247. ALDIZKARIA - 2011ko abenduaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1736/2011 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena, "Ariben (Nafarroa) turismoko kanpaleku bat lurzoru urbanizaezinean jartzeko Plan Berezia" dela-eta; sustatzailea Camping Irati, S.L. da.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 1/2005 Foru Legearen 3A eranskinaren B) 3. atalean ezarritakoaren arabera, plan bereziei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

2010eko ekainaren 7an Ariben turismoko kanpaleku bat lurzoru urbanizaezinean jartzeko Plan Berezia aurkeztu eta Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedurari hasiera eman zitzaion. Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena eman zuen, 2010eko abenduaren 21ean; hartan adierazi zuen uholde arriskuen azterlana egin behar zela, bai eta azpiegitura elektrikoari lotzeko alternatibak -Irati ibaia gurutzatzea eragozteko-, Planeko eremuaren ingurumen balioak zaintzeko neurriak eta basoguneen zein Irati, Urrobi eta Erro ibaietako ibai-sistema ES2200025 BILaren balorazioa ere.

Aribeko Udalak, 2011ko martxoaren 16ko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Plan Berezia, eta 88. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 10ekoan, argitaratutako iragarkiaren bitartez jendaurrean jarri zen. Tramitazioak egiteko aldi horretan ez zen ingurumenari buruzko alegaziorik aurkeztu.

2011ko ekainaren 28an Plan Bereziaren dokumentazio osoa aurkeztu zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, eta horren barnean Ingurumen ondorioen azterlana. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, egiaztatu da ingurumen ukipenak murrizten dituzten aldalketa esanguratsuak egin direla, hala nola Planaren eremutik kanpo uztea 1. poligonoko 179, 178 A eta 171 baso balioko lurzatiak, kanpalekua uholde arriskuaren arabera antolatzea eta sare elektrikoari lotzeko alternatiba baten aurreikuspena, trazadurak BILaren eremua zeharka ez dezan.

Plan Bereziaren xedea da turismoko kanpaleku bat egitea Aribeko Ibidea alderdian, eta Aezkoako inguruan halako turismo instalazio bat sortzea. Plan Bereziaren helburu nagusiak dira turismoko kanpalekua indarreko legediaren arabera ezartzeko hirigintza proposamena garatzea, eta Planeko eremuko paisaiaren eta naturguneen babesa zein hobetzea bermatzea.

Plan Bereziaren proposamenak barnean hartzen ditu Aribeko 1. poligonoko 176, 177, 178 A eta 172 lurzatiak, hiriguneko mendebaldean daudenak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatu direnak. Planeko eremua Irati ibaiaren eta Garaioa errekaren arroen barnean dagoen beheranzko mazel bat da, Irati ibaira doana, horixe du muga natural fisikoa mendebaldean; hegoaldean eta ekialdean Hiriberriko NA-2023 errepidea du, eta ipar-ekialdean 1. poligonoko 180, 181 eta 191 lurzatiak. 49.704 m² azalera hartzen du guztira; horietatik 14.359 m² 177 lurzatiari dagozkio, non kanpalekua jarriko baita, eta gainerako lurzatiak etorkizunean eginen diren handitzeetarako gordeko dira.

Ingurumen ondorioen azterlanak turismoko kanpalekuaren ingurunearen deskribapen orokorra eta aurreikus daitezkeen ingurumen ondorioen ebaluazioa hartzen ditu barnean, eta Planeko ekintza nagusiak identifikatzen ditu. Zenbait aurreneurri eta neurri zuzentzaile proposatzen ditu, erliebean eta ibaiertzeko landaredian aldaketak saihesteko, eta kanpalekua ingurunean hobeto txertatzeko; neurriok kanpalekuaren antolamenduan bertan eta Plan Bereziaren araudi agirian sartu dira. Ingurumen ondorioen azterlanak badu ingurumena zaintzeko beharrezko programa.

Kanpalekuaren antolamendurako proposamenak aurreikusten du NA-2023 errepidetik sartzeko biribilgune bat egitea. Barne diseinuari eta antolamenduari dagokienez, honela banatuko da: hiru eremu, kanpaketa modalitate ezberdinetarako; ekipamendutarako eraikin bat, zerbitzuetarako eta harrerarako; eta beste hiru eraikin, komun eta aldageletarako. Irati ibaiaren eta Garaioa errekaren ondoan, aisiarako eremuak daude: Aisiarako Natur Eremua, 1, eta Aisiarako Natur Eremua, 2. Kanpalekuaren barne antolamendurako aintzat hartu da "Nafarroan Aragoi eta Irati ibaien arroko antolamendu hidraulikoa eta ibai horiek gainezka egitean urak hartzen ahal dituen zonen mugapenaren azterketa (2003)"; hari jarraikiz, eraikinak, kanpaketarako eremuak eta aparkalekuak urak hartzen ahal dituen zonetatik kanpo geratzen dira. 70 m-ko babes zerrenda bat eginen da Irati ibaiaren ingurunean, Irati, Urrobi eta Erro ibaietako ibai-sistema ES2200025 BILa barnean hartuko duena, eta gutxienez ere 10 m-ko beste bat, Garaioa errekan.

Azpiegiturei dagokienez, ura Aribeko hornidura sistema orokorretik hartzea aurreikusten da; horretarako, hari lotuko zaio 1. poligonoko 50. lurzatian, kanpalekuko sarbidearen ondoko depositu erregulatzaile baten bidez. Saneamendu sistema hobi septiko bat izanen da, ibilgailuentzako sarbidea izanen duena kanpalekuaren barnetik, Garaioa errekaren eskuineko bazterrean.

Kanpalekua antolatzeko lehen proposamenari buruzko (2010) kontrako txostena eman zuen Uraren Zerbitzuak 2010eko abenduan, proposatutako eremu gehienak urak hartzen ahal dituen zonetan 100 urteko birgertatze-alditarako baitzeuden, eta, hortaz, ez ziren betetzen Nafarroako turismoko kanpalekuak arautzen dituen martxoaren 30eko 24/2009 Foru Dekretuko baldintzak. 2011ko irailaren 9an, Uraren Zerbitzuak aurkeztutako dokumentazio berriaren aldeko txostena eman zuen, eta eraikinak erreferentziako kota zehatzetara mugatu zituen, urak hartzen ahal dituen zonetatik kanpo geratzearren.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak tratimatizioari buruzko txostena egin zuen; hartan adierazten du Plan Berezia, neurri zuzentzaileak barne hartuta, bateragarria dela ingurumen eraginaren aldetik.

Horrenbestez, kontuan izanda Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea, "Ariben (Nafarroa) turismoko kanpaleku bat lurzoru urbanizaezinean jartzeko Plan Berezia" dela-eta; sustatzailea Camping Irati, S.L. da.

2. Ingurumen ondorioen adierazpena ingurumen baldintza hauek gehituz gero emanen da:

-Hona hemen eraikinetarako erreferentziako kotak: lur naturaleko (betegarri artifizialik gabe) 702,30 m, 1. poligonoko 177. lurzatiaren iparraldean, eta lur naturaleko (betegarri artifizialik gabe) 703 m, Garaioa errekatik gertuko eremuan.

-Plan Bereziko dokumentazioa osatzeko, plano bat aurkeztuko da, oinarri topografiko egokia izanen duena eta honako hauek barnean hartuko dituena: kanpalekuaren eremuko (BILa) ingurumen balioak, uholde arriskuko zonakatzea, proposatutako neurri zuzentzaileak (babes zerrendak ibai inguruetan, landaketak), kanpalekuaren antolamendurako proposamena eta azpiegiturekiko loturak.

-Kanpalekuko argiteriari dagokionez, irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretua aplikatuko da; haren bidez onetsi zen Argiteria Gaueko Ingurumena Babestearren Antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua.

-Ondare Historikoaren Zerbitzuak haren alde emandako txostena aurkeztuko da, Nafarroako ondare arkeologikoaren ukipena baztertzen duena.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Aribeko Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko azaroaren 8an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1118557