24. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARAÑAIN

Barañaingo Udalaren administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Barañaingo Udalak, 2010eko urriaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Barañaingo Udalaren administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2010eko 142. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 22an, baita Barañaingo Udalaren iragarki oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten ezen honako erabaki honen kontra -xedapen administratiboa baita- ezin dela administrazio bidean errekurtsorik aurkeztu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz; hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabili ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari zuzenean aurkeztuta, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1.998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Barañainen, 2011ko urtarrilaren 3an.-Alkate udalburua, José Antonio Mendive Rodríguez.

ERANSKINA

Ordenantza, Barañaingo Udalaren
Administrazio Elektronikoa arautzen duena

ZIOEN AZALPENA

Informazioaren eta komunikazioaren teknologien garapenak aldaketa azkarrak ekari ditubizitzaren alor guztietan, bai pertsonalean bai sozialean. Modu adierazgarrian, antolakuntza guztietan eraldatzen ari dira egiteko eta harremanetan jartzeko manerak, izanik horiek pribatuak edo publikoak. Teknologia horien ezarpen eta erabilera intentsiboa behartzen ari da gobernuko eta kudeaketa publikoko lanak birdefinitzera, eta aldi berean eragiten administrazio jardueraren betidaniko baliabide eta prozeduren eraldaketa sakona.

Eraldaketa handiena izaten ari den esparruetariko bat herritarren eta Administrazio Publikoen arteko harremanei dagokie. Barañaingo Udalak bere egin ditu desafio berri hauek, informazioaren eta ezagutzaren gizartea bulkatzeko eta, bereziki, administrazio irekiagoa eta eskuragarriagoa sortzeko xedez. Administrazio Publikoak teknologien dinamizatzaileak izan behar dira herritarren artean eta Administrazioan berean, herritarrarendako zerbitzua nahiz zerbitzu publikoen kudeaketa hobetu beharrez.

Herritarren arteko harremanetan teknologiaren erabilera are handiagoa izan dadin eta horien etekina erabatekoa izan dadin, tresna arau-emaile bat behar da herritarrak arlo honetan dituen eskubide eta betebeharrak zehaztuko dituena, herritarrarekiko harremanetan baliabide elktronikoak erabiltzeko baldintzak, bermeak eta ondorio juridikoak arautuko dituena eta Udalak alor honetan jarduteko printzipio orokorrak ezarriko dituena, bereziki tramite eta prozedura administratiboak administrazio elektronikora ekartzeko prozesuan.

Orobat, arauak segurtasun juridiko osoa eman behar du eta udal zerbitzu guztiek jardutean izan behar duten arintasuna eta eraginkortasuna segurtatu Administrazioa herritarren multzoari hurbiltzeko zerbitzuak bide berrien bitartez egin beharrez, ordu mugarik gabe, joan-etorriak murriztuz eta are baztertuz ere, tramiteak sinplifikatuz eta erantzukizunpeko aitorpena eta geroko kontrola sartuz lehenago aldez aurreko kontrolak baizik ez ziren tokian.

Alde horretatik, Administrazio Publikoek informazioaren eta komunikazioen teknologiak bereganatzea Konstituzioaren eragikontarsun printzipioaren ondorioa baizik ez da (103.1 artikulua), galdakizun hori gorpuzten baita administrazio prozeduretan, horiek azkartasunez tramitatzen direlarik.

2007ko ekainaren 23an, Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 11/2007 Legea, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzkoa (hemendik goiti, HZPSEL), eta biharamunean hartu zuen indarra. Herritarrak eskubidea du Administrazio Publikoekin baliabide elektronikoen bidez harremanetan jartzeko; horrexen aitortza da lege horren berritasunik handiena. Bertzalde, informazioaren teknologiaren erabileraren alderdi oinarrizkoak arautzen ditu, bai administrazio jardueran bai Administrazio Publikoen arteko harremanetan bai haiekiko harremanetan, zertarako eta bermatzeko eskubideak, tratamendu baturatu bat administrazioen aitzinean eta administrazio jardueraren eraginkortasuna, betiere segurtasun juridikoko baldintzetan.

Legeak, orobat, funtsezko aferari bati heltzen dio, hain juxtu ere, herritarraren eskubidearen ezarpena. Horrek informazioaren teknologien hedapena eta erabilera errazteko esparru juridikoaren sorrera nahi du. Barañaingo Udalak bere burua horrekin lotu du eta horregatik ordenantza hau prestatu; haren bidez bulkada eman gogo dio teknika elektronikoak Udalaren administrazio jardueran eta administratuekiko harremanetan erabiltzeari, zertarako eta herritarrari zerbitzu hobea egiteko, aldi berean segurtaturik bere eskumenetan aritzean kudeatzen diren zerbitzu, jakingarri eta datuen eskuragarritasuna, irisgarritasuna, osotasuna, benetakotasuna, konfidentzialtasuna eta kontserbazioa.

Ordenantza honek, hein handi batean, ekainaren 22ko 11/2007 Legearen artikuluak bereganatu ditu, baliabide elektronikoen aplikazioa arautzen baitute administrazio publiko guztiei dagokienez. Honela egituratu da: lau titulu, lau xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, lau azken xedapen eta eranskin bat.

ATARIKO TITULUA

Aplikazio eremua eta printzipio orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1.-Ordenantza honek arautzen du baliabide elektronikoen erabilera Barañaingo Udalaren esparruan, posible egin beharrez modu eraginkorragoan gauzatzea Konstituzioaren 103. artikulutik eta Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legetik heldu diren printzipio hauek: Administrazioaren gardentasuna, hurbiltasuna eta herritarrendako zerbitzua.

2.-Ordenantza honi dagokionez, baliabide elektronikoa da informazioa tratatu edo helarazteko edozein gailu, ekipo, muntadura edo sistema, bidea ematen duena euskarri elektroniko batean sar daitezkeen datu edo jakingarriak bildu edo tratatzeko, edo datu eta informazio horiek komunikazio elektronikoen sareen bitartez helarazteko, telekomunikazio sareak eta irrati bidezkoak barne.

3.-Horren ondorioz, ordenantza honek xedea du:

a) Herritarraren eta Udal Administrazioaren artean baliabide elektronikoen bitartez ezartzen diren harremanak gobernatu behar dituzten eskubide eta betebeharrak ezartzea.

b) Barañaingo Udalean administrazio elektronikoa bulkatu eta garatzeko printzipio orokorrak finkatzea.

c) Baliabide elektronikoak administrazio jardueran erabiltzeko baldintzak eta horren ondorio juridikoak arautzea.

d) Tramiteak eta administrazio prozedurak egitean eta zerbitzuak egiteko bideak erabiltzean bide elektronikoa hautatuz gero, hori guztia arautuko duten printzipioak ezartzea.

4.-Ordenantza honetan erabiltzen diren hitz eta esaerek I. eranskineko definizioetan ezartzen den erranahia izanen dute.

2. artikulua. Aplikazio eremu subjektiboa.

1.-Ordenantza hau Barañaingo Udal Administrazioan aplikatuko da, eta ordenantza honi dagokionez, hauek halakotzat hartuko dira:

a) Udalaren administrazio organoak, alorrak eta unitateak.

b) Udaleko erakunde autonomoak.

2.-Orobat, ordenantza hau herritarrei aplikatuko zaie, halakotzat harturik pertsona fisiko nahiz juridikoak, baliabide elektronikoak erabiltzen dituztenean Barañaingo Udal Administrazioarekiko harremanetan.

3.-Halaber, aplikazioa zabalduko da baliabide elektronikoak erabiliz Barañaingo Udal Administrazioarekin harremanak dituzten Administrazio Publikoetara, udal eskumeneko gaietan.

4.-Ordenantza hau ez da aplikatzekoa izanen Barañaingo Udal Administrazioak zuzenbide pribatuaren araubidean egiten dituen jardueretan, baliabide elektronikoen erabilera bulkatuko bada ere jarduera horietan.

3. artikulua. Aplikazio eremu objektiboa.

1.-Ordenantza hau aplikatuko da Barañaingo Udalak parte hartzen duen jardueretan, baliabide elektronikoen bidez egiten badira. Zehatz-mehatz, hauetan:

a) Herritarrarekiko harremanetan, izaera juridiko-administratiboa badute.

b) Herritarrak Udalaren eskuan dagoen informazio publiko administratiboaren eta datu administratiboen kontsulta egitean.

c) Baliabide elektronikoen bidezko tramitaziora ekarritako administrazio tramite eta prozedurak egitean, ordenantza honetan aurreikusten denari jarraikiz.

d) Udalak bere ahalmenak erabiliz eskuratutako informazioaren trataeran.

e) Ordenantza honetan aurreikusten denari jarraikiz Udalak zerbitzuak egiteko ezarritako kanalak erabiltzean.

2.-Ordenantza honetako printzipio orokorrak herritarraren komunikazio eta jarduketei aplikatuko zaizkie, antolamendu juridiko administratiboen mende ez daudenean ere, eta bereziki gaztigu eta gorabeheren komunikazioari, iradokizunen aurkezpenari, erreklamazio eta kexen aurkezpenbari, udal organoei galderak egiteari eta eskaerei eta bertzelako partaidetza moduei, berariaz arautzen ez diren bitartean.

4. artikulua. Printzipio orokorrak.

1.-Udalaren jarduketak ondoko printzipio orokorrak izanen ditu, bereziki administrazio elektronikoa bulkatzeari dagokionez:

a) Herritarrarendako zerbitzuaren printzipioa. Udal Administrazioak jakingarriak, tramiteak eta prozedurak administrazio elektronikoan jasotzeko lana bultzatuko du, printzipio konstituzional hauek modu eraginkorragoan gauzatzeko: Administrazioaren gardentasuna, hurbiltasuna eta herritarrendako zerbitzua.

b) Sinplifikazio administratiboaren printzipioa. Garrantzitsutzat hartzen ez diren tramite edo jarduera guztiak baztertuko dira eta prozesu eta prozedura administratiboak birdiseinatuko dira, aplikatzen ahal diren arauekin bat, informazioaren eta komunikazioaren teknologietatik etorritako aukerak ahalik eta hobekien erabiliz, administrazio prozeduren denbora eta epeak ahalik eta gehien laburtu beharrez, administrazio jarduera eraginkorragoa izan dadin.

c) Baliabide elektronikoak bultzatzeko printzipioa. Lehentasunez baliabide elektronikoen erabilera bultzatuko du bere jarduera guztietan, eta bereziki, herritarrarekiko harremanetan. Horretarako behar diren giza baliabide eta baliabide materialak erabiliko ditu eta beharrezko diren gainerako neurriak hartuko ditu.

d) Neutraltasun teknologikoaren printzipioa. Independentzia bermatuko da herritarrak eta Administrazio Publikoek tresna teknologikoen artean hautatzean, baita askatasuna ere aitzinamendu teknologikoak merkatu libreko esparru batean garatu eta ezartzean. Horri dagokionez, Udal Administrazioak estandar irekien erabilera bulkatuko du, baita, hala bada eta modu osagarrian, herritarren erabilera zabala duten estandarrena ere.

e) Elkarreragingarritasunaren printzipioa. Elkarreragingarritasunaren estandarren erabilera bermatuko da eta begiratuko da erabiltzen diren informazio sistemak bateragarriak izan daitezen herritarrenekin eta bertze administrazioenekin, betiere irizpide hauek kontuan hartuta: segurtasuna, egokitasun teknikoa eta baliabideen ekonomia.

f) Datuen konfidentzialtasunaren, segurtasunaren eta babesaren printzipioa: Administrazio jardueran baliabide ez elektronikoak erabiltzean bermeen eta segurtasunaren aldetik eskatzen den maila bera eskatuko da, gutienez ere, Administrazio Publikoek baliabide elektronikoak ezarri eta erabiltzean.

g) Gardentasun printzipioa. Haren artxiboetan dagoen informazioaren eta administrazio jardueren hedapen, zabalkunde eta gardentasunik handiena erraztuko da, gainerako antolamendu juridikoarekin eta ordenantza honetan ezarritako printzipioekin bat.

h) Proportzionaltasun printzipioa. Tramite eta jarduketa bakoitza eta haren inguruabarrak nolakoak, haiexen araberakoak baizik ez dira izanen eskatzen diren berme eta segurtasun neurriak. Orobat, helbururako beharrezkoak diren datuak baizik ez zaizkio eskatuko herritarrari.

i) Zaintze eta atxikitze printzipioa. Jarduketak bulkatuko dira dokumentu elektronikoak zaintzeko, atxikitzeko eta haietarako sarrera kontrolatzeko, baliabide honen bidez sortu edo eskuratutako dokumentuen benetakotasuna, fidagarritasuna, osotasuna eta eskuragarritasuna bermatzeko modu iraunkorrean edo, bertzenaz, haien deuseztapena aurreikusten den arte.

j) Berdintasun printzipioa. Baliabide elektronikoak erabiltzeak ez du inolako murriztapenik edo bazterkeriarik ekarriko Udal Administrazioarekin bertze baliabide batzuen bidez harremanetan jartzen den herritarrarendako, ez zerbitzu publikoen prestaziora sarbide izateari dagokionez ez edozein administrazio egintza edo prozedurari dagokionez. Nolanahi ere, Udal Administrazioak neurriak ezartzen ahalko ditu baliabide elektronikoen erabilera sustatzeko.

k) Datu pertsonalen babesaren bermearen printzipioa. Une bakoitzean eskura dagoen teknologiari baliatuko zaio datu pertsonalen babesari datxezkion eskubideak bermatzeko, eta xedeak edo adostasunak babestu gabeko edozein trazabilitate pertsonal galarazteko segurtasun neurriak ezartzeko.

LEHEN TITULUA

Herritarraren eskubide eta betebeharrak
administrazio elektronikoari dagokionez

5. artikulua. Herritarraren eskubideak administrazio elektronikoaren esparruan.

1.-Udalaren administrazio elektronikoan sarbide izateaz eta erabiltzeaz den bezainbatean, herritarrak eskubide hauek ditu:

a) Harremanetan jartzekoa Udal Administrazioarekin baliabide elektronikoak erabiliz, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluan aurreikusten diren eskubideak erabiltzeko, bai jakingarriak eskuratzeko, kontsultak eta alegazioak egiteko, eskaerak aurkezteko, adostasunak eta nahikundeak adierazteko, ordainketak eta eskualdaketak egiteko eta Administrazioaren ebazpen eta egintzei kontra egiteko.

b) Une bakoitzean eskura daudenen artean, Udal Administrazioarekin baliabide elektronikoen bidez harremanetan jartzeko kanala hautatzekoa eta, horren ondorioz, Administrazioari galdatzea berari hautatuko bidea erabiliz zuzentzekoa. Horretarako, egoitza elektronikoan informazio eguneratua izanen da une bakoitzean eskura diren kanalen gainean, herritarra, horien bitartez, Udal Administrazioarekin harremanetan jar dadin baliabide elektronikoen bidez.

c) Datuak eta dokumentuak ez aurkeztekoa Udal Administrazioaren eta gainerako administrazio publikoen esku baldin badaude (Udal Administrazioak, haiekin, informazioa trukatzeko hitzarmena sinatu duenean), betiere, datu pertsonalen kasuan, interesdunen baimena badute, bildutako datu eta dokumentuen araudiaren arabera murrizketak daudenean izan ezik. Baliabide elektronikoen bidez egin eta jaso ahal izanen da baimen hori.

Erranak erran, interesdunak berak noiznahi ekartzen ahalko ditu behar diren datu eta dokumentuak, baita datu pertsonaletan sarbide izateko bere adostasuna ezeztatzen ahal ere.

Prozedura tramitatzeaz arduratzen den administrazio organoak behar diren datuak baditu edo haietan sarbiderik badu, tramite gehiagorik gabe gehituko dizkio administrazio prozedurari.

Prozedura tramitatzeaz arduratzen den administrazio organoak ezin baditu behar diren datu edo dokumentuak bildu, interesdunari horren berri emanen zaio, arrazoia edo kausa adieraziz, berak ekar ditzan kasuan kasuko prozedurari buruzko arauetan aurreikusitako epean eta halabereko ondorioekin.

d) Halako prozedura batean interesdun gisa agertzen bada, haren tramitazio egoeraren berri baliabide elektronikoen bidez izatekoa, aplikatu beharreko araudiak haiei buruzko informazioan sartzeko mugak paratzen dituenean izan ezik.

e) Halako prozedura batean interesdun gisa agertzen bada, haren barneko dokumentu elektronikoen kopia elektronikoak eskuratzekoa.

f) Espediente bat osatzen duten dokumentuak Udal Administrazioak formatu elektronikoan kontserbatzekoa.

g) Udal Administrazioak haren eskura jartzen dituen eduki elektronikoak kalitatezkoak, eskuragarriak, gardenak eta ulergarriak izatekoa.

h) Udal Administrazioarekin dituen komunikazioen pribatutasuna eta segurtasuna eta fitxategi, sistema eta aplikazioetan dauden datuen pertsonalen konfidentzialtasuna eta babesa izatekoa.

i) Betiere erabiltzekoa Nortasun Agiri Nazionalaren sinadura elektronikorako sistemak, Udal Administrazioarekin egiten duen edozein tramite elektronikorako.

6. artikulua. Herritarraren betebeharrak baliabide elektronikoen bidez ezarritako administrazio harremanen esparruan.

1.-Administrazio jardueran eta Udal Administrazioarekiko harremanetan baliabide elektronikoak erabiltzean, herritarrak betebehar hauek ditu administrazio elektronikoaren informazioaren, komunikazioen, prozesuen eta aplikazioen funtzionamendu egokia eta kudeaketa bermatu beharrez:

a) Fede onez erabili behar ditu administrazio elektronikoaren zerbitzu eta prozedurak.

b) Administrazio elektronikoari dagokionez, Udal Administrazioari informazio egiazkoa, osoa eta zehatza eman behar dio, zertarako eskatzen den, horrexen araberakoa.

c) Bere nortasuna adierazi behar du Udal Administrazioarekin baliabide elektronikoen bidez administrazio harremanak izatean.

d) Zaindu behar ditu baliabide elektronikoen bidez administrazio harremanak izatean erabiltzen dituen elementu identifikagarri pertsonal edo eskualdaezinak.

e) Begiratu behar ditu pribatutasunerako, konfidentzialtasunerako eta segurtasunerako eskubideak, baita datuen babesaren arloko gainerako eskubideak ere.

BIGARREN TITULUA

Administrazio elektronikoaren araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Sarbide izateko baliabideak eta egoitza elektronikoa

7. artikulua. Egoitza elektronikoa.

1.-Ordenantza honen bidez ofizialki sortu da Barañaingo Udalaren egoitza elektronikoa.

2.-Egoitza elektronikoaren sorreraren aitzinetik txosten bat beharko da, bere bitartez egiten diren informazio eta komunikazioen konfidentzialtasunari, eskuragarritasunari eta osotasunari dagozkion baldintzak betetzen direla ziurtatzen duena.

3.-Ordenantza honetan bildutako egoitza elektronikoaren aldaketa egiteko, behar den administrazio espedientea tramitatu beharko da aldaketa arrazoitzeko, eta hura onetsi beharko da Alkatetzaren ebazpen baten bidez.

4.-Herritarrak eskura izanen du egoitza elektronikorako sarbidea, esteka berariazko bat erabiliz Barañaingo Udalaren webgunean (www.baranain.es), eta helbide elektroniko hau egokituko zaio: sedeelectronica.baranain.es.

5.-Udal Administrazioak behar den zabalkundea eginen du, herritar orok horren berri duela bermatzeko.

8. artikulua. Programa eta aplikazioen onespena eta publizitatea.

1.-Alkatetzaren ebazpenaren bidez onetsiko da Udal honek erabiltzen dituen programa eta aplikazioen zerrenda, baita tramitazio elektronikoa izan dezaketen prozedura, tramite eta eskaera, idazki eta komunikazioen zerrenda ere; aitzinetik, administrazio espediente bat tramitatu beharko da, aipatu baliabide horietariko bakoitzaren norainokoaren, edukiaren eta funtzionamenduaren gaineko arrazoi eta argibideak emateko. Ebazpen hau egoitza elektronikoan argitaratuko da.

2.-Onespen espresua beharko da hauek guztiak onesteko: tramitazio elektronikoa izan dezaketen prozedura berriak, tramiteak, idazkiak, eskaerak eta komunikazioak, administrazio prozedurei baliabide elektroniko eta informatikoen erabilera ekartzen dieten programa eta aplikazioak eta Udal Administrazioak bere jardueretan aritzean erabiltzen dituen segurtasun neurrien ezaugarri teknikoei eta antolaketari buruzko dokumentuak. Hura Alkatetzaren ebazpenaren bidez emanen da eta egoitza elektronikoan argitaratuko da.

3.-Alkatetzak behar diren ebazpenak ematen ahalko ditu hauek onesteko: programak eta aplikazioak, eta Udalean ezari-ezarian ezartzen diren prozedurak, tramiteak, eskaerak, idazkiak eta komunikazioak. Ebazpen horiek egoitza elektronikoan argitaratuko dira.

9. artikulua. Interes orokorreko antolaketaren eta zerbitzuen gaineko informazioa.

1.-Baliabide elektronikoen bidez, gutienez ere honako hauen gaineko informazioa emanen da egoitza elektronikoaren bitartez:

a) Udaleko zerbitzuen katalogoa, prestazio bakoitzaren zehaztapena eta zerbitzu bakoitzaren eskuragarritasuna sarturik.

b) Kokalekuei dagozkien datuak, erran nahi baita, posta helbidea, telefono zenbakia eta zerbitzu egiteko kanal bakoitzean harrera egiteko ordutegia.

c) Erregelamendu eta ordenantzen testu eguneratua.

d) Herritarrak Udal honekin komunikatzeko duen eskubideaz baliatzean erabil ditzakeen baliabide elektronikoak.

e) Udal honek administrazio elektronikoaren esparruan erabiltzen dituen programa eta aplikazioen zerrenda eguneratua.

f) Udalaren iragarki edo ediktuen ohola eta Udalaren Informazio Aldizkaria.

g) Erregistro elektronikoa.

h) Udalaren bulego birtuala, une bakoitzean beraganatzen dituen zerbitzuekin.

i) Gardentasun adierazleak, herritarrari Udal Administrazioaren kudeaketaren berri izateko aukera ematen diotenak.

2.-Baliabide elektronikoen bidez zabaltzen ahalko dira herritarrarendako interes orokorrekoak diren kontu edo aferen gaineko jakingarriak, herritarraren bizi kalitatea hobetzen lagun dezaketena eta gizartean eragin berezia dutenak barne, hala nola alor hauetakoak: osasuna, kultura, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, ingurumena, garraioa, merkataritza, kirola eta aisialdia.

3.-Jakingarri bakoitzean aditzera emanen da zein administrazio organok ematen duen, zer administrazio unitateren ardura den eta zein diren eguneratze datak.

10. artikulua. Administrazioari buruzko informazioa.

1.-Udal Administrazioak baliabide elektronikoen bidez emanen du legeak aginduta edo epaileek ebatzita bide hori erabilita zabaldu behar den informazio guztia; betiere zehaztuko da argitaratzen den egintza edo xedapena zein administrazio organok emanen duen.

2.-Udal Administrazioak, posible duen heinean, informazio hau zabalduko du:

a) Gobernu organoen erabakien laburpena.

b) Jendaurreratzeen iragarkiak.

c) Kontratazio administratiboaren espedienteak eta langileak hautatzeko espedienteak.

d) Udal tramite eta prozeduren inprimakiak eta galdetegiak.

11. artikulua. Kalitatea eta segurtasuna egoitza elektronikoan.

1.-Egoitza elektronikoko zerbitzuak egunaren 24 orduetan eta urteko egun guztietan egonen dira erabiltzeko maneran. Arrazoi teknikoak direla-eta aurreikusten bada egoitza elektronikoa edo haren zerbitzuetariko bat beharbada ez dela egonen erabiltzeko maneran, horren berri eman beharko zaio herritarrari, ahalik eta azkarren, kontsultatzeko eskura dauden ordezko baliabideak zein diren adierazita. Jakingarriak egoitza elektronikoaren bitartez argitaratuko dira, edo bertzenaz goiti-beheiti horren zabalkundea egiteko aukera ematen duten berze baliabideen bitartez.

2.-Bermatuko da egoitza elektronikoaren edukien segurtasuna, biltzen duten informazio digitalaren benetakotasuna eta osotasuna bermatu beharrez. Segurtasun neurriek betiere begiratuko dute egokitasun printzipioa, izan daitezen kasuan kasuko tramite edo egintzaren neurrikoak.

3.-Beteko ditu eskuragarritasunaren eta kalitatearen aldetik Administrazio Publikoendako aholkatu diren estandarrak eta, bereziki, bermatuko da ordenantza honen xede diren zerbitzu, jakingarri, tramite eta prozedurak eskuragarriak izatea kode irekiko sistema eragile eta nabigatzaile nagusietatik.

4.-Ordenantza honen 2. artikuluan aipatu diren entitateek ez dute inolako erantzukizunik beren mende ez dauden kanpoko iturrietatik eskuratzen ahal den informazioaren aldera, ezta entitate horiei berei loturik ez dauden pertsonek Udalaren web orrien bidez adierazten dituzten iritzien aldera.

12. artikulua. Iragarki edo ediktuen ohol elektronikoa.

1.-Legezko edo erregelamenduzko xedapen baten ondorioz iragarki edo ediktuen oholean argitara eman edo jakinarazi behar diren egintza eta komunikazioen ordez edo horren osagarri, ediktuen ohol elektronikoan argitaratzen ahalko dira, Barañaingo Udalaren egoitza elektronikoan baitago. Herritarrak ez du bere nortasuna egiaztatzeko sistema berezirik beharko ediktuen ohol elektronikoan sarbidea izateko.

2.-Edukiaren benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa ziurtatuko duten sistemak eta mekanismoak izanen ditu ediktuen ohol elektronikoak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45.5 artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Bereziki, epeak kontatzeari dagokionez, ediktuen argitalpenaren data eta ordua egiaztatuko duen mekanismoa ezarriko da.

3.-Barañaingo Udalak bideak emanen dizkio herritarrari, ediktuen ohol elektronikoan sarbide izan dezan; horretarako, jendeak erabiltzeko terminal informatikoak paratuko ditu, gutienez ere, Herriko Etxeko beheko solairuan (Udaletxeko plaza, zk.g.). Han, Udaleko langileek behar den laguntza emanen dute, horren beharrean dagoen herritarrak egiazki kontsulta egitea lor dezan.

4.-Ediktuen ohol elektronikoa eskura egonen da egunaren 24 orduetan, urteko egun guztietan, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

13. artikulua. Argitalpen ofiziala.

1.-Informazioa eta dokumentazioa baliabide elektronikoen bidez zabaltzeak ez du ordezkatuko legeen arabera aldizkari ofizial batean argitaratu behar diren arauzko xedapen eta egintzen argitalpena. Hala ere, informazioa eta dokumentazioa baliabide elektronikoen bidez zabaltzea aldizkari ofizialetan egiten den argitalpenaren osagarria izan daiteke, baliabide honen mugak direla-eta argitaratzen diren xedapen edo egintzen eduki osoa argitaratzea nahitaezkoa ez denetan.

2.-Udalaren Informazio Aldizkaria formato elektronikoan argitaratuko da, egoitza elektronikoan.

II. KAPITULUA

Identifikazio eta autentifikazio elektronikorako arauak

14. artikulua. Administrazio organoen identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikorako arauak.

1.-Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 13. artikuluarekin bat, Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluari dagokionez, Udaleko eta administrazio organoetako langileen identifikazioa eginen da ziurtagiri digitalean oinarrituriko sinadura elektronikoaren bidez.

2.-Udalak sinadura elektronikoaz hornituko ditu bere langileak, batera identifikatzeko zein den postu edo karguaren titularra eta zer administrazio edo organotan egiten duen zerbitzu.

3.-Administrazio organoek ziurtagiri elektronikoak erabiliko dituzte, eta horien bidez identifikatuko dute zein den eskumena atxikirik duen organoa eta nor den haren titularra.

4.-Administrazio organoaren titularraren esku-hartze pertsonal eta zuzenekoa behar ez duten sistema automatizatuetan, ziurtagiri elektronikoak erabiliko dira; horiek tramitearen ardura duen organoaren identifikazioaren gaineko argibideak izan beharko dituzte.

15. artikulua. Interesdunen identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikorako arauak.

Herritarrak udal administrazioarekin dituen harremanetan bere borondatea egiaztatzeko eta identifikatzeko, tresna edo bide hauen bitartez egin daiteke:

a) Pertsona fisikoek, betiere eta noiznahi erabiltzen ahalko dituzte sinadura elektronikorako Nortasun Agiri Nazionalari gehitutako sistemak, Udal Administrazioarekin baliabide elektronikoen bidez harremanak izatean. Berariazko araubide bat izanen da dokumentu horren erabilera eta ondorioak arautzeko.

b) Sinadura elektroniko aurreratuaren sistemetan Estatuko Administrazio Orokorreko @firma plataforma onartzen dituenak, ziurtagiri elektroniko onartuan oinarrituak barne.

2.-Ziurtagiri zerbitzu publiko nahiz pribatuen egileetatik eta ziurtagirietatik Udal Administrazioak orokorrean onartzen dituenen zerrenda jendaurrean egonen da eta bertara sarbidea izanen da egoitza elektronikotik; xehetasunen artean egonen dira egile bakoitzak luzatzen duen ziurtagiri bakoitzarekin egin daitekeen sinadura elektroniko motari loturiko ezaugarriei buruzkoak.

3.-Udal Administrazioak eskura izanen ditu behar diren elementu tekniko eta administratiboak elkarreragingarritasuna lortzeko administrazio publiko baten mendeko edo hari loturiko ziurtagiri zerbitzuen egileek luzatzen dituzten ziurtagiri elektronikoetan nahiz eta, mendekotasunik edo loturarik izan gabe ere, administrazio publikoren batekin harremanetan jartzeko baliozkotzat jo eta horrela onartutako egileek luzatzen dituztenenetan, betiere sinadura elektronikoaren gaineko arauen arabera behar den informazioa eskura badago baldintza teknologiko eta ekonomiko bideragarrietan eta Estatuko Administrazio Orokorreko @firma plataforman sarturik badaude.

4.-Datu pertsonalak babesteari buruz indarra duen legerian xedatuarekin bat eta 11/2007 Legean biltzen den proportzionaltasun printzioarekin bat, zer informazio klasetara izan nahi den sarbide eta zein diren eskaintzen diren zerbitzuen ezaugarriak, honela sailkatzen dira modu elektroniko, informatiko eta telematikoan egiten diren zerbitzuak, sarbiderako baldintza hauen arabera:

a) Zerbitzu eskuragarriak identifikatu beharrik gabe.

b) Baldintza gisa sinadura elektroniko aurreratu edo onartua duten zerbitzuak.

5.-Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan xedatuarekin bat, Udal Administrazioak zuzentzeko eskatuko die partikularrei, artikulu honetan nortasunaz, osotasunaz eta benetakotasunaz jasotzen diren baldintzak ez betetzeagatik edozein akats formal egiten dutenean.

III. KAPITULUA

Bulego birtuala, erregistro, komunikazio eta jakinarazpen elektronikoak

16. artikulua. Udal bulego birtuala.

1.-Bulego birtuala egoitza elektronikoaren atal izanen da. Bulego birtuala Udaleko zerbitzu elektronikoetan sartzeko bidea da; horiek identifikazioa behar duten zerbitzuetan edo halakorik behar ez dutenetan daude egituraturik. Identifikazioa behar duten zerbitzuetarako sartzeko nortasuna autentifikatu beharko da NAN elektronikoa edo @firma plataformak onartutako bertze edozein ziurtagiri erabiliz.

Bulego birtualaren bidez sistema eta prozesu elektronikoak erabiltzen ahalko dira komunikatzeko eta solasteko baliabidetako, gutienez ere ondotik ematen dizren zerbitzuetarako:

a) Sartzea identifikatu den pertsonaren informazio partikularretan Udaleko informazio sistemetan erregistraturik dagoen horretara, ezari-ezarian gehiturik horrekin harremanen bat duen informazio guztia, herritarraren posizioa lortzeko.

b) Udalarekiko harremanetarako emandako datuak aurkeztea eta kudeatzea: telefonoak, posta elektronikoak, helbideak, baita berak nahiago duen bidea Udalak bere berri eman diezaion. Datu hauek bermerik handienak izanen dituzte segurtasunaren, osotasunaren eta eskuragarritasunaren aldetik, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzeko arauetan xedatuari jarraikiz.

2.-Erabiltzaileak bulego birtualean sartu eta hura erabiltzeak berarekin dakar hura erabiltzeko arau eta baldintza guztien edukia espresuki, osoki eta erreparorik gabe onartzea. Arau horiek egoitza elektronikoan egonen dira eskura, eta horiek onartzen direla adieraztea beharrezkoa izanen da lehen aldiz hartan sartzean.

Erabiltzeko arau eta baldintzak aldatuz gero, Udalak horren berri eman beharko du egoitza elektronikoan, eta erabiltzaileak onartu beharko ditu aldaketak bulego birtualean sartu ahal izateko. Arauak edo haien aldaketak onartzen ez badira ez da sarbiderik izanen bulego birtualean.

3.-Ahalmena ematen zaio Alkatetzari, ebazpen baten bidez onesteko egoitza birtuala erabiltzeko arauak, baita Udalaren bulego birtualean sartzeko kanalak ere.

17. artikulua. Erregistro elektronikoa.

1.-Ordenantza honen bidez, Barañaingo Udalaren erregistro elektronikoa sortu da eta haren funtzionamendua arautzen; haren osagaiak izanen dira Udal Administrazioaren premien arabera ezartzen diren erregistro unitate elektronikoak; Udaleko erregistro orokorrean sarturik egonen da, ondorio guztietarako, arau hauei jarraikiz:

a) Erregistro elektronikoa borondatezkoa izanen da, legeak edo erregelamenduzko arauak ezarririk nahitaez erabili behar izan ezik; halakoetan, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 27.6 artikuluaren baldintzei jarraituko zaie.

b) Erregistro elektronikoan eskaerak, idazkiak edo oharrak aurkezten ahalko dira, Udal Administrazioaren eskumeneko prozedura eta gaien gainean.

c) Erregistro elektronikoa gaiturik egonen da eskaera eta dokumentuen aurkezpenerako eta dokumentu elektronikoen irteerarako. Sarrera eta/edo irteera data, zenbakia eta ordua kontsignazio elektronikorako zerbitzu baten bidez egiaztatuko dira.

d) Erregistrora egoitza elektronikotik sartu behar da; han zehaztuko da aurkeztutako eskaera, idazki eta oharren zerrenda eguneratua eta behar den publizitatea emanen zaio, orok jakin dezan. Erregistro elektronikoaren bidez aurkez daitezkeen eskaeren kopurua ez da gutiago izanen buruz buru aurkez daitezkeen eskaeren kopurua baino; onesten diren bideak ezari-ezarian gehituko dira.

e) Eskaera, idazki edo oharrarekin batera doazen dokumentuak aurkezten ahalko dira, betiere betetzen badituzte Udalaren estandarrak formatoari dagokionez eta haren baldintzak segurtasunari dagokionez.

2.-Alkatetzaren ebazpenaren bidez prozedura onetsiko da erregistro elektronikoan aurkezten diren idazki eta eskaeren tratamendu eta tramitazio egokietarako eta erregistro elektronikoa ordenantza honetan arautzen diren baldintzetan erabiltzeko aukera ematen duten kanal berriak irekitzeko.

3.-Epeen kontaketa:

a) Epeen kontaketari dagokionez, Udalaren erregistro elektronikoa egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialek gobernatuko dute; horrek behar diren segurtasun neurriak izanen ditu bere segurtasuna bermatzeko eta ikusgai egoteko.

b) Erregistro elektronikoa eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan egonen da erabiltzaileen eskura, salbu eta arrazoi teknikoak direla-eta beharrezkoak diren etenak direnean. Aparteko egoerak zerbitzuen etenak eraginak direnean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatuari jarraituko zaio; interesdunak horren berri ematen ahalko dio organo instrukzio egileari, eta horrek, eskatutako txostenak eta ekarritako frogak ikusirik, behar diren neurriak hartuko ditu, horretarako arrazoiak zein diren adierazita.

c) Egun baliodun edo naturaletan finkaturiko epearen kontaketarako, eta interesdunek epeak betetzeari dagokionez, honela jokatuko da:

-Erreferentziako data eta ordua izanen dira indarra dutenak kasuan kasuko eskaera, idazki edo oharra erregistro elektronikoari euskarria ematen dion informazio sisteman jasotzean edo handik ateratzean.

-Delako eskaera, idazki eta/oharra egun baliogabe batean sartzen bada, hurrengo egun balioduneko lehen orduan sartu dela ulertuko da. Horri dagokionez, dagokion sarrera oharrean jasoko da eskaera, idazkia edo oharra egiazki zer egun eta ordutan bildu den; berrespen mezuan, ordea, hurrengo egun balioduneko 00:01a agertuko da.

-Erregistro elektronikoaren bitartez irteera ematen ahalko zaie egun baliogabean automatizaturiko administrazio jardueren ondoriozko idazki edo oharrei.

-Udal Administrazioaren erregistro elektronikoari dagokionez, egun baliogabeak dira Nafarroako Foru Komunitateko jaiegunen egutegi ofizialean jaieguntzat hartzen direnak eta udalerri honetako jaiegunak. Egutegi hori egoitza elektronikoan argitaratuko da.

4.-Funtzionamendu araubidea:

a) Dokumentua modu elektronikoan biltzeko arazo teknikoak hautematen direnean, sistemak berak horren berri eman beharko dio aurkezleari, dagokion akats-gaztiguaren bidez, jasorik geldi dadin aurkezpena ez dela modu baliozkoan egin.

b) Dokumentuak biltzeko erregistro elektronikoak aurkeztu den eskaeraren harreraren ziurtagiria luzatuko du automatikoki; Udalaren bulego birtualetik sarbidea izanen da hartara, eta orobat bertatik kontsultatzen eta inprimatazen ahalko, atxikitzen zaizkion erregistro datuak autentifikatuz. Datuak hauek izanen dira gutienez: ohar zenbakia, gaiaren deskripzioa, aurkeztutako dokumentuak eta aurkezpen eguna eta ordua.

c) Dokumentuen irteeraren erregistro elektronikoa: irteera ohar bat eginen du bidaltzen den dokumentu elektroniko bakoitzetik, eta hartan hau jasoko da: erreferentzia edo erregistro zenbakia, zer egun eta ordutan luzatu den, zer organotatik heldu den, zer pertsonari zuzendu zaion, edukiaren laburpena eta, hala behar badu, irteera oharraren erreferentziako zenbakia edo espedientearen erreferentziako zenbakia.

d) Arrazoi teknikoen kariaz aurreikusten bada erregistroa ez dela erabiltzeko maneran egonen, erabiltzaileei horren berri eman beharko zaie ahalik eta azkarren eta egoera horrek irauten duen bitartean. Jakingarri hori egoitza elektronikoan argitaratuko da.

18. artikulua. Komunikazio elektronikoak.

1.-Herritarrak aldi bakoitzean hautatzen ahalko du Udal Administrazioarekin komunikatzeko manera, baliabide elektronikoen bidez izan ala ez, salbu eta lege maila duen arau batek baliabide ez elektroniko baten erabilera ezartzen edo ekartzen duenean. Baliabide batzuen edo bertzeen bidez komunikatzeko hautuak ez du herritarra lotuko, honek noiznahi hautatzen ahalko baitu hasieran hautatu ez bertzeko baliabidea.

2.-Herritarrarekiko komunikazioetan baliabide elktronikoak erabiliko dira betiere, espresuki eskatu edo onartu badute. Eskaera eta onarpena baliabide elektronikoen bitartez luzatzen eta eskatzen ahalko da, betiere.

3.-Baliabide elektronikoen bidez eginiko komunikazioak baliozkotzat hartuko dira betiere baldin eta gelditzen bada egiaztatuta eta jasota bidali direla eta jaso direla eta haiek egin diren eguna eta komunikazioen eduki osoa, baita modu fedemailean identifikatzen badira igorlea eta hartzailea ere.

4.-Gai edo konturen batean interesaturik daudenak beren gaitasun ekonomiko edo tekniko, lanbide edo bertzelako arrazoi frogatuen kariaz behar diren baliabide teknologikoetarako sarbidea eta eskuragarritasuna bermaturik dituzten pertsona taldeak edo pertsona juridikoak badira, Udal Administrazioak behartzen ahalko ditu berarekiko harremanetan baliabide elektronikoak baizik ez erabiltzera.

19. artikulua. Jakinarazpen elektronikoak.

1.-Jakinarazpena baliabide elektronikoa erabiliz egin dadin, beharrezkoa da interesdunak baliabide hori hobetsi edo haren erabilera baimendu izana eta hala espresuki adierazi izana, aitzineko artikuluaren 4. atalean xedatua deusetan ukatu gabe . Baliabide elektronikoen erabilera dela-eta arestian aipatu hobespena eta baimena baliabide elektronikoen bidez adierazten eta eskatzen ahalko da, betiere.

2.-Jakinarazteko sistemak egiaztatu beharko du jakinarazpena zer egunetan eta zer ordutan jaso den interesdunaren herritar karpetan eta jakinarazitako herritarra jakinarazpen mezuaren edukian sartu ote den, baita, horietarikoren bat ezinezkoa bada, horretarako zer arrazoi tekniko dagoen ere.

3.-Egiaztaturik geldituagatik ere jakinarazpena herritar karpetan jaso dela, hamar egun natural iragaten bada haren edukian sartu gabe, ulertuko da jakinarazpenari uko egin zaiola, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 59.4 artikuluaren ondorioetarako, salbu eta ofizioz edo interesdunak eskatuta frogatzen bada herritar karpetan sartzeko ezintasun tekniko edo materiala dagoela.

4.-Prozeduren tramitazioan, interesdunak dagokion organoari eskatu ahal izanen dio handik aitzinako jakinarazpenak baliabide elektronikoen bidez ez egiteko, kasu horretan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan onarturiko edozein baliabide erabili beharko da. Orobat, prozedura ez elektroniko baten tramitazioan, interesdunak dagokion organo edo entitateari eskatzen ahalko dio handik aitzinako jakinarazpenak ordenantza honetan aurreikusten den bezala egiteko.

5.-Aitzineko puntuetan xedatu denagatik ere, aurrekontuek eta teknologiak bidea eman ahala, Udal Administrazioak bertzelako baliabide batzuk abiaraziko ditu, aitzinekoarekin bateragarriak, aukera emanen dutenak jakinarazpenak egiteko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan ezarritako berme berdinekin.

IV. KAPITULUA

Adokumentu eta artxibo elektronikoak

20. artikulua. Dokumentu administratibo elektronikoa.

1.-Udal Administrazioak behar diren bideak jarriko ditu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 46. artikuluak aipatzen dituen dokumentu administratiboak baliabide elektronikoaren bitartez luzatzeko. Horiek paperezko euskarrian luzatzen direnen ondorio berak izanen dituzte, betiere bereganatzen badute sinadura elektroniko bat edo gehiago, Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legean ezartzen den gisara. Horien edukia paper euskarrian inprimatzen ahalko da eta eskuz idatzitako sinaduraren ordezkoa izanen da modu elektronikoan sorturiko egiaztapen kode bat, haren benetakotasuna egiaztatzeko aukera emanen duena organo luzatzailearen bulego birtualean eskura dagoen zerbitzura modu elektronikoan sartuz.

2.-Dokumentu administratiboek denbora erreferentzia izanen dute, eta hori baliabide elektronikoen bidez bermatuko da, dokumentua nolakoa, eta horrela.

3.-Udal Administrazioak dokumentu elektronikoak luzatuko ditu bere eskuan dauden datuen gainean, herritarrak eskatuz gero, administrazio automatizatuaren bidez edo Udal langileen jarduketaren bidez.

21. artikulua. Kopia elektronikoak.

1.-Kopia benetako gisa onartuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako ondorio juridikoekin, baliabide elektronikoen bidez eginiko dokumentu elektronikoen kopiak, interesdunak berak edo Administrazio Publikoek luzatuak, baldin eta jatorrizko dokumentu elektronikoa Administrazioaren eskuan badago. Udal Administrazioak sortzen dituen dokumentu elektronikoek egiaztapen kode elektroniko bat izanen dute, beren kontsulta egiteko aukera emanen duena egiaztatzeko bat heldu direla dokumentu elektronikoa eta Udaleko informazio sistemetan biltegiratu dena.

2.-Udal Administrazioak herritarrak aurkeztutako dokumentu pribatuen irudi elektroniko digitalizatuak lortu ahal izanen ditu, balio eta eraginkortasun berdinarekin; horretarako, irudizko dokumentuaren benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatuko duten digitalizazio prozedurak erabiliko ditu, eta horren lekukotasuna utziko da. Paperezko dokumentua formatu elektronikora bihurtzeko prozesuan egiaztapen kode elektronikoa sortuko da, ondoriozko dokumento elektronikoan sartuko dena.

22. artikulua. Paperezko dokumentuen kopia elektronikoa.

1.-Interesdunak berak nahaiz Udal Administrazioak luzaturiko dokumentu elektronikoen kopiak, jatorrizko formatua manetendurik ala ez, kopia benetakotzat hartuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako eraginkortasun berarekin, betiere jatorrizko dokumentu elektronikoa Administrazioaren esku badago eta sinadura elektronikoko informazioak eta, hala behar badu, denbora-zigilatzeak dokumentu horrekin bat heldu dela egiaztatzeko bidea ematen badu.

2.-Udal Administrazioak jatorrian paperezko euskarrian luzaturiko dokumentuetatik Udal Administrazio berak baliabide elektronikoen bidez kopiak egin nahi baditu, erabili beharko du digitalizazio prozedura bat, Udal Administrazioaren zerbitzuko langileetan dokumentuaren digitalizazioa egin dutenen sinadura elektroniko onartua izan behar duena eta kopiaren segurtasuna eta osotasuna bermatuko duena, benetako dokumentutzat hartuko baita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako eraginkortasun berarekin.

3.-Udal Administrazioak irudi elektronikoak eskuratzen ahalko ditu herritarrak ekartzen dituen dokumentu pribatuetatik, balio eta eraginkortasun bera izanik, digitalizazio prozeduren bitartez; horretarako Udal Administrazioaren zerbitzuko langileetan dokumentuaren digitalizazioa egin dutenen sinadura elektroniko onartua izanen du, irudizko dokumentuaren segurtasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatze aldera. Horren guztiaren lekukotasuna utziko da eskuratutako dokumentu elektronikoa dagokion gordelekura igorriz, artxiba dadin. Eskuratze hori modu automatizatuan egin daiteke, dagokion zigilu elektronikoaren bidez.

Irudi elektronikoa da paperezko euskarrian edo bertzelako batean dagoen dokumentuari digitalizazio prozesua aplikatzearen emaitza, irudi hori fidelki eskuratzeko.

Digitalizazioa da prozesu teknologiko bat, paperezko euskarria edo elektronikoa ez den bertzelako euskarria duen dokumentua dokumentu horren irudi kodifikatu, fidel eta osoa eskuratzeko bidea ematen duena.

4.-Aitzineko 2 eta 3 puntuetan jaso diren kopia eta irudi elektronikoek baldintza osagarri hauek izane beharko dituzte:

a) Kodeturik egotea Elkarreragintasunaren Eskema Nazionalean zehazten diren formatu, kalitate maila edo baldintza teknikoekin. Horretarako, ordenantza hau garatzeko xedapenetan erabakiko da zer formatu, kalitate maila edo baldintza teknikorekin eginen diren, baita zer langile dagoen baimendurik kopia eta irudi elektroniko horiek egiteko.

b) Kopia elektronikoak bere kopia izatea sarturik edukitzea berari loturiko metadatuetan.

c) Dokumentu kopiatua jatorrizkoa edo benetako kopia izatea.

5.-Aitzineko 3. atalak aipatzen dituen dokumentu digitalizatuak baliozkoak izaten ahalko dira bai digitalizazio hori egin den prozedura zehatzean bai Udal Administrazioak tramitaturiko bertze edozein prozeduratarako.

6.-Dokumentu elektronikoak paperezko euskarria duten kopietara pasatzen ahalko dira prozedura automatizatuen bidez. Baliabide elektronikoen bidez luzatu eta elektronikoki sinaturiko dokumentu publiko administratiboetatik paperezko euskarrian egiten diren kopiak, kopia benetakotzat hartuko dira, betiere baldin eta beraiekin batera inprimatzen bada elektronikoki sorturiko kode bat beren benetakotasuna egiaztatzeko bidea emanen duena Udal Administrazioaren artxibo elektronikoetarako sarbide elektronikoaren bidez.

7.-Jatorriz paperezko euskarrian luzaturiko dokumentuak badira eta haietatik kopia elektronikoak egin badira artikulu honetan xedatzen denari jarraikiz, jatorrizkoak desegiten ahalko dira Barañaingo Udalak ordenantza hau garatzeko xedapenetan ezartzen dituen baldintzetan, betiere haien balio historikoa, artistikoa edo munta duen bertzelako bat dela-eta kontserbatu eta babestu behar diren dokumentuak ez badira, edo ez badute dokumentuari balio berezia ematen dion zerbait, hala nola sinadurak edo bertzelakoa adierazpen eskuz edo mekanikoki idatziak, eta betiere begiratzen badira Nafarroako Artxibo eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean eta harekin bat heldu den legerian kontu horren inguruan ezartzen diren aurreikuspenak.

23. artikulua. Artxibatze elektronikoa.

1.-Udal Administrazioak baliabide elektronikoen bidez artxibatzen ahalko ditu bere eskumenak erabiltzean sortu edo jasoriko dokumentu eta administrazio jarduera guztiak; artxibatzea eginen da Udalak dokumentuak kudeatzeko duen sistemari gehituriko artxibo elektronikoan; artxibo horrek bermatu behar du gordetzen diren dokumentu elektronikoen benetakotasuna, fidagarritasuna eta eskuragarritasuna horretarako onesten diren estandarrekin bat. Artxibo hori bakarra eta Udal Administrazioarena izanen da. Artxibatze elektronikoa eginen da dokumentuen kudeaketaren, sailkapenaren, deskribapenaren eta kontserbazio artxibistikoaren gainean indarra duten arauei jarraikiz. Sailkapenerako, deskribapenerako eta kontserbaziorako irizpide berak ezarriko dira dokumentu berdinen mota eta sailetarako, euskarria edozein izanik ere. Halaber, artxibatze elektronikoak bermatu beharko du dokumentuek dauzkaten datu eta metadatuen osotasuna bertzelako euskarri eta formatuetara bihurtzean.

2.-Dokumentu elektronikoak artxibatzen dituzten baliabide, ekipo eta euskarriek segurtasun neurriak izan beharko dituzte, artxibaturiko dokumentuen benetakotasuna, fidagarritasuna, osotasuna, eskuragarritasuna, babesa eta kontserbazioa bermatzeko. Neurri hauek hartuko dira, bertzeak bertze:

-Sinaturiko dokumentuaren eguneratze kriptografikoa, dataren eta orduaren zigilu berria erantsita.

-Modu elektronikoan sinaturiko dokumentuaren erregistroa euskarri fisiko iraunkor batean, sarrera dataren bermearekin.

-Erabiltzaileak identifikatzeko eta sarbideak kontrolatzeko sistema ezartzea eta, orokorrean, legeek datuen babesaren, dokumentuen eta artxiboen arloan aurreikusten dituzten berme guztiak betetzea.

3.-Jatorrizko dokumentuak euskarri informatikoan daudenean, eraldatzen ahalko dira formatua egokitzeko kudeatzeaz eta gordetzeaz aurreikusten diren beharretara. Hori arau hauei jarraikiz eginen da:

-Formatuan bikoiztasuna saiheste aldera, bidezko arrazoiak daudenean baizik ez da pasatuko euskarri informatikodun dokumentua paperezko euskarrira. Gainera, eraldatze hori egiteko eskumena duen organoak sinaduraren egiaztapen teknikoa egiteko aukera izan beharko du.

4.-Udalak, eskumena duten udal zerbitzu teknikoen bidez, zehaztuko ditu artxibo elektronikoa sortu, antolatu eta kudeatzeko arauak, datuak migratzeko eta euskarriak berritzeko irizpideak eta programen jarduketak, baita denboraren joan-etorrian dokumentuen irakurketa bermatzetzeko estrategiak ere, dokumentu eta artxibo elektronikoen kudeaketari buruzko arau eta gomendioen esparruan.

5.-Udalaren artxibo elektronikoaren eginkizun nagusiak izanen dira dokumentuen antolaketa eta kudeaketa, dokumentuen deskribapena, artxiboen erabiltzaileen kudeaketa, dokumentuen erabileren eta joan-etorrien auditoriak, dokumentuen kudeaketa, sarbideen kudeaketa eta dokumentuen benetakotasunaren eta osotasunaren kontrola.

24. artikulua. Espediente elektronikoa.

Espediente elektronikoa da prozedura administratibo bati dagozkion dokumentu elektronikoen multzoa, edozein dela ere daukaten informazio mota.

Espediente elektronikoak foliatzen ahalko dira diharduen alorreko arduradun teknikoak sinatu edo zigilaturiko aurkibide elektroniko baten bidez. Aurkibide horrek bermatuko du espediente elektronikoaren osotasuna eta aukera emanen du hura behar den guztietan berreskuratzeko; onartzeko modukoa izanen da dokumentu bera espediente elektroniko desberdinetan egotea.

Interesdunari espedienteak igorri beharrean, erabat legezkoa izanen da espediente elektronikoa haren eskura jartzea; interesdunak kopiak paperean ateratzeko eskubidea izanen du.

HIRUGARREN TITULUA

Prozeduren kudeaketa elektronikoa

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

25. artikulua. Tramitazio elektronikoa zer tramite eta prozeduratan aplika daitekeen.

Egoitza elektronikoan sartuta jakin daiteke modua elektronikoan tramitatzen ahal diren prozeduren zerrenda eguneratua.

Antolamendu juridikoaren eta, bereziki, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen arabera partikularrek Administrazio Publikoen aitzinean dituzten berme juridikoen osotasuna ez da batere mendratuko administrazio prozedura bat baliabide elektronikoen bidez tramitatzeagatik.

Prozedura bat tramitazio elektronikora ekarri aitzin, jarduketa hauek eginen dira Alkatetzaren ebazpenaren bidez:

a) Tramiteak sinplifikatzea eta ekarri beharreko dokumentuak murriztea.

b) Egintza eta dokumentu administratiboak normaltzea. Dokumentuen arabera sinatzeko zirkuituak identifikatu eta normalizatzea.

c) Tramitazio egoeraren kontsulta definitzea eta bulego birtualean aktibatzea.

d) Egoitza elektronikoan zerbitzuen karta argitaratzea, prozeduraren gaineko argibideekin.

e) Dokumentu administratiboak sinatzen dituzten langileei ziurtagiri elektronikoak luzatzea.

f) Interes orokorrekotzat jotzen diren prozeduretan, organoaren zigilua duen administrazio jarduera automatizatua sarztea.

g) Prozeduraren tramitazioaren ardura duten udal langileak prestatzea.

II. KAPITULUA

Baliabide elektronikoen erabilera prozeduren tramitazioan

26. artikulua. Administrazio prozedurari hasiera ematea.

1.-Baliabide elektronikoen bidez, administrazio prozedurei alderdi batek eskaturik ematen ahalko zaie hasiera, eskaera erregistro elektronikoan aurkezturik. Erregistro horren bidez dokumentazio osagarria ekartzen ahalko da, baita eskaerak hobetu ere.

2.-Interesdunak behar diren edo komenigarritzat jotzen dituzten dokumentuen kopia digitalizatuak eransten ahalko ditu; horien jatorrizkoarekiko fideltasuna bermatuko du sinadura elektroniko aurreratuaren sistemaren bidez. Udal Administrazioak aurkeztutako kopien edukia jatorrizkoarekin erkatzeko eskatu ahal izanen dio dagokion artxiboari. Salbuespen gisa, eta soilik erkatze hori egin ezin denean, eskatu ahal izanen dio interesdunari jatorrizko dokumentua edo informazioa erakusteko. Kopia horiek aurkezteak erran nahi du Udal Administrazioari baimena ematen zaiola dokumentu horietan jasotako informazio pertsonalean sartu eta erabiltzeko.

3.-Haien erabilera erraztu eta bulkatzeko, eskatzeko sistema normalizatuek izaten ahalko dituzte aurkeztutako informazioa bere sistemetan edo bertze administrazio batzuen sistemetan jasotako datuekin bat heldu ote den ikusteko egiaztapen automatikoak, eta are eskaintzen ahalko ere galdetegi elektronikoaren eremuak beteta, osorik edo partez, interesdunak informazioa egiazta eta, hala behar badu, alda eta osa dezan.

27. artikulua. Ordezkaritza.

1.-Eskaera elektroniko batean interesdun bat baino gehiago baldin bada, eskaerarekin batean dokumentu elektroniko bat aurkeztuko da, ordezkaritzaren baimen espresua duena; halakoetan, jarduketak espresuki adierazi denarekin edo, hori egin ez bada, eskaeran buru egiten duen interesdunarekin.

2.-Herritarra ordezkarien bitartez aritzen ahalko da Udal Administrazioan baliabide elektronikoen bidez egiten diren prozedura eta tramite administratiboetan, legeria orokorrak aurreikusten duenari eta ordenantza honek ezartzen duenari jarraikiz. Halakoetan, egiten diren jarduketek balioa izateko baldintza izanen da ordezkaritza aurkeztea; hori dokumentu elektronikoa aurkeztuz egiten ahalko da, eta hori zuzentzen ahalko da Udal Administrazioak aurkezpena egin ondoan Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 32.4 artikuluak aurreikusten dituen baldintza eta epeetan.

3.-Jarduteko gaitasuna duten pertsona fisiko guztiek izan dezake bertze pertsona fisiko edo juridiko batzuen ordezkaritza, betiere ordezkaritza hori egiaztatzen badu sistema hauetariko bat aukeran erabiliz:

a) Aurkeztea ahalorde aski, euskarri elektronikoan eta sinadura elektroniko onartuaren bidez sinatua, segurtasun juridiko elektronikoari buruz indarra duten xedapenen arabera.

b) Ahalordea sartzea ordezkariaren sinaduraren ziurtagiri onartuan, sinadura elektronikoari buruz indarra duen legeriaren arabera.

c) Ordezkariak ahalordearen deklarazioa egitea eta gero ordezkaritza egiaztatzea Udal Administrazioaren erregistroetan edo bertze administrazio edo entitateenetan, Udalak haiekin lankidetza ahitzarmenik sinatu badu.

4.-Ordezkaritza elektronikoa berariaz ematen ahalko da, ondorio guztietarako nahiz halako prozedura batzuetarako, buruz buru Administrazioaren beraren aitzinean, ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioaren kopia elektronikoaren bidez; hura erregistraturik geldituko da, bere egiaztapenerako.

5.-Baliabide elektronikoen bidez emandako ordezkaritza baliozkoa izanen da administrazio prozedurak baliabide elektronikoen nahiz ez elektronikoen bidez tramitatzeko.

28. artikulua. Administrazio prozeduraren instrukzioa.

1.-Administrazio prozedurak baliabide elektronikoen bidez egiteko kasu bakoitzean onesten diren informazio sistema, programa eta aplikazioek bermatu beharko dute prozeduren ardura duten organoen identifikazioa, epeen kontrola eta espedienteen tramitazio ordenatua; orobat, erraztu beharko dute prozeduren sinplifikazioa eta publizitatea.

2.-Baliabide elektronikoen bidez tramitaturiko administrazio prozedura batean, interesdunaren jarduketa guztiek eta egiten diren administrazio egintzek bete beharko dituzte legeak orokorki ezartzen dituen baliozkotasun irizpideak; horrez landa, luzatu eta jaso beharko dira ordenantza honetan arautzen den erregistro elektronikoaren bitartez.

3.-Ordenantza honetan komunikatzeko eta jakinarazteko aurreikusten diren baliabideak erabiltzen ahalko dira interesdunek prozeduraren instrukzioan parte hartu beharrez baliabide elektronikoak erabiltzen direnean. Hori gertatuko da interesdunek alegazioak aurkezteko duten eskubidea erabiltze aldera, hori noiznahi egiten ahal baitute ebazpen proposamenaren aitzin, edo bidezko denean, entzute tramitearen bitartean.

4.-Sinplifikazio administratiboaren printzipioarekin eta administrazioen arteko elkarreragintasun printzipioarekin bat, ordenantza honen aplikazio eremuan sarturik dauden entitateek bulkatuko dute paperezko ziurtagiri eta, orokorrean, dokumentuen desagerpena, horien ordez erabil daitezen, posible den guztietan, ziurtagiri eta dokumentu elektronikoak edo datuen igorpenak.

Bai ziurtagiri eta dokumentu elektronikoetan bai datuen igorpenetan, haien luzapena, tratamendua eta ondorioak ordenantza honen araberakoak izanen dira, hertsiki loturik datu pertsonalak babesteko araudiari, baita administrazio prozedurari aplikatzen ahal zaizkion gainerako arauei.

Paperezko ziurtagiri bat bertan dauden datuen igorpenarekin ordezkatu ahal izateko, beharrezkoa izanen da horien titularrak igorpena espresuki baimentzea, datu pertsonalei buruzko araudiak ezartzen duenarekin bat, lege mailako arau batek aurreikusten dituenetan izan ezik. Baimenik ematen ez badu, interesdunak behar den ziurtagiria eskatu beharko du eta hura aurkeztu.

5.-Administrazio prozedura elektroniko batera ekartzen bada berarekin ikusteko duten paperezko edo bertzelako euskarri fisikodun dokumenturik, erregistro elektronikoan prozedura horri dagokion zenbakia eta erregistro kode bana-banakoa jaso beharko dira.

6.-Ordenantza honen aplikazio eremuan sarturik dauden entitateek bulkatuko dute baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentuen ordez erabil dadin interesdunaren erantzukizuneko aitorpena, baldintza horiek betetzen dituela eta frogagiriak aurkezteko konpromisoa adierazten duena.

29. artikulua. Interesdunak prozeduraren tramitazio egoeraren inguruko informazioan sarbide izatea.

1.-Osorik modu elektronikoan kudeatzen diren administrazio prozeduretan, prozedura tramitatzen duen organoak sarrera mugatuko zerbitzu elektronikoa jarriko du interesdunaren eskura, bertan kontsulta dezan, bere burua identifikatu ondoan, prozeduraren tramitazioaren egoeraren gaineko informazioa, aplikatzen ahal diren arauek informazio hori jasotzeko murriztapenak ezarri ezik. Prozeduraren tramitazio egoeraren gaineko informazioak eginiko tramite egintzen zerrenda jasoko du, adierazita haren edukia zein den eta zein egunetan eman ziren.

2.-Osorik baliabide elektronikoen bidez tramitatu ez diren prozeduretan, tramitazio egoerari buruzko zerbitzu elektronikoak jarriko dira, eta hartan aditzera emanen da, gutienez ere, prozedura zer fasetan dagoen eta zein organo edo unitateren ardurapean dagoen.

30. artikulua. Baliabide elektronikoen bidezko prozeduren amaiera.

1.-Kasu bakoitzean eskuduntzat hartzen den organoaren nortasuna bermatuko da prozedura bati baliabide elektronikoen bidez amaiera ematen zaionean.

2.-Prozedura elektroniko bati amaiera ematen dion ebazpenak beteko ditu Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 89. artikuluan aurreikusitako baldintzak.

31. artikulua. Administrazio jarduketa automatizatua.

Jarduketa automatizatuaren kasuan, aitzinetik ezarri beharko da zein organok duen eskumena zehaztapenak, programazioa, mantenua, gainbegiratzeak eta kontrol kalitatea egiteko, eta hala behar badu, informazio sistemaren eta haren iturri kodearen ikuskaritza egiteko. Orobat adieraziko da inpugnazioez den bezainbatean erantzuletzat hartuko den organoa zein den. Jarduketa automatizatu bakoitzerako dagokion organoaren zigilua emanen da, eta bakoitza Alkatetzaren ebazpen baten bidez onetsiko da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Ordenantzaren garapena eta betearazpena.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 124.4 b) artikuluarekin bat, Alkatetza da ordenantza hau garatu eta betearazteko xedapenak emateko eskumena duen organoa.

Bigarrena.-Nafarroako Foru Komunitateko hizkuntza ofizialen eta bertzelako hizkuntzen erabilera.

Gehienez ere bi urteko epean ordenantza honek indarra hartzen duenetik, bermatuko da Nafarroako Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetan sarbidea izatea, bai Udalaren webgunean bai Barañaingo Udalaren egoitza elektronikoan, Udalak herritarraren eskuan jartzen dituen jakingarri, eredu eta zerbitzuetara. Orobat, jakingarriak sartzen ahalko dira bertzelako hizkuntzetan, interes orokorrekotzat hartzen bada.

Hizkuntzen edizioa bereizia izanen da, herritar bakoitzak erabil dezan komenigarriena zaiena, eta gaztelania ez bertzekoetan, egokitzapena ezari-ezarian eginen da.

Hirugarrena.-Udaleko enplegatu publikoen prestakuntza.

Udal Administrazioak bulkatuko du bere zerbitzuko langileen prestakuntza, berezko dituen jardueretan baliabaide elektronikoak erabil ditzaten.

Laugarrena.-Kontratazio administratiboa eta faktura elektronikoa.

Udal Administrazioak behar diren neurriak hartuko ditu baliabide elektronikoen bidezko kontratazioa eta bere kontratistek faktura elektronikoa erabiltzea sustatzeko eta ezari-ezarian ezartzeko.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.-Ordenantza hau ez da aplikatuko indarra hartu baino lehen hasitako prozeduretan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Administrazio elektronikoaren ezarpena.

Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen azken xedapenetako hirugarrenean aurreikusitakoaren arabera, Udal Administrazioak ziurtatuko du administrazio elektronikoa benetan ezartzeko Toki Administrazio honen eskumenak izanik behar diren prozedura eta jarduera guztiak benetan ezarrita egonen direla 2010eko abenduaren 31rako, baldin eta aurrekontuko xedapenek eta teknologiaren bilakaerak horretarako bidea ematen badute.

Bigarrena.-Barañaingo Udalari loturiko edo haren mendeko entitate zuzenbide publikokoen egokitzapena.

Barañaingo Udalari loturiko edo haren mendeko entitate zuzenbide publikokoen esparruan, ordenantza honen 2.1.b) artikuluak aipatzen baititu, 5. artikuluan aitortzen diren eskubideak erabiltzen ahalko dira ordenantza honetan xedatura egokitu diren prozedura eta egintzei dagokienez, betiere aurrekontuan dirurik bada.

Barañaingo Udalari loturiko edo haren mendeko entitate zuzenbide publikokoek beren web orriak eta/edo egoitza elektronikoak sortzen ahalko dituzte beren eskumenak erabiltzeko; bertzenaz, Barañaingo Udalaren egoitza elektronikoa partekatzen ahalko dute, behar diren hitzarmenak sinatuta.

Hirugarrena.-Arau osagarriak.

Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikatuko da Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legean eta hura garatzen duten arauetan xedatua.

Laugarrena.-Indar hartzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

Ordenantza honen testu osoa kontsultatu nahi duenaren eskura egonen da Barañaingo Udalaren egoitza elektronikoan.

I. ERANSKINA

Definizioak

Ordenantza honi dagokionez, honako erranahi hau izanen dute ondokoek:

a) Zerbitzu jarduera: norbere konturako edozein jarduera ekonomiko, gehienetan ordainsari baten truke emana.

b) Administrazio jarduketa automatizatua: behar bezala programaturiko informazio sistema batek sortutako administrazio jarduera, pertsona fisiko batek esku hartzeko beharrik izan gabe kasu bakan bakoitzean. Tramite egintzak edo prozedurak ebazteko egintzak hartzen ditu barnean, baita komunikazio egintza soilak ere.

c) Aplikazioa: informatika erabiliz arazo bat konpontzeko helburua duen programa edo programa multzoa da.

d) Iturri irekien aplikazioa: lizentzia batekin banatzen da eta hark askatasuna ematen du exekutatzeko, iturri kodea jakiteko, bera aldatu edo hobetzeko eta haien kopiak bertze erabiltzaile batzuen artean banatzeko.

e) Autentifikazioa: baliabide elektronikoak erabilirik egiaztatzea pertsona edo ente baten nortasuna, eta orobat egiaztatzea eragiketa, salerosketa eta dokumentuetan azaldutako borondatearen edukia eta azken horien osotasuna eta egiletza.

f) Kanalak: eduki eta zerbitzuen egiturak edo hedabideak, barne direla buruz burukoa, telefono bidezkoa eta bide telematikoa, baita gaur egun dauden bertze batzuk edo etorkizunean egon daitezkeenak ere (gailu mugikorrak, TDT, etab.).

g) Ziurtagiri elektronikoa: Sinadura elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 6. artikuluaren arabera, "ziurtatze zerbitzuen egile batek elektronikoki sinaturiko dokumentua, sinadura egiaztatzeko datu batzuk sinatzaile batekin lotu eta haren nortasuna baieztatzen duena"

h) Ziurtagiri elektroniko onartua: Sinadura elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 11. artikuluaren arabera, "ziurtagiri onartuak dira ziurtatze zerbitzuen egile batek luzaturiko ziurtagiri elektronikoak, lege horretan zehaztutako baldintzak betetzen dituenean eskatzaileen nortasuna eta gainerako inguruabarrak egiaztatzeari eta egiten dituzten ziurtatze zerbitzuen fidagarritasunari eta bermeei dagokienez".

i) Herritarra: Administrazio Publikoekin harremanetan jartzen den edo jartzen ahal den pertsona fisikoa, pertsona juridikoa eta nortasunik gabeko erakundeak.

j) Datuak: dokumentu elektroniko batean dagoen informazioa, edozein motatakoa.

k) Helbide elektronikoa: komunikazio sare batean informazioa edo zerbitzuak ematen dituen ekipo edo sistema elektroniko baten identifikatzailea.

l) Dokumentu elektronikoa: euskarri eta formatu elektronikoa duen dokumentua pertsona edo erakunde batek bere jardueran aritzean prestatua edo jasoa (MoReq. zehaztapena. IDA programa. Europako Batzordea).

m) Estandar irekia: honako baldintza hauek biltzen dituena:

-Publikoa izatea eta erabilera dohainekoa edo sartzeko zailtasunik eragiten ez duen kostuan izatea.

-Jabetza intelektual edo industrialaren eskubidea ordaintzea ez izatea hura erabiltzeko edo aplikatzeko baldintza.

n) Sinadura elektronikoa: Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluaren arabera, "datu elektronikoen multzoa, bertze batzuekin batera edo haiekin loturik daudenak, sinatzailea identifikatzeko bide gisa erabil daitezkeenak".

o) Sinadura elektroniko aurreratua: Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluaren arabera, "sinadura elektronikoa, sinatzailea identifikatzeko eta sinaturiko datuen geroagoko edozein aldaketa atzemateko bidea ematen duena, soilik sinatzailearekin eta dagozkion datuekin lotua, sinatzaileak kontrolpean eduki ditzakeen baliabideen bitartez sortua".

p) Sinadura elektroniko onartua: Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluaren arabera, "ziurtagiri onartuan oinarrituriko sinadura elektroniko aurreratua, sinadura sortzeko gailu seguru baten bitartez sortua".

q) Elkarreragingarritasuna: informazio sistemen gaitasuna eta, beraz, horietan oinarritzen diren prozeduren gaitasuna, datuak partekatzeko eta haien artean informazioaren trukea eta ezagutza bideratzeko.

r) Baliabide elektronikoa: dokumentuak, datuak eta informazioak ekoiztu, bildu edo transmititzeko bidea ematen duen mekanismoa, muntadura, ekipoa edo sistema, edozein komunikazio sare ireki edo mugatu barne dela, hala nola Internet, telefonia finko eta mugikorra edo bertze.

s) Metadatuak: datuak, deskribatzen dutenak dokumentu elektronikoen testuingurua, edukia eta egitura eta denboraren joanean domeinu berean nahiz domeinu ezberdinetan nola kudeatu den.

t) Zerbitzu jardueraren egilea: zerbitzu jarduera bat eskaintzen edo egiten duen pertsona fisiko edo juridikoa.

u) Sarbide elektronikorako gunea: Internet domeinu batean bildutako web orrien multzoa. Horien helburua da erabiltzaileari, modu erraz eta integratuan, pertsona talde baten berariazko beharrak konpontzeko baliabide eta zerbitzu batzuetarako edo erakunde publiko baten informazioa eta zerbitzuak eskuratzeko sarbidea eskaintzea.

v) Denbora-zigilatzea: konfiantzazko hirugarren batek egiaztatzea baliabide elektronikoen bidez eginiko edozein eragiketa edo salerosketaren data eta ordua.

w) Sinadura elektronikoaren sistema: sinadura elektronikoa sortzeko esku hartzen duten elementuen multzoa. Ziurtagiri elektronikoan oinarrituriko sinadura elektronikoaren kasuan, gutxienez honako hauek osatzen dute sistema: ziurtagiri elektronikoa, euskarria, irakurgailua, erabilitako sinadura aplikazioa eta sinaturiko dokumentuaren hartzaileak erabilitako interpretazio eta egiaztatze sistema.

x) Leiho bakarra edo espazio komunak: zenbait administrazioren arteko akordioaren ondoriozko jakingarri, tramite eta zerbitzuetara sarbide izateko herritarrak dituen modu edo kanalak.

Iragarkiaren kodea: L1100008