122. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

198/2011 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Ablitasko hondakin uren eta Ebro Behereko Araztegiaren arteko lotura kudeatzeko sistemarako oinarrizko proiektuari. Proiektuaren sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak, S.A. da.

2011ko martxoaren 14an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan sartu zen txosten honen idazpuruan aipatzen den espedientearen ingurumen arloko baimenerako eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko N atalean sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela; horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren maiatzaren 24ko aldeko txostena jaso da.

Espedientea Ablitasko eta Ribaforadako udalei igorri zitzaien. Apirilaren 18an eta maiatzaren 9an jaso ziren erantzunak, hurrenez hurren. Ablitasko Udalak adierazi du jarduketa bat datorrela indarreko hirigintza araudiko determinazioekin, eta Ribaforadakoak, berriz, sarearen neurri egokiak justifikatzeko eskatzen du, kontuan harturik udalerrian aurreikusia dagoela etxebizitzetarako eta industriarako lurzorua gehitzea; horrez gain, adierazi du hustubideak ez diola eragin behar egun dagoen industriako lurzoru urbanizagarriari. Alegazioak sustatzaileari igorri ondoren, hark beste soluzio bat erabaki zuen, Ribaforadako Udalarekin ados, tramitazioan dagoen proiektuan ingurumenaren aldetik funtsezko aldaketarik ekarriko ez duena.

Jarduketaren xedea da Ablitasko isurketak Ebro Behereko hondakin uren araztegira igortzea. Horretarako, hustubide bat eraikiko da, Ablitasko herriguneko hondakin urak Ribaforadako industrialde bateraino eramanen dituena, eta bertan Ebro Behereko araztegiko kolektore orokorrarekin lotuko da. Proiektuan aurreikusirik dago, halaber, egungo araztegia garbitzea eta ondoren gainezkabide gisa erabiltzea.

Proiektatutako soluzioak Ribaforadako industrialdearen parean du abiapuntua, eta bertan lotzen da Ebro Behereko araztegira doan kolektore orokorrarekin. Hasieratik, kolektoreak 8.781 metro egiten ditu landa lurretan barna eta 419 metro herrigunean. Grabitate bidezko hoditeria da, 400 mm-ko diametrokoa eta PVCzkoa. Lanerako eremuak 17 metroko zabalera izan beharko du.

Proiektuak ingurumenean duen eragina bateragarria da, hodiaren trazadura alorretan barna doalako, salbu eta NA-3042 errepidearen ondotik doan tarte batean, sastrakadi mediterraneo urriaren gainean, COD-UE 1310 eta 1420 (salicorniaren eta beiraki-belarreko sastrakadien komunitateak) Batasunaren intereseko habitateko ohiko landaretzarekin. Guztira, alorretan 850 metro ukitzen ditu (14.450 m²) eta 960 metro sastrakadi mediterraneo sakabanatuan, lur soil askorekin (16.320 m²).

Proiektuak Ingurumen ukipenen azterlana du, zehatz-mehatz aztertzen duena azterlanaren eremuan garrantzia duten ingurumen balioen gaineko ingurumen arloko eragina. Horrez gain, ingurumenaren arloko eraginaren prebentzio eta zuzentze neurri egokiak proposatzen ditu, eta lanerako eremua ahalik eta gehien murriztea berezko landaretzaz estalirik dauden tokietan, obrako zuinketa egokia, edo landaberritzeko neurriak, sortutako eragina zuzentzeko neurri gisa.

Proiektua aztertuta, ingurumenaren gaineko ukipen garrantzizkorik ez duela iritzi zaio, betiere ebazpen honetan jasotako neurriak ez eze, ukipenen azterlanean aurreikusitako neurri zuzentzaileak ere aplikatzen badira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Ablitasko hondakin uren eta Ebro Behereko Araztegiaren arteko lotura kudeatzeko sistemarako oinarrizko proiektuari. Proiektuaren sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak, S.A. da.

2. Baimenak Ingurumen ukipenen azterlanean sartutako prebentzio eta zuzenketa neurriak hartzera behartzen du, baita baldintza hauek betetzera ere:

-Azalera zorrotz zedarrituko da berezko landaredia duten tokietan, haren gaineko zuzeneko ukipenak ahalik eta txikienak izan daitezen; material metaketak eta makineria azalera horietatik kanpo utziko dira, inguruko landarediaren gainean inolako ukipenik ez gertatzeko kontrolatuz. Toki horietan (NA-3042 errepidearen ondotik doan tartean eta erretenak gurutzatzean), okupatu beharreko eremua ahal den txikiena izanen da, eta proiektatutako zabalera murriztu eginen da (17 metro).

-Zangak zulatzean ateratzen diren lurrak berriz erabiliko dira obran bertan. Landare lurra, 30 cm-ko gutxieneko geruza, zangaren alde batean pilatuko da, eta ateratako gainerako materialak beste aldean utziko dira.

-Bideak, erretenak etab. eraistean sortzen diren hondakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek eraman beharko ditu, berriz baloratu edo erabiltzeko. Ablitasko egungo araztegiaren garbiketatik sortutako lohiak, berriz zirkulazioan jartzen ez badira, hondakinen kudeatzaile baimenduak eraman beharko ditu. Horri dagokionez, gogorarazi behar da Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan eraikuntza eta eraispen hondakinen produkzioa eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2001 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, behin lanak amaituta eraikuntza eta eraispen hondakinen sortzaileak fidantza itzultzeko eskaera aurkeztu beharko diola kasuan kasuko udalari, hondakinen kudeaketa egokia frogatzen duen entrega ziurtagiriarekin edo fakturarekin batera.

-Lanek ukitutako azalera guztiak Ingurumen ukipenen azterlanean deskribatutakoaren arabera lehengoratuko dira. Edonola ere, eta landareztatze lanak hasi aurretik, zanga guztiak bete eta gainean landare lurra zabaldu eta gero, lurren profilaketa eta finketa eginen da, lur eremu naturalari fisiografikoki ongi egokitzeko.

-Obrak hasi aurretik, Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena eskuratu beharko da.

Hirigintza arlokoak:

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskumena duen organoari eskatu eta gero.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ablitas eta Ribaforadako udalei eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko ekainaren 1ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1110009