249. ALDIZKARIA - 2011ko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

198/2011 FORU AGINDUA, abenduaren 1ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, etxebizitzetarako diren ondasun higiezinen errentamenduari, azpierrentamenduari edo haien erabileraren edo gozamenaren lagapenari dagokienez, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondorioetarako Nafarroako Zerga Ogasunak egin ahalko duen etekin osoaren zenbatespena ezartzen duena.

Zenbait Zerga Aldatu eta Beste Tributu Neurri Batzuk Hartzeari buruzko abenduaren 28ko 23/2010 Foru Legeak aldatu zuen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena), 8. artikuluan. Hain zuzen ere, aldaketak xedatzen du etxebizitzen errentamenduen etekin osoak zerga administrazioak zenbatetsi ditzakeela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak, foru agindu bidez, ezartzen dituen merkatuko batez besteko prezioen arabera.

Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoak, Foru Komunitatearen tributu sistema aplikatzeko ardura duen administrazio-erakundea den aldetik, etxebizitzen errentamenduetatik datozen etekinak zenbatesteko baliabide bat behar du maiz pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, bai subjektu pasiboek aitortutako errentak egiaztatzeko, bai likidazioak egiteko (etxebizitzen errentatzaileek errenta horiek aitortzeko eginbeharra betetzen ez dutenean).

Abenduaren 28ko 23/2010 Foru Legeak ematen duen gaikuntza erabiliz, eta aipatutako helburuak lortzeko asmoz, foru agindu honek etxebizitzen errentamenduen merkatuko prezioak ezartzen ditu, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak metodo estatistikoen bidez egindako azterlan batean oinarriturik, Nafarroako ia zazpiehun etxebizitza aztertzetik abiatuta. Azterlan horretan etxebizitzen alokairuen batez besteko prezioen (inkestaren bidez lortutakoak) eta etxebizitzen prezioen balorazioen (balioak zenbatestetik datozenak) arteko harremana aztertzen da. Alokairuen batez besteko prezioen eta etxebizitzen balorazioen arteko harreman hori, berriz, etxebizitzen alokairuan egindako inbertsioaren errentagarritasunaren azterketa batekin (bibliografia espezializatuan eginda) erkatu da, eta biak nabarmenki bat datozela ikusi da.

Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak egindako azterlan zabalean aztertu dira Nafarroako eskualde desberdinetan (Iruñeko hainbat auzotan, Iruñerriko herri batzuetan, Tuteran, Lizarran eta beste herri batzuetan) kokatzen diren etxebizitzen alokairuen prezioak, zenbait urtetakoak. Azaldu denez, alokairu prezio horien eta azaroaren 26ko 334/2001 Foru Dekretuan ezarritako balorazio metodoa aplikatzearen ondoriozko etxebizitzen balioen arteko harremana aztertu da. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko ondasun higiezin batzuk baloratzeko prozedura onetsi zen, merkatuko batez besteko prezioak egiaztatuz. Etxebizitzen balioak zenbatesteko eredua, berriz, Nafarroa osoko ondasun higiezin mota horretako ondasun askoren balioa eta ezaugarriak biltzen dituen lagin baten azterketa estatistikoaren emaitza da.

Hortaz, egin den azterlan estatistikoaren helburua izan da alokairuaren aitortutako zenbatekoen eta etxebizitza horien balioen (azaroaren 26ko 334/2001 Foru Dekretu horri jarraikiz kalkulaturik) arteko harremana bilatzea eta, nahiz eta etxebizitzen alokairuen prezioan eragina izan dezaketen sistemako edo ausazko beste faktore batzuk izan, %4ko batez besteko ehunekoa ezartzen ahal da egokiro, 334/2001 Foru Dekretu horretan ezarritako balorazio metodoa aplikatzetik datozen etxebizitzen balioen gainean, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan etxebizitzetarako diren ondasun higiezinen errentamenduari edo azpierrentamenduari dagokien etekin osoa zenbatestearen ondorioetarako.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 8.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, zerga administrazioaren zenbatespen hori iuris tantum presuntzio gisa erabiliko da, subjektu pasiboak ezetsi baitezake, proba aski aurkeztuz.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Nafarroako etxebizitzen errentamendurako, azpierrentamendurako edo lagapenerako merkatuko batez besteko prezioak.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia) 8.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, etxebizitzetarako diren Nafarroako ondasun higiezinen errentamendurako, azpierrentamendurako edo haien erabileraren edo gozamenaren lagapenerako merkatuko batez besteko prezioa etxebizitzaren balioari %4 aplikatzearen ondorioz lortzen den zenbatekoa izanen da. Etxebizitzaren balio hori azaroaren 26ko 334/2001 Foru Dekretuan ezartzen den balorazio metodoari jarraikiz kalkulatuko da. Horretan Nafarroako Foru Komunitateko ondasun higiezin batzuk baloratzeko prozedura onetsi zen, merkatuko batez besteko prezioak egiaztatuz.

2. artikulua. Etxebizitzetarako diren ondasun higiezinen errentamenduari, azpierrentamenduari edo haien erabileraren edo gozamenaren lagapenari dagokienez, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan Nafarroako Zerga Ogasunak zenbatetsi ahalko duen etekin osoa.

Nafarroan etxebizitzetarako erabiltzen diren ondasun higiezinen kasuan, errentan edo azpierrentan emanak daudenean edo haien erabilera edo gozamena lagatua dutenean, Nafarroako Zerga Ogasunak higiezinen kapitalaren etekin osoa, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondorioetarako, aurreko artikuluan ezarritako merkatuko batez besteko prezioa dela zenbatetsi ahalko du.

Etekin osoaren zenbatespen hori eginen da ondasun higiezinak osorik errentan edo azpierrentan emanak daudenean edo haien erabilera edo gozamena lagatua dutenean. Ondasunen azaleraren zati bat soilik errentan, azpierretan edo lagatua dagoenean, inguruabar hori hartuko da kontuan.

3. artikulua. Subjektu pasiboa ados ez egotea.

Subjektu pasiboak 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz egindako zenbatespena ezetsi dezake, lortutako etekin osoa frogatzen duen proba aski aurkeztuz.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra, baina 2011ko urtarrilaren 1az geroztik izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2011ko abenduaren 1ean.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1119621