247. ALDIZKARIA - 2011ko abenduaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2251DGE/2011 EBAZPENA, azaroaren 30ekoa, Enpresaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, "Garesko (Nafarroa) hirigunean gas naturala banatzeko sarea" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko dei egiten duena.

Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 23ko 125SIN/2011 Ebazpenaren bidez, "Garesko (Nafarroa) hirigunean gas naturala banatzeko sarea" izeneko proiektua onetsi, instalazioak eraikitzeko administrazio-baimena eman eta horien onura publikoa onartu zen.

Onura publikoaren adierazpen horrek berarekin dakar ukitutako ondasunak presaz okupatu beharra. Hori dela eta, bidezkoa da ondasun horien titularrei dei egitea, okupatu aurreko aktak egiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Garesko (Nafarroa) hirigunean gas naturala banatzeko sarea" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei eta Garesko alkateari, edo hark izendatzen duen zinegotziari dei egitea, okupatu aurreko aktak eta, bidezko bada, behin betiko okupatzekoak egitera ager daitezen, Garesko Udaletxean, 2012ko urtarrilaren 17an.

Aktak egiteko ordena interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio, banakako zitazio zedularen bitartez.

Ekitaldi horretara zitatutako titularrek berek joan beharko dute, edo, bestela, zuzenbidean baliozko den moduan baimendutako ordezkaria bidali beharko dute, titulartasuna frogatzen duten agiriak aldean dituztela (eskritura publikoa, jabetza erregistroko ziurtagiria, etab.); egoki iruditzen bazaie, perituak eta notarioak eraman ditzakete, baina, betiere, norberak ordainduta.

2. Ebazpen hau Gas Navarra S.A enpresa onuradunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Foru Komunitateko bi egunkaritan eta Garesko Udaletxeko iragarki oholean argitaratzea.

Iruñean, 2011ko azaroaren 30ean.-Enpresaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Jorge San Miguel Indurain.

Iragarkiaren kodea: F1119720