53. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

88/2010 FORU AGINDUA, martxoaren 24koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean adingabeen babesaren esparruan aritzen diren entitateentzako 2010. urteko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak bere jarduketa programen artean "Oinarrizko laguntzako haur eta familientzako laguntza" izeneko programa du.

Irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari esleitu zitzaizkion, beste eginkizun batzuen artean, Nafarroako Foru Komunitateko familiarentzako eta adingabeentzako programen sustapena, koordinazioa, kudeaketa eta segimendua.

Bestalde, irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluaren bidez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren aurrekontuen kargura emanen diren diru-laguntzen deialdiak egiteko eskumena Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari esleitu zitzaion.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean adingabeen babesaren esparruan aritzen diren entitateentzako 2010. urteko diru-laguntzen deialdia onestea, foru agindu honen eranskinean azaltzen diren oinarrien arabera.

2. 115.954 euroko gastua baimentzea, 2010eko gastuen aurrekontuko "PFEZaren %0,7ko funtsa, Lanbide hastapeneko programa eta diru-laguntzen deialdia " izeneko 950002 92300 4819 231700 kontu-sailaren kargura.

3. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalari, eta Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Haur eta Nerabeentzako Sustapen, Laguntza eta Babesaren Zerbitzuari eta Familiaren, Adingabeak Babesteko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko martxoaren 24an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.-Xedea eta aplikazio eremua.

Deialdi honek xedea du 2010eko diru-laguntzak esleitzeko araubidea ezartzea, Nafarroako Foru Komunitateko adingabeen babesaren esparruan aritzen diren irabazi asmorik gabeko entitateen funtzionamendurako eta jardueren sustapenerako.

Diru-laguntza horien bidez, adingabeen babesgabetasun arriskuaren prebentzioaren arloan aritzen diren elkarteek eta gainerako entitateek talde horien premiei erantzuteko ekintzak egin ditzatela bultzatu nahi da.

2.-Diruz laguntzen ahal diren ekintzak.

Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak diruz lagunduko ditu babesgabetasun arrisku arina/moderatua duten adingabeentzako gizarte eta hezkuntzako esku-hartzeak eta esku-hartze terapeutikoak; zehazki, egoera horietan dauden adingabeen bizi baldintzak hobetzeko programak, lehen, bigarren eta hirugarren mailako prebentzio programak ezarriz.

2. Haurren eta Nerabeen Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko 15/2005 Foru Legearen arabera, babesik gabeko egoeran ez dauden haur edo nerabeentzako programak edo ekintzak ez dira diruz lagunduko.

3.-Diru-laguntzaren zenbatekoa eta laguntza-metaketa.

1. Diru-laguntza 36.000 euroa izanen da gehienez urtean.

2. Eskatutako kopurua ere 36.000 eurokoa izanen da gehienez urtean.

3. Diru-laguntzak emateko ezinbestekoa izanen da aurrekontuan horretarako diru nahikoa egotea.

4. Aurkezten diren entitateek programa baterako soilik jasotzen ahalko dute diru-laguntza.

5. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

4.-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Diruz laguntzen ahal diren gastuak diru-laguntzaren xedeko jarduera garatzeko beharrezkoak direnak izanen dira.

2. Diru-laguntza jasotzen duten entitateek langileria gastuetarako, jardueren garapenerako eta funtzionamendurako erabiliko dute. Funtzionamendu gastuek ez dute diru-laguntzaren %30a gaindituko.

5.-Betebeharrak.

1. Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak jaso ahal izateko, entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta bidezkoak diren erregistroetan inskribatuta egotea:

-Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mendeko Elkarteen Erregistroa.

-Entitatearen izaera juridikoagatik dagozkion beste erregistro batzuk.

b) Sozietatearen helbidea Nafarroako Foru Komunitatean edukitzea. Hori oinarri honen a) atalean aipatzen den erregistroko inskripzioaren bidez frogatuko da.

c) Irabazi-asmorik ez izatea.

d) Erakundearen xedea babesgabetasun arriskuan dauden adingabeentzako jarduerak prestatzea dela espresuki agertzea estatutuetan.

e) Xedeak lortzeko egitura egokia eta langile eta baliabide nahikoak izatea eta proposatutako helburuak lortzeko behar den esperientzia eta esku hartzeko gaitasuna frogatzea.

f) Funts berekietatik eta/edo beste diru-laguntza publiko edo pribatu batzuetatik heldu den finantziazioa izatea.

g) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortu dela frogatzea.

h) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

2. Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diruz lagundutako jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.

6.-Programa egiteko epea.

Diruz lagundutako programak urte batean burutu behar dira. Edozein egunetan hasten direla ere, diruz lagundutako jarduerek 2010eko abenduaren 31rako bukatuta egon behar dute.

7.-Eskabideak non eta noiz aurkeztu.

Eskabideak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira Nafarroako Mendekotasun Agentziaren Erregistroan (González Tablas kalea, 7, 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aipatzen diren tokietan batean.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen.

8.-Agiriak.

Eskaera egiteko eskabide orokorra aurkeztu behar da, entitatea legez ordezkatzeko ahalmen nahikoa duen pertsona batek sinatua, honako agiri hauekin batera:

a) Entitate eskatzaileari buruzko agiri orokorrak:

-Elkarte edo entitatearen estatutuak.

-Entitatearen helbide sozialaren ziurtagiria.

-Diru-laguntzaren eskabidea sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

-Kasuan kasuko inskripzioak bidezko diren erregistroetan egin direla frogatzen duten agiriak.

-Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mendeko Elkarteen Erregistroa.

-Entitatearen izaera juridikoagatik, dagokion beste edozein inskripzio.

-Identifikazio fiskaleko txartela.

-Hala behar izanez gero, eta deialdi honen 12. oinarrian ezarritakoari dagokionez, diru-laguntzaren helburuak betetzeko diru-funtsak aurretiaz behar direla frogatzeko txostena. Berariaz frogatu beharko da entitateak ordainketak egin behar dituela diruz lagundutako jarduera justifikatu baino lehen, edo ez duela ordainketa horiei aurre egiteko funtsik.

-Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

-Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

-Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, Gizarte Segurantzako eta Nafarroako Zerga Ogasuneko zerga arloko betebeharrak eguneratuak dituela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak dituela dioena.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9.4 artikuluan xedaturikoarekin bat, ez da beharrezkoa izanen eskatutako agiriak aurkeztea, baldin eta Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo dagoeneko haren esku dauden datuak badira, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsak aurretiaz behar direla justifikatzeko txostena izan ezik. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat egin daiteke, inguruabar hori azaltzeko.

b) Diru-laguntza eskaeraren xede den programaren gaineko memoria teknikoa, honen deskribapena eta ondoko datu hauek zehazturik:

-Helburuak.

-Zein giza-talderi zuzentzen zaizkion ekintzak.

-Eginen diren jarduerak eta haien metodologia.

-Laguntza emanen zaien pertsonen kopuruaren kalkulua, eta ekintzen bidez lortu nahi diren emaitzen aipamena.

-Ekintza horretara bideratuko diren giza baliabideak.

-Lan egutegia. Ekintzak diru-laguntza eskatzen den urte berean egin beharko dira.

-Ebaluazio sistema.

-Eta programa baloratzeko interesgarriak izan daitezkeen gainerako gorabehera guztiak.

c) Agiri ekonomikoak:

-Entitateak kasuan kasuko urterako duen programaren, diru-sarreren eta gastuen aurrekontu orokorra.

-Programa garatzeko eskatzen den zenbateko zehatza, gehienez ere 36.000 euro.

Bai programarako aurreikusi diren gastuen aurrekontu osoa bai eskatzen den zenbateko zehatza kontzeptuen arabera zehaztu beharko dira (langileak, programa garatzeko jarduerak eta funtzionamendu gastuak).

-Hala denean, programa osoa finantzatzeko dauden beste baliabide batzuk.

9.-Antolamendua eta instrukzioa.

1. Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak Adingabeak Babesteko Atalari esleitu zaizkio. Oinarri hauetan instrukzio organoari egindako aipamenak atal horri egindakotzat hartuko dira.

Instrukzio organoak administrazio publikoko teknikari (arlo juridikoa) baten laguntza izanen du.

2. Eskaerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio 15 egun naturaleko epean okerra zuzendu dezala, eta hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

3. Ez da diru-laguntza eskaerarik tramitatuko memoria teknikoa eta ekonomikoa erantsi ez baditu eta, hala badagokio, aurreko urteko diru-laguntzaren ondoriozko fakturak aurkeztu ez badira.

4. Eskaeren balorazioa Batzorde Tekniko batek eginen du. Honako hauek osatuko dute batzorde hori: Haur eta Nerabeentzako Sustapen, Laguntza eta Babesaren Zerbitzuko zuzendariak, Adingabeak Babesteko Ataleko buruak eta atal horretako Arazo Sozialak dituzten Adingabeei Laguntza Emateko Bulegoko buruak.

5. Programak baloratu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari.

10.-Balorazioa.

1. Entitate eskatzaileek aurkeztutako programak baloratzeko honako irizpide hauek erabiliko dira:

a) Entitate eskatzaileen balorazioa: 15 puntu gehienez, honela banaturik:

-Entitatearen helburuak, 5 puntu gehienez.

-Adingabeen babesgabetasun arriskuaren prebentzioan aldez aurretik izandako esperientzia, 5 puntu gehienez.

-Herri, probintzia edo bestelako mailetan hezkuntzaren, gizartearen eta osasunaren esparruetako beste entitate eta elkarte batzuekin lankidetza eta koordinazioa izatea, 5 puntu gehienez.

b) Programen balorazioa, 45 puntu gehienez, 8. oinarriaren b) letran eskatutako edukia kontuan hartuta. Zehazki:

-Programaren kalitatea, 35 puntu gehienez.

-Aurreko urteetan egindako programen eraginkortasuna, 10 puntu gehienez.

c) Baloratu beharreko beste alderdi batzuk: 40 puntu gehienez.

-Aurreko ekitaldietan abiarazitako programa edo jardueren jarraipena bultzatzea, interes publikoko arrazoiak direla eta, 15 puntu gehienez.

-Oinarrizko zerbitzu komunitarioek egindako beste programa batzuen osagarri izatea eta haiekin koordinatzea, 5 puntu gehienez.

-Gizarteak dituen beharrei erantzutea, 5 puntu gehienez.

-Proiektu berritzaileak izatea, 15 puntu gehienez.

2. Ondoko entitate hauek deialditik at geldituko dira:

a) Oinarri honen lehen ataleko a) letran aurreikusitako balorazioan 8 puntu baino gutxiago lortzen duten entitateak.

b) 8. oinarriaren b) letran eskatutako edukiarekin bat ez datorren programa aurkezten dutenak.

c) Oinarri honen lehen ataleko b) letran aurreikusitako programen balorazioan 25 puntu baino gutxiago lortzen dutenak.

d) Oinarri honen lehen ataleko b) letran aurreikusitako programaren kalitatearen balorazioan 20 puntu baino gutxiago lortzen dutenak.

e) Oinarri honen lehen ataleko c) letran aurreikusitako alderdien balorazioan 20 puntu baino gutxiago lortzen dutenak.

f) Deialdiaren guztirako balorazioan 50 puntu baino gutxiago lortzen dutenak.

3. Onartu diren entitateen zerrenda eginen da, puntuazioaren araberakoa, eta bakoitzari eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa ezarriko da.

4. Diru-laguntzaren zenbatekoa ondoko puntuazio hauen arabera finkatuko da:

a) 86 puntu edo gehiago: eskatutako zenbatekoaren %100.

b) 70 puntutik 85 puntura: eskatutako zenbatekoaren %90.

c) 60 puntutik 69 puntura: eskatutako zenbatekoaren %75.

d) 50 puntutik 59 puntura: eskatutako zenbatekoaren %50.

5. Diru-laguntzak emateko, ezarritako balorazio irizpideak aplikatzeak dakarren lehentasun ordenari jarraituko zaio, erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

6. Aurrekontuan diru erabilgarri aski ez badago, banaketa proportzionala edo hainbanaketa eginen da entitate onuraradun guztien artean.

11.-Ebazpena.

1. Prozedura instruitu eta ebazpen proposamena igorri ondoren, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du.

2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, ebazpen espresurik eman eta jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

3. Ebazpenean, gutxienez, diru-laguntza jasotzen duten eskatzaileen zerrenda eta bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbatekoa jaso beharko dira, eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaion ezetz, halakorik baldin bada.

12.-Ordainketa.

1. Programa burutu dela frogatzen denean ordainduko da, oro har, diru-laguntza.

2. Dena dela, diru-laguntzaren %25 ordaintzen ahalko da, aurrerakin gisa, diru-laguntza emateko ebazpenarekin batera. Gainerakoa, gastu onargarri gisa aurkeztu eta onartzen den justifikazioaren arabera ordainduko da. Entitateak aurrerakin gisa izan dezakeen diru kopurua ez da inoiz %25etik gorakoa izanen.

3. Aurreko atalean aurreikusitakoaren arabera, diru-laguntza aldez aurretik ordaintzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Entitateak frogatu beharko du diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela. Horretarako, eskabidearekin aurkeztu beharreko beste agiriekin batera, behar hori frogatzen duen txostena aurkeztuko du entitateak.

b) Beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren berariazko baimena, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

13.-Jarraipena eta kontrola.

Instrukzio organoak gauzatzen diren jarduketen jarraipena, ebaluazioa eta kontrola eginen du, eta haien kalitateaz eta eraginkortasunaz arduratuko da. Horretarako, jarraipen eta kontrolerako beste jarduketa batzuk galarazi gabe, entitate onuradunak urtero memoria tekniko bat aurkeztu beharko du, egindako jarduerei buruzkoa.

14.-Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza zein programa eta jardueratarako ematen den, horiek deialdiaren oinarrien arabera gauzatzea, ez baita zilegi diru hori beste helburu batzuetarako erabiltzea.

b) Jarduera egin dela eta diru-laguntza emateko edo erabiltzeko baldintza guztiak bete direla justifikatzea, jarduera bukatu eta hilabeteko epean, eta betiere 2011ko urtarrilaren 8a baino lehen, 2010eko abenduaren 31rako bukatu diren jarduerak badira.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen ordenamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

d) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako bestelako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Hori jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Entitatearen izaera dela-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

g) Froga gisa, entitateak programaren diru-sarreren eta gastuen balantzea aurkeztuko du eta, harekin batera, diruz lagundutako programari aplikatutako gastuen zerrenda bat, non zehaztuko baitira dokumentu zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, hartzailea, jaulkipen-data eta ordainketaren data eta zenbatekoa.

Zerrenda horrek frogagirien bermea beharko du (fakturak edo antzeko froga-balioa duten dokumentuak); jatorrizkoak izan beharko dute, eta fotokopia bat erantsita aurkeztuko dira. Frogagiri guztietan (fakturak, banku-laburpenak, ordainagiriak, etab.) honako hauek agertuko dira: jaulkitzailea, hartzailea, data, kontzeptua, prezioa eta ordainketa-modua; eta ordainketa frogatzen duen dokumentua erantsita eduki behar dute.

h) Memoria teknikoa aurkeztea. Bertan, gutxienez, honako datu hauek bilduko dira:

-Entitatearen eta programaren identifikazioa.

-Lortutako helburuak.

-Parte hartu edo onura lortu duen giza taldea.

-Egindako jardueren azalpen laburra, edukiak, metodologia, bilakaera denboran eta beste erakundeekin izandako koordinazioa jasoz.

-Proiektua gauzatzean izandako zailtasunak.

-Proiektuaren balorazioa, ebaluaziorako ezarri ziren irizpideen araberakoa.

i) Prestatu beharreko programan Nafarroako Gobernuko Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiaren diru-laguntza aipatzea eta hori azaltzea urteko memoriaren azalpenean, erabiltzen diren materialetan, kartel edo paneletan, bai eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak bidezkotzat jotzen dituen beste edozein baliabidetan ere.

Halaber, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak emandako diru-laguntzen zerrenda jarriko du Nafarroako Atariaren web orrian, diru-laguntzaren entitate hartzailea, zenbatekoa eta helburua adierazita.

j) Proiektua egiteko hornitzaileen kontrataziorako 12.000 euro baino gehiago behar baldin badira, diru-laguntzaren onuradunak behar den bezala frogatu beharko du hornitzailea eragimenaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Horretarako, entitateak aski izanen du proiektua egiteko hiru aurrekontu aurkeztea, horretarako bidea baldin badago.

k) Diruz lagundutako jardueraren parte bat egiteko hirugarrenekin azpikontratazioa egin behar izanez gero, azpikontratazio horrek ez du emandako diruaren %25 baino gehiago hartuko.

15.-Laguntza itzultzea.

1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeak diru-laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko du berarekin, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutza korrituak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu ezertan galaraziko aipatu 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

2. Aurrekoa gorabehera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diru guztia itzularaztea, honako kasu hauetan:

a) Diru-laguntza jasotzeko programaren oinarrian zeuden ekintzak ez gauzatzea.

b) Diru-laguntzak zuen xedea edo hura emateko ezarritako baldintzak ez betetzea.

c) Laguntza eskuratzea eskatzen ziren baldintzak bete gabe.

3. Orobat, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diruaren %50 itzularaztea diru-laguntzaren xedea aldatzen baldin bada Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak baimena eman gabe edo zuzendaritza horrek aldaketak bidegabetzat jotzen baldin baditu.

Ildo horretan, entitate onuradunek diru-laguntza eman eta haren zenbatekoa finkatzeko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari.

Bestalde, salbuespen gisa, entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, haren garapena eragozten duten gorabeherak azalduz gero.

4. Gainera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diruaren %25 itzularaztea, honako kasu hauetan:

a) Ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzea laguntzak zertan erabili diren.

b) Organo eskudunari egiaztapen lanetan oztopoak jartzea edo uko egitea.

16.-Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Foru agindu honetako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako ematen diren bestelako diru-laguntzekin, betiere haien zenbatekoa, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin baturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa ez bada.

Beste laguntza edo diru-sarrera batzuk lortzearen ondorioz diruz lagundutako proiektuaren edo programaren zenbatekoa gainditzen bada, Nafarroako Foru Administrazioari itzuli beharko zaio gehiezkoa".

17.-Errekurtsoak.

1. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurtsoaren xede den ekintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Legean adierazitakoari jarraikiz.

2. Foru agindu hau aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean adierazitakoari jarraikiz.

18.-Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan aurreikusirik ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1005478