122. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ANTSOAIN

Deialdia, Antsoaingo Udalaren zerbitzuko euskara teknikari
izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez eta
lan-kontratu finkoarekin betetzeko

Antsoaingo Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2011ko ekainaren 1ean, erabaki du Antsoaingo Udalaren zerbitzuko euskara teknikari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzeko deialdia onestea. Hona hemen.

Oinarriak

1. Arau orokorrak.

1.1. Antsoaingo Udalaren zerbitzuko euskara teknikari izateko lanpostu bat, plantilla organikoan 8001 kodea duena, oposizio-lehiaketaren bidez betetzea da deialdi honen xedea.

1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia Antsoaingo Udaleko lan-kontratudun finkoa izanen da eta Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta hartan alta emanen zaio.

1.3. Lanpostuak B mailako lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan erabakitakoaren arabera. Goragoko titulazioa duen izangairen bat izendatzen bada, lanposturako eskatzen den titulazioari dagokiona izanen da ordainsaria.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko du.

2. Betebeharrak. Oro har, honako hauek izanen dira egin beharreko lanak:

2.1. Euskara normalizatzeko eta sustatzeko plan orokor nahiz sektorialen prestakuntza, kudeaketa, jarraipena eta kontrola Antsoaingo Udalean.

2.2. Udalean hartutako erabaki guztiak betetzen direla zaintzea, baita haiei kontrola egin eta jarraitzea ere.

2.3. Antsoaingo Udaleko atalei zein zerbitzuei babesa eta laguntza teknikoa ematea euskararekin ikusteko duten jarduera guztietan.

2.4. Antsoaingo Udaleko taldeei eta gainerako gizarte eragileei laguntzea soziolinguistikari buruzko gaietan.

2.5. Antsoaingo Udalaren Euskara zerbitzuaren bilerak koordinatzea eta haietan parte hartzea.

2.6. Harremanak bulkatzea eta koordinatzea bertze udal, mankomunitate eta euskara zerbitzuekin eta foru erakundeekin.

2.7. Harremanak bulkatzea eta koordinatzea euskararen normalizazioan eta sustapenean lanean ari diren elkarte eta taldeekin, herrikoak izan ala kanpokoak izan.

2.8. Udaleko organoek manatzen dioten beste edozein, betiere lanpostuarekin ikusteko badu.

Antsoaingo Udaleko euskara teknikariak ondoko eginkizun hauek izanen ditu modu zehatzagoan:

Plangintza Zerbitzua:

Antsoaingo Udalaren Euskara zerbitzuaren urteko plangintzaren proposamena egitea.

Euskara zerbitzuak landu beharreko programa eta jarduerak diseinatu eta planifikatuko ditu, baita haiek antolatu eta abian jarri ere, hartutako erabaki eta irizpideei jarraikiz.

Antsoaingo Udalaren zerbitzuko langileei euskara ikasteko ikastaroak, euskarari buruzko ikastaro teknikoak etab. proposatzea.

Udalaren plantilla organikoari atxikitako lanpostuen hizkuntza eskakizunak ezartzeko proposamenak egitea.

Udalaren Euskara zerbitzuaren aurrekontu aurreikuspenak egiten laguntzea, ezarritako behar, helburu eta programen arabera, eta ondoko kontrola eta jarraipena egitea.

Koordinazio zerbitzua:

Euskararen zerbitzuak koordinatzea euskara sustatzeko programa eta kanpainetan eta euskara zein euskal kultura sustatzea eta bultzatzea.

Antsoaingo Udalaren Euskara Zerbitzuak prestatutako jarduera guztiak koordinatzea Nafarroako Gobernuko Euskarabidea institutuaren jarduerekin, azken horrek Nafarroako Eusakaren Planerako ezarritako helburuak bete daitezen eta haiekin bat egin dezaten.

Sustapen zerbitzua:

Herritarrak dinamizatu, informatu eta orientatzea, haren lan eremuaren berezko aferetan.

Antsoainen euskara sustatzeko kanpainak egitea, hainbat talderi zuzenduak: eskolako ikasleen gurasoak, gazteak, helduak...

Euskarazko jardueren eskaintza handitzea eta euskararen erabilera sustatzea eskolaz kanpoko jardueretan.

Zerbitzuaren barruan gauzatutako jarduera eta programak zabaldu eta haiei buruzko publizitatea egitea.

Euskararen erabilera bultzatzea Administrazioak prestatutako jakinarazpenetan.

Jarraipen zerbitzua:

Herritarrek Udalaren bidez aurkeztutako eskaerak kudeatzea.

Programako jarduerei jarraipena egitea eta haiek ebaluatzea.

Udaleko zerbitzuek edo kanpoko zerbitzu kontratatuek prestatzen dituzten euskarazko jarduerei jarraipena egitea eta haiek ebaluatzea.

Informazio zerbitzua:

Haren eskumen esparruko aferekin zerikusia duten jarduerei buruzko informazio oro bildu, atera eta artxibatzea.

Bere eginkizunak betetzeko behar diren harremanak ezarri eta garatzea beste erakunde, entitate profesional eta abarrekin.

Hezkuntza zerbitzua:

Euskara zerbitzuan eginen diren jardueretarako, ikasleen, gazteen eta helduen eskaerak eta matrikulazioak tramitatzea.

Jardueretan parte hartuko dutenei gerta daitezkeen aldaketa edo ustekabeen berri ematea, baita jarduera horiei jarraipena egitea eta haietan parte hartuko dutenekin harremanetan egotea ere.

Alderdi orokorrak:

Euskara zerbitzuaren funtzionamendua hobetzea eta hartan laguntzea eta, hartara, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatzea.

Itzulpen zerbitzua:

Udalaren zerbitzuei, Osoko Bilkurari eta informazio batzordei laguntza teknikoa ematea hala eskatzen zaionean; alorretan egiten diren testuak itzultzea. Itzulitako testuak zuzentzea.

Esleipena hartu duen enpresari igorritako testuak kudeatzea. Aurrekontuko gastua kontrolatzea.

Barneko eta kanpoko errotulazioa: hizkuntzaren paisajea kontrolatzea. Elementuen errolda. Testuak nola paratu behar diren zehaztea.

3. Izangaien betebeharrak.

3.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunerako ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa; espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek parte hartu ahalko dute ere, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hogeita bat urte baino gehiago izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean.

c) EGA titulua edo baliokideren bat izatea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bururatzen den egunean Unibertsitateko Diplomadun titulua, Arkitekto Teknikoarena, hirugarren mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea izatea edo eskuratzeko baldintzetan egotea. Abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen borzgarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera, baliokideak dira unibertsitateko diplomadun titulua eta lizentziaturako hiru kurtso oso gainditu izatea.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoak betetzeko gabetua edo desgaitua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izatea. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aitorpena aurkeztu beharko dute, beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko. Baldintza horiek agiri bidez egiaztatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratua formalizatu aitzin horretarako ezartzen zaien unean.

4. Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Antsoaingo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, hogeita hamar egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina eta azken eguneko arratsaldeko ordu bata arte, eta egun hori baliogabea bada, balioduna den hurrengora arte. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.2. Eskabideak deialdian argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio eta dokumentazio hau erantsiko zaie:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua.

b) Deialdi honetako 3.1 atalean eskatzen diren baldintzen jabe dela ziurtatzen duten agirien fotokopia konpultsatua.

c) Lehiaketan baloratzen ahal diren merezimenduen fotokopia konpultsatua.

d) Espedientea mamitzeagatik eta azterketa eskubideengatik 17,50 euro ordaindu izanaren jatorrizko ziurtagiria, Antsoaingo 3. ordenantza fiskalaren VI. epigrafearekin bat.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Tasa hori modu honetan ordainduko da:

-Dirua Euskadiko Kutxaren banku kontu batean sartuz, 035.0162.79.1620900004 zenbakikoan; ordainagirian datu hauek agertu behar dira nahitaez:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-NAN/IFZ.

-Deialdia: euskara teknikari izateko oposizio-leihaketa.

5. Izangaien onarpena eta prozedura.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

6. Epaimahaia.

6.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Burutza: Antsoaingo Udaleko alkate udalburua.

-Ordezkoa: Udaleko zein ordezkaritan uzten den eskuordetza, huraxe.

-Mahaikidea: Antsoaingo Udaleko Euskara zerbitzuko burua.

-Ordezkoa: Udaleko zein ordezkaritan uzten den eskuordetza, huraxe.

-Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko buruak izendatzen duen euskara teknikaria.

-Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko buruak izendatzen duen euskara teknikaria.

-Mahaikidea: Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Hizkuntza Zerbitzuak izendatzen duen euskara teknikaria.

-Ordezkoa: Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Hizkuntza Zerbitzuak izendatzen duen euskara teknikaria.

-Mahaikidea: Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak izendatzen duen euskara teknikaria.

-Ordezkoa: Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak izendatzen duen euskara teknikaria.

-Mahaikidea: Antsoaingo Udaleko langileen ordezkariek izendatzen dutena.

-Ordezkoa: Antsoaingo Udaleko langileen ordezkariek izendatzen dutena.

-Idazkaria: Antsoaingo Udaleko idazkaria.

-Ordezkoa: aurrekoak eskuordetzen duena.

6.2. Mahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago eratuko da epaimahaia.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu dei honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.

6.5. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari jakinaraziko diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude. Halaber, izangaiek mahaikideak errefusa ditzakete, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

6.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkularitza horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. Lehiaketaren garapena.

7.1. Epaimahaiak III. eranskinean ematen den baremoari jarraikiz baloratuko ditu merezimenduak. Horiek, eskabideak aurkeztearekin alegatu eta agiri bidez egiaztatu beharko dituzte izangaiek. Horretarako, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuta aurkeztu beharko dira.

Gehienez ere 25 puntu emanen dira.

Oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea egiterakoan aurkeztu eta egiaztatu beharko dira merezimendu guztiak, agirien bidez, bertzenaz aurkeztu gabetzat joko dira.

Epaimahaiak ezin izanen du, inola ere, aurkeztu gabeko edo agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik kontuan hartu.

7.2. Izangaiek lehiaketan eskuratzen duten puntuazioa Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratuko da, oposizioko probak hasten diren egun berean.

8. Oposizioaldia nola eginen den.

8.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean, probak hasteko tokia, data eta ordua zehaztuko dira.

8.2. Oposizioko probek, gehienez ere, 65 puntuko balorazioa izanen dute. Bazterturik geldituko dira proba eta ariketa bakoitzean hari esleitutako puntuazioaren erdia eskuratzen ez dutenak.

8.3. Oposizioak hiru proba izanen ditu: lehenbizikoan, lanposturako euskaraz behar den hizkuntza gaitasuna baloratuko da; bigarrenean, ezagupen teorikoak; eta hirugarrenean, lanpostuko lan praktikoarekin ikusteko duen gaitasuna. Proba bakoitzean ariketa hauek eginen dira:

a) Lehenbiziko proba. Lanpostuan aritzeko euskaraz behar den hizkuntza gaitasun berariazkoa frogatzeko. Gehienez ere 15 puntu. Hiru ariketa eginen dira:

-Lehen ariketa. Ahozko gaitasuna. Banan banakoa izanen da eta 10 minutu iraunen du. Puntuazioa, gehienez ere: 5 puntu (2,5 puntu eskuratu beharko dira gutxienez).

-Bigarren ariketa. Idatzizko gaitasuna. Euskaraz idatzitako testu bat zuzentzea. Puntuazioa, gehienez ere: 5 puntu (2,5 puntu eskuratu beharko dira gutxienez).

-Hirugarren ariketa. Idatzizko gaitasuna. Gaztelaniaz idatzitako testu bat euskaratzea. Puntuazioa, gehienez ere: 5 puntu (2,5 puntu eskuratu beharko dira gutxienez).

Bigarren eta hirugarren ariketak batera eginen dira, gehienez ere ordu eta erdian.

b) Bigarren proba. Ezagutza teorikoen gainekoa. Gehienez ere 20 puntu. Bi ariketa eginen dira:

-Lehen ariketa. II. Eranskineko gaiei buruzko testa: galderak ordu batean erantzun behar dira. Gehienez 10 puntu eskura daitezke (hurrengo ariketara pasatzeko, gutxienez 5 lortu behar dira). Gaizki erantzundako galdera bakoitzak 0,1 puntuko penalizazioa izanen du.

-Bigarren ariketa. Izangaiei 8 galdera emanen zaizkie, II. Eranskineko gaiei buruzkoak, eta 5 aurkeratu beharko dituzte (galdera bakoitza 30 lerrotan erantzun beharko da gehienez). Gehienez 10 puntu eskura daitezke (hurrengo probara pasatzeko, gutxienez 5 puntu lortu behar dira).

c) Hirugarren proba. Lanpostuko jarduerari buruzko ezagutza praktikoak baloratuko dira. Gehienez ere 30 puntu. Bi ariketa eginen dira:

-Lehen ariketa. Epaimahaiak hautatzen duen entitate batean euskararen erabilpena sustatzeko mikroplanaren diseinua. Ariketak ordu eta erdi iraunen du gehienez. 10 puntu eskura daitezke gehienez (gutxienez, 5 puntu atera behar dira).

-Bigarren ariketa. Antsoaingo udalerrian euskara normalizatzeko plan orokorra irakurri eta defendatzea. Bigarren proba egiten den egunean aurkeztuko da plan hori (hura aurkezten ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira).

Txostena zein haren defentsa baloratuko ditu epaimahaiak. Ordu erdi bat izanen dute izangaiek defentsarako, eta beste ordu erdi bat utziko da galdera eta erantzunetarako.

Txostenean alderdi hauek garatu behar dira behintzat: euskararen egoeraren diagnostikoa, helburuak, lehentasunak finkatzeko irizpideak, udalerriaren eragileak eta bitartekoak, jarduera zehatzak eta ebaluatzeko tresnak.

Bigarren ariketa honetan gehienez ere 20 puntu emanen dira (hura gainditzeko gutxienez ere 10 puntu eskuratu beharko dira).

d) Laugarren proba. NAPIk prestatutako proba psikoteknikoak egitea.

Aurreko probak gainditu dituzten izangaiek proba psikoteknikoak eginen dituzte baztergarria ez den proba honetan, deialdi honetako lanbide-profilerako eta lanposturako egokiak diren ikusteko. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak eginen ditu proba hauek eta haren emaitza loteslea izanen da epaimahaiarendako. Gehienez ere 10 puntu emanen dira proba horretan.

8.4. Oposizioko ariketa idatzietan pliken sistema erabiliko da.

8.5. Oposizioko proba guztiak euskaraz eginen dira.

8.6. Probetara ezin izanen da kontsultatzeko materialik eraman.

8.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Baztertuak izanen dira probetarako iragarri egun, ordu eta tokietan aurkezten ez direnak, arrazoia edozein izanda.

9. Proben balorazioa.

9.1. Epaimahaikideek kalifikazioa eginen dute, eta guztien batezbesteko aritmetikoa izanen da dagokion ariketari emanen zaion puntuazioa. Epaimahaiko kideek emandako gehieneko puntuazioaren eta gutienekoaren artean aldea baldin bada ariketarako aurreikusi den puntuazioaren %30etik gorakoa, ez da aintzat hartuko bi muturretako ezein puntuazio, eta banaz bertzeko aritmetikoa, gainerako puntuazioekin lortuko da.

9.2. Ariketa bakoitza ebaluatu ondoren, epaimahaiak ariketa gainditu duten izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak jendaurrean edukiko ditu Udaleko iragarki oholean eta ariketa egiteko erabilitako lokaletan. Halaber, oposizioko hurrengo ariketa egiteko lekua, eguna eta ordua ezarriko ditu.

10. Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

10.1. Azken ariketaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda emanen du argitara iragarki oholean, bakoitzaren puntuazioaren hurrenkeraren arabera egina eta puntuaziorik altuena eskuratu duen izangaiarekin hasia. Horretarako, izangai bakoitzak ariketetan lortutako kalifikazioak batuko ditu.

10.2. Epaimahaiak Alkatetzari igorriko dio puntuazio altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren bulegoan:

a) Deialdiaren 3.1.d) atalean eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua.

b) Osasun txostena, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo Administrazio Publikotako zerbitzutik ez dela bereizia izan erakusten duena.

d) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

10.4. Aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoitutako ezinbertzeko kasuetan salbu, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe.

10.5. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, alkateak puntuazioen zerrendan, 10.1 oinarrian aipatzen den horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta harekin aurreko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

11. Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

11.1. Alkateak, ebazpen baten bidez, aurreko oinarrian ezarritakoa bete duen izangaia izendatuko du Antsoaingo Udaleko lan-kontratudun finko, euskara teknikariaren lanpostua betetzeko. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horretan eta ezinbertzekoetan izan ezik, lanpostuaz jabetzen ez bada, Antsoaingo Udaleko lan-kontratudun bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu. Horrelakorik gertatuz gero, 11.1 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

12. Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bertzenaz,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Antsoainen, 2011ko ekainaren 1ean.-Alkatea, Antonio Gila Gila.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Eskatzailearen datuak:

Izen-deiturak:

Jaioteguna:

NANa:

Helbidea:

Herria:

Posta kodea:

Telefonoa:

Posta elektronikoa

Honako hau azaltzen dut:

Antsoaingo Udalak, ............. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, argitaratu duela euskara teknikari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzeko deialdia.

Deialdian eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Deialdian eskatzen diren agirien fotokopia konpultsatua eransten dudala, baita lehiaketaldian baloratu beharreko merezimenduena ere.

Eskabide hau onartu eta, horrenbertzez, delako deialdiko probetara onartua izateko eskatzen dut.

(Data eta eskatzailearen sinadura)

ANTSOAINGO UDALEKO ALKATEA.

Datuen babesa.-Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Antsoaingo Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Antsoaingo Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu.

II. ERANSKINA

Ariketa teorikoen gai zerrenda

1. Kontaktuan dauden hizkuntzei buruzko oinarrizko kontzeptuak: hizkuntz komunitatea, hizkuntza gutxietsiak, hizkuntz aniztasuna, diglosia, hizkuntzen arteko gatazka, hizkuntz normalizazioa, hizkuntz politika, hizkuntz plangintza, hizkuntz ekologia, hizkuntz eskubideak eta ofizialtasuna.

2. Euskararen legezko egoera. Konstituzioak, autonomia estatutuak eta lege organikoak. Euskarari buruzko Foru Legea. Euskarari buruzko Foru Legea garatzen duten xedapen nagusiak eta euskararen gaineko udal ordenantzak Nafarroan.

3. Euskararen egoera demolinguistikoa Nafarroan. Hizkuntz gaitasunari eta euskararen transmisioari buruzko datuak eta ikerlanak, eta euskararen erabilpenari buruzko datuak eta estatistikak.

4. Euskararen egoera funtzionala. Euskararen erabilera gizartearen esparruetan.

5. Euskararen historia soziolinguistikoa.

6. Nazioarteko itunak, hitzarmenak eta adierazpenak hizkuntz aniztasunaren inguruan.

7. Hizkuntz errepertorioa: hizkuntzaren aldagaiak eta eremuak. Euskararen errepertorioa: batua, aldaera geografikoak, gazteen hizkuntza, hizkuntza administratiboa...

8. Nazioarteko soziolinguistikaren ekarpen teorikoak: Fishman, Mackey, Cooper, Aracil...

9. Nafarroako soziolinguistikaren ekarpen teorikoak: Txepetx, Txillardegi, Odriozola, Zalbide...

10. Ikerketa soziolinguistikoaren metodologiak. Metodo kuantitatibo, kualitatibo eta parte-hartzekoak. Euskararen erabilera kalean neurtzea.

11. Hizkuntza gutxiagotuak nazioartean normalizatzeko erabiltzen diren hizkuntz politikaren ereduak. Lurraldetasunaren eta eskubide pertsonalaren kontzeptuak.

12. Azpiegitura euskara Nafarroan normalizatzeko. Entitate publikoak eta gizarte entitateak.

13. Entitate publiko eta pribatuetan hizkuntza normalizatzeko planak.

14. Euskararen tratamendua Administrazioko lanpostuetan. Derrigortasuna. Ezagutza mailak. Baliokidetasunak.

15. Nafarroako toki entitateen euskara zerbitzuak. Nafarroako Udal Euskara Teknikarien Sarea.

16. Euskara ikasteko eta irakasteko moduak. Helduen euskalduntzea eta alfabetatzea. Hizkuntz ereduak.

17. Euskararen kalitatea. Zuzentasuna. Egokitasuna. Koherentzia. Kohesioa.

18. Euskaraz lan egiteko tresnak: euskarazko softwarea, hiztegiak, estilo liburuak, itzulpen memoriak, aholkularitza zerbitzuak...

19. Nafarroako toki entitateen antolaketa eta eskumenak.

III. ERANSKINA

Lehiaketaldiak gehienez ere 25 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:

1.-Lan esperientzia: 15 puntu, gehienez ere.

a. Toki entitate baten zerbitzuan euskara teknikariaren lanpostuan lan egiteagatik: 4 puntu/urtea, gehienez 12 puntu. Zatiki bakoitzeko, haren ehunekoa.

b. Beste administrazio publiko batean euskara teknikariaren lanpostuan lan egiteagatik: 2 puntu urteko, eta 6 puntu gehienez ere. Zatiki bakoitzeko, haren ehunekoa.

c. Elkarte edo erakunde pribatuetan euskara normalizatzeko dinamizatzaile, koordinatzaile edo teknikari gisa lan egiteagatik: 2 puntu urteko, eta 6 puntu gehienez ere. Zatiki bakoitzeko, haren ehunekoa.

2.-Ikasketa tituluak: 4 puntu, gehienez ere.

a. Hizkuntz planifikazioko graduatu ondokoa: 2 puntu.

b. Euskal Filologiako lizentziatua: puntu 1.

c. Soziologiako lizentziatua: puntu 1.

3.-Lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak: 4 puntu, gehienez ere.

Atal honetan kontuan hartuko dira soziolinguistikari buruzko ikastaroak eta euskara maila hobetzeko ikastaroak (EGA baino maila handiagokoak). Hizkuntzalaritza arloko ikastaroak ez dira kontuan hartuko. Puntuak honelaxe banatuko dira:

a. 10etik 30 ordura bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,25 puntu.

b. 31tik 50 ordura bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,50 puntu.

c. 51tik 100 ordura bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,75 puntu.

d. 101 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: puntu 1.

4.-Soziolingusitikari buruzko argitalpen, komunikazio, mintzaldi, ikastaro eta ikerlanengatik (epaimahaiak baloratuko du nolako kalitatea duten): 2 puntu, gehienez ere.

a. Argitaratutako liburu bakoitza: puntu 1.

b. Argitaratutako artikulu bakoitza: 0,25 puntu.

c. Komunikazio, mintzaldi ikastaro edo ikerlan argitaratu gabe bakoitza: 0,15 puntu.

Lehiaketan aurkezten diren dokumentu guztiek jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izan beharko dute. Aurkeztutako merezimenduak behar bezala frogatuko dira: hasiera eta amaiera datak zehaztuko dira, baita lanaldi mota, hala behar duenean, eta atal horiei dagokien puntuazioa kalkulatzeko beharrezkoa den informazio guztia ere.

Antsoainen, 2011ko ekainaren 1ean.-Alkatea, Antonio Gila Gila.

Iragarkiaren kodea: L1109912