231. ALDIZKARIA - 2011ko azaroaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

56/2011 FORU AGINDUA, urriaren 20koa, Sustapen eta Etxebizitzako kontseilariak emana, Aguilar Kodesko Udal Plan Orokorreko hirigintzako araudi partikularrean eta NOR.1.0, NOR.2.A eta NOR.3.A planoetako grafismoan atzemandako akatsa zuzentzen duena, 1.1 exekuzio unitatea kendu delako.

AURREKARIAK

1.-Aguilar Kodesko Udalak, 2008ko urriaren 31n egindako Osoko Bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udal Plan Orokorra, eta hilabetez jarri zuen espedientea jendaurrean, iragarkia 2009ko 1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 2an argitaratuta.

2.-Onetsitako dokumentuari alegazioak aurkezturik, Aguilar Kodesko Udalak, 2009ko uztailaren 23ko Osoko Bilkuran, behin-behinekoz onetsi zuen plana, eta 1.1. exekuzio unitatea kentzeko eskatzen zuten zenbait alegazio idazki baietsi zituen, halako moduz non 2. poligonoko 220, 221, 222, 223, 224, 225 eta 228. lurzatiak lurzoru urbanizaezin gisa sailkatu baitziren.

3.-Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak otsailaren 8an emandako 15/2010 Foru Aginduaren bidez, behin betiko onetsi zen Aguilar Kodesko Udal Plan Orokorra, baina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko baldintza bat ezarri zuen, hots, aldaketaren testu bategina, foru agindu hartan berean adierazitako zuzenketak bilduko zituena, aurkeztea.

4.-Testu bategina aurkezturik, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren azaroaren 3ko 1656/2010 Ebazpenaren bidez xedatu zen 15/2010 Foru Agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea (2010eko 151. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa).

5.-Aguilar Kodesko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen departamentu honetan 2011ko uztailean, akats material baten berri emateko; izan ere, azkenik onetsitako dokumentazioak ez du jasotzen 1.1. exekuzio unitatea kendu zela, erabaki bezala, ezta 2. poligonoko 220, 221, 222, 223, 224, 225 eta 228. lurzatien sailkapena ere lurzoru urbanizaezin gisa, eta zuzentzeko eskatu zuen. Horretarako, Udal Plan Orokorreko hirigintzako araudia partikularra 1.1. exekuzio unitateari dagokion fitxatik kentzea proposatzen du, eta testu bategineko NOR.1.0, NOR.2.A, eta NOR.3.A planoak aurkeztu berriekin ordeztea.

6.-Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak, 2011ko abuztuaren 26an, aldeko txostena eman zuen, eta akats materiala dagoela onartu; horrenbestez, Aguilar Kodesko Udalaren eskaerak baiesteko proposatzen du.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Bakarra.-Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, "administrazio publikoek, ofizioz edo interesdunek eskatuta, edozein unetan zuzentzen ahal dituzte beren egintzetako akats materialak, egitatezkoak edo aritmetikoak".

Auzitegi Gorenaren jurisprudentziako doktrinaren arabera (adib. A.G.ren 2001 ekainaren 18ko epaia [RJ 2001, 9512]), xedapen horren babesean akats materialak zuzendu ahal izateko, beharrezkoa da akats materiala edo egitatezkoa nabarmena, ageria, eztabaidaezina eta bistakoa izatea berez, arrazoibide gehiagorik behar izan gabe, begiratze hutsarekin nahikoa izatea agerian gelditzeko. Alde horretatik, uste du akats materialak edo egitatezkoak zuzentzeko prozeduraren mekanismoa aplikatu ahal izateko, inguruabar hauek agertu behar dutela:

1) Oinarrizko oker soilak izatea, izen, data, eragiketa aritmetiko edo dokumentuen transkripzioetan eginak;

2) Zein espediente administratibotan atzeman den akatsa, haren datuak bakarrik kontuan hartzea akatsa atzemateko;

3) Akatsa nabarmena eta argia izatea, aplikatzen ahal diren arau juridikoen interpretazioetara jo beharrik gabe;

4) Egintza administratibo irmo eta onartuak ofizioz ez berrikustea;

5) Ez dadila funtsezko aldaketarik gertatu egintzan berean (ez baitago akats materialik, hura kontuan hartzeagatik balorazio epaiketa bat egiten denean edo kalifikazio juridikoa egitera behartzen denean);

6) Ez dezala egintza administratiboak aurrera jarraitu, hau da, ez dezala hura baliogabetu edo ezeztatu, eskubide subjektiboen sortzaile den aldetik, eta beste bat sortu beste oinarri batzuen gainean eta ukituak behar dituen bezalako bermerik gabe; izan ere, zuzendu egiten duen egintza administratiboak zuzendutako egintzaren eduki bera izan behar du xedapen, substantzia eta ebazpen aldetik, eta Administrazioak ezin du, ofizioz zuzentzeko duen ahalmenaren aitzakian, benetako berrikuspena ezkutatu; eta

7) Murrizteko irizpide sakon batez aplika dadila.

Kasu honetan, argi ageri den akatsa da; nahikoa da espedienteko dokumentuei begiratzea, ez baita balorazio juridikorik behar hala dela egiaztatzeko. Bistakoa da ez zela udal plan orokorreko dokumentazio grafikora eta arauetara eraman Aguilar Kodesko Udalak 2009ko uztailaren 23ko Osoko Bilkuran hartutako erabakia.

Bidezko da, hortaz, atzemandako akatsa zuzendu eta planeamenduan 1.1. exekuzio unitateari egiten zaizkion aipamen guztiak kentzea; alde batetik, Udal Plan Orokorreko hirigintzako araudi partikularreko 1.1 exekuzio unitateari dagokion fitxa desagerrarazi eta, bestetik, NOR.1.0, NOR.2.A eta NOR.3.A planoak Aguilar Kodesko Udalak aurkeztu dituen berriekin ordeztu; orobat, ohartarazten da zuzenketa horrek aipatutako ondorio juridiko hori bakarrik duela, ez besterik.

Sustapen eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 24ko 143/2011 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 1.1. exekuzio unitateari dagokion fitxa kentzea Udal Plan Orokorreko hirigintzako araudi partikularretik.

2. NOR.1.0, NOR.2.A eta NOR.3.A planoen ordez, Aguilar Kodesko Udalak aurkeztu dituen berriak jartzea.

3. Aguilar Kodesko Udalak igorritako dokumentazioaren eginbideak gauzatu eta ale bat Udal horretara itzultzea.

4. Foru agindu hau Aguilar Kodesko Udalari jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute administrazio egintza honen kontra, Nafarroako Gobernuari zuzendua, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik edo, hala denean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2011ko urriaren 20an.-Sustapen eta Etxebizitzako kontseilaria, Anai Astiz Medrano.

Iragarkiaren kodea: F1117438