56. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

127/2010 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Lehendakaritzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Aldizkari Ofizialean honako hitzarmen hauek argitaratzeko agintzen duena: "Estatuko Administrazio Orokorraren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF) entitate publikoaren arteko lankidetza hitzarmena, Zaragoza-Iruña abiadura handiko linearen Nafarroako zatia egiteko" eta "Estatuko Administrazio Orokorraren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearen (ADIF) arteko lankidetza hitzarmena, Zaragoza-Iruña abiadura handiko linearen Nafarroako zatiko zenbait jarduketaren mandatua egiteko".

Nafarroako Gobernuak, 2010eko apirilaren 9an egin bilkuran, bi hitzarmenak onetsi zituen eta horiek sinatzeko behar zena xedatu zuen. Hitzarmenak apirilaren 9an sinatu ziren.

Horiek sinatu ondoren, bidezkoa da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Horiek horrela, honakoa,

EBATZI DUT:

Honako hitzarmenen testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea. Hitzarmenak ebazpen honen eranskin gisa ageri dira:

-"Estatuko Administrazio Orokorraren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF) entitate publikoaren arteko lankidetza hitzarmena, Zaragoza-Iruña abiadura handiko linearen Nafarroako zatia egiteko" eta

-"Estatuko Administrazio Orokorraren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearen (ADIF) arteko lankidetza hitzarmena, Zaragoza-Iruña abiadura handiko linearen Nafarroako zatiko zenbait jarduketaren mandatua egiteko", erabaki honen eranskin gisa gehitu direnak.

Iruñean, 2010eko apirilaren 19an.-Lehendakaritzako zuzendari nagusia, Ildefonso Sebastián Labayen.

ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA TRENBIDE AZPIEGITUREN ADMINISTRATZAILEAREN (ADIF) ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, ZARAGOZA-IRUÑA ABIADURA HANDIKO LINEAREN NAFARROAKO ZATIKO ZENBAIT JARDUKETAREN MANDATUA EGITEKO

Iruñean, 2010eko apirilaren 9an.

BILDURIK:

José Blanco López jauna, Sustapeneko ministroa.

Laura Alba Cuadrado andrea, Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilaria.

Antonio González Marín jauna, ADIFeko lehendakaria.

Bildutakoek, nork bere erakundearen izenean, hitzarmen hau egiteko behar den gaitasuna aitortu diote elkarri, eta ondokoa

ADIERAZI DUTE:

I.-Estatuko Administrazio Orokorrak eskumen esklusiboa du interes orokorreko obra publikoen gainean eta autonomia erkidego baten baino gehiagoren lurraldeak zeharkatzen dituzten trenbide eta lurreko garraiobideen gainean, Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 21. eta 24. arauetan xedatutakoarekin bat.

II.-Sustapen Ministerioko Plangintza eta Azpiegituretarako Estatu Idazkaritzak 2010eko martxoaren 30ean emandako ebazpenaren bitartez Trenbide Azpiegituren Administratzaileari (ADIF) eman zaio Zaragoza-Iruña abiadura handiko linearen Castejón-Iruñerria tartea egiteko ardura.

III.-Nafarroako Foru Komunitateak eskumen esklusiboa du Estatuko interes orokorreko legezko kalifikaziorik ez duten edota Estatuko beste lurralde batzuk ukitzen ez dituzten obra publikoetarako, ibilbide osoa Foru Komunitateko lurraldearen barnean duten trenbide eta lurreko garraiobideetarako, eta, halaber, Nafarroako jarduera ekonomikoaren plangintzarako, garapen ekonomikoaren sustapenerako, lurralde antolamendurako eta hirigintzarako, horrela xedatzen baitu Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak 44. artikuluaren 1. eta 2. idatz-zatietan, 49. artikuluaren 1. idatz-zatiko f) letran eta 56. artikuluaren 1. idatz-zatiko a) letran.

IV.-2009ko maiatzaren 16an Estatuko Administrazio Orokorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak lankidetzarako protokolo orokorra sinatu zuten. Bertako bigarren klausularen 5. zenbakian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak behar bezalako laguntza teknikoak kontratatu ditu Zaragoza-Iruña abiadura handiko lineako plataformaren eraikuntza proiektuak garatu ahal izateko Castejóndik Iruñerriraino.

V.-2010eko apirilaren 9an, Estatuko Administrazio Orokorrak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF) enpresa-entitate publikoak lankidetza hitzarmena sinatu dute, Nafarroan Zaragoza-Iruña abiadura handiko linea egiteko.

Hitzarmen horren bigarren klausularen 2. zenbakian eta bosgarren klausularen 3. zenbakian beste tresna bat sinatzea aurreikusten da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari mandatua egiteko, berak egin ditzan abiadura handiko trenbide berria eraikitzeko beharrezkoak diren zenbait jarduketa.

VI.-Trenbide Sektoreari buruzko azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, Sustapen Ministerioak eta Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF) enpresa-entitate publikoak, lankidetza hitzarmenen bitartez, Interes Orokorreko Trenbide Sareko trenbideetako obrak kontratatzeko ahalmena ematen ahal diete beste administrazio publiko batzuei, zuzenbide publikoko entitateei eta administrazio publikoekin lotutako edo haien mendeko sozietateei. Betiere, kasu horietan informazio azterlana eta eraikuntza proiektua onestea Estatuko Administrazio Orokorreko organo eskudunari dagokio eta halaber berak gainbegiratu eta onartu behar du obra.

Horregatik guztiagatik, Sustapen Ministerioak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileak (ADIF) erabaki dute lankidetza hitzarmen hau formalizatzea, ondoko klausulei jarraikiz:

KLAUSULAK:

Lehena.-Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da baldintzak ezartzea Sustapen Ministerioak eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari mandatua egin diezaioten Zaragoza-Iruña abiadura handiko linearen Castejón-Iruñerria zatiaren eraikuntza proiektuak egiteko, obra zuzentzeko, obrak kontratatu eta burutzeko, eta desjabetze espedienteen kudeaketa administratiboan laguntzeko. Trenbide zati hori Kantauri aldearen eta Mediterraneoaren arteko Abiadura Handiko Pasabidearen lehen fasea izanen da Nafarroako Foru Komunitatean.

Bigarrena.-Eraikuntza proiektuak egitea.

1.-Nafarroako Foru Komunitatea egiten hasia da Zaragoza-Iruña abiadura handiko lineako plataformaren eraikuntza proiektuak, Castejóndik Iruñerrirainoko tartekoak, Estatuko Administrazio Orokorrarekin 2009ko maiatzaren 16an sinatu zuen protokolo orokorrari jarraikiz. Eraikuntza proiektu horiei dagokienez, ulertuko da Nafarroako Foru Komunitatearen esku utzi dela, Trenbide Sektoreari buruzko Legearen 6.4 artikuluan adierazten den moduan, administrazio kontratuei buruzko legeriak kontratazio organoari ematen dizkion ahalmenen erabilera, berez Trenbide Azpiegituren Administratzailearen (ADIF) ahalmenak izanik ere, Foru Komunitateak beharrezkoak baldin baditu aipatu proiektuak egin ahal izateko.

Nafarroako Foru Komunitateak oraindik kontratatu gabe badu proiektuak egiteko jarduketaren bat, kontratatu gabeko jarduketa horien ardura Nafarroako Foru Komunitateari ematen zaio hitzarmen honen bitartez, berriz ere Trenbide Sektoreari buruzko 6.4 artikuluan adierazitako moduan.

Iruñerriko eskualdeari dagokionez, proiektuak egiteko lanak ondoko protokolo honen xede diren jarduketekin koordinatuko dira: "Sustapen Ministerioaren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, ADIFen eta Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoaren arteko protokolo orokorra, Iruñerriko trenbide sare berria eta abiadura handiko trenaren Iruñeko geltoki berria eraikitzeko proiektuak egiteko eta obrak finantzatzeko".

2.-Nafarroako Foru Komunitateak mandatu honen ondorioz egiten dituen eraikuntza proiektuak Castejón-Iruñerria tarteari buruzko informazio azterlanean eta horren Ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritakoari egokitu behar zaizkio. Sustapen Ministerioak 2004ko uztailaren 21eko Ebazpenaren bidez onetsi zuen informazio azterlan hori (2004ko abuztuaren 9ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

Eraikuntza proiektuak egitean edozein aldaketa egin nahi bazaie informazio azterlanean ezarritako trazadurei eta horien ezaugarriei, Sustapen Ministerioaren onespena eskuratu beharko da. Ingurumen arloko agintari eskudunen baimena ere beharko da aldez aurretik, funtsean aldatu nahi badira onetsitako Ingurumen eraginaren adierazpenean eskatzen diren baldintzak.

3.-Estatuko Administrazio Orokorrak Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren eskura jarriko ditu klausula honen 1. idatz-zatian aipatutako eraikuntza proiektuekin zerikusia duten proiektuak eta azterlanak, berak lehendik dauzkanak.

4.-Betiere Trenbide Azpiegituren Administrazioaren (ADIF) eginkizuna izanen da eraikuntza proiektuak gainbegiratu eta onestea eta egiten zaizkien aldaketak onestea.

Sustapen Ministerioak, bestalde, Plangintza eta Azpiegituretarako Estatu Idazkaritzaren bitartez, irizpide teknikoak ezartzen ahalko ditu preskripzio teknikoen agirietan jaso daitezen, eraikuntza proiektuak egiteko kontratuak esleitzeko prozeduretan.

Hirugarrena.-Obren exekuzioa.

1.-.Trenbide Sektoreari buruzko azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.4 artikuluak gaur egun indarra duen testuan ezartzen duen moduan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esku uzten da administrazio kontratuei buruzko legeriak kontratazio organoari ematen dizkion ahalmenen erabilera, berez ADIFenak izanik ere, ahalmen horiek beharrezkoak baldin baditu Zaragoza-Iruña abiadura handiko linearen Castejón-Iruñerria zatiko plataformako obren exekuziorako eta zuzendaritza fakultatiborako.

2.-Sustapen Ministerioko organo eskudunaren eginkizuna izanen da obrak onartzea.

Laugarrena.-Desjabetzeak.

2010eko apirilaren 9ko Lankidetza hitzarmenaren laugarren estipulazioan aipatzen diren desjabetzeen kudeaketa administratiboan lankidetzan aritzeko asmoz, Estatuko Administrazio Orokorrak mandatua egiten dio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, desjabetze espedienteen tramitaziorako beharrezkoak diren jarduera materialak egin ditzan, Zaragoza-Iruña abiadura handiko linea berriaren Castejón-Iruñerria zatia eraiki ahal izateko behar diren lurrak eskuratzeko. Horretarako, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legean eta Erregelamenduan eta Trenbide Sektoreari buruzko Legean eta Erregelamenduan ezarritako prozedurak beteko dira.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bulego bat irekiko du desjabetze prozesua kudeatzeko, eta lurren kudeaketaren inguruan eginak dituen agiriak bertara eramanen ditu. Desjabetzeen koordinazioa indartze aldera, bulego hori Estatuko Administrazio Orokorrak izendatutako teknikariekin elkarlanean arituko da hala behar denean.

Administrazio desjabetzailea, espedienteak tramitatzeko egintza administratiboen egilea, Estatuko Administrazio Orokorra izanen da, eta organo eskudunen bitartez erabiliko du ahalmen hori, edo, bidezkoa denean, ahalmena eskuordetzen zaien organoen bitartez.

Desjabetzearen onuraduna ADIF izanen da, eta desjabetutako ondasunen balio justua ordainduko du. Betiere, desjabetzearen onuradunak nahitaezko desjabetzeari buruzko legerian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen ditu.

Bosgarrena.-Azpibatzorde teknikoa.

Estatuko Administrazio Orokorrak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileak (ADIF) 2010eko 2010eko apirilaren 9an sinatutako lankidetza hitzarmenaren bigarren klausularen 2. zenbakian ezarritakoari jarraikiz, azpibatzorde teknikoa sortuko da, sei ordezkarik osatua: Sustapen Ministerioaren ordezkari batek, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren hiru ordezkarik eta ADIFen bi ordezkarik. Sustapen Ministerioaren ordezkarietako bat izanen da batzordeburua.

Azpibatzorde teknikoak eginkizun hauek izanen ditu:

a. Hitzarmen honetako mandatuaren ondorioz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egin behar dituen eraikuntza proiektuak egiteko lanak koordinatzea.

b. Burututako obrak onetsitako proiektuekin bat datozela ziurtatzea, 2010eko apirilaren 9ko lankidetza hitzarmenaren seigarren klausulan ezarritako prozedura betez.

c. Proiektu guztiak egiteko eta egokitzeko koordinazio lanak egitea ingurumenaren eta paisaiaren ikuspuntutik.

d. Eraikuntza fasea koordinatzea eta obrak onetsitako proiektuekin bat datozela bermatzea.

e. Desjabetze prozesuak koordinatzea.

f. Proiektuak eta obrak egokitzeko proposamena egitea ADIFek onets ditzan.

g. 2009ko maiatzaren 16ko lankidetza protokolo orokorreko bederatzigarren klausulan aipatzen den azpibatzorde teknikoaren eskumenak bereganatzea.

Azpibatzorde teknikoak bilera egin beharko du edozein alderdik hala proposatzen duenean, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoetarako ezarritako funtzionamendu araubidea izanen du.

Azpibatzorde teknikoak adostasunik lortu ezean, 2010eko apirilaren 9an sinatu zen hitzarmenaren zortzigarren klausulan aurreikusten den jarraipen eta koordinazio batzordeak ebatziko du auzia.

Seigarrena.-Indarraldia.

Mandatu honek indarra hartuko du hitzarmen hau aldizkari ofizialetan argitaratzen den egunean, eta hitzarmenaren xede diren kontratuak osorik bete arte iraunen du.

Eta aurreko guztiarekin ados daudela erakusteko, protokolo hau sinatu dute, hiru aletan, goian adierazitako lekuan eta egunean.-Sustapen Ministerioaren aldetik: José Blanco López.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren aldetik: Laura Alba Cuadrado.-ADIFen aldetik: Antonio González Marín."

ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN,
NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA TRENBIDE AZPIEGITUREN ADMINISTRATZAILEA (ADIF) ENTITATE PUBLIKOAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, ZARAGOZA-IRUÑA ABIADURA HANDIKO LINEAREN NAFARROAKO ZATIA EGITEKO

Iruñean, 2009ko apirilaren 9an.

BILDURIK:

José Blanco López jauna, Sustapeneko ministroa.

Juana María Lázaro Ruiz andrea, Ekonomia eta Ogasun Ministerioko idazkariordea, uztailaren 31ko EHA 2359/2008 Aginduan xedatutakoaren babesean ari dela.

Álvaro Miranda Simavilla jauna, Nafarroako Gobernuko lehendakariordea eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria.

Laura Alba Cuadrado andrea, Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilaria.

Antonio González Marín jauna, Trenbide Azpiegituren Administratzaileko (ADIF) lehendakaria.

Bildutakoek, nork bere erakundearen izenean, hitzarmen hau egiteko behar den gaitasuna aitortu diote elkarri, eta ondokoa

ADIERAZI DUTE:

Lehena.-Bai Estatuko Administrazio Orokorrarentzat bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat funtsezko helburua da Zaragoza-Iruña abiadura handiko linea eraikitzea, Azpiegituren eta Garraioaren 2005-2020 aldirako Plan Estrategikoan (PEIT) jasorik dagoen Kantauri aldearen eta Mediterraneoaren arteko Pasabidearen lehenbiziko fasea Nafarroan, hain zuzen ere, horrela trenbideak eginkizun eraginkorra bete dezan, behar bezalako segurtasun, kalitate eta edukiera baldintzetan, eta aukera lehiakorra izan dadin beste garraiobide batzuen aldean.

Bigarrena.-Bi administrazioetarako lehentasunezko helburua da, halaber, salgaien garraioan trenbidea erabil dadin sustatzea, baita garraio intermodalak eta eremu logistikoekiko trenbidezko loturak ere. Linea berria, beraz, bidaiarien eta salgaien trafiko mistorako proiektatu eta eraikiko da.

Hirugarrena.-Estatuko Administrazio Orokorraren ardura da Zaragoza-Iruña abiadura handiko linea eraikitzea Kantauri aldearen eta Mediterraneoaren arteko Abiadura Handiko Pasabidearen zati gisa, eskumen esklusiboa duelako interes orokorreko obra publikoen gainean eta autonomia erkidego baten baino gehiagoren lurraldeak zeharkatzen dituzten trenbide eta lurreko garraiobideen gainean, Espainiako Konstituzioaren 149. artikuluaren 1. idatz-zatiaren 21. eta 24. arauetan xedatutakoarekin bat. Sustapen Ministerioaren barnean Plangintza eta Azpiegituretarako Estatu Idazkaritza da, Departamentuko titularraren zuzendaritzapean, Ministerioaren politikak zehaztu, proposatu eta betearazteko zuzeneko ardura duen organoa, azpiegiturak planifikatu, finantzatu eta egiteari dagokionez.

Laugarrena.-Nafarroako Foru Komunitateak eskumen esklusiboa du Estatuko interes orokorreko legezko kalifikaziorik ez duten edota Estatuko beste lurralde batzuk ukitzen ez dituzten obra publikoetarako, ibilbide osoa Foru Komunitateko lurraldearen barnean duten trenbide eta lurreko garraiobideetarako, eta, halaber, Nafarroako jarduera ekonomikoaren plangintzarako, garapen ekonomikoaren sustapenerako, lurralde antolamendurako eta hirigintzarako, horrela xedatzen baitu Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak 44. artikuluaren 1. eta 2. idatz-zatietan, 49. artikuluaren 1. idatz-zatiko f) letran eta 56. artikuluaren 1. idatz-zatiko a) letran.

Bosgarrena.-Zaragoza-Iruña abiadura handiko linea Kantauri aldearen eta Mediterraneoaren arteko Abiadura Handiko Pasabidearen zati bat izanen da, eta pasabide horrek Nafarroako Foru Komunitatean izanen duen zatia, hain zuzen ere, Castejóndik abiatuta Euskal Autonomia Erkidegoraino iritsiko den lotura-adarraren lehen fasetzat jo behar da, PEITean ezarritakoaren arabera. Definizio tekniko eta funtzionalari dagokionez, Sustapen Ministerioak 2004ko uztailaren 21eko Ebazpenaren bidez (2004ko abuztuaren 9ko BOE) onetsi zuen Castejón-Iruñerria tartearen informazio azterlana, eta 2004ko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez (2004ko abuztuaren 9ko BOE) onetsi zuen Iruñerrikoa.

Gainera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak adierazten du abiadura handiko linearen bigarren fasearen exekuzioan parte hartu nahi duela Nafarroan, hots, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko loturako tartean, gerora administrazio interesdun guztiek sinatu beharreko hitzarmenean zehaztuko den moduan.

Seigarrena.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak beharrezkotzat jotzen du abiadura handiko linea hori eraikitzeko helburuari begira laguntzea, eta horregatik adierazten du Zaragoza-Iruña abiadura handiko linearen exekuzioan parte hartu nahi duela, trenbide tarte hori Kantauri aldearen eta Mediterraneoaren arteko Abiadura Handiko Pasabidearen lehen fasea izanen baita Nafarroan; aitortzen du, ordea, interes orokorreko obra hori egitea, azken batean, Estatuko Administrazio Orokorraren eskumena eta eginbeharra dela.

Zazpigarrena.-Abenduaren 26ko 28/1990 Legearen bidez onetsitako Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoak bosgarren xedapen gehigarrian dioenez, Estatuak eta Nafarroako Foru Komunitateak akordioak egiten ahal dituzte Nafarroan edo beste lurralde batzuetan egin beharreko inbertsioak batera finantzatzeko, finantzaketa mota hori beharrezkoa baldin bada inbertsioen izaeragatik edo ezaugarriengatik.

Zortzigarrena.-2009ko maiatzaren 16an sinatu zen Nafarroan Abiadura Handiko Trena Eraiki eta Finantzatzeko Protokolo Orokorra. Abenduaren 23ko 26/2009 Legeak, Estatuaren 2010eko Aurrekontu Orokorrei buruzkoak, hirurogeita bosgarren xedapen gehigarrian dioenez, Estatuko Administrazio Orokorrak, Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren eta Sustapen Ministerioaren bidez, batetik, eta Nafarroako Foru Komunitateak, bestetik, protokolo hori garatzeko hitzarmena sinatu behar dute, abiadura handiko linearen eraikuntzarako epeak ezarriz, baita Nafarroak eraiki behar duen obra zatiaren finantzaketarako konpromisoak eta behin betiko prozedurak ere.

Protokolo horren esparruan alderdiek berariaz hitzartu dute, bide egokiena delakoan, jarduketak "Trenbide Azpiegituren Administratzailea" enpresa-entitate publikoaren bitartez eginen direla, betiere hitzarmen honetan ezarritako ildoei jarraikiz.

Bederatzigarrena.-Plangintza eta Azpiegituretarako Estatu Idazkaritzak 2010eko martxoaren 30ean emandako ebazpenaren bitartez "Trenbide Azpiegituren Administratzailea" enpresa-entitate publikoari eman zaio Zaragoza-Iruña abiadura handiko linearen Castejón-Iruñerria tartea egiteko ardura.

Hamargarrena.-Trenbide Sektoreari buruzko azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, Sustapen Ministerioak eta Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF) entitate publikoak, lankidetza hitzarmenen bitartez, Interes Orokorreko Trenbide Sareko trenbideetako obrak kontratatzeko ahalmena ematen ahal diete beste administrazio publiko batzuei, zuzenbide publikoko entitateei eta administrazio publikoekin lotutako edo haien mendeko sozietateei. Betiere, kasu horietan informazio azterlana eta eraikuntza proiektua onestea Estatuko Administrazio Orokorreko organo eskudunari dagokio eta halaber berak gainbegiratu eta onartu behar du obra.

Hitzarmen hau beharrezkoa eta egokia dela onarturik, sinatzaileek elkar hartuta ondoko klausulak ezarri dituzte:

KLAUSULAK:

Lehena.-Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Estatuko Administrazio Orokorraren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta ADIFen arteko lankidetzarako bideak eta baldintzak finkatzea, Nafarroako lurraldean Zaragoza-Iruña abiadura handiko linearen Castejón-Iruñerria tartea eraikitzeko behar diren jarduketak egiteko, trenbide tarte hori 2015ean jar dadin abian Foru Komunitatean, Kantauri aldearen eta Mediterraneoaren arteko Abiadura Handiko Pasabidearen lehen fase gisa.

Bigarrena.-Proiektuak egitea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eginen ditu eraikuntza proiektuak Zaragoza-Iruña abiadura handiko linearen Castejón-Iruñerria tarteko plataforma egiteko.

Iruñerrian, abiadura handiko linea berriari dagozkion jarduketak ondoko protokolo honen xede diren jarduketekin koordinatuko dira: "Sustapen Ministerioaren, ADIFen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoaren arteko protokolo orokorra, Iruñerriko trenbide sare berria eta abiadura handiko trenaren Iruñeko geltoki berria eraikitzeko proiektuak egiteko eta obrak finantzatzeko".

Hitzarmen honen eragina geltoki berriaren eta Zuastiren arteko plataformara hedatzen ahalko da gehigarri baten bidez, garaia denean, Kantauri aldearen eta Mediterraneoaren arteko Pasabidea Nafarroako Foru Komunitatean osatzeko eginen diren azterlanen arabera.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, 2009ko maiatzaren 16an sinatutako Lankidetzarako Protokolo Orokorraren hirugarren klausularen 5. idatz-zatian ezarritakoa aplikatuz, laguntza teknikoak kontratatu ditu, egin behar dituen eraikuntza proiektuak garatu ahal izateko. ADIFek, linea berriaren sustatzailea den aldetik, mandatua eginen dio Nafarroako Foru Komunitateari edo haren mendeko entitate eskudunari, horretarako hitzarmena sinatuz.

Hitzarmen horretan, halaber, Sustapen Ministerioaren, Nafarroako Foru Komunitatearen eta ADIFen ordezkariek osatutako azpibatzorde tekniko baten eraketa arautuko da, aurreko idatz-zatian aipatu diren eraikuntza proiektu guztiak egiteko garaian koordinazio lanak egin ditzan eta, obrak burututakoan, onetsitako proiektuekin bat datozela ziurta dezan, hitzarmen honen seigarren klausulan ezarritako prozedurari jarraikiz. Azpibatzorde horrek bere gain hartuko ditu 2009ko maiatzaren 16an sinatu zen Lankidetzarako Protokolo Orokorraren bosgarren klausulan aipatzen den azpibatzorde teknikoaren eskumenak.

3. Estatuko Administrazio Orokorrak hitzarmen honen sinatzaile guztien eskura jarriko ditu hitzarmen honen xede diren eraikuntza proiektuen inguruan eginak dituen proiektu eta azterlan guztiak.

4. Tuterako zatiari dagozkion proiektuak egin aurretik, administrazio interesdun guztiek adostu behar dute trazadura egokiena, eta ingurumen eraginaren adierazpena onetsi behar da, halaxe aurreikusten baitu, bigarren eta laugarren klausuletan, Nafarroan Zaragoza-Iruña abiadura handiko linea egiteko Lankidetzarako Protokolo Orokorrak, 2009ko maiatzaren 16an sinatuak.

5. Hitzarmen honen xede den abiadura handiko lineako gainegituren proiektu guztiak (burdinbidea, elektrifikazioa, seinaleak, azpiestazioak, segurtasun eta telekomunikazio sistemen instalazioak) ADIFen ardura izanen dira.

6. ADIFeko organo eskudunak onetsi beharko ditu eraikuntza proiektu guztiak, bai azpiegiturenak bai gainegiturenak, eta horietan egiten diren aldaketak.

7. Administrazio bakoitzak, behar izanez gero, zerbitzuetarako eta laguntza teknikoetarako kontratuak eginen ditu lizitazio bidez, hitzarmen honen arabera bakoitzak burutu beharreko eraikuntza proiektuak egin ahal izateko.

8. Kasu bakoitzean, kontratazio organo gisa arituko da kontratua egin behar duen administrazioaren barnean eginkizun hori betetzen duen organoa.

9. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa deusetan galarazi gabe, Sustapen Ministerioak, Plangintza eta Azpiegituretarako Estatu Idazkaritzaren bitartez, gainbegiratze lanak egiten ahalko ditu, irizpide teknikoak ezarriz, kontratuak esleitzeko prozedurak arautuko dituzten preskripzio teknikoen agirietan jaso daitezen.

Hirugarrena.-Ingurumen baldintzak.

Castejón-Iruña abiadura handiko linearen zati bakoitzean, eraikuntza proiektuak bete beharko ditu, betiere, ingurumen eraginaren adierazpenetan ezarritako baldintzak eta informazio azterlana onesteko ebazpenetan ezarritakoak. Bigarren klausulan aipatutako azpibatzorde teknikoak proiektu guztiak egiteko eta egokitzeko lanak koordinatu beharko ditu ingurumenaren eta paisaiaren ikuspuntutik. Betekizunen eta onespenaren araubide berbera aplikatu beharko da informazio azterlanetan aldaketak egiteko ere. Edozein aldaketa Sustapen Ministerioari aurkeztu beharko zaio onesteko, aplikatu beharreko araudia betez. Informazio azterlanaren aldaketa onetsitakoan, kontratazio organo eskudunei igorriko zaie, bete dezaten.

Laugarrena.-Desjabetzeak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak laguntza emanen du bere lurraldearen barnean trenbide azpiegitura berrirako behar diren lurrak eskuratu ahal izateko desjabetze espedienteen kudeaketa administratiboan. Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legean eta Erregelamenduan eta Trenbide Sektoreari buruzko Legean eta Erregelamenduan ezarritako tramiteak eta prozedurak beteko ditu lankidetza horretan.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kargura, bulego bat irekiko da desjabetze prozesua kudeatzeko, eta administrazio horrek bertara eramanen ditu lurren kudeaketaren inguruan eginak dituen agiriak.

3. Administrazio desjabetzailea betiere Estatuko Administrazio Orokorra izanen da, eta ADIF izanen da desjabetzeen onuraduna.

Bosgarrena.-Obren exekuzioa.

1. ADIFek kontratatuko du gainegitura obren exekuzioa (burdinbidea, elektrifikazioa, seinaleak, azpiestazioak, segurtasun eta telekomunikazio sistemen instalazioak) Castejóndik Iruñerriraino, eta bere gain hartuko du obren zuzendaritza fakultatiboa.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kontratatuko du plataformako obren exekuzioa Castejóndik Iruñerriraino. Foru Komunitatea izanen da, ondorio guztietarako, obra horietako kontratazio organoa, kontratistaren aurrean erantzun beharko duena kontratazio organoari dagozkion betebehar guztiez eta bereziki obra ziurtagirien ordainketaz, hitzarmen honen seigarren klausulan ezarritakoa ezertan eragotzi gabe.

Plataformako obren zuzendaritza fakultatiboa, hitzarmen honetan ezarritako banaketaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio.

3. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa bete ahal izateko, ADIFek kudeaketarako mandatua eginen dio Nafarroako Foru Komunitateko organo edo entitate bati, hain zuzen ere mandatu hori egiteko sinatzen den hitzarmenean zehazten denari. Mandatu hori eta bigarren klausulan aipatutakoa batera egiten ahalko dira, eta obrak egin bitartean ADIFek beteko ditu gainbegiratze eginkizunak, azpiegituraren titularra den aldetik.

4. Administrazio bakoitzak, zein obraren exekuzioa dagokion, horien zuzendaritza fakultatiborako behar diren zerbitzu-kontratuak eginen ditu lizitazio bidez.

5. Klausula honen 1. eta 2. idatz-zatietan aipatutako obrek 675 milioi euroko kostua izanen dute gehienez ere, proiektua egiteko eta obra zuzentzeko laguntza teknikoen kostua eta desjabetzeak barne. Kostua honela banatuko da kontzeptuen artean:

KONTZEPTUAK

KALKULATUTAKO KOSTUA

milioi eurotan

Plataforma

362,65

Desjabetzeak

10,00

Proiektuak egitea, plataformako obraren zuzendaritza eta gainbegiratzea

15,00

Gainegitura (proiektuak eta obra-zuzendaritza barne)

287,35

GUZTIRA:

675,00

Obren urtez urteko kostuen kalkuluak hitzarmen honen eranskinean daude.

Plataformaren kostuak gainditzen badira, hitzarmen honen gehigarri bat sinatu beharko da, behar diren administrazio tramiteak egin eta gero.

Seigarrena.-Finantzaketa.

1. Estatuak Foru Komunitateari ordaindu beharko dizkio obren exekuzioaren gastuak eta, halaber, hitzarmen honetan eta kudeaketarako mandatuan ezarritakoari jarraikiz egiten dituen desjabetzeak eta zerbitzu-kontratuak. Ordainketa hori ADIFek eginen du, bere aurrekontuen kargura, segidako bost urtean, 2013tik 2017ra bitartean, hurrengo paragrafoan aipatzen diren zenbatekoak ordainduz urte bakoitzean, eta halaxe jasoko da entitate horren ustiapeneko eta kapitaleko aurrekontuetan, urtero, Estatuko Aurrekontu Orokorren barnean.

Nafarroako Foru Komunitateak 2011n ekin behar die plataformako obrei eta 2014an amaitu behar ditu. Hori horrela, Estatuak ADIFen bitartez obra horiek Foru Komunitateari ordaintzeko bere gain hartuko dituen gehieneko finantza-konpromisoak, hitzarmen honen eranskinean ageri den urtez urteko banaketaren arabera, hauexek dira: 10,00 milioi euro 2013an ordaintzeko; 25,65 milioi euro 2014an ordaintzeko; 30,00 milioi euro 2015ean ordaintzeko; 170,00 milioi euro 2016an ordaintzeko, eta 152,00 milioi euro 2017an ordaintzeko. 2017. urtean erregularizazioa eginen da eta ordaindu beharreko behin betiko diru kopurua finkatuko da, hitzarmen honen eta ADIFek egindako mandatuaren edo mandatuen arabera Foru Komunitateari ordaindu behar zaizkion gastuen guztizko zenbatekoa kontuan hartuta.

Dena den, urte bakoitzean, gehienez ere, burututako obraren kostu osoa ordainduko da, kontratazio organoak ordainduta eta hitzarmen honetako bigarren klausulan 2. puntuan aurreikusitako azpibatzorde teknikoak ontzat emanda dauden ziurtagirien arabera.

Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartu dituen plataformako obrak egiteko denbora berriz programatu behar izanez gero (horrek gainegitura obren programazio berriari ere eraginen lioke), ezarritako zenbatekoak egokitzen ahalko dira, bosgarren klausularen 5. puntuan aipatzen den zenbateko osoa gainditu gabe. Beharrezkotzat jotzen bada 5. klausulan aipatutako urteko zenbatekoak gainditzea, aldez aurretik hitzarmen honen gehigarri bat tramitatu beharko da, jarraipen eta koordinaziorako azpibatzorde teknikoak proposaturik.

2. Ordainketak egiteko, 2013tik hasi eta urtez urte 2017ra arte, aurreko 1. idatz-zatian aurreikusi bezala, Estatuak, ADIFen bidez, hiru hilean behin ordainduko dio Nafarroako Foru Komunitateari obren zenbatekoa, aurreko 1. idatz-zatian adierazten den bezala zehaztuta.

3. Klausula honetan aurreikusten den ordaintzeko moduaren ondorioz sortzen diren finantza-kostuak Foru Komunitatearen kontura izanen dira.

4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere finantza-baliabideekin zabaldu eta mantenduko du desjabetzeak kudeatzeko bulegoa, laugarren klausulan aipatzen dena.

5. Hitzarmen bat eginen da berariaz, bigarren klausulan ezarritakoari jarraikiz Tuterako zatirako adostu behar den soluzioa finantzatzeko. Hitzarmen horretan oinarritzat hartuko dira PEITak trenbidea hirian integratzeko jarduketetarako ezarritako irizpideak.

6. EKS-95 Europako Kontu Sistemako irizpideetan ezarritakoari jarraikiz, hitzarmen honetako trenbide azpiegiturari dagozkion inbertsio gastuak, Nafarroako Foru Komunitateak, kudeaketarako mandatua betez, ADIFen kontura eginen dituenak, ADIFi egotzi beharreko gastuak izanen dira, eta ez Nafarroako Foru Komunitateari egotzi beharrekoak. Beraz, Foru Komunitateko kontabilitate nazionalaren defizitean ez dute eraginik izanen aipatu inbertsio gastuek.

7. Ekonomia eta Ogasun Ministerioak hitz ematen du behar diren kudeaketak eginen dituela, bere eskumenen esparruan, Nafarroako Foru Komunitateak hitzarmen honetako betebeharrei aurre egiteko finantzabideak lortze aldera egiten dituen zorpetze eragiketak Ministroen Kontseiluak onets ditzan, Estatuaren baimenaren beharra baldin badute, Autonomia Erkidegoen Finantzaketari buruzko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoaren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zazpigarrena.-ADIFek egin beharreko jarduketen finantzaketa.

Sustapen Ministerioaren mandatua dela bide ADIFek egin behar dituen jarduketak entitate horren ustiapeneko eta kapitaleko aurrekontuetan sartuko dira urtero, Estatuaren Aurrekontu Orokorren barnean, eta ustiapeneko eta kapitaleko aurrekontu horietako baliabideekin finantzatuko dira, Trenbide Sektoreari buruzko azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 23. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Zortzigarrena.-Jarraipen eta koordinazio batzordea.

Jarraipen eta koordinazio batzordea eratuko da, hitzarmen honetan onartutako eginbeharrak bete daitezen begiratzeko, hitzarmenaren edukiaren exekuzioa bultzatzeko eta exekuzioaren inguruko zalantzak ebazteko. Estatuko Administrazio Orokorraren lau ordezkarik eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren lau ordezkarik osatuko dute.

Estatuko Administrazio Orokorraren lau ordezkariak honela izendatuko dira: Sustapen Ministerioak hiru ordezkari izendatuko ditu, haietako bi ADIFen proposamenez; eta Ekonomia eta Ogasun Ministerioak ordezkari bat izendatuko du. Sustapen Ministerioak hautatzen duen ordezkaria izanen da batzordeburua.

Nafarroako Foru Komunitatearen lau ordezkariak honela izendatuko dira: Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak hiru ordezkari izendatuko ditu, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ordezkari bat izendatuko du.

Jarraipen eta koordinazio batzordeak eginkizun hauek izanen ditu, administrazio bakoitzari dagozkion eskumenak deusetan galarazi gabe:

a) Hitzarmen honen ondoriozko eginbeharrak bete daitezen begiratzea.

b) Hitzarmena interpretatzeko eta betetzeko garaian sortzen diren zalantzak ebaztea.

c) Jarraipen plana ezartzea, hitzarmen honetako jarduketetarako onetsitako lan programetan oinarritua, eta bete dadin begiratzea.

d) Lanerako dokumentuak egitea, eraikuntza proiektuak egiteko beharrezkoak diren jarduketak eta hitzarmen honen xede diren gainerako jarduketak programatzeko proposamenei buruzkoak.

e) Prozesuan esku hartzen duten eragileekin eta beste administrazio batzuekin behar den koordinazioa sustatzea, hitzarmenaren helburuei begira beharrezko eta egokitzat jotzen dituen ekintza guztiak garatuz.

f) Hitzarmen honen xede diren lanak burutzeko epeak bete daitezen begiratzea.

g) Aldaketak onesteko egin behar diren jarduketak koordinatzea, Plangintza eta Azpiegituretarako Estatu Idazkaritzaren eskumenak deusetan galarazi gabe.

h) Obrak egiterakoan sortzen diren zailtasunen ondorioz obren epeak luzatu beharra izanez gero, batzorde honek urtekoen doikuntzak proposatuko ditu, diru ekarpena obren exekuzioaren erritmoari egokitzeko.

Jarraipen eta koordinazio batzordearen bileretarako deiak batzordeburuak eginen ditu. Batzordea urtean behin gutxienez bilduko da, eta halaber bilera eginen du aztergairen batek hala behar duenean edo hitzarmen honen sinatzaileren batek hala eskatzen duenean. Batzordearen bileretarako deiak idatziz eginen dira, 48 ordu lehenago, gutxienez, aztergaien zerrenda eta horien gaineko dokumentazioa erantsita. Alderdien intereseko beste edozein gai eztabaidatzen ahalko da, hitzarmenaren nondik norakoarekin zerikusia baldin badu.

Behar izanez gero, esku hartzen duten administrazioetako teknikariek batzordearen bileretan parte hartzen ahalko dute, baita beste erakunde edo entitate publiko nahiz pribatu batzuetako ordezkariek ere, haiek parte hartzea komenigarritzat jotzen denean batzordearen eginkizunak betetzeko.

Jarraipen eta koordinazio batzordeak bigarren klausulan aipatu den azpibatzorde teknikoaren esku uzten ahalko du alderdi teknikoen azterketa, komenigarritzat jotzen badu; betiere, azken erabakia beretzat gordeko du.

Finantza kontuei dagokienez, jarraipen eta koordinazio batzordeak bere baitan ogasuneko azpibatzorde teknikoa sortzen ahalko du. Azpibatzorde horretan izanen dira, gutxienez ere, bi administrazioetako ogasun arloak ordezkatzen dituzten batzordekideak edo horiek eskuorde izendatutako pertsonak.

Bederatzigarrena.-Indarraldia.

Hitzarmen honek indarra hartuko du sinatu eta hurrengo egunean, eta bertako jarduketak edo garapenerako sinatzen diren beste hitzarmenetakoak burutu arte iraunen du.

Hamargarrena.-Amaiera.

1. Honako hauek izanen dira hitzarmen hau amaitzeko arrazoiak:

-Hitzarmeneko jarduketa guztiak edo beraren garapenerako sinatzen diren hitzarmenetakoak bete edo burutzea.

-Aldeek ados jarrita hala erabakitzea.

-Sinatzaileetako edonork ez-betetze larria egitea hitzarmen honetan bere gain hartutako betebehar zehatzetan.

2. Xedea betetzea ez beste arrazoiren batengatik hitzarmena amaitzen bada, koordinazio eta jarraipen batzordeak baldintzak proposatuko ditu hitzarmen honen ondoriozko jarduketa bukatu gabeak bukatzeko.

Hamaikagarrena.-Izaera.

1. Hitzarmen hau administratiboa da, eta jarraipen eta koordinazio batzordeari dagokio beraren edukia interpretatzeko eta betetzeko garaian sortzen diren eztabaidak ebaztea.

2. Hitzarmena interpretatzeko eta betetzeko garaian sortzen diren arazoak, azken batean, administrazioarekiko auzietarako auzitegi eskudunek aztertu eta ebatziko dituzte.

Hori guztia jasota gera dadin eta beren adostasuna adierazteko, bildutakoek hitzarmen hau sinatu dute bost aletan, idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.-Sustapen Ministerioaren aldetik: José Blanco López jauna, ministroa.-Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren aldetik: Juana María Lázaro Ruiz andrea.-Nafarroako Gobernuko Lehendakariordetzaren eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren aldetik: Álvaro Miranda Simavilla jauna.-Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren aldetik: Laura Alba Cuadrado andrea, kontseilaria.-Trenbide Azpiegituren Administratzailearen (ADIF) aldetik: Antonio González Marín jauna, lehendakaria.

1. ERANSKINA

Zaragoza-Iruña abiadura handiko linea Nafarroan. Castejón-Iruña tartea

Nafarroako Foru Komunitateak burutu beharreko obrak, bosgarren klausularen 2. idatz-zatian aurreikusiak.

CASTEJÓN-IRUÑA TARTEA

LUZERA

KALKULATUTAKO KOSTUAK MILIOI EUROTAN (*)

Plataforma

(km)

TARTEA, GUZTIRA

2011

2012

2013

2014

Castejón-Alesbes

14,50

71,10

7,10

28,40

35,60

Alesbes-Erriberri

15,00

77,55

7,75

31,00

38,80

Erriberri-Tafalla

15,00

76,00

7,60

20,40

22,00

26,00

Tafalla-Arrizabalaga

15,19

78,00

7,80

21,20

21,00

28,00

Arrizabalaga-Ezkirotz

10,20

60,00

6,00

24,00

16,65

13,35

Desjabetzeak

10,00

5,00

5,00

Proiektuak egitea, obraren zuzendaritza eta gainbegiratzea

15,00

2,00

4,00

5,00

4,00

GUZTIRA:

69,89

387,65

43,25

134,00

139,05

71,35

(*) Hasierako prezioa, BEZa barne.

ADIFek burutu beharreko obrak, bosgarren klausularen 1. idatz-zatian aurreikusiak

CASTEJÓN-IRUÑA TARTEA

LUZERA

KALKULATUTAKO KOSTUAK MILIOI EUROTAN (*)

Burdinbidea, elektrifikazioa eta instalazioak

(km)

TARTEA, GUZTIRA

2011

2012

2013

2014

2015

Castejón-Ezkirotz

69,89

287,35

10,00

120,00

157,35

GUZTIRA:

69,89

287,35

0,00

0,00

10,00

120,00

157,35

(*) Hasierako prezioa, BEZa barne.

Seigarren klausulan aurreikusitako obren finantzaketa (milioi eurotan)

CASTEJÓN-IRUÑA TARTEA

TARTEA, GUZTIRA

2013

2014

2015

2016

2017

Plataforma

387,65

10,00

25,65

30,00

170,00

152,00

Burdinbidea, elektrifikazioa eta instalazioak

287,35

10,00

120,00

157,35

0,00

0,00

GUZTIRA:

675,00

20,00

145,65

187,35

170,00

152,00

F1007058

Iragarkiaren kodea: F1007058