62. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

40/2010 FORU AGINDUA, apirilaren 16koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariak emana, "Udal edo kontzejuenak diren gizarte eta kultur etxeak sortzeko" diru-laguntzen deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak onetsi, 300.000 euroko gastua baimendu eta foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dituena.

Nafarroako 2010eko aurrekontu orokorretan, Nafarroako Parlamentuko sozialisten taldearen ekimenez, "Gizarte etxeak eraiki eta hornitzea" izeneko kontu-saila sortu zen, 500 eta 2.000 bizilagun arteko udal eta kontzejuei gizarte eta kultur etxeak sortzeko laguntza eman nahirik.

Laguntza horiek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira.

Ikusirik Kultur Ekintza Zerbitzuak egindako txostena, non proposatzen baita "Udal edo kontzejuenak diren gizarte eta kultur etxeak sortzeko" diru-laguntzen deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, 300.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta kontuan harturik hala helburua nola baldintzak betetzen direla, bai eta gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak ere, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "Udal edo kontzejuenak diren gizarte eta kultur etxeak sortzeko" laguntzen deialdia onestea.

2. "Udal edo kontzejuenak diren gizarte eta kultur etxeak sortzeko" laguntzen oinarri arautzaileak onestea.

3. Laguntzak emateko 300.000 euroko gastua baimentzea, 2010eko gastuen aurrekontuko "Gizarte etxeak eraiki eta hornitzea" izeneko A20002-A2500-7609-334102 kontu-sailaren kargura.

4. Foru agindu hau igortzea Kultur Ekintza Zerbitzuari, Deialdi eta Laguntza Atalari, Ogasun Departamentuak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismokoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2010eko apirilaren 16an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

UDAL EDO KONTZEJUENAK DIREN GIZARTE ETA KULTUR ETXEAK SORTZEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIKO OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Diru-laguntzen xedea eta helburua.

1.1. Diru-laguntzen xedea da 500 eta 2.000 bizilagun arteko udal eta kontzejuei gizarte eta kultur etxeak sortzeko laguntza ematea.

1.2. Deialdi honen xedea da udal edo kontzejuenak diren gizarte eta kultur etxeak egiteko proiektuak prestatu, obra zuzendu eta etxe horiek eraiki eta hornitzeko diru-laguntzak ematea, betiere 2010eko urtarrilaren 1etik abenduaren 2ra bitarte egiten badira.

1.3. Deialdiari begira, gizarte eta kultur etxetzat honako hauek dituen eraikina hartuko da:

-Erabilera anitzeko gela. Luzera, zabalera eta altuera egokiak izanen ditu bertan kultur hedapeneko jarduerak eta erakusketak egiteko.

-Erabilera anitzeko gelaren araberako biltegi zabala.

-Aldagela.

Salbuespenez, eta eskatzaileen beharren arabera, ondoren aipatzen diren guneak:

-Areto osagarriak, kultur eta gizarte programa desberdinak egin ahal izateko.

-Bulegoetarako eta ekipamendua kudeatzeko lanetarako guneak.

2. Aurrekontuko kontu-saila eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

2.1. Diru-laguntza hauek, gehienez ere 300.000 euro, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2010eko gastuen aurrekontuko "Gizarte etxeak eraiki eta hornitzea" izeneko kontu-sailaren kargura finantzatuko dira.

2.2. Laguntzaren zenbatekoa proiektuak lortzen duen puntuazioaren araberakoa izanen da, onartzen den aurrekontuaren %50ekoa gehienez ere.

3. Diruz lagun daitekeen gastua.

Diruz laguntzen ahal den gastutzat jotzen da ondoko lanen ondoriozkoa: udal edo kontzejuenak diren gizarte eta kultur etxeei dagokien proiektuaren erredakzioa, obra zuzendaritza, eraikuntza eta hornidura. Jarduketa horiek 2010eko urtarrilaren 1etik abenduaren 2ra bitartekoak izan behar dute.

4. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

4.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako betebehar orokorrak.

4.2. Deialdi honetako laguntzak eska ditzakete 500 eta 2.000 bizilagun arteko Nafarroako udal eta kontzejuek, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Gizarte eta kultur etxea eginen deneko orube edo ondasun higiezinaren jabetza izatea.

b) Gizarte eta kultur etxea eginen deneko orubearen hirigintza kalifikazioa hirilurrarena izatea.

c) Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena edukitzea, eraikin katagolatuak zaharberritu behar direnean.

5. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

5.1. Laguntza eskaerak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedu Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

5.2. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak identifikazio datuak biltzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, arauz ezarritako agiriak aurkezten ez badira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako baldintzetakoren betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio okerra zuzendu edo arauzko agiriak aurkeztu ditzala hamar eguneko epean, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 42. artikuluan ezarritako moduan.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Deialdi eta Laguntza Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.2. Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:

a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, eta, bera izan ezean, Liburutegien Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordekideak: Programa Artistikoen Ataleko burua eta, bera izan ezean, atal horretako goi mailako teknikari bat; Kultur Azpiegituren Bulegoko burua eta, bera izan ezean, Programa Artistikoen Ataleko goi mailako teknikari bat; eta Nafarroako Kulturaren Kontseiluko bi kide.

c) Idazkaria: Deialdi eta Laguntza Ataleko burua eta, bera izan ezean, Sustapen, Edizio eta Teknologia Berrien Ataleko burua, hitza eta botoa dituela.

Batzorde horrek eskaerak ebaluatuko ditu, eta haren irizpena loteslea izanen da. Deialdi eta Laguntza Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

Kultur Ekintza Zerbitzuak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7. Norgehiagokako prozedurako balorazio irizpideak.

7.1. Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta laguntzaren zenbatekoa zehazteko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

a) Eragimen ekonomikoaren maila: gizarte eta kultur etxeko eraikinerako aurreikusi den kostuaren (zerbitzu-sariak, eraikuntza eta hornidura gastuak) eta berriki eraiki diren antzeko guneen batez besteko kostuaren arteko erlazioa, 30 puntu bitarte.

b) Proiektua deialdiaren xedeari egokitzea, bereziki baloratuz udal edo kontzejuen gizarte edo kultur etxe orotan arauzkoak diren eremuen egokitasuna, 30 puntu bitarte.

c) Eskabidea aurkeztean proiektuaren betetze maila, 20 puntu gehienez, ondoren adierazten den moduan banaturik:

-Hasiak diren obrak eta deialdi hau baino lehenagoko edizioetan laguntza hartu duten proiektuetakoak, 6 puntu bitarte.

-Aurreko deialdi batean diru-laguntza jaso zuten proiektuetako obrak gauzatzea, 5 puntu bitarte.

-Obra zibila bukatua duten gizarte eta kultur etxeen ekipamendua, 4 puntu bitarte.

-Gizarte eta kultur etxeak eraikitzeko proiektuak prestatzea, 3 puntu bitarte.

-Oraingo gizarte eta kultur etxeetako ekipamenduak hobetzea, 2 puntu bitarte.

d) Eskualdean halako gizarte eta kultur azpiegituretan dagoen eskasia eta proiektua nola egokitzen zaien herrian edo eskualdean benetan dauden beharrei, 20 puntu bitarte.

7.2. Ez dute inolako laguntzarik jasoko puntuazio osoaren %50 lortzen ez dutenek.

7.3. Batzordeak, erabakiak hobeki hartu ahal izateko, argibide gehiago eska ditzake, baita eskatzailea bera agertzea ere.

8. Laguntza emateko ebazpena.

8.1. Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita lau hilabeteko epean, laguntzak emateko.

Epe horretan ebazpen espresik izaten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

8.2. Deialdiaren ebazpena jendaurrean jarriko da, bai Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko iragarki oholean (Navarrería kalea, 39, Iruña), bai Nafarroako Gobernuaren web orrian: http://www.navarra.es/home_es/servicios/buscador-avanzado/.

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Deialdi honi buruzko edozein jakinarazpen Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko da (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.

9. Onuradunen betebeharrak.

9.1. Deialdi honen barnean diruz laguntzen den proiekturako soilik erabiliko da laguntza eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak beteko dira.

9.2. Diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu izan den Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Deialdi eta Laguntza Atalean frogatu beharko da.

9.3. Deialdi eta Laguntza Atalari jakinarazi beharko zaio proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

9.4. Programan, kartelean, iragarkietan nahiz edozein motatako publizitatean agertarazi behar da jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela. Aipamen hori Nafarroako Gobernuko Argitalpen Zerbitzuaren jarraibideen arabera egin beharko da, posta elektronikoa: publicaciones@navarra.es, edo http://www.navarra.es/home_es/servicios/ficha/1900/Simbolo-oficial-del-Gobierno-de-Navarra web gunean bidez, kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduera bukatu bitartean izanen da agerian.

9.5. Noiznahi ere onartzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Deialdi eta Laguntza Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

9.6. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Deialdi eta Laguntza Atalari. Hori jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

9.7. Diru-laguntzen onuradunek Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikarien aholkularitza izanen dute proiektua prestatzeko eta gizarte eta kultur etxea eraiki eta hornitzeko, eta eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari adostasuna eskatzea diru-laguntzaren xede diren proiektuak gauzatzean gertatzen diren aldaketen aurrean. Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira aldaketak.

b) Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 16. artikuluko 2. idatz-zatiaren arabera, aldaketari buruzko espedientea tramitatzea, instrukzio organoak diru-laguntzaren xede den kontzepturen bat (proiektuaren prestakuntza, eraikuntza edo hornidura) aldatu egin behar dela uste badu.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluko 3. idatz-zatian xedatutakoarekin bat, diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada obraren exekuzioaren kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela.

Kasu horietan, onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin gutxienez kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin izenpetuko du.

d) Diru-laguntzaren xede den proiektu osoa justifikatzea.

e) Toki entitateek proiektuak eta ekipamendua bukatu direla onartu eta, hala bada, bertan atzemandako akatsak zuzendu direla frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte. Harrera formalik egiten ez denean, bestelako agiriak aurkezten ahalko dira, instrukzio organoak horretarako baimena ematen badu.

9.8. Kultur Ekintza Zerbitzuak kasuan kasuko ordainketak egin baino lehen inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du. Egiaztapen material hori diru-laguntza 60.000 eurotik gorakoa denean eginen da beti.

10. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

10.1. Diru-laguntzak Kultur Ekintzako Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren pagatuko dira, eskatzaileek ondoren aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu ondoren:

a) Idazkaritzak emandako ziurtagiria. Ziurtagiri horretan kontratuak esleitzeko espedienteen zenbatekoak eta izaten ahal diren aldaketak agertuko dira eta, halaber, esleipenak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean eta kontratazio administratiboari buruzko gainerako araudian xedatutakoari jarraikiz egin direla ziurtatuko da.

b) Fakturak, fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuarekin bat etorri beharko dutenak.

c) Egindako ordainketen frogagiriak.

Behar bezala justifikatutako kopuruari emandako laguntzaren portzentajearen aplikazioaren emaitzarekin bat etorriko da ordainketa bakoitza. Azken ordainketa egiteko, aipatutako frogagiriak 2010eko abenduaren 2a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Salbuespen gisa, onuradunak diru-laguntzaren helburuak lortzeko funtsak behar dituela frogatzen duenean, aurrerakin bat egiten ahalko da, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak espresuki baimenduta.

10.2. Obra bukatuta, azken ordainketa gauzatu baino lehen, laguntzaren onuradunak eskrituraren edo kasuan kasuko eskrituraren aldaketaren kopia behar bezala diligentziatuta aurkeztuko du, non emandako diru-laguntzaren zenbateko osoa adieraziko baita, eta Jabetza Erregistroko inskripzioarena ere bai.

10.3. Gizarte eta kultur etxe bat eraikiz gero, gutxienez ere 25 urteko atxikialdia izanen da diru-laguntzaren xede den helbururako.

10.4. 9.7.b) puntuaren aplikazioaren ondorioz, diru-laguntzaren zenbatekoan aldaketak izaten ahalko dira, beren ondorio ekonomiko eta administratiboak izanen dituztenak.

10.5. Onartutako proiektuan ageri zen gastua baino gutxiago justifikatzen bada, diru-laguntza murriztuko da, laguntzaren portzentaje berberak mantentzeko.

11. Diru-laguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

11.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

11.2. Beste entitate batzuek emandako diru-laguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, onartutako laguntza aldatzen ahalko da, laguntza guztien zenbatekoak diru-laguntzaren xede den jardueraren kostua gainditzen badu.

12. Laguntza itzultzea.

Onuradunak proiektua gauzatu duela behar bezala justifikatu ezik, pagaturiko laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik itzultze egunera arte sortutako berandutza korrituak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

13. Arau-hausteak eta zehapenak.

13.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

13.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

14. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

15. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri hauek betearazteko ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua
(bikoizturik aurkeztu)

............................................jaunak/andreak, NAN/IFZ: ......................

Helbidea:

Kalea:

P.K.:.................. Telefonoa:

Helbide elektronikoa: ....................................................................................................................... bere izenean edo ondoko hau ordezkatuz (bidezko ez dena ezabatu).

Udala/Kontzejua: ................. IFK: ......................................................

Helbidea: ............. Kalea: ...................................................................

P.K.: ................. Telefonoa: .............................. Helbide elektronikoa: .............................................. honako eskaera hau aurkeztu du:

"Udal edo kontzejuenak diren gizarte eta kultur etxeak sortzeko" laguntzetarako eskaera, foru agindu honek onetsitako oinarriekin bat:

............... /2010 Foru Agindua, ...............aren .....(e)koa. (Nafarroako Aldizkari Ofiziala ..... zk., 2010eko ...............aren ......(e)koa).

Destinoa: Deialdi eta Laguntza Atala.

Eta, oinarri arautzaileetan ezarritakoarekin bat:

1. Haietan agindu bezala, agiri hauek aurkezten ditu:

a) Eskaera aurkezten duen udal edo kontzejuaren izena.

b) Toki entitatearen aldetik proiektua koordinatzeaz arduratzen denaren izen-deiturak eta telefonoa.

c) 2008an eta 2009an herrian egindako kultur jardueren memoria.

d) Udalaren edo kontzejuaren aurrekontu osoaren eta kultura arloaren aurrekontu osoaren ziurtagiriak eta 2008 eta 2009ko ekitaldi ekonomikoetako xehakapena.

e) Gizarte eta kultur etxeak ase behar dituen premiak justifikatzeko txostena.

f) Gizarte eta kultur etxea finantzatzeko plana.

g) Gizarte eta kultur etxea egin behar deneko orube edo higiezinaren gaineko jabetza osoari buruzko ohar soila, Jabetza Erregistroak emana.

h) Udaleko edo kontzejuko idazkariaren ziurtagiria, gizarte eta kultur etxea eginen deneko orubearen hirigintza kalifikazioa hirilurrarena dela adierazten duena.

i) Eraikin katalogatuak direnean, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena.

j) Aurreproiektua, diru-laguntza proiektua prestatzeko eskatu bada.

k) Ikus-onetsitako proiektua, diru-laguntza gizarte eta kultur etxea eraikitzeko eskatu bada.

l) Memoria tekniko baloratua, diru-laguntza ekipamendurako eskatzen denean.

2. Aditzera ematen du ez dagoela sarturik Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan.

3. Datuak eguneratzeari dagokionez, aditzera ematen du Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari idatziz jakinaraziko diola, 15 eguneko epean gehienez, adierazpen honetan aipatutako diru-laguntzetan izaten den edozein aldaketa.

4. Diru-laguntzarako eskaeran azaltzen den ikuskizunari dagokionez adierazten du:

-Ez duela eskuratu edo eskatu beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren, Estatukoen edo nazioartekoen, inolako diru-laguntzarik.

-Beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren, Estatukoen edo nazioartekoen, diru-laguntza hauek eskuratu/eskatu dituela:

ZEIN ENTITATERI ESKATU ZION LAGUNTZA

ESKATUTAKO
KOPURUA

DIRU-LAGUNTZAREN EGOERA
(eskatua/emana/ordaindua)

5. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarriko 3. idatz-zatian xedatutakoaren ondorioetarako, eskaera aurkezteak berarekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziak, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak luzatu beharreko ziurtagiriak eskatzeko.

6. Eskabide honekin batera emandako datuen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan gauzatuko dira, aipatutako legeriari jarraikiz betiere.

.................(e)n, 2010eko .............aren ..............(e)an.
(Sinadura)
Izen-deiturak

NAFARROAKO GOBERNUA.-VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEA-KULTURA ETA TURISMO DEPARTAMENTUA.

Iragarkiaren kodea: F1006876