56. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

157/2010 EBAZPENA, apirilaren 13koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, 2010-2011 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei diru baliabideak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak onesten dituena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. eta 81. artikuluetan administrazio publikoei eskatzen zaie egoera ahulean dauden pertsonei, giza taldeei eta lurralde eremuei laguntzeko konpentsazio neurriak hartzea, hezkuntza sistemaren lana sendotzeko, horrela faktore sozialek, ekonomikoek, kulturalek, geografikoek, etnikoek edo bestelakoek eragindako desberdintasunak saihesteko asmoz.

2010eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 16/2008 Foru Legeak 37.6 artikuluan ezartzen du hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak edo gizarte edo kultur egoera ahulean daudenak dituzten Haur Hezkuntzako eta Derrigorrezko Irakaskuntzetako ikastetxe itunduek bestelako langileak eta diru baliabideak izanen dituztela, behar diren txosten teknikoek finkatzen dutenaren arabera banatuko direnak, Hezkuntza Departamentuak onetsi beharreko deialdi publiko baten bidez.

Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 13an emandako 93/2008 Foru Aginduaren 36. artikuluak ezartzen du, berdintasuna bermatzeko eta desberdintasunak orekatzeko asmoz, jantokirako, eskolako materialerako, jarduera osagarrietarako eta prestakuntza jardueretarako laguntzak eta deialdiak ezarriko direla urtero.

Hezkuntza Departamentuak 2009-2010 ikasturtean horrelako ikasleei arreta emateko baliabideak Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren apirilaren 16ko 155/2009 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdi publikoaren bitartez banatu ziren. Orain, beharrezkoa da 2010-2011 ikasturterako behar diren baliabideak esleitzeko deialdia onestea.

Nafarroako Gobernuak, 2010eko martxoaren 1ean hartutako Erabakiaren bidez, 434.556 euroko urte anitzeko gastua onetsi zuen deialdi hori finantzatzeko.

Hortaz, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuko zuzendariak emandako txostena ikusirik, non proposatzen baita 2010-2011 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei arreta emateko beharrezkoak diren diru baliabideak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2010-2011 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei diru baliabideak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak onestea.

2. Deialdi honen xede diren diru baliabideetarako diru-laguntzak banatzeko kreditua 434.556 euro ingurukoa izanen da. Horietarik 137.356 euro 2010eko aurrekontuko "Ikastetxe itunduei laguntzak ematea immigraziorako eta kultur gutxiengoetarako" izeneko 423003-42230-4811-322002 kontu-sailetik hartuko dira. Gainerakoa, 297.200 euro, 2011rako gastuen aurrekontuan izen berarekin gaituko den kontu-sailetik.

3. Ebazpen hau eta I. eta II. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalari, Kultura-aniztasunaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Hezkuntzako Itunen Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2010eko apirilaren 13an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

1. eranskina

2010-2011 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei diru baliabideak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak.

1.-Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da diru baliabideak esleitzea diru beharra duten ikasleak eskolatzen laguntzen duten ikastetxe itunduei, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. artikuluari jarraikiz.

2.-Diru baliabideak.

Ematen diren diru baliabideak egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleak eskolatzen sortzen diren oztopoak hein batean gainditzeko erabiliko dira. Diru baliabide horiek ikastetxe itunduek jasotzen duten modulu ekonomikoaren "beste gastu batzuk" sailari erantsiko zaizkio. Horien aplikazioa ikasturte bakoitzaren amaieran justifikatuko da, hezkuntza ituneko "beste gastu batzuk" sailarekin egiten den prozedura bera erabiliz, hau da, zenbateko horien aplikazioari buruz Eskola Kontseiluak hartutako erabakiaren ziurtagiria aurkeztu beharko du ikastetxeko titularrak.

2010-2011 ikasturterako baliabide hauek ematen ahalko dira, gehienez ere, xedeen arabera:

a) 114.556 euro, egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleen ekipamendu pertsonalerako.

Diru baliabideen azken hartzailea ikaslea bera izanen da, eta horiekin ordainduko dira ikasle bakoitzaren ekipamendua, eskolako lan-ateraldietan parte hartzea eta ikasleentzako beste jarduera osagarri batzuk. Xede horrekin 150 euro arte ordainduko dira, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle bakoitzeko.

b) 310.000 euro, eskola jantokiko zerbitzurako. Ikastetxeei 400 euro ordainduko zaizkie, gehienez, ikasturtean, zerbitzu hori behar duen Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle bakoitzeko.

c) 10.000 euro, eskolatutako ikasle guztien %25 etorkinak edo egoera ahulean auden ikasleak dituzten ikastetxeentzat. Diru-kopuru osagarri hori ikasle horiei arreta emateak sortzen dituen funtzionamendu gastuak finantzatzeko izanen da.

Ikastetxe bakoitzaren hezkuntza ituna formalizatzeko dokumentuan, non jasotzen baitira Hezkuntza Administrazioak eta ikastetxe itunduaren titularrak elkarrekin dituzten eskubide eta eginbeharrak, klausula gehigarri batean, deialdi honen ebazpenean ikastetxe itundu bakoitzerako onesten diren baliabideak agertuko dira.

3.-Eskaerak egiteko epea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Deialdi honen 1. puntuan adierazitako ezaugarriak dituzten ikasleak eskolatzen dituzten ikastetxe pribatuek deialdian parte hartzeko eskaera aurkeztu beharko dute, departamentu honetako Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari zuzendua, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita hogei egun naturaleko epean.

3.2. Eskaera ikastetxeen erregistro berezian agertzen den titularrak aurkeztu beharko du.

Horrez gain, laguntzak kudeatzen dituen pertsonaren izena eta deiturak agertuko dira, Kultura-aniztasunaren Atalarekiko harremanetarako.

Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztuko dira:

a) Egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleen ekipamendu pertsonalerako diru-laguntza eskabidea. (II. eranskina).

b) Egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleen eskola jantokiko zerbitzurako diru-laguntza eskabidea. (II. eranskina).

Hezkuntza Departamentuak emanen dituen jantokietarako laguntzen eskaerak ikastetxeen bitartez baizik ez dira eginen. Ikastetxeek, gero, laguntza eskatzen duen ikaslearen familiaren behar ekonomikoari buruzko txostena eskatuko diote tokian tokiko udaleko gizarte zerbitzuari.

Gizarte zerbitzuek, behin eskaerak aztertu eta baloratu ondoren, Hezkuntza Departamentuari jakinaraziko diote jantokirako diru-laguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituzten ikasleen zerrenda.

Udalek ematen dituzten jantokiko laguntzak, horrelakorik badago, Hezkuntza Departamentuak ematen dituen laguntzak osatzeko izanen dira.

c) Ikastetxearen aitorpena, laguntzen hartzaileek irakaskuntzaren kuota ordaintzeko inolako diru-ekarpenik egiten ez dutela adierazteko.

3.3. Laguntza eskabidea eta eskatutako dokumentazioa 3.1 atalean adierazten den epean aurkeztu beharko dira Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak arautu zuen).

Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, ikastetxeek zazpi egun naturaleko epea izanen dute dokumentazioan egindako akatsak zuzentzeko.

4.-Egoera sozioekomiko ahulean egon eta deialdi honetan ezarritako epearen ondotik eskolatzen diren ikasleentzako laguntza eskaerak.

4.1. Eskolan egoki integratzeko, 2. atalean zehazten den eskola ekipamendurako eta/edo jantoki zerbitzurako diru-laguntza behar duten egoera sozioekonomiko ahuleko ikasleei diru-laguntza emanen zaie, nahiz eta behar horiek atal hartan ezarritako epea bukatu ondoren sortu. Laguntza horien zenbatekoa ikasturtea bukatzeko gelditzen den denboraren heinekoa izanen da, ikasturtea hamar hilabetekoa dela kontuan hartuta, baldin eta behar beste diru badago 2009ko aurrekontuko "Ikastetxe itunduei laguntzak ematea immigraziorako eta kultur gutxiengoetarako" izeneko kontu-sailean edo 2010eko gastuen aurrekontuan izen horrekin gaitzen den kontu-sailean.

5.-Deialdiaren prozedura eta ebazpena.

5.1. Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuak izendatzen dituen teknikariek eskaera egiten duten ikastetxe guztien gaineko txosten bakarra prestatuko dute. Txosten horrek honako hauek bilduko ditu:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak.

b) Egoera sozial ahulean dauden ikasleengan atzemandako behar ekonomikoen azterketa eta balorazioa.

Txosten horretan ikasleak eskolatzen laguntzeko behar diren diru baliabideen proposamena eginen da.

5.2. Balorazio prozesua bukatuta, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuko zuzendariak, Batzorde Teknikoak aurrez balorazioa eginda, behin-behineko proposamena eginen du, ikastetxeei jakinaraziko zaiena, bost eguneko epean egoki iruditzen zaizkien alegazioak edo erreklamazioak aurkez ditzaten.

Instrukzio organoak erreklamazioak ebatzi ondoren, behin betiko ebazpen proposamena igorriko zaio Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean ebatz dezan. Gero, ebazpena ikastetxeei jakinaraziko zaie, diru-laguntzarik eman ote zaien adieraziz. Jakinarazpen hori telematika bidez igortzen ahalko da, helbide elektroniko bakarra baldin badu (Posta Zerbitzuari eskatua) eta eskabidean erantzuna telematika bidez jaso nahi duela adierazten badu berariaz.

Epe horretan jakinarazpen espresurik ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

5.3. Deialdi honen 2. atalean aipatzen diren laguntzetarako diru baliabideak, 5.2 atalean ezarritako epea bukatu ondoren sortutako beharretarako badira, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emanen ditu, ebazpen bidez, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren zuzendari nagusiak txostena eman ondoren, eta aurkeztutako eskaeren hautapena egin behar duen batzordeak proposaturik.

Eskaera aurkezten denetik hiru hilabeteko epean haren gaineko berariazko ebazpen eta jakinarazpenik ez badago, eskaera ezetsi dela ulertu behar da.

5.4. Ikastetxe itunduek laguntzen onuradun diren ikasleen familiei jakinaraziko dizkiete laguntzen zenbatekoak eta haien kontzeptuak.

Kasuan kasuko gizarte zerbitzuei jakinarazi aurretik, ikasleen legezko ordezkariek datuak lagatzeko baimena eman beharko dute, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat.

6.-Organo eskudunak.

Laguntzak emateko prozedura instruituko duen organoa Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzua izanen da.

Eskaerak hautatzeko batzordeak kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua:

-Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekideak:

-Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendaria.

-Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Ataleko burua.

-Kultura-aniztasunaren Ataleko burua.

-Kultura-aniztasunaren Ataleko langile bat.

Idazkaria:

-Departamentuko Idazkaritza Teknikoko legelari bat.

7.-Errekurtsoak.

7.1. Deialdi honen aurka, eta bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka ere, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, deialdia argitara eman edo dagokien ikastetxeei jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

2. ERANSKINA

Egoera sozioekonomiko ahulean izanda, diru-laguntza behar duten ikasleak.

Ikastetxea: ..................................... Herria: ............... Ikastetxearen kodea: ............. .....

Jantokirako eta ekipamendurako laguntzak kudeatzen dituen ikastetxeko pertsonaren izena eta deitura: ..............

ESKATU DIREN LAGUNTZEN
XEDEKO IKASLEAK
(IZEN-DEITURAK)

EKIPAMENDUA
(X JARRI,
BIDEZKOA BADA)

JANTOKIA
(X JARRI,
BIDEZKO BADA)

IKASTURTEA EDO
IKASMAILA

OHARRAK

Oharrak:

1) Ikaslearen zutabean izen-deitura osoak jarri, ordena alfabetikoaren arabera.

2) 2. eranskinarekin batera Gizarte Zerbitzuen oinarrizko unitatearen txostena aurkeztu, familien egoera ekonomikoari buruzkoa. Iruñean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen txostenen partez, Udalak jantokirako ematen dituen laguntzak jaso dituzten ikasleen zerrendak aurkeztuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1006996