86. ALDIZKARIA - 2010eko uztailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASTEJÓN

A.A. 1 azpieremua antolatzeko plan bereziaren testu bategina

Castejongo Udalak, 2010eko martxoaren 29an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen A.A.1 azpieremua antolatzeko plan berezia, Trenasak sustatua, Castejongo A.A.2 azpieremuan dagoen hirigintzarekin bateragarria izan dadin. 2010eko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, maiatzaren 17an.

Testuan aldaketak egin ziren 2010eko maiatzaren 31n egin osoko bilkuran, 2010eko martxoaren 29ko behin betiko onespenaren baldintzei jarraikiz.

Aditzera ematen da orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan, indarra duen legediak agindutakoari jarraikiz.

Castejonen, 2010eko ekainaren 7an.-Alkatea, Francisco Javier Sanz Carramiñana.

Dokumentua, behin betikoz onetsi ondotik:

HIRIGINTZAKO ARAUDIA

1.-Aurrekariak.

Castejonen indarra duten Planeamenduko Arau Subsidiarioak behin betiko onetsi ziren 1991ko urtarrilaren 7an Nafarroako Gobernuko Hirigintza eta Ingurumenaren Batzordeak erabakita.

2008ko abuztuan Trenasak sustatu zuen Arau Subsidiarioetako egiturazko aldaketa, 1. sektoreko AH1 eta AH5 eremu homogeneoei dagokiena, trenbiderako erabiltzeko Castejón de Ebroko baztergunea eta interes orokorreko trenbide sarearen arteko loturak ukitutako tartea.

Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak urriaren 22an eman 323/2008 Foru Aginduaren bidez, behin betiko onetsi da Castejongo Arau Subsidiarioak aldatzeko espedientea, Trenasak sustatua eta 1. sektoreko AH1 eta AH5 eremu homogeneoei dagokiena, trenbiderako erabiltzeko Castejón de Ebroko baztergunea eta interes orokorreko trenbide sarearen arteko loturak ukitutako tartea.

Aipatutako Foru Aginduan, arauak aldatzeko espedientea behin betiko onesteaz gain, ondokoa agindu zen:

"Castejóngo Udalak bermatuko du espedientearen sustatzaileak egin beharreko plan bereziak aplikazio eremuaren barnean dauden bizitegietarako lurzatien egoera juridikoa konpontzea, egungo bizitegirako erabileraren eta behin-behineko onespenaren ondotik emandako sailkapen berriaren koexistentzia bermatuz eta, halaber, ukitutako etxebizitzetarako ibilgailu eta oinezkoentzako sarbideak konponduz."

Arauak aldatzeko agirian, besteak beste, "A.A.1" izeneko azpieremua zedarritu da, eta bertan agintzen da egiteko 1. sektoretik interes orokorreko trenbide sarerainoko lotura, beste lurzoruen artean Jerónimo Marco kalearen zati bat eta "A.A.2" izeneko beste azpieremua ukitzen dituena, bizitegitarako lurzoruak bertan egonen baitira.

2.-Xedea.

Aipaturiko 323/2008 Foru Aginduan plan berezi bat prestatzeko eskatzen da, eremu horretan erabilera bat baino gehiago egon ahal izateko, ibilgailuendako eta oinezkoendako sarbideak antolatuz, arauen aldaketak ukituko duen eremuko bizitegitarako lurzatietara iristeko.

Hori dela eta, Plan Berezi hau osatzen duten determinazioen xede bakarra da aipatu Foru Agindu hori betetzea, A.A.2 azpieremuaren antolamendu xehakatua ezarriz eta A.A.1 azpieremurako arauak aldatzeko agirian zehaztutako hirigintzako determinazioak programatuz eta garatuz, antolatuak irtenbide egokia ekar dezan, bizitegitarako ondoko lurzatien egoera juridikoa ebatzita, arauak aldatzeko eremuan dauden erabilera desberdinak bateragarri bilakatzeko eta 323/2008 Foru Aginduaren edukian eskatutakoa argitzeko.

Horrenbestez, A.A.I azpieremuan eginen den trenbidearen trazaduraren irtenbide teknikoak zehazteko beharrak ekarri du Plan Berezi honen xedea, proiektatuak ahalbidetu dezan Jerónimo Marco kalearen eite berriak zerbitzu egokia ematen jarraitzea horren inguruko lurzatietan, lurraldearen iragazkortasunari eta egungo zerbitzuen jarraipenari eutsita.

Gogorarazi behar da ezen, egoera faktikoa eta juridikoa egokitzeko, Plan Berezi honetan finkatzen den alboko lurzati aipatuei aplikatu beharreko hirigintzako araubidea honako hau dela:

3.2 artikulua. Arau partikularrak hiri lurzoruan:

3.2.1. Eremu homogeneoa.

-Definizioa.

Eremu homogeneoa osatzen dute bizitegitarako hiri eremuek -egungoek eta proposatutakoek-, lehengo R-1 sektorea izan ezik. Egun, eraikinen tipologia nagusia da familia bakarreko etxebizitza, atxikia zein bakartua.

-Hirigintzako helburuak.

  • Egungo hiri bilbea finkatzea, eta eraikinak, ekipamenduak, urbanizazioa eta hiri zerbitzuak hobetzea.
  • Hiri bilbea osatu eta bukatzea, eremu publikoak eratuz zenbait eremutan.
  • Kokapenaren ertzen trataera eta akabera.

-Azalerak.

  • Eremuaren azalera: 507.760 m².

-Eraikuntzaren erabilerak.

Hiri lurzorua kalifikatzeko planoan zehazten dira bizitegitarako eta ekipamendurako erabilera xehakatuak.

  • Baimendutako erabilerak bizitegitarako erabilera xehakatuan: bizitegitarakoa, merkataritza, ekipamendua eta jarduera bateragarriak ordenantzei jarraikiz.

Erabilera xehakatuen planoan "U" deitutako etxesailetan (familia bakarrekoak), familia bakarreko etxebizitza izanen da bizitegitarako tipologia.

VPO ikurra duten antolamendu berriko eraikinetan, nahitaezkoa da babes ofizialeko etxebizitzak sustatzea.

  • Baimendutako erabilerak ekipamendurako erabilera xehakatuan: ekipamendua eta merkataritza.
  • Industriako erabilera finkatzen da erabilera hori egun duten lurzatietan.

Egungo etxaldeak antolamendu berriko bizitegitarakoak direla islatu da erabilera xehakatuko planoan Horrek ez du esan nahi etxalde hori antolamenduz kanpo geratu dela, baizik eta proposatutako erabilera dela hirigunetik desagertu ondoren, Abeltzaintzako ustiategiei buruzko 188/1986 Foru Dekretuaren arabera.

  • Erabilera debekatuak: gainerako guztiak.

-Eremu libreak.

  • Fueros plaza, Francisco Ruiz, José Antonio Serrano, España eta Constitución.
  • Zeharkalearen ondoko parkea (Merindades kalea) eta elizaren ondoko eta lehengo eskolaren ondoko lorategiak.
  • Proposatutako eremu publikoak:

-Zirkulu erdiko eraikinaren bidez osaturiko plaza dentsitate baxuko bizitegitarako eremuan, Roncesvalles kalearen luzapena.

-Proposatutako plaza Sancho Albarca kalearen luzapenean.

-Eraikinaren garaierak.

  • Solairu kopurua, gehienez: S+BS+2, dagokion planoan adierazitakoak izan ezik.
  • Beheko solairuaren garaiera librea, gehienez: 3,60 m.
  • Goiko solairuaren garaiera librea, gehienez: 2,80 m.
  • Sotoaren garaiera librea, gutxienez: 2,20 m.
  • Beheko solairuen garaiera librea, gutxienez: 2,50 m.
  • Eraikuntzaren garaiera, gehienez: 9,30 m, BS+2koa bada.

Teilatupeak erabiltzen ahalko dira gainerako araudia eta ordenantzak betetzen badira.

Behar bezala arrazoitutako premien kasuetan (hala nola, solairu bakarreko eraikin nagusiak, ekipamendurako eraikinak...), 7,5 m-ko garaiera baimentzen da gehienez solairu bakarreko eraikinetan.

-Eraikuntzaren baldintzak.

  • Lurzati eraikigarria.

Zein eremutan dauden, hango tipologiara egokitu beharko dira eraikinak.

  • UAU 1.1 unitatean, bikiak izateko proposaturiko eraikinak atxikita eraikiko dira.
  • UAU 1.8 unitatean, dagoen tximinia errespetatu eta baloratuko da. Ondoriozko eremu librea erabilera publikokoa izanen da, eta jarduketa unitatearen mantentze-lanak pribatukoak.
  • Garaien planoetan (7, 8, 9, 10 eta 11.ak) gutxieneko garaiera BS+1 edo nahitaezko garaiera duten eraikinak atxikita eraiki beharko dira.
  • Erabilera xehakatuko planoan bizitegitarako diren etxesailak azalera osoan okupatzen ahalko dira beheko solairuan, eta soilik kaletik 15 metrora dagoen eraikinarekin goiko solairuetan.
  • Lerrokadurak eta sestrak.

Dagokien planoan adierazi dira.

UAU 1.1 unitatean, eraikin berriek edo berrituek 2 metro egin beharko dute atzera kaleetatik eta 3 metro lurzatiaren gainerako mugetatik, salbu eta bikitzat hartzen diren eraikinen alboko mugetatik.

Araudi orrokorraren 2.1 artikuluari jarraituko diote antolamenduz kanpo dauden eraikinek edo ordezko lerrokadura dutenek.

-Eraikuntzaren baldintzak.

Eraikuntzaren gaineko ordenantza aplikatuko da.

  • Gorputz irtenak.

Zabalera 12 metro baino txikiago duten kaleetan, soilik baimenduko dira obrako itxitura bertikala ez duten balkoiak, garaieraren zati batean bada ere.

  • Ataripeak.

UAU 1.2 eta 1.3 unitateetan aurreikusitako ataripea tratamendu batuarekin eraiki beharko da.

-Kudeaketa baldintzak.

  • Jarduketa sistema.
  • UAU 1.3, 1.5, 1.6, 1.7, konpentsazioa.
  • UAU 1.1, 1.2, 1.4, 1.8, eta 1.9, zuzeneko jarduketa.
  • SG 1.1, 1.2 eta 1.3, desjabetzea edo hitzarmena Udalarekin kalteak ordaintzeko.

-Egin beharreko planeamendu lanak.

UAU 1.1 eta 1.2 unitateetan proposatutako kaleak urbanizatzeko proiektua.

Xehetasun azterlanen bidez birdoitu litezke, eta beraz osatu, zehaztutako sestrak eta lerrokadurak, haien jarduketa eremua etxesail osoa bada.

Lortu gogo den helburua lortzearren, eta Nafarroako Foru Komunitateko Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 61. artikuluarekin bat, Plan Berezi honek baditu bere izaerara eta xedera egokitzen diren beharrezko determinazioak, eta eduki zehatzera egokitutako planoetan eta arauetan gauzatzen da.

Azkenik, adierazi behar da etorkizunean prestatu beharko den trenbidearen adarraren obra-proiektuak, arauak aldatzeko agiriak eskatuak, egokitu, zuzendu, garatu edo aldaketa txikiak egiten ahalko dituela, sektorearen legediak edo trenbidearen adar hori eraikitzeak berak hala eskatzen badu, non eta ez den funtsezko aldaketarik egiten onetsitako antolamenduan.

3.-Aplikazio eremua.

Plan Berezi honek hirigintzako araubide xehakatua ezartzen du A.A.2 azpieremuan eta A.A.1 azpieremurako ezarritako hirigintzako determinazio xehakatuak garatzen ditu, jarduketa ingurunera egokituz; horretarako, Jeronimo Marco kalean behar adina kanpoko espazio zolatuko da berriz zoladura gogor (espaloiak) eta bigunaren bidez.

Mugatuko da planoan adierazi bezala:

II-1.-Antolamendu planoak. Antolamendu orokorra.

4.-Antolamendu xehakatuaren garapena A.A.1 azpieremuan.

4.1. Hartutako irtenbidearen justifikazioa.

Hasiera batez, tipologia honetan jarduterakoan sortzen bide diren hiru aukerak aztertu dira:

-Trenbide-pasagunea: trenbidearen loturak duen trazadura dela-eta ezin gauzatuzkoa da, bertako sestraren eta egungo kalearen kotengatik.

Horretaz gain, adierazi behar da ezen, segurtasun-irizpideak tarteko, irtenbide mota hauek saihesteko joera dagoela gaur egun, hobesten baitira goiko edo beheko pasabideak.

-Beheko pasabidea: irisgarritasunari buruzko araudiak maldak gehienez %6koak izatera behartzen du; hortaz, esku arten dugun kasu honetan, trenbidearen loturaren sestrak egungo kalearen sestra baino kota baxuagoan egon behar duenez gero, 100 metro inguruko jarduketa egin beharko litzateke beheko pasabidearen albo banatan, eta hori bideraezina da Jerónimo Marco kalean dauden bizitegitarako lurzatien sarbideak bere horretan utzi nahi badira.

-Goiko pasabidea: beheko pasabidearekin gertatzen den bezala, kalean egin beharko litzatekeen %6ko malda dela-eta bideraezina da goiko pasabide bat trenbidearen gainetik.

Baina kasu honetan erdibideko irtenbidea da posible: pasabide tolesgarri bat, ibilgailuek eta oinezkoek joan-etorriak etengabe egin ditzaten, salbu eta trena pasatzen denean, minutu gutxi irauten baitu eta maiztasun gutxikoa baita, Udalak 2007ko maiatzaren 8an onetsitako Ustiapen Planean ezartzen den bezala.

Agiri honen 4.3 epigrafean (Hirigintzako araubide teknikoa) biltzen dira trenbidearen trazadura antolatua gauzatzeko aurreikusten diren determinazioak, nahiz eta obra-proiektua izanen den sakonki jasoko duena irtenbide teknikoa, eta, hortaz, Plan Berezi honen antolamendurako planoak ez dira erabat zehatzak.

Nahiz eta planifikatuak aipatu kalearen egungo egoera aldatu, estuago bihurtzen baitu, haren hirigintzako araubidea errespetatzen da; izan ere, lurzati horiei egiten dien zerbitzua ez da aldatzen, 35/2002 Foru Legearen 93. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen baitira haien fisionomia berrian.

Beste alde batetik, proiektuak kalearen zabalera estuagoa izateko eskatzen badu ere, gaur arte egindako zerbitzuaren kalitateari eusten zaio, egokia eta nahikoa izaten jarraitzen baitu zerbitzuak ondoko bizitegitarako lurzatietara eta Impregna enpresaren lurzatira iristeko.

4.2. Aplikatu beharreko arauak.

Plan Berezi hau prestatzeko legezko xedapen hauek hartu dira kontuan:

-2/2008 Legegintzako Errege Dekretua, ekainaren 20koa, Lurzoruari buruzko legearen testu bategina.

-35/2002 Foru Legea, abenduaren 20koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa.

-85/1995 Foru Dekretua, apirilaren 3koa, uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duena.

-4/1988 Foru Legea, Oztopo Fisiko Nahiz Zentzumenezkoei buruzkoa.

-154/1989 Foru Dekretua, 4/1998 Foru Legea garatu eta aplikatzeko Foru Erregelamendua ezartzen duena.

-505/2007 Errege Dekretua, apirilaren 20koa, Ezgaitasuna duten pertsonentzako eremu publiko urbanizatuen eta eraikinen eskuragarritasun baldintza oinarrizkoak eta horietan sartu nahiz horiek erabiltzeko diskriminaziorik eza onesten dituena.

-37/2003 Legea, azaroaren 17koa, Zaratari buruzkoa eta hura garatzeko araudia.

-135/1989 Foru Dekretua, ekainaren 8koa, Zarata eta dardarek sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituena.

4.3. Hirigintzako araubide teknikoa.

4.3.1. Irisgarritasunari buruzko legeak betetzea.

Oztopo Fisiko Nahiz Zentzumenezkoei buruzko 4/1988 Foru Legean eta Foru Lege hori garatu eta aplikatzeko Foru Erregelamendua ezartzen duen 154/1989 Foru Dekretuan ezarritakoa beteko da. Halaber, beteko da Ezgaitasuna duten pertsonentzako eremu publiko urbanizatuen eta eraikinen eskuragarritasun baldintza oinarrizkoak eta horietan sartu nahiz horiek erabiltzeko diskriminaziorik eza onesten dituen apirilaren 505/2007 Errege Dekretua.

Ibilbide horizontalek ez dute %6ko maldarik baino handiagorik izanen joan-etorrien norabidean.

Era berean, lurzoruen labainkortasunari eta izozkortasunari dagokienez, trena iragateko eginen den pasabide jasogarriaren akaberan labainkorrak ez diren materialak erabili beharko dira, bertan segurtasun osoz pasatzeko.

Jerónimo Marco kalean erabilitako zoladura bera erabiliko da, jarraipena izan dezan, Plan Berezi honen II.3 antolamendu planoan (Urbanizazioa eta zonifikazio xehakatua) agertzen den bezala.

4.3.2. Zarataren eta dardararen justifikazioa.

Trenbidearen adarraren lerrokadura eta eraikitzeko baldintzak eta ezaugarriak zehazteko, kontuan hartu dira azpiegiturak sortzen ahal dituen ondorioak dardararen eta zarataren aldetik. Zehaztu da ingurunean zarata zerk sortzen duen: Castejongo tren geltokia eta antolamendutik gertu dagoen industrialdea; hortaz, soinuaren aldetik garrantzia duen testuinguru batean dago kokatua. 135/1989 Foru Dekretuan ezarritakoa beteko da.

Ikuspuntu horretatik, eta trenbidearen adarrean jarduera garatzeko araubidea ezarri ondoren (protokoloa), hirigintzako eta eraikitzeko determinazioak zehaztu dira, zaratari eta ingurumenari buruz indarra duen legeriara egokitzeko.

Orobat, teknikari eskudunak hainbatetan neurtu du zarata bertatik bertara, eta datuak eman ditu zarata zerk sortzen duen zehazteko. Kontuan harturik neurketa horietan parametroek ez dituztela gainditzen aplikatu beharreko legediak ezartzen dituen mugak, ez da inolako neurririk hartu behar hori zuzentzeko.

Edonola ere, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legearen 18. artikuluan xedatzen den bezala, Castejongo Udalak, etorkizunean eginen dituen jarduketen bidez, zarata sortzeko jarduera kontrolatzen ahalko du, eta Estatuko Gobernuak ezarritako mugak hura sortzeari eta jasotzeari buruz betetzen direla egiaztatuko du, eta, hala balegokio, tokiko ordenantzaren bidez, hura zuzentzeko beharrezko neurriak ezarriko ditu, kutsadura gutxiagoko teknologiak erabil daitezen.

4.3.3. Seinaleak.

Plan Berezi honen II.3 antolamendu planoan (Urbanizazio eremua eta zonifikazio xehakatua) biltzen diren seinaleak paratuko dira gutxienez, gidariei eta oinezkoei ohartarazteko eta baimendutako erabilerak arautzeko eta bateragarriak izateko.

Lanak egiten diren bitartean beharrezkoak diren bideetako seinaleak bilduko dira obra proiektuan, segurtasunari eta osasunari buruz dagokion azterlanean.

4.3.4. Ukitutako zerbitzuak.

Ukitutako zerbitzuei dagokienez, nabarmendu behar da saneamendu sarea ukitu daitekeela, garrantzizko sarea baita. Hala ere, badirudi trenbidearen trazadurak ez duela sare hori ukituko, zein kotatan diseinatu den kontuan hartuta; baina hori guztia sakonago aztertuko da obra proiektuan.

Ukitutako gainerako zerbitzuei dagokienez (argiteria sarea, edateko uren sarea, telefonia etab.), ez dira ukiturik geratuko, haien trazadura oinplanoan eta altxaeran aldatzen ahal baita inolako ondoriorik gabe.

Plan Berezi honen II-3.2 antolamendu planoan (Ukitutako azpiegiturak), aplikazio eremuan dauden sareak biltzen dira gutxi gorabehera informazioa emateko.

4.3.5. Suhiltzaileen esku-hartzea.

Egin beharreko pasabidearen edukiera eramailea 20 kN/m²-koa izanen da, eta zabalera gutxienez 3,5 metrokoa, suhiltzaileak hurbiltzeko baldintzak bermatzeko.

4.4. Hirigintzako araubide juridikoa.

Arauak aldatzeko behin eta berriz aipatzen den agirian ezarritako gisa horretako determinazioak errespetatuta, Plan Berezi honek haiek garatzen ditu ondoko xehetasun hauek ezarriz:

-Lerrokadurak eta sestrak.

Plan Berezi honen II-3.3 antolamendu planoan adierazitakoak (Bidearen definizio geometrikoa).

-Zonifikazio xehakatua.

  • Plan Berezi honen II-1 (Antolamendu orokorra) eta II-3.3 (Bidearen definizio geometrikoa) antolamendu planoetan jasotakoari dagokio trenbiderako erabilera lurzati pribatu eta publikoetan.
  • Agiri honen II-3 antolamendu planoan (Urbanizazio eremua eta zonifikazio xehakatua) jasotakoari dagokio Jerónimo Marco kaleko lurzati publikoan batera dauden erabileren xehapena.
  • Iparraldeko espaloia sendoturik geratu da, eta hegoaldean dagoena, berriz, aldatuko da bidearen trazadura berrira egokitzeko. Ibilgailuendako bideari dagokionez, hura apurka bilakatzen da estuago, pasabide jasogarrira egokitu arte, eta bermatuko da ibilgailuak igarotzeko behar bezain zabala dela.

-Tituluak lanak egiteko.

Aurreikusi den trenbidearen azpiegiturak tratamendu bateratua izanen du obra-proiektu baten bidez, betiere Plan Berezi honetan xedatuari jarraikiz.

Ukitutako eremu publikoaren erabilera pribatiboa egiteko behar den administrazio kontzesioaz gain, dagokion obra-lizentzia beharko da.

Beharrezkoa da zerbitzubide edo sarbide alternatibo bat, beharrezko zerbitzu publikoa eginda, ibilgailuei eta oinezkoei beharrezko irtenbidea eman diezaien baldin eta ukitutako kalea ezin bada erabili pasabide jasogarria gaizki dabilenean eta/edo saihestu ezinezko larrialdietan.

Lortutako bide eskubidea eskritura publikoan jasoko da eta Jabetza Erregistroan inskribatuko.

-Programazioa.

Plan Berezia behin betiko onetsi ondoren, 3 hilabeteko epea egonen da obra-proiektua Udalean aurkezteko. Dagokion obra-lizentzia eman ondoan, beste 3 hilabeteko epea egonen da obrak hasteko eta 6 hilabete bukatzeko.

4.5. Erabiltzeko protokoloa.

-Arau orokorrak.

1. artikulua. Helburua eta edukia.

Estatutu honen helburua da bateragarri egitea eta egokitzea planeamendurako agiri honek antolatutako trenbidearen azpiegitura eta ingurune hurbilenean garatzen diren hirigintzako erabilera anitzak; horrela, ez da aldatuko erabilera horien orubeen egoera juridikoa ez hirigintzakoa.

Araudi orokorrean eta partikularrean egituratutako edukiak ezartzen ditu, alde batetik, araudi partikularrak oinarri dituen irizpideak, kontuan hartu beharrekoak erabakitzerakoan azpiegiturak zeharkatzen duen eremu publiko oro nola erabili behar den; eta beste aldetik, ezartzen du, orobat, Jerónimo Marco kalearen espazioan eraikitzeko eta urbanizatzeko dauden elementuen erabileraren nondik norakoa.

2. artikulua. Irizpide orokorrak.

Protokolo hau osatzen duten aginduek helburu dute herritarrei ahalik eta segurtasun handiena emateko espazioa lortzea, ingurune hurbilenera egokitzeko, araututako eremu publikoaren erabilera pribatiboari arrazionalizazioa emanez.

3. artikulua. Arauen izaera.

Plan Berezi honen gainerako determinazioez bestera, protokolo honen edukiak ez dauka antolamendu xehakatuzko izaera.

Artikulatuak ordenantzaren izaera izanen du, eta bertan eginen diren aldaketak tramitatuko dira aplikatu beharreko toki araubidearen legeriak haietarako xedatuaren arabera.

-Araudi partikularra.

4. artikulua. Aplikazio eremua.

Protokolo honek arautzen ditu jarraibideak Jerónimo Marco kalean eraikiko den pasabide jasogarria erabiltzeko.

5. artikulua. Eragiteko modua.

Pasabide jasogarriaren sistema osatzen dituzten mekanismoak eskuz jarriko dira martxan.

6. artikulua. Aldez aurreko baldintzak operazioa egiteko.

Kasu guztietan jakinaraziko zaie Jerónimo Marco kalean ukitutako atarietako bizilagunei, Impregna, S.A. enpresari eta Castejongo udaltzaingoari zein egunetan eta ordutan eginen den maniobra trena pasatzeko.

Poliziari eta ukitutako bizilagunei ahoz edo telefonoz jakinaraziko zaie. Gutxienez 24 ordu aurretik egin beharko da jakinarazpen hori.

Beharrezkoa da zerbitzubide edo sarbide alternatibo bat, beharrezko zerbitzu publikoa eginda, ibilgailuei eta oinezkoei beharrezko irtenbidea eman diezaien baldin eta ukitutako kalea ezin bada erabili pasabide jasogarria gaizki dabilenean eta/edo saihestu ezinezko larrialdietan.

Sarbide horren baldintzak nahikoak izanen dira beharrezko segurtasun neurrien artean aurreikusitako behin-behineko helburu alternatibo horri zerbitzua egiteko.

7. artikulua. Operazioa.

Zehaztutako orduan, Udaltzaingoak baimendu ondoren eta haiek nahitaez bertaratuta, kalea moztuko da eta pasabidea igoko, eta ibilgailuei eta oinezkoei debekatuko zaie bertan igarotzea, haien joan-etorriak berariaz galaraziko baitira.

Trenak Jerónimo Marco kalea zeharkatu eta gainditu ondoren, pasabidea jaitsiko da. Kalea aztertu eta haren egoera egokia dela egiaztatu ondoren, poliziak baimendu ondoan, operazioa bukatutzat joko da.

Trenak ezin izanen dira pasa, inolaz ere, legediak baimendutako soinu mugak gainditzen duen abiaduran.

Operazioak 10 minutu iraunen du gutxi gorabehera, denbora hori orientagarria besterik ez bada ere.

8. artikulua. Erabileren hierarkizazioa.

Jerónimo Marco kalearen erabilera publikoa lehenetsiko bada ere, saiatuko da ez bestelakotzen aldez aurretik egiteko aurreikusten diren operazioak. Haiek bertan behera uzten ahal dira interes publikoak hala justifikatzen badu, salbu eta ezinbesteko kasua edo larrialdiren bat bada; hala gertatuz gero, udal agintaritzak horren berri emanen dio esleipena hartu duen enpresari behar bezain garaiz.

Jerónimo Marco kalean oinezkoen joan-etorriak bermatuko dira kale horretako iparraldeko espaloia sendotuz. Hegoaldeko espaloiaren trazadura, berriz, aldatuko da bidearen trazadura berrira egokitzeko, eta behartuko da iparraldeko kalera gurutzatzera bermatzeko oinezkoen joan-etorria segurtasun baldintzetan egiten dela. Plan Berezi honen II-3 antolamendu planoan (Urbanizazio eremua eta zonifikazio xehakatua) biltzen da gutxieneko seinalizazioa, segurtasun baldintza horiek segurtatzen dituena.

Beste aldetik, ibilgailuendako bidea apurka bilakatzen da estuago pasabide jasogarrira egokitu arte, eta bermatuko da ibilgailuak igarotzeko behar bezain zabala dela. Inguruabar hori seinalez adieraziko da, agiri honen II-3 antolamendu planoan (Urbanizazio eremua eta zonifikazio xehakatua) islatzen den bezala, ziurtatzeko ibilgailuek joan-etorriak zuzen egiten dituztela.

Orobat, trenbidearen erabilera ere bertan egoteak seinalizazio egokia dakar, oinezkoei zein ibilgailuei inguruabar horren berri emateko; hortaz II.3 antolamendu planoan (Urbanizazio eremua eta zonifikazio xehakatua) biltzen den seinalizazioa paratuko da, ibilgailuen zein oinezkoen joan-etorriak segurtasun baldintzetan egiten direla bermatzeko.

9. artikulua. Salbuespen egoerak.

Salbuespenez, operazioak irauten duen bitartean erabakiak luzatu gabe hartu behar badira, bertan dagoen udal agintaritzak erabakiko du bere ustez egokiena dena interes orokorraren alde.

10. artikulua. Erantzukizunak.

Operazioa egiteko esleipena hartzen duenak ordaindu beharko ditu pasabide jasogarria erabiltzeko lanen ondorioz sortzen diren kalteak.

5.-A.A.2 antolamendu xehakatua.

Katastroko 79, 80, 81, 82, 83, 101, 102,103, 104 eta 105. lurzatietan dauden bizitegitarako eraikinak eta eranskinak finkatuko dira egun dituzten bolumen eta erabilerekin.

-Bideragarritasun azterlana ekonomia eta finantza aldetik.

Antolatzen den trenbidearen adarra, izaera pribatukoa, hura sustatzen duen enpresak, Trenes de Navarra S.A.k (Trenasa bezala ezaguna), gauzatu eta finantzatu beharko du osorik eta aurreikusitako epean. Halaber, enpresa sustatzaileak ordaindu beharko ditu Jerónimo Marco kalearen ondoan dagoen kanpoko espazioa urbanizatzeko eta egokitzeko lanak.

Horrenbestez, Plan Berezi honetan hirigintza aldatzeko aurreikusten den operazioaren xedeak, izaerak eta helburuak bermatzen dute benetan gauzatuko dela, haren kostu ekonomikoa, gutxi gorabehera milioi eta erdi eurokoa, enpresa sustatzaileak ordaindu beharko baitu osorik.

Iragarkiaren kodea: L1010124