247. ALDIZKARIA - 2011ko abenduaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

48E/2011 FORU AGINDUA, azaroaren 8koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana, museoetan eta bilduma museografiko iraunkorretan inbertsioak egiteko laguntzen deialdia indarrik gabe uzten duena.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak ekainaren 16an emandako 41E/2011 Foru Aginduaren bidez, museoetan eta bilduma museografiko iraunkorretan inbertsioak egiteko laguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak onetsi ziren, eta horretarako 40.000 euroko gastua baimendu.

Deialdi hori 2011ko 141. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 15ean. Eskaerak aurkezteko epea 2011ko abuztuaren 4an bukatu zen. Abuztuaren 17an, eskaerak baloratzeko ardura duen batzordea bildu zen.

Egoera ekonomikoaren bilakaera eta ekitaldi honetarako diru-sarreren aurreikuspenak direla eta, Nafarroako Gobernuak, 2011ko irailaren 7an hartutako Erabakiaren bidez, aurrekontu egonkortasunaren helburua beteko dela ziurtatzeko, muga bat ezarri du ekitaldi honetan egin beharreko gastu ez finantzariorako, eta horrek murrizketa ekarri du Nafarroako 2011ko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako zenbatekoan.

Aipatutako erabakia betetzeko, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren irailaren 8ko 132/2011 Foru Aginduak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuan egin beharreko gastu doikuntza ezarri du.

Nafarroako Gobernuaren erabaki horrek xedatzen duenez, 2011ko hasierako aurrekontuaren gaineko gastu doikuntza hori bi modutara eginen da: batetik, tramitazio egoera edozein izanik ere irmo bilakatu ez diren proiektuei ez heltzea, edo, bestetik, konpromiso irmoak direnen baldintzak aldatzea, edukia murriztuz edo gauzatzeko epeak luzatuz.

Horregatik guztiagatik, aurrekontuaren egonkortasunaren helburua beteko dela bermatzearren, beharrezkoa da museoetan eta bilduma museografiko iraunkorretan inbertsioak egiteko laguntzen deialdia indarrik gabe uztea.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 1eko 119/2011 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Indarrik gabe uztea museoetan eta bilduma museografiko iraunkorretan inbertsioak egiteko laguntzen deialdia. Deialdi hori Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak ekainaren 16an emandako 41E/2011 Foru Aginduaren bidez onetsi zen, eta 2011ko 141. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 15ean, argitaratu.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Museoen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau laguntzen eskatzaileei jakinaraztea eta, horrekin batera, ohartaraztea ebazpenaren aurka espedienteko interesdunek (administrazio publikoak ez badira) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazpenaren ondoko egunetik hasita. Halaber, Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egin daiteke aldez aurretik, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2011ko azaroaren 8an.-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1119319