44. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Udal ordenantza, Tuteran enpresa berriak sortzeko diru-laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2010eko urtarrilaren 29an egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea Tuteran (Nafarroa) enpresa berriak sortzeko diru-laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Erabaki hori 2010eko 24. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 22an, eta handik goiti iragan da jendaurrean egoteko hogeita hamar eguneko epea, inork aurkeztu gabe erreklamazio, kexa edo oharrik haren kontra. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluekin bat eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 49.c) artikulua aldatzen duen apirilaren 21eko 11/1999 Legeari jarraikiz, behin-behinekoz onesteko erabakia behin betikoa bilakatu da, eta beraz Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratuko da Tuteran (Nafarroa) enpresa berriak sortzeko diru-laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Ireki da 2010eko eskaerak aurkezteko epea, deialdia Nafarroako Aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunean hasiko baita, eta sei hilabete iraunen, hau da, hura indarrean dagoen bitartean.

Tuteran, 2010eko martxoaren 22an.-Alkate udalburua, Luis Casado Oliver.

UDAL ORDENANTZA, ENPRESA BERRIAK SORTZEKO
LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

1.-Zioen azalpena:

Tuterako Udalak, Industria eta Enplegu Alorraren bitartez, enpresa ekimena sustatu eta enplegua nahiz autoenplegua bultzatu eta babestu nahi ditu. Ondoko ordenantzaren xedea da enpresen sorrera sustatzea, Tuteran kokatzen direnendako laguntzak emanez.

2.-Xedea:

Deialdi honen xedea da diru-laguntzak ematea, Tuteran jarduera ekonomiko berriak sortzeko.

Tuterako udalerrian jarduera ekonomiko berriak eratzen dituztenak izan daitezke onuradun. Horri dagokionez, JEZeko alta eguna izanen da jardueraren hasierako eguna.

Lehengo enpresa baten izena edo era juridikoa aldatuz sortutako enpresak baztertu eginen dira. Diru-laguntza ukatzeko arrazoia izanen da, halaber, deialdi honen aurreko bi urteen barnean jarduera berdina edo antzekoa norberaren kontura egin izana.

3.-Zenbatekoa:

Deialdia urtero eginen da eta ekitaldi honetarako gehieneko diru-kopuru bat izanen da aurrekontuan, kontu-sail honetan: 47001 7211 "Berritik sortzen diren enpresendako diru-laguntzak".

Pertsona fisikoei eta nortasun juridikorik gabeko sozietate irregularrei eta pertsona juridikoei 50.000 euro emanen zaizkie gehienez.

4.-Onuradunen betebeharrak:

Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Foru Lege Orokorraren 14.1 artikuluan ezarritako eginbeharrak bete beharko dituzte; garrantzitsuena, diru-laguntzari bidea eman zion jarduera egitea, aipatu den bezala. Gainerako betebeharrak honako hauek dira:

a) Diru-laguntza jasotzeko behar den portaera izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

b) Organo emailearen aurrean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta diru-laguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.

c) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea, informazio hori udal artxiboetan ez dagoenean. Ildo berean, proiektuari 18 hilabetez eutsi behar zaio, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergako hasierako altatik aurrera, eta bestela litekeena da diru-laguntza aldatu edo itzuli behar izatea, baldin eta jardueraren itxiera ezinbestekoa ez bada.

d) Lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak eta zerga-betebeharrak eguneratuak dituztela frogatzea (eta nahitaezko mutualitateekiko betebeharrak, aplikagarriak izanez gero). Tuterako Udalarekiko zerga-betebeharrak eguneratuak daudela frogatzea ofizioz eginen da.

f) Egiaztatze eta kontrol ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzearren, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako dokumentuak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatzen zaion merkataritzako eta sektoreko legeetan agindutako moduan; halaber, deialdietan eta ebazpenetan eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

h) Behar adinako publizitatea egitea, diru-laguntza jasotzen duten programa, jarduera, inbertsio edo edozein motatako jarduketak Tuterako Udalak finantzatzen dituela adierazteko.

5.-Diru-laguntza eskatzeko beharkizunak eta haien frogabideak:

Baldintza orokor hauek betetzen dituzten pertsona fisiko, sozietate irregular eta pertsona juridikoek eskatzen ahal dute diru-laguntza:

a) Helbide fiskala eta negozioa Tuterako udal mugapean kokatzea.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

c) Urteko deialdia argitaratu aitzineko eta ondoko seihilekoan altan egotea Tuterako Udaleko JEZean.

d) Proiektuaren bideragarritasunari buruzko txostena edukitzea, bai teknikoa bai ekonomiko-finantzarioa, Tuterako Udaleko Industria eta Enplegu Alorrak ikus-onetsia. Sortutako lanpostuen kopurua agertuko da, bertzeak bertze.

6.-Diru-laguntza emateko irizpideak:

Diruz laguntzen ahal diren kostuak:

a) Enpresa bat eratzeari dagozkion gastuak: legelarien, notarioaren eta erregistratzaileen zerbitzu-sariak.

b) Lokalaren alokairuaren gastu arruntak. Salbuetsirik daude: errentatzaile eta errentariaren arteko harreman juridikoa edo ahaidetasunekoa duten alokairuak, odolkidetasunaren edo eta ezkontza-ahaidetasunaren hirugarren graduraino; edo pertsona fisiko edo juridikoren bat aldi berean denean errentatzaile eta errentari. Negozioaren egoitza ohiko etxebizitzan duten alokairuei ere ez zaie diru-laguntzarik emanen.

c) Energia, ur, berokuntza eta gisako gastuak.

d) Merkaturatzeko publizitateko gastuak: liburuxken edizioa, entitatearen promozioa, katalogoen diseinua.

e) Markaren eta merkataritzako izenen erregistroak.

f) Web baten domeinuaren erregistroa.

g) Jarduera profesionalean aritzeko dagokion elkargoan nahitaez izen emateko kuota.

h) Liburu ofizialak legeztatzeko kostuak.

i) Sustatzaile nahiz langileek enpresa jardueraren hastapenarekin ikusteko duten ikastaro, mintegi eta jardunaldietan parte hartzea.

Aitzineko gastuen %50eko diru-laguntza emanen da gehienez.

j) Lanpostuak: lanpostu bakoitzetik, diru-laguntza hau emanen da:

-Enpresaren sustatzaileaz bertzeko lanpostuengatik: 700 euro.

-Emakumeek, "egoera ahulean dauden langileek" eta "desgaitasuna duten langileek" (minusbalio gradua %33koa edo handiagoa dutenak) betetzen dituzten lanpostuengatik: 1000 euro.

"Egoera ahulean dauden langileak" dira: honela dauden guztiak:

a) Aitzineko sei hilabetean enplegu finko ordaindurik izan ez dutenak, edo,

b) Ikasketetan bigarren hezkuntzara edo goi mailako lanbide heziketara iritsi ez direnak (bigarren graduko lanbide heziketa edo batxilergoa). Alde horretatik, ulertuko da bigarren graduko edo batxilergoko titulazioa eskuratu ez duten langileei dagokiela.

c) 50 urte baino zaharragoak.

-Kontratuak aldi baterako baldin badira, zati proportzionala kalkulatuko da.

Kontzeptu hauetatik BEZa salbuetsiko da.

7.-Diru-laguntza emateko ebazpena:

Eskabideak aurkezten diren ordenan ebatzi eta tramitatuko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Tuterako Udalak deialdian ezarritako irizpideen arabera aztertuko ditu eskaerak eta haiei erantsitako dokumentazioa; horretarako, beharrezkoak iruditzen zaizkion argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.

Ebaluazioa buruturik, organo instrukzio egileak ebazpen proposamenan eginen dio organo eskudunari, eta hartan jaso behar da onuradunek diru-laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Ebazpenaren proposamena Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko zaio eta berak ebatziko du deialdia. Ebazpena gehienez ere bi hilabetean emanen da eskaeraren aurkezpenaren egunetik hasita.

8.-Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Interesdunen eskaera deialdiari erantsitako eredu normalizatuarean araberakoa (I. eranskina) izanen da, eta eskatzaileak sinatu behar du.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo lehen egun baliodunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea eta sei hilabete iraunen du, hau da, hura indarrean dagoen bitartean.

Proposamenak aurkeztuko dira Tuterako Herriko Etxeko Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan (astelehenetik ortziralera 08:00etatik 18:00etara, eta larunbatetan 09:30etik 13:30era), edo Lourdes auzoko Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan (astelehenetik ortziralera, 08:00etatik 15:00etara). Uztailetik irailera, 08:00etatik 15:00etara.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak baimendutako erregistro ofizialetako batean aurkezten bada proposamena, egintza horren berri eman beharko zaio Udalari, proposamenak aurkezteko epearen barnean, telefax bidez (Udaletxeko faxa: 948-417119) edo telegrama bidaliz Tuterako Udaleko Herritarrentzako Laguntza Zerbitzura.

Horren berri eman ezean, proposamena ez da onartuko. Dena den, aipatutako epea iragan eta hamar egun naturaleko epean proposamenik jasotzen ez bada, ez da inola ere onartuko.

9.-Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

a) Eskabidea, Tuterako Udalari zuzendua (I. eranskina).

b) Jarduera eratu duten pertsona fisikoen edo legezko ordezkarien NANak, edo, hala behar denean, enpresaren IFK.

c) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izatearen ziurtagiria.

d) Enpresak Ogasun Publikoarekiko zerga eta tributu betebeharrak eguneratuak dituela dioen ziurtagiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak luzatua.

e) Erantzukizuneko aitorpena, onuradun izateko baldintza orokorrak betetzen direla dioena (I. eranskina).

f) Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak inolako debeku kausarik ez duela dioena (I. eranskina).

g) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako diru-laguntzen zerrenda. Eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira. Deialdi honetan parte hartzeko garaian beste erakunde batzuen ebazpenaren zain dauden laguntza eskaeren berri ere eman behar da. (II. eranskina).

h) Enpresa plana aurkeztea, hartan azaldurik xedeak, ekintzak, helburuak, langile kopurua eta egoera ahulean dauden kolektiboendako enplegu sorkuntza, finantzabideak, gastu eta diru-sarreren zerrenda eta urteko aurrekontu zenbatetsia (emaitzen aurreikuspena eta kutxako aurrekontua barne) eta Tuterako udal mugapean eginen diren inbertsioen zerrenda.

i) Helbideratzeko bankuko datuen ziurtagiria (III. eranskina).

j) Egoitza-baimena, egoiliar berrien kasuan.

k) Helbide soziala.

l) TC2 eredua (enpresako langileen kopurua) edo Gizarte Segurantzako sisteman enpresaburu gisa afiliaturik ez egotearen ziurtagiria.

m) Enpresaren eraketaren eskritura.

n) Jardueraren aurrekontua, diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuak bereizita. Ordaindutako fakturak erantsi behar dira (jatorrizkoak eta fotokopiak), eskatzailearen izenean eginak eta haren NAN edo IFK ageri dutenak, eta bankuko ordainagiria, ordaindu direla frogatzeko. Agiri horiek diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko erabiliko dira (IV. eranskina). Egiaztagiriak, fakturak, ordainagiriak eta are nominak, zergak eta Gizarte Segurantzako kuotak, kronologikoki ordenatuak IV. eranskinaren arabera.

Langileen gastuei dagozkien soldata kostuak frogatutzat eman daitezen, lan kontratuaren, hartzaileak sinaturiko nomina ordainduen edo bankuko abonu-agirien kopiak erantsi beharko dira, bai eta Gizarte Segurantzarako kotizazioen agiriak ere. Eta behar denetan, desgaitasuna dutenen frogagiriak, erakunde eskudunek luzatuak.

Onuradunak ezin badu behar bezala justifikatu diru-laguntzaren zenbateko osoa, ardura duen zerbitzuak diru-laguntzaren zenbatekoaren murrizketa tramitatuko du, ofizioz; hain zuzen ere, emandako zenbatekotik justifikatutako zenbatekora dagoen tartea murriztuko da, proportzionaltasun irizpideei jarraituz. Halaber, burututako proiektuaren gastu osoa eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontukoa baino gutxiago bada, horren heinean eginen da murrizketa.

Ordainduta dauden fakturak aurkeztu behar dira diru-laguntzarako. Epeka zatitutako fakturak badira, ezarritako epeen barneko data duten gastuetarako emanen da diru-laguntza.

Ez da pro forma fakturarik edo antzekorik onartuko. Jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztu behar dira, Tuterako Udaleko Herritarrentzako Laguntza Zerbitzuetan behar bezala konpultsatzeko.

Eskatzen diren agiri guztiak jatorrizkoak edo Udaleko erregistroetan nahiz notarioaren aurrean konpultsaturiko fotokopiak izanen dira.

Tuterako Udalak ofizioz egiaztatuko du eskatzaileak eguneratuak dituela Udalarekiko zerga betebeharrak eta JEZean alta emanda dagoela behar den deialdiaren aitzineko eta ondoko sei hilabetean.

10.-Eskabideen akatsak zuzentzea.

Ordenantza honetan azaltzen diren dokumentu eta frogagirietako bat aurkezten ez bada, espedientea tramitatzen ari den organoak interesdunari jakinaraziko dio hamar egun naturaleko epea duela agiri horiek aurkezteko eta hori egin ezean eskabidea tramitatzeko eskubidea galduko duela eta bertzerik gabe eskaera artxibatu eginen zaiola.

11.-Ebazteko eta jakinarazteko epea.

Ebazpena ebatzi eta jakinarazteko epea bi hilabete izanen da behar den eskaera aurkezten denetik aitzina. Tuterako Udalaren Gobernu Batzarrari dagokio aurkezturiko eskaeren gaineko ebazpena ematea.

12.-Jakinarazteko edo argitaratzeko bidea.

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei.

Tuterako Udalaren web orrian argitaratuko da diru-laguntza emateko ebazpenaren eduki osoa. Orobat, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, hiru hilabetetik behin, emandako diru-laguntzen laburpena.

13.-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Diru-laguntza jasotzen ahalko dute diruz laguntzen den jardueraren ezaugarriekin bat datozen gastuak. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Benetan egindako gastutzat joko da deialdi honetan ezartzen den justifikazio epea bukatu baino lehen ordaindu dena.

Ondokoak ez dira inola ere izanen diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

a) Banku kontuetako korritu zordunak.

b) Korritu, errekargu eta zehapen administratibo eta penalak.

c) Prozedura judizialetako gastuak.

d) Tokiko zergak, legean aurreikusi gabeko salbuespen fiskalak, konpentsazioak edo toki ogasunarekiko zor murrizketak diren heinean.

14.-Diru-laguntzen bateragarritasuna eta "de minimis" laguntzen izaera.

Deialdi honetako diru-laguntzen xede diren jarduerak bateragarriak dira edozein administrazio, entitate edo pertsonak xede berarekin emandako beste diru-laguntza batzuk hartzearekin, baina jasotako diru-laguntzen zenbatekoa, guztira, ez da inoiz izanen diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

Deialdi honetako diru-laguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

15.-Laguntzak deuseztatzea, arau-hausteak eta zehapenak.

Diru-laguntzen onuradunak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean arau-hauste administratiboei buruz ezarritako erantzukizunen eta zehapen araubidearen mende egonen dira.

Deialdi honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, datuak ezkutatzen badira, datu faltsuak edo desitxuratuak ematen badira, edo laguntzak emateko erabakigarriak diren egitate eta inguruabarrak egiaztatzeko lanak oztopatuz gero, emandako onurak deuseztatuko dira, eta gainera:

a) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan itzuli beharko da jasotako dirua, baita eskatu ere legezko korritua gehi %25, diru-laguntza ordaindu edo kontura eman zenetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den eguna arte.

b) Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira eta, beraz, premiamenduzko administrazio prozeduraren bidez eskatzen ahalko dira.

c) Lau urte iraganda preskribatuko da itzulketa aitortu eta likidatzeko Administrazioak duen eskubidea.

d) Itzulketa eskatzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

Ez-betetze kasuetan, behar den espedientea tramitatuko da, kontraesanaren eta frogaren printzipioen araberakoa, eta interesdunari entzunaldia emanen zaio, egoki juzgatzen dituen alegazioak egin eta frogak aurkez ditzan. Udalaren Gobernu Batzarra izanen da diru-laguntzak bertan behera utzi edo deuseztatzeko organo eskudun bakarra. Oinarri hauetan biltzen ez den orotan, indarra duen legerian xedatuak aginduko du.

16.-Ordaintzeko modua.

Onuradunak diru-laguntza justifikatu eta gero ordainduko da, aldez aurretik itzulketaren bidezkotasunari buruzko ebazpena emanda. Behar bezala justifikatzen ez bada edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean aurreikusten diren inguruabarretako bat gertatzen bada, diru-laguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da.

17.-Jardueraren finantzaketa publikoaren publizitatea.

Diru-laguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera diru-laguntzaren xede diren programa, jarduera, inbertsio edo jarduketak Tuterako Udalak finantzatu dituela.

Onuradunak jarduera hedatzeko hartuko dituen neurriek bat etorri beharko dute diruz lagundutako xedearekin, hala formari nola iraupenari dagokienez; horiek horrela, ondoko bideak hartzen ahal ditu hedapenak: Tuterako Udalaren erakundearen irudia txertatzea, edota jardueraren finantzaketa publikoa agerian uzten duten testuak paratzea, karteletan, material inprimatuetan, baliabide elektroniko eta ikus-entzunezkoetan edota komunikabideetan egindako aipamenetan.

18.-Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betez, eskatzaileek emandako datuak Tuterako Udalaren titulartasuneko fitxategi automatizatu batean sartzen ahalko dira.

Eskatzaileek, halaber, fitxategian sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubidea erabili ahal izanen dute Udalaren erregistro orokorrean.

19.-Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien Tuterako Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

20.-Interes estrategikoa duten enpresak:

Udalak, interes estrategikoko arrazoiak direla-eta, gehienez ere 200.000 euroko diru-laguntzak ematen ahalko dizkie enpresei (100.000 euro, errepideko garraioaren sektorean ari diren enpresak izanez gero), haiek herrian kokatzea onuragarria baldin bada ondotik ematen diren baldintzak batera gertatzeagatik:

a) Lanpostu kopuru handia sortzen dutelako, gutienez ere 100: %50 emanen da aitzineko paragrafoan zehazturiko diru-laguntzaren gehieneko kopuruaren gainean. Portzentajea %5 igoko da 25 enplegatu gehiagotik.

b) Enpresaren garrantziagatik: multinazionala edo nazioartekoa izatea: %10, diru-laguntzaren gehieneko kopuruaren gainean.

c) Berrikuntza maila handia izateagatik: %10, diru-laguntzaren gehieneko kopuruaren gainean.

d) Enpresak 100.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egiteagatik: %10, diru-laguntzaren gehieneko kopuruaren gainean.

e) Bertzelako arrazoiengatik, aparteko diru-laguntza merezi badute Udal mailan berariaz duten interesagatik (behar bezala arrazoitua): %10, diru-laguntzaren gehieneko kopuruaren gainean.

Xedapen iragankor bakarra.-Jadanik hasitako prozedurak. Ordenantza hau ez zaie aplikatuko ordenantza berri hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta indarra hartu aitzin aurkeztutako eskaerei.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Ordenantza honek indarra hartzean indarrik gabe geldituko da Tuteran (Nafarroa) enpresa berriak sortzeko diru-laguntzak arautzen dituen aurreko udal ordenantza.

I. ERANSKINA

Eskabidea, eta eskatzaileak onuradun izateko baldintza
orokorrak betetzen dituela eta debekurik ez duela dioen erantzukizuneko aitorpena

Datuak:

Jauna/andrea:

Hemengo bizilaguna:

Bizitokia:

NANa:

Telefonoa:

Helbide elektronikoa:

Honako hau ordezkatuz:

Izena edo sozietatearen izena:

IFZ edo NANa:

Jardueraren kodea-EJSN:

Bizitokia:

Karrika:

Poligonoa:

Kudeatzailearen izena:

Telefonoa:

Faxa:

Web orria:

Helbide elektronikoa:

Behean sinatzen dudan honek eskatzen dut deialdi honetan onar nazazuen,

Aditzera ematen dut eskabidean dauden datuak egiazkoak direla eta deialdian eskatzen diren baldintzak biltzen ditudala. Deialdiko betebehar guztiak betetzeko eta eskabide honetan dauden datu guztiak agiri bidez frogatzeko hitza ematen dut.

Aditzera ematen dut ez dudala inolako debeku kausarik eta deialdi honen aurreko bi urteetan ez dudala honelako jarduerarik ez gisakorik nire kontura egin.

Tuteran, ...........(e)ko .............aren ............(e)(a)n.
Eskatzailearen sinadura,

II. ERANSKINA

Lortutako diru-laguntzei buruzko aitorpena

Eskatutako diru-laguntzari dagokionez, aditzera ematen dut:

? Ez dudala eskabide honen xederako inolako diru-laguntzarik jaso beste administrazio publiko batzuetatik, Espainiako zein nazioarteko entitate publiko, entitate pribatu edo partikularrengandik.

? Eskabide honen xederako ondoko diru-laguntza hauek jaso ditudala beste administrazio publiko batzuetatik, Espainiako zein nazioarteko entitate publiko, entitate pribatu edo partikularrengandik:

ENTITATEA

KONTZEPTUA

EMANDAKO ZENBATEKOA/
EMATEKO DAGOENA

Datuak eguneratzeari dagokionez,

Hitz ematen dut aitorpen honetan aipatutako diru-laguntzetan gertatzen den edozein aldaketa Departamentuari jakinaraziko diodala, idatziz, 15 eguneko epean, haien jakinarazpena jasotzen dudanetik aitzina. Diru-laguntza eskatu diedan beste entitate publiko guztiak ere jakinaren gainean jartzeko konpromisoa hartzen dut. Halaber, jarduera abian jarri eta hurrengo 18 hilabeteetan gertatzen den edozein aldaketaren berri emanen dut, eta litekeena da diru-laguntza aldatu edo itzuli behar izatea, baldin eta jardueraren itxiera ezinbestekoa ez bada.

Tuteran, ...........(e)ko .............aren ............(e)(a)n.

Eskatzailearen sinadura,

III. ERANSKINA

Hirugarrenen fitxa

1. Ordainketen titularraren datuak:

Izen-deiturak edo sozietatearen izena

(pertsona juridikoa bada, S.A.

edo S.L. zehaztu)

IFZ edo IFK

Helbide osoa

Telefonoa

Faxa

Helb. elek.:

Harremanetarako pertsona

Bertze datu interesgarri batzuk

2. Kreditu edo aurrezki entitatearen 2. ziurtagiria. Ordainketarako datuak:

Ziurtatzen dut ordainketen titularra, 1. atalean aipatua, bere IFZrekin, ondoko kontu honetako titular ere ageri dela:

ENTITATEAREN KODEA

SUKURTSALAREN KODEA

KD

KONTU ZENBAKIA

Entitatearen aldetik (kreditu edo aurrezki entitatearen zigilua eta sinadura)

Tuteran, ...........(e)ko .............aren ............(e)(a)n.

Eskatzailearen sinadura,

IV. ERANSKINA

Fakturen eta horiek ordaindu izanaren frogagirien zerrenda

Hona hemen, hurrenkera kronologikoan, diru-laguntzaren xede izan daitezkeen fakturak eta horiek ordaindu izanaren frogagiriak:

ZK.

FAKTURAREN DATA

KONTZEPTUA ETA IGORLEA

ZENBATEKOA

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

15

16

17

18

19

20

Zenbatekoa, guztira

Tuteran, ...........(e)ko .............aren ............(e)(a)n.

Eskatzailearen sinadura,

Iragarkiaren kodea: L1005366