56. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

156/2010 EBAZPENA, apirilaren 13koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, 2010-2011 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan gizarte eta kultura egoera ahulean dauden ikasleei arreta emateko giza baliabideak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak onesten dituena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. eta 81. artikuluetan administrazio publikoei eskatzen zaie egoera ahulean dauden pertsonei, giza taldeei eta lurralde eremuei laguntzeko konpentsazio neurriak hartzea, hezkuntza sistemaren lana sendotzeko, horrela faktore sozialek, ekonomikoek, kulturalek, geografikoek, etnikoek edo bestelakoek eragindako desberdintasunak saihesteko asmoz.

2010eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 16/2008 Foru Legeak 37.6 artikuluan ezartzen du hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak edo gizarte edo kultur egoera ahulean daudenak dituzten Haur Hezkuntzako eta Derrigorrezko Irakaskuntzetako ikastetxe itunduek bestelako langileak eta diru baliabideak izanen dituztela, behar diren txosten teknikoek finkatzen dutenaren arabera banatuko direnak, Hezkuntza Departamentuak onetsi beharreko deialdi publiko baten bidez.

Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 13an emandako 93/2008 Foru Aginduaren 36. artikuluak ezartzen du, berdintasuna bermatzeko eta desberdintasunak orekatzeko asmoz, jantokirako, eskolako materialerako, jarduera osagarrietarako eta prestakuntza jardueretarako laguntzak eta deialdiak ezarriko direla urtero.

Hezkuntza Departamentuak 2009-2010 ikasturtean horrelako ikasleei arreta emateko baliabideak Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren apirilaren 16ko 154/2009 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdi publikoaren bitartez banatu ziren. Orain, beharrezkoa da 2010-2011 ikasturterako behar diren baliabideak esleitzeko deialdia onestea.

Nafarroako Gobernuak, 2010eko martxoaren 1ean hartutako Erabakiaren bidez, 669.029,26 euroko urte anitzeko gastua onetsi zuen deialdi hori finantzatzeko.

Hortaz, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuko zuzendariak emandako txostena ikusirik, non proposatzen baita 2010-2011 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan gizarte eta kultura egoera ahulean dauden ikasleei arreta emateko giza baliabideak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2010-2011 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan gizarte eta kultura egoera ahulean dauden ikasleei arreta emateko giza baliabideak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak onestea.

2. Deialdi honen xede diren baliabide ekonomikoetarako diru-laguntzak banatzeko kreditua 669.029,26 eurokoa izanen da. Horietarik 220.220,30 euro 2010eko aurrekontuko "Immigrazioa eta gutxiengo kulturalak. Diru-laguntza irakaskuntza pribatuari" izeneko 410003-41140-4811-322002 kontu-sailaren kontura izanen dira. Gainerakoa, 448.808,96 euro, 2011ko gastuen aurrekontuan izen berarekin gaituko den kontu-sailaren kontura.

3. Ebazpen hau eta I. eta II. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalari, Kultura-aniztasunaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Hezkuntzako Itunen Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2010eko apirilaren 13an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

1. ERANSKINA

2010-2011 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan gizarte eta kultura egoera ahulean dauden ikasleei arreta emateko beharrezkoak diren giza baliabideak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak.

1.-Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da giza baliaideak esleitzea hezkuntzako behar berariazkoak dituzten ikasleak eskolatzen laguntzen duten ikastetxe itunduei, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. artikuluari jarraikiz.

2.-Giza baliabideak.

2.1. Irakasle laguntzaileak izanen dira deialdi honetan aipatzen diren beharrei erantzuteko giza baliabideak, eta Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan curriculum atzerapen garrantzitsua, hots, bi ikasturte ingurukoa edo gehiagokoa, duten ikasleekin lan eginen dute.

Irakasleen soldatak, antzinatasuna eta karga sozialak Administrazioak ordainduko ditu zuzenean, ordainketa eskuordetuaren bidez, irakasleen eta ikastetxe bakoitzeko titularraren arteko lan-harremana galarazi gabe, eta Hezkuntza Departamentuaren eta aipatu irakasleen artean inolako lan harremanik sortzen ez duela, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 117. artikuluaren arabera.

2.2. 2010-2011 ikasturtean, astero gehienez ere irakasleen 350 irakastordu laguntzen ahalko dira diruz behar berariazkoak dituzten ikasleak txertatzen laguntzeko, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Horietarik 8 ordu gordeko dira matrikulatzeko epe arruntaren ondoren eskolatutako ikasleentzat.

2.3. Ikastetxe bakoitzaren hezkuntza ituna formalizatzeko dokumentuan, non jasotzen baitira Hezkuntza Administrazioak eta ikastetxe itunduaren titularrak elkarrekin dituzten eskubide eta eginbeharrak, klausula gehigarri batean, deialdi honen ebazpenean ikastetxe itundu bakoitzerako onesten diren baliabideak agertuko dira.

3.-Eskaerak egiteko epea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Deialdi honen 1. puntuan adierazitako ezaugarriak dituzten ikasleak eskolatzen dituzten ikastetxe pribatuek deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztu beharko dute, departamentu honetako Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari zuzendua, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita hogei egun naturaleko epean.

3.2. Eskaera ikastetxeen erregistro berezian agertzen den titularrak aurkeztu beharko du.

Eskaeran adierazi beharko da zenbat irakastordu proposatzen diren astean, gizartean eta kulturan desabantailan dauden ikasleei gizarteratzen laguntzeko irakasleenak, betiere curriculum-egokitzapen garrantzitsurik behar badute, 2. eranskinean ezarritako ereduarekin bat.

Ikastetxeak egoki jotzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, ikastetxe horretan hezkuntza laguntzako premia berariazkoa duten ikasleak ongi ezagutu eta baloratu ahal izateko.

3.3. Laguntza eskabidea eta eskatutako dokumentazioa 3.1 atalean adierazten den epean aurkeztu beharko dira Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak arautu zuen).

Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, ikastetxeek zazpi egun naturaleko epea izanen dute dokumentazioan egindako akatsak zuzentzeko.

4.-Deialdiaren prozedura eta ebazpena.

4.1. Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuak izendatzen dituen teknikariek eskaera egiten duten ikastetxe guztien gaineko txosten bakarra prestatuko dute. Txosten horrek honako hauek bilduko ditu:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak.

b) Ikasleengan atzemandako hezkuntza-laguntza beharren azterketa eta balorazioa.

Txosten horretan ikasleak eskolatzen laguntzeko behar diren giza baliabideen proposamena eginen da.

4.2. Balorazio prozesua bukatuta, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuko zuzendariak, Batzorde Teknikoak aurrez balorazioa eginda, behin-behineko proposamena eginen du, ikastetxeei jakinaraziko zaiena, bost eguneko epean egoki iruditzen zaizkien alegazioak edo erreklamazioak aurkez ditzaten.

Instrukzio organoak erreklamazioak ebatzi ondoren, behin betiko ebazpen proposamena igorriko zaio Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean ebatz dezan. Gero, ebazpena ikastetxeei jakinaraziko zaie, diru-laguntzarik eman ote zaien adieraziz. Jakinarazpen hori telematika bidez igortzen ahalko da, ikastetxeak helbide elektroniko bakarra baldin badu (Posta Zerbitzuari eskatua) eta eskabidean erantzuna telematika bidez jaso nahi duela adierazten badu berariaz.

Epe horretan jakinarazpen espresurik ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

4.3. Deialdi honen 2.2 atalean adierazitako erreserbako giza baliabideak 2010/2011 ikasturtea hasi ondoren sortzen diren presako beharrei erantzuteko esleituko dira, bidezkoa izanez gero. Horretarako, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak ebazpena eman beharko du, eskaerak baloratzen dituen batzordeak proposaturik eta aldez aurretik Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuak txostena emanik.

Eskaera aurkezten denetik hiru hilabeteko epean haren gaineko berariazko ebazpen eta jakinarazpenik ez badago, eskaera ezetsi dela ulertu behar da.

5.-Organo eskudunak.

Laguntzak emateko prozedura instruituko duen organoa Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzua izanen da.

Eskaerak hautatzeko batzordeak kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua:

-Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekideak:

-Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendaria.

-Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Ataleko burua.

-Kultura-aniztasunaren Ataleko burua.

-Kultura-aniztasunaren Ataleko langile bat.

Idazkaria:

-Departamentuko Idazkaritza Teknikoko legelari bat.

6.-Deialdi honen aurka, eta bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka ere, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, deialdia argitara eman edo dagokien ikastetxeei jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

2. ERANSKINA

Curriculum atzerapen garrantzisua izanik, hezkuntza laguntza behar duten ikasleak.

Ikastetxea: ...................................... Herria: ................ Ikastetxearen kodea: .......................................................................................................

Ikastetxeko orientzailearen izen-deiturak: ...........................................................................................................................................................
..................................................................................................................

ZEIN IKASLERENTZAT ESKATZEN
DIREN LAGUNTZA ORDUAK
(IZEN-DEITURAK)

IKASMAILA

OHARRAK


Oharra:

Curriculum atzerapen garrantzitsua duen ikasle bakoitzarentzat prestatutako Banakako Curriculum Egokitzapenaren (BCE) sinopsia aurkeztuko da, eta honako hau jasoko du:

BCE zenbakia: ................................................................................................

Ikaslearen izen-deiturak: .................................................................................

Ikasmaila: ........................................................................................................

Gutxi gorabeherako maila pedagogikoa: ........................................................

Atzerapenaren arloak: ....................................................................................

Atzerapenaren zergatikoak: ............................................................................

Astean zenbat laguntza ordu behar dituen: ....................................................

Ze beste neurri hartu dira aurretik ikasle honekin? ......................................
.........................................................................................................................

2009/2010 ikasturtean zenbat laguntza ordu hartzen ditu astean?

Tokia eta eguna: ..............................................................................................

Orientatzailearen izen-deiturak: ......................................................................

Sinadura: .........................................................................................................

Iragarkiaren kodea: F1006995