56. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeak 2010eko martxoaren 16an hartua, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Erregistroaren egitura aldatu eta haren edukia zehazten duena.

Abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legearen arabera sortu zen Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Erregistroa.

Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeak 2006ko azaroaren 21ean hartutako Erabakian arautzen dira Erregistroaren egitura eta funtzionamendua. Gero, aipatu foru batzordeak 2008ko urriaren 10ean hartutako erabakiaren bitartez ezarri zen inskribatzeko komunikazio sistema.

21/2005 Foru Legeak erregistro publikoa eta doanekoa (23.2h artikulua) sortu zuen, eta Foru Komunitateko Administrazioan egiten diren ebaluazioak ezagutzera emateko baliabide gisa definitu (11.2 artikulua).

Sortu zenetik, ikusi egin da Erregistroa tresna bat dela Nafarroako administrazio publikoek 21/2005 Legean ezarritako neurrien arabera egindako ekintzak ezagutzera emateko, gauza dela informazio erabilgarria eskaintzeko Nafarroako bereko administrazioei, Espainiako beste administrazio batzuei, profesionalei eta, oro har, herritarrei.

Erregistroak eskaintzen duen informazioa osatuagoa, erabilgarria eta egokia izan dadin erakunde eta kolektiboen informazio beharrentzat, haren egitura aldatu behar da, eta edukia argitu.

Horretarako, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeak,

ERABAKI DU:

1. Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Erregistroak atal hauek izanen ditu politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeko:

a) Politika publikoen ebaluazioak.

Atal honetan, Nafarroako administrazio publikoetan egiten diren esku-hartze publikoen (edozein jarduketa publiko: politika, plana, programa, neurria, jarduketa) ebaluazioak inskribatuko dira.

Esku-hartze publiko horiek Administrazioak gizartearen onerako, talde sozial jakin baten edo interes orokorreko egoera baten hobekuntzarako egindako ekintzak dira.

b) Zerbitzuen gutunak.

Atal honetan, administrazio publikoek onetsitako zerbitzuen gutunak inskribatuko dira, baita haien aldaketak ere.

Zerbitzuen gutunetan egindako eguneratzeak ere inskribatuko dira, uneoro testu eguneratua kontsultatu ahal izateko.

c) Zerbitzu publikoen kalitatearen ebaluazioa.

Atal honetan, zerbitzu publikoen kalitatea autoebaluatzeko eta ebaluatzeko sistema guztiak inskribatuko dira, zein den ere haien izena, baldin Nafarroako administrazio publikoetan burutzen edo ezartzen badira.

Autoebaluazio horiek dira Administrazioak egiten duen lana, zerbitzuak nola ematen dituen eta erakundeak zerbitzu hori ematen nola lan egiten duen jakiteko. ISO arauak eta EFQM, CAF eta EVAM ereduak sistema gehien erabilien adibideak dira.

d) Kalitatea hobetzeko programak.

Atal honetan, politiken eta zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko programak inskribatuko dira, Nafarroako administrazio publikoek bultzatu badituzte, edo haietan ezarri badira.

Programa horiek esku-hartze publikoen ebaluazioetatik ateratako informazioan oinarrituta garatuak izan behar dute, baita Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzko azaroaren 29ko 21/2005 Foru Legeak zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko ezarritako neurrien aplikazioan (autoebaluazioak edo zerbitzu publikoen kalitatearen ebaluazioak, zerbitzuen gutunak, eskaerari eta herritarren gogobetzearen mailari buruzko analisia, kexa eta iradokizunak) oinarrituta ere.

e) Eskaera eta gogobetetzearen maila analizatzen dituzten azterlanak.

Atal honetan, erabiltzaileen behar eta itxaropenak zein haien gogobetetzea analizatzen dituzten azterlanak, Nafarroako administrazio publikoek egindakoak, inskribatuko dira, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzko 21/2005 Foru Legearen VI. kapituluan ezarritakoaren arabera.

f) Kexa eta iradokizunen sistemak.

Atal honetan, Nafarroako administrazio pubikoetan ezarritako kexa eta iradokizunen sistemak inskribatuko dira, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzko 21/2005 Foru Legearen VIII. kapituluan ezarritakoaren arabera.

g) Zerbitzu publikoen kalitaterako sariak.

Atal honetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Nafarroako beste edozein erakunde publikok, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeagatik, Nafarroako administrazio publikoei emandako sariak inskribatuko dira.

Orobat, emandako zerbitzuaren kalitatea dela eta, administrazio horiek nazioko edo nazioarteko edozein erakundetatik hartutako sariak inskribatuko dira.

2. Atal horietako bakoitzean, nahitaez inskribatuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoen edo erakunde publikoen egintzak. Gainera, haiek hala nahita eta eskatuta, Nafarroako toki entitateek eta haien erakunde publikoek onetsi edo erabakitako egintzak inskribatzen ahalko dira, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen aplikazioaren eremuan sartutako sozietate publikoei dagozkienak ere, eta foru lege horien arabera eratutako fundazio publikoenak, baldin eta zerbitzu publikoak kudeatzen badituzte, edo nafarren interes orokorreko zerbitzuak ematen.

3. Inskribatze guztietan, hura egiten duen entitatea identifikatzeko datuak jasoko dira, baita datu multzo bat ere, atal horietako bakoitzerako berezia. Datu horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak (NAPI) prestatutako "Erregistroaren deskripzioa" izeneko dokumentuan jaso eta deskribatuta daude.

4. Eraginik gabe uztea Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordearen 2006ko azaroaren 21eko Erabakiaren 1. puntuan ezarritakoa; izan ere, erabaki horren bidez arautzen da Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Erregistroa.

5. NAPIk garatutako inskripzio sistema, gero egitura berriari egokitua, erabiltzeko gomendatzen jarraitzea, erregistroaren xedeko egintzen gaineko informazioa emateko.

6. Adieraztea bai inprimakiak, bai erregistroa deskribatzen duen dokumentua eta erregistroan inskribatzeko sistema Nafarroako Atariaren zerbitzuen katalogoan aurkitzen ahal direla, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/servicios/ficha/1719/Solicitud-de-inscripcion-y-actualizacion-del-Registro-de-Evaluacion-de-las-Politicas-Publicas-y-de-la-Calidad-de-los-Servicios-Publicos

7. Erabaki hau Nafarraoko Foru Komunitateko Administrazioko erakunde publikoetako zuzendari nagusiei eta zuzendari kudeatzaile jakinaraztea, haren berri izan dezaten.

8. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2010eko martxoaren 16an.-Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeko burua, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1006999