231. ALDIZKARIA - 2011ko azaroaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

83E/2011 EBAZPENA, urriaren 14koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Olloko bide proiekturako. Sustatzailea Ollarango Udala da.

2011ko apirilaren 6an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Jarduketa hau proiektatu da herriko kaleak oso estuak direlako eta ibilgailu handi batzuk ezin direlako herriaren ipar-ekialdeko eremuan sartu. Zehazki, aukera emanen du autobusak bertan dagoen baserri-eskola batera iristeko, eta horrek minusbalioren bat dutenei zerbitzu ematen lagunduko luke.

Bide berria Ollorako NA-7032 errepidetik abiatzen da, errepidearen azken bihurgunean, toki horretan dagoen nabe baterako sarbidearen ondoan. Olloko hiri lurzorua hegoaldetik inguratuko du eta, ekialdetik, 215 m luze eta 6 m zabal, %4 eta %7 arteko malda izanen du, Iltzarbeko bidearekin lotu arte. Metro bateko sakonerako areka eginen da bide berriaren goi eremuko mendebaldeko ertzean; urak Ollorako errepidearen azpiko hodiarekin lotuta dagoen areka batera bideratuko dira. Beste ertzean lur-erauzketako ezponda tarte txiki bat sortuko da, gehienez 1,3 m-ko garaierakoa. 2H:1V malda izanen du. Errepidearekin eta Iltzarbeko bidearekin egin beharreko lotuneak 10 m-ko erradioko lotura bihurguneekin egin dira.

Bide berria alor batetik pasatzen da Olloko lurzoru urbanizagarriaren ondoko tartean. Proiektuak Ingurumen ukipenen azterlana du, eta natur ingurunea ez dela ukituko dio. Ondare Historikoaren Zerbitzuak emandako aldeko txostena ere jaso da azterlan horretan.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Olloko bide proiekturako. Sustatzailea Ollarango Udala da.

2. Baimen hau zenbait baldintzari lotuta dago, hots, halako proiektuetan ohikoak diren ingurumen neurriak aplikatzea, hala nola obra hasieran kendutako landare lurra gordetzea gero ezpondetan erabiltzeko edo hurbileko alorretan hedatzeko, edo, bestalde, kutsadura kontrolatzea eta hondakinak kudeatzea obrak egin bitartean eta dena garbi uztea obrak amaitutakoan.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarririko moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ollarango Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko urriaren 14an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1117837