59. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

DEIALDIA, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 29an emandako 83/2010 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko goi mailako teknikari izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 29an emandako 83/2010 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko goi mailako teknikari izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi da.

Hautapen prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, hori garatu eta betearazteko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen oinarriak.

1.-Deialdiaren xedea.

1.1. Goi mailako teknikari izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea da deialdi honen xedea. Funtzionarioen araubidekoa izanen da, A mailakoa, plantilla organikoan 33590 zenbakia izanen du eta, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari atxikirik, Iruñean lan egiteko izanen da.

1.2. Lanpostuaren ordainsariak hauek izanen dira: uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduan A mailarentzat oro har ezarritakoak eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan kasu bakoitzerako ezartzen direnak.

1.3. Halaber, deialdi honen bidez sarrerako hautapen prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hauek osatu nahi dira, 9. oinarrian xedatutakoarekin bat:

a) Sarrerako hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, bat bera Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eta erakunde autonomo guztientzat.

b) Aldi baterako kontratuak egiteko izangaien zerrenda, oposizioan bigarren ariketa gainditu arren ariketa guztiak gainditu ez dituztenekin osatua, Administrazio Erroan aldi baterako kontratatzeko.

2.-Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea bukatzen denetik (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko baldintzak.

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela diziplina zehapenik edo zigor penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dienik.

2.2. Izendatua izateko proposatzen den izangaiak deialdiaren 7.2 atalean ezarritako epean eta moduan frogatu beharko ditu betebehar horiek.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan (zerrenda 2008ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazi diren bideetakoren bat erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Eskabideak deialdi honen eranskineko ereduari lotu behar zaizkio eta, horietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskabide eredua Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Internet bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es, bai argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta bai aipu honetatik abiatuta: "Zerbitzuak", "Enplegu publikoa".

3.2. Eskabideari, behar bezala bete ondoren, agiri hauek erantsiko zaizkio:

A) Izangai guztiek aurkeztu beharreko agiriak:

Bat.-Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nortasuna frogatzen duen beste agiri baliokideren batena.

Bi.-Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 40 euro ordaindu izanaren ziurtagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, baztertu eginen da izangaia.

Sistema hauetako bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

-Behar den bezala betetako ordainketa gutunaren bidez (Nafarroako Foru Komunitateko banku entitateetan ordaintzeko). Interneten, deialdiaren iragarkian, agertzen da ordainketa gutunaren eredua, arestian aipatutako helbidean.

-Banestoko (Banco Español de Crédito) 0030 8124 87 0870002271 kontuan eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez ordainduz; horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

  • Izangaiaren izen-deiturak.
  • NANa/IFZ.
  • Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.
  • Kontzeptua: oposizioak.
  • Deialdiaren xede den lanpostua.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak. C) atalean ezarri bezala frogatu beharko da hori.

b) Deialdia argitaratu aurretik hilabetez edo luzaroago lan eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskaini zaizkien lan egokiei uko egin ez izatea eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izatea, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko du. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako lan egokiei, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

Interesdunaren aitorpenaren bidez frogatuko da ez duela hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Aitorpen eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da, edo bestela Interneten bidez, arestian emandako helbidean.

B) Desgaitasuna duten izangaiak:

3.2 oinarriaren A) atalean (tasak ordaindu beharrik ez izatea) xedatutakoari dagokionez, eta denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, jatorrizko agiri hauetako baten bidez edo kopia konpultsatuaren bidez:

-Imsersok edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak luzatutako ziurtagiria.

-Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, erabateko ezintasun iraunkorra edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek ariketak egiteko denboren eta baliabideen egokitzapenak eskatzeko, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta aparteko orri batean azaldu beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten. Interesdunen eskura dago egokitzapenak eskatzeko eredu bat www.navarra.es web orrian, deialdiaren aipamenean, "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa" atalean.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariak, erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak emandako eskuordetzaz (103/2008 Ebazpena, ekainaren 26koa), ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariak, erakunde autonomoaren zuzendari kudeatzaileak emandako eskuordetzaz (103/2008 Ebazpena, ekainaren 26koa), ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko, baldin eta beraiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen badira.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Adoración López Jurío, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: Fermín Guillorme Rodrigo, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria.

-Mahaikidea: Ana Herrera Isasi, Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutua fundazioko goi mailako teknikaria.

-Ordezkoa: María José Redín Armañanzas, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Programa Artistikoen Ataleko goi mailako teknikaria.

-Mahaikidea: Ignacio Javier Gordejuela Hierro, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Programa Artistikoen Ataleko burua.

-Ordezkoa: Genoveva Rodríguez Palmero, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Deialdi eta Laguntza Ataleko burua.

-Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposaturik izendatua.

-Ordezkoa: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposaturik izendatua.

-Mahaikide idazkaria: José Miguel Gamboa Baztán, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

-Ordezkoa: Alejandro Alonso Zapata, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretako batean badaude, eta organo dei egileari hala jakinaraziko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren gainean sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2010eko irailean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

-Lehenengo ariketa: teorikoa, gai zerrendako I. zatiko gaiei buruzko erantzun laburreko 15 galdera erantzun beharko dira idatziz. Ariketa horretan, izangaiei emanen zaizkien galderak erantzun beharko dituztenak baino %25 gehiago izanen dira, horien artean aukera dezaten. Ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 3 ordu izanen dituzte.

-Bigarren ariketa: teorikoa, bi gai idatziz garatu beharko dira: bata gai zerrendako II. zatikoa eta bestea III. zatikoa. Horretarako, epaimahaiak zati bakoitzeko bi gai aterako ditu zozketaz, eta izangaiek horietako bat, nahi dutena, garatu beharko dute. Bi gaiak garatzeko lau ordu izanen dituzte gehienez.

-Hirugarren ariketa: praktikoa, gai zerrendako (I., II. eta III. zatia) gaien inguruan epaimahaiak proposatzen duen kasu bat idatziz ebatzi beharko da. Ariketa hori egiteko izangaiek izanen duten denbora epaimahaiak adieraziko du, azterketa hasi baino lehen.

-Laugarren ariketa: ingeleseko probak. Borondatezko ariketa da eta ez baztertzailea, eta aurreko hiru ariketak gainditzen dituzten izangaiek egiten ahalko dute.

Idatzizko proba bat eta ahozko bat eginen dira, izangaien jakite maila zehazteko.

Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko ditu eta haren emaitza loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez, honela banatuak:

-Lehenengo ariketa: Gehienez ere 15 puntu.

-Bigarren ariketa: Gehienez ere 30 puntu.

-Hirugarren ariketa: Gehienez ere 45 puntu.

-Laugarren ariketa: Gehienez ere 10 puntu.

6.4. Lehenbiziko, bigarren eta hirugarren ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean kalifikaziorik altuena lortzen duen izangaiaren puntuazioaren erdira gutxienez iristen ez diren izangaiak. Hori hala izanik ere, ariketa gainditutzat jotzeko, deialdiaren oinarrietan ariketarako ezarritako gehieneko puntuazioaren herena atera beharko da gutxienez.

6.5. Lehenbiziko, bigarren eta hirugarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira.

6.6. Ariketa bakoitza kalifikatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.8. Hautaprobak egiteko, onartutako desgaitasunen bat dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketak egiten diren tokietan. Gero, zerrenda hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio, hautaprobak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

Berdinketarik gertatuz gero, hirugarren ariketan puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, bigarren ariketan eta lehenengo ariketan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horrexetan.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak inprimaki berariazko batzuk jaso eta honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuan:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiek:

a) Nortasun agiri nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, hala bada, eskaerak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Atalak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragozten dion eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Proposatutako izangaiak desgaitasunen bat alegatu badu, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, agiri bat aurkeztu beharko du, bere Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak diren izangaiek:

a) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, hala bada, eskaerak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

Proposatutako izangaiak desgaitasuna alegatu badu, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Inork agiri horiek goian adierazitako epean ekartzen ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira, eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzea baztertu gabe.

7.4. Aurreko atalean ezarritakoa gertatuz gero, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

7.5. Nahitaezko betebehar eta baldintzen frogagiriez gain, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak, bere eskudantziak erabiltzeko, beste edozein agiri eska diezaioke izangaiari, eta horrek deialdi honen 7.2 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

8.-Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko du, goi mailako teknikari lanposturako, eta dagokion lanpostu hutsa esleituko dio.

8.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dute izendatua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionarioen arloan indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, izendatuak, Nafarroako administrazio publikoen edozein montepiotako eskubide pasiboen araubidekoa bada, bi aukera izanen ditu: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

8.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

8.4. Funtzionarioek bizilekua destinoko herrian ez izateak ez du alde batera uzten lantokira puntual iritsi beharra eta lanaldia eta lanpostuko eginkizunak zuzen bete beharra, eta, gainera, ez da inolako konpentsaziorik jasoko lantokirako joan-etorriengatik.

Behar bezala justifikatutako kasu batzuetan, administrazio publikoek zilegi izanen dute funtzionarioei destinoko herrian bizi daitezela eskatzea, lanpostuko eginkizunengatik eta eskatzen den dedikazioagatik bidezkoa denean.

8.5. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta izangai izendatuak hilabeteko epean jabetu beharko du bere lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala gertatzen bada, deialdiaren 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

8.6. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 7.4 atalak agintzen duen moduan beteko da.

9.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Kontuan harturik Nafarroako Administrazio Publikoan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikulua, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Agindua (Lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onetsi zituena) eta oinarri honexetan ezarritako prozedura, eta horiei jarraikiz, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda hauek prestatuko dira:

a) Sarrerako hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, bat bera Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eta erakunde autonomo guztientzat.

b) Hautapen prozesuko bigarren ariketa gainditu arren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda, Administrazio Erroan aldi baterako kontratatuak izateko.

9.2. Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda eta Administrazio Erroan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuak espedientea igorri ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira probak gainditu arren lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrenda eta bigarren ariketa gainditzen dutenena, une horretan indarrean diren kudeaketa arauekin bat, eta argitaratu eginen dira Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren web orrian: www.navarra.es.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazio zerrendetako izangaien ordena: oposizioa gainditu arren lanposturik lortu ez dutenen kasuan, sarrerako hautapen prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik 2. oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den bezala frogatu beharko dituzte.

Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, Administrazio Erroan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak; lanpostuak aldi baterako betetzeko arauak ematen dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Agindua (144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 2an); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa.

Kontratatzeko deitzen diren izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dituzte 2.1. oinarrian tituluei buruz eskatzen zaiena betetzen dutela frogatzeko agiriak; hain zuzen ere kontratua formalizatzen den unean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatutako kopiak aurkeztuz.

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituzten izangaiek, aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

Sarrera prozesuko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira beharkizunak eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

9.3. Sarrera prozesuko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira beharkizunak eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

9.4. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak onetsiko dira eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña).

9.5. Hauxe izanen da aldi baterako kontratazio zerrendetako izangaien ordena: oposizioa gainditu arren lanposturik lortu ez dutenen kasuan, sarrerako hautapen prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

10.-Errekurtsoak.

Epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Iruñean, 2010eko apirilaren 29an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Eguilaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Hautaprobetan onartua izateko eskabidea

Deialdiaren datuak.

Lanpostua:

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizial honetan argitaratu zen: zenbakia: ................., eguna: .................

Sartzeko txandak.

Txanda irekiaq

Igoera txanda* q

Ezgaitasunen bat dutenentzako erreserba txanda* q

Datu pertsonalak.

Izen-deiturak:

NANa edo agiri baliokidea:

Jaioteguna:

Jaioterria: ( )

Nazionalitatea:

Helbidea:

Herria:

Probintzia:

Posta kodea:

Sakelako telefonoa:

2. telefonoa:

Posta elektronikoa:

Aurkeztutako agiriak.

Ezgaitasunaren frogagiria q

Denboren eta/edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ditu, aparteko orri batean q

Euskararen gaitasun agiria edo baliokidea* q

Ondoko hauen proba eskatzen du:

Euskara* q

Ingelesa* q

Frantsesa* q

Sinatzaileak ESKAERA EGITEN DU eskabide honetan adierazitako prozesuan onartua izan dadin eta ADIERAZTEN DU, erantzukizuna berea izanik, bertan azaltzen diren datu guztiak egiazkoak direla, deialdiaren oinarrian eskatutako beharkizun guztiak betetzen dituela eta datu horiek guztiak dokumentuen bidez frogatzeko konpromisoa hartzen duela.

(Sinadura)

.................(e)n, 2010eko .............aren ..............(e)an.

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA.

LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

* Deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraikiz.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

I. Zatia.

1. gaia.-Kulturaren kontzeptua.

2. gaia.-UNESCO. Kulturari buruz duen kontzeptua.

3. gaia.-Masa-kultura.

4. gaia.-Ikuskizun-kultura.

5. gaia.-Kultur politika.

6. gaia.-Kultur industria.

7. gaia.-Jabetza intelektuala.

8. gaia.-Gizarte eta kultur sustapena.

9. gaia.-Kudeaketa kulturala.

10. gaia.-Kultur ondarea.

11. gaia.-Kulturaren demokratizazioa.

12. gaia.-Demokrazia kulturala.

13. gaia.-Baumolen kostuen eritasuna.

14. gaia.-Mezenasgoa eta babesa.

15. gaia.-Fund Rising.

16. gaia.-Kultur fundazioa.

17. gaia.-Kultur elkartea.

18. gaia.-Hurbiltasuneko kultur ekipamendua.

19. gaia.-Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuaren organigrama.

20. gaia.-Marketin kulturala.

II. Zatia.

1. gaia.-Kultur politika: kontzeptua, nazioarteko adierazpenak. Ekintza nagusiak, jarduteko eremuak eta eraginpeko taldeak. Elkarreragina beste lurralde politika batzuekin.

2. gaia.-Kultur politiken bilakaera Europan 60ko harmakadaz geroztik: ildo orokorrak.

3. gaia.-UNESCOren eta Europako Kontseiluaren adierazpenak kultur politikei buruz: jarraibide programatikoak.

4. gaia.-Esku-hartze publikoa kulturaren esparruan eta horren legitimotasuna. Interes kolektiboa. Kultur ondasun eta zerbitzuen berezitasuna.

5. gaia.-Kultur politiken diseinua. Esku hartzeko osagai eta jokabideak. Irizpideak eta joerak.

6. gaia.-Kulturaren, gizartearen eta administrazio publikoaren arteko harremana. Botere publikoek kulturaren arloan esku hartzeko ereduak.

7. gaia.-Administrazio publikoek kulturaren arloan dituzten eskumenak.

8. gaia.-Espainiako kultur politiken historia 1978. urteaz geroztik. Kultur politikak gaur egun. Kultur politiken helburuak. Gobernuen neurriak.

9. gaia.-Ekonomia eta kultura. Ekonomiaren eta kulturaren esparruen arteko harremanaren bilakaera. Kulturak lurralde garapenean duen garrantzia. Kultur zerbitzuen zeregin ekonomikoa.

10. gaia.-Kultur jardueren esparru ekonomikoa eta analisia. Kultur zerbitzuen merkantilizazioa. Eskaera eta kontsumo ohiturak.

11. gaia.-Kultura gizartearen eta lurraldearen garapen sozio-ekonomikoan. Kultur ondarea garapen ekonomikoaren eragilea den aldetik.

12. gaia.-Kultur kudeaketaren oinarri ekonomikoak. Kultur produktua eta merkatua. Kultur eskaintza eta eskaria.

13. gaia.-Kontsumo kulturalaren ohiturak. Eskaintzaren eta eskariaren arteko egokitasuna. Prezioak finkatzea eta diru-sarrerak sortzeko estrategiak kulturaren esparruan.

14. gaia.-Mezenasgoa eta babesa. Kontzeptua. Babesa eta kanpoko baliabideak lortzea. Gaur egungo egoera. Babesa eta publizitatea.

15. gaia.-Babeseko baliabideak lortzeko metodoak. Babes plana. Faseak. Proposamena prestatzea. Sektore pribatuarekin harremanetan jartzea. Jarraipena eta ebaluazioa.

16. gaia.-Kultur industriak eta horien garrantzia ekonomian.

17. gaia.-Kultur ekintzaren marketina. Berezitasunak. Ikus-entzuleen segmentazioa, ikus-entzuleak sortzeko estrategiak eta ikus-entzuleen garapena. Fideltasuna lortzeko estrategiak.

18. gaia.-Kultur erakundeen komunikazio orokorrerako plana. Hori prestatzeko metodologia. Erakundearen komunikazio esparruak.

19. gaia.-Kultur ekintzaren komunikazio plana haren jarduketa esparru nagusietan: jarrera eta komunikazio mezu nagusiak, korporazioaren identitatea eta irudia.

20. gaia.-Komunikaziorako bideak. Bilakaera eta garapena, kulturan duten eragina. Internet, teknologia berriak eta kultur komunikazioa.

21. gaia.-Kultur ekipamenduen motak eta horiek esku-hartze kulturalean duten berariazko balioa. Eredu europarrak: Frantzia, Alemania, Italia eta Britainia Handia. Espainian duten eragina.

22. gaia.-Kultur zentroen etorkizuna. Espainiako kasua.

23. gaia.-Kultur ekipamenduen kudeaketa eta plangintza.

24. gaia.-Kultur programak eta proiektuak. Ezaugarri orokorrak.

25. gaia.-Kultur proiektuen diseinua I. Horien egitura, faseak eta edukia.

26. gaia.-Kultur proiektuen diseinua II. Eginkizuna, ikuspegia, balioak. Helburuak eta ekintzak. Proiektua garatzeko baliabideak. Aurrekontua.

27. gaia.-Kultur proiektuen diseinua III. Jarraipena eta kontrola. Ebaluazio prozesuaren metodologia. Ebaluaziorako ereduak eta teknikak. Adierazleak.

28. gaia.-Kultur programazioa: definizioa, beharra, diseinua eta gauzatzea. Kultur jarduerak: programazioa, jarraipena, kontrola eta ebaluazioa.

29. gaia.-Arte eszenikoetako ikuskizunak ekoiztea I. Plangintza. Aurrekontuak. Sustapena eta zabalkundea.

30. gaia.-Arte eszenikoetako ikuskizunak ekoiztea II. Giza baliabideak antolatzea. Baliabide material eta ekonomikoak antolatzea.

31. gaia.-Kultur erakundeak. Sektoreak. Eginkizunak. Motak. Gaur egungo gizartean duten zeregina.

32. gaia.-Organigrama kultur antolaketan. Diseinua, koordinazioa eta eginkizunak. Plangintza eta jarraipena.

33. gaia.-Kudeaketa estrategikoa kultur antolaketan. Helburuak. Plangintza, egitura, kontrola eta ebaluazioa kultur erakundeetan.

34. gaia.-Elkarte mugimendua. Herritarren parte-hartzea: Sektore Kontseiluak eta Elkarteak.

35. gaia.-Kultur erakundeen egitura eta funtzionamendua. Erakunde horien izaera juridikoa.

36. gaia.-Kultur sektoreen ezaugarriak eta egitura. Eginkizunak.

37. gaia.-Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak kulturaren arloan esku hartzeko ildoak. Jatorriak: Vianako Printzea Erakundea. Monumentuen Batzordea.

38. gaia.-Kultura eta Turismo Departamentuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak kultur ekintzaren arloan esku hartzeko ildoak.

39. gaia.-Arte eszenikoak gaur egungo kulturan. Nafarroako egoera.

40. gaia.-Arte plastikoak, ikusizkoak eta argazkigintza gaur egungo kulturan. Nafarroako egoera.

41. gaia.-Zinema eta ikus-entzunezkoak gaur egungo kulturan. Nafarroako egoera.

42. gaia.-Gaur egungo Nafarroa: ezaugarri demografikoak, soziokulturalak, ekonomikoak eta politikoak. Azpiegiturak, dotazioak eta kultur zerbitzuak.

43. gaia.-Nafarroako eragile kultural publiko eta pribatuak garapen kulturalari eta ekintza kulturalari dagokienez (I), musikaren, antzerkiaren eta dantzaren esparruan.

44. gaia.-Nafarroako eragile kultural publiko eta pribatuak garapen kulturalari eta ekintza kulturalari dagokienez (II), ikusizko arteen, argazkigintzaren, zinemaren eta ikus-entzunezkoen esparruan.

45. gaia.-Nafarroako eragile kultural publiko eta pribatuak garapen kulturalari eta ekintza kulturalari dagokienez (III), ondare historikoaren eta artistikoaren esparruan (bai ondare materiala bai ez-materiala).

46. gaia.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak urtero garatzen dituen kultur jardueren ziklo nagusiak: identifikazioa eta ezaugarriak.

47. gaia.-Kultur kudeaketa Nafarroan. Bilakaera eta gaur egungo egoera. Lanbide profilak. Sektoreak. Gabeziak.

48. gaia.-Ikuskizunen kudeaketa. Antolaketa. Ikuskizunei buruzko legeria Nafarroako Foru Komunitatean.

49. gaia.-Nafarroako kultur elkarteen mugimendua eta elkarte soziokulturalena, Foru Komunitateko kultur garapenari eta kultur ekintzari dagokienez.

50. gaia.-Kultur ekipamenduaren kontzeptua. Bilakaera historian zehar eta egungo egoera. Nafarroako kasua.

51. gaia.-Kultur ekipamenduak Nafarroan. Kultur etxearen eredua: sorrera, garapena eta gaur egungo ikuspegia.

52. gaia.-Erabilera anitzeko kultur zentroak, tokian tokiko kultur ekintzarako tresna gisa. Iruña eta Civivox sarea.

53. gaia.-Nafarroako antzokien sarea: jatorria, helburuak eta kudeaketa eredua.

54. gaia.-Kultura LORAFNAn.

55. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Ikuskizun Publikoei eta Josteta Jarduerei buruzko Legea.

56. gaia.-Egile eskubideak eta jabetza intelektuala.

57. gaia.-Babes eta mezenasgo artistikoari buruzko Espainiako legeria.

58. gaia.-Kulturaren Agenda 21.

III. Zatia.

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa. Estatuaren botereak. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua eta Administrazioa. Botere judiziala Konstituzioan.

2. gaia.-Zuzenbide Publikoaren iturburuak: legeak eta lege motak. Lege dekretuak. Legegintzako foru dekretua. Nazioarteko itunak.

3. gaia.-Administrazio zuzenbidearen iturburuak: erregelamendua eta erregelamendu ahalmena. Erregelamendu motak. Erregelamendu ahalmenaren mugak eta haren kontrola.

4. gaia.-Administrazio egintza (I): kontzeptua, motak eta elementuak.

5. gaia.-Administrazio egintza (II): administrazio egintzen betebeharrak, eragimena, deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

6. gaia.-Administrazio prozedura erkidea (I): kontzeptua eta izaera. Hasiera, antolamendua, instrukzioa eta bukaera.

7. gaia.-Administrazio prozedura erkidea (II): administrazio errekurtsoak: printzipio orokorrak eta motak.

8. gaia.-Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak.

9. gaia.-Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko Foru Legea.

10. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legea.

11. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa. Comptos Ganbera. Nafarroako Kontseilua.

12. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (I): langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario bilakatu eta funtzionario izatetik gelditzea.

13. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (II): administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak.

14. gaia.-Nafarroako Ogasun Publikoa: Nafarroako Ogasun Publikoaren eskubide eta betebeharrak. Nafarroako aurrekontu orokorrak: edukia eta onespena; gastuen sailkapen ekonomikoa; gauzatzea eta likidazioa.

15. gaia.-Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea. Aplikazio eremua. Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuei buruzko orotariko eta guztiendako arauak. Kontratazio organoak. Kontratuak esleitu, betearazi eta berrikusteko arau orokorrak. Kontratu motak eta haien definizioak.

16. gaia-Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoa: datuak babesteko printzipioak, pertsonen eskubideak.

17. gaia.-11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Diru-laguntzei buruzkoa: xedapen orokorrak eta kontzesio eta kudeaketa prozedurak.

18. gaia.-14/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ondareari buruzkoa.

19. gaia.-11/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzekoa.

20. gaia.-21/2005 Foru Legea, abenduaren 29koa, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzkoa.

21. gaia.-Nafarroko Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea arautzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legea.

Oharra: gai guztiak bat etorriko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legeriarekin.

Iragarkiaren kodea: F1007531