29. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

2/2011 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, urtarrilaren 24koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legea aldatzen duena.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak 54. artikuluaren 1. idatz-zatian xedatzen du ezen Hitzarmen Ekonomikoarekin bat, tributu araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu estatuan unean-unean indarra duten arau berdin-berdinak, hots, funtsez eta formaz berdinak, Foru Komunitatean aplikatzera, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak haren esku utzirik, behar diren foru legeen mailako arauak ematen ahalko dituela tributu arloko foru legeak aldatzeko.

Aipatu legegintza eskuordetua erabiliz, Nafarroako Gobernuak onesten dituen xedapen horiei Tributu Harmonizaziorako Legegintzako Foru Dekretuaren izena emanen zaie.

Bestalde, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 35.4 artikuluak ezartzen du ezen, Foru Komunitateari dagozkion zerga bereziak ordainarazteko orduan, unean-unean Estatuko lurraldean indarra duten oinarrizko printzipio, funtsezko arau eta arau formal berak erabiliko dituela. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitorpena egin eta dirua pagatzeko ereduak onesten ahalko ditu, gutxienez ere araubide erkideko lurraldeko datu berak jasoko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzerako pagatzeko epeak finkatzen ahalko ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik sobera bereiziko ez direnak.

2011rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 22ko 39/2010 Legeak Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legea aldatu du.

Zenbait garraiobideren gaineko zerga bereziari dagokionez, matrikulatzeko betebeharraren erregulazioan aldaketa batzuk egin ditu, loturarik ez daudenean eta salbuespenetan; hori dena, barne antolamendua Europar Batasuneko araudira egokitu beharraren ondorioz.

Halaber, aldaketa batzuk ezarri ditu zerga berezi horren autolikidazioari eta zergaren diru-sarrera egiteari dagokienez, loturarik eza edo salbuespena ekartzen duten inguruabarrak edo betebeharrak aldatzen diren kasurako. Orobat, aldaketak egin dira garraiobideak birsaltzen modu profesionalean diharduten enpresaburuei zerga kuotaren zati bat itzultzeari dagokionez.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da, lehen aipatutako legegintzarako eskuordetza erabiliz, tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu baten bidez Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legea aldatzeko behar diren arauak ematea, abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 54.1 artikuluarekin bat, Estatuarekin sinatutako Hitzarmen Ekonomikoaren 35. artikuluaren arabera Nafarroako Foru Komunitateak Estatuko lurraldean indarra duten arau berdin-berdinak -bai funtsari bai formari dagokionez- aplikatu behar dituen alderdietarako.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko urtarrilaren 24ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legea aldatzea.

Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legearen agindu hauek aldatu eta ondoren azaldu bezala erredaktatuta geldituko dira:

Bat. 42.1.a). Lehena artikulua, lehenbiziko lerroaldea,

"Lehena.-Kontseiluaren 1970eko otsailaren 6ko 70/156/EEE Zuzentarauaren (Estatu kideek ibilgailu motordunei eta horien atoiei buruz dituzten legeak elkarrengana hurbiltzeari buruzkoa) II. eranskineko testuan, 2007ko ekainaren 30ean indarrean zegoen horretan, N1, N2 eta N3 kategorietan jaso diren ibilgailuak, loturarik gabeko beste kasu batzuetan sarturik ez badaude eta betiere, N1 kategoriei dagokienez, jarduera ekonomiko bati nabarmenki atxikitzen bazaizkio. Jarduera ekonomiko bati nabarmenki atxikitzat joko da baldin eta, abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen (Balio Erantsiaren gaineko Zerga) 41. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, subjektu pasiboak, ibilgailuaren eskurapen edo inportazioa dela-eta, eskubidea badu jasandako edo ordaindutako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kuoten gutxienez %50eko kenkaria egiteko. Ondorio horietarako ez du garrantzirik izanen aipatutako foru legearen arauen ondorioz kenkaria izateko eskubidearen beste edozein murrizketaren aplikazioak."

Bi. 42.2.c) artikulua, lehenbiziko lerroaldea.

"c) Aurreko 1.a) zenbakiko Bederatzigarren eta Hamargarren ordinaletan loturarik gabe egoteko adierazten diren kasuak aplikatzeko, beharrezkoa izanen da aldez aurretik Zerga Administrazioak hori aitortzea, erregelamenduz ezarritako moduan. Espainian garraiobideak erabiltzea edo zirkulatzea denean zergapeko egintza, loturarik gabeko kasu horiek aplikatzeko, beharrezkoa izanen da, gainera, aldez aurreko aitorpen horretarako eskaera artikulu honen 1.d) zenbakian ezarritako epeetan aurkeztea."

Hiru. 42.3 artikuluko lehenbiziko lerroaldea.

"3. Zergapeko egintza egin eta lau urte pasatu baino lehen aldaketarik baldin badago foru lege honetan aurreikusitako loturarik gabeko edo salbuespeneko kasuak eragiten dituzten inguruabarretan edo baldintzetan, aldaketa hori egin den uneari erreferentzia eginez gauzatuko dira zerga bereziaren autolikidazioa eta diru-sarrera, salbu aldaketa horren ondoren foru lege honetan aurreikusitako loturarik ezaren edo salbuespenaren kasuren bat aplikatzekoa baldin bada. Garraiobidearen eskualdatzeak ondorioak izan ditzan matrikulazio arloan eskumena duen organo batean, beharrezkoa izanen da, kasuaren arabera, organo horri zergaren ordainketa frogatzea, edo organo hartan aurkeztea loturarik ezaren edo salbuespenaren aitorpena, organo kudeatzaileak behar bezala eginbidetua, edo loturarik ezaren edo salbuespenaren kasua aplikatzeko Zerga Administrazioak egin duen aldez aurreko aitorpena."

Lau. 42. artikulua, 4. zenbakia gehitzea.

"4. Garraiobideen behin betiko lehenbiziko matrikulazioa ez da zergari lotua egonen, haien zirkulazioa edo erabilera artikulu honetako 1. zenbakiko d) letran ezarritakoaren arabera egon denean zergari lotua, baldin eta ezarritako epeetan:

a) lotura horri dagokion zerga hori autolikidatu bada eta diru-sarrera egin bada, edo, bestela,

b) lotura horri dagokion zergaren likidazioa egin badu Zerga Administrazioak eta dagokion zenbatekoa sartu bada, edo, bestela,

c) Zerga Administrazioak aurretik onartu badu loturarik gabeko edo salbuespeneko kasu bat aplikatzea bidezkoa dela, horretarako aurreikusia dagoen kasuetan, edo, bestela,

d) zerga salbuesteari buruzko aitorpen bat aurkeztu bada Zerga Administrazioan, horretarako aurreikusia dagoen kasuetan."

Bost. 43. artikulua, 1etik 3rako zenbakiak.

"1. Zergatik salbuetsia egonen da ondoko garraiobideen behin betiko lehenbiziko matrikulazioa, edo, kasua bada, Espainian zirkulatzea edo erabiltzea:

a) Indarra duen legeriak taxitzat, autotaxitzat edo autoturismotzat hartzen dituen ibilgailuak.

b) Kontraprestazioaren aldera, gidatzen erakusteko jarduerari benetan eta bakar-bakarrik atxikitako ibilgailu automobilak.

c) Alokatze jarduerei benetan eta bakar-bakarrik atxikitako ibilgailu automobilak.

Ondorio horietarako, ez da ulertuko automobilen alokera jarduerarik dagoenik Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 27. artikuluan aurreikusitako moduan lotura duten pertsonei uzten zaizkienean, edo pertsona edo entitate berari hiru hilabetetik gora uzten zaizkionean, hamabi hilabetez segidan.

Ondorio horietarako, ez dira automobil alokeratzat hartuko errentamendu-salmenta kontratuak eta horiekin parekatuak, ezta erosteko aukera ematen duten errentamenduak ere.

d) Minusbaliatuen izenean eta berek bakarrik erabiltzeko matrikulatutako ibilgailu automobilak, betiere baldintza hauek gertatzen badira:

Lehena. Gutxienez lau urte igaro izana beste ibilgailu bat antzeko baldintzetan matrikulatu zenetik. Nolanahi ere, baldintza hori ez da eskatuko erabateko hondamenaren kasuetan, behar bezala frogatzen denean.

Bigarrena. Gero "Inter vivos" egintzen bidez ez eskualdatzea, matrikulatu eta ondoko lau urteko epean.

e) Matrikula diplomatikoaren araubidean matrikulazio berezia duten ibilgailuak, erregelamenduz finkatzen diren muga eta baldintzekin, honako hauen izenean:

Lehena. Espainian egoitza iraunkorra duten misio diplomatiko baimenduak eta agente diplomatikoak.

Bigarrena. Espainiako Estatuarekin egoitza hitzarmena sinatua duten nazioarteko erakundeak eta estatutu diplomatikoa duten bertako funtzionarioak.

Hirugarrena. Karrerako kontsulen bulegoak eta atzerriko nazionalitatea duten kontsuletxe bateko karrerako funtzionarioak.

Laugarrena. Misio diplomatikoetako eta nazioarteko erakundeetako langile tekniko eta administratiboak eta karrerako kontsulen bulegoetako langileak, baldin Espainiako nazionalitaterik eta Espainian egoitza iraunkorrik gabeko pertsonak badira.

Aurreko Bigarren eta Laugarren ordinaletan agintzen denagatik ere, erakunde horiek sortzeko nazioarteko hitzarmenek edo haien egoitza hitzarmenek beste muga edo baldintzarik ezartzen badute, haiek aplikatuko zaizkie erakunde horiei, estatutu diplomatikoa duten haien funtzionarioei eta haien langile tekniko-administratiboei.

f) Gehieneko luzera hamabost metrokoa edo gutxiagokoa duten aisiako edo ur kiroletako ontziak, benetan alokatze jarduerei bakarrik atxikiak.

Salbuespen hau ibilgailuak alokatzeko ezarrita dauden baldintzak eta mugapenak betetzearen baldintzapean egonen da. Nolanahi ere, ez da alokatzeko jardueratzat hartuko titularrak ontzia errentan emateko lagatzen duenean, betiere titularrak edo hari lotutako pertsona batek ontzi hori edo lagapen hartzaileak edo hari lotutako beste pertsona batek duen beste ontzi bat erabiltzeko eskubide osoa edo partziala jasotzen badu titulu baten bidez. Letra hau aplikatzeari begira, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 27. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenak izanen dira titularrari lotutako pertsonak.

g) Duten konfigurazioarengatik arrauna edo pala beste bultzabiderik ezin eduki duten ontziak, eta maila olinpikoko belaontziak.

h) Estatuak, autonomia erkidegoek, toki korporazioek edo enpresa nahiz erakunde publikoek matrikulatzen dituzten aireontziak.

i) Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak ofizialki baimendutako eskolen izenean matrikulatutako aireontziak, benetan pilotuak hezteko eta prestatzeko edo haien lanbide birziklapena egiteko bakarrik direnak.

j) Aire nabigazioko enpresen titulartasuna duten aireontziak, betiere haien erabilera ezin bada sailkatu aisiako abiazio pribatu gisa, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Foru Legearen 4. artikuluko 4. zenbakian aurreikusitakoaren arabera.

Aire nabigazioko enpresei alokatutako aireontzien kasuan, salbuespena ez da aplikatuko baldin eta errentatzaileak edo hari lotutako pertsonak, denak batera hartuta, aireontziaren azkeneko erabiltzaileak badira aireontziaren hegaldi-orduen %5 baino denbora gehiagoz, hamabi hilabete jarraiko epean. Letra hau aplikatzeari begira, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 27. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenak izanen dira titularrari lotutako pertsonak.

k) Aire nabigazioko enpresei bakarrik alokatzeko matrikulatu diren aireontziak, betiere haien erabilera ezin bada sailkatu aisiako abiazio pribatu gisa, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Foru Legearen 4. artikuluaren 4. zenbakian aurreikusitakoaren arabera.

Salbuespena ez da aplikatuko baldin eta, matrikula noren izenean egin den, pertsona hura edo hari lotutako pertsonak, denak batera hartuta, aireontziaren azkeneko erabiltzaileak badira aireontziaren hegaldi-orduen %5 baino denbora gehiagoz, hamabi hilabete jarraiko epean. Letra hau aplikatzeari begira, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 27. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenak izanen dira titularrari lotutako pertsonak.

l) Titularrak bere ohiko egoitza atzerritik Espainiara aldatzearen ondorioz matrikulatzen edo erabiltzen diren garraiobideak. Honako eskakizunak betetzea izanen da salbuespena aplikatzeko baldintza:

Lehena. Interesdunek Espainiako lurraldeaz kanpo izan behar duten ohiko egoitza, egoitzaz aldatu aurreko hamabi hilabeteetan gutxienez.

Bigarrena. Garraiobide horiek jatorrizko herrian zerga baldintza normaletan erosiak edo inportatuak beharko dute izan, herri hartatik ateratzeagatik sorrarazitako kuoten inolako salbuespenik edo itzulketarik izan gabe.

Baldintza hori betetzat joko da garraiobideak erosi edo inportatzeko araubide diplomatiko edo kontsularretan ezarritako salbuespenak erabili direnean, edo jatorrizko estatuan egoitza duten eta baimendu diren nazioarteko erakundeen kideen aldeko salbuespenak erabili direnean, erakunde horiek sortzeko nazioarteko hitzarmenek egoitza akordioen bidez ezartzen dituzten muga eta baldintzekin.

Hirugarrena. Garraiobide horiek interesdunak bere lehengo egoitzan erabiliak beharko dute, gutxienez egoitza hura utzi aurreko sei hilabeteetan.

Laugarrena. Matrikulazioa foru lege honen 42.1.d) artikuluan aurreikusitako epean eskatu beharko da.

Bosgarrena. Salbuespen hau izan duten garraiobideak ezin eskualdatuko dira matrikulatu ondoko hamabi hilabeteetan. Baldintza hau ez betetzeak zerga ordainaraztea ekarriko du, betetzen ez den datatik aurrera.

2. Aurreko zenbakiko a), b), c), d), f), i) eta k) letretan aipatzen diren salbuespenak aplikatzeko baldintza izanen da Zerga Administrazioak aurrez baimena ematea, erregelamenduz finkatzen den moduan. Bereziki, d) letrak aipatzen duen salbuespenaren kasuan, beharrezkoa izanen da aurrez Foru Komunitateko Gizarte Gaietako Departamentuaren zerbitzuek, Gizarte Zerbitzuen Institutu Nazionalak edo kudeaketa entitate eskudunek minusbaliotasunaren edo baliaezintasunaren ziurtagiria ematea.

Aurreko zenbakiko e) letrak aipatzen duen salbuespena aplikatzeko, aurrez Kanpo Arazoetarako eta Lankidetzarako Ministerioak haren egokitasuna egiaztatu beharko du.

Salbuespeneko gainerako kasuetan beharrezkoa izanen da Zerga Administrazioan adierazpen bat aurkeztea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ezarritako leku, modu, epe eta inprimakiak baliatuz.

Espainian garraiobideak erabiltzea edo zirkulatzea denean zergapeko egintza, aurreko zenbakian ezarritako salbuespenak aplikatzeko beharrezkoa izanen da aldez aurreko baimenaren eskaera edo dagokion aitorpenaren aurkezpena 42.1.d) artikuluan ezarritako epeetan egitea.

3. Garraiobide erabiliak saltzea lanbide duten enpresaburuek eskubidea izanen dute garraiobidea kanpora bidalitako mementuan zuen balioari dagokion kuota ordainduaren zatia itzultzeko, zergapeko egintza egitetik lau urte iragan baino lehen zergaren aplikazio eremuaz kanpora behin betiko bidali dutela frogatzen duten garraiobidearen kasurako. Garraiobidearen zergaren aplikazio eremuaz kanpora behin betiko bidali dutela frogatzeko, kasuko erregistroko bajaren ziurtagiria aurkeztuko da, matrikulazio gaietan eskudun den organoak emana.

Aurreko lerroaldeak aipatzen duen itzultze kasuan, honako arauok aplikatuko dira:

a) Salmenta irmo baten ondorioz gertatua behar da garraiobidea zergaren aplikazio eremuaz kanpora bidaltzea.

b) Itzulitakoaren oinarria garraiobideak bidali zen mementuan zuen merkatu-balioa izanen da, betiere goreneko muga dela foru lege honen 46. artikuluko b) letrak aipatzen dituen balorazio taulak aplikatzean sortzen den balioa.

c) Itzulitakoaren tasa zerga kitatzeko orduan aplikatu zena izanen da.

d) Itzulitakoaren zenbatekoa ez da inoiz izanen ordaindu den kuota baino handiagoa.

e) Garraiobide erabilia saltzen duen enpresaburuak eskatuko du dirua itzultzeko, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak agintzen duen tokian, moduan, epean eta inprimakian."

Sei. Hirugarren xedapen gehigarria.

"Hirugarren xedapen gehigarria. Behin betiko matrikulazioa Espainian.

1.Foru lege honek aipatzen dituen garraiobide berrien nahiz erabilien behin betiko matrikulazioa Espainian egin beharko da, baldin eta Espainiako egoiliarrak diren pertsonek edo entitateek eta, orobat, Espainian dauden establezimenduetako titularrak diren pertsonek edo entitateek erabili behar badituzte lurralde horretan.

2. Garraiobideen matrikulazioa arautzen duen berariazko araudian ezarritakoa galarazi gabe, ez da eskatuko aurreko zenbakian aurreikusitako betebeharra baldin eta, garraiobide batzuen gaineko zerga bereziari buruz 42.1.d) artikuluan ezarritako betebeharrari dagokionez, eta manu horretan ezarritako epeen barnean:

a) zerga autolikidatu eta dirua sartu bada, edo, bestela,

b) Zerga Administrazioari eskatu bazaio aurretik loturarik gabeko edo salbuespeneko kasu baten aplikazioa onartzeko, horretarako aurreikusia dagoen kasuetarako, edo, bestela,

c) Zerga Administrazioan zerga salbuespen bati buruzko aitorpen bat aurkeztu bada.

3. Garraiobideen matrikulazioa arautzen duen berariazko araudian ezarritakoan galarazi gabe, aurreko 1. zenbakian aurreikusitako betebeharra ere ez da eskatuko baldin eta Zerga Administrazioak atxikipen horri dagokion zerga likidatu badu eta dagokion zenbatekoa sartu badu.

4. Aurreko zenbakiek azaldutako betebeharra ez dela bete egiaztatzen denean, Zerga Administrazioaren organoek edo zirkulazio, bide segurtasun, nabigazio edo aireko nabigazio arloan eskumena duten organoek, tributudunari bost eguneko epea emanen diote hura betetzeko edo zenbait garraiobideren gaineko zerga berezia ordainduko dela bermatzeko, hauetakoren bat aurkeztuta: kreditu entitate baten edo elkarren bermerako sozietate baten abal solidarioa edo kauzio aseguruaren ziurtagiri bat. Epe hori iraganik, ez bada behin betiko matrikulaziorik egin edo aipatutako abala edo ziurtagiria ez bada aurkeztu, organo horiek garraiobidea ibilgetu eginen dute harik eta administrazio eta zerga egoera erregularizatu dela frogatzen den arte. Nolanahi ere, ibilgetzea kendu eginen da tributudunak abal solidarioa edo aseguruaren ziurtagiria lehen adierazitako moduan aurkezten badu."

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Azkoienen, 2011ko urtarrilaren 24an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1101279