122. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, 2011ko ekainaren 13koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Aberingo udal mugapeko "La Plana" ustiapen proiektuaren (3.534. zenbakiko ustiapen emakida) lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, desjabetzea egin ahal izateko.

Industriako zuzendari nagusiaren ekainaren 17ko 776/2003 Ebazpenaren bidez, Aberingo udal mugapean "La Plana" legar-hobia ustiatzeko "Áridos y Canteras del Ega, S.L."ri baimena eman zitzaion. Geroago, Enpresako zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 2217/2008 Ebazpenaren bidez, "La Plana" (3.534. zenbakiko ustiapen emakida) legar-hobiaren ustiapenaren C sekzioa birsailkatzea erabaki zen eta Aberin eta Morentin udal mugapeetan 5 laukiko azalera baimendu zen.

Meatzeei buruzko uztailaren 21eko 22/1973 Legearen 105. artikuluak ezartzen du emakida emateak onura publikoa deklaratzea ekarriko duela berarekin eta lurrak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badira.

Aberingo 3. poligonoko 31. lurzatiaren jabearekin akordio batera iritsi ez zenez, "Áridos y Canteras del Ega, S.L."k desjabetze espedienteari hasiera emateko eta Aberingo 3. poligonoko 31. lurzatiaren okupazioa presakoa dela adierazteko eskaera egin du.

Enpresako zuzendari nagusiak maiatzaren 25ean emandako 986DGE/2011 Ebazpenaren bidez, ukitutako titular, ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onetsi zen eta Jesús Echeverría Sotok, lurzatiaren jabeak, jendaurreko epean egindako alegazioei erantzuna eman zitzaien.

2011ko maiatzaren 13ko idazkian, "Áridos y Canteras del Ega, S.L."k justifikatu du Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren presako prozedurara jo beharra, haren ustez lanak gelditzeak ustiapen proiektu orokorrean eta urteko lanen planetan aurreikusitako ustiapen-erritmoak moteltzea baitakar eta horrek jardueraren bideragarritasunean eragina izaten ahalko luke, bereziki agregakinen erauzketa industriaren sektorearen gaur egungo krisia kontuan harturik.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. "La Plana" (3.534. zenbakiko ustiapen emakida) ustiapen proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Okupazioa Aberingo udal mugapeko 3. poligonoko 31. lurzatiari dagokio, Jesús Echeverría Soto jaunarena.

2. Erabaki hau Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Laguntza Juridikoaren Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Erabaki hau jakinaraztea Jesús Echeverría Sotori eta "Áridos y Canteras del Ega, S.L."ri, eta ohartaraztea administrazio bidea amaitzen duen erabaki horren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2011ko ekainaren 13an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1110625