212. ALDIZKARIA - 2011ko urriaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1458/2011 EBAZPENA, irailaren 16koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Belaskoaingo, Zizurko, Garesko, Legardako, Utergako, Muruzabalgo eta Obanosko udal mugapeetako abelbideak sailkatzeko eta hondatu edo galdu diren mugarriak berritzeko espedienteari hasiera ematen diona.

Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legeak xedatzen du Ingurumen Departamentuaren eskumena dela Nafarroako abelbideak sailkatu, mugatu, zedarritu, handitu eta ezartzea. Horrenbestez, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak erabaki du beharrezkoa dela Belaskoaingo, Zizurko, Garesko, Legardako, Utergako, Muruzabalgo eta Obanosko udal mugapeetako abelbideak sailkatzeko eta hondatu edo galdu diren mugarriak berritzeko lanei ekitea.

Kontuan hartuz proposamen hori justifikaturik dagoela Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legeak dioenaren ondorioz, batez ere legearen 5. eta 6. artikuluetan eta hirugarren xedapen gehigarrian esaten denaren ondorioz.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Belaskoaingo, Zizurko, Garesko, Legardako, Utergako, Muruzabalgo eta Obanosko udal mugapeetako abelbideak sailkatzeko eta hondatu edo galdu diren mugarriak berritzeko espedientearen hasiera onestea.

2. Abelbideak sailkatzeko espedienteetan ariko diren Nafarroako Foru Komunitateko ordezkariak izendatzea, hain zuzen ere, Salomé Hernando Chicote andrea, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Plangintza eta Laguntza Ataleko burua, eta Mikel Díaz Osés jauna, atal horretako teknikaria.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari eta Belaskoaingo, Zizurko, Garesko, Legardako, Utergako, Muruzabalgo eta Obanosko udalei, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute ebazpen honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2011ko irailaren 20an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1116579