95. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10033E/2010 EBAZPENA, uztailaren 1ekoa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitatean prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarriak egiteko diru-laguntza publikoen deialdia eta oinarriak onetsi, eta 200.000 euroko gastua baimentzen duena.

Lanerako lanbide prestakuntzaren helburua enpresentzako eta jardunean zein langabezian dauden langileentzako prestakuntza sustatu eta hedatzea da, bakoitzaren beharrei erantzuteko eta ezagutzan oinarritutako ekonomia garatzen laguntzeko baliagarria dena, hain zuzen. Prestakuntza mota hori martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuak arautu zuen.

Aipatu errege dekretuan ageri diren lanerako lanbide prestakuntzako ekimenen artean prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarriak daude. Horien xedea da lanerako lanbide prestakuntzaren azpisistemaren eraginkortasuna hobetzea.

Lan eta Immigrazioko Ministerioaren irailaren 26ko 2805/2008 Aginduaren bidez (2008ko 242. Estatuko Aldizkari Ofiziala, urriaren 7koa), prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarriak egiteko diru-laguntza publikoen oinarri arautzaileak ezarri ziren.

Deialdi honen babesean diruz laguntzen diren prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarriak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatuko dira, Batzordearen 2007ko abenduaren 14ko Erabakiarekin bat (CCI2007ES05UPO001). Erabaki horren bidez Erkidegoak esku hartzeko "Egokigarritasuna eta enplegua" programa eragilea onetsi zen, Espainian enplegua lortzeko eta eskualdeen elkarganatzea eta lehiakortasuna sustatzeko 2007ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31 bitarterako ezarritako helburuen esparruan, hori guztia "enpresa izaera sustatzea eta langileen, enpresen eta enpresaburuen egokigarritasuna hobetzea" izeneko lehentasunezko ardatzean aurreikusitako jarduketen barrenean. Hori dela eta, deialdi honetan aplikatzekoa da TIN/2965/2008 Agindua, Europako Gizarte Funtsak 2007tik 2013ra bitarte diruz laguntzen ahalko dituen gastuak zehazten dituena alegia, agindu horretan ezarri baitira Europako Gizarte Funtsaren kargura kofinantzazioa jaso ahal izateko gastuetan bete behar diren irizpide orokorrak, bai diru-laguntzenak bai gastuen justifikaziokoak.

Eskualdeetako lehiakortasuna eta enplegua sustatzeko helburuan sartutako eskualdeetan lehentasunezko ardatz honen barrenean garatzen diren jarduketak Europako Gizarte Funtsak %50ean kofinantzatzen ditu, diruz lagungarria den guztirako gastua kontuan harturik.

Deialdi honek Batzordearen 2008ko abuztuaren 6ko 800/2008 EE Erregelamenduak ezarritakoa betetzen du, izan ere horren bidez merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz (2008ko abuztuaren 9ko EBAO, L 214).

Azaldutakoarekin bat, eta maiatzaren 21eko 47/2007 Foru Dekretuak onetsi zituen Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 13. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarriak egiteko diru-laguntza publikoen 2010eko deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

200.000,00

G/882001/4819/242103: Prestakuntzaren ekintza osagarriak EGF 2007ESO5UPO001

2010

4. Baimendutako gastua (RCSA 2750 zenbakia) honako ekintza osagarri hauetan banatuko da: 32.000 euro "Ingurumenaren sektorearen prestakuntza beharren diagnostikoa" egiteko, 21.000 euro "Ileapaingintza eta estetika zerbitzuen sektorearen prestakuntza beharren diagnostikoa" egiteko, 21.000 euro "Jarduera fisikoen eta kirolaren sektorearen prestakuntza beharren diagnostikoa" egiteko, 35.000 euro "Tutera eta Nafarroako Erribera aldean enplegurako prestakuntzaren analisia. Prestakuntza beharren diagnostikoa" egiteko, 36.000 euro "Enpresa eremuko berri-emaile giltzarrien sare bat sortzea. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko prestakuntza espezialitateen katalogoko prestakuntza arloko lehentasunen eguneratzea" egiteko, eta 55.000 euro "Gaitasun giltzarrien ebaluazioa egiteko probak prestatzeko".

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratu ahalko dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2010eko uztailaren 1ean.-Zuzendari kudeatzailea, José Luis Ruiz Ciruelos.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

Lehena.-Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarriak egiteko diru-laguntza publikoen deialdia eta haiek egiteko diru-laguntza publikoak emateko oinarriak onestea, irailaren 26ko TIN/2805/2008 Aginduan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

Bigarrena.-Diru-laguntzen helburua eta emateko printzipioak.

1. Martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuaren III. kapituluan ezarritakoarekin bat, prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarriek xede dituzte izaera orokorreko eta sektorialeko ikerketak, sektoreko eta sektore arteko ikerketa eta berrikuntza ekintzak edo lanerako lanbide prestakuntzaren azpisistema zabaltzekoak, eta langabezian zein jardunean dauden langileentzako aholkularitza bermatzen duten lanbide informazioa eta orientazioa.

2. Helburua. Deialdiaren bidez finantzatzen diren proiektuen helburua da lanerako lanbide prestakuntzaren azpisistemaren eraginkortasuna hobetzea.

3. Deialdiak arautzen dituen diru-laguntzak norgehiagokako araubidearei jarraikiz emanen dira, objektibotasunaren, berdintasunaren, gardentasunaren eta publizitatearen printzipioetan oinarrituta.

Hirugarrena.-Ekintza motak.

Prestakuntza arloko ekintza osagarri eta lagungarriak, etengabeko prestakuntzaren azpisistema hobetzeko ezagutza eta esperientzia sortzeko oinarri gisa, irailaren 26ko TIN/2805/2008 Aginduan oinarritutako mota hauekin bat etorriko dira:

1. Ingurumenaren sektorearen prestakuntza beharren diagnostikoa. Gehieneko finantzaketa: 32.000 euro.

2. Ileapaingintza eta estetika zerbitzuen sektorearen prestakuntza beharren diagnostikoa Gehieneko finantzaketa: 21.000 euro.

3. Jarduera fisikoen eta kirolaren sektorearen prestakuntza beharren diagnostikoa Gehieneko finantzaketa: 21.000 euro.

4. Tutera eta Nafarroako Erribera aldean enplegurako prestakuntzaren analisia. Prestakuntza beharren diagnostikoa. Gehieneko finantzaketa: 35.000 euro.

5. Enpresa eremuko berri-emaile giltzarrien sare bat sortzea. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko prestakuntza espezialitateen katalogoko prestakuntza arloko lehentasunen eguneratzea. Gehieneko finantzaketa: 36.000 euro.

6. Gaitasun giltzarrien ebaluazioa egiteko probak prestatzea. Gehieneko finantzaketa: 55.000 euro.

Azaldutako ekintzen bat duten proiektuetan jardunaldi teknikoak egiteko aukera sar daiteke, azken produktuak zabaltzeko eta horien emaitzei buruzko proposamenak, alternatibak eta iradokizunak biltzeko.

Laugarrena.-Prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarrien finantzaketa.

Deialdi hauetan arautzen diren ekintza osagarri eta lagungarriak egiteko baimendutako gastua 200.000 eurokoa da, "Prestakuntzarako ekintza osagarriak. EGF 2007ESO5UPO001" izeneko 882001 84200 4819 242103 kontu-sailaren kargura, 2010eko gastuen aurrekontuetako "Enpresa Ekimena eta Etengabeko Prestakuntza" (3. helburua) izeneko programa eragilearen barnean.

Europako Gizarte Funtsak diruz lagungarria den guztirako gastuaren %50 finantzatuko du, Batzordearen 2007ko abenduaren 14ko Erabakiarekin bat (CCI2007ES05UPO001). Erabaki horren bidez Erkidegoak esku hartzeko "Egokigarritasuna eta enplegua" programa eragilea onetsi zen, Espainian enplegua lortzeko eta eskualdeen elkarganatzea eta lehiakortasuna sustatzeko 2007ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31 bitarterako ezarritako helburuen esparruan, hori guztia "enpresa izaera sustatzea eta langileen, enpresen eta enpresaburuen egokigarritasuna hobetzea" izeneko lehentasunezko ardatzean aurreikusitako jarduketen barrenean.

Bosgarrena.-Entitate onuradunak.

1. Gizarte Segurantzan inskribaturiko enpresa, entitate edo erakundeek hartzen ahalko dituzte laguntza hauek, beren helburuen artean finantzatzen ahal diren jarduerak edo etengabeko prestakuntzari lotuak egiten badituzte eta deialdian ezartzen diren beste betebeharrak betetzen badituzte. Administrazio publikoak ezin izanen dira diru-laguntza hauen onuradun izan.

2. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden entitateei.

3. Entitate eskatzaileak gutxienez ere hiru urteko esperientzia egiaztatu beharko du, eta proposaturiko lanaren antzekoak edo harekin zerikusia duten bi lan gutxienez eginak izan.

4. Entitate batek bi ekintzatarako eskaera egin dezake gehienez. Hori alde batera utzita, entitate batek ezin du bere lankidetza deialdiko bi eskaeratan baino gehiagotan proposatu.

Seigarrena.-Eskaerak.

1. Ekintza osagarriak egiteko diru-laguntzen eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko zaizkio eta bulego nagusietan eskuratzen ahalko diren eredu normalizatuetan beteko dira. Lehenik, helbide honetan eskatu beharko dira: equipo.tecnico.sne@navarra.es.

2. Eskabideak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipaturiko erregistro eta bulegoetan ez ezik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan ere aurkez daitezke, prozeduraren instrukziorako organo eskuduna baita.

3. Eskabidearekin batera, deialdi honetako zazpigarren oinarrian aipatzen diren agiri teknikoez gain, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen izena eta sozietatearen izena.

b) Eskaera egiten duen legezko ordezkari baimenduaren identifikazioa eta sinadura.

c) Diru-laguntza zein ekintzatarako eskatzen den.

d) Eskaturiko diru-laguntzaren zenbatekoa.

e) Eskatzailearen aitorpena, eskaeran emandako informazioa eta datuak benetakoak direla dioena, eta, hala denean, diru-laguntza ematen duen organoa baimentzea Foru Ogasunari eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari eskatzeko eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak beteak dituen jakiteko datuak.

f) Eskatzaileak azken hiru urteetan egindako lan garrantzitsuenen zerrenda, betiere diru-laguntza eskaerako ekintzaren helburuaren antzekoak badira edo harekin lotura handia badute; bereizi egin beharko dira etengabeko prestakuntzarako akordien kontura diru-laguntza hartu dutenak eta hartu ez dutenak.

g) Eskatzaileak azken hiru urteetan bere esku izan duen aurrekontua edo negozio guztien zenbatekoa.

h) Eskatzaileak egin nahi duen ekintza kudeatzeko gaitasun teknikoa duela frogatzen duen memoria; entitate eskatzaileak dituen baliabideak adierazi behar dira eta, hala denean, proiektuaren garapenean parte hartuko duen entitatearenak edo entitateenak.

4. Diru-laguntzarako eskaeran azaldu beharko dira deialdiko hurrengo oinarrian aipatzen diren agiri teknikoetako "proiektua azaltzen duen memoria" sailean ekintza mota bakoitzerako zehazten diren edukiak.

5. Hala behar denean, proiektuaren garapenean laguntzeko aurreikusi diren entitate parte-hartzaileak identifikatu beharko dira, horretan sartuz bai proiektuaren faseren bat garatzeko kontratatu nahi diren zerbitzuen enpresa hornitzaileak, bai eta proiektua gauzatu eta/edo zabaltzeko beste modalitate batzuetan parte hartzen duten entitateak ere. Horretarako, "lankidetzaren eranskinak" bete behar dira, lankidetza nolakoa izanen den zehazteko. Eskatzaileak "lankidetzaren eranskin" bat aurkeztu beharko du entitate parte-hartzaile bakoitzeko, lankidetzan aritzen den entitatearen jatorrizko sinadura duela.

6. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiri eta informazioak:

a) Zuzenbidearen araberako ahalorde askietsia, eskaera sinatzen duenak pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko ahalmena baduela egiaztatzen duena.

b) Entitatearen identifikazio txartelaren fotokopia, bai eta pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduten duen pertsonaren nortasun agiriarena ere.

c) Behar bezala legeztatutako estatutuen fotokopia.

d) Entitatea Gizarte Segurantzan dagokion erregistro administratiboan inskribatuta dagoela frogatzen duten agiriak, eta eskatzen duen diru-laguntza jaso ahal izateko baldintzak betetzen dituela egiaztatzen dutenak.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatu egoeretakoren batean ez dagoela dioen aitorpena (egoera horiek onuradun izatea galaraziko liokete).

Ez da beharrezkoa izanen agiri horiek aurkeztea lehendik Nafarroako Enplegu Zerbitzuan baldin badaude. Halakoetan, eskatzaileak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 35. artikuluko f) letran ezarritakoari heltzen ahal dio, baina Nafarroako Enplegu Zerbitzuan zein espediente zenbakirekin tramitatu ziren esan beharko du.

7. Prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarrien finantzaziorako eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuak erabakitako eredu normalizatuen bidez eginen da.

Zazpigarrena.-Dokumentazio teknikoa.

Deialdiko seigarren oinarrian aipatzen diren agiriak galarazi gabe, ekintza osagarriak egiteko, kontuan izan beharko dira agiri teknikoetan ekintza finantzagarrien mota bakoitzerako aipatzen diren alderdiak; hortaz, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bulego nagusietan alderdi hauei buruzko agiri teknikoak jarri dira eskatzaileen eskura:

a) Agindu teknikoak. Ekintzak garatzerakoan kontuan izan beharreko edukiak eta ezaugarriak deskribatzen dira horietan.

b) Proiektua azaltzen duen memoria. Diru-laguntza eskatzeko eredu normalizatuan sartu beharreko berariazko puntuak deskribatzen dira atal honetan.

c) Balorazio teknikoa. Diru-laguntzarako onartuko diren eskaerak hautatzeko oinarri izanen diren irizpideak azaltzen dira atal honetan.

d) Ekintza bukatutakoan aurkeztuko diren produktuak. Atal honetan aipatzen dira Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eman beharko zaizkion berariazko produktuak, finantzatutako ekintzak egin eta gero.

Zortzigarrena.-Balorazio teknikoa.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegu Behatokiaren eta Prestakuntzaren Zerbitzua izanen da aurkezten diren espedienteak instruituko dituen organoa.

2. Organo instruktoreak deialdian ekintza mota bakoitzerako eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskaeren balorazio teknikoa eginen du, eta betetzen ez dituztenei laguntza ukatzeko proposatuko. Horretarako, irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Proiektua diru-laguntzen xede diren ekintza motetarako betebehar teknikoekin bat etortzea. Haietariko bakoitzerako ezarririko preskripzio teknikoetan zehazten dira.

b) Entitate eskatzailearen eta ekintzak burutzen dihardutenen gaitasuna frogaturik edukitzea aurkezturiko proiektua garatzeko, lehenagoko esperientziak eta proiektua burutzeko haien eskura utziriko langile eta baliabideak kontuan hartuz.

c) Proiektuaren aurrekontua.

3. Ekintza bakoitzeko eskaera bakar bat baino ez da finantzatuko. Finantzatu beharreko eskaerak hautatuko dira proiektuaren balorazio tekniko eta ekonomikoa egin ondoren lortzen den puntuazioa kontuan hartuz, honako balorazio multzo hauetako ponderazioaren arabera, kontuan hartuz multzo hauetako bakoitzari puntuazio bat dagokiola eta aldagai guztien puntuazio osoa 100 puntukoa izanen dela.

1. multzoa. Proiektua garatzen duten entitateak eta ikerketa taldea.

-Proiektuaren zuzendaritza teknikoaren ardura duen pertsonaren eskarmentua eta kualifikazioa. Gehienez ere, 7 puntu.

-Proiektua gauzatuko duen lantalde teknikoko kideen profila. Gehienez ere, 6 puntu.

-Entitate eskatzaileak antzeko proiektuetan duen eskarmentuaren egiaztapena. Gehienez ere 7 puntu, lankiderik baldin badago, eta 10 puntu, lankiderik ez badago.

-Entitate eskatzaileak azkeneko hiru urteetan erabili duen aurrekontuaren edo negozio-bolumenaren egiaztapena. Gehienez ere, 2 puntu.

-Parte hartzen duten entitateek dakarten lankidetza, eta ikerketaren arloan duten eskarmentua eta ezagutza. Lankiderik baldin badago baloratuko da, ez bestela, gehienez ere 3 puntu emanez.

Multzo honetako irizpideek azkeneko balorazioaren puntuazioan izanen duten pisua 25 puntukoa izanen da. Multzo honetan 12 puntu baino gehiago lortzen ez dituzten proiektuak baztertuko dira, beste balorazio irizpideetako puntuazioa aplikatu gabe.

2. multzoa. Ikerketaren planteamendu orokorra eta diseinua.

-Ikerketaren planteamendu orokorra. Gehienez ere, 20 puntu.

-Helburua, edukiak eta jorratu beharreko gaiak. Gehienez ere, 10 puntu.

-Proiektua burutzeko metodologia fase bakoitzean. Gehienez ere, 20 puntu.

-Ikerketaren planteamendu metodologikoa bat etortzea erabiltzen diren teknikekin eta proiektua gauzatzeko faseekin. Gehienez ere, 10 puntu.

Multzo honetako irizpideek azkeneko balorazioaren puntuazioan izanen duten pisua 60 puntukoa izanen da. Multzo honetan 24 puntu baino gehiago lortzen ez dituzten proiektuak baztertuko dira, beste balorazio irizpideetako puntuazioa aplikatu gabe.

3. multzoa. Aurrekontua.

-Aurrekontua burutu beharreko jardueren araberakoa izatea. Gehienez ere, 7,5 puntu.

-Balorazio ekonomikoa. Gehienez ere, 7,5 puntu.

Multzo honetako irizpideek azkeneko balorazioaren puntuazioan izanen duten pisua 15 puntukoa izanen da. Multzo honetan 7 puntu baino gehiago lortzen ez dituzten proiektuak baztertuko dira, beste balorazio irizpideetako puntuazioa aplikatu gabe.

Bederatzigarrena.-Diru-laguntzaren zehaztapena.

1. Eskaerak balorazio teknikoaren arabera antolatu eta gero, ekintza bakoitzarentzat eman beharreko diru-laguntza kalkulatzerakoan kontuan hartuko da jardueren gutxi gorabeherako kostua eta eskatutako kontzeptuak, finantzatu beharreko proiektuen kopurua eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan horretarako dauden kredituen muga.

2. Deialdiari dagokionez, finantzatzen ahal diren kostuak zuzeneko kostuak eta hamaseigarren oinarrian aipatzen diren kostu lotuak izanen dira.

Hamargarrena.-Ebazteko proposamena.

1. Deialdiaren zortzigarren eta bederatzigarren oinarrietan xedatutakoa aplikatu ondoren, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Batzorde Iraunkorrak proiektuaren balorazio emaitzak eta proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa onetsi beharko ditu.

2. Instrukzio organoak, espedientea ikusi eta gero, ebazpen proposamena eginen du, behar bezala arrazoitua.

3. Instrukzio organoak egiten duen ebazpen proposamena eskatzaileari jakinaraziko zaio eta, aldekoa denean, proposatutako diru-laguntza eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako zenbatekoa adieraziko zaizkio.

4. Eskatzaileak, proposamen hori jasotzen duenetik hasita, 5 egun naturaleko epea izanen du onartzeko.

5. Onartu den diru-laguntza proposameneko zenbatekoa aurkeztutako eskaerakoa baino txikiagoa denean, onuradunak aldaketaren bat egin nahi badu eskaeran azaldutakoaren gainean, bai proiektua garatzeko baldintzetan bai parte hartuko duten entitateetan, berriz egiten ahalko du proiektua eta egin nahi diren aldaketen berri Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eman beharko dio. Informazio hori Nafarroako Enplegu Zerbitzura igorri beharko da, diru-laguntza onartzeari begira atal honetako laugarren puntuan ezarri den epe berean.

6. Beste entitate parte-hartzaile bat proposatzen denean, lankidetzaren eranskina gehituko da, eredu normalizatua erabiliz, lankide izateko proposamena egiten duen entitatearen jatorrizko sinadura duela.

7. Edozein modutan ere, proiektua berriz zehaztean proposatzen diren aldaketek errespetatu egin beharko dituzte diru-laguntzaren helburua eta xedea, azken produktuaren izaera eta onarpenerako baldintzak. Proiektuan onartu ezin diren desbideratzeak eginez gero, onuradunari horien berri emanen zaio, eta proiektua berregokitu egin beharko da, onarpenerako hasierako baldintzen arabera.

Hamaikagarrena.-Ebazpena.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea izanen da deialdiko eskaeren gainean ebazteko organo eskuduna, instrukzio organoak aurkezturiko behin betiko ebazpen proposamena ikusirik.

2. Prozedurako ebazpena eman eta jakinarazteko epea lau hilabetekoa izanen da gehienez, deialdiaren ondorioetarako datatik hasita. Epe hori bukatu eta ebazpenik eman ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

3. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak eskaerak ebazteko ematen dituen ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean adierazitako modua eta bideak erabiliz.

4. Balorazio teknikoa eta eman beharreko diru-laguntza zehazteko kontuan hartzeko diren baldintzak, deialdiko zortzigarren eta bederatzigarren oinarrietan aipatzen direnak, aldatuz gero, eta, betiere, Espainiako edo Europar Batasuneko edozein administrazioren, entitate publiko edo pribaturen edo nazioarteko erakunderen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak helburu bererako lortuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

5. Laguntzen azken onuradunen zerrenda, bai eta bakoitzari dagokion zenbatekoa ere, Enplegu Atarian argitaratuko da.

Hamabigarrena.-Diru-laguntza ordaintzea.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena eman eta entitate onuraduna zerga betebeharretan eta gizarte segurantzari dagozkionetan egunean dagoela egiaztatu ondoren, diru-laguntzaren %100eko aurrerakina ordainduko da.

Aurrerakina jasotzeko, entitateak justifikatu beharko du funtsak aldez aurretik behar dituela. Justifikazio hori diru-laguntzaren eskaeran berean egin daiteke. 60.000 eurotik gorako aurrerakina emanez gero, abala aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen arabera.

2. Behin ere ezin izanen zaie deus pagatu onuradunei hartzekodun-konkurtsoaren adierazpena eskatu badute, edozein prozeduratan kaudimengabetzat joak izan badira, hartzekodun-konkurtso baten partaidetzat joak izan badira, esku-hartze judizialaren mende badaude eta, Konkurtsoei buruzko Legearen arabera, desgaitasunaldia ezarri bazaie eta ezgaiturik badaude oraindik.

Hamahirugarrena.-Diru-laguntza jasotzeko eskubidea lortu eta gordetzeko baldintzak.

Diru-laguntza jasotzeko eskubidea lortu eta gordetzeak berarekin dakar onuradunak irailaren 26ko TIN/2805/2008 Aginduaren 5. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. eta 13. artikuluetan ezarritako betekizunak bete behar izatea.

Hamalaugarrena.-Onuradunaren betebeharrak.

1. Deialdian eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko eginbeharrak ukatu gabe, onuradunek eginbehar hauek ere izanen dituzte:

a) Diru-laguntza emateko arrazoia izan den jarduera egitea, deialdian eta irailaren 26ko TIN/2805/2008 Aginduan aipatzen diren baldintza, betebehar eta baliabideekin bat, bai eta deialdiko zortzigarren eta bederatzigarren oinarrietan balorazio teknikoa eta eman beharreko diru-laguntza zehazteko arrazoia izan ziren baldintzekin bat ere.

b) Prozedura tramitatzeko eta proiektua burutzeko faseetan behar diren argibide eta agiriak aurkeztea.

c) Diru-laguntza emateko betebeharrak eta baldintzak betetzen direla, diru-laguntza emateko arrazoia izan den jarduera egin dela eta haren kostuak zenbatekoak diren frogatzea.

d) Aurreko deialdietan onartu eta kobraturiko dirua itzuli izana edo itzuliko zutela bermatu izana, diru hori premiamendu bidea baino lehenagoko erreklamazio baten bidez edo itzulketa bidezkotzat jotzen duen ebazpen baten bidez eskatu zaienean, salbu eta egintza hori bertan behera uztea erabaki bada.

e) Kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, hots, onuradunari kasuan-kasuan aplikatu beharreko merkataritzari eta sektoreari buruzko legeriak ezarritakoaren arabera, ekintza osagarriak egiteko diru-sarrera eta gastu guztiak kontu bereizi edo berariazko epigrafe batean "etengabeko prestakuntza" erreferentziaren bidez identifikatuz.

f) Administrazio eskudunari diru-laguntzaren xede diren jarduerak finantzatzen dituzten beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu dituztela jakinaraztea, harturiko funtsen aplikazioa frogatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateraezinak dira diru-laguntzarekin. Beraz, harturiko zenbatekoan gutxituko da.

g) Kontrol organoek egin beharreko egiaztapen, jarraipen eta kontrolak onartzea, martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuaren 38. artikuluan aipatzen direnak.

h) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak eta zerga-betebeharrak eguneratuak dituztela frogatzea.

i) Eskabidean edo eskaerak tramitatzeko eta diru-laguntzak emateko organo eskudunei aurkeztutako agiri edo ziurtagirietan gezurrezko daturik ez ematea.

j) Diruz lagundutako jardueraren finantzaketaren izaera publikoa aditzera ematea eta, hala badagokio, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa izan duela.

Diru-laguntzen onuradunek Nafarroako Gobernuaren logotipoa, horrek zehazten dituen ezaugarriak eta Europako Gizarte Funtsaren ikurra (maiatzaren 30eko EE 1159 Erregelamendua, 2000/05/31 EEEO) jarri beharko dituzte azken produktuetan, onarturiko proiektuaren zabalkunde eta informazio ekintzetan eta horien ondorioz egiten diren argitalpenetan. Era berean, dokumentazioan eta publizitateko euskarrietan agertu beharko da proiektuak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren diru-laguntza jaso duela.

2. Ekintzak garatzeko beste pertsona fisiko edo juridiko batzuekin kontraturik eginez gero, lehen aipatu diren eginbeharretatik ez da salbuetsiko onuraduna, hamabosgarren oinarriko bigarren idatz-zatian xedatu bezala.

Hamabosgarrena.-Prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarriak betetzea.

1. Emandako diru-laguntza erabiliko da proiektua eskaeran, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ebazpen proposamenean eta onarpenean ezarritako moduan gauzatzeko. Onartutako laguntza osorik jasotzea irailaren 26ko TIN/2805/2008 Aginduan, deialdi honetan, zazpigarren oinarrian aipatzen diren agiri teknikoetan eta diru-laguntza emateari buruzko ebazpenean ezarritako betebehar eta baldintza guztiak betetzearen menpe egonen da.

2. Betiere, onuradunak diru-laguntzaren xede den ekintzaren diseinua, emaitzen eta txostenen azken prestakuntza eta proiektua burutzeko fase guztien koordinazioa bere gain hartu beharko ditu. Ezin izanen ditu jarduera horiek, hein batean edo osorik, beste inoren esku utzi, ez eta hartarako beste batzuekin kontraturik egin ere. Proiektua garatzeko beharrezkoa den beste edozein jardueraren exekuzioa beste entitate batekin edo batzuekin azpikontratatzen ahalko da.

3. Entitate onuradunak bere giza baliabideak eta baliabide materialak izan beharko ditu aurreko lerroaldearen arabera dagozkion eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jardueraren exekuzioaren erantzukizun guztia hartuko du Administrazioaren aurrean. Hala hark nola kontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak egoki betetzen direla.

4. Ekintzaren exekuzioan laguntzen duten entitateek ezin izanen dute, beren aldetik, hirugarren batzuekin kontratatu entitate eskatzailearekin sinatutako kontratuaren xede dena.

5. Behin ere ez da azpikontrataziorik eginen, beste batzuekin jardueraren kostua handituta haren edukiari baliorik eransten ez bazaio. Era berean, ez da zilegi kontratuak zatitzea, haren zenbatekoa gutxitu eta betebehar hori saihesteko.

6. Hirugarrenekin itundutako jarduera diru-laguntzaren ehuneko hogei baino handiagoa denean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, kontratua agiri idatzi baten bidez formalizatu beharko da eta organo emaileak aldez aurretik baimendu beharko du. Baimen hori lortzeko, entitate onuradunak idazki bidez eskatu beharko du; organo emaileak 15 eguneko epean emanen du ebazpena. Aipatu epea organo emaileak ezer ere adierazi gabe bukatzen bada, baimena emantzat joko da.

Zerbitzua aholkularitza edo laguntza enpresek ematen dutenean, diru-laguntza jaso dezaketen gastuak 12.000 eurotik goitikoak badira, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela, salbu eta diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan zerbitzua emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen. Azpikontratazio hori justifikatzeko, hiru eskaintzen artetik hoberena hautatuko da.

7. Diruz lagundutako ekintzen izaera transferigarria bermatzearren, diru-laguntza jasotzen duenak Nafarroako Enplegu Zerbitzuari laga beharko dizkio finantzatutako ekintzaren ondorioz prestatzen den materiala ustiatzeko eskubideak, horien erreserba onuradunaren alde eginez, Jabetza Intelektualari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak ezarri bezala. Eskubide lagapen hori diruz lagundutako ekintzaren emaitzei edo produktuei dagokie. Produktu horiek erabiltzetik edo ustiatzeko eskubideak erabiltzetik ezin izanen da inolako onura ekonomikorik atera.

8. Halaber, onuradunek betebehar hauek izanen dituzte proiektuaren exekuzioan:

a) Onuradunak Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, finantziazio eskaeran adierazitakoarekin alderatuta, proiektua garatzean izaten den edozein gorabehera edo aldaketa, horrek prozesuak egokitu beharra ekartzen badu baina kontzesio ebazpeneko baldintzak aldatu gabe. Gorabehera horien berri eman beharko da ezarri den exekuzio epea bukatu baino hilabete lehenago gutxienez. Beste entitate parte-hartzaile bat sartzea proposatzen denean, horren berri emateaz gainera, lankidetzaren eranskina aurkeztuko da, eredu normalizatua erabiliz, entitate laguntzailearen jatorrizko sinadura duela; ezin izanen da bosgarren oinarriko laugarren puntuan ezarritako muga gainditu.

Proiektua gauzatzen denean, onartu ezin diren desbideratzeak ikusten badira, onuradunari horien berri emanen zaio, eta proiektua berregokitu egin beharko da onarpeneko hasierako baldintzen arabera.

b) Hori hala izanik ere, entitate onuradunak proiektuari buruz eskatzen zaizkion datu eta agiri guztiak eman beharko dizkio Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, hala exekuzioaldia bitartean nola bukatutakoan, horrela ongi garatu den eta emandako dirua behar bezala erabili den egiaztatzeko eta lortutako emaitzak ebaluatzeko.

9. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak behar diren modalitateak ezarriko ditu ekintzen jarraipena egiteko, horien garapena gainbegiratzeko xedez. Aldian behin, dei egin diezaieke entitate onuradunaren ordezkariei, eta egokiak diren argibide edo gomendioak eman, ekintza zehaztapen teknikoetan ezarritako baldintza edo arauei egokitzen zaiela bermatzeko, bai eta, hala denean, komenigarritzat jotzen dituen neurriak hartu, proiektuaren garapena bideratzeko asmoz.

10. Onetsiriko proiektu bakoitza burutzeko epea diru-laguntza emateko ebazpenean aipatuko da. Epe hori ez da behin ere sei hilabete baino gehiagokoa izanen, laguntza emateko ebazpena onesten denetik hasita.

Hamaseigarrena.-Diru-laguntzen xede izan daitezkeen gastuak eta kostuen justifikazioa.

1. Onuradunak prestakuntza arloko ekintza osagarri eta lagungarriak egiteko kostuak justifikatu beharko ditu. Horretarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarririkoa kontuan hartu beharko du, bai eta finantzatzen ahal diren kostuen zerrenda hau ere:

a) Ekintza osagarrien zuzeneko kostuak.

-Barneko eta kanpoko langileen ordainsariak, soldatak, gizarte aseguruak eta oro har onetsiriko ekintzetan ari direlarik langileei egozten ahal zaizkien gastu guztiak.

-Erabiliriko tresna eta plataforma teknologikoak amortizatzeko gastuak, kontabilitateari buruzko arauetan onetsiriko amortizazio irizpideen arabera kalkulatuak, eta onetsiriko ekintzak burutzeko alokairu edo errentamendu finantzarioa, interesak izan ezik.

-Onetsiriko ekintzak burutzeko erabiltzen diren ondasun suntsigarrietako gastuak, babes eta segurtasun materialak barne, betiere suntsigarriak badira.

-Alokairu-gastuak, errentamendu finantzariokoak -interesak izan ezik-, eta onetsiriko ekintzak gauzatzeko erabilitako lokalen amortizaziokoak.

-Espainia barruan egiten diren garraio, mantenu eta ostatuen gastuak, onetsiriko ekintzetan diharduten langileei egozten ahal zaizkienak, Ogasun Ministerioak 2001eko otsailaren 22an eman eta otsailaren 27ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaraturiko Aginduan ezarririko mugekin.

-Ekintza osagarriak zuzenean egiteko kostuak, beste ataletan sartzen ez direnak, hala nola publizitatea, zabalkundea eta komunikazioa, besteak beste, jarduera horiek deialdi honetan aipatzen badira.

b) Ekintza osagarriei loturiko kostuak:

Ekintza osagarriei loturiko kostuak dira, bereziki, argia, ura, berokuntza, telefonoa, mezularitza, posta, garbitasuna eta segurtasuna. Betiere, kostu lotuak egiazkoak izanen dira, egiazki egin, pagatu eta fakturen edo frogatzeko balio bera duten kontabilitate agirien bidez frogatzen direnak. Loturiko kostuak gehienez ere ekintza osagarrien zuzeneko kostu guztien %10 izanen dira.

2. Kostuak fakturen eta frogatzeko balio duten bestelako agirien bidez justifikatuko dira. Jatorrizkoak edo fotokopiak erabil daitezke (fotokopia bada, jatorrizkoaren zigiluarekin) eta funtsak ongi erabili direla frogatzeko adinako xehetasunak emanen dira. Agiri horiek azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuan ezarririko betebeharrak bete beharko dituzte, izan ere, horren bidez Fakturazio beharrak arautzen dituen Erregelamendua onetsi zen.

3. Eskuarki onartzen diren kontabilitate arauekin bat, kostuak kargu-agirien bidez frogatzea onartuz gero, agiri horiek gastuaren edo horren egozpenen frogagiriekin batera aurkeztu beharko dira.

4. Proiektua garatzeko behar den jardueraren bat azpikontratatuz gero, deialdiko hamaseigarren oinarriko bigarren idatz-zatian xedatu bezala, azpikontratistek egiten dituzten fakturak kostuak egozteko jarduerak identifikatzeko moduan sailkatu beharko dira.

5. Jarduerak, diru-laguntza honetaz gain, bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, justifikazioan horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira, bai eta funtsak diruz lagundutako jardueretan aplikatu direla ere.

6. Diru-laguntzaren onuraduna beharturik dago diru-laguntzaren arrazoia izanen den jarduera egin dela eta harturiko funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak bost urtez gordetzera, onuradunak frogagiriak aurkezteko ezarririko epea bukatzen denetik hasita.

7. Europar Batasuneko funtsekin batera finantzatutako ekintzen kasuan, Europar Batasuneko arauetan xedatutakoa aplikatuko da.

8. Epe hori bukatu gabe beren jarduera bertan behera uztea edo desegitea erabakitzen duten entitateek agiri horien kopiak igorri beharko dizkiote organo eskudunari.

Hamazazpigarrena.-Diru-laguntzen likidazio ekonomikoa.

1. Diru-laguntzen azken likidazioa egiteko, onuradunak agiri hauek bete eta Nafarroako Enplegu Zerbitzura igorri beharko ditu, diruz lagundutako ekintza bete eta gehienez ere hilabeteko epean:

a) Azken produktu osoak, deialdiko zazpigarren oinarriko agiri teknikoetan ekintza mota bakoitzerako ezarritako moduan.

b) Onetsiriko proiektua egiteko kostuak frogatzen dituzten agiriak eta horretarako agiri normalizatuak beteta, finantzatzen ahal diren kostuekin eta ezarririko irizpideekin bat.

c) Ekintza burutu dela frogatzen duen ziurtagiria, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak banatuko duen eredu normalizatuan.

d) Justifikatutako kopuruaren eta aurrerakin gisa jasotakoaren arteko aldeari dagokion zenbatekoa sartu izanaren frogagiria.

e) Proiektuan eta haren zabalkundean lagundu duten entitateen parte-hartzea egiaztatzea. Lankidetza hori egiaztatuko da "lankidetzaren eranskinak", normalizatuak, bete eta igorriz, entitate parte-hartzailearen jatorrizko sinadura dutela.

2. Onuradunak Nafarroako Enplegu Zerbitzuan 10 eguneko epean aurkeztu beharko ditu eskatzen zaizkion datu eta agiriak, horrela ongi garatu den, emandako dirua behar bezala erabili den eta produktuak deialdiko helburuei ongi egokitzen zaizkien egiaztatzeko eta lortutako emaitzak ebaluatzeko.

3. Emandako finantziazioa mantentzeko beharrezkoa da azken produktuaren izaera eta eskaera onartzearen arrazoi izan ziren baldintzak ez aldatzea. Baldintza horiek edo eskaeraren edukia betetzen ez badira, ziurtatutako kopurua gutxitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioei jarraikiz, eta, beraz, espedientea likidatu.

4. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak likidazio proposamena eginen du, diruz lagundutako ekintzaren kostu justifikatuetan eta kopuru ziurtatuan oinarriturik, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, aurkeztutako agiriak aztertu eta lortutako emaitzak eta azken produktuaren kalitatea ebaluatu ondoren. Proposamen hori onuradunari jakinaraziko zaio, eta horrek 15 eguneko epea izanen du akatsak zuzentzeko eta, hala denean, bidezkoak diren frogagiriak aurkezteko.

5. Aurreko lerroaldean aipatu epea bukatu eta agiririk aurkeztu ez bada edo aurkeztutako agiriek akatsak zuzendu ez badituzte, laguntza ordainduko da eta, bidezkoa bada, emandako laguntza zati batean edo osorik itzultzeko eskatuko.

6. Oinarri honen lehenengo eta bigarren puntuetan aipatu frogagiriak aski direnean emandako diru-laguntza egoki justifikatutzat jotzeko, edo akatsak oinarri honen hirugarren puntuan ezarritako epean zuzentzen badira, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak horren berri emanen dio interesdunari.

Hemezortzigarrena.-Diru-laguntzak itzultzea.

1. Arau honen babesean ematen diren diru-laguntzak osorik edo hein batean itzuli beharko dira, horiek pagatu zirenetik Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bidez itzuli beharra erabakitzen duen arte sorturiko berandutza interesak barne, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarririko kasuetan eta deialdian ezarririko betebeharrak bete ezik.

2. Ebazpen horren kontra bidezkoa izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan eta hori aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean aipatzen diren baldintzetan.

Hemeretzigarrena.-Arau-hausteak eta zehapenak.

Hemezortzigarren oinarrian ezarrita dagoen itzultzeko betebeharrak ez du ezertan ukatuko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan ("Arau-hausteak eta zehapenak") aurreikusitakoa aintzat hartzea.

Hogeigarrena.-Aplikatu beharreko arauak.

Deialdian ezarri ez den orotan, diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituen irailaren 26ko TIN/2805/2008 Agindua aplikatuko da. bestela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Hogeita batgarrena.-Datuen babesa.

1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek arau honen babesean organo eskudunei jakinarazten dieten informazioa datuak babesteko indarra duen araudiaren mende egonen da.

2. Entitate eskatzaile, onuradun eta parte-hartzaileen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan oro har ezartzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira interesdunak.

Hogeita bigarrena.-Emandako laguntzen publizitatea.

Oinarri arautzaile hauen arabera emandako laguntzak Nafarroako Enpleguaren Atarian jarriko dira jendaurrean.

Hogeita hirugarrena.-Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1011642