56. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

137/2010 FORU AGINDUA, martxoaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2010. urtean ehiza antolatzeko planak egiteko diru-laguntzen deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean, Ehiza Antolatzeko Plana ehiza kudeatzeko oinarrizko antolamendurako agiri nagusi gisa finkatu zen. Hala, 2. artikuluan, ehizaren aprobetxamendu antolatuari buruzkoan, ageri da ehizan aritzea zilegi izanen dela soil-soilik indarra duen ehiza antolatzeko plana duten ehiza barrutietan edo ehiza kontrolatuko eremuetan.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 35. artikuluaren arabera, ehiza barrutia kudeatzeko ardura duenak egin eta tramitatu behar du Ehiza Antolatzeko Plana, foru lege horren 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak 52. artikuluan (ehiza sustatzeko neurriak) zehazten du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak laguntza ekonomikoak ezartzen ahal dituela Ehiza Antolatzeko Planak egiteko eta haietan ezarritako neurriak garatzeko.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2010. urtean ehiza antolatzeko planak egiteko diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarriak foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. 120.000 euroko gastua baimentzea, foru agindu honetatik sortutako gastu konpromisoetarako, 2010eko Gastuen Aurrekontuko "Elkarte eta partikularrentzako laguntzak, biodibertsitatea zaintzeko" izeneko 740002 74200 7800 456300 kontu-sailaren kargura.

4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarri bezala.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

5. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2010eko martxoaren 23an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

Ehiza barrutiak kudeatzeko ardura dutenek 2010. urtean ehiza antolatzeko planak egiteko diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehena.-Xedea eta helburua.

1. Oinarri hauen helburua da ehiza barrutiak kudeatzeko ardura dutenek ehiza antolatzeko planak egitean izaten dituzten gastuen zati bat ordaintzeko diru-laguntzak arautzea.

Laguntza hauen xede nagusia Nafarroako ehiza espezieak zuzen antolatzea da, ehiza antolatzeko planen bidez. Plan horiek izanen dira agiri nagusia ehiza kudeatzeko oinarrizko antolamenduan, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen irizpideekin bat.

2. Honako honetarako ematen ahalko da diru-laguntza:

2009ko uztailaren 1etik deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu bitarte Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onetsitako Ehiza Antolatzeko Planek eragindako gastuak.

Bigarrena.-Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Ehiza antolatzeko plana prestatzearen kostua frogatzeko aurkezten den fakturako zenbatekoaren %60 izanen da, gehienez, plan bakoitzeko diru-laguntza eta, edozein modutan ere, ez da izanen taula honetan ageri diren zenbatekoak baino handiagoa:

EHIZA BARRUTIA

GEHIENEKO DIRU-LAGUNTZA

Usategiak

270,00 euro

2.000 hektareako barrutiak edo txikiagoak

2.196,00 euro

2.000 eta 5.000 hektarea arteko barrutiak

2.196,00 euro + 0,36 euro/ha, 2.000 ha-ren eta barrutiko azalera osoaren arteko eremuari dagokionez.

5.000 hektareatik gorako barrutiak

3.276,00 euro + 0,28 euro/ha, 5.000 ha-ren eta barrutiko azalera osoaren arteko eremuari dagokionez.

Hirugarrena.-Onuradunak.

Laguntza hauek ehiza barrutiak kudeatzeko ardura dutenek lor ditzakete. Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 17. artikuluari jarraikiz, hauek dira:

a) Tokiko ehiza barrutietan:

-Ehiztarien toki elkarteak, barrutiaren titularra den toki entitateak ehiza guztiaren aprobetxamendua esleitu badie zuzenean.

-Barrutien titularrak diren toki entitateak, gainerako kasuetan.

b) Ehiza barruti pribatuetan, irabazi-asmorik ez badute:

-Haien titularrak.

-Herriko ehiza elkartea bada ehiza barrutiaren titularra eta ehiza aprobetxamendua harexek egiten badu, onuraduna ehiza elkartea bera izanen da.

Laugarrena.-Bete beharrekoak.

Betiere, eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dagoen informazioaren arabera, barrutia kudeatzeko ardura duenak barrutia zuzen gobernatzea, ehiza arloan eta basa fauna eta haren habitatak babestearen gainean indarra duten arauei jarraikiz: Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea eta Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea, hurrenez hurren.

b) Ehiza barrutiak zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin.

c) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan onuradun izateko adierazita dauden debekuetako bat ere ez izatea.

e) Irabazi asmorik gabeko ehiza barrutiak izatea.

Bosgarrena.-Eskatutako betebeharrak frogatzeko modua.

Eskaerak egiteko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabidea, eranskineko ereduaren araberakoa.

b) Ehiza Antolatzeko Planaren egileak emandako jatorrizko faktura edo fotokopia. Egindako gastua benetan ordaindu dela frogatzeko, fakturekin batera bankuen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, transferentzia bidez ordaindu bada, edo hartu-agiria, fakturaren igorleak sinatua, ordainketa eskudirutan egin bada.

c) Barruti pribatuetan, titularrak zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du, ehiza barrutiak irabazi asmorik ez duela azaltzeko.

Seigarrena.-Eskaerak aurkezteko epea eta eskatutako betebeharrak frogatzeko modua.

1. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan xedatutakoa ukatu gabe.

2. Eskaerak aurkezteko epea 45 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau argitaratzen denetik hasita.

3. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskabidearekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik, baita IFKren fotokopia ere.

Zazpigarrena.-Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

Deialdi honetako diru-laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Onartutako eskaerek aurrekontuko muga gainditzen badute, onartutako eskaera guztien artean banatuko da aurrekontua, eta hasieran zehaztutako laguntzak proportzioan murriztuko dira.

Zortzigarrena.-Ebaluazio organoa.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Ehiza eta Arrantza Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Bederatzigarrena.-Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, hirugarren, laugarren eta bosgarren oinarrietan ezarritako betebeharrak betetzen dituen egiaztatuko da. Oinarrietan eskaturiko dokumentazioa aurkeztu ezik, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen dezala. Aditzera emanen zaio horrela egin ezik ulertuko dela bere eskaera bertan behera utzi duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinaraziko zaio.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du.

3. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak diru-laguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea lau hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Hamargarrena.-Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu, baita hauek ere:

a) Ehiza antolatzeko planak prestatu, edukiz bete eta aurkeztean Nafarroan ehiza antolatzeko planak prestatzeko ezarri diren baldintza teknikoen agiriak dioena betetzea (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onetsitako agiria), bai eta Nafarroako Ehiza eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Legearen 34. artikuluak dioena ere.

b) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ehiza antolatzeko planetako datuak eta edukiak ikuskatzeko egiten duen lana eta organo eskudunaren egiaztapenak onartzea noiznahi.

c) Informazio guztietan adieraztea Ehiza Antolatzeko Plana Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren laguntzarekin egiten ari dela.

d) Foru agindu honetan ezarritako baldintza eta arau guztiak betetzea.

e) Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza edo laguntza batzuen berri ematea organo emaileari.

Hamaikagarrena.-Ordaintzeko modua eta epeak.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak eskaerak onartzeko eta ordaintzeko ebazpena eman ondoren eginen da ordainketa, dena batera.

Hamabigarrena.-Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ehiza antolatzeko planei diru-laguntzak emateko lehenago egin dituen deialdietan laguntzaren bat jaso bada, ehiza antolatzeko planak ez du diru-laguntzarik jasoko.

Laguntza hauek bateragarriak izanen dira beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin. Alabaina, proiektu edo programa bererako erakunde desberdinek emandako bi diru-laguntzaren edo gehiagoren zenbatekoa, guztira, ez da inolaz ere kostu osoa baino handiagoa izanen.

Aurreko lerroaldean ezarritako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste diru-laguntzaren bat jasotzen baldin badu, Ehiza eta Arrantza Atalari jakinarazi beharko dio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. d) artikuluan xedaturikoarekin bat.

Hamahirugarrena.-Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Foru agindu honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, diru-laguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

Diru-itzultzeen, arau-hausteen eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Hamalaugarrena.-Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauek arautzen duten deialdia Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen mende egonen da, bertan ezarri gabeko guztian.

Hamabosgarrena.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es Interneteko atariko ''Zerbitzuen katalogoa'', ''Laguntzak eta bekak'' atalean argitaratuko da.

2010. URTEAN EHIZA ANTOLATZEKO PLANAK EGITEKO DIRU-LAGUNTZEN ESKAERA

Izena: .........................., NAN zk.: ......................................................, helbidea (kalea, zenbakia, solairua): ...................................................................................., herria: ......................., telefono zk.: ...................., ........................................... ehiztarien toki elkartea edo toki erakundea ordezkatuz, NA-......................... matrikula duen .................ko ehiza barrutiaren titularra edo hango ehiza aprobetxamenduaren titularra den aldetik,

ADIERAZTEN DUT:

Martxoaren 23ko 137/2010 Foru Aginduaren bidez, 2010. urtean ehiza antolatzeko planak egiteko diru-laguntzak emateko onetsitako deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala, eta hura arautzen duten oinarri guztiak onartzen, eta horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari diru-laguntza eskatzen diot.

Era berean, hauxe aitortzen dut:

-Ez naizela beste diru-laguntzarik jasotzen ari jarduera bererako edo, jasoz gero, behar bezala justifikatzen dudala, deialdiaren hamargarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

-Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan onuradun izateko adierazita dauden debekuetako bat ere ez dudala.

-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari baimena ematen diodala Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta Gizarte Segurantzan dauden datuak ikusteko, horrela egiazta dezan, diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten den unean, zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak ditudala.

................. 2010eko ...............aren .....(ean).

(Eskatzailearen sinadura)

Iragarkiaren kodea: F1005888