231. ALDIZKARIA - 2011ko azaroaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1931/2011 EBAZPENA, urriaren 20koa, Justizia eta Barneko zuzendari nagusiak emana, Justizia Administrazioko Auzitegiko Medikuen Estatuko Kidegoaren ikastaro eta praktikaldi baztergarriaren antolaketa, plangintza eta gauzatzea ezartzen dituena, baita haietan parte hartzen duten praktiketako funtzionarioen balorazioa ere.

Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 471. artikuluak adierazten du Justiziako langileen estatutuaren eta araubide juridikoaren arloko eskumenak beren gain hartu dituzten autonomia erkidegoei dagokiela, besteak beste, langileak hautatu eta haien hasierako zein etengabeko prestakuntza ematea.

Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 485. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioak hautatzeko prozesuetan ikastaro teoriko-praktiko bat eginen da, edo praktikaldi bat, baztergarria izan daitekeena. Hori gabe, ezin izanen da karrerako funtzionario izan. Ildo horretan, Justizia Administrazioan sartzea, bertako lanpostuak betetzea eta bertako funtzionarioen lanbide-igoera arautzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 24. artikuluan arautzen dira praktikaldi edo ikastaro baztergarria.

Maiatzaren 31ko JUS/1656/2010 Aginduaren bidez, Auzitegiko Medikuen Estatuko Kidegoan sarrera irekiko sistema orokorraren bidez sartzeko hautapen prozesurako dei egin zen. Foru Komunitateari bost lanpostu esleitu zaizkio.

Agindu horren 2. oinarriak ezartzen du hautapen prozesuan ikastaro teoriko-praktiko baztergarri bat gainditu beharko dela; zein autonomia erkidegotarako lehiatzen diren izangaiak, haien prestakuntzako zentro, institutu edo zerbitzuetan edo destinoko zentroetan. Horrela, Justizia Ministerioko agintari eskudunak oposizioa gainditzen dutenak (deialdiko lanpostuak adina, gehienez ere) praktiketako funtzionario izendatuko ditu.

Oposizioaldian eta ikastaro baztergarrian lortutako azken emaitzen baturaren araberakoa izanen da hautapen prozesuaren azken emaitza.

Aginduaren 7.6.2 oinarriak zehazten du Justizia Ministerioko agintari eskudunak ebazpena emanen duela, Justizia Ministerioaren web orrian argitaratuko dena, proba baztergarriak gainditzen dituzten izangaiak praktiketako funtzionario izendatzeko, eta ikastaro baztergarria egitera deitzeko.

Bada, Nafarroako Foru Komunitatea legez behartua dago ikastaro baztergarri bat antolatzera, auzitegiko medikuentzat dei egindako lanpostuak Ministerioak erabakitako datetan betetzeko, oposizioa gainditzen duten izangaiek lanpostuaren jabetza har dezaten funtzionario gisa.

Agindu horren 7.7 oinarriak ezartzen du Justizia Ministerioak eta lanpostuetarako deialdia egiten duten autonomia erkidegoek zehaztutako destinoko institutu, unitate nahiz zentroetara bidaliko direla praktiketako funtzionarioak, lehiatzen diren lurralde eremuan, ikastaro eta praktikaldi baztergarria egiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari dagokio, bere estatutuetan ezarritakoarekin bat eskudun diren gobernu organoen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan langileak sartu eta mailaz igotzeko deialdiak onetsi eta tramitatzea.

Bestalde, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 117/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoari esleitzen zaizkio, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren zerbitzuko langileak hautatu eta mailaz igotzeko modua kudeatzeko eskumena, baita langile horien hautaproben ondoko prestakuntza ikastaroak antolatu, planifikatu nahiz gauzatzekoa ere.

Era berean, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua, Nafarroako administrazio publikoen goi mailako erakunde tekniko den aldetik, bere ardurapean du, besteak beste, Nafarroako sektore publikoa hobetuko duen edozein jarduera osagarri egitea, bere estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 117/2007 Foru Dekretuaren 3. artikuluaren arabera.

Horren ondorioz, bidezkoa da Nafarroako Administrazio Publikoak aurrera eramatea maiatzaren 31ko JUS/1656/2010 Aginduan aurreikusitako ikastaro eta praktikaldi baztergarrirako zereginak, organo horrek baititu eskumenak, Nafarroako Foru Komunitatean, langileen gainean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak Auzitegiko Medikuen Estatuko Kidegoaren ikastaro eta praktikaldi baztergarria antolatu, planifikatu eta gauzatuko ditu, eta parte hartzen duten praktiketako funtzionarioen balorazioa eginen du.

2. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua izanen da destinoko zentroa, aipatutako deialdian aurreikusitako ikastaro eta praktikaldi baztergarrian parte hartzen duten praktiketako funtzionarioentzat.

3. Praktiketako funtzionarioak, praktikaldi baztergarria bukaturik, eta karrerako funtzionario izendatu arte, kasua bada, Auzitegiko Medikuntzaren Nafarroako Institutuari atxikitzen ahalko zaizkio, bertan zerbitzuak emateko.

4. Ebazpen honen ondoriozko gastuak, 2.500 euro gehienez ere, Zuzendaritza Nagusi honen "Nafarroan justiziako langileak prestatzeko jarduerak" izeneko 060001-06000-2266-112100 kontu-sailaren kargura ordainduko dira, 2011ko ekitaldiko gastuen aurrekontutik.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari eta Justizia Ministerioko Justizia Administrazioarekiko Harremanen Zuzendaritza Nagusiari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko urriaren 20an.-Justizia eta Barneko zuzendari nagusia, Inmaculada Jurío Macaya.

Iragarkiaren kodea: F1117527