56. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MEANO

Ordenantza, Hilerriaren erabilera arautzen duena.
Behin betiko onespena

2009ko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, ekainaren 19an, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako epea iraganik, Udalak, 2009ko irailaren 11n egin osoko bilkuran, eta han ziren guztiak bat etorrita, erabaki du behin betiko onestea Hiri hondakinak bildu, tratatu eta desegiteko Lapoblacion-Meanoko Udalaren tasak arautzen dituen ordenantza. Hona hemen, hitzez hitz:

Meanon, 2010eko martxoaren 31n.-Kontzejuko burua, Santos Martínez Alonso.

ORDENANTZA, MEANOKO KONTZEJUAREN HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4, 25 eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 39.1.f) artikuluetan, eta Hilotzen gaineko Osasunari buruzko Erregelamendua onetsi zuen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren arabera, udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza Meanoko Kontzejuari dagozkio, batere ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean dituzketen legezko eskumenak.

2. artikulua.

Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerrietako higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilerrien zainketa, garbiketa eta egokitzapena. Hala ere, norbanakoen betebeharra izanen da hobia edo nitxoa mantendu eta zaintzea, behar bezala segur, xahu eta apain egon daitezen.

c) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

d) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

e) Eskubideak eta tasak kobratzea.

f) Hilobien erregistroa eramatea, liburu zigilatu eta zenbatu batean.

3. artikulua.

Kontzejuburutzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Kontzejuari.

4. artikulua.

Udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako hilobi kopurua egonen da Meanoko hilerrian, edo haietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua.

Meanoko hilerrian ehorztera ekartzen diren hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko tramiteak bete badira, eta tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira zerbitzu horiengatik.

6. artikulua.

Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobietarako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez bertzerako. Azken lan horiek egiteko, obra lizentzia beharko da eta dagokien zerga ordaindu.

7. artikulua.

Hobien kokaera, lurrerauzketa gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Meanoko Kontzejuaren kontura izanen dira.

Heriotza bat gertatzen denean, ahaideek edo ehorzketan interesa dutenek hau eginen dute:

-Kontzejuari aditzera eman, hobia edo nitxoa presta dadin.

-Bake Epaitegiko Idazkaritzan heriotzaren ziurtagiri medikoa aurkeztu, Erregistro Zibilean inskribatzeko eta ehorzketarako lizentzia egiteko.

8. artikulua.

Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

Hilobiaren zainketa behar bezalakoa ez denean, Kontzejuburutzak 30 egun naturaleko epea emanen die interesdunei behar diren obrei ekiteko, eta gehienez ere 2 hilabeteko epean bukatu beharko dira.

Aipatu epea bukatuta, Kontzejuburutzak xedatuko du obren ordezko exekuzioa eta horren gainean ordenantza fiskalak dioena aplikatuko du; kostua, interesdunek ordaindu beharko dute.

9. artikulua.

Kontzejuak eremu bat finkatuko du hilerriaren barrenean hilotz erraustuen ontziak ehorzteko (errauts kutxatilak, ontziak etab.).

Errauts horiek ehorzteko nahiz hobitik ateratzeko, ordenantza honetako arauak aplikatuko dira.

10. artikulua.

Aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungi daitezke:

a) Hilerria kentzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.

11. artikulua.

Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita bertze hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

12. artikulua.

Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie hartan interesa dutenei, lan hori ikusi ahal izan dezaten, nahi badute.

Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.

Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura kontratatzen ahalko ditu. Kontzejuburutzaari jakinarazi beharko dio aitzinetik, 30 egun naturaleko epean, horrek baimena eman eta lanak ikuskatu beharko baititu.

13. artikulua.

Hilerrian berean bertze hilobi batera aldatzeko nahiz bertze hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkinak ez dira gorputegira eramaten ahal.

Bertze hilerri batetik ekartzen diren hilotzak ehorzteko ez da lur berria okupatuko. Gutienez ere hamar urteko antzinatasuna duen hilobian ezarriko dira edo, bertzenaz, hezurtegira eramanen dira.

14. artikulua.

Hiltzeko moduak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurperatu ondotik gutienez ere hamar urte iraganda, lurrean, panteoietan, hobietan edo nitxoetan ehortzitako hilotzak atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein mementotan atera eta lekuz aldatzen ahal da; betiere, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile batek agindu ezean, salbuespenekoetan Kontzejuburuaren aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile batek aipatu baino epe laburragoetan agindu ezean.

Hala ere, hilabete horietan hildako lagun baten ezkontide edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpuzkiak ateratzen ahal dira, hildakoarekin batean eta haren ondoan ehortzi ahal izateko.

Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko a) eta b) baldintzak bete beharko dira.

15. artikulua.

Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

16. artikulua.

Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

II. TITULUA

Xedapen bereziak

17. artikulua.

Meanoko hilerrian debeku dira lurreko ehorzketak.

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, hilotzak edo gorpuzkin erraustuak nitxo edo hobietan baizik ez dira ehorzten ahalko; ez da panteorik egiteko baimenik emanen.

18. artikulua.

Meanoko hilerrian ehortziak izateko eskubidea izanen dute baldintza hauetariko bat betetzen dutenek:

a) Lapoblación-Meanoko Udalean erroldaturiko bizilagunak (bizigunea, Meano) gutienez ere bi urte lehenago, heriotza gertatzen denetik.

b) Lapoblaciongoak eta Meanokoak: ordenantza honen aplikazioari dagokionez, Lapoblaciongoak eta Meanokoak dira Lapoblación-Meanoko Erregistro Zibilean jaiotzaren inskripzioa egina dutela frogatzen dutenak edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Lapoblacionen edo Meanon izan zutela frogatzen dutenak.

c) Aitzineko baldintzetariko bat betetzen dutenen ezkontide eta ahaideak.

d) Aitzineko kasuetan egon gabe ere, Lapoblaciongo edo Meanoko hilerrietan ehortziak izan nahi duten guztiak.

19. artikulua.

Ehorzketa egiteko egungo ilaren ordenari segituko zaio, heriotzaren dataren arabera, eta ordena hori ez da inola ere aldatuko.

20. artikulua.

Hilobietan paratu edo idatzi nahi diren hilartitzak, oroigarriak eta ikurrak begirunetsuak izan beharko dira eta lekuarekin bat egiten dutenak.

Debeku da nitxo edo hobietan zulatze lanak edo larriena kentzekoak egitea fabrikan, uztaiak, gako-iltzeak etab. paratze aldera, baina finkoak ez diren elementuak paratzen ahal dira. Betiere, baimentzen diren lanak Kontzejuburutzak ikuskatuko ditu.

BIGARREN KAPITULUA

Tasak Meanoko hilerrian zerbitzu egiteagatik

21. artikulua.

Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak egitea da:

1.-Ehorzketak nitxo edo hobietan.

2.-Hobitik ateratzea.

3.-Hilerriko bertze lan batzuk.

22. artikulua.

Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

23. artikulua.

Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

24. artikulua.

Ematen ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak, baldin eta ehorzketalekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik goitiko lanak partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura.

25. artikulua.

Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta bertze batean ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak bertze hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

26. artikulua.

22. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak egin baino lehen ordaindu behar dira, premia larrietan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

Azken xedapen bakarra.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legeari jarraituko zaio.

ERANSKINA

1.-Ehorzketak:

a) Lapoblación-Meanoko Udalean erroldaturiko bizilagunak (bizigunea, Meano) gutienez ere bi urte lehenago, heriotza gertatzen denetik: 100 euro.

b) Lapoblacióngo eta Meanokoak: ordenantza honen aplikazioari dagokionez, Lapoblaciongoak eta Meanokoak dira Lapoblación-Meanoko Erregistro Zibilean jaiotzaren inskripzioa egina dutela frogatzen dutenak edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Lapoblacionen edo Meanon izan zutela frogatzen dutenak: 300 euro.

c) Aitzineko baldintzetariko bat betetzen dutenen ezkontide eta ahaideak: 300 euro.

d) Aitzineko kasuetan egon gabe ere, Lapoblaciongo edo Meanoko hilerrietan ehortziak izan nahi duten guztiak: 800 euro.

2.-Hobitik ateratzea:

Hilerriko hilobi guztietarako tarifa: 1.000 euro.

3.-Hilotz erraustuen ontziak ehorztea:

a) Lapoblación-Meanoko Udalean erroldaturiko bizilagunak (bizigunea, Meano) gutienez ere bi urte lehenago, heriotza gertatzen denetik: 50 euro.

b) Lapoblacióngo eta Meanokoak: ordenantza honen aplikazioari dagokionez, Lapoblaciongoak eta Meanokoak dira Lapoblación-Meanoko Erregistro Zibilean jaiotzaren inskripzioa egina dutela frogatzen dutenak edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Lapoblacionen edo Meanon izan zutela frogatzen dutenak: 150 euro.

c) Aitzineko baldintzetariko bat betetzen dutenen ezkontide eta ahaideak: 150 euro.

d) Aitzineko kasuetan egon gabe ere, Lapoblaciongo edo Meanoko hilerrietan ehortziak izan nahi duten guztiak: 300 euro.

4.-Hilotz erraustuen ontziak hobitik ateratzea:

Hilerrian gisa honetan hobitik ateratzen diren ontzi guztiak: 100 euro.

Iragarkiaren kodea: L1005860