiaren arabera tramitatu eta ebatziko dira. Tramitazioa eta ebazpena Zerbitzuen Zuzentarauak indarra hartu ondoan gertatzen badira eta aplikatu beharreko araudian 10. artikuluaren arabera debekatuta dagoen betekizunen bat ezartzen bada, organo eskudunak ez du hura kontuan hartuko.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indar hartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan eta ondokoetan ordenantzak onesteko ezarritako prozeduraren tramiteak egin ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1100533