73. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARROITZ

Ordenantza, Obra txikietarako hirigintza lizentziak
arautzen dituena. Behin betiko onespena

Udalak, 2010eko apirilaren 28an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen obra txikietarako hirigintza lizentziak arautzen dituen udal ordenantza. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, jarraian haren testu osoa argitaratzen da.

Arroitzen, 2010eko maiatzaren 18an.-Alkatea, Rubén Osés Martínez.

UDAL ORDENANTZA, OBRA TXIKIETARAKO HIRIGINTZA LIZENTZIAK ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena:

Hirigintza lizentzia udal baimen arautua da, hirugarrenei kalterik egin gabe, obren exekuzioa eta hirigintzako tresnek aurreikusi dituzten erabileren ezarpena onartzen dituena.

Hirigintzako esparruan ohikoa da obra handiak eta obra txikiak bereiztea. Obra txikien ezaugarriak teknika erraza eta eraikuntzaren nahiz ekonomiaren aldetik garrantzi txikikoak dira. Alde horretatik, ordenantza honek mota horretako obretarako lizentzien ebazpena arautu nahi du.

1. artikulua. Xedea.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ordenantza honek obra txikietarako hirigintza lizentziak emateko prozedura arautzeko xedea du, haien tramitazioa prozedura sinplifikatuei dagokiela.

2. artikulua. Esparru materiala.

Obra handitik bereizten den kategoria denez, obra txikiak teknika errazeko obrak dira, eraikuntzaren nahiz ekonomiaren aldetik garrantzi txikikoak. Normalean konponketa, dekorazio, apaintze edo ixte obra txikiak dira, proiektu teknikorik eta aurrekontu handirik behar ez dutenak. Baldintza horiek batera gertatzen badira, obra txikia izanen da.

Ez dakarte inola ere bolumena, eraikitako azalera edo erabilera objektiborik aldatzea, eraikin baten egiturazko elementuak edo elementu komunak berregituratzea, birbanatzea edo funtsean aldatzea, kanpoko diseinua funtsean aldatzea edo etxebizitzen kopurua aldatzea. Era berean, ez dute ukitzen egitura (harroinak, habeak eta abar), ezta eraikineko edo instalazioko bizigarritasun edo segurtasun baldintzak ere; izan ere, garrantzi txikiko barneko edo kanpoko obrak baizik ez dira.

Honako hauek kontzeptu horretatik kanpo daude:

-Etxegintzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 2.2 artikuluan edo hori ordezten duen legedian bildutako obrak, proiektu teknikoa behar duten eraikuntza obra handiak izateagatik.

-Hirigintzako planeamenduan ezarritako antolamenduarekin bat ez datozen eraikinetako obrak.

-Eraikinen egitura eramailea (eskaileren ukipena eta behegainen eraikuntza barne) edo horien elementu komunak ukitzen dituzten obrak (ordenantza honetan aipatzen diren fatxada, estalki eta instalazioetako obrak izan ezik).

-Aldez aurretik erabili ez den lokal batean jarduera ezartzea edo baimendutako jarduerarekin zerikusi txikia duen jarduera ezartzea dakarten obrak.

-Jarduera sailkatuak ezartzea edo horiek funtsean aldatzea dakarten obrak.

-Eraikin edo elementu katalogatuetako obrak.

3. artikulua. Tipologia. Ondoko hauek izanen dira obra txiki soilak:

1.-Etxebizitzen barneko obrak, bizigarritasun baldintzak betetzea oztopatzen ez dutenak, etxebizitzen erabilera edo kopurua aldatzea ez dakartenak edo eraikinaren elementu komunak ukitzen ez dituztenak, konparaziorako:

-Estaldurak zaharberritzea, konpontzea, berriztatzea edo aldatzea.

-Barneko arotzeria aldatzea edo ordeztea.

-Tresna sanitarioak aldatzea edo ordeztea.

-Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berriztatzea edo aldatzea.

2.-Fatxada eta estalkietako obrak, baldin eta lehendik dauden materialei, koloreei eta diseinuari eusten bazaie:

-Estalkiak konpontzea eta teilaberritzea.

-Zorrotenak garbitzea eta ordeztea.

-Fatxadak pintatzea, paramentuak konpontzea eta fatxadako elementuak (barandak, moldurak eta antzekoak) konpontzea eta ordeztea.

-Kanpoko arotzeria ordeztea.

3.-Etxebizitzen barneko obrak:

-Igeltserotza eta holtzak paratzeko obrak, 1. puntuan adierazi diren jarduketen kasuak gainditzen dituztenak, erabilera edo etxebizitzaren banaketa funtsean aldatzea ez dakartenak eta bizigarritasun baldintzak betetzea oztopatzen ez dutenak.

-Etxebizitzetan instalazio edo azpiegitura berriak ezartzea.

4.-Lokaletako obrak:

-Fatxadak zaharberritzea.

-Estaldurak zaharberritzea, konpontzea, berriztatzea edo aldatzea.

-Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berriztatzea, aldatzea edo ezartzea.

5.-Fatxada eta estalkietako obrak:

-Balkoiak ixtea eta goiko solairuetan eguzki-oihalak paratzea, jabe elkarteak eskatuta Udalak elkarterako eredu komuna onetsi eta gero.

-Lokaletan eguzki-oihalak paratzea.

-Lokaletako eta eraikinetako fatxadetan errotuluak paratzea.

-Irekitzeko lizentzia duten lokaletako beheko solairuan baoak egitea, fatxadaren konfigurazio orokorra aldatzea ez badakarte.

-Fatxadetako eta estalkietako obrak, materialak, koloreak eta diseinua aldatzea dakartenak, baita fatxaden zaharberrikuntza osoak ere. Kasu horietan, jarduketak eraikinaren fatxada edo estalki osorako diseinuari eutsi beharko dio.

6.-Eraikinen instalazio edo azpiegitura komunetako obrak:

-Konponketak, ordezte partzialak edo berriztatze osoak.

-Instalazio edo azpiegitura berriak ezartzea.

7.-Bertzelako jarduketak.

-Etxebizitzak edo lokalak zaharberritzeko proiektua idatzi baino lehen laginak hartzea edo eraispen zehatzak egitea, haien beharra justifikatzen bada.

-Lorategietako zaharberrikuntza txikiak.

-Artikulu honetan adierazi diren ezaugarrien antzekoak dituzten obra txikiak.

4. artikulua. Baldintza dokumentalak eta teknikoak:

4.1.-Kasu guztietarako, honako hauek aurkeztu beharko dira oro har:

-Udalak mota horretako lizentzietarako finkatu duen eskabide-inprimakia.

-Lanak deskribatzeko txostena.

-Kontu-sailetan zehaztutako aurrekontua, materialak eta eskulana barne.

-Obren zuzendaritzarako teknikari eskuduna kontratatu izanaren frogagiria, obrek egiturazko elementu txikiak unean unean ukitzen dituztenean (hala nola teilatu hegalak, balkoietako lauzak, estalkiko petralak edo gisakoak).

4.2.-Berariazko dokumentazioa, egin beharreko obren motaren arabera:

4.2.1.-Etxebizitzetako eta lokaletako obrak (3. artikuluaren 1. eta 2. puntuetarako izan ezik).

-Etxebizitzen eta lokalen barneko igeltserotza obretarako eta holtzak paratzeko obretarako: gaur egungo egoeraren eta zaharberritu ondoko egoeraren planoak.

-Etxebizitzen eta lokalen barnean azpiegitura eta instalazio berriak ezartzeko obretarako: etxebizitzaren planoa, ezartzen diren instalazioak agertzen dituena.

4.2.2.-Fatxada eta estalkietako obrak:

-Eguzki-oihalak eta errotuluak paratzea: horien diseinua zehazten duen dokumentazioa (planoak, argazkiak) eta haien kokapena zehazten duen fatxadaren argazkia eta/edo krokisa.

-Beheko solairuan fatxadako baoak irekitzea: gaur egungo egoeraren eta zaharberritu ondokgo egoeraren planoak.

-Fatxadetako eta estalkietako obrak, oro har: gaur egungo egoeraren eta zaharberritu ondoko egoeraren planoak. Fatxadaren argazkiak. Obrek fatxada edo estalki osorako diseinuari eusten diotela erakusten duen irudizko edota idatzizko justifikazioa.

4.2.3.-Eraikinen instalazio edo azpiegitura komunetako obrak:

-Lehendik dauden instalazioen diseinua aldatzea edo instalazio berriak ezartzea dakarten obrak: gaur egungo egoeraren eta zaharberritu ondoko egoeraren planoak.

-Fatxadak ukitzen dituzten obrak: ukituriko fatxaden argazkiak eta proposatu den konponbidearen krokisa.

-Gas instalazioak: azterlan teknikoa, kasuan kasuko elkargo profesionalak ikus-onetsia eta enpresa hornitzaileak zigilatua. Hartan instalazioa deskribatuko da eta, horri dagokionez, araudia betetzen dela frogatuko da.

4.2.4.-Proiektua idatzi baino lehen laginak hartzea edo eraispen puntualak egitea:

-Proiektua idazteko eskumena duen teknikariak idatzi duen eta ikus-onetsi den txostena, bertan laginen edo eraispenen beharra justifikatzen dela.

Hemen aipatzen diren dokumentu guztiak gutxienekoak dira. Udalak dokumentu osagarriak eskatzen ahalko ditu, baita, hala denean, teknikari eskudunak sinatzen duen eta ikus-onesten den obra proiektua ere, lizentzia behar duten obrak zuzen eta osorik zehazteko edo araudiarekin bat datozela bermatzeko beharrezkoak badira.

5. artikulua. Bide publikoaren okupazioa eta baliabide osagarrien erabilera.

Bide publikoa okupatzeko edota aldamioak, karga jasogailuak, hesiak eta gisakoak paratzeko baimena obra lizentziarekin batera eskatuko da. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

-Kokapen planoa, egin nahi den okupazioa zehazten duena.

-Aldamioak, karga jasogailuak edo gisako baliabide osagarriak erabiltzen badira, obra zuzendaria edo obraren exekuzioaren zuzendaria kontratatu izanaren ziurtagiria aurkeztuko da; hori izan ezean, baliabide osagarriak paratzeko eta kentzeko lanak teknikari eskudunaren zuzendaritza eta ikuskapenpean gauzatuko direla adierazten duen ziurtagiria aurkeztuko da. Kasuan kasuko elkargo ofizialak ikus-onetsiko ditu agiri horiek.

-Baliabide osagarri gisa garabidun ibilgailuak erabiltzen badira edo aldi baterako lanak goragune batean egiten badira, obra zuzendaria edo obra gauzatzeko zuzendaria kontratatu izanaren ziurtagiria aurkeztuko da; hori izan ezean, baliabide osagarriak paratzeko edo kentzeko lanak teknikari eskudun baten zuzendu eta ikuskatuko dituela adierazten duen ziurtagiria aurkeztuko da.

-Eremu publikoa okupatzeko egunak.

6. artikulua. Prozedura.

1.-Prozedura eskabidea inprimakian aurkeztuz abiaraziko da. Bertan 4. artikuluan adierazi diren datuak agertuko dira, gutxienez.

2.-Dokumentazio osatu eta bidezko txostenak egin ondoan, 15 eguneko epean espedientea ebatziko da, lizentzia eman edo ukatuko duena.

3.-Lizentzia emateko dokumentuan bidezko zergak adieraziko dira eta interesdunak 10 eguneko epean ordaindu beharko ditu, lizentzia jakinarazi eta biharamunetik zenbatuta.

7. artikulua. Lizentzien baldintza orokorrak eta ondorioak.

1.-Legediaren kontra edo hirigintzako planeamenduaren kontra diren lizentzia tramitatuak ez dira joko administrazio isiltasunaren bidez eskuratutzat, ezta hurrengo kasuetan ere: eskabideko datuak faltsutu, okertu edo ez aipatzeagatik, hutsuneen zuzenketa, prozedura jarduketa jakinarazitzat edo laburtutzat jotzeko desegokitasuna edo espedientearen tramitazioari eta ebazpenari lotutako bertze edozein alderdi jakinarazi ahal izan ez denean.

2.-Aurreko idatz-zatietan aipatzen den prozedura araubideak ez ditu jarduketa horien titularrak salbuesten zerga betebeharretatik; betebehar horiek ordenantzek arautuko dituzte.

3.-Lizentzia baldintza hauei lotuko zaie:

a) Udalaren eta jarduketaren subjektuaren arteko ondorioak sortuko dituzte, baina ez dituzte aldatuko subjektu horren eta gainerako pertsonen artean dauden egoera juridiko pribatuak.

b) Lizentziak eman direla ulertuko da, jabetza eskubidea izan ezik eta hirugarrenei kalterik egin gabe.

c) Deskribaturiko obrak baino ezin izanen dira gauzatu. Berariaz adierazi diren obrak ez direnak egiten badira, aldez aurretik horiei dagokien baimena eskatu beharko da, bertzenaz ezartzen ahal diren zehapenak ukatu gabe.

d) Obrak bi hilabeteko epean hasi beharko dira, lizentzia ematen denetik aitzina, eta emateko egunetik aurrera hiru hilabeteko epean burutu beharko dira, lizentzian exekuzio epe luzeagoa adierazi ezean. Epe hori iragano ondoan, lizentzia iraungitzat joko da, interesdunak obrak egiteko luzapena edo atzerapena eskatu ezean; nolanahi ere, epe hori aurreko epearen erdia izanen da, gehienez.

e) Ezin izanen dira inola ere egin legediaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrakoak diren obrak.

f) Obraren exekuzioan kontuan hartu behar diren eta eraikuntzaren eta laneko segurtasunaren eta osasunaren arloetan indarra duten xedapen guztiak beteko dira.

g) Ezin izanen dira argudiatu, baimenduriko jarduketak egitean titularrek eragin duten erantzukizun zibila edo zigor arlokoa baztertzeko edo murrizteko.

h) Baimenak eskualdatzen ahalko dira, baina lehengo titularrak eta titular berriak idatziz jakinarazi beharko diote Udalari; bertzenaz, lizentziak babesten duen jarduketatik ondorioztatzen diren erantzukizunei men egin beharko diete biek.

i) Lanak egitean obren ondorioz bide publikoetan eta ondoko gainerako espazioetan sortzen diren kalteak konpondu, eta espazio horiek segurtasun, osasungarritasun eta garbitasun baldintza onetan mantendu beharko ditu.

j) Debekatuta egonen da karriketan, plazetan eta pasealekuetan aldamioak, eskailerak, makinak, tresnak, erremintak edo lanabesak paratzea, baita zirkulazio publikoa oztopatzen ahal duten eta berariazko baimenik ez duten edozein motatako eraikuntza objektuak eta materialak ere.

4.-Obra lizentziak obrak babesten ditu, baina ez hirigintzako erabilerak. Hori dela eta, legeztatuta ez badaude eta legeztatu ezin badira, obren exekuzioak ez du inola ere eskubiderik emanen erabilera babesten duen lizentziarik eskuratzeko .

Horren ondorioz, lizentziak luzatu eta ematen dira, aipatutako erabilerak legeztatuta daudela ulertuta eta, legeztatuta ez badaude, ez da babestuko inolako obrarik.

8. artikulua. Udalaren kontrol eta ikuskapen araubidea.

Udaleko zerbitzu teknikoek indarra duen legediak ematen dizkien ikuskapen eginkizunak eginen dituzte, hirigintzako legedia betetzen dela egiaztatu eta ikertu beharrez.

Iragarkiaren kodea: L1008728