122. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2011ko ekainaren 13an hartua, etxebizitza arloko jarduketa babesgarrietarako mailegu kualifikatuei aplikatuko zaien urteko interes tasa efektiboa finkatzen duena, 1997an finantza entitateekin egindako lankidetza hitzarmenen gerizan.

Ekainaren 23ko 167/1997 Foru Dekretuaren bidez, etxebizitza arloko jarduketa babesgarrietarako 1997an finantza entitateekin egindako lankidetza hitzarmenen gerizan ematen diren maileguen baldintzak arautu ziren; dekretu horren 2. artikuluak ezartzen zuen mailegu horien urteko interes tasa efektiboa (UTB) urtero berrikusiko zela 1998ko uztailaren 1etik, emandako maileguak amortizatu arte. Berrikuspen hori Nafarroako Gobernuak eginen du, aipatu foru dekretuan aurreikusitako formula aplikatuz.

Hori horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak eta Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposatuta, Nafarroako Gobernuak,

ERABAKI DU:

1. Etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak finantzatzeko 1997an finantza entitateekin egindako lankidetza hitzarmenen gerizan ematen diren mailegu kualifikatuen urteko interes tasa efektiboa %2,719an ezartzea. Finantza entitateek ezin izanen dute, inola ere, urteko tasa efektibo altuagorik aplikatu, zein diren ere ordaintzeko aplikatzen diren mugaegunen arteko epea.

2. Aipatutako interes tasa berria bizirik dauden mailegu kualifikatuei aplikatuko zaie eta 2011ko uztailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

3. Berraztertutako interes tasa efektiboa txikiagoa bada mailegu hartzaileari dagokion interes tasa subsidiatua baino, bi interes tasa efektibo horietako lehena aplikatuko da bakar-bakarrik.

4. Erabaki hau finantza entitate interesdunei jakinaraztea, eta adieraztea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta, aukeran, hauetako errekurtsoren bat jar daitekeela:

-Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari berari zuzendua, hilabeteko epean.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean.

Epeak erabaki hau argitara eman eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasiko dira.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Etxebizitza Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko ekainaren 13an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1110600