29. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

4/2011 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 24koa, Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroa sortu eta haren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena.

Teknologia berrien, globalizazioaren eta informazioaren gizartearen garapenaren ondorioz, azkeneko urteotan jokoarekin lotutako jarduera ekonomikoak aldatu egin dira. Horregatik, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legea onetsi zen. Lege horren bidez eratutako lege esparru berriak aukera ematen du arlo horren gaineko araudia behar den moduan egokitzeko eta jokoaren gaineko politika oraingo inguruabarren arabera garatzeko, jokoaren eta apustuen jarduerari modu orokor eta sistematikoan ekinez Nafarroan. Horrez gainera, jarduera horiek antolatzeko eta gero batean erregelamenduz garatzeko oinarrizko printzipio orokorrak ezartzen dira.

Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroa behar-beharrezko eta ezinbesteko tresna da jokoak eta apustuak antolatu eta ustiatzeko jardueretarako, izan ere, arlo honetako jarduketa administratiboaren eraginkortasuna oso lotuta dago esparru honetan diharduten enpresei, erabiltzen diren materialei eta baimentzen diren lokalei buruzko informazioa bateratzen duen tresna bat izatearekin.

16/2006 Foru Legearen 7. artikuluak xedatzen du Nafarroako Gobernuak ezarriko dituela Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendu arauak.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin ados egonda, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko urtarrilaren 24an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio esparrua.

Foru dekretu honen helburua da Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroa sortzea eta haren antolaketa eta funtzionamendua arautzea, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean ezarritako esparruaren barruan.

2. artikulua. Kontzeptua.

Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroa jokoak eta apustuak antolatu eta ustiatzearekin harremana duten jardueren publikotasunerako tresna ofiziala da Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

3. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Joko enpresak Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroan inskribatzea ezinbesteko baldintza da jokoaren eta apustuen sektorean jarduteko.

2. Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroa publikoa da. Interesdunek bertako datuei buruzko informazioa lor dezakete, deusetan galarazi gabe Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa bete beharra.

4. artikulua. Antolaketa.

Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroak liburu, atal eta azpiatal hauek izanen ditu:

1. I. liburua. Jokoarekin eta apustuekin zerikusia duten jarduerak.

a) I. atala. Fabrikatzaileak, merkaturatzaileak eta banatzaileak.

b) II. atala. Proba eta saiakuntzen laborategiak.

2. II. liburua. Joko eta apustu enpresak.

a) I. atala. Joko-makinen enpresa operadoreak.

b) II. atala. Jokoetarako lokalen enpresa ustiatzaileak.

b.1) Lehenengo azpiatala. Joko kasinoak.

b.2) Bigarren azpiatala. Bingoak.

b.3) Hirugarren azpiatala. Joko aretoak.

c) III. atala. Beste joko enpresa batzuk.

c.1) Lehenengo azpiatala. Zozketak, tonbolak eta ausazko konbinazioak.

c.2) Bigarren azpiatala. Loteriak.

c.3) Hirugarren azpiatala. Txartelak.

c.4) Laugarren azpiatala. Apustuak.

3. III. liburua. Jokatzeko eta apustuak egiteko materialak.

a) I. atala. Joko makinak.

b) II. atala. Joko kasinoetako materialak.

c) III. atala. Bingoko materialak.

d) IV. atala. Beste material batzuk.

4. IV. liburua. Joko eta apustuetarako lokalak.

a) I. atala. Joko kasinoak.

b) II. atala. Bingoak.

c) III. atala. Joko aretoak.

d) IV. atala. Apustu dendak.

5. V. liburua. Baimenak eta sinestamenduak.

a) I. atala. Ustiatzeko eta antolatzeko baimenak.

b) II. atala. Instalatzeko baimenak.

c) III. atala. Lanbide sinestamenduak.

6. VI. liburua. Arau-hausteak eta zehapenak.

I. atala

Arau-hausteak eta zehapenak

5. artikulua. Inskribatzeko prozedura.

1. Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroan inskribatzeko eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan jokoaren arloan eskumena duen organoak tramitatu eta ebatziko ditu.

2. Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren I. liburuko inskripzioak eta II. liburuko I. atalekoak alderdi batek eskatuta eginen dira, eta hiru hilabeteko epean ebatziko dira eskaera organo eskudunaren erregistroan sartzen direnetik.

3. Ezarritako epe hori organo eskudunak berariazko ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, inskribatzeko eskaera onartutzat joko da.

4. Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren gainerako atal eta liburuetako inskripzioak ofizioz eginen dira.

6. artikulua. Erregistroko datuak aldatu eta eguneratzea.

1. Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroan inskribaturik dauden enpresek erregistro horretan dagoen informazioa egunean eduki beharko dute inskripzioak indarra duen bitartean.

2. Erregistroaren I. liburuan inskribatutako pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, erregistroko informazioa eguneratzeko, helbidearen, izenaren eta merkataritzako markaren aldaketak jakinarazi behar dira, baita, halakorik bada, lan egiteko dituzten lokalen helbide aldaketak ere, eta sozietate izaera duten enpresen kasuan, haien izenean, xedean, kapitalean, sozietatearen helbidean edo helbide fiskalean egiten diren aldaketak.

3. Erregistroaren II. liburuan inskribatzen diren joko enpresen kasuan, erregistroko informazioa eguneratzeko, artikulu honen 2. idatz-zatian adierazitako kasuez gainera, ordezkaritza eta zuzendaritza organoetan gertatzen diren aldaketak jakinarazi beharko dira, baita akzioen edo partaidetzen eskualdaketak ere, sozietate izaera duten enpresen kasuan.

4. Aurreko idatz-zatietan adierazitako aldaketak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan jokoaren arloan eskumena duen organoari jakinarazi beharko zaizkio aldaketa gertatu eta hurrengo hamabost eguneko epean, salbu eta akzioen edo partaidetzen eskualdaketen kasuan, horien jakinarazpena aurretik egin behar baita, eskualdatu baino hogeita hamar egun lehenago gutxienez.

5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barrenean jokoaren arloan eskumena duen organoari dagokio Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroan dagoen informazioa eguneraturik izatea.

6. Joko enpresak beharturik daude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari jakinaraztera hark bere kontrol, koordinazio edo estatistika eginkizunak betetzeko eskatzen dien informazio guztia.

7. artikulua. Inskripzioen indarraldia eta deuseztapena.

1. Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren I. liburuko inskripzioak eta II. liburuko I. ataletakoak mugagabeak izanen dira eta haiek deuseztatzeko edo ezeztatzeko organo eskudunaren ebazpen arrazoitua beharko da. Ebazpena behar den administrazio espedientea tramitatu ondoren emanen da, honako kausa hauetako bat gertatzen denean:

a) Interesdunak eskatzen duenean.

b) Enpresaren inskripzioa egiteko edo jokorako materialak baimentzeko ekarritako datuak faltsuak edo nabarmenki okerrak direnean.

c) Enpresak foru dekretu honen 10. eta 11. artikuluetan ezarritako baldintza edo betebeharrak betetzeari uzten dionean.

d) Fidantzak jarri eta mantentzeko beharrak betetzen ez direnean.

e) Bi urtez jarraian edo denbora gehiagoan inskripzioaren xedeko jardueran aritzen ez denean.

f) Inskripzioaren titularra hiltzen denean edo titularraren nortasun juridikoa iraungitzen denean.

2. Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren II. liburuko II. eta III. ataletako inskripzioek eta IV. eta V. liburuetakoek kasuan kasuko baimen edo sinestamenduen indarraldi bera izanen dute eta, deusetan galarazi gabe berritzeko aukera, kasuko araudi berariazkoetan ezarritako arrazoietako bategatik iraungitzean baliogabetuko dira.

3. Foru dekretu honen 17. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarari gabe, Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren III. liburuko inskripzioak mugagabeak izanen dira eta, haiek deuseztatzeko edo ezeztatzeko, organo eskudunaren ebazpen arrazoitua beharko da. Ebazpena behar den administrazio espedientea tramitatu ondoren emanen da, honako arrazoi hauetako bat gertatzen denean:

a) Inskripzioaren sustatzaileak arrazoibidez eskatzen duenean.

b) Eskaeran edo inskribatutako materialen edo modeloen dokumentazioan datu faltsuak, irregulartasunak edo datu oker edo ez-egite funtsezkoak daudela jakiten denean.

c) Inskripzioa egin ondoren, jakiten denean inskribatutako modeloari edo materialei eskatutako betebeharren bat ez dela bete.

d) Inskribatutako materiala edo modeloa zaharkitua dagoela edo erabiltzen ez dela ikusten denean.

4. Aurreko idatz-zatian adierazitako kasuetan, deuseztapenak berarekin ekarriko du deuseztatzen den inskripzioaren xedeko modelo, material, osagai edo elementuak eta aparatuak ustiatu, instalatu edo erabiltzeko baimenak ezeztatzea zuzenean. Deuseztapenaren ebazpenean zehaztuko da zein epetan erretiratu behar diren, baina epe hori ez da sei hilabetetik gorakoa izanen.

5. Foru dekretu honen 17. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritakoaren arabera egiten diren erregistroko idazpenak ofizioz deuseztatuko dira baimenaren xedeko ekitaldiak eginak direnean edo baimendutako epea bukatzen denean.

6. Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren VI. liburuan egindako erregistro idazpenak ofizioz deuseztatu beharko dira zehapenaren preskripzio epea bukatuta.

8. artikulua. Bermeak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan jokoen eta apustuen arloan eskumena duen departamentuko kontseilari titularrari dagokio joko makinen enpresa ustiatzaileei eskatu beharreko fidantzen zenbatekoa finkatzea.

2. Fidantzak esku-dirutan, banku-abalaren bidez edo banakako kauzio polizaren bidez ordaintzen ahalko dira eta Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean ezarritako betebeharrei lotuak geldituko dira, bereziki, sariak ordaintzeari, zehapen araubidea aplikatzearen ondoriozko erantzukizunak hartzeari eta jokoaren eta apustuen gaineko tributu berariazkoen ondoriozko betebeharrei lotuak.

3. Fidantzak oso-osorik gordeko dira fidantza jarri beharra ekarri zuten inguruabarrek bere horretan iraun bitarte. Fidantza guztia edo parte bat erabiliz gero, fidantza jarri zuten enpresek berriz jarri beharko dute, interesdunari jakinarazten zaionetik bi hilabeteko epean gehienez. Fidantza berriz jartzen ez bada, inskripzioa deuseztatuko da, foru dekretu honen 7. artikuluan xedatutakoarekin bat.

4. Fidantzak iraungiko dira hura jartzea ekarri zuten arrazoiak desagertuz gero, eta bete gabeko erantzukizunik ez dagoela egiaztatu ondoren. Fidantzak iraungita, itzuli eginen dira, litekeen likidazioa egin ondoren.

Fidantza aski ez bada dauden erantzukizunei aurre egiteko, ordaindu gabeko zorra ordainarazteko premiamendu prozedura erabiliko da.

II. KAPITULUA

Erregistroaren funtzionamendua

1. ATALA

I. liburua: Jokoarekin eta apustuekin zerikusia duten jarduerak

9. artikulua. Xedea eta ondorioak.

1. Honako hauek inskribatuko dira Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren I. liburuan:

a) Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan jokoan edo apustuetan aritzeko osagai edo elementuak, aparatuak eta, oro har, materialak fabrikatu, merkaturatu edo banatzearekin lotuta dauden jardueretan aritzen diren pertsona fisiko edo juridikoak, material horiek homologatu eta erregistroan inskribatu nahi badituzte.

b) Jokatzeko eta apustuak egiteko materialen proba eta saiakuntzen laborategi gisa onartuak izateko asmoa duten pertsona fisiko eta juridikoak, baita erakunde publikoen menpeko entitateak ere.

2. I. liburuan inskribatutako pertsona eta entitateak inskribatzen diren unetik beretik hasten ahalko dira jardueran eta ez dute aurretiazko administrazio baimenik beharko.

10. artikulua. I. liburuko I. ataleko inskripzioa.

I. liburuko I. atalean inskribatu nahi duten pertsona fisiko edo juridikoek betebehar hauek bete eta frogatu beharko dituzte:

a) Jardueran aritzeko gaitasun nahikoa eta horretarako behar diren baliabideak izatea.

b) Inskripzioaren xedeko jardueran aritzeko, merkataritza eta zerga arloetako araudian ezarritako errekerimenduak betetzea.

11. artikulua. I. liburuko II. ataleko inskripzioa.

I. liburuko II. atalean inskribatu nahi duten pertsona fisiko edo juridikoek eta erakunde publikoen menpeko entitateek betebehar hauek bete eta frogatu beharko dituzte:

a) Gaitasun nahikoa izatea jokoetan eta apustuetan erabiltzen diren materialak erregelamenduz ezarritako ezaugarri, zehaztapen eta baldintzen araberakoak ote diren ebaluatzeko behar diren probak, saiakuntzak eta egiaztapenak behar bezala egiteko.

b) "UNE EN-ISO/IEC 17025" arauan, edo hura ordezten duten arauetan, ezarritako sinestamendua edukitzea edo lortzeko moduan egotea. Sinestamendu hori joko eta apustuetarako materialekin entseguak egiteko da.

c) Entseguen eskatzaileekiko eta emaitzetan interesa duten eragileekiko independenteak izatea.

d) Entseguetako emaitzak isilpean edukitzea.

e) Erantzukizun zibileko asegurua izatea, laborategiaren entitate titularra pribatua baldin bada.

f) Inskripzioaren xedeko jardueran aritzeko, merkataritza eta zerga arloetako araudian ezarritako errekerimenduak betetzea.

g) Jokoen eta apustuen arloko xedapenetan eta bere sinestamenduaren arlo teknikoari buruzko xedapen berariazkoetan ezartzen diren gainerako betebeharrak.

12. artikulua. Inskripzioaren edukia.

I. liburuan egiten diren idazpenetan informazio hau jasoko da:

a) Enpresaren identifikazioa, erabiltzen den izena eta merkataritza marka, sozietatearen helbidea eta telefonoa.

b) Lanerako erabiltzen dituen lokalen helbidea.

c) Inskripzioa justifikatzen du(t)en jarduera(k).

d) Erregistroko inskripzioaren zenbakia.

2. ATALA

II. liburua: Joko eta apustu enpresak

13. artikulua. Xedea eta ondorioak.

1. Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren II. liburuan inskribatuko dira Nafarroako Foru Komunitatean jokoak edo apustuak antolatu edo ustiatzeko lanetan aritu nahi duten joko enpresak.

2. II. liburuko I. atalean inskribatzeak berarekin ekarriko du inskripzioaren titularrari baimena ematea joko makinen enpresa ustiatzaile gisa jarduteko. Inskripzioa egiten den unetik aurrera aritzen ahalko da jarduera horretan.

14. artikulua. II. liburuko I. ataleko inskripzioa.

II. liburuko I. atalean inskribatu nahi duten enpresek betebehar hauek bete eta frogatu beharko dituzte:

a) Beren jardueretan aritzeko gaitasun nahikoa eta horretarako behar diren baliabideak izatea.

b) Joko makinen araudian ezarritako determinazioak betetzea.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Ogasunaren alde fidantza bat jartzea. Horren zenbatekoa eta baldintzak zehazteko, foru dekretu honetan eta aplikagarri diren gainerako xedapenetan adierazitakoari jarraikiko zaio.

d) Merkataritza sozietate gisa eratzen diren joko enpresek kapital osoa harpidetua eta ordaindua izan beharko dute. Kapital hori sozietatearen partaidetzetan edo akzio izendunetan banatuko da eta sozietatearen estatutuetan berariaz adierazi beharko dira jokoaren sektorean xedetzat dituen jarduerak.

e) Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 16. artikuluan aipatzen diren egoeretako batean dagoen enpresaburua duten joko enpresak ezin izanen dira II. liburuaren I. atalean inskribatu, ez eta zuzendaritza batzordean edo administrazio kontseiluan, kudeaketa, zuzendaritza edo administrazio karguen artean edo antzeko beste zuzendaritza organoren batean, merkataritzako sozietateen kasuan, halako egoeraren batean dauden kideak dituztenak ere.

15. artikulua. II. liburuko II. eta III. ataletako inskripzioak.

Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren II. liburuko II. eta III. ataletan inskribatu beharko dira jokoetarako lokalak ustiatzeko edo jokoak eta apustuak antolatzeko behar diren baimenak lortu dituzten enpresak.

16. artikulua. Inskripzioaren edukia.

II. liburuko I., II. eta III. ataletako idazpenetan foru dekretu honen 12. artikuluan adierazitako informazioa jaso beharko da.

3. ATALA

III. liburua: Jokatzeko eta apustuak egiteko materialak

17. artikulua. Inskripzioaren xedea eta ezaugarriak.

1. Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren III. liburuan inskribatuko dira joko edo apustu baimenduei buruzko erregelamendu berariazkoetan bildutako xedapenei jarraikiz erabiltzen ahal diren joko eta apustuetarako modelo homologatuak, baita haien osagai eta elementuak, tresnak eta, oro har, materialak ere.

2. III. liburuan inskribatu beharko dira, orobat, ekitaldi mugatu batean edo batzuetan edo denbora mugatu batean, proba gisa eta behin-behinekoz, ustiatzeko baimentzen ahal diren joko eta apustuetarako materialak.

3. Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren III. liburuan ezin izanen dira inskribatu jadanik inskribatuak dauden beste modelo eta material batzuen izendapen berbera dutenak, alegia, goitik behera berdina, salbu eta eskatzaileak egiaztatzen badu lehenagotik bere izenean inskribatua zuela Patenteen eta Marken Bulegoan. Horrelako kasuetan, aurreko inskripzioa deuseztatuko da, behar den administrazio espedientea tramitatu ondoren.

18. artikulua. Inskripzioaren edukia.

III. liburuko atal guztietan egiten diren idazpenetan informazio hau jasoko da:

a) Erregistroan inskribatzen den joko edo apustuetarako material, elementu edo tresna mota.

b) Modeloaren edo materialen izena.

c) Erregistroko inskripzioaren zenbakia.

d) Enpresa fabrikatzailearen, merkaturatzailearen edo banatzailearen identifikazioa, sozietatearen helbidea eta telefonoa.

e) Jokoaren memoriaren datuak, halakorik bada.

f) Gehieneko sariak eta partida bakoitzaren kostua, halakorik bada.

g) Sarietarako ehunekoa, halakorik bada.

4. ATALA

IV. liburua: Jokoetarako lokalak

19. artikulua. Inskripzioaren xedea eta ezaugarriak.

Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren IV. liburuan inskribatu beharko dira Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoan sartuta dauden jokoak eta apustuak egiteko baimenduta dauden tokiak, lokalak eta establezimenduak.

20. artikulua. Inskripzioaren edukia.

IV. liburuko atal guztietan egiten diren idazpenetan informazio hau jasoko da:

a) Lokala ustiatzen duen enpresaren identifikazioa, sozietatearen helbidea eta telefonoa.

b) Lokalean baimenduta dauden jarduerak.

c) Edukiera.

d) Jarduteko ordutegia.

5. ATALA

V. liburua: baimenak eta sinestamenduak

21. artikulua. Inskripzioaren xedea eta ezaugarriak.

Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren V. liburuan inskribatu beharko dira, jokoak eta apustuak ustiatu, instalatu eta antolatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan jokoaren arloko organo eskudunak ematen dituen baimenak eta lanbide sinestamenduak.

22. artikulua. Inskripzioaren edukia.

1. Erregistroaren V. liburuan egindako idazpenetan, gutxienez, honako informazio hau jasoko da:

a) Baimenaren edo lanbide sinestamenduaren xedeko jarduera.

b) Baimenaren indarraldia eta, hala badagokio, berritzeko baldintzak.

c) Pertsona edo enpresa baimenduaren identifikazioa, baita baimen horren bidez lotutako enpresena ere, helbidea eta erregistroko inskripzioaren zenbakia adierazita.

d) Hala badagokio, baimendutako jarduera antolatu edo ustiatzen den tokien, lokalen edo establezimenduen identifikazioa.

2. Inskripzioen indarraldiari eta deuseztapenari dagokienez, baimena emateko xedapenetan beretan eta joko eta apustu mota bakoitzaren araudi berariazkoan ezarritakoari jarraikiko zaio.

6. ATALA

VI. liburua: zehapen prozedurak

23. artikulua. Inskripzioaren xedea eta ezaugarriak.

1. Ezartzen diren zehapenak, indarra hartu ondoren, Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren VI. liburuan inskribatu beharko dira, baita haiek eragin dituzten arau-hausteak ere.

24. artikulua. Inskripzioaren edukia.

Erregistroaren VI. liburuan egindako idazpenetan, gutxienez, honako informazio hau jasoko da:

a) Espedientearen hasiera eguna.

b) Subjektu erantzuleak.

c) Ezarritako zehapenak.

d) Zehapena eragin duten arau-hausteak.

e) Zehatzeko ebazpenaren identifikazioa.

f) Zehapenen inskripzio eguna.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra.-Joko eta apustuetarako materialen modeloen eta enpresen erregistroa.

Gaur egun indarra duen araudian jokoen erregistroei buruz egiten diren aipamenak Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroari buruzkoak direla ulertu behar da.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengo xedapen iragankorra.-Jokatzeko eta apustuak egiteko materialen modelo homologatuak.

Arau honek indarra hartu aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eskumena duten organoek homologatu edo baimendu dituzten joko eta apustuetarako materialen modeloak, elementuak edo tresnak inskibatuta daudela ulertuko da, ondorio guztietarako.

Bigarren xedapen iragankorra.-Erregistro ofizialetan inskribatutako enpresak.

Arau honek indarra hartzen duenean, Nafarroako Foru Komunitateko joko enpresen erregistroetan inskribaturik dauden joko eta apustu enpresak eta joko eta apustuekin zerikusia duten jardueren titularrak foru dekretu honetan ezarritako baldintzetara egokitu beharko dira eta egokitzapen hori egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute dekretuak indarra hartu eta urtebeteko epean.

Hirugarren xedapen iragankorra.-Fidantzak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan joko eta apustuen arloko eskumena eskuordetua duen departamentuko kontseilari titularrak beste batzuk onetsi artean, 8. artikuluko 2. idatz-zatian aurreikusitakoari jarraikiz, Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroaren II. liburuaren I. atalean inskribatzeko, ondoren adierazten diren fidantza eta diru-kopuruak jarri beharko dira:

LIBURUA

ATALA

TARTEAK

DIRU-KOPURUA

II

I

Sari programatua duten joko makinen enpresa operadoreak

50 makina bitarte

51-100 makina

101-200 makina

200 makina baino gehiago

60.000 euro

90.000 euro

120.000 euro

60.000 euro ehun makinako, eta horren zatikiko

II

I

Ausazko joko makinen enpresa operadoreak

50 makina bitarte

51-100 makina

101-200 makina

200 makina baino gehiago

120.000 euro

180.000 euro

240.000 euro

120.000 euro ehun makinako, eta horren zatikiko

2. Erregistroaren II. liburuko I. ataleko inskripzioa eskatzen den unean aurkeztu beharreko fidantza hasiera batean ustiatu asmo diren makinen kopuruari dagokiona izanen da. Ustiatzeko baimena lortzen duten makinen kopuruak lehen ezarritako mugak alde batera edo bestera gainditzen baditu, fidantza eguneratu egin beharko da, hiru hilabeteko epean gehienez ere.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetzen diren arauak.

Indarrik gabe gelditzen dira otsailaren 9ko 28/1998 Foru Dekretua, joko makinen modelo homologatuen erregistroa arautu zuena, eta foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Azkoienen, 2011ko urtarrilaren 24an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1101280