122. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

211/2011 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Pitillasko, Murillo el Cuendeko eta Santakarako udal mugapeetan, "El Bosque" alderdian, legarra ateratzeko proiekturako, Nafarroako Ubideko Eremu Ureztagarrien IX. sektorea berrantolatu eta ureztalur bihurtzeari lotutako eraikuntza lanetarako. Sustatzailea Aguacanal da.

2011ko martxoaren 7an, sustatzaileak ebazpenaren idazpuruan azaldutako espedienteari buruzko Ingurumen ukipenetarako baimena eskatu zuen.

Murillo el Cuenden Nafarroako Ubideko IX. sektorea berrantolatu eta ureztalur bihurtzeko akordioko 715. lurzatiaren zati batean egin nahi da legar ateratzea. Lurzati hori bat dator udalerri horretako lehenagoko 4. poligonoko 40. lurzatiarekin. 70.200 m³ zagor natural lortu nahi dira, lurzati berrantolamenduko eta eremua ureztalur bihurtzeko obretarako, bereziki bideak egiteko eta hobetzeko. Murillo el Cuendeko 4. poligonoko 40. lurzatiko 50.984 metro koadrotik 33.411 bat metro koadro okupatuko dira. Haren erabilera nekazaritzakoa da ia guztiz.

Lurzatiaren topografiari dagokionez, bizkar pixka bat du, eta hegoaldean eta ekialdean ezponda handiagoak ditu. Hegoaldeko ezpondan (Murillo el Cuendeko 4. poligonoko 40 B eta 40 D azpilurzatiei dagokie) Nahitaez Zaindu beharreko Balio Naturaleko 280. elementua mugatu da Nafarroako Ubideko sektore honetako Ingurumen ukipenen azterlanean. Baina egiaztatu da ez duela kalitatezko landarediarik, izan ere arbendol sail abandonatua eta larre bat besterik ez da, eta ez du ingurumen balio handirik. Esparru hori kendu eginen da, izan ere erauzketa perimetroaren barnean gelditzen baita.

Bizkarreko ezponda horretako hego-ekialdean, erauzketak neurri batean 40 C azpilurzatia ukituko du. Han bada ezkai soro bat, ingurumen balio zerbait baduena, eta hala ere, akats bat dela-eta, Ingurumen ukipenen azterlan horretan sailkatu ez dena.

40. lurzatiaren ekialdera, erauzketarako aurreikusitako mugatik kanpora, bada sakan txiki bat lurzatira sartzeko bidearen ondoan. Han ihitza eta lezkadia sortu da, hezetasuna azaleratu izateagatik, eta Ingurumen ukipenen azterlanean Nahitaez Zaindu beharreko Balio Naturaleko 279. elementu gisa mugatu da.

Erauzketaren ondoren bizkarra beheititurik geldituko da, eta hegoaldera dagoen etena kenduko da, baita, neurri batean, ekialdera dagoena ere. Horrela, alde horretan ezponda txiki bat gordeko da, Nahitaez Zaindu beharreko Balio Naturaleko 279. elementuari dagokion hezegunerantz. Hortaz, alorrak, nekazaritzarako itzuliko denak, aldapa txikia izanen du hegoalderantz.

Kenduko diren balio naturaleko azaleren konpentsazio gisa, sustatzaileak planteatzen du hiru eremu landu gabe utz daitezela. Horietako bi Alto de Arasan planteatu dira, Pitillasen, Pitillasko 1. poligonoaren 83. lurzatian dagoen baltsa baten ondoan, eta bestea zerrenda moduan planteatu da, poligono horretako 90. lurzatian dagoen mendi mazela baten mugan, Murillo el Cuenderen mugan. Hirugarren eremua erauzketako lurzatian berean dago, oraingo C azpilurzatiaren hego-ekialdean; azpilurzati hori, aldapa txikia izan arren, gaur egun nekazaritzarako erabiltzen da. Erauzketaren ondoren ureztaketa-lurzati berriko bazterreko eremu bihurtuko da.

Espedientea -bere ezaugarriak direla-eta- abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O atalean sartua dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean. Espedientean, Murillo el Cuendeko Udalaren adostasun txostena ageri da.

Espedientea osorik dago eta nahikoa da, eta bertan dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Pitillasko, Murillo el Cuendeko eta Santakarako udal mugapeetan, "El Bosque" alderdian, legarra ateratzeko proiekturako, Nafarroako Ubideko Eremu Ureztagarrien IX. sektorea berrantolatu eta ureztalur bihurtzeari lotutako eraikuntza lanetarako. Sustatzailea Aguacanal da.

2. Baimen hau sustatzaileak proposatutako zuzenketa eta lehengoratze neurriak eta ingurumen jarraipenekoak betetzearen mende dago, eta neurri hauek ere hartu beharko dira:

-Proiektuko Ingurumen ukipenenetarako azterlanean aurreikusitako jarraipen arkeologikoa eginen da.

-Aurkeztutako topografian adierazitako mugarekin bat balizatuko da erauzketa eremuko ekialdeko aldea, han dagoen ezpondaren zatia ez ukitzeko, batez ere erauzketan sarturik ez dagoen C azpilurzatiko zatia, eta hezegunea zaintzeko (Nahitaez Zaindu beharreko Balio Naturaleko 279. elementua).

-Erauzketa bukatutakoan, zuhaixka autoktonoak landatu beharko dira (elorri beltza, elorri zuria edo milazka), ekialdeko ezponda eta hezegunea (Nahitaez Zaindu beharreko Balio Naturaleko 279. elementua) mugatuz, hura babesteko eta haren balio naturala sendotzeko.

-Konpentsazio eremuak mugarrituko dira topografiako piketa bidez, hurbileko landaketetatik bereizteko, Nafarroako Ubideko IX. sektorearen ustiapeneko lehen urteetan. Behar izanez gero, zuhaixkak landatuko dira eremu horien mugetan, alorren aldera.

-Erauzketaren hedaduran edo lurzatia lehengoratzeko lanetan ezer aldatuz gero, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalari jakinaraziko zaio, ontzat eman dezan. Okupazio handiagoa behar izanez gero, gomendatzen da Murillo el Cuendeko 4. poligonoko 40. lurzatiaren iparraldera eta mendebaldera hedatu dadila.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa da 8.900 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, kontuan izanik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 109. artikulua.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazioek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hura jakinarazi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Pitillasko Udalari eta sustatzaileari igortzea.

Iruñean, 2011ko ekainaren 2an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1110104