56. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

280/2010 FORU AGINDUA, apirilaren 26koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena bulegoen mailan.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak uztailaren 29an emandako 78/2005 Foru Aginduaren bidez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa onetsi zen bulegoen mailan.

Irailaren 3ko 116/2007 Foru Dekretuaren bidez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, eta zuzendaritza nagusi bakoitza osatzen duten zerbitzuak eta atalak finkatu ziren, baita horien eginkizunen esparrua eta esparru materiala ere. Xedapen iragankor bakarrak ezartzen du "foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, Atalarena baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin segituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekoz egitura berriko organoei atxikiko ziaizkie, orain arte betetzen zituzten eginkizunen arabera".

Bestalde, Nafarroako Gobernuak 2009ko irailaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako unitate organikoen kopurua murrizteko agindua eman zen. Erabakian xedatu zenez, Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuetako bakoitzak Nafarroako Gobernuari proposatu behar dizkio bere egitura organikoan egin behar diren aldaketak. Zehazki, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari 25 unitate organiko kentzea dagokio.

Foru agindu honen helburua behar diren egokitzapenak egitea da, horrela, alde batetik, 116/2007 Foru Dekretuko aurreikuspenetara egokitzeko eta, bestetik, aipatu erabakia betetzeko. Horrek berarekin dakar zenbait aldaketa egitea, araudi argitasunerako, eta horrek foru agindu berri bat onestea eskatzen du, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren bulego mailako egitura organiko berria osorik arautzeko.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 24.4 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Lehendakaritzako Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Legegintza eta Koordinazio Zerbitzua

1. artikulua. Elkarte, Fundazio eta Lanbide Elkargoen Bulegoa.

Elkarte, Fundazio eta Lanbide Elkargoen Bulegoak, Legeen Garapenerako eta Koordinaziorako Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Helbidea Nafarroan duten eta batez ere Foru Komunitatean aritzen diren elkarteen inskripzioa eta erregistroa kudeatzea.

b) Elkarteen arloko agiriak eta jakinarazpenak Estatuko Administrazio Orokorrari igortzea.

c) Elkarteei buruzko administrazio espedienteen tramitazioari buruzko informazioa.

d) Azaroaren 11ko 613/1999 Foru Dekretuak araututako Fundazioen Erregistroa kudeatzea.

e) Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoetako Kontseiluen Erregistroa, apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legeak sortua, kudeatzea.

f) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

2. ATALA

Gobernuaren Idazkaritza Zerbitzua

2. artikulua. Gobernu Idazkaritzako Kudeaketa Administratiboaren Bulegoa.

Gobernu Idazkaritzako Kudeaketa Administratiboaren Bulegoak, Gobernuaren Idazkaritza Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gobernuaren bilkuretarako deialdiak prestatu eta banatzea.

b) Gobernuaren bilkuretan aztertuko diren gaien dokumentazioa prestatzea, departamentuekin batean.

c) Gobernuaren erabakien eta foru dekretuen ziurtagiriak idaztea.

d) Gobernuak onetsitako foru dekretuak eta erabakiak biltzea.

e) Xedapen orokorrak eta, hala behar denean, bestelako egintzak Nafarroako Aldizkari Ofizialera eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igortzea.

f) Gobernuaren bilkuren Akta Liburuak prestatzea, bai eta Gobernuaren foru dekretu eta erabakienak eta Gobernuko lehendakariaren foru dekretuenak ere.

g) Testuen prozesu mekanizatua kudeatu eta koordinatzea, Gobernuko Idazkaritzaren eginkizunei loturik.

h) Aipatu eginkizun guztiekin zerikusia duen dokumentazioa, oro har, tramitatzea.

i) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

3. artikulua. Argibide eta Erregistro Bulegoa.

Argibide eta Erregistro Bulegoak, Gobernuaren Idazkaritza Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Herritarrei Nafarroako Gobernuko argibide eta erregistro bulegoaren bidez harrera eta argibideak ematea.

b) Herritarrei eta Administrazioko unitateei telefono baliabideen bitartez harrera eta argibideak ematea.

c) Herritarrek Foru Komunitateko Administrazioa hobeki ezagutzera bideratzen diren ekintzak gauzatzea.

d) Dokumentuak hartzea eta horien tratamendua egitea sistema mekanizatuan.

e) Aurkezturiko dokumentazioa kodetzea eta departamentu interesdunetara igortzea.

f) Espedienteen kontrola eta jarraipena egitea.

g) Eragiketa arauak ematea Erregistroko sistema mekanizatuko terminalean.

h) Departamentuetako eta erakunde autonomoetako erregistro osagarrien arduradunekin koordinatzea.

i) Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren Erregistroa.

j) Indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eginkizunak eta aurrekoekin zerikusia duen edo haien ondoriozkoa den beste edozein.

k) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

4. artikulua. Posta Eginkizunetarako Bulegoa.

Posta Eginkizunetarako Bulegoak, Gobernuaren Idazkaritza Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru Komunitateko Administrazioari igortzen zaizkion gutunak postetxean bildu eta, gero, sailkatu eta banatzea.

b) Foruzaingoak egiten dituen segurtasun kontroletan laguntzea.

c) Foru Komunitateko Administrazioak sortzen dituen gutunak bildu, frankeatu eta igortzea.

d) Barneko posta bildu eta banatzea.

e) Frankeatzeko jasotzen diren objektuak kontrolatzea.

f) Egindako lanen kontabilizazioa.

g) Kanpoko enpresen esku uzten diren frankeatze eta igortze lanen kontabilizazioa.

h) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

3. ATALA

Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Zerbitzua

5. artikulua. Kalitate eta Kontrolerako Bulegoa.

Kalitate eta Kontrolerako Bulegoak, Nafarroako Aldizkari Ofiziala Kudeatzeko Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzen diren jatorrizko agiriak aztertzea.

b) Argitaratze prozesua kontrolatzea presari eta epeei dagokienez.

c) Argitaratu beharreko jatorrizko agiriak igortzen dituztenekin harremana izatea.

d) Nafarroako Aldizkari Ofizialaren proba aztertzea.

e) Dokumentu normalizatuak prestatzea eta horien mantentze-lana egitea.

f) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

6. artikulua. Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa.

Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoak, Nafarroako Aldizkari Ofiziala Kudeatzeko Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zerbitzuaren ohiko kudeaketa ekonomikoa eta aurrekontuei buruzkoa bere gain hartzea.

b) Nafarroako Aldizkari Ofizialeko harpidetzak, iragarkiak eta aleen salmenta kudeatzea.

c) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

II. KAPITULUA

Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzua

7. artikulua. Gizarte Segurantzaren Bulegoa.

Gizarte Segurantzaren Bulegoak, Nominen eta Gizarte Segurantzaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparru guztietako Gizarte Segurantzaren kudeaketa koordinatzea, eta kudeaketa horretarako beharrezkoak diren informazio komunak mantentzea.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoen eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren arteko harreman eta komunikazio guztiak bideratzea.

c) Gizarte Segurantza kudeatzea gizarte aurreikuspeneko araubide horri loturik dauden langileen kasuan, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren barrenean betiere.

d) Gizarte aurreikuspeneko beste araubide batzuk kudeatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako montepioko langileena izan ezik, betiere Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen barruan.

e) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

2. ATALA

Gizarte Prestazioen Zerbitzua

8. artikulua. Klase Pasiboen Bulegoa.

Klase Pasiboen Bulegoak, Montepioak eta Onura Sozialak Kudeatzeko Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioko eta udalen montepioko funtzionarioen eskubide pasiboen sistemetako prestazioak tramitatzea.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioko eta udalen montepioko funtzionarioen klase pasiboen nominak prestatzea.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioko eta udalen montepioko funtzionarioen eskubide pasiboen sistemak oro har kudeatzea.

d) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

III. KAPITULUA

Justizia Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Justiziako Zerbitzu Juridiko Administratiboa

9. artikulua. Justiziako Langileen Bulegoa.

Justiziako Langileen Bulegoak, Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Justizia Administrazioko langileen datu baseen mantentze eta eguneratze lanak, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren mendeko unitate organikoekin koordinaturik.

b) Justizia Administrazioko langileen ohiko kudeaketa, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eskumenekin bat.

c) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

2. ATALA

Justiziako Administrazioa Modernizatzeko Zerbitzua

10. artikulua. Justizia Administrazioaren Zerbitzu Orokorren Bulegoa.

Justizia Administrazioaren Zerbitzu Orokorren Bulegoak, Ondasun Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Herritarrei argibideak eman eta harrera egitea, dela zuzenean, dela telefonoz dela agirien bidez.

b) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren posta eta paketeak jaso, banatu eta sailkatzearekin loturiko lan guztiak.

c) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren paperak eta liburuak jaso eta banatzea eta organo judizialetako Liburutegi Zerbitzuari laguntzea.

d) Garbitze eta mantentze lanetan laguntzea.

e) Ate eta leihoak kontrolatzea eta organo judizialen bulegoetako sarrerak irekitzea.

f) Organo judizialen eta Justizia Zuzendaritza Nagusiaren ikus-entzunezko eta bulegoko baliabideen erabileraren eta eskuragarritasunaren inguruko guztiak.

g) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

11. artikulua. Hornidura Bulegoa.

Hornidura Bulegoak, Justiziako Administrazioa Modernizatzeko Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Justizia Administrazioaren material suntsikorraren, altzarien eta bulegoko materialaren hornidurak bideratu eta kontrolatzea, erosketa zentralizaturako Foru Komunitateko Administrazioak dituen organoen bitartez.

b) Emandako materialaren entrega kudeatu, eta haren jarraipena eta kontrola egitea.

c) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

3. ATALA

Justiziako Gizarte Zerbitzua

12. artikulua. Gizarteratzen Laguntzeko Bulegoa.

Gizarteratzen Laguntzeko Bulegoak, Organo Judizialetarako Laguntza Teknikoaren eta Lankidetzaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Justizia Administrazioari ukituen familien egoera, laguntzeko baliabideak eta egitarauen bilakaera jakinaraztea.

b) Eskubideez eta baliabideez argibideak eta aholkuak ematea.

c) Gizarte kontuei buruzko aholku espezializatuak ematea.

d) Gizarteak bazterturik dauzkan herritarrekin aurreneurriak hartu eta haiei gizarteratzen laguntzea.

e) Gizarte lankidetza sustatzea, hedapenerako eta gizartea sentiberatzeko ekitaldiei laguntza teknikoa emanez.

f) Eskatzen zaizkion txosten eta irizpen guztiak egitea.

g) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

13. artikulua. Kudeaketa eta Laguntza Administratiborako Bulegoa.

Kudeaketa eta Laguntza Administratiborako Bulegoak, Justiziako Gizarte Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Justiziako Gizarte Zerbitzuaren administrazio lan orokorrak.

b) Orotariko argibideak delituen biktimendako laguntzez.

c) Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari sostengu administratiboa ematea.

d) Justiziako Gizarte Zerbitzuko datu baseak mantendu eta eguneratzea.

e) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

IV. KAPITULUA

Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren
Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Informazio Sistema Korporatiboen Zerbitzua

14. artikulua. Lurraldeko Informazio Sistemen Bulegoa.

Lurraldeko Informazio Sistemen Bulegoak, Proiektu Korporatiboen Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistemaren (SITNA) Koordinaziorako Batzordearen idazkaritza.

b) Foru Komunitateko administrazio publikoen eta, oro har, Nafarroako gizartearen esparruan informazioaren geoerreferentziazioa errazteko planak, proiektuak eta programak garatu eta haien jarraipena egitea.

c) Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistemari eta horrekin zerikusia duten azpisistemei buruzko informazio eta zabaltze programak eta ekintzak garatzea, horrela komunikazioa eta sistema horien eskualde, nazio eta nazioarte mailako ezagutza errazteko.

d) Lurraldeari buruzko informazio sistemekin lotutako proiektuak garatu eta haien jarraipena egitea, Espainian zein Europar Batasunean beste instituzio eta erakunde batzuek bultzatutako programetan.

e) Lankidetza eta jarduketa lerroak garatu eta haien jarraipena egitea, lurraldeari buruzko informazio sistemekin lotutako eragile publiko eta pribatuen aurrean, Nafarroan Foru Komunitatean hori garatzeko beharrezko baldintzak lortzeko.

f) Indarra duten xedapenek esleitutako gainerako eginkizunak.

g) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

15. artikulua. Zuzendaritzarako Informazio Sistemen Bulegoa.

Zuzendaritzarako Informazio Sistemen Bulegoak, Proiektu Korporatiboen Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan erabakiak hartzeari loturiko datuak ikusi eta informazioa lortzeko sistemak eta programak ezarri eta haien jarraipena eta kontrola egiteko lanak kudeatu eta egitea.

b) Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan erabakiak hartzeari loturiko datuak ikusi eta informazioa lortzeko sistemen eta programen zerbitzu maila garatu eta horren jarraipena egitea.

c) Foru Administrazioko departamentuekin eta erakunde autonomoekin eta Zuzendaritza Nagusiko gainerako unitateekin harremana eta koordinazioa izatea, zuzendaritzarako informazio sistemen euskarri diren datuak identifikatu, atera eta mantentzeko.

d) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

2. ATALA

Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzua

16. artikulua. Sistemen Bulegoa.

Sistemen Bulegoak, Azpiegitura Teknologikoen Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan erabilitako informazio sistemen euskarri diren azpiegitura teknologikoen zerbitzu maila ezarri eta garatzeko lanak zuzendu, haien jarraipena egin eta, behar izatera, horiek gauzatzea (ordenagailu zentrala, zerbitzu orokorretako eta departamentuetako zerbitzariak, lan-estazioak, etab).

b) Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan erabilitako informazio sistemen euskarri diren azpiegitura teknologikoen oinarrizko softwarearen administrazio teknikoko lanak zuzendu eta jarraipena egitea eta, behar izatera, horiek gauzatzea (sistema eragileak, datu baseak, teleprozesu monitorea, etab).

c) Lehen mailako euskarriaren eskalatzea dela-eta gertatzen diren gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa ematea.

d) Zuzendaritza Nagusiak kudeatu eta mantentzen dituen sistema korporatiboetako eta transakzio sistemetako informazioaren segurtasun eta biltegiratze arauak garatu eta haien jarraipena egitea.

e) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

17. artikulua. Ekoizpen Bulegoa.

Ekoizpen Bulegoak, Ekoizpen Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Informazio sistema nagusien erabiltzaileekiko harremana zuzendu, kontrolatu eta horren jarraipena egitea, euskarri digitalean edo bestelako bitartekoetan dauden datuak igorri eta jasotzeari dagokionez.

b) Informazio sistema nagusien erabiltzaileekiko harremana zuzendu, kontrolatu eta horren jarraipena egitea, erabiltzaileek eskatutako prozesuak egiteari dagokionez.

c) Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen parke mikroinformatikoaren mantentzea kontrolatu eta horren jarraipena egitea.

d) Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen parke mikroinformatikoaren inbentarioa mantendu eta horren jarraipena egitea.

e) Ekipamendu mikroinformatikoaren eta azken erabiltzaileko software oinarrizkoaren hornidura eta instalaziorako espedienteak kudeatzea.

f) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

3. ATALA

Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzua

18. artikulua. Erietxeentzako Laguntza Informatikoaren Bulegoa.

Erietxeentzako Laguntza Informatikoaren Bulegoak, Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Osasun Zerbitzuan erabilitako informazio sistemen euskarri diren azpiegitura teknologikoen zerbitzu maila garatu eta horren jarraipena egitea (departamentuetako zerbitzariak, lan-estazioak, oinarrizko softwarea, etab).

b) Lehen mailako euskarriaren eskalatzea dela-eta gertatzen diren gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa ematea Nafarroako Osasun Zerbitzuan.

c) Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak kudeatu eta mantentzen dituen sistema korporatiboetako eta transakzio sistemetako informazioaren segurtasun eta biltegiratze arauak garatu eta haien jarraipena egitea.

d) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

V. KAPITULUA

Idazkaritza Tekniko Nagusia

19. artikulua. Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoa.

Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoak, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Lehendakaritzako Zuzendaritza Nagusiaren, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiaren diru-sarreren eta gastuen espedienteak kontrolatzea, jarraipena egitea eta kontabilizatzea.

b) Kutxako aurrerakinen eta justifikatu beharreko ordain-aginduen kontuak koordinatzea, jarraipena egitea eta kontrolatzea.

c) Lehendakaritzako Zuzendaritza Nagusiari, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari eta Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiari esleitutako aurrekontuaren exekuzioa kontrolatzen laguntzea.

d) Kontabilitateko dokumentazioa artxibatu, gorde eta kontrolatzea.

e) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

20. artikulua. Barne Zuzendaritza Nagusiko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoa.

Barne Zuzendaritza Nagusiko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoak, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Barne Zuzendaritza Nagusiko diru-sarrera eta gastuen espedienteen kontrola, jarraipena eta kontabilizazioa.

b) Kutxako aurrerakinen eta justifikatu beharreko ordain-aginduen kontuak koordinatzea, jarraipena egitea eta kontrolatzea.

c) Barne Zuzendaritza Nagusiari esleitutako aurrekontuaren exekuzioa kontrolatzen laguntzea.

d) Kontabilitateari buruzko informazioa artxibatu eta kontrolatzea.

e) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

21. artikulua. Justizia Zuzendaritza Nagusiko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoa.

Justizia Zuzendaritza Nagusiko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoak, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Justizia Zuzendaritza Nagusiko diru-sarrera eta gastuen espedienteen kontrola, jarraipena eta kontabilizazioa.

b) Kutxako aurrerakinen eta justifikatu beharreko ordain-aginduen kontuak koordinatzea, jarraipena egitea eta kontrolatzea.

c) Herritarrek Justizia Zuzendaritza Nagusiarekin izaten dituzten harremanak ukitzen dituen diruzaintzaren kudeaketa.

d) Justizia Zuzendaritza Nagusiari esleitutako aurrekontuaren exekuzioa kontrolatzen laguntzea.

e) Kontabilitateari buruzko informazioa artxibatu eta kontrolatzea.

f) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

22. artikulua. Gai Administratiboen eta Langileriaren Kudeaketa Bulegoa.

Gai Administratiboen eta Langileariaren Kudeaketa Bulegoak, Barne Araubideko Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Idazkaritza Tekniko Nagusian tramitatzen diren espedienteak artxibatu eta kontrolatzea eta horien jarraipena egitea.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Idazkaritza Tekniko Nagusiak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuaren 6. artikuluan aurreikusitako eginkizunetan laguntza administratiboa ematea.

c) Departamentuari atxikitako langileen arloko gaiak tramitatzea, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat. Dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organo batzuetako langileriaren arloko eskudantziak zehazten ditu.

d) Araubide Juridikoaren Atalari eta Barne Araubideko Atalari laguntza administratiboa ematea.

e) Nafarroako Jauregiko zerbitzu osagarriekin zerikusia duten lan guztietan laguntzea.

f) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

23. artikulua. Araubide Administratiboaren Bulegoa.

Araubide Administratiboaren Bulegoak, Laguntza Administratiboaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiaren kontrataziorako espediente guztien tramitazioaren, artxibatzearen eta kontrolaren jarraipena egitea; horietatik kanpo gelditzen dira beste unitate organiko batzuek tramitatu behar dituztenak.

b) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

VI. KAPITULUA

Nafarroako Administrazio Auzitegia

24. artikulua. Erregistro eta Izapide Bulegoa.

Erregistro eta Izapide Bulegoak, Nafarroako Administrazio Auzitegiko Idazkaritzari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Auzitegiko Idazkaritzan aurkeztutako dokumentuak erregistratzea.

b) Espedienteak ireki eta erregistratzea.

c) Aurkeztutako dokumentazioa aztertu, sailkatu eta banatzea.

d) Auzitegiko gainerako lantokietatik telefonoz nahiz beste edozein bidez eskatutako argibideak ematea.

e) Ematen diren probidentziak transkribatu eta jakinaraztea.

f) Hartu izanaren agiriak jaso eta epeen konputua kontrolatzea.

g) Harremanak beste erakunde batzuekin.

h) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

25. artikulua. Ebazpenen eta Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioarekiko Harremanen Bulegoa.

Ebazpenen eta Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioarekiko Harremanen Bulegoak, Nafarroako Administrazio Auzitegiko Idazkaritzari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Auzitegiak emandako ebazpenak transkribatu eta jakinaraztea.

b) Ebazpenen jakinarazpenak hartu izanaren agiriak jaso eta kontrolatzea.

c) Administrazioarekiko auzien organo jurisdikzionalei bidali beharreko espedienteak prestatzea.

d) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoen kasuan, interesdunei bertaratzeko probidentziak jakinaraztea.

e) Nafarroako Administrazio Auzitegiko artxiboa kudeatzea.

f) Auzitegiaren kudeaketa ekonomikoari dagozkion kontabilitateko dokumentuak prestatzea.

g) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Xedapen gehigarri bakarra.-Izendapenak.

Foru agindu honetan ezarritako egituraren arabera izen berari eusten dioten bulegoetako buruen izendapenak berresten dira, haiek egin zireneko baldintza beretan. Halaber, lehengo baldintza berberetan berresten dira honako hauek: Langileriaren Kudeaketarako Bulegoko buruaren izendapena, hemendik aurrera Gai Administratiboen eta Langileriaren Kudeaketa Bulegoko burua izanen dena, eta Lehendakaritzaren eta Funtzio Publikoaren zuzendaritza nagusietako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoko buruaren izendapena, hemendik aurrera Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoko burua izanen dena.

Bigarren xedapen gehigarria.-Bulegoak kentzea.

Bulego hauek kendu dira: Erakunde Harremanen eta Kudeaketa Administratiboaren Bulegoa, Lehendakaritzako Zuzendaritza Nagusiaren mendekoa, eta Zerbitzu Teknikoen eta Ibilgailu Parkearen Kudeaketa Bulegoa, Barne Zuzendaritza Nagusiaren mendekoa.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Indargabetu egin dira foru agindu honetan ezarritakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta zehazki:

-78/2005 Foru Agindua, uztailaren 29koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena bulegoen mailan.

-75/2006 Foru Agindua, martxoaren 16koa, eta 75/2007 Foru Agindua, otsailaren 16koa, biak Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emanak, aipatu den 78/2005 Foru Agindua aldatzen dutenak.

Azken xedepen bakarra.-Indar hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko apirilaren 26an.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1007448